RSS

2020-Koronabirus-La historia se repite? 1918ko gripe pandemia

04 Api
1918ko gripe pandemia
Emergency hospital during Influenza epidemic, Camp Funston, Kansas - NCP 1603.jpg
Gertakaria
Data 1918
Jatorrizko herrialdea AEBk eta Frantzia
Eragilea Lehen Mundu Gerra
Kalteak
Hilak 50.000.000
Kasu kopurua 500.000.000

Historian izan den pandemiarik larrienetakoa izan zen 1918 eta 1920 urteen artean mundu osoan hedatu zen “Espainiako gripea” bezala ezaguturikoa. 50 milioi pertsonaren heriotza eragin zuen, horien artean 200.000 Estatu frantsesean, 15.000 Euskal Herrian. Arnaga etxeako jabea zen Edmond Rostand ere eritasunak jota zendu zen Parisen, 1918ko abenduaren 2an.

1918ko gripe pandemia —Espainiako gripea ezizenaz ere ezaguna— 1918. eta 1919. urteetan munduan 500 milioi pertsona kutsatu eta 20-100 milioi lagun hil zituen gripe pandemia izan zen. Pandemia 1918ko urtarrilean hasi eta 1920 arte iraun zuen, Artikoraino eta Pazifiko uharteetaraino ere hedatu zen. Ohiz kanpoko gripe pandemia larria izan zen, H1N1eko A azpimotako birusaren kariaz. Historian izandako pandemia larrienetarikoa izan zen, eta gaur egun ere ez dugu aski datu historiko eta epidemiologikorik haren jatorri geografikoa zehazteko.

Gaixotasun kutsakorrek dagoeneko bizi-itxaropena murriztu zuten XX. mendearen hasieran. Baina pandemia honen lehen urtean AEBetako, adibidez, bizi-itxaropena 12 urtetan murriztu zen. Gripe gehienek gazte, zahar eta beste gaixotasunen batengatik ahuldutakoak hiltzen dituzte, baina 1918ko gripe pandemiak osasuntsu zeuden gazteak hil zituen, batez ere.

Zientzialariek pandemia hau azaltzeko hainbat azalpen proposatu dituzte. Ikerketa batzuek proposatzen dute birusaren bariantea berez zela agresiboa. Ikerlari talde batek biktimen ehun izoztuetako laginak erabili zituen, birusa erreproduzitzea lortuz. Ikerketa horretan aurkitu zuten infekzioa animalietan ematen zenean, arnas-aparatuaren akats orokorra ematen zela, eta gorputza hiltzen zela zitokina ekaitz baten ondorioz, hau da, gorputzaren gehiegizko erreakzio immunitarioaren ondorioz. Honek azal lezake agian bere ez ohiko izaera larria eta biktimen adin profila hain zehatza eta mugatua izatea, gazte helduek sistema immune sendoa baitute, heriotza tasa baxuago zuten profiletan (haur eta adinekoak) ahulagoa den bitartean.

Azken aldian egindako ikerketek jatorrizko txosten-medikuak hartu dituzte oinarri. Aurkitu dute infekzio birala ez zela izan beste gripe batzuk baino agresiboagoa, baina epidemia emateko zirkunstantzia bereziak zeudela, batzuk I. Mundu Gerrari lotuak, tartean elikadura eskasa, ospitaleak eta eremu medikuak gainezka, higiene eskasa… Ondorioz, infekzio bakterianoa sortu zen, biktima gehienak hil zituena, normalki ohean hilzori egon ostean. Garaiko datu medikuak ez dira nahikoak pandemiaren jatorri geografikoa identifikatzeko. 1920ko hamarkadako entzefalitis letargikoaren agerpenean paper zuzena izan zuen.

Zentsurak eta baliabide faltak birusaren foku hilgarria ikertzea eragotzi zuten, eta biktima gehienak 20 eta 40 urte bitarteko gazte eta heldu osasuntsuak izan ziren. Sukar altua, belarrietako mina, nekea, beherakoak eta noizbehinkako okadak ziren gaixotasunaren berezko sintomak. Pandemian hil ziren pertsona gehienek bigarren mailako bakterio-pneumonia izan zuten, antibiotikorik ez zegoelako.

Espainiako gripea ezizena

I Mundu Gerran aliatuek, Espainiako gripea izena eman zioten. Espainiako aldizkariek, estatu hau gudan ez zegoenez, arreta gehiago eman zioten gaixotasunari zentsurarik ez baitzen aplikatu hedabideetan. Hori dela eta, AEBetan eta, gainerako Europan kasu erregistratuak ugari ziren arren, Espainian larritasun handiagoa zuen ustea zabaldu zen. Izan ere, AlemaniaErresuma Batua eta Frantzian hedabideetan gaixotasunari eta hilen kopuruei buruzko berriak zentsuratu zituzten, tropen morala jaitsiko ote ziren beldur. Hortik datorkio pandemia hari eman zitzaion Espainiako gripea ezizena.

Jatorriari buruzko teoriak

Ikertzaile gehienek 1918ko martxoan, AEBetan hasi zela onartzen dute eta, are gehiago, zenbait ikerlarik Texaseko Camp Funston gunean kontraturik zeuden langile txinarrak identifikatu dituzte epidemia zabaltzearen errudun.

Edonola ere honako hipotesiak jorratu dira pandemia honen jatorria zehazterako orduan:

  • Étaples (1916–1917): John Oxford britainiar birologoaren ustetan, Frantziako iparraldean (Pas-de-Calais Saila) kokaturiko britainiar base militarrean hasi zen pandemia. Han izandako animalien, gudarien eta fronteko gaixoen nahasketa iradoki du birusaren kausa bezalaxe, garaiko Abrahams medikuaren hipotesiari jarraituz, baseko ospitaleraturiko gaixoetan agertu zen zornedun bronkitis pneumokozikoari lotuta.
  • Frantzia-Espainia arteko mugako birus agerraldia (1918ko iraila)

Milioika hildako

Gaixoentzat osasun protokolorik ez zegoenez, aireztatu gabeko gune txikietan pilatzen ziren pazienteak. Garai hartan, oihal eta gazazko maskara ezaguna egin zen, nahiz eta guztiz alferrikakoak izan.

Guztira, bi urtetan, 40 milioi pertsona baino gehiago hil zituen Espainiako gripeak mundu osoan. Ez da ezagutzen pandemiaren zifra zehatza – ikertzaile batzuen esanetan 15 milioi dira eta beste batzuen ustez, ordea, 100 milioi–, baina oraingoz, historian jazotako izurriterik handiena da. Berez, Osasunaren Munduko Erakundearen sorrera ere bultzatu zuen, 1923an, etorkizuneko pandemiei aurre egiteko asmoarekin.

Euskal Herrian

Euskal Herrian espainiar gripeak hiru agerraldi izan zituen:

  • Lehenbiziko agerraldiak ez zuen eragin handirik izan. Espainiatik heldu zen, eta Bilbo inguruan izan zuen eragina. Iruñean 15 lagun hil ziren maiatza eta ekaina artean. Udan gripea desagertu zen, eta irailean berriz agertu.
  • Bigarrengoa kaltegarriena izan zen. Identifikatu den lehenbiziko fokua Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) zegoen. Anton Erkorekaren esanetan, «Seguruenik trenaren bidez helduko zen, eta hortik aurrera, epidemia ikusten dugu zabalduta. Urrian Europa osoan dago epidemia». Nafarroako iparraldean ere agertu zen Irun eta Hendaiarekin batera, Goizuetan adibidez. Irunen 1918ko iraila eta urrian populazioaren %1 hil zen gripe horren kari. Hildako gehien izan zituen eguna irailaren 22a izan zen; 10 lagun zendu ziren. Gripeak aurrera egin zuen Euskal Herrian behera, Baiona eta Donostia pasatuta, Gasteizeraino ailegatuta. Oso agudo zabaldu zen eritasuna, eta Bilbo kolpatu zuen urrian.
  • Hirugarren agerraldi bat ere izan zen, baina ez zen asko zabaldu. Urdaibai inguruan baizik ez zuen eragin nabarmenik izan.

Ikertzaile batzuen aburuz, laugarren bolada bat ere izan zen 1920an. Oro har, Euskal Herrian epidemia bat-batean agertu zen, ez zuen denbora askorik iraun eta 1.000 lagunetik 12 hil zituen. Gainera, garaiko hedabideetan ikus daitekeenez, alarma piztu zuen gizartean. Eragina oso ezberdina izan zen herriaren arabera. Haietako batzuetan gogor kolpatu zuen 1918ko gripeak: Orozkon (Bizkaia) herritarren %25,7 hil zen, eta Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) hilkortasuna %61,1era ailegatu zen urrian. Hildako gehienak 1918ko udazkenean izan ziren.

Esan bezala, Espainiako gripearen bigarren olatua izan zen larriena. 36.640 biztanle zituen garai hartan Gasteizek, eta irailaren amaieran hasi zen izurritea zabaltzen bertan. “Intentsitate handiarekin ageri da urrian; azaroan zehar kasu ugari daude; 1919ko udaberrira arte zabaltzen da”. Erkorekak jaso duenez, soldaduen artean eta Bizkaitik zein Gipuzkoatik Gasteizko seminariora ikastera joaten ziren gazteen artean izan zuen eraginik handiena Espainiako gripeak. “Gazte jendea kolpatu zuen, 15 eta 34 urte bitartekoak; eta gizon gehiago hil ziren emakumeak baino; 21 urteko gizon asko. Errekrutak edo seminaristak”.

Europa osoan bezala, Gasteizen ere pandemiak heriotza gutxi eragin zituen hiriko haurren artean eta 45 urtetik gorako pertsonen artean, “agian aurreko gripe- epidemiek immunizatuta zeudelako”.

1918ko urriaren 12an deklaratu zuen Espainiako Gobernu Zibilaren Osasun Batzordeak epidemia egoera Araban, “herrialdeko herri gehienetan eta hiriburuan dagoen gripe izurriteari aurre egiteko”. Heraldo Alavés egunkariak jaso zuen albistea, eta urriaren 14ko alean hartu beharreko neurriak zerrendatzen zituen agiria argitaratu zuen.

Ez zuten konfinamendua agindu, baina herrialdeko jarduera kulturala, soziala eta ekonomikoa geldiarazteko hainbat erabaki hartu zituzten. Besteak beste, trenbide konpainiei eskatzen zitzaien “gas bidezko desinfekzio-ganbera bat” prestatzeko, eta “bidaiariak ikuskatzeko eta desinfektatzeko” beste lokal bat atontzeko. Halaber, herriko traperoei debekatu zitzaien “udaletxeko zaborren biltegietan hondakinak jasotzea”; eta “alde zaharreko etxeetako etxadien artean dauden espazioak” egunero garbitzeko agindua eman zieten udal poliziei.

Bestalde, elizetako ateetan, “esmaltatutako edo kristalezko xaflak jarriko dira, behar den altueran, jendeak ateak heltzen dituenean eskuen zikinkeria ateen ertzetan ez uzteko”. Gainera, elizako atarian honako agiria jartzeko agindu zuten: “Tenplua errespetatzeko eta higiene-arrazoiengatik lurrean tu ez egiteko erregutzen da”.

Gripearen izurritearen aurrean erakutsitako “aurreikuspen faltagatik” hainbat sektoreren partetik kritika ugari jaso zuen garaiko Gasteizko Udalak, eta egunak joan ahala Osasun Batzordeak hartutako neurriez gainera erabaki gehiago hartu behar izan zituen. Hala, Plaza Berriko dantzaldiak bertan behera utzi ziren, trapuen dendak itxiarazi zituen, eta era guztietako ikuskizunak debekatu ziren. Horrenbestez, antzokia bera eta frontoia ere itxi zituzten.

Duela 100 urteko osasun krisian ere egon ziren herritarren beharren lepora etekin ekonomikoa atera nahi izan zutenak. Hala, Udalak eta Diputazioak kanpaina bereziak martxan jarri zituzten, adibidez, limoien birsalmentan aritzen zirenen kontra; halaber, esnearen prezioa igo zuten esne-saltzaileei isunak jarri zizkieten eta patatak pilatzen ari ziren herritarrak ere zigortu eta jakiak konfiskatu zituzten.

1918ko urriaren 26ko Heraldo Alavesek hala jaso zuen: “Gaur jarri ditu salgai Udalak ostegunean konfiskatu zituen patatak. Halere, alkateak jakin izan du zenbait saltzailek haurrak eta gazteak bidali dituztela patata horiek erostera, eta pertsona horiei 50 eta 100 pezeta arteko isunak jartzeko prest dago”.

Bizkaiko Foru Aldundiko inprimategiak Gripe izurri-gexoa galazoteko Bilbao’ko Osalari-Bazkunak aginduten dauzan egin-bearrak izenburuko liburuxkak argitaratu eta banatu zituen euskaraz eta gaztelaniaz. Liburuxka horietan 20 neurri jasotzen ziren. Horietako batzuk oso ezagunak zaizkigu asteotan: “Eskuak sarri garbitu bear dira”,  “lo egiteko gelak edo tokiak, pitian-pitian aizetu”, “al dala ez estulik egin, eta egitekotan zapian” eta “agintariei osasunen aldezko zeregiñetan bizkor ta zoli laguntzea, notiñentzat egiñenik ederrena eta goralgarriena da”.

Pandemietan ez ezik, edozein garaietan baliagarriak diren beste gomendio batzuk ere jasota daude liburuxkan: “Astakeririk egin gabe bizi” eta “egunean beratzi ordu, gitxienez, lo egin”

Baina neurri bitxiak ere jasotzen zituen liburuxkak: “Gustizko ekandu txarra da usin saratatzuak egitea. Usin egin daunak gexoa aldian badauko, beragaz dagozan lagunei irasi leikio”. Doministiku isilek kutsatuko ez balute bezala. Etxe barrua bi egunez behin desinfektatzea gomendatzen zuten medikuek, eta hori gastu handia izango zela uste zutenei lasaitasunerako, “ezta diru andirik eralgi bear”; etxe guztietan zeuden produktuak erabiliz, garbiketa-metodo merke eta erraza proposatzen zuten.

Biktimismoan ez erortzeko eta ez esajeratzeko deia ere egiten zuten: “Gexorik egotea beti izan da errukarria eta gexoak berak, eta bere artekoak, gatxari dan baño aztunagoa ereizten dautse”. Horregatik gomendatzen zuten “bildurrik ez izatea, barriketan, gitxi dana asko dala esaten ibili barik”. Helburua osasun zerbitzua kasu arinekin ez kolapsatzea zen. Pandemietan ez ezik, edozein garaietan baliagarriak diren beste gomendio batzuk ere jasota daude liburuxkan: “Astakeririk egin gabe bizi” eta “egunean beratzi ordu, gitxienez, lo egin”.

Eta, halaxe, neurri horiek guztiak zorrotz beteta, “gripe gexoa, gizadiaren izurri kaltegin geizto ori, galazo egingo dozube”.

ITURRIAK

 
Utzi iruzkina

Posted by on 2020/04/04 in Koronabirus, Wikipedia

 

Utzi iruzkina