10. gaia
Diktadura frankistaren finkapena eta krisialdia (1959-1975)
10.1 Hazkunde ekonomikoa eta eraldaketa sozialak
Bereizgarriak
- Aldaketa sakonak Espainiako ekonomia eta gizartean; industrializazio prozesu bizi bat garatzen da.
- Krisi sakona nekazaritzaren esparruan; nekazari asko industrialdeetara abiatzen da.
- Lurraldeen arteko desoreka areagotzen da.
- Langileriaren eta gizarte maila ertaineko biztanleek gero eta indar handiagoa hartzen dute.
- Horrek guztiak, sistemaren deslegitimazio prozesu geldiezina bultzatu zuen.
10.1.1 Politika autarkikoaren krisialdia (1951-1957)
- 1951ko udan Francok aldaketak egin zituen bere gobernuan eta beste molde bateko politika ekonomikoari ekin zion. Aldaketa haren arabera, aitortu egin zen aurreko neurri autarkikoen porrota.
- Aldi berean iritsi zen erregimen frankistaren nazioarteko onespena. AEBk, ekonomia kapitalista mendebaldean zabaldu nahian, ideologia antikomunista garbiko aliatu bezala baloratu zuen eta, GERRA HOTZAren testuinguruan, hau oso kontuan hartzekoa izaten zen.
- Horrela hasi zen ekonomiaren liberalizazio prozesua. Aldaketa xumeak, baina eraginkorrak izan ziren.
- Hobetu egin zen industriarako oinarrizko produktuen hornidura eta berregokitzen hasi zen garraioen sistema. Nekazaritza ere suspertu egin zenez, kontsumoaren hazkundea suposatu zuen horrek guztiak.
- Politika ekonomiko berriak industrializazio bizkorra zuen helburu nagusi. Horrexegatik, nekazaritza produktuen prezioak mugatu ziren arren, gora egin zuten industria produktuen prezioek eta horren ondorioz nekazaritzaren sektoreak nazio errentan 1951n zuen %40.7ko partaidetza %25.25era jaitsi zen 1957ko urtean.
- Emaitza ezin hobe haien lorpenak ez zuen industria sektoreak inflazio indize altuak jasatea galarazi eta gizarte TENTSIOGUNE handia izan zen INDUSTRIA 1951, 1953 eta 1956. urteetan; haien ondoren, soldatak nabarmenkiro igo ziren eta agerian geratu zen erregimenari aurre egiteko prest zegoen hiritarren sektorea gero eta zabalagoa zela.
- Baina kanpo sektorea zen ekonomiaren hazkundearen prozesuan emaitza txarrenak lortzen zituena, emaitza negatibo haiek sendotzen hasia zen TURISMOtik etorritako DIBISEK eta iparramerikarren laguntzek (Marshall Planak) estaltzen zituzten arren (AEBk 1.022 milioi dolarreko laguntza eman zuen 1953 eta 1961 bitartean, diru-laguntza berezi eta kreditu gisa eta beste 437 milioi dolar gastu militarretarako).
10.1.2 Erregimenaren balioberritzea nazioarteko mailan
- Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, azkartuz joan zen bi potentzia handien (AEBen eta SESB-ren) arteko etsaitasun giroa. Nazio Batuen Erakundea sortu zen, baina nazioarteko harremanak Gerra Hotza delako testuinguruaren barnean geratu ziren. Urte batzuetan aldatu ziren gauzak: 1949an eratu zen NATO erakunde militarra, bloke sozialistaren aurka, 1950ean hasi zen Koreako Gerra eta 1955ean eratu zuten sozialistek Varsoviako Ituna, NATO erakundeari erantzuteko.
- Mendebaldeko herrialdeetan ideologia antikomunista hedatzeak biziki erraztu zuen Espainiako erregimenaren nazioarteko onespena. Halatan hasi ziren berriro ere AEBen eta Espainiaren arteko harreman diplomatikoak eta 1946ko krisialdiaren ondorioz alde egin zuten enbaxadore atzerritarrak Madrilera itzuli ziren. Iparramerikarrek Espainian base militarrak ezartzeko aukeraren truke, Marshall planaren pean, Espainiaren aldeko laguntza ekonomikoak mantendu egin ziren. Beraz, erregimena politikoki onetsi eta gero, Espainiari nazioarteko merkatuetako ateak zabaldu egin zitzaizkion.
- Estatuak bermatu egin zituen ELIZA katolikoaren pribilegioak eta, ordainetan, Vatikanoren babes garrantzitsua ere jaso zuen erregimenak.
- Azkenean, 1955ean eskubide osoko kide bihurtu zen Espainia Nazio Batuen Erakundean (NBE), eta erregimen frankistak normalizatu ahal izan zituen horrenbestez nazioarteko harremanak.
10.1.3 Trantsizio Ekonomikoa (1957-1959)
- Aldaketa: 1957an Francok beste aldaketa bat egiten du gobernuan. Erregimeneko familien ohiko ordezkaritza mantendu egiten du, baina horietaz gain, Opus Deiko kide teknokrata batzuk sartzen ditu. Horrela, sektore falangista kaltetua ikusten da, galdu egiten baitu aurreko gobernuan zuen eragina.
- Movimiento Nacional: Erregimenaren instituzionalizazio prozesuak aurrera jarraitzen du eta Movimiento Nacionalaren FUNTSEZKO OINARRIEN LEGEA aldarrikatzen du. Egia esan, falangisten printzipioetan eta monarkia tradizional katolikoaren defentsan oinarrituriko nahasketa ideologiko zaharkitua baizik ez zen. Beraz, Movimiento Nacional:
- Frankismo garaiko antolaketa politiko espainiarra; 1958ko Principios del Movimiento delakoaren legean zehaztu zen. Falangisten iritzi zahar ugari zituen barnean.
- Edozein kargu publiko zin egin aurretik onartu behar ziren Principios del Movimiento hauek.
- Politikan aritzeko bide bakarra zen. Altxamenduan parte hartu zuten talde guztiek osatutako alderdi bakar baten antza zuen, estatua eta herriaren arteko bitartekari bakarra.
- Liberalizazioa: 1951z gero, ekonomiaren liberalizazioa abiarazten saiatu dira, baina, sistema autarkikoaren mekanismo zahar batzuk indarrean daudela-eta, oztopo ugari aurkitu ditu nahi horretan. 1957an eta hasi eta 1959an, batez ere, ekonomiaren liberalizazio joera hau gero eta sendoago agertzen da.
- Inflazioa: Prezioen eta soldaten igoera. Inflazioak gora egiten du etengabe eta ordainketa balantza negatiboa da, baina, industriako produkzioa handitu nahi bada, lehengaien inportazioa ezinbestekoa da.
- Neurri fiskalak: Neurri fiskalak hartzen dira, zerga bilketa haziz eta interes motak igoz. Inflazio maila beheratzea ezinbestekoa da.
- Kanpo-merkataritza: Kanpo-merkataritza orekatu nahi da. Nazioarteko ekonomia erakunde garrantzitsu batzuek begi onez ikusi zituzten Espainiako Gobernuak hartutako erabakiak eta, 1958an Espainia ELEE (Ekonomia Lankidetzarako Erakunde Europarra) eta MFI (Moneta Fondo Internazionala) erakundeetan sartu zen.
10.1.4 Ekonomiaren Hazkundea (1959-1973)
10.1.4.1 1959ko Egonkortasunerako Plana (Nork, Helburuak (5), 1959tik aurrera (3), Lorpen garrantzitsua (6), Hazkunde ekonomikoaren arrazoiak (8), Ondorioak (4))
Nork: Franco garaian Opus Deiko ministro ziren Ullastres eta Navarro Rubiok bultzatutako neurri ekonomikoen multzoari deritzo.
Helburuak: Besteak beste hurrengoak dira:
- Dibisen etengabeko murriztea eten.
- Estatuaren bankarrotaren aldarrikapena saihestu.
- Estatuaren interbentzionismoari amaiera eman.
- Administrazioa berritzea.
- Espainia nazioarteko erakundeetara biltzera.
1959tik aurrera ekonomiaren liberalizazioan saiatu zen eta atzerriko inbertsioen laguntza bilatu zuen:
- Prezioak egonkortzen ahalegindu ziren, inflazioa menperatu eta kanpo merkataritza suspertu nahian.
- Sektore pribatuari ematen zitzaizkion maileguak mugatu ziren.
- Bankuen interesak igo egin ziren.
Lorpen garrantzitsua: Atzerriko kapitalaren sarrera garrantzitsu bat lortu zen eta honek eragin handia izan zuen enpresak sortu eta teknikoki modernizatzeko orduan:
- Barne-kapitalaren osaketan lagundu zuen.
- Inflazioaren goranzko joera eten egin zen.
- Ordainketa balantza hobetzen lagundu zuen.
- Teknologian inbertitu zutenez, produktibitatea suspertu zuen.
- Politika autarkikoak behera egin zuen eta 1960. urteetako kapitalismoaren garapenerako oinarriak errotzen ziren aldi berean.
- Alde negatiboa zera zen: mendekotasun maila gero eta handiagoa eta kanpo zorraren indize handia.
Hazkunde ekonomikoaren arrazoiak
- Ekonomia espainiarraren garapen maila apala.
- Ekipamendu ondasunen inportazioaren liberalizazioa.
- Teknologiari esker produktibitateak izan zuen hobekuntza.
- Barne-eskariaren hazkundeak produkzioan izan zuen eragina.
- Nazioarteko merkatuarekiko harreman estuagoa, hau da, esportazioen eta turismoak eta emigranteek utziriko dibisen gorakada.
- Industria-prezioek nazioartean erakusten zuten goranzko joera.
- Energia eta lehengaiak prezio merkeetan erabiltzeko aukera.
- Barne eta kanpo aurrezkitik zetozen finantza baliabideen erabilgarritasuna eta eskulan nahikoa.
Ondorioak
- Laborari askok jo zuen garapen bidean zeuden lurraldeetara eta eskulana eskatzen zuten estatu europarretara. Langile hauek asko hobetu zuten bere bizi maila.
- Teknologiari esker produktibitateak izan zuen hobekuntza.
- Nazioarteko merkatuarekiko harreman estuagoa, hau da, esportazioen eta turismoak eta emigranteek utziriko dibisen gorakada.
- Baina aldi berean, gizarte izaerako kostu handia ordaindu behar izan zuten: kultura errorik gabe geratu ziren, ekonomia kapitalistan murgildu ziren eta esplotazioa jasan behar izan zuten…
10.1.4.2 Diktadura politikoa eta ekonomiaren hazkundea
- Ekonomiaren liberalizaziorako politikak ez zuen politikaren liberalizazioa ekarri.
- 1964an onartu zen Elkarte Politikoen Legea, baina Mugimenduaren barneko elkarteak baizik ez ziren onartzen.
- 1966ko Prentsaren Legea. Kendu egin zen zentsura, baina lege hark ez zuen adierazpen askatasuna ekarri, komunikabideek gobernuaren kontrol zorrotzaren menpean iraun baitzuten.
- Estatuaren Lege Organikoa. Demokrazia Organikoa konsagratu zuen, sindikalismo ofizialean, udal botere frankistan eta familian oinarriturik; hau da, demokrazia liberalaren printzipio guztien kontra jokatuta.
- Azkenik, erregimenaren jarraipena bermatu zuen 1969an, Gorte frankistek Juan Carlos printzea etorkizunean estatuburu bihurtzea onartu zutenean.
- Hitzarmen Kolektiboen Legea. Langile eta enpresarien arteko negoziaziorako aukera bat suposatzen du, sindikatu ofizialaren esparruan beti ere. Gainera, Lege Sindikala, Gizarte Segurantzaren Oinarrien Legea, Erlijioaren Askatasunerako Legea eta Hezkuntzaren Legea ere aldarrikatu ziren.
10.1.4.3 Industrializazioa
- 1960 eta 1973. urteren artean ekonomiaren hazkunde tasa nabarmena da.
- Nekazarien sektoreak langile ugari galdu zuen eta industriak jaso zuen, batez ere, lekuz aldatutako eskulan gehiena.
- Atzerriko kapitalaren zirkulazioak eta inbertsioek ez zuten etenik izan.
- Teknologia berriak sartu eta aplikatu ziren, kimika, energia eta makineriaren arloetan bereziki.
- Barne Produktu Gordinaren (BPG) urteko hazkundea %7koa izan zen eta ia laukoiztu egin zen industriaren produkzioa: burdingintza eta altzairugintza, makineria eta garraio materiala, ontzigintza eta automobilgintza izan ziren gehien hazi ziren arloak, Garapenerako Planetan zehazturiko lehentasunei eta energia merkea erabiltzeko izan zuten aukerari esker.
- Finantza oligarkia berri bat sortu zen botere politikoaren inguruan.
10.1.4.4 Garapenerako Planak
Hasiera: 1963an Lopez Rodók Garapenerako Lehen Plana aurkeztu zuen.
Egoera: BPG-k gora egiten jarraitu zuen nabarmenkiro, langabetuen kopurua ez zen garrantzitsua eta inflazioa %8koa izan zen. Espainiako ekonomia suspertu eta Europako ekonomiaren zabaltze bideetan abiatua zen ordurako.
3 plan
- Garapenerako 1. plana: 64-67. Industrializazioan oinarritutako hazkunde ekonomikoaren erritmo azkarrari eutsi eta enpresa pribatuaren jarduera orientatu.
- Garapenerako 2. plana: 68-71. Aurrekoaren jarduera eta helburu berberei eutsi zien.
- Garapenerako 3. plana: 71. Ez zuen halako garrantzirik izan.
Balorazioa
- Hasieran helburua merkataritzaren liberalizazioa izan zen eta ez zen praktikak ekarriko zuen berrikuntza politikorik aurreikusi.
- Hirurogeita hamarreko hamarkadan: berriro jarri ziren indarrean liberalizazioak, neurri interbentzionistak eta protekzionistak ezabatuz.
- 1973an mundu mailako krisi ekonomikoaren ondorio negatiboak eta diktaduraren krisi politikoaren araberako zailtasunak egoeraz jabetu ziren.
10.1.4.5 Kanpo sektorearen desorekak
- 1961 eta 1973. urteetan industriaren sektoreak munta handiko inportazioak eskatzen zituen: erregaiak, lehengaiak, elikagaiak… Horregatik, esportazioek eten gabe gora egiten badute ere, alde handia dago inportazio eta esportazioen artean.
- Atzerritik etorritako turismoaren boomak dibisa kopuru garrantzitsua ekarri zuen eta merkataritza balantzaren defizita orekatzen lagundu zuen. Gainera enplegu eskaintza emendatu eta zerbitzuen sektorea sustatu zuen. Alde txarrak ere izan zituen, lurraldeen arteko desorekak areagotu egin baitziren eta, inolako plangintzarik gabe gauzatu zenez, ingurune arazo handiak sortu ziren.
- Emigratutako langileak bidali zituzten dibisak ere dibisa iturri garrantzitsuak izan ziren eta, gainera, langabetuen kopurua jaisten lagundu zuen. 1960. urteetan jende askok emigratu zuen (2.2 milioi) eta horietatik erdia gutxi gorabehera modu egonkorrean jarri zen sorterritik urrun bizitzen. Emigrante gehienak (%80) Extremadura eta Galiziakoak ziren, lur jota baitzegoen hango ekonomia. 1973 aldera, krisi ekonomikoa zela-eta, eten zen mugimendu hau.
- Atzerriko kapitalaren inbertsioa izan zen ordainketa balantzaren defizita orekatzen lagundu zuen hirugarren faktore esanguratsua.
10.1.5 Gizartearen aldaketa 1960. urteetan
1939: Teknika maila apaleko laborantza estentsiboa izan zen gerra ondorengo nekazaritza espainiarraren ezaugarri nagusia: jornalari gehiegi, lan gutxi… Nekazarien egoera larriagotu egin zen 1939tik aurrera, ez baitzuten lurjabe handien aurrean babesa emango zien erresistentzia antolatzeko erakunderik.
1950: Hobera egin zuen nekazarien egoerak, lur eremu handiagoak landu baitziren eta etekin gehiago atera. Kontsumo mailak ere gora egin zuen orduan eta lurjabe handiek irabazi handiak izan zituzten.
1960: Teknologia mailako neurriak lehenetsi zituzten. Lursailen banatze berria eta sail ureztatuen sorrera eta zabaltzea izan zituen helburu nagusi eta emigrazioa ez zuen galarazi.
1970: Egonkortasunerako Planaren ondoren, aldaketa sakonak eman ziren: 3.300.000tik gora lagunek utzi zuten sorterria penintsulako beste lurralde batzuetako industrien eta hirien hazkundeak erakarrita, bikoiztu egin zen biztanle kopurua, laborari asko joan zen Europako industrialdeetara (Alemania, Suitza) …
Nekazaritza produkzioa HAZI egin zen, makinaria eta ongarri kimikoen erabilera zela-eta. Inbertsioak emendatu egin ziren eta nekazaritza enpresak profesionalizatu. Aldi berean, nekazaritza ustiategi txikiak aldatzeko beharrezkoa zen zorrari aurre egiteko bitartekorik ez zuten lurjabeek utzi egin behar izan zituzten bere lurrak.
Gizarte egitura: Hala ere, ekonomiaren hazkundeak ez zuen gizarte egiturara berdintasunik ekarri. Klase ertainak ugaritu ziren eta kontsumo maila hazi egin zen, baina talde eta lurralde desberdinen artean izugarrizko aldeak zeuden.
Demografia: Gizartea zahartzen ari zen, jaiotza eta heriotza tasak oso apalak baitziren.
Lege organikoa (2:25 min)
10.2 Frankismoaren kontrako indarrak (1959-1969)
Talde ezberdinak
- Mugimendu anarkista gero eta ahulagoa zen.
- PSOEk bere politikari ekin zion, beste indar politikoekin harreman egonkorrak izan gabe.
- PCEk Berradiskidetze Nazionala bideratzeko politika onartu zuen 1956an eta sozialismora iristeko bide desberdinak zeudela onartu zuen.
- Euskal Herrian eta Katalunian alderdi abertzale berriak sortu ziren.
- Talde kristauek bere jardueran segitu zuten.
- Errepublikazaleek, Errepublikako atzerriko gobernuari gertatuko zitzaion bezala, bere jarduera gelditu zuten penintsulan eta ez zuten egoera berrira egokitzen asmatu.
Gizarte gatazka: Urte haietatik erregimenaren bukaerara arte, gizarte gatazkak gero eta garrantzitsuagoak izan ziren, herri sektore berriek askatasun politikoekin batera eskatu baitzituzten soldata eta lan baldintza hobeak. Greba mugimendu azkar bat sortu zen, soldaten igoera garrantzitsu bat onartu zen, baina errepresioa bortitza izan zen, lantegietatik bota eta atxilo hartu baitzituzten langile asko. Ordutik aurrera langileen eta ugazaben arteko zuzeneko negoziazioei ekin zitzaien, sindikalismo bertikalaren baitan beti ere. Gizarte borrokak han eta hemen zabaldu ziren ordutik aurrera industria lurraldeetan (Euskal Herria, Katalunia, Asturias, Madril, Valentzia) eta unibertsitateetan.
Bi izan ziren langile borrokarako hautatu ziren estrategia nagusiak
- Sindikatu bertikalean sartzea eta barnetik borroka egitea. PCEk defendatzen zuen aukera hau.
- Sindikatu bertikala errefusatzea. UGT eta ELA-STV sindikatuek defendatzen zutena.
Arrazoiak: Gizarte borroka haietako askok langile kaleratzeen, errepresaliatuen, sinbolo antifrankisten edo nazio eskubideak errebindikatzen zituzte.
Antolakuntza berria: 1962 eta 1963ko grebak bereziki garrantzitsuak izan ziren Asturiasen eta Euskal Herrian; izan ere, greba haiek sostengu ugari jasotzeaz gainera, langileek beste antolabide bati ekin zioten, zuzenean hautatu baitzituzten ugazabekin negoziatuko zituzten ordezkariak. Antolakuntza mota honen iraupenak garrantzi handiko mugimendu soziopolitiko bat, sindikatu klasiko handiak baino askoz ere garrantzitsuagoa, ekarriko zuen denborarekin, Langile Komisioak (CCOO).
Errepresio bortitza bideratu zuten erakunde horren aurka, baina ez zuten desegitea lortu. Aitzitik, 1966ko hauteskunde sindikaletara aurkeztu eta arrakasta handia lortu zuen sindikatu horrek.
Beste GREBA mugimendu bat zabaldu zen udazkenean eta udaberrian zehar, baina 1967ko errepresioak zuzeneko eragina izan zuen langileen mugimenduan 1969 arte; soldatak izoztu zituzten eta baliogabetu ziren hitzarmen kolektibo guztiak.
Erakunde kristauak: ELIZ HIERARKIAren aldetik jarrera autonomoago baterako eskubidea erdietsi ondoren, Acción Católicako erakunde bereziek gero eta kritikoago agertu ziren erregimenaren aurrean. Vatikanoko II. Kontzilioaren erabakiek elizaren inguruko erakunde berezien jarduera sendotu zuten doktrinaren aldetik, baina langile klasearekiko elkartasunak eta lanak oztopo handiak aurkitu zituzten eliz hierarkiaren oposizioarekin topo egin zutenean. Desegin egin zituzten erakunde haiek eta zuten prentsa. Desilusioa zabaldu zen.
Oposizioko taldeak: Garai honetan sendotu eta zabaldu egin zen oposizioa, batez ere, langile mugimenduan, ikasleen sektore batzuetan eta mugimendu abertzaleetan. MUNICHen bildu ziren eskuindar moderatuak ezkerreko oposizioarekin.
MUNICHEKO EUROPAKO MUGIMENDUAREN KONGRESUAn hartutako erabakia: 1962an izan zen batzar hau eta garai horretan Asturiasko meatzariak grebak egiten zeuden. Baita ere, garai horretan, Espainiak Europako Ekonomia Erkidegoa sartzeko lehenengo saiakera egin zuen. Biltzar horretan, Francoren aurkako Espainiako politikariek bertako demokrazia faltsua eta zapalketak salatu zituzten. Besteak beste hauek ziren Munichen elkartu zirenen eskaera: alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatzea eta giza eskubideak eta eskualdeen nortasuna errespetatzea. Francok, haserrearen haserre, Espainiara itzuli ahala, errepresioa jasanarazi zien bertan egondako kideei: kartzela, erbestea… Erregimenaren bortizkeriak kritika ugari piztu zuen atzerrian eta Espainia Europako Batasun Ekonomikoan sartzeko aukerarik gabe geratu zen.
PSOE: Egitura sendorik gabe agertzen zaigu penintsularen barnean eta agerikoak ziren barne desadostasunak atzerrian.
CCOO: Etengabean hazten ari zen erakundea zen. Langile Komisioen sustatzaile nagusiak izan ziren komunistak. Barne desadostasunak agerikoak ziren eta errepresioa oso bortitza zen. Hala ere, sendo egokitu zen alderdi komunista industria eskualdeetan.
Katalunian: CNT desagertuta dago, jada. Kataluniako kulturaren susperraldia eta Kataluniako nazioari eman zitzaion garrantzi geroz eta handiagoa elementu garrantzitsu bat izan ziren oposizioko indarrak bateratzerakoan.
Euskal Herrian: 1959an ETA sortu zen eta hurrengo urtean Jose Antonio Agirre hil zen. Garai hartako bereizgarri aipagarrienen artean hurrengoak aipatuko ditugu: eliz sektoreen nahigabea, errepresio bortitza eta diktaduraren aurkako borroka gero eta indartsuagoa.
Unibertsitatea: Urte haietan unibertsitate ugari sortu zen eta ikasle mugimenduak unibertsitate frankistaren egitura zaharrekin egin zuen topo.
10.3 Tardofrankismoaren krisia (1969-1975)
Arazoak
- Azken urte hauetan, erregimenaren aparatu politikoak barne-zatiketetatik ezin zezakeen ihes egin: MATESA auziaren aurrean falangisten eta Opus Deiko kideen arteko gatazkek, edo “aperturisten” eta “inmobilisten” arteko tirabirek agerian geratu ziren.
- Gainera, gero eta indar handiagoz gaitzesten zuten erregimena gizarte sektore zabalek.
- Nabaria zen diktadorearen gainbehera fisikoari etorkizun hurbilari begira eragiten zuen egonezina.
Erregimenaren jarraipena
Francok erregimenari jarraipena emateko bidea pentsatuta zeukan. Monarkiaren Errestaurazioa garbi zegoen eta, 1969an, Gorte frankistek Juan Carlos erregegai ezagutu zutenean, berretsi egin zuten jarraipen hori.
Hala eta guztiz ere, erregimenak immobilismo politikoaren eta errepresio azkarraren aukera egin zuen; protestak sendotzen ari ziren esparru guztietan eta salbuespen egoerak ezarri ziren maiz, Euskal Herrian bereziki. Edozein gatazka ordena publikoaren esparruko kontutzat hartzen zen.
Erregimenaren balantzak
- 1969ko greba garrantzitsuen ondoren, mobilizazio handiak egin ziren 1970ean Burgosen ETAko kide batzuen aurka egin zen epaiketa zela-eta. Euskal Herrian izugarrizko oihartzuna izan zuen auzi honek: etengabeak izan ziren protesta ekintzak eta greba orokorra ere egin zen, mundu guztian barrena mobilizazioak eta elkartasun ekitaldiak burutzen ziren bitartean.
- Elizaren esparruan aldaketa garrantzitsu batzuk izan ziren Espainiako Apezpikuen Batzarrak (1968an berritua zen) Vicente Enrique Tarancón, sektore berritzailekoa, aukeratu zuenean. Gainera, euskal apaizek torturen eta polizien hilketen aurkako protestetan segitu zuten eta apaiz haietako batzuk, hori zela-eta, atxilotu, epaitu eta zigortu egin zituzten.
- Bestalde erakunde politiko eta sindikalak diktadorea hilko zen egunerako prestatzen hasiak ziren:
- Zentzu horretan, CCOO. sindikatuak lan esparruan zuen indar geroz eta handiagoak egiturak berrantolatzeko premian ezarri zuen UGT sindikatua.
- Gauza bera egin zuen PSOEk geroxeago.
- 1971n osatu zen erakunde garrantzitsu bat, Kataluniako Batzarra, honako lau puntuen inguruan:
- amnistia orokorra
- askatasun demokratikoak
- 1932ko Estatutuaren behin-behineko Errestaurazioa “autodeterminazioaren eskubide osorako baliabide gisa”
- “penintsulako herri guztien ekinen koordinazioa demokraziaren aldeko borrokan”.
- 1972an PCEk greba orokorrerako proposamena egin zien oposizioko beste alderdiei.
- Urte hartatik aurrera guztiz zabaldu zen greba mugimendua, eta amnistia, askatasun politikoak, alderdi politikoen legalizazioa, autodeterminazio eskubidea eta haustura politikoa izan ziren oposizioaren eskariak, mundu mailako krisi ekonomikoa nazioarteko testuinguruaz jabetu zenean eta Espainiako estatuko aparatuak epe laburrean nola jokatu ez zekienean.
- 1973ko abenduan, atentatu batean hil zuen ETAk Carrero Blanco almirante eta gobernuko burua, eta gauzak asko okertu zitzaizkion Espainiako gobernuari. Carrero Blancoren heriotzarekin, Erregimenaren iraupenaren bermea eten egin zen.
- Sahara deskolonizaturik eta Franco hiltzear zenean, armadaren jarrera zein izan zitekeen zen denen buruan zegoen galdera. Diktadorea hilko zen unerako prestatzen ari ziren denek.
- 1975ean Francok heriotza zigorra ezarri zien bost lagun antifrankistei eta fusilatu egin zituzten ETAko bi militante eta FRAP-eko hiru. Aste batzuk geroago eta denbora askoz gaixo egon ondoren, 1975eko azaroaren 20an hil zen Franco. Azaroaren 22an izendatu zuten Juan Carlos Espainiako errege.
10.4 Frankismo garaiko kultura
Kultura espainiarra egoera tamalgarrian geratu zen gerra ostean. Alde eta arlo guztietan sakabanatu eta zatitu ziren intelektualak eta, nazio historikoetan bereziki, errepresio sistematikoa bideratu zen nazio kulturen aurka.
Erbestera jo zuten aurreko garaiko intelektual ospetsu askok: Max Aub, Sender, Cernuda, Rosa Chacel, Bergamin J.R. Jimenez, Rafael Alberti, Leon Felipe… edo hil ziren (Federico Garcia Lorca hil egin zuten eta Miguel Hernandez, berriz, kartzelan hil zen). Bestalde, penintsulan geratu ziren autoreek zentsura izugarria jasan behar izan zuten. 1950. urteetan ospe eta kalitate handia lortu zuten idazle batzuen obrek: Damaso Alonso, Gabriel Celaya eta Blas de Otero poetak edo Antonio Buero Vallejo edo Alfonso Sastre antzerki idazleak dira autore hauetako batzuk.
1960. urteetatik aurrera, ekonomiaren garapenak beste behar batzuk eskatzen zituen hezkuntzaren alorrean eta analfabetismoa desagertu zen praktikan: Espainiako haur guztiak eskolaratu eta unibertsitateko goi ikasketak gizarte maila berrietara zabaldu ziren.
Zineraren arloan: Barden, Berlanga, Saura, Gutierrez Aragon… Luis Buñuel, erbestean, Errepublikaren garaitik frankismoaren amaierara arteko zuzendari enblematikoenetakoa izan zen.
Beste esparru batzuetan ere arteak izan zuen bere distira: Picasso (erbestean), Dali, Chillida, Oteiza….
[119] NATO=OTAN
- Organización del Tratado del Atlántico Norte.
- 1949®Belgika, Kanada, Danimarka, AEB, Frantzia, Islandia, Italia, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Portugal eta Erresuma Batua. Kideetariko bati erasoz gero, besteek laguntza emango zioten. SESBk eta bere aliatuek COMECON sortu zuten honen ondoren.
- 1952®Grezia eta Turkia sartu ziren.
- 1955®Alemaniar Errepublika Federala
- 1982®Espainia. Hasieran PSOE sartzearen aurka agertu bazen ere, zeharo aldatu zen bere jarrera agintera iritsi zenean eta Atlantiko erakundera biltzeko erabakia hartu zuen, Alemania eta AEB gobernuek Espainia OTANen sartzeko egin zituzten presioen ondorioz. Horrenbestez, erakunde militarretik irteteko agindu zuen erreferenduma, erakunde hartan nola jarraitu erabakitzeko kontsulta bihurtu zuen.
- Felipe Gonzalezek agerraldi luzeak egin behar izan zituen aurrez telebista espainiarrean sozialistek erabakitako jarrera-aldaketa hura sinesgarriagoa gerta zedin.
- Kanarietako, Euskal Herriko eta Kataluniako biztanleek, berriz, erakunde militar horretan jarraitzearen aurkako botoa eman zuten gehiengo batez.
[120] VARSOVIAKO PAKTUA edo ITUNA: SESBren gidaritzapean Europa ekialdeko herri sozialisten artean 1955eko maiatzean sortu zen hitzarmen militarra. Jatorrian, Alemaniako Errepublika Federala NATOn sartu zela-eta sortu zen.
[121] GERRA HOTZA
- AEBk eta bere aliatuek (mundu kapitalista) eta SESB-k eta bereak (mundu komunista) izan zuten aurkakotasuna, bai politikan, bai diplomazian.
- II. Mundu Gerraren ondoren hasi zen, bertan batera borrokatu zuten arren.
- AEBk ez zuten SESB-k Europan eraginik izan zezan nahi eta, horri ekiditeko, laguntza ekonomiko ugari eman zioten Mendebaldeko Europari (Marshall Plana).
- Gauza bera egin nahi zuen SESB-k COMECON sortuz: Batak besteari Laguntza Ekonomikoa emateko Kontseilua. SESBk eta Europa ekialdeko bere aliatuek Marshall planari emandako erantzuna izan zen. Herri hauek amerikarren asmoetatik kanpo gertu zirenean, SESBk bere erakunde ekonomikoa sortu zuen 1949an. Erakunde honek sozialisten bide ekonomikoak jorratzen zituen eta horrekin batera euren ekonomiak koordinatzen zituen.
- Kontua arlo guztietan tentsioa sortzea zen: arlo ideologiko, politiko, diplomatiko, ekonomiko, zientifiko, kultural eta militarrean. Baliabide guztiak erabiltzen ziren horretarako, baina superpotentzia handi bien artean aurrez aurreko enfrentamendurik gerta ez zedin ahaleginak egiten ziren: Berlineko blokeoa, Koreako gerra, Kubako misilen krisia, e.a. Hirurogeiko hamarkadatik aurrera, bizikidetza baketsua gertatu zen, blokeoen arteko politikak bere horretan irauten zuen arren.
- OTAN sortu zen AEBen inguruan (1949) eta Varsoviako Ituna sinatu zuten SESBen lagunek (1955).
- Tentsio gune ugari sortu ziren eta Sobietar blokea eta SESB desegin zirenean bukatu zen 1991n
- ESPAINIArekiko eragina: Francori oso ondo etorri zitzaion tentsio hau, AEBk bere alde onak ikustera eraman baitzuen, hau da, komunisten aurka zegoela bete-betean eta aldaketa xume batzuen truke (Demokrazia Organikoa) Marshall Planean aurreikusten zien diru-laguntzak jaso baitzituen. Gainera nazioarteko erakundetan sartzeko aukera ere izan zuen: NBE, MFI…
[122] MARSHALL PLANA
- Bigarren Mundu Gerraren ostean Ameriketako Estatu Batuek Europari emandako laguntzaekonomikoen programaren izena. 1947an Marshall jeneralak proposatu zuen Europako ekonomiak aurrera egin zezan. (Ekialdeko herrialdeek COMECON osatu zuten: Batak besteari Laguntza Ekonomikoa emateko Kontseilua. SESBk eta Europa ekialdeko bere aliatuek Marshall planari emandako erantzuna izan zen. Herri hauek amerikarren asmoetarik kanpo gertu zirenean, SESBk bere erakunde ek sortu zuen 1949an. Erakunde honek sozialisten bide ekonomikoak jorratzen zituen eta horrekin batera euren ekonomiak koordinatzen zituen.
- Laguntza jasotzeko gobernuek komunisten aurkako jarrera erakutsi behar izan zuten.
- Espainia, galtzaile faxisten lagun zela-eta, plan honetatik at geratu zen, baina Gerra Hotzaren garaian aldaketa batzuk egin ondoren (demokrazia organikoa…), lortu zuen planaren barruan sartzea (eta horrela autarkia deuseztatzea).
[123] Opus Dei: (1928)
- Latineraz, opus=obra + Deus=Dei ® Obra de Dios.
- Kongregazio erlijioso katolikoa.
- Jose Mª ESCRIVÁ BALAGUER-ek eraiki zuen.
- Helburua: Kristautasunaren barnean, perfekzioaren bila.
- Mundu guztian hedatu zen, batez ere, hezkuntzaren arloa kontrolatuz.
- Espainiako historian parte-hartze politikoa izan dute bere kide batzuek: teknokratak. 60. hamarkadako industrializazioan bere eragina ikusi zen, beti ere kontserbadorismoaren barnean.
[124] Inflazioa: Ondasun eta zerbitzuen prezioen igoera desordenatua, populazioaren eros ahalmenean eta sistema ekonomiko osoan desdoitzeak eragiten dituena.
[125] CCOO, Langile Komisioak (Comisiones Obreras)
- Langile erakunde espainiarra. 1963ko Asturiasko meategietako greba garaian sortu ziren. PCEk bultzatuta (garai hartan klandestinitatean zegoen alderdi hau) zabaldu ziren.
- Marcelino Camacho, bere liderrak, aldarrikapen ekonomikoen atzetik gidatu zuen bere ekintza eta sindikatu bertikaletan ez zeuden langileen eskubide faltaren aurka.
- Monarkia berrezarri zenean, UGT-ekin batera, langile sindikatu garrantzitsuenetako bat izan zen.
[126] MATESA
- MAquinaria TExtil del Norte S.A.
- ¾Ehungintzarako makinak egiten zituen espainiar industria sozietatea zen.
- Bartzelona eta Iruñean zegoen.
- 1969→Finantza fraudea: 10.000 milioi pezeta. Esportazioei emandako kreditu ofizialen espekulazioa, itxurazko salmentak eginez.
- Opus Deiko teknokratak inplikatuta zeuden.
- Salaketa, batez ere, gobernuko talde falangistak egin zuen (Fraga…), baina azkenean salatutako teknokrata horiek, Carrero Blancok lagundurik, atera ziren indartuta.
- 1971→Francoren indultua, kargu ofizialei. Ez horrela enpresako zuzendariei.
[127] Opus Dei: (1928)
- Latinez, opus=obra + Deus=Dei ® Obra de Dios.
- Kongregazio erlijioso katolikoa.
- Jose Mª ESCRIVÁ BALAGUER-ek eraiki zuen.
- Helburua: Kristautasunaren barnean, perfekzioaren bila.
- Mundu guztian hedatu zen, batez ere, hezkuntzaren arloa kontrolatuz.
- Espainiako historian parte-hartze politikoa izan dute bere kide batzuek: teknokratak. 60. hamarkadako industrializazioan bere eragina ikusi zen, beti ere kontserbadorismoaren barnean.
[128] TARANCÓN, Vicente Enrique (1907-1994)
- 38 urte zituela gotzain kontsakratu zuten (Espainian zegoen gazteena).
- Oviedo eta Toledon artzapezpiku izan zen ((1969-1983)
- Erregimen frankistatik urruntzen joan zen eta ez zen bunkerzaleen gustuko izan.
- Carrero Blancoren hiletan “Tarancón al paredon” oihuak entzun ziren.
- Bilboko gotzaina zen Añoveros, bere diozesiko parrokietan Euskal Herriaren askatasuna bermatuko zuen antolakuntza sozio-politikoa eskatzen zuen homilia irakurrarazi zuelako “arresto domiciliario” egoeran jarri zutenean, Tarancon gogor mantendu zen Arias Navarroren aurrean.
[129] CARRERO BLANCO, Luis (1903-1973)
- Gerra Zibilean parte hartu zuen 1937tik aurrera eta erregimen frankistaren politikan aktiboki aritu zen: ministro izan zen (1951) eta lehendakariordea ere bai (1967).
- Lege Organikoaren arabera, 1973an Francok gobernuko lehendakari izendatu zuen (1938tik aurrera, bai Estatuko agintea eta bai gobernukoa Francok berak izan zituen) eta diktadoreak frankismoari jarraipena emateko aukeratu zuen.
- Urte horretan asasinatu zuten Madrilen (1973-XII-20). Handik aurrera, kontinuidadea emateko pentsatuta zuena faltatuko zitzaion Francori eta frankisten etorkizuna kili-kolo geratu zen.
[130] FRAP
- Frente Revolucionario Antifascista Patriótico.
- PC inguruko erakundea (Marxista Leninista… maoista).
- 70.eko hamarkadan jaio zen, Francoren diktaduraren aurka aritzeko xedean.
- Erakunde ugarik osatu zuten: ikasle, nekazari, emakume, langile… baina, hala ere, ez zen oso eraginkorra izan. Hainbat polizia asasinatu ondoren, atxiloketa ugari izan zen eta 70.eko hamarkada bukaeran desagertu egin zen.