RSS

3. gaia

Foruak eta Liberalismoa: Karlistaldiak eta Foruak indargabetzeko prozesua (1833-1878)

3.1 Foru Sistema Estatu Liberalean txertatzea eta Foruzaletasuna

3.1.1 Foru-sistema

Foru Baimena edo Foru Pasea

Herri baten estatutu eta eskubideak jasotzen dituen DOKUMENTU JURIDIKOA da. Foruak, Erdi Aroaz geroztik euskal lurraldeetako biztanleen bizitza politikoa eta soziala arautzen zituen ahozko eta ohiturazko legedi zaharrean oinarritutako lege-bilduma ziren.

Erdi Aroan izan zuten sorrera, CARTAS DE REPOBLACIÓN izena zutenetan. Hauetan eskubide eta betebeharrak markatzen ziren. Jaunak edo erregeak eman ohi zituen, batez ere hiriguneak garatzeko. Denboraren joanean, eskualde, haran eta gisa horretako lurralde erkidegoek beren bizitzak antolatzeko usadio eta ohiturak lege bihurtu ziren. Lege horien multzoa da Foru Legea.

HIRIAK ere Foruen jabe egin ziren. Hiriaren sortzaileak, foru bat (ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntutik onuragarriak ziren lege batzuk) aldarrikatzen zuen biztanleak erakartzeko. Hiriak aukera berriak eskaintzen zizkien biztanle berriei handiki lurjabeen nagusitasunaren aurrean.

Iberiar Penintsulako ERRESUMA GUZTIETAN bideratu ziren foruak.

Egoera hau aldatzen hasi zen erregeek beren menpeko lurraldeak BERDINTZEKO saioei ekin zietenean. Dekretu horien bidez berritu eta bateratu nahi izan ziren gobernu-legeak eta ohiturak. Ondorioz, Aragoiko Koroaren gobernua, instituzio politikoak eta justizia instituzioak kendu eta ezdeusean utzi zituen Aragoiren eta Gaztelaren arteko aduanak.

Hala ere, berdintzeko saio honetan, bereari eutsi zioten XVIII. eta XIX. mendeetan Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako erresumako foru-erakunde publiko eta pribatuek eta “PROVINCIAS EXENTAS” izaten jarraitu zuten.

Euskal lurraldeak IKA-MIKA latzen tartean egon ziren askotan: Alde batetik, Nafarroa, Gaztela, Aragoi, Frantzia eta Erresuma Batuko monarkiak elkarren kontra borrokatu zuten lurralde horien jabe egin ahal izateko. Bestetik lehian parte hartu zuten, era berean, noblezia eta eliz jatorriko jaurerri batzuek. Lehia konplexu honen ondorioz, unitate heterogeneo batzuk garatu ziren. Euskal Herriko lurralde-instituzio politikoak osatzeko prozesu konplexu honetan kontuan hartzekoa da, halaber, hiribilduak sortzeko prozesua. Erregeak edo, Bizkaiko kasuan, Jaunak sorturiko hirigune hauek Foruak izaten zituzten.

Erregearen edo Jaunaren lurraldeen arteko harreman honetan kontratu bat zehaztu zen, alde bien arteko AKORDIO bat alegia, baldintza hauen arabera: Foru-erkidegoak ezagutu egiten zituen erregea eta honek erabakiak hartzeko zuen ahalmena. Honi erantzunez, Erregeak ezagutu egiten zituen foru-erkidegoko instituzioak eta legeak.

6Burdinola

Burdinola

3.1.2 Ezaugarriak euskal probintziatan

Foru-antolamenduok erkidegoaren bizitzaren eremu guztiak arautzen zituzten. Zehatz ditzagun eremu horiek:

3.1.2.1 Administrazioaren antolaketa

Erdi Aroan zehar antolatu ziren lurralde hauek gobernu instituzioak sortzen joan dira.

NAFARROAKO ERRESUMAK Erdi Aroan zehaztu zituen bere instituzioak. Lege Zaharrean ohikoak ziren jokabideei jarraituz, honako 3 talde hauen ordezkariak biltzen ziren Nafarroako Gorteetara: Elizaren ordezkariak, Nobleak eta Hiri onetako ordezkariak. XVII. mendetik aurrera hirietako merkatariak izan ziren Gorteetako bizitza politikoa suspertuko zutenak.

ARABA, BIZKAIA eta GIPUZKOAN, ahaide nagusien arteko gerrak amaitu zirenean, herrietako ermandadeak sortu ziren handikiei aurre egiteko. Baina XVI. mendetik aurrera lehia eta enfrentamendu hori INSTITUZIOEN BIDEZ garatu zen, indarkeria fisikoa alde batera utzita, hitzaren bidez, botoen bidez, baina baita indarkeriaren bidez, Batzar Nagusietan. Erabateko aldaketa, ezbairik gabe.

Maila desberdinak

  • TOKIKO ERAKUNDEAK: kontzejuak, elizateak, hiribilduak, hiriak…. Hasieran kontzeju zabalak ziren, bizilagun guztiek hartzen zuten parte eta orain kontzeju itxiak sortu zituzten eta hauetan herritarren partaidetza mugatu egiten zen, horietan biztanle talde batek baino ez baitzuen hartzen parte.
  • ESKUALDE MAILAKOAK: haranak, merindadeak, koadrilak… Herri-erakundeetako ordezkariak biltzen ziren horietara.
  • BATZAR NAGUSIAK: XVI. mendetik aurrera, sare burokratiko eta politiko bat sortu zuten. Nafarroan Gorteak mantendu ziren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, Batzar Nagusietara bilduriko ordezkariek agindu baten arabera jarduten zuten, hau da, beren hiritarren ordezkariak ziren eta afera bakoitzaren aurrean eman behar zuten botoa aurrez erabakitzen zuten hiritarren artean; baina administrazio-mailako arazoak sortuz joan ziren heinean, sistema hori alde batera utzi eta erabakia ordezkariaren esku uzteko jokabidea nagusitu zen. Erakunde zentral hauek herrialdeen administrazio orokorra xedatzen zuten: lurralde-agintaritza, zergak, “donatiboak”… Foru-erakunde hauetan erregearen ordezkariak parte hartzen zuen (korrejidoreak Bizkaian eta Gipuzkoan, erregidoreak Nafarroan…).
  • DIPUTAZIOAK: Batzar Nagusietatik sortutako organoak dira, Batzarrak bilduta ez zeuden garaietan bertan hartutako erabakiak gauzatzeko. Batzar Nagusiak biltzen zirenean beraien aurrean kontuak eman beharra izaten zuten. Denboraren joanean, Diputazioek gero eta botere exekutibo handiagoa izan zuten, hau da, erabakiak hartzeko autonomia handiagoa erdietsi zuten kasu batzuetan.
  • KORPORAZIOEN BATZARRAK: Bertara biltzen ziren korporazio bateko ordezkariak edo ekonomia-jarduera jakin bati loturiko pertsonak. Batzar mota hauek oso arruntak ziren Lege Zaharreko erakunde-sisteman.
  • BATZAR MISTOA EDO KOMUNA: XVI. mendetik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar mistoa eratu zen, hiru lurraldeetako ordezkariek osatua. Konferentzia izena hartzen zuten prokuradore haiek egiten zituzten bilerek, eta lurraldeen arteko gatazkak saihesteko eta foru-legea babestearren fronte komuna egiteko balio zuten.

3.1.2.2 Batzar Nagusien bereizgarriak

FOGERA: Udalerri guztiek zuten Batzar Nagusietara ordezkaria bidaltzeko eskubidea, baina Batzarretako bozketan sistema hau erabili ohi zen, hau da, bozketa garaian, ordezkari bakoitzak bere udalerriko “fuego” edo suen arabera hainbat boto izango ditu. Hasiera batean, biztanleriaren arabera izendatzen ziren, baina beranduago herri bakoitzak probintziak zituen gastuak ordaintzeko egiten zuen ekarpenaren arabera egingo da. Horrela, XVI. mendean, Gipuzkoan sei udalerrien artean boto guztien erdia eskuratzen dute: Donostia, Tolosa, Arrasate, Azpeitia, Bergara eta Segura.

HAUTATZEKO SISTEMA: Herri txikietan, herritar guztiek izaten zuten hautatzaile izateko aukera. Herri handi eta hirietan, aldiz, talde txiki batek hartzen zituen erabakiak.

HAUTATUA IZATEKO BALDINTZAK: Hasiera batean nahikoa zen udalerrian bizitzea, baina XVI. mendetik aurrera beste baldintza batzuk erantsi zitzaizkion: 25 urte baino gehiago behar ziren, “Pentsatzen dakiena, arazoak eztabaidatzen eta erabakiak hartzeko gai” dena, negozioetan esperientzia duena, gazteleraz irakurtzen eta idazten dakiena, “Herrietako jenderik sustraituena eta egokiena” dena… Baldintza hauek guztiek herritar gehienei Batzarretako ordezkari izatea galarazten zieten eta nekazal nobleen biltzar bihurtu ziren.

NON ETA NOIZ

    • Bizkaian bi urtez behin, Gernikan.
    • Araban urtean bi aldiz, bat Gasteizen eta bestea beste herri batean.
    • Gipuzkoan, hasieran bi aldiz, baina 1677tik aurrera, behin. Ez zegoen toki finkorik, 18 herri garrantzitsuenak txandaka.

Bi bileren artean arazo larriren bat gertatuz gero, Batzar Nagusi bereziak ospatzen ziren.

EGINKIZUNAK

    • Legegintza: Erregeari legeak proposatu eta erregeak proposatutako legeak onartu. Erregearen legea foruen aurkakoa zela erabakiz gero, FORU PASEA erabiltzen zuten, “obeditzen da, baina ez da betetzen” formula erabiliz.
    • Erregeak probintziari egindako diru eskariak onartu ala ez.
    • Aldundia edo diputazioa aukeratu eta hauen lana epaitu.
    • Probintziako aurrekontuak egin eta zerga bilketa antolatu.
    • Gobernu eta administraritza eginkizunak: bide eta eraikuntza publikoak egin, mendi eta basoen ustiapena kontrolatu, benefizentzia lanak…
    • Lurraldearen defentsa antolatu.
    • Epaitegia: Hala ere XV. mendean zehar Batzar Nagusiek beste erakunde batzuk sortu zituzten epaile lanetarako: Gipuzkoan Ermandadeko Alkateak, Araban Arriagako Kofradia, Bizkaian Bizkaiko jaunak izendatzen zituen epaileak eta hirietan alkateak ziren, zenbait herrietan, alkate hauen gainetik hiru Teniente zeudelarik.

3.1.2.3 Korrejidorea

Erregeak probintzia bakoitzean zuen ordezkaria zen. Batzar Nagusi eta Diputazioko bileretan hartzen zuen parte, erregearen eskubideak defendatzeko. Gerrarik gertatuz gero, berak egiten zuen erreklutamendua eta bera zen armadaren buru.

3.1.2.4 Xedapen ekonomiko-sozialak

  • Foru-xedapen helburua PREMIA BIZIKO GAIAK BERMATZEA zen eta, bertako ekoizpena defizitarioa zenez, elikagaien inportazio askatasuna ezarrita zegoen.

  • MERKATARITZAri eta OLAGINTZAri laguntzeko politika sendoa garatu zuten.

  • ADUANAK ez zeuden kostaldean, barnealdean baizik (Urduña, Balmaseda, Gasteiz, Tolosa, Ataun, Segura…). Beraz, atzerritik etorritako produktuek ez zuten zergarik ordaintzen eta honek kontrabandoa bultzatzen zuen. Aldi berean, euskal burdina Gaztelan edo Andaluzian saltzerakoan atzerritarrek bezalaxe ordaindu behar zituen zergak.

  • ZERGA SALBUESPENA. Nola ulertu behar dugu hau? Beste lurraldeetan indarrean zirauen zerga-araubide komuna euskal herrialdeei, “provincias exentas” zirenez, ez ezartzea. Edozelan ere, zerga salbuespena beste bidetik konpentsatu zen: “borondatezko” emari edo “donatiboak” ematearen bidetik. Egia esan, urteak joan urteak etorri ohiko zerga-ordainketa bihurtu zen.

3.1.2.5 Xedapen militarrak

SOLDADUTZATIKO SALBUESPENA: gatazka ez bazen euskal lurretan, ez zuten zertan soldadurik bidali behar. Dena den, erregeak hala eskatuz gero, Batzar Nagusiek euren oniritzia ematen zuten foru lurraldeetatik kanpora soldaduak bidaltzeko. Praktikan, gogo txarrez bazen ere, bete egiten zen edo diru kopuru bat entregatu.

Armada antolatzen zen guda garaian bakarrik.

3.1.2.6 Xedapen juridikoak eta judizialak

  • BEREZKO ZUZENBIDE ZIBILA: jaraunspenaren zatiezintasuna, testamentua egiteko askatasuna eta MAIORAZKOA.
  • JUSTIZIA: Errege ordezkariek administratua izan arren, indarrean zegoen foru legeei lotuta egon behar zuen.
  • Bizkaia eta Gipuzkoan (Arabako Aiaran ere bai), KAPARETASUN UNIBERTSALA.

3.1.3 Ezaugarriak Nafarroan. Gorteak

Nafarroaren antolakuntza ezberdina izan zen, erresuma maila mantendu baitzuen. Aldaketa nabarmenena GORTEAK ziren.

HIRU ESTAMENTUAK: Elizgizonak, Nobleak eta Hirugarren Estamentua.

DEIALDIA ERREGEAK egiten zuen, hasieran urtean behin, baina, konkista ondoren, geroz eta gutxiago.

BILERAn, Erregearen ordezkariak arrazoiak azaltzen zituen eta, ondoren, gaiak eztabaidatzen ziren. Estamentu bakoitza bere aldetik biltzen zen eta BOTO BAKARRA ematen zuen.

EGINKIZUNAK

  • Botere legegilea
  • Erregearen boterea eta nafarren eskubideen arteko oreka lortzea. Foru Pasearen antzeko zerbait bazuten: EL DERECHO DE SOBRECARTA
  • Erregeari eman beharreko zenbatekoa erabakitzen zuten.

3.1.4 Foruak estatu liberalean

3.1.4.1 Euskal herrialdea eta koroa

NOLAKOAK ziren Koroaren eta euskal lurraldeen arteko harreman politikoak?

  • Erdi Aroan eta Aro Modernoan zehar monarkia “ITUN” modura ulertzen zen. Unean-unean ziren salbuespenak gorabehera, interesen harmonia, adostasuna, nagusitzen zen.
  • Harmonia hori XVIII. mendearen hasieran hausten hasi zen, BORBOITARren dinastia berriak ZENTRALIZAZIOAN zetzan politika berria ezarri nahi izan zuenean. Filipe V.ak aldarrikatutako dekretuen bidez, euskal probintziak PROVINCIAS EXENTAS bihurtu ziren ofizialki.

Gainera, harreman horiek arautzen zituen osagaia zegoen: FORU BAIMENA. Hau, laburbilduz, foru-erregimena defendatu eta babesteko mekanismoa zen; instituzio zentraletik zetozen lege eta dekretuak aztertu eta kontraforutzat hartuz gero, “onartzen da, baina ez da betetzen” esapidea erabiltzen zen.

ARAZOA: 1778tik aurrera euskal portuei Ameriketako koloniekin zuzeneko trafikoa izateko debekua ezarri zitzaien, ADUANAK hegoalderago zeudela argudiatuz. Honek eztabaida bizia piztu zuen:

  • Burges merkatariek aduanak lekuz aldatu beharra azaldu zuten. Beraz, foru-legea aldatu beharra!.
  • Baina, aristokrata lurjabeak, merkatari txikiak eta baserritarrak foru-legeari edozein aldaketa egitearen aurka azaldu ziren, behin ukitzen hasiz gero dena alda zitekeela uste baitzuten.

3.1.4.2 Euskaldunak frantziarren inbasioaren aurrean

Euskal Herriko Historia Garaikidea 1808an hasi zen, frantziarren inbasioarekin eta Cádizko Gorteen bilkurarekin. Euskal gizarteak inbasioari eman zion erantzunak jadanik gizarte plural bat erakusten zuen. Frantsesei emandako erantzuna bikoitza izan zen:

  • FRANTSESTUAK: Talde txikia, baina nahiko garrantzitsua zen, jende ilustratua, euskal herrietan negozio onak zituena. Ondo hartu zuten inbasore frantziarra egitura politiko eta ekonomiko berriak ekarri zituelako, eta eurak ados zeudelako egitura horiekin. Burgesia goraipatzen zuen Frantziako gizarte-egitura ere gustukoa zuten, baina soziologikoki talde hau ez zen Euskal gizartearen ordezkari.
  • FRANTZIARREN AURKAKO TALDEA. Euskal altxamendua herrikoia izan zen. Zerk eragin zuen? Zer defendatzen zuten, bertako ezaugarriak ala nazionalitate espainiarren kontzientzia? Kontuan hartu behar da XIX. mendearen hasieran oso ahula zela nazio-kontzientzia, espainiarra nahiz euskalduna. Bere bizimoduak defendatzen zituelako altxatu zen herri xumea frantziarren aurka. Liberalismo burgesaren ideia berrien aurka zeuden, Euskal Herrian eragin handia zuen kleroak bultzaturik (Frantsesek sorturiko ordena berriak kalteak eragin zizkion hamarrenak kobratzen zituen elizari eta, ondorioz, honek frantsesen aurka jarriko zuen herria, batez ere klero erregularrak. Fraideek herri ideologizaziozko kanpainak egiten zituzten frantsesen aurka, desamortizazioaren beldur zirelako. Ez dugu ahaztu behar komentuek ondasun asko zituztela eta galtzeko arriskua ikusten zuten).

ARRAZOI EKONOMIKOAK ere baziren: Ordura arte, probintzietan eragina zuten politika fiskal berrietatik salbuetsirik zeuden. 1810ean Napoleonek lau gobernu militar ezarri zituen Espainiako iparraldean, Josef I.a Bonaparteren boteretik kanpo eta gobernu hauek presio fiskala handitu zuten, jarduera militarrak finantzatzeko.

3.1.4.3 Cádizko Gorteak EHn

Cádizko konstituzioak gizabanakoaren askatasunen eta berdintasunaren onarpena suposatu zuen. NAZIO ESPAINIARRA, beraz, nazioaren kontzeptu arrazionalistatik ateratzen da, euren artean berdinak diren gizabanakoz osatua. Konstituzioa funtsezko legea bada, ez dira onartzen lehenagotik existitzen ziren eskubideak? Bateraezinak ziren Foruak eta Konstituzioa? 1812ko diputatuak saiatu arren, ez zen bitarteko soluziorik aurkitu, eta ondorengo historiak berretsiko du bi printzipio horien arteko lotura oso zaila zela.

Cádizko Konstituzio-aldi honek Fernando VII.a itzuli arte bakarrik iraun zuen. 1814ko maiatzean erregeak konstituzioa eta Cádizko Gorteen lan legegilea ezabatu zituen. Foruak berretsi egingo ziren, Erregimen Zaharreko elementu bezala eta, zentzu honetan, ERREGIMEN ZAHARRAREN PORROTA FORUEN KRISIA bilakatu zen Euskal Herrian.

Burgesiak sistema berria sustatuko du, ERREGIMEN LIBERALA, batasun juridikoan, jabetza pribatuan, parlamentarismoan eta askatasun ekonomikoan oinarrituriko sistema, hain zuzen. Foruetan ezarritako sistema ekonomiko eta politikoa ez zetorren bat burgesiaren interes eta asmoekin: euskal burgesiak Espainiako merkatuarekin bat egitea eskatzen zuen (horretarako aduanak lekuz aldatu behar ziren); beste alde batetik, foruen araberako sistema politikoak nekazaritzako nobleziaren nagusigoa bermatzen zuen eta hirietako burgesia bazterturik geratzen zen.

3.1.5 Foruzaletasuna

3.1.5.1 Karlismoa Euskal Herrian

DINASTIA AUZI baten aitzakian altxatu ziren absolutismoaren aldekoak eta horrenbestez hasi zen karlismoaren aldekoen (DON KARLOS erregegaia buru) eta estatu liberalaren aldekoen (Mª KRISTINA erregina eta bere alaba ISABEL II.a buru) arteko gerra Espainian.

Karlismoa iraupen luzeko fenomenoa dugu eta, beraz, konplexua. Karlismoez (pluralean) hitz egin beharko genuke. Gai honetan I. karlistaldian (1833-1839) jarriko dugu arreta berezia. Beharrezkoa da gatazkan eragina duen KAUSALITATE ANITZA aztertzea eta hierarkia orokorki ulertu ahal izateko kausa bakoitzak duen garrantzia baloratzea, pertsonen eta taldeen motibazioak kontuan hartuz.

Bestalde, I. Gerra karlista EUROPAko testuinguruan kokatu beharra dago. Karlisten eta liberalen (Isabeldarrak edo kristinatarrak ere deituak) arteko gerra ezin isola daiteke testuinguru horretatik, Europa ere ANTZINAKO ERREGIMENAREN ALDEKOen eta LIBERALen artean bananduta baitzegoen. Errusia, Austria eta Prusiak (Vatikanoa eta Sardiniako Erresumarekin batera) karlistei lagundu zieten. Erresuma Batua, Portugal eta Frantziak, berriz, isabeldarrekin bat egin zuten.

  • Espainiar legitimistek bilera bat egin zuten COIMBRAko hirian (Portugal) 1833ko irailaren 9an. Bertan izan ziren migelistak, karlistak eta Frantziako legitimistak eta, elkarren arteko harremanak sendotzeko erabakia hartu ondoren, boterea armen bidez erdiesteko estrategia antolatzen hasi ziren. Nazioarteko giro honetan zendu zen errege espainiarra eta erresuma absolutista nagusiek, Austriak, Prusiak eta Errusiak, ez zituzten hasiera batean erreginaren eskubideak ezagutu.
  • Mª KRISTINAk ez zuen Europako estatu liberalekin aliantza bat sinatzea beste aukerarik izan, bere gogokoa ez bazen ere. Akordioa LONDRESen izenpetu zen.

3.1.5.2 Ideologia karlistaren osagarriak

  • INTEGRISMO ERLIJIOSOA: Liberalismo laikoa eta “ateoaren” aurrean, katolizismoaren defentsa sutsua. Katolizismo sutsuak harmonia soziala, berrikuntza guztiekiko mesfidantza eta tradizioaren defentsa esan nahi zuen. I. Gerra karlistan funtsezko elementua da.

  • ERREGIMEN ZAHARREKO EGITUREN DEFENTSA (absolutismoa, jaun-erregimena, herri lurrak…): Orokorrean karlistek Antzinako Erregimenaren egitura eta baloreen alde egiten zutela esan liteke: Gorte tradizionalak, prentsa-zentsura, amortizazioak, Eliza noblezia ororen gainetik kokatzen zituen gizarte estamentala…

  • FORU-ERREGIMENAREN DEFENTSA (historialarien artean punturik eztabaidatuena): Polemika handiak sortu arren, era batera edo bestera, gehiago edo gutxiago, Foruen auzia denek aitortzen dute. Karlisten kontrolpeko mapak foru-arazoaren errealitatea islatzen du:

    • Euskal Herria (Foruak bizirik, baina liberalismoak mehatxatuta)
    • eta bigarren gune bat (Aragoi, Katalunia, Valentzia), Foru-erakunde propioak izan dituzten lurraldeak, hain zuzen.
2foruak

Foruak

Gure historia 10 minututan?

3.1.5.3 Karlismoa eta liberalismoaren oinarri sozialak

KARLISMOA

  • NOR: Baserritar maizterrak (gero eta txiroagoak), bere jabetzak galtzeko arriskua ikusten duten baserritar jabeak, artisau eta merkatari txikiak (Bilbon bereziki), Eliz gizonak: hauek matxinada askoren buru izan ziren eta apaiz gerrillarien figura ohiko bihurtu zen XIX. mendean, Euskal Herriko noble txikiak, bere gizarte maila galtzeko beldur zirenak.
  • NON: Eskualde guztietan goi-herritarrak eta beterritarrak bereizten ziren. Goi-herritar hauek Gipuzkoako eta Bizkaiko mendialdeetan kokatzen ziren. Nafarroaren erdialdean ere bai: Lizarra eta Tafalla.
  • ZERGATIK: Gizarte tradizionalaren defentsa egiten zuten eta aldaketaren beldur ziren. Galtzaile nagusiak nekazari txikiak izan ziren: herri-lurren saltzea, moneta-ekonomia, zerga-presioa… Jauntxoak sistema liberal berrira ezin ziren egokitu; bere eragin politikoa eta soziala galtzearen beldur ziren…, artisauen sektorea (artisautza mailako produkzioen krisia), Kleroa desamortizazioaren beldur zen; gainera, eragin soziala galtzeko arriskua ikusten zuen…

LIBERALISMOA

  • NOR: Batez ere, burgesak, hirietako merkatari handiak, noble handi gehienak, herri-lurrak erosi izanari esker aberastu diren baserritarrak eta Nafarroako Erriberako latifundistak…
  • NON: Bizkaia eta Gipuzkoako hiriguneak eta industriguneak.
  • ZERGATIK: ADUANAK lekuz aldatzea nahi zuten, Sistema tradizionalaren arabera zeuzkaten eskubide ekonomiko guztiei ere eutsi nahi zieten.

3.2 Lehen Karlistaldia (1833-1839)

3.2.1 Faseak

1832an hainbat altxamendu gertatu ziren. Bilbo inguruan gertatu ziren altxamendu horietako batzuk. Karlistak ondo antolatuta zeuden eta klub bat zuten Bilbon; bertan konspirazioak antolatzen zituzten etengabean Bizkaiko indar armatuak kontrolpean edukitzearren. Gerraren bilakaeran ondoko aldiak bereizten dira:

3.2.1.1 1833ko urritik 1833ko abendura artekoa 

  • 1833ko urriaren 3an ERREGEA ZENDU zela jakin ostean, indarrez hartu zuen Diputazioa Bilboko Guardias de Honor izeneko talde erregezaleak, Bizkaiko beste talde armatu batzuen laguntzarekin. Bilbo berehala izan zuten KARLISTEN kontrolpean.

  • Azaroan jeneral LIBERALA Bilbon sartu zen ia oztoporik gabe. Karlista matxinatuak sakabanatu egin ziren eta, Etxarrin bildu ondoren, ZUMALAKARREGI izendatu zuten matxinatutako indarren buruzagi.

  • Abenduan errebolta kontrolpean zegoela zirudien. Euskal Herria militarren kontrolpean zegoen eta mendi-mutilen talde txiki batzuk han hemen zebiltzan barreiatuta. Ez ziren oso indartsuak, baina haziz joan ziren pixkanaka-pixkanaka.

3.2.1.2 1833ko abendutik 1835eko ekainerarte, hau da, Zumalakarregiren heriotzararte 

  • Mª Kristinaren gobernuak bakea lortu nahi zuen kosta ahala kosta, kontserbadorea baitzen bera ere. Irunberrin bildu zen karlistekin honako hauek ahoan: bakea, armen itzultzea eta foruak. Baina Zumalakarregi eta bere ofizial karlistek muzin egin zioten eskaintzari eta Karlos ala hil erantzun zioten.

  • Mendi-mutilen taldeak armada konbentzional bihurtu zituen, eta hiriak izan ezik, bere armada karlistaren menpean hartu zuen Euskal Herria. Karlos erregenahia Euskal Herrira etorri zen atzerritik.

  • Atzerriko estatu absolutistak, beren aldetik, erdibidean mantendu ziren, erreginaren eskubideak ezagutu gabe. Ahul izaki, Madrilgo gobernua behartuta zegoen nazioarteko hitzarmena liberalekin sinatzera. Erradikalismo liberalak muturreraino jo zuen.

  • ZUMALAKARREGIk Madrilgo hiriaren hartzea proposatu zuen, baina Karlos erregenahia lehenik Bilbo konkistatzearen aldekoa zen. BILBOKO SETIOAN, Begoñan zegoela, tiro batez zauritu zuten ZUMALAKARREGI eta egun gutxiren buruan HIL zen.

3.2.1.3 1835etik 1837ko urrira arte: liberalek Konstituzioa jarri nahi dute 

Bitartean, gobernu liberal moderatuak gerra lehenbailehen amaitzeko borondateari eusten zion, liberalen erradikaltasunak bere proiektu politikoa galaraziko ote zuen beldur. Baina karlistek baldintzak jarri zituzten:

  • Gobernuak ez zezala foru-legea kentzeko saiorik egin.
  • Buruzagi karlistak erosi ahal izateko dirua, bake bide hori ziurtatzearren.

Bigarren eskari honentzako gobernuak ez zuen eragozpenik; bai, ordea, lehen baldintzarako.

1836ko udan berriro altxamendu erradikalak gertatu ziren Cádizko Konstituzioa berrezartzeko eta, azkenik, armadako erdi mailako kargu militarrak, sarjentuak, arrakastaz matxinatu ziren (La Granjako altxamendua) eta Mª Kristina erregina 1812ko Konstituzioa onartzera behartu zuten.

1837: Konstituzio berria aldarrikatu zen eta urte bereko irailean Madrilgo atarian zen armada karlista. Hala eta guztiz ere, ez zen erasotzeko agindua eman. Bitartean, Karlosekin elkartzeko asmoak izan bazituen ere, Mª Kristinak gobernu liberala bere kontrolpean edukitzea lortu zuen arian-arian.

Nazioartean ere karlismoaren porrot militarra onartzen hasi ziren.

6Espartero eta Maroto

Espartero eta Maroto

3.2.1.4 1837tik 1839ko abuztura arte: BERGARAKO BESARKADA

  • Madrilgo porrotaren ostean, etsipena nagusitu zen karlisten artean eta beraien arteko tirabirak nabarmendu ziren: APOSTOLIKOentzat Karlos erregenahiaren dinastia-eskubideek lehentasuna zuten. Beste batzuentzat, aldiz, akordio batera iristeko ordua zen.

  • MAROTO jeneral karlista hautatu zuten buruzagi eta honek bere aurka zeuden jeneral karlistak fusilatzeko agindua eman zuen 1839ko otsailean. Gerrari amaiera emateko egin zituen proposamenak 3 oinarri zituen:

    • Karlosen oinordekoaren eta Isabel II.aren arteko ezkontza.
    • Euskal Foruen mantenua.
    • Militar karlistak armadan sarrera izateko eskubidea.

Marotoren aurka altxatu ziren Nafarroako zenbait batailoi karlista.

Liberalek ez zuten lehenengo baldintza onartu.

Maroto negoziazioak bertan behera uzteko prest zegoenean, Bizkaia eta Gipuzkoako buruzagi militar karlistak bere proposamenaren alde agertu ziren: nahikoa iritzi zioten azken bi baldintzak betetzeari.

Horrela BERGARAKO HITZARMENA sinatu zen 1839an. Marotok ez zuen hartan parte hartu eta bertan izan ziren Bizkaia eta Gipuzkoako batailoi karlistak. Arabarrek, nafarrek eta gaztelauek ez zuten Bergarako Hitzarmena onartu, baina kontrolari eusteko gai ez zirenez,atzerrira jo zuten.

Armada biren bakea izan zen eta, arazo militarrez gain, Foruen ezagutza gomendatuko zuela adierazi zuen ESPARTEROk lehen artikuluan. Trukean, erregina izateko eskubidea aitortzen zitzaion Isabel II.ari. Laguntza militarrik gabe, Don Karlosek Espainiatik alde egin beharra izan zuen.

3.2.2 Ondorengo legeria

3.2.2.1 1839ko urriaren 25eko Legea

MARIA KRISTINA ERREGINAORDE zen; I. Gerra karlista amaitu eta berehala aprobatu zen lege hau eta Espainiako liberal moderatuen eta euskal jauntxo moderatuen arteko paktu politikoa izan zela esan dezakegu. BERGARAKO ITUNA sinatu zuten eta honen arabera:

  • MAROTOk erregina izateko eskubidea aitortu zion Isabel II.ari eta, laguntza militarrik gabe geratu zenez, Don Karlos atzerrira alde egin zuen.
  • ESPARTEROk, bere aldetik, foruak babesteko eta armada karlistako ofizialen mailari eusteko hitza eman zuen.

INTERPRETAZIO ezberdinak izan dira historiografian:

  • Batzuentzat, foru-lege tradizionala deuseztatzeko legea izan zen, lege horren arabera azken erabakiak beste gune politikoetan, hau da, Madrilgo Gorteetan, hartuko zirelako; beraz, Konstituzioari men egiteak Foruak bere osotasunean berrezartzeko aukera galarazten zuen.
  • Beste batzuentzat, aldiz, legeak bermatu egiten zuen Foruen indarraldia, foru-legeari balioa ematez gainera, aukera ematen baitzitzaion estatuaren baitako instituzio politikoetan biltzeko, mugatua izan arren.

Garai hartako foruzale liberalek HARRERA ONA egin zioten lege honi, Foruak berresteaz gainera, haien konstituzio-esparrua Isabel II.a erreginaren Koroa onartzera mugatzen baitzuten.

Foru-lege tradizionalaren KONSTITUZIONALIZAZIOA ekarri zuen eta, zehazki, Espainiako konstituzio liberalaren esparruaren barnean egokitu zuen. Datu zeharo berria zen hori. Kontuan eduki behar da, gainera, 1837ko Konstituzio berria erabat zentralizatzailea zela, lege-xedapenetan bederen.

Foruak BERRETSI egin ziren, baina ez ziren lege berezi gisa onartu, Monarkiaren konstituzio berriaren mende baizik.

DIPUTAZIO TRADIZIONALAK aukeratu nahi ziren berriro eta, Foru Administrazioa egituratu, Konstituzioak legez agintzen zuen probintzia-administrazioa alde batera utzirik. Halatan, BI diputazio-mota bereizi ziren ordutik aurrera: FORU DIPUTAZIOA eta DIPUTAZIO PROBINTZIALA. Nafarroan Diputazio Probintziala izango zen lurralde honi onartutako ahal politiko guztien jabea. Hortaz, deuseztatu egin zituzten erresuma zaharreko Gorteak eta beste instituzio politikoak. Jakina denez, Lege Zaharrekoak ziren Nafarroako Gorte tradizionalak, eta sistema liberalaren filosofiaren kontrakarrean zetozen erabat.

Erakunde hauek (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Nafarroako Diputazioa) gutxienez ordezkari bina izendatu behar zituzten, Espainiako gobernuarekin batera FORUEN ERREDAKZIO BERRIA prestatzeko. Aurretik euskaldunen iritzia ENTZUN beharko zuten (Gerora, hitz honen interpretazio ezberdinak izango ziren eta foruen amaiera ekarriko zuen horrek).

Aipatutako legean, alde batetik, FORUAK MANTENTZEKO NAHIA, agertu zen, BAINA, bestetik, batasun konstituzionalari kalterik egin gabe bete behar zen nahi hori. Hau da, Foru-erregimena errealitate instituzional berrira egokitu behar zen.

BI lege aprobatu ziren:

    • NAFARROARAKO LEGE PAKTATUA.
    • EUSKAL PROBINTZIETAKO FORUEN ERREFORMA.

3.2.2.2 Nafarroan Lege Paktatua izenekoa (Ley Paccionada) (1841-VIII-16)

ESPARTERO ERREGEORDE zen garaian negoziatu zen. Euskal Herriko foruzaleek ez zuten fronte bateratua osatu eta, Nafarroaren negoziazio partikularrei esker, egin zuten lege hau.

LIBERAL PROGRESISTEN araberako aldaketak izan ziren.

NAFARROA erresuma izatetik ESPAINIAKO PROBINTZIA izatera igaro zen. Probintzia BEREZIA, autonomia fiskalari eta administratiboari eusten zielako: ADUANAK lekuz aldatu ziren (gora) eta gazteek SOLDADUTZA egin beharko zuten; gainera, lurraldeak urtero 300.000 errealeko kupoa ordainduko zuen, autonomia osoa izango zuen zerga bilketan eta DIPUTAZIOAren esku egongo zen udaletako aurrekontuen gaineko kontrola.

LURJABE eta MERKATARIEN BURGESIA berriak etekin handiak jaso zituen autonomia fiskalari esker, haren bidez bermatzen baitzen Nafarroaren zor publikoaren ordainketa.

3.2.2.3 Euskal Probintzietako Foruen erreforma (1841-X-29)

ESPARTEROREN ERREGEORDETZAren garaian egin zen eta Euskal lurraldeetan ere ezarri zen legedi progresista. Euskal probintzietako administrazioa eta legedia Estatuaren menpe jarri ziren. Estatuko legeak aplikatuko dira udal-antolamendu guztietan.

ALDAKETAK

  • Foru-baimena, Foru-Diputazioak eta Batzar Nagusiak KENDU ziren.
  • ADUANAK portu eta mugetara eraman ziren.
  • EGITURA JUDIZIALA beste probintzien pareko bihurtu zen.

ONDORIOA: Hori dela eta MATXINADA sortu zen euskal probintzietan. Parte hartu zutenak:

  • Liberalismo progresistaren kontrako sektoreek
  • Foruzaleek
  • Karlistek
  • Maria Kristinaren aldeko liberal moderatuek…

Esparterok GOGOR ZAPALDU zuen altxamendua, Donostiako liberal burgesen laguntzarekin eta dekretu hau eman zuen, 1841eko urriko legea:

  • Hiru probintziak Espainiako gainerako lurraldeen maila berean zeuden, administrazioari, arlo juridikoari eta muga zergei zegokienez.
  • Foru pasea deuseztatu zen.
  • Muga-zergak mugara eraman zituzten.
  • Estatuaren legeak aplikatu ziren udal antolaketan.
  • HALA ERE, lege hark ez zituen erabat indargabetu foruak, oraindik ere ezaugarri militar eta zerga ezaugarri bereziak gorde baitzituzten euskal lurraldeek Estatu liberal berriaren barruan.

3.3 Azken gerra karlista eta foru-indargabetzea

3.3.1 II. Karlistaldia

1844 eta 1860. urteen artean borroka karlistak izan ziren, baina Espainiako zona batzuetan bakarrik. Zenbait autorek “altxamendu karlista” deitzen dio honi. Beste zenbaitek “II. Gerra karlista”. Horren arabera, orain ikasiko dugun hau II. edo III. Gerra Karlista izan daiteke.

BI Borboitar Dinastia daude: KARLISTEN dinastia eta Dinastia OFIZIALA

Iraultza Loriatsuaren ondoren alderdi karlistaren gorakada bat gertatzen da; 1869 eta 1872ko hauteskundeetan parte hartu zuen alderdi honek eta erlijio eta foruen defentsak garaipen handiak eman zizkion Euskal Herrian. Garaiko karlismoa BI joeratan banatuta zegoen:

  • Bata BIDE PARLAMENTARIOAren alde.
  • Bestea, ALTXAMENDU ARMATUAREN zaleago eta bide legalei muzin egitearen alde.

Azken hau nagusitzean, 1872tik 1876ra iraungo duen GERRA ZIBILAri hasiera emango zaio.

Bigarren gerra karlistak EUSKAL HERRIA izan zuen eskenatoki eta karlistek okupatutako lurraldeetan benetako estatuaren enbrioi bat garatu zen, bere administrazio (oinarrizko erakundeak Diputazioak ziren eta subiranotasun-funtzio guztiak betetzen zituen), zerga, Agiri Ofiziala, etabarrekin. Lehen Karlistaldian gertatu zen bezalaxe, nahiz eta nekazal guneak nagusiki karlistak izan, biztanle-gune garrantzitsuenak (hiriburuak) liberal mantendu ziren.

Garaipen militar ugari dituzten arren, karlistek Bilboren setioa utzi behar dute eta, aldi berean, Irun, Donostia, Iruñea eta Gasteiz blokeatzeak porrot egin zuen.

1872an hasi zen II. Gerra Karlista (liburu batzuetan III.a esaten diotena) eta 1874an hartu zuen tronua ALFONTSO XII.Ak. Errege berriak bakea eskaini zien Karlos VII.aren jarraitzaileei, eta barkamena eta foru erakundeen aurreko errespetua ere ziurtatu zien. Estatu osoan bakea lehenbailehen ezartzea komeni zen, indar guztiak Kubako gerrara bideratu ahal izateko, baina karlistek ez zuten onartu eta borrokan jarraitu zuten 1876. urte arte. Orduan, gerra karlisten porrot militarrarekin amaitu zen eta Karlos VII.a izan nahi zuenak Frantziako muga igaro zuen. Canovas del Castillok sustatu zuen ordutik aurrera euskal foruei buruzko eztabaida.

Karlisten gerran jarraitzeko ARRAZOIA: Liberalek baliorik gabe utzi nahi zituzten foruak, mundu tradizionalaren aurka baitzeuden:

  • Erlijioaren eta Elizaren presentzia gizartean
  • Monarkia tradizionala
  • Betiko ekonomia…

EUSKAL LIBERALAK: Egoera larri batean zeuden

  • Orain arte karlisten aurka aritu dira borrokan eta, karlistek okupatutako lurretan, bere ondasunen espoliazioa eta jazarpen gogorrak jasan dituzte.
  • Baina, Foru Legearekin eta Administrazioarekin jarraitu nahi dute.
  • Gainera, liberal espainiarrek, Foruak kentzeaz gain, karlistek burututako altxamendua zela-eta prezio bat ordainarazi nahi die euskal herritar guztiei.

ANTONIO CÁNOVAS DEL CASTILLOREN JARRERA (2)

  • Foruak kentzeak beste gerra bat ekar zezakeela bazekien, baina garrantzi handiagoa eman zion behingoz euskal lurraldeak beste lurrekin BERDINTZEARI. Zerga eta kinta sistemaren alorreko berdintasuna ezin zitekeen eztabaidatu. Hori onartuz gero, prest zegoen foruen aplikazioaz hitz egiteko. 
  • 1839KO URRIAREN 25EKO LEGEAn oinarritu zen eta, bere ustez, hark zioenez Gobernuak, Diputazioei ENTZUN ondoren, bazuen euskal foruak aldatzeko ahalmena. Cánovasen iritziz, kontsulta haiek egiteak ez zuen Gobernuak Diputazioarekin akordio batera iritsi behar zuenik esan nahi, lehenik Diputazioei entzun eta ondoren komenigarrien jotzen zuen erabakia hartzeko aukera zuela baizik.

Alfontso XII.ak Borbondarren monarkia errestauratu ondoren, armada karlista desegin zen eta Karlos VII.a erregegaiak Frantziara itzuli behar izan zuen.

3.3.2 Foruen ezabapena: 1876ko uztailaren 21eko Legea

1876an II. karlistaldia ez zen aurrekoak bezala bukatu. Karlistek GALDU egin zuten gerra hau.

IRITZIAK ETA EMAITZA

  • CÁNOVAS: Lehen esan bezala, euskal probintziek dirutan eta gizonetan egin beharreko kontribuzioa negoziazio orotarik kanpo geratu behar zuen, baina prest zegoen kontribuzio hori gauzatzeko era desberdinez eztabaidatzeko. Haren ustez, 1839ko urriaren 25eko Legeak zioen bezala, Gorteek, Diputazioei ENTZUN ondoren, alda zezaketen hura.
  • EUSKAL DIPUTAZIOEK, aldiz, itun baten emaitza izan zela lege hura zioten eta, aldatzeko ezinbestekoa zela gobernuaren eta diputazioen arteko akordio bat.

Parlamentuan eztabaidatu eta onartu egin zen gobernuaren proiektua. Haren arabera, diru eta gizon kontribuzioa egin beharko zuten nahitaez euskal lurraldeek.

Legearen onarpena ez zen euskal liberalen gustukoa ere izan eta BI JARRERA azaldu ziren euskaldunen artean:

  • Legea ONARTZEN zutenak: eginak onartu eta, lurraldeei ahalik eta kalte txikiena eragin ziezaien, legearen aplikazioa gobernuarekin negoziatzea onartzen zutenak.
  • Legea ONARTZEN EZ zutenak: ez zeuden gobernuarekin lan egiteko prest.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioek legea onartzen ez zutenen alde jo zuten; legea bertan behera uzteko eskatu zuten eta uko egin zioten legearen  aplikazioan laguntzeari.

Auzi garrantzitsu haren aurrean, Foru Diputazioek Gobernuaren baimena eskatu zuten BATZAR NAGUSIAK ospatu ahal izateko. Baina Cánovas ez zegoen batzar hori onartzeko prest, aldez aurretik ziurtatzen ez bazioten batzar horretan legea aplikatzeko moduak baizik ez zirela eztabaidatuko. Ezadostasun honek galarazi egiten zuen Batzar Nagusiei kontsultatzeko aukera.

GOBERNU ZENTRALAk Bizkaiko Foru Diputazioaren fondoak interbenitu zituen Bizkaiko lurraldeak ordaintzen ez zizkion zergak kobratzeko, eta gazteei armadara joateko deia egitearen aurka zeuden alkate batzuk espetxeratu zituen. Ondorioz, GERO ETA HASERREAGO zeuden euskal probintziak.

Euskal Herriak bizi zuen egoera larriaren aurrean, Arabako eta Gipuzkoako diputazioak Bizkaikoaren bidetik ALDENDU eta legea onartzeko prest agertu ziren. Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu egin zuten gobernuarekin negoziatzea. Hala ere akordiorik ez zen lortzen eta Cánovasek deuseztatu egin zituen foru diputazioak. Horrenbestez utziko zuten BALIORIK GABE FORU ADMINISTRAZIOA.

3.3.3 Kontzertu Ekonomikoak

Karlisten hondamenarekin gerra bukatu zenean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oraindik indarrean zeuden foru-ahalmenen abolizioa (zergei eta armen zerbitzuari zegozkienak) etorri zen. Nahiz eta euskal liberalek protesta egin (karlisten porrota eta erregimen foralaren etorkizuna banatu nahi zuten), 1876ko uztailaren 21eko Legeak fiskalitate propioa eta soldadutzatiko salbuespena EZABATU zituen. Hurrengo urtean, neurri hauen aurkako erresistentzia gainditzeko, gobernuak Batzar Nagusiak eta Foru-Diputazioak ezabatu zituen, horien ordez DIPUTAZIO PROBINTZIALAK EZARRIZ, hau da, hiru Lurralde Historikoak Espainiako Estatuko gainerako probintzia guztien erregimenaren menpe geratu ziren. Espainiako Kontzertu Ekonomikoa izango da foru zaharretatik geratuko den gauza bakarra. (Termino hau 1878ko Errege Dekretuan azaldu zen).

KUPOA

  • Kontzertuaren arabera zehaztuko zen euskal diputazio bakoitzak Espainiako Finantza Ministerioari urtero eman beharko zion diru-kopurua (kupoa), kontuan harturik beti ere kontzertaturiko zergak.
  • Diputazioek komenigarritzat zituzten baliabideak erabiliko zituzten kupoa ordaintzeko. Zeharkako zergen bidez biltzen zuten kupoaren atal garrantzitsu bat, merkatarien eta industrialarien mesederako, horiexek baitziren kontzertua negoziatu zutenak eta Diputazio Probintziala kudeatzen ari zirenak.

1937an altxaturiko gudarosteek BALIORIK GABE utzi zuten kontzertuaren erregimena Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeetan, gobernu errepublikarrari leial iraun zutelako, eta bere horretan utzi zuen Araba eta Nafarroakoa, altxatuen alde jokatu zutelako.

DIKTADOREA HIL ONDOREN, Demokrazia berrezarri zenean, gobernu espainiarrekin negoziatu eta 1980. urtean berreskuratu zen Kontzertu Ekonomikoaren formula. Horrenbestez, kontzertua, hasiera batean foru legearen kondarra zena, ESKUBIDE HISTORIKO bihurtu zen.

JOSEBA TAPIA: Eta tira eta tunba
Viva, Viva, Viva, gure Jaungoikua!
Viva, Viva, Viva, Aita Erromakua!
Eta tira eta tunba eta tira beltzari,
eta tira eta tunba eta tira beltzari!
Viva gure Fedia Españiyakua!
Viva Don Karlos eta jende bertakua!
Eta tira eta tunba…
Viva Karlos Setimo, Doña Margarita,
laster ikusiko dira Tronuan jarrita!
Eta tira eta tunba…
Aita Santuak berak Koroia ezarrita,
Frantziako arraian haraño etorrita!
Eta tira eta tunba…
Karlosek esan ei dau Begoña ganean;
laster sartuko dala Madrilgo kalean!
Eta tira eta tunba…
Ikusi gura neuke bere entradia,
Madrilgo txankameien ariñeiketia!
Eta tira eta tunba…
Viva Karlos Setimo eta Margarita,
Españan agintzeko zer pare polita!
Eta tira eta tunba eta tira beltzari,
eta tira eta tunba eta tira beltzari!

[56] Nafarroa Beherean, Lapurdin eta Zuberoaren foru eta ohiturak Frantziako iraultzara arte mantendu zituzten.

[57] Ahaide nagusien arteko gerrak XIV-XV. mendeetan izan ziren.

[58] Bizkaiko Batzar Nagusiak, esate baterako, beren bilkuretako aktetan islatzen zuten elkarren kontra ari izan ziren bandoen iraupena.

[59] Karlismoa

  • Fernando VII.a hil zenean, Espainiako tronuan ondorengoa zein izango zen eztabaidan, Karlos Mª Isidro eta Isabel II.aren enfrentamenduan du sorrera.
  • Ez da ondorengotzarako arazo soila, bi joera politikoen arteko liskarra baizik:
    • Karlistak (apostolikoak), Antzinako Erregimenaren aldekoak.
    • Isabelinoak, aldaketa liberalen aldekoak.

Karlista bati jarraituz, ondorengo printzipioak:

  1. Monarkia autoritarioa eta parlamenturik gabekoa.
  2. Protekzionismoa.
  3. Foruak.
  4. Tradizio katolikoa.

[60] MAROTO, Rafael (1783-1847)

  • Jeneral karlista.
  • Fernando VII.a hiltzean hasi zen I. Karlistadaren azken fasean ikusi dugu, karlistak zatituta daudenean. Bakea sinatzeko negoziazioetan hasi zen eta bere aurka zeuden jeneral  karlistak fusilatzea agindu zuen 1839ko otsailean.
  • Gerra amaitzeko proposamenak 3 oinarri zituen:
    • Karlosen oinordekoaren eta Isabel II.aren arteko ezkontza.
    • Euskal Foruen mantenua.
    • Militar karlistak armadan sarrera izateko eskubidea.
  • Marotoren aurka altxatu ziren Nafarroako zenbait batailoi karlista.
  • Liberalek ez zuten lehenengo baldintza onartu.
  • Maroto negoziazioak bertan behera uzteko prest zegoenean, Bizk eta Gipuzkoako buruzagi militar karlistak bere proposamenaren alde agertu ziren: nahikoa iritzi zioten azken bi baldintzak betetzeari.
  • Horrela Bergarako Hitzarmena sinatu zen 1839an. Marotok ez zuen hartan parte hartu eta bertan izan ziren Bizk eta Gipuzkoako batailoi karlistak. Arabarrek, nafarrek eta gaztelauek ez zuten Bergarako Hitzarmena onartu, baina kontrolari eusteko gai ez zirenez,  atzerrira jo zuten.
  • Itunaren ondoren armada espainiarreko kapitan jeneral izendatu zuten.

[61] ESPARTERO: (1793-1879)

  • Erregeordea izan zen 1841etik 1843ra.
  • Independentzia gerra hasi zenean apaiz egitekotan bazebilen ere, utzi eta armadan sartu zen.
  • 1834 arte Ameriketan aritu zen independentisten aurka.
  • Karlistada hasi zenean penintsulara itzuli eta Mª Kristinaren alde jarri zen. Marotorekin izan ziren elkarrizketetan (Bergarako besarkadan bukatu zirenetan)  parte hartu zuen (1839-VIII-31).
    • Itzal handiko gizona, Mª Kristina erregeordetzatik kendu eta bera jarri zen bere lekuan, ia-ia diktadore bezala.
    • Progresisten alderdikoa, moderatuen konspirazioen aurka gogor jokatu zuen eta Biurteko Progresistan bera izan zen buru
    • Prim, Narvaez eta Serranok lortu zuten kargutik kentzea 1843an eta Erresuma Batura joan zen bizitzera (1849an itzuli zen)

[62] 1868ko Iraultza

3. gaia-ERREPASOA

TESTUAK-5 eta 6

2. gaia

4. gaia

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: