RSS

7 Lehen Mundu Gerraren ondorengoa

Bideoa: Alemaniari ordainarazi

7.1 Alemaniari ordainarazi  (Bakea, Komunistak, Ituna (3), Erresistentzia (3), Nazionalistak, Alemania orekatzen (5))

Bakea: AEBetako potentzia militarra eta aliatuen blokeoaren ondorioz, hornidura eskasia larritu zen eta, 1918ko azaroan, Alemania bakea eskatu beharrean izan zen. Kaiserrak abdikatu egin zuen eta ondoren osatu zen gobernu errepublikarrak armistiziorako bidea erraztu zuen.

Komunistak: 1919ko urtarrilean altxamendu komunista izan zen, baina Eberten gobernuak zapuztea lortu zuen. Hala ere, Alemanian boltxebismoa indartu zitekeen beldurra areagotu egin zen.

Ituna

  • 1919ko maiatzaren 1ean azaldu zitzaizkien bake itunaren erabakiak alemaniarrei. Lurraldeak galdu, gerrako erruak onartu eta konpentsazio ikaragarriak ordaindu beharko zituzten eta alemaniarrei ez zitzaien gustatu.
  • Scapa Flown gatibu zegoen flota alemaniar handia hondoratu zuten, italiarren esku ez geratzeko xedean, eta ituna sinatzeari uko egin zioten.
  • Hala ere, gerrari eusteko indarrik ez eta, 1919ko uztailaren 28an, Versaillesko Ispilu Gelan ituna izenpetu beharrean izan ziren.

Erresistentzia:

  • 1921ean zehaztu zen konpentsazioaren zenbatekoa: 6.000 libera esterlina. Alemaniako gobernuak protesta egin zuen, pobrezia eta inflazioa nagusi baitzituen eta, 1923ko bukaeran, ordainketak etetea erabaki zuen.
  • 1922ko urtarrilaren 11z gero, Belgika eta Frantziako tropek Alemaniako aberastasun iturri nagusi zen Ruhr hartuta zuten. Alemaniako gobernuak okupatzaileen aurkako erresistentzia pasiboa bultzatu zuen: ez zen inongo lankidetzarik egongo. Honek desordena eta indarkeria ekarri zuen. Hau dena gutxi balitz, gobernuak Ruhreko erresistentzia pasiboaren kostua bere gain hartzea erabaki zuen gero eta moneta paper gehiago inprimatuz. Ondorioz, markoaren balioa hutsaren pareko geratu zen.
  • Azkenean, Stresemann kantzelariak erresistentzia pasiboa amaitu eta konpentsazio ordainketak egiten jarraitzea erabaki behar izan zuen.

Nazionalistak: Itxuraz koldarkeria eta traizioa zirudien erabaki honek abertzaleak haserrarazi zituen eta, 1923ko azaroan, Ludendorff eta Hitlerrek zuzendutako estatu-kolpea gertatu zen Munichen, baina huts egin zuen eta Hitler kartzelan sartu zuten.

Alemania orekatzen: Hala ere, Alemaniari ezarritako baldintzak hobetzen hasi ziren.

Bideoa: AEB: Oparotasuna eta porrota

7.2 AEB: Oparotasuna eta porrota (Gerra ondorena, Wilson (2), Harding (4), Coolidge, Itxurak eta errealitatea (4), Porrota (3))

Gerra ondorena: Gerra Handiaren ondoren, AEBetan kontsumo gizartearen hazkunde itzela jasan zuten. 1919an, itxaropen handiak zituzten immigrante kopuru handia etorri zitzaien eta 20ko hamarkadaren hasieran, AEB zen munduko industria potentzia handiena. Hala ere, 1929an, bat-bateko geldialdia etorriko zitzaien

Wilson

  • 1919an, Wilson presidentea Versaillesko Itunaren hedapena egiteko xedean itzuli zen. AEBetan zehar ibili zen, berak proposatutako Nazioaren Elkartearentzako laguntzak lortu nahian. Ez zuen zorte handirik izan, gaixo baitzegoen eta horrela amaitu zuen bere agintaldia. Ideia isolazionistetan murgilduta, Kongresuak uko egin zion Nazioaren Elkarteko kide izateari.
  • Ur nahasiak zebiltzan AEBetan: greba ugari izan zen eta indarkeria nagusitu zen, komunismoaren aurkako jarrera sortuz. Sacco eta Vanzetti anarkista sutsuak preso hartu zituzten eta, froga  garbirik ez zuten arren, heriotza zigorra ezarri zitzaien. Iritsi berri ziren milaka atzerritar errugabe beren herrialdeetara itzultzera behartu zituzten.

Harding

  • 1920an, Hardingek hartu zuen Wilsonen lekua lehendakaritzan. Emaitza ospetsuenetarikoa 18. emendakina dugu: edari alkoholdunaren salerosketa debekatzea.
  • Debeku hau egon arren, denbora onak hasi ziren amerikarrentzat. Munduko beste biztanle guztiek batera baino auto gehiago zeuzkaten eta gizartearen desplazatze-ahalmenari dagokionez, izugarrizko aldaketa eragin zuen.
  • Baina, aldi berean, ustelkeria ere ugaldu egin zen. Horren adibide, Tea-pot Dome eskandalua dugu. Hardingen laguna zen Albert Fallek bere zergak ordaintzeko Wyomingeko Tea-pot Domen kokatutako gobernuaren lurrak saldu egin zizkien petrolio konpainiei. Ez zen lehendakariaren aurkako salaketarik egon, baina bere zenbait lagun-minen aurka bai, haietako batzuk kartzelan bukatu zutelarik.
  • 1923an, Harding hil egin zen eta Coolidgek jarraitu zion lehendakaritzan.

Coolidge

  • Horrela esan zuen: AEBentzat garrantzitsuena negozioak dira. Bere iritziz, AEBtako produktuak babestu egin behar ziren eta inportazioei arantzel altuak jarri. Baina beste herrialdeek ere gauza bera egin zuten eta AEBtako kanpo merkataritza asko murriztu zen.

Resultado de imagen de los felices años 20

Itxurak eta errealitatea

  • 20ko hamarkadan, kontsumorako ondasunen eta publizitatearen hazkundea gertatu zen, baina oparotasun hura itxura besterik ez zen:
    • Behartsu ugari zegoen: errenta altuak zeuden eta maizter asko lurrak utzi beharrean izan ziren.
    • Beltzek hegoalde eta erdi-mendebaldean zapalduta segitzen zuten. Ku Klux Klanen erasoaren beldur bizi ziren, haiek judu, katoliko nahiz atzerritarrei egiten baitzien eraso.
    • Langabeak herrialde osora hedatu ziren. Lan bila bidaiatzen zuten trenean, dohain.
    • Edari alkoholdunak debekatzea AEBtako ohiturak garbitzeko xedean hartutako neurri izan zen, baina ustelkeria eta gangsterismoa ugaltzea eragin zuen.

Resultado de imagen de años 20 hobos tren

Porrota

  • Jazz garaiko amerikar gehienak maileguei esker bizi ziren eta, zorakeria ugari burutuz, inoiz baino “aberatsago” ziren.
  • Baina, 1929ko urriaren 24an, Ostegun Beltza etorri zen: balore merkatuak porrot egin zuen eta oparotasunaren egitura ahula erabat deuseztatuta geratu zen.
  • Denda eta industriak itxi egin ziren eta milioika pertsona geratu zen lanik gabe. Oparotasunaren garaia bukatuta zegoen eta Depresio garaia etorri zen. AEBk eta mundu osoa 10 urtez geratu ziren itota eta estatubatuarrek ez zuten Roosevelten New Deal-a arte burua altxatuko.

Bideoa: Hitlerren garaiko Alemania

7.3 Hitlerren garaiko Alemania (1929, Alderdi Nazia, Hitlerren arrakasta, Kantziler, Reichstag, Diktadurarako bidea (5), Hindenburgen heriotza, Nazien arrakasta, Nazien indarra (5))

1929: 1929an, Alemania industrialak mundu mailako Depresio Handiaren eraginak jasan behar izan zituen eta, 1932 amaieran, 6 milioi langabetu zeuden. Etsipen hartan, arazo izugarriak konpontzeko bide errazak eskaintzen zituzten alderdi politikoak guztiz erakargarriak ziren gero eta jende gehiagorentzat. Asko alderdi komunistako kide egin zen, beste batzuek bandera naziaren atzean desfilatzen zuten…

Alderdi Nazia: 1923an estatu kolpea eman ondoren eratu zen eta oso ondo antolatutako indar politikoa bihurtu zen. Hogeigarreneko hamarkadaren amaieran, Reichstaga osatzen zuten alderdien ugaritasunaren ondorioz, ezin izan zuten gehiengodun gobernurik osatu eta gobernu guztiak koalizio gobernuak ziren. Hori dela eta, krisi garaietan –depresio garaian, adibidez- gobernuan zeuden alderdiak barne liskarretan ibiltzen ziren.

Hitlerren arrakasta: SAk (Asalto-tropek) bataila kalean irabazten zuten bitartean, haien buruzagia zen Hitler Alemania osoan zehar ibili zen laguntza bila. 1930 eta 1932 bitartean, naziek 3 hauteskunde-kanpaina handi finantzatzeko dirua lortu zuten eta bere taktikak emaitza onak ematen ari ziren.

Kantziler: Orduan, Hindenburg lehendakariak hankasartze galanta egin zuen: 1933ko urtarrilaren 30ean, Adolf Hitler Alemaniako Reicheko kantziler egin zuten eta alemaniar askok, gaur eskrupulurik gabeko eta botere gosez beteriko arrazistatzat hartzen dena, salbatzailea balitz bezala hartu zuten. Hitler koalizio gobernuko kantziler eginez, naziak kontrolatu nahi izan zituen, baina Hitlerrek egin zuen lehenengo gauza hauteskunde berrietarako deia izan zen.

Reichstag: Reichstagaren edifizioa erre zen eta Hitlerrek komunistak salatu zituen boterea bereganatzeko konplotaz. Aitzakia horrekin komunistak zigortuz, 1933ko martxoan, naziek 288 eserleku lortu zituzten eta, hilabete horretan bertan, Hitlerri 4 urtez diktadore ahalmenak ematen zizkion Gaitasun Akta indarrean jartzea lortu zuten.

Diktadurarako bidea: Pixkanaka-pixkanaka ezarri zituen bide berriak:

  • Prentsari ahoa itxi zion
  • Gainerako alderdi politikoak desegin eta horietako liderrak kartzelaratu.
  • Sindikatuak debekatu zituen.
  • Naziak ez ziren liburuak jendaurrean erretzea agindu zuen.
  • Labana Luzeen Gaua: 1934ko ekainean, lehiakide izan zitezkeen kideak (Ernst Röhm, SAren burazagia, adibidez), hil egin zituen.

Hindenburgen heriotza: 1934ko abuztuan, Hindenburg lehendakaria hil egin zen eta Hitlerrek haren postua eta kantzilerrarena batu egin zituen. Soldadu guztiek zin egin behar izan zuten leial Hitlerrekiko bakarrik izango zirela eta, Fuhrer zenez, Hitler ahalguztiduna zen.

Nazien arrakasta: 1934an, Nurenbergeko bilera izan zen eta naziek egindako mitin masibo eta desfile militarrek publikoa txunditu zuten. Ondoren, Hitlerrrek alemaniar berriarentzat “bizitzeko espazioa” lortzea xede zuen gerrarako oinarri ekonomiko eta militarrak prestatu zituen. Nazioko gazteak eredu paramilitarrei jarraituz antolatzen ziren eta langabetuek, berriz, errepideak egiten eta berrarmaketa-programetan hartzen zuten parte.

Nazien indarra: Hitlerren propaganda burua Goebbels zen eta, honen gidaritzapean, naziek alemaniar herrian presio egiten segitzen zuten.

  • Juduen aurkako jazarkunde sistematikoari ekin zioten.
  • 1935eko martxoan, Hitlerrek nahitaezko soldadutza dekretatu zuen.
  • 1936an, alemaniar tropek berriro Renania okupatu zuten, Frantzia eta Erresuma Batua isilik zeuden bitartean.
  • Uda hartan, Berlingo Joko Olinpikoetan, Alemania nazia munduaren aurrean agertu zen arraza arioaren nagusitasuna erakutsi nahian, baina Jesse Owens amerikar beltzak beste edonork baino lasterketa gehiago irabazi zituen eta “goi mailako arraza”-ren ideia naziak deuseztatu zituen.
  • Hala ere, naziek Alemania Europa Zentraleko potentzia nagusi izatea berreskuratu zutela zirudien.

Bideoa: Roosevelt eta New Deal-a

7.4 Roosevelt eta New Deal-a (AEBetako egoera, Roosevelt, New Deala (6), Arerioak, New Dealaren porrota (3), Balorazioa)

AEBetako egoera: Hogeita hamargarreneko hamarkadaren hasieran AEBetan Depresio Handia izan zen eta horren eragina latza izan zen: ia gizartearen laurdena lanik gabe geratu zen eta hiri eta herrietan pobreziaren arazoa gero eta larriagoa zen. Ez zegoen inongo laguntzarik gobernuaren aldetik.

Roosevelt: 1933an iritsi zen lehendakaritzara Franklin Delano Roosevelt. Alderdi Demokratako senadore zen eta, polioak jota egon arren, kanpaina politiko indartsua burutu zuen eta amerikarrei New Deala edo akordio berriaren promesa egin zien: Nire ustez, beldurrari bakarrik izan behar zaio beldur.

New Deala:

  • Sutondoko solasaldietan hitz egiten zuen bere politika asmoak azaltzen eta milioika amerikarrek jarraitzen zioten.
  • Banka eta finantza sistemaren erreformari ekingo zion.
  • Nekazaritzako Doikuntza Akta (AAA) jarri zuen martxan, ekoizpena murrizten zitzaien nekazariei dirulaguntzak emanez.
  • Langabeziaren arazoari irtenbideren bat aurkitu nahian, Obra Publikoak Garatzeko Administrazioak lanpostuak sortu zituen errepideak, zubiak, ospitaleak eta ikastetxeak eraikitzeko lanetan.
  • Kontserbazio Zibilerako Gorputzak milaka gazte langabeturi eman zien lana utzita eta pobretuta zeuden lurrak berreskuratzen. New Dealaren helburu nagusienetako bat lurraren kontserbazioa izan zen eta arrakasta handienetako bat Tennesseko Haraneko Autoritatea ezartzea izan zen: garraiorako nabigagarri ziren kanal eta dikeak eraiki ziren, ur eta elektrizitate merkez hornitu zuen harana…
  • Berreskurapen Nazionalaren Administrazioak milioika amerikarren lan baldintzak hobetzea zuen helburu.

Arerioak: Plan hauekin herria bereganatzea lortu zuen, baina bazituen arerioak ere. Protagonismo nahia eta botere gehiegi izatea aurpegiratzen zioten. Baina arerioek ez zuten indar handirik eta, 1936ko hauteskundeetan, berriro Rooseveltek irabazi zuen.

New Dealaren porrota: Hala ere, New Deala indarra galtzen hasi zen:

  • Langabezia hobeto zegoen, baina goian mantentzen zen.
  • Auzitegi Gorenak New Dealaren programa batzuk konstituzioaren aurkakoak zirela jo zuen eta, hori gutxi balitz, lehendakaria erdi mailako klaseen laguntza galtzen hasi zen.
  • 1937 eta 1938an, herria Depresiotik ateratzen ari zela ematen zuenean, erorialdia izan zen berriro eta langabeziak gorantz egin zuen.

Balorazioa: Langabeziaren arazoa II. Mundu Gerra iritsi arte konpondu ez bazen ere, New Dealak aldaketa handiak eragin zituen AEBetan.

Bideo guztiak ikusteko: XX. mendeko historia

6. gaia

8. gaia

Advertisements
 

Erantzunak itxita daude.