11. gaia
Diktadura frankista Euskal Herrian (1939-1975)
11.1 Erbestea eta Gerra Zibilaren ondorena (1937-1952)
- Frontean aurrera egin ahala, populazioaren leku aldatzeak areagotzen joan ziren; gerrako lehen hilabetean, 55.000tik gora gipuzkoarrek jo zuten Bizkaia aldera eta 1937an mugimendu hura errepikatu zen, Kantabria eta Asturias aldera. Erdiak ez ziren sekula itzuliko, eta bere senide, guraso (30.000 haurrek hartu behar izan zuen erbesteko bidea eta Eusko Jaurlaritzak horietako 13.000 baizik ez zituen kontrolatu), ondasun eta herrietatik urrun bizi behar izan zuten ordutik aurrea. Euskal Herriko espetxeak ere presoz bete ziren: 36.000 preso 1937ko udan, 17.900 preso 1938an…
- 20.000 lagun hil ziren, gutxi gorabehera, frontean, bonbardatutako hirietan eta frontearen atzealdean.
- Hildakoen kopuruari, tifus exantematikoak edo tuberkulosiak bezalako gaitzen hedadurak, higiene kaskarrak, elikadura eskasak eta goseak eragindako hildakoen kopurura erantsi behar zaio; haurren heriotza tasaren igoerak garbi adierazten du datu hau.
- Gerra ondorengo heriotza-tasaaltua izan zen eta jaiotza-tasak, berriz, behera egin zuen.
- Emigrazio fluxuapositiboa izan zen Araba,Gipuzkoa eta Bizkaian eta negatiboa Nafarroan.
11.1.1 Aberastasuna eta miseria (Gerran, Gerra ondoren, Biztanleak)
Gerran: Gerra ekintzek gehien kaltetu zituzten sektoreak elektrizitate azpiegitura eta bide sareak izan ziren. Aldiz, industria egitura ia ukitu gabe geratu zen eta, euskal lurraldeaz erabat jabetu ondoren, bete-betean ustiatu ahal izan zituen armada erreboltariak meatzeak, ontziolak eta instalazio sideromertalurgikoak bere hornidurari begira. Erabakiorra izan zen Francorentzat gerra-produkzio hau gerrako azken hilabeteetan.
Gerra ondoren: Lehengaiak erabat murriztu ziren eta, estatuaren interbentzionismoa zela-eta, Euskal Herriko industria ez zen bere produkzio ahalmen gorenera iritsi. Ontziolen produkzioak behera egin zuen, baina makina-erremintaren sektoreak gora. Kimika industria nabarmen hazi zen, baina papergintzak, inportazioen eskasiak eraginda, behera egin zuen, eta eraikuntzaren sektorea, zementuaren ekoizpenaren hazkundeak argi erakusten duen bezala, suspertu egin zen.
Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG-k estatuko batez bestekoa gainditu zuten. Kapital metaketa garrantzitsu bat egin zen; enpresa askatasunari legezko oztopo ugari jarri bazitzaizkion ere, aurrera egin zuten hauek:
- Altos Hornos de Vizcaya.
- Bankuen jardueraren hazkunde handia.
- Bilboko Burtsaren berrirekiera.
- Elkarte berrien kopuruaren hazkundeak eta horiek ekarritako kapitalak.
Biztanleak: Baina, alde berean, urte horietan biztanleak miseria gorrian zeuden: oinarrizko produktuen eskasia zegoen, gosea, errazionamendua, bizi kostuaren igoera, soldata baxuak eta gaixotasunak.
11.1.2 Zentralismoa
Administrazioa: Baliogabetu zen Kontzertu Ekonomikoa Bizkaian eta Gipuzkoan. Diru gutxiago zutenez, bere egitekoak ezin beterik geratu ziren Aldundi horiek gizarte, kultura eta ekipamenduen alorretan. Administrazioetan garbiketa sakona egin zen eta auziperatze eta epaiketa asko izan ziren erantzukizun politikoak zirela-eta (Adibidez Nafarroan, 60 udaletxetako 215 funtzionario, Aldundiko 124 langile, maisuen %30 eta maistren %15 zigortu zituzten). Primo de Riveraren garaiko burokrazia zaharra egokitu zen euskal instituzioetan. Haietako batzuk erregimen berriaren ontasunez zeharo konbentziturik zeuden; beste batzuk, ordea, gizarte berrian postu on bat bilatzeko erabili zuten.
Eliza: Apaizgo abertzale askoren aurkako errepresioa burutu ondoren, biztanleak birkristautzeko prest agertu zen euskal eliza. Urte haietako erlijio agerraldiak ugariak izan ziren, kontzentrazio eta erromesaldi handietan eta Jesusen Bihotzaren edo Birjinaren omenez eraikitako monumentuen bidez.
11.1.3 Erregimenaren aurkako borrokaren mugak
Elkartasuna: Eragozpenak eragozpen, elkartasun ekintza garrantzitsu bat abiarazi zen hasieratik penintsularen barnealdetik ihesi zetozenei muga igarotzen laguntzeko.
Oposizioa: Zuzeneko eragina izan zuten Eusko Jaurlaritzaren dinamikan erbesteko oposizio talde desberdinen arteko harreman zailek; izan ere, monarkiazaleenganako hurbiltze politikak baldintzatu zuen sozialisten jarduna (Prietok eta atzerriko sozialistek gerra bukatu bezain laster defendatu zuten bide hura), eta oztopo handia izan zen hura euskal fronte sendo bat osatzerakoan.
Eusko Jaurlaritza: Erbesteko beste gobernuek baino modu bateratuagoan jardun zuen, eta, Alemaniaren inbasiora arte, lan sakona bideratu zuen Frantzian. Jose Antonio Agirrek Frantzia utzi beharra izan zuen eta Manuel de Irujok bultzatu zuen 1940an Euskadiko Kontseilu Nazionala, euskal errepublika independentea ezartzeko xedean. Irujoren proposamenak ez zuen gehiengoa lortu bere alderdian, eta EAJ-k Errepublikako gobernuarekin berriro ere lankidetzan hastea erabaki zuen.
Antolaketa: Euskal alderdien artean PNV izan zen oposizioko alderdi nagusia eta Eusko Jaurlaritzaren barnean zeuden beste alderdi eta erakundeak (PCE, PSOE, CNT eta errepublikarrak) J.A. Agirreren pertsonaren irudira bildu ziren. Ondorengo urteetako dinamika antifrankistan, aipagarriak dira Euskadiko Alderdi Komunistak 1941az geroztik barnealdeko egitura berrantolatzeko egin zituen saioak. Beste horrenbeste gertatu zitzaien sozialistei eta anarkistei. Gerra ondorengo lehendabiziko urte haietan erregimenaren errepresio eraginkorrak guztiz oztopatu zuen lan politiko sindikal iraunkor oro.
1945ean BAIONAKO HITZARMENA izenpetu zuten euskal indar abertzale guztiek Espainiako errepublikarrekin. Helburua Eusko Jaurlaritzari sostengua eman eta monarkiaren Errestaurazioa galaraztea zen. Sinatzaileak: EAJ, EAE, PCE, UGT, ELA-STV, PSOE, CNT, Mendigoizaleak, Ezkerra Errepublikanoa, Alderdi Errepublikano Federala. Helburuak:
- Espainian demokrazia ezartzeko borrokatzeko konpromisoa hartu zuten.
- Errepublika eta Autonomia Estatutua berrezartzea.
Urte horretan baikor zeuden, herrialde aliatuen eta nazioarteko erakundeen (NBE, esaterako) laguntzaz Franco agintetik botako zutela uste baitzuten.
Ezina: GERRA HOTZAren giroa nazioartean hedatzen eta, ondorioz, erregimen frankista sendotzen ari zen heinean, Franco nazioarteko interbentzio baten ondorioz azpiratzeko aukerak gero eta urrunago zeuden. Eusko Jaurlaritza lozorroan geratu zen egoera iraultzeko bitartekorik ez zuelako, baina Agirrek eta Eusko Jaurlaritzak oso izen ona izaten jarraitu zuten 1950. urteetan.
11.2 Frankismoa Euskal Herrian: hazkunde ekonomikoa eta aldaketa sozialak
Hazkundea
- 1950ean Egonkortasunerako Plana onartu eta jardueran hasi zen arte, zuzeneko eragina izan zuen euskal industrian produkzio eskasak, inbertsioen apaltasunak eta inflazioak. Siderurgiaren ekoizpena apala izan zen energia eta lehengaiez ondo hornitzeko zeuden zailtasunengatik eta sektorearen beraren egitura monopolista zelako. Makina-erremintaren ekoizpena, berriz, sendotu egin zen hamar urte haietan.
- Euskal BPG-aren hazkunde tasa altua da 1960tik aurrera; lurralde guztietan hazkundea nabaria da, Araban eta Nafarroan bereziki (Gogoratu herrialde hauetan hazkunde tasa txarra zela!).
- Immigranteen etorrerak zuzeneko eragina izan zuen biztanleriaren hazkundean (Urte haietan Nafarroan ez zen horrelakorik gertatu) eta Euskal Herriko industria eskualdeetan egokitu ziren Gaztela, Leon, Extremadura, Andaluzia eta Galiziako etorkinak. Euskal herritarrek, berriz, Madril, Katalunia, Valentzia eta Kanarietako Uharteetara jo zuten. Enplegu tasa ia erabatekoa zen eta bigarren sektorea zen garrantzi gehienekoa. 1973ra arte langabezia tasa ez zen hazi. 1960tik 1975era arte %270 igo zen Euskal Herriko Barne Produktua.
Kooperatibak: Garrantzi handiko fenomenoa hasi zen 1956an, Arrasaten, ULGOR, esperientzia berritzaile baten eskutik. Ekonomia zabaltzen ari zen garai hartan eta filosofia ezberdin batek ukitu zuen: langile-bazkideek halako protagonismoa zuten eta karguak demokratikoki hautatzen zituzten. Bestalde, lan eta ekonomia eremu hura hedatzen joan zen eta kooperatiba berriak sortu ziren beste ekonomia eta gizarte arlo batzuetan, irakaskuntzan, aseguruetan, ikerketa teknologikoan eta beste produkzio esparru batzuetan.
Sektoreak
- Metalurgia eta Kimikaren sektoreak izan ziren atzerriko inbertsioen jomuga nagusiak.
- Esportazio nabarmena ikusten dugu euskal industrian.
- Merkataritzaren liberalizazioa zela-eta, gora egin zuten altzairuaren inportazioek, eta agerian geratu zen euskal siderurgiaren lehiakortasun maila oso apala zela. Stockak hazi ziren eta Programa Siderúrgico Nacional delakoa eskaria finkatzeaz arduratu zen. Neurri horien ondorioz, izugarri hazi zen Euskal Herrian altzairuaren ekoizpena.
- Ontzigintzak ere gora egin zuen eta ontziolak berritu egin ziren. Gainera, Suezko (1967) kanala itxi ondoren nazioartean sortu zen egoerak aukera ezin hobeak eskaini zizkion sektoreari.
- Makina-erreminta, industria kimikoa, papergintza eta arte grafikoen sektoreek garai onak izan zituzten.
- Nekazari gizartean gertatutako aldaketak oso sakonak izan ziren. Nekazaritza eremuko biztanleria aktiboaren kopuruak behera egin zuen nabarmen, laborariek eta jabe txikiek industria guneetara jo baitzuten.
- Euskal gizartea industrializazio prozesu sakonean murgildurik zegoen eta gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen zerbitzuen sektoreak, pertsona askok egiten baitzuen lan horretan.
11.2.1 Lan gatazkak (1946-1956)
1946an gatazka batzuk izan ziren Euskal Herriko hiri batzuetan eta 1947an greba sonatuenetako bat hasi zen Bilbon. Maiatzaren 1ean Erresistentziarako Batzordearen Kontseiluak egindako deiari jarraituz eta UGT, ELA-STV eta CNT sindikatuek bultzatuta, hasi zen. Bizkaiko 20.000tik gora langilek hartu zuten parte eta milaka langile atxilotu edo zigortu zituzten militarrek Bilbo eta inguruak okupatu ondoren.
1956an egin ziren greba garrantzitsuenak; Iruñean hasi ziren soldata hobeak lortzearren eta Euskal Herrian hasi eta Kataluniako beste alde batzuetan izan zuten jarraipena. Bizkaian ere ekin zitzaion, enpresa gizonekin zuzenean negoziatu nahi zuten eta langile komisioak hautatu metalgintza enpresetan; hura izan zen etorkizuneko Langile Komisioen aurreneko urratsa (CC.OO.). Egoera kontrolatzearren, errepresio indarrek ehunka lagun atxilo hartu eta erbesteratu zituzten, baina langileek soldata igoerak lortu zituzten eta gatazka honek zuzeneko eragina izan zuen geroago lan harremanen aldaketan, Gatazka Kolektiboen Legeak, argi asko erakutsiko zuen bezala.
Ordutik aurrera, nonahi izan ziren lan gatazkak ekonomia garatua zegoen eskualdeetan. Euskal langileria berri bat osatu zen ekonomia garatuta zegoen eskualdeetan. Baldintza ekonomiko hobeak eta elkartasuna aldarrikatzen ziren eguneroko borroken inguruan eta frankismoa gehien deslegitimatzen lagundu zuen gizarte klasea izatera iritsi zen; izan ere, frankismoaren oinarrizko instituzioei eraso egin eta erregimenari erronka handiak planteatu zizkion langileriak erregimena gainbehera etorri zen arte.
11.3 Frankismoarenganako oposizioa (1952-1967)
- Euskal nazionalismoa, Langile Komisioekin batera, frankismoaren mehatxu nagusia izango zen. EAJ alderdiak ordezkatzen zuen abertzaletasunak ez zuen espektatibarik sortzen goitik behera aldatzen ari zen euskal gizartearen aurrean eta, nazioarteko diplomazia bideetan izandako porrotaren ondoren, agerian utzi zuen Eusko Jaurlaritzak ez zuela politika-bide argirik (Jose Antonio Agirre 1960an hil zen ustekabean). Egoera hartan, nazionalismo klasikoaren ideologia berraztertu egin zen eta erakunde berriak sortu ziren, ETA esate baterako (1959).
- Bizkaian, PCE alderdiko taldeak mantendu ahal izan ziren urte haietan, eta enpresetan Langile Komisioen sorrera eta sindikatu bertikaletan sartzeko politika bultzatu zuten. Bestalde, PSOE alderdiaren eta UGT sindikatuaren ideiak babesten zituzten taldeak baziren Euskal Herriko alde batzuetan. 1945ean berrantolatu zen erbestean ELA-STV.
- Acción Católicaren barneko erakunde berezietako sektore kritikoek ere parte hartu zuten mugimendu hauetan eta garai hartako gatazka garrantzitsuenetan, eta erraztu egin zieten langileen erakundeetako gutxiengo militanteei lan egiteko beharrezkoa zuten azpiegitura.
11.4 Diktaduraren krisia Euskal Herrian (1956-1975)
- Garai honetan lan gatazka ugari izan ziren, eta soldaten igoera eskatzeko grebak izan ziren askotan: Bilboko Labe Garaiak eta Beasain 1961ean, 1962ko greba handiak Asturiasekin batera… Gatazka hauek agerian utzi zuten langileen mugimenduaren garrantzia eta antolakuntza maila, enpresariei eta erregimenari aurre egiteko orduan; gero eta apaiz talde, intelektual eta herritar gehiagok erakusten zieten langileei beren sostengua.
Erregimenak, bere aldetik, errepresio bortitzaren bidez erantzun zuen (atxiloketak, torturak), Bizkaian, Gipuzkoan eta Asturiasen ezarritako salbuespen-egoeran babestuta. Hala eta guztiz ere, greba jarduerak bere horretan iraun zuen hurrengo hilabeteetan zehar.
- 1964an gerra ondorengo Aberri Egunerako lehen deialdia egin zen eta 35.000 lagun bildu ziren Gernikara. Ordu arteko ETAk eginak zituen bere lehen biltzarrak eta ideologikoki EAJ alderditik urrun zegoela utzi zuen agerian. Errepresioak galarazi zuen 1965eko Aberri Eguna, eta epaiketa ugari egin zituen Tribunal de Orden Público auzitegi bereziak. Ugaritu egin ziren, era berean, apaiz taldeek askatasun ezaren aurka egindako protestak.
- 1966an Bizkaiko Etxebarriko Labe Garaietako greba. 1967an grebak bere horretan zirauen, gatazka giro bizian, ehunka atxilotu eta erbesteraturekin.
- 1968an salbuespen egoera ezarri zuten Gipuzkoan, eta, ia urtebetez, estatu espainiar osora zabaldu zuten. Aldi berean, protestek indar handia hartu zuten ikasleen, auzoen eta elizaren sektore batzuen artean, eta horietako batzuk epaitu egin zituzten Tribunal de Orden Público auzitegi bereziak 1969an.
- Euskal elizak erregimenaren aurka erakusten zuen jarrera gero eta sendoagoarekin batera bokazio krisi sakon bat ari zen jasaten bere baitan. Gero eta alde handiagoa zegoen hierarkiaren eta erregimenaren artean, eta euskal herritarren aurrean gero eta nabarmenagoa zen erregimenaren DESLEGITIMIZAZIOA. AÑOVEROSen auziak eztanda egin zuen era berean: Elizan 339 apaizek dokumentu bat idatzi zuten (1960): frankismoaren zapalkuntza eta Euskal Herriaren eskubideen zapalketa salatzen zituzten. Gutun hau idatzi ondoren protestak ugaritu ziren, bide ezberdinak erabili zituztelarik: sermoiak, gizarte eta kultura ekintzak, ikur espainoleen erabilpena elizan debekatzea, apaiz batzuk ez zuten estatuburuaren aldeko eskaera sartzen mezan, konsagrazioan himno nazionala jartzeari uko egiten zioten, Espainiako sinboloak eliz barruan edukitzeari uko egiten zioten… Askotan, oposizioak bere ekintzak (hezkuntza, euskara, sindikalismoa) elizaren babesean egin ahal zituen… Gainera, Vatikanoko II. Kontzilioa (1962-1965) zela-eta, aipatzeko da elizaren barruan sortu zen krisia:
-
- Elizak jarrera liberalagoa eta demokratikoagoa hartzen joan zen.
- Espainiako elizak frankismoa kritikatzen hasi zen eta demokrazia eskatzen zuten oposizioko mugimenduak babesteari ekin zion.
- 1974an liskarrak egon ziren gobernuaren eta Antonio AÑOVEROS Bilboko apezpikuaren artean, Euskal Herriaren kultura-identitatea defendatu zuela-eta. Gobernuak gotzaina bere egoitzatik aldentzea nahi izan zuen, eta gotzainak ez zuen onartu; gainera, eskumikatzeko (elizatik botatzea) mehatxua ere egin zioen bere kontra indarra erabiliko zuenari.
- Arazoa larriagoa izan zen Francorentzat TARANCÓN artzapezpikua bere gotzainaren alde eta diktaduraren aurka jarri zenean. Espainiako elizaren buru zen Tarancón gogor mantendu zen Arias Navarroren aurrean eta betiko bikote zen eliza-frankismoa banandu egin zen.
-
- 1966an hasi zuen V. Biltzarrean “nazio askapenerako mugimendu sozialistatzat” jo zuen ETAk bere burua eta 1968. urtetik aurrera areagotu zuen bere borroka. Haren kontrako errepresioa ere gero eta handiagoa izan zen. 1970ean, Burgosen erakunde honetako hamasei militanteren aurka egin zen epaiketak elkartasun adierazpen asko sortarazi zituen atzerrian eta protesta asko egin ziren Euskal Herriko eta Espainiako esparru guztietan. Elkartasunezko ekintza hauek eragotzi zuten, azken unean, heriotza-zigorrera kondenatu zituztenen hilketa.
- Alderdi politikoek ez zituzten mugimendu haiek erabat kontrolatzen. Autodeterminazio, amnistia, euskara eta askatasun orokorren aldeko proposamenak erabaki gabe geratu ziren 1975eko azaroan Franco hil zenean. Bi hilabete lehenago, hiltzera kondenatu eta fusilatu egin zituzten ETA-ko bi militante eta FRAP-eko hiru militante.
11.5 Euskal kultura frankismoan
Haustura: Euskal Herriak kultura haustura sakona jasan zuen gerra amaitu ondorengo urteetan. Euskal kulturako pertsonaia handi batzuen heriotzak eta beste batzuen erbesteratzeak pobretu egin zuten euskal kulturaren egoera. Bestalde, munduko leku batzuetan, Latinoamerikan eta Frantzian batez ere, sorkuntza jarduera garrantzitsu bat garatu zuten euskal erbesteratuek arte eta gizarte zientzien alorrean.
Hego Euskal Herria
- Hasieran egoera latza izan zen, ez baitzen kultura bultzatuko zuen ekimenik. Goi ikasketetarako unibertsitate publikorik ez zegoen. Immigrazio maila handiak etxebizitzen eta zerbitzuen eskari handiari soluzioa eman beharra bultzatu zuen: hirigintzaren esparruan hasi ziren, beraz.
- Egoera aldatu egin zen erbesteratu batzuk itzuli zirenean. Artista hauek (Oteiza, Basterretxea eta Ibarrolak) elkar harturik egindako esperientzia bat izan zen Arantzazuko basilikaren proiektua (1950-1954), euskal artearen berrikuntzaren ageriko ikur bizia bihurtuko zena. Bertako eta abangoardiako arte ekarpenak bildu ziren Arantzazuko obrara.
- 1960. urteen erdialdetik Franco hil arte, euskal kulturaren susperraldi aberats heterogeneo bat plazaratu zen elkarte eta erakunde ugariren eskutik, kultura eta arte sorkuntza zabaltzeko, eta hizkuntza berreskuratzeko; ikastolak sortu ziren, euskaraz idatzitako literaturaren produkzioa bizkortu zen eta oinarrizko urratsak egin ziren euskaltegietatik euskara batua sortzeko. Gero eta gehiago lotu ziren kultura eta politika, baina horregatik kulturak ez zien bizkar eman atzerriko herrietan garatzen ari ziren arte korronteei.
Isiltasunaren garaia Euskal Herrian (San Telmo museoan, erakusketa iraunkorrean) (9:02 min)
[131] ETA
- 1959an sortu zen.
- 1961ean borroka armatua hasi zuen.
- 1965ean printzipio marxistak hartu zituen (IV. Asanblada).
- 1966-70 bitartean ETA V eta ETA VI (troskista–LKI).
- 1970ean Burgosko auzia (Meliton Manzanas hiltzeagatik).
- 1973an Carrero Blanco erail. ETApm eta ETAm.
- 1976an VII. Asanblada. ETApm inguruan EIA (Eusko Iraultzaren Alderdia) eta EE sortu. ETAm inguruan, berriz, HB. Alderdi honek 1979an 4 eserleku lortuko zituen.