RSS

5. gaia

5. Nortasuna

5.1. Nortasunaren psikologia (Helburua, Etimologia, Ciceron (4), Tenperamentua, Izaera, Nortasuna, Bereizgarriak (5))

Helburua

  • Giza psikologiaren funtzionamenduaren osagaiak deskribatu, klasifikatu eta esplikatu nahi ditu.

Etimologia

  • Pertsona hitza grezierako prosopon hitzetik dator eta antzerki klasikoan aktoreek zeramaten maskara izendatu nahi zuen. Itxura aipatzen zuen, maskararen atzean dagoen pertsona eta itxura desberdinak direlarik.

Ciceron

  • Erroman eta I. mendean, pertsona terminoa erabili zuen 4 zentzu ezberdin emanez:
    • Besteei eskaintzen diogun irudia.
    • Aktoreak antzerkian egiten duen papera edo guk geuk bizitzan egiten duguna.
    • Norbanakoen bereizgarrien arteko elkarreragina.
    • Prestigio eta duintasuna.

Tenperamentua

  • Herentzia biologikoa dugu eta aldatzen zaila da.

Izaera

  • Hazkundean zehar eta gizartean egokitzen joan garen heinean hartzen joan garen bereizgarriak.

Nortasuna

  • Tenperamentu eta izaeraren artean osatzen da eta gure ekintza guztietan erakusten ditugun bereizgarri psikologikoak biltzen ditu.

Bereizgarriak

  • Egia esan, ez da gauza erreala. Norbanakoen ekintzetatik inferitzen dugun zerbait da.
  • Pertsona baten ohiko portaera da. Ez da jokabide isolatuen batura, portaeraren osotasuna baizik.
  • Herentzia genetikoa eta giroaren arteko elkarreraginak sortzen du.
  • Nortasuna garatu eta aldatu egiten da bizitza osoan zehar. Nerabezaroan edo menopausia garaian, aldaketa hauek nabariagoak dira.
  • Gizaki bakoitzak bere ideia propioak zaindu behar ditu, bere sentimenduak eta emozioak ezagutu eta bere balioen eskala ezarri.

5.2. Nortasunaren teoriak

5.2.1 Freuden psikoanalisia

5.2.1.1. Kontzientzia mailak (Hiru maila, Ametsen interpretazioa, Psikoanalisiaren helburua)

Hiru kontzientzia maila bereizi zituen

  • Kontzientea: Jakinaren gainean gauden pertzepzio, pentsamendu eta oroimenek osatzen dute. Errealitateak agintzen du hemen.
  • Prekontzientea: Kontzienteak ez diren pentsamendu eta oroimenek osatzen dute eta erraz berreskura ditzakegu.
  • Inkontzientea: Erreprimituta dauden esperientzia ezatsegin edo arriskutsuek osatzen dute. Gutxitan agertzen dira kontzientzian eta, horrela denean, sinbolikoki eta ezkutuan egin ohi dute. Freuden ustez, dinamikoa da eta plazerean du oinarria. Bizitza osoko gertaerak gordetzen dira hemen.

Ametsen interpretazioa

  • Prekontzientea eta Inkontzientearen artean, zentsura dago eta honek desio eta behar oldarkor eta sexualak erreprimitzen ditu. Zentsura lotan gaudenean erlaxatu eta ager daiteke eta erreprimitutako desioak sinbolikoki espresatzen dira orduan. Horregatik, psikoanalisiarentzat ametsen interpretazioak garrantzi handia du.

Psikoanalisiaren helburua

  • Psikoanalisiaren helburua jokabidearen esanahi inkontzientea kontzientera ekartzea da, azal daitezkeen arazoak konpondu ahal izateko.

5.2.1.2. Nortasunaren estruktura (Zera (4), Nia (3), Supernia (4))

  • Nortasuna beraien artean konfliktoan dauden 3 instantzia psikikoen artean integratuta dago.

Zera

  • Giza gogamenaren alde primitiboena da.
  • Berehalako erantzuna eskatzen duten biziraupen, ugalketa eta erasorako bulkada inkontzienteak asetzen saiatzen den energia psikikoa da.
  • Mekanismo mental inkontziente eta irrazional honek ez du balio edo araurik ezagutzen eta plazeraren printzipioa du oinarri.
  • Bere helburuak erreprimituta daudenean edo errealitatean ezin direnean gauzatu, Zerak ametsen munduan gordeko ditu edo sintomatologia bat gara dezake.

Nia

  • Nortasunaren alde arrazional eta errealista da.
  • Zeratik sortu da eta osagai kontzienteak (pertzepzioa, prozesu intelektualak) eta inkontzienteak (defentsa mekanismoak) ditu.
  • Norbanakoaren iraupena ziurtatu nahi du eta, Zerak beste gauza batzuk eskatzen badizkio ere, kanpoko munduaren arau sozialetara egokitzea ahalbidetzen dio.

Supernia

  • Niarengandik sortzen da, arau sozialak eta kulturalak barneratzen ari den bitartean.
  • Norbanakoak errekonozimendu eta estimuaren beharra du eta zigorrari beldur dio. Horregatik haurrak, bere nahia beste bat izanda ere, gurasoen edo gizartearen arauak onartu behar ditu.
  • Barneratutako arauek kontzientzia morala osatuko dute. Honen helburua Nia presionatzea da eta portaera egokia zein izan beharko lukeen esatea.
  • Bere eskaerak betetzen ez baditu, norbanakoa errudun sentituko da.

5.2.1.3. Garapen psikosexuala (Oinarria (4), Erregresioa (3), F. Orala (5), F. Anala (4), F. Falikoa (7), Latentzia F, F. Genitala (3))

Oinarria

  • Garapen psikosexuala ezinbesteko osagarria da Freuden teorian.
  • Garai hartan iraultzailea izan zen ideia honek sexualitatearen kontzeptua zabaldu egiten du eta haurtzaroraino joaten da, fase ezberdinetan banatuz.
  • Fase bakoitza aldarte horretan plazera lortzeko iturri den gorputz atalen batekin lotuta dago: Orala, Anala, Falikoa, Latentzia eta Genitala.
  • Freuden iritziz, fase hauetan zehar eta dagokion bulkadaren esparruan, haurrak antsietatea sentitu badu, helduaroan neurosi bat gara dezake.

Erregresioa

  • Hazkundearen aurreko estadioetara itzultzean datza.
  • Adibidez, pixagura kontrolatzen ikasi duen ume batek, beste anaia-arrebetako bat jaiotzen denean, berriro kontrola gal dezake.
  • Freuden ustez, pertsona fase batean finkatuta gera daiteke eta fase hori ezin badu garatu, lehenago garatu duen fasera itzuliko da (erregresioa).

Fase Orala

  • Lehenengo fasea da. Bizitzako lehen urtea.
  • Haurraren lehen plazer iturria ahoa da eta ingurua esploratzeko dena ahora eramateko ohitura du eta xurgatzea eta haginka egitea gustatzen zaio.
  • Zeraren nagusitasuna da, Nia eta Supernia garatu gabe baitaude oraindik, eta haurraren ekintza guztien oinarria plazer bilaketa da.
  • Nia ere garatzen ari da eta bere gorputzaren mugak esploratzen ditu, minari ekidin eta plazera lortu nahian. Hasieran negarra ez da bukatzen; gero bere nahiak lortzeko erabiltzen ikasten joango da.
  • Haurra fase honetan finkatuta geratuko balitz, pertsona pasiboa, sineskorra, manipulatzen erraza, heldugabea eta neurririk gabeko optimista bihur daiteke helduaroan. Nahaste hauek Fase Oralean berehalako satisfazioak edo behar adineko satisfazio ezak eragin ditzake. Gehiegi jan, txiklea mastikatu edo axotak xurgatu, erretzailea izan, musu emateko gehiegizko beharra, etengabe hitz egiteko joera… Fase Oralean finkatutako pertsonen bereizgarri izan ohi dira.

Fase Anala

  • Bigarren fase hau, 15 bat hilabetetik 3 urtera arte izan ohi da.
  • Haurraren plazer iturria ipurdi ingurura joaten da.
  • Niaren garapena aurrera doan bitartean, garai honetako esperientziarik garrantzitsuena gorputzeko higienean trebatzea da eta Zerarekin konflikto garbian sartzen da, honek berehalako satisfazioa eskatzen baitio (kaka egin, kakarekin jolastu…) eta gurasoek, berriz, ez diote uzten, esfinterrak kontrolatu behar dituelarik. Umeak plazera lortzen du kaka egitean, baina plazer hori ezin du edonoiz eta edonon lortu; beraz, interferentzia bat sortuko da gogoaren eta beharraren artean eta umeak behar den lekuan eta behar denean egiten ikasi beharko du.
  • Konflikto honen soluzioa graduala izan daiteke edo traumatikoa eta helaroan nortasun anala gara dezake: garbitasunaren zalea, gauzak gordetzeko joera, dirua aurreratzea gustuko duena.. Hala ere, umeak gurasoek inposatutako heziketa horren kontrako jokabidea ere har dezake. Horrela bada, nortasun burugogorra, arduragabea eta nahasia izan dezake.
    • Guraso moderatuak badira, garbitasunari eta txukuntasunari garrantzia ematen saiatuko dira, baina poliki-poliki eta helaroan pertsona kontrolatua izango dugu.
    • Gurasoak oso gogor jartzen badira, berriz, ordenarekiko jokaera konpultsiboa eragin dezake.
    • Haurrak Zeraren demandei so egitea erabakiko balu eta gurasoek utziko baliote, desordena eta utzikeria nagusituko da nortasun horretan.
    • Ez baliote utziko, berriz, ahuldadea nagusituko litzateke eta gurasoek kontrolatuko lukete egoera, ez bere Niak.

Fase Falikoa

  • Hirugarren fase hau 3 eta 5 urte artean eman ohi da.
  • Plazer iturria genitaletan kokatzen da, baina ez da helaroan izango duenaren antzekoa, haurra oraindik ez baita sexualki heldua. Medikutara jolas egitea, amari zakila ba ote duen galdetzea… garai honetan kokatzen dira.
  • Konfliktorik ezagunena Edipo Konplexua da. Edipok aita asasinatu eta, ezjakinean, amarekin oheratu zen. Haurra garatzen ari den bitartean, ama da zainketaz arduratzen dena, beldurrak uxatzen dituena, beharrak betetzen dituena. Mutilak ama maite du eta aitak jeloskor jartzen du, lehia egiten baitio amarekin lo eginez eta abar. Zerak amarekin batu nahi du eta aita hil, Edipok egin zuen bezala, baina Niak badaki aita indartsuena dela eta beldur da. Beldur hori  kastrazioari beldurra da. Ez da arrazionala eta dena irrazional eta inkontzientea da.
  • Neskentzako, Freudek Elektra Konplexuaz hitz egin zuen eta hasiera aurrekoaren berdina du. Gero, mutilek kastrazioari dioten beldurra, nesken kasuan, zakilaren inbidia da. Hori gabe ezin dute ama sexualki hartu, Zerak eskatzen dien bezala. Neskak amak ere zakilik ez duela ikusiko du eta berarekin identifikatuko da. Horrela, neskek aitarengana zuzenduko dituzte desio sexualak. Freuden ustez, Elektra konplexua Edipo konplexua baino bortitzagoa da eta mendekotasun handiago eta ziurtasun gutxiago erakusten duen nortasuna garatuko du. Teoria honek kritika handiak jaso ditu.
  • Superniaren garapenerako Edipo konplexuaren konponketa garrantzi handikoa da, gurasoetako batekin identifikatzean, moralitatea barneratu egiten baita eta arauekin konformatu, zigorren beldur izan gabe.
  • Konfliktoa konponduko ez balitz, finkatuta geratuko litzateke eta gizon anbiziotsu eta harroak izan daitezke. Emakumeekin harremanak izateko joera nabarmena erakuts dezake (Don Juan-en mitoa) edo, alderantziz, desioaren objektu emakumea ez izatea (homosexualitatea)
  • Emakume helduaren kasuan, gizona gainditu nahian ibiliko litzateke, sedukzio eta koketeo nahi handian edo burumakur eta autoestimu txikikoak. Gizona konkistatzen obsesionatuta egon daiteke edo gizonengan plazera eta desioa bilatzeari uko egin.

Latentzia Fasea

  • Etapa honetan, haurrak aurrekoetan hartutako ohiturak sendotzen dira. Zeraren eskaerak ezinezkoak dira jada, Fase Falikoan erreprimituak izan dira-eta. Horregatik geratu dira latentzian. Sexualitatea lo geratu da eta plazer iturriak beste ekintza batzuetara zuzenduta daude, eskolara, jolasetara edo lagunengana. Edipo konplexua ondo bideratuta ez balego, edo Niak inguru sozialera egokitzeko zailtasunak balitu, arazoak egon daitezke.

Fase Genitala

  • Garapen psikosexualaren bosgarren fasea da eta pubertarotik aurrera eman ohi da (12 urtetik aurrera). 18 urtera arte iraungo du, helduaroa hasten den arte, alegia. Hau da bizitzaren eperik luzeena eta gurasoengandik aldenduta lortu behar da norbanakotasuna.
  • Oraingo honetan ere eremua genitalak dira, Fase Falikoan bezala, baina orain sexualitate helduaren energia da.
  • Gainera, Fase Falikoan plazera eskaera primarioak asetzen lortzen zen. Oraingoan, aldiz, Nia garatuta dago eta satisfazio sinbolikoak ematen du plazer hori: amodiozko harremanak, familia osatzea… helduaren ardurak hartzen direlarik.

5.2.2. Humanismoa (Autoerrealizazioa (2), Erregresioa, Gaurkotzeko joera (3))

Autoerrealizazioa

  • Autoerrealizazioa da gizakiaren motibazio nagusia. Autoerrealizazioaren osagaiak hurrengoak dira
    • Gaitasunen garapena
    • Maslowren piramidearen araberako beharrizanen asetzea. Jaioberriaren beharrizanak elikadura eta oinarrizko beharrak dira. Ondoren, segurtasun beharra etorriko zaigu, gero atentzioa eta afektua eta geroago autoestimua.

Erregresioa

  • Estres egoeran gaudenean edo biziraupena arriskuan dugunean, erregresioa gerta daiteke eta aurreko behar baterako erregresioa gertatzen da.

Gaurkotzeko joera

  • Rogersen teoriaren oinarria da eta, bere ustez, hauxe da bizitzarako indarra. Gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko motibazio innatoa da. Ez da biziraupen soila, gauzak hobeto egiteko gogoa baizik. Gizakiak garatu egin nahi du eta errealizazioa bilatzen du. Humanisten arabera, pertsona egiteko prozesuan bide luzea egiten da:
    • Maskarak alboratu
    • Kanpoko presioak eta egin beharra dagoena utzi
    • Norbanakoak pentsatu eta sentitzen duena baloratu
    • Gure ardura onartu
    • Aldaketetara egokitu
    • Norbanakotasuna asumitu
    • Garena onartu
    • Besteak onartu
    • Nork bere buruan konfiantza izan
    •  …
  • Egoera arriskutsuen aurrean antsietateak hartzen gaitu. Defentsaren ideia Freudenaren antzekoa da, baina Rogersek pertzepzioaren ikuspegian biltzen du. Beretzat, oroimena edo bulkadak pertzepzioaren barnean daude eta bi defentsa mota definitzen ditu:
    • Negazioa: Egoera mehatxugarria blokeatzean datza. Freuden antzekoa da, baina honek errepresio deitu ziona ere biltzen du. Ez badugu oroimen edo bulkada bat kontzientziara iristen uzten egoera beldurgarriari ekidingo diogu.
    • Distortsio pertzeptiboa.
  • Pertsonaren harremanak aztertzen ditu: intrapertsonalak (norberak bere buruarekin dituenak) eta interpertsonalak (besteekin dituen harremanak). Rogersen teoria autokontzeptuan oinarritzen da eta horixe da nortasunaren ardatza. Autokontzeptua bi faktoreen arabera eraikitzen da
    • Norberak bere buruaz duen kontzeptua
    • Besteek gutaz duten kontzeptua

5.2.3. Behaviorismoa edo konduktismoa (Bereizgarriak (2), Watson (2), Skinner)

Bereizgarriak

  • Ikasi dugun bezala jokatzen dugu eta estimulu-erantzun sekuentzian lotzen dira gure esperientziak, onura eman digutenak indartuz eta ezatseginak izan direnak, berriz, ahulduz.
  • Psikologiaren helburua: jokabideak aurreikusi eta kontrolatzea.

Watson

  • Jokaerak estimulu eta erantzunez osatuta daude eta nortasuna ikasitakoaren ondorioa da.
  • Jaioberria orrialde zuri baten modukoa da eta giroak nortasuna idatziko du orrialde horretan. Emozio gehienak ikasitakoak dira.

Skinner

  • Nortasuna berezko aspektu inkontzientean, moralean edo emozionalean, “ez dela existitzen” esatera iritsi zen. Skinnerren ustez, nortasuna produktu faltsua da, bere ezaugarriek begiratzen duenaren begietan baino ez baitaude. Autore honek jokabidea egoera bakoitzean agertzen diren gertakizun zehatz batzuen ondorio dela dio.

5.3. Nortasuna aztertzeko metodoak

5.3.1. Ebaluazio Psikologikoa (3)

  • Osasun mentaleko profesional batek egin ohi duen azterketa da.
  • Osagaiak
    • Elkarrizketa klinikoa
    • Test psikologikoak
    • Proba neuropsikologikoak, nahaste psikoorganikoak lokalizatu ahal izateko.
    • Konklusioa eta emaitzen komunikazioa
  • Ebaluazio Psikologikoa ez da prozesu terapeutikoa, baina diagnosia bat ezarriko du, tratamendu bat, psikoterapia… Informe bat elaboratuko da informazio horrekin.

 

 

5.3.2. Nortasuna ebaluatzeko testak

5.3.2.1. Test Psikometrikoak (Def, Helburua, 16 PF-5 edo Cattellen Nortasunerako Galdeketa (2), BFQ edo Big Five (2), MMPI edo Minnesottako Nortasunaren Inbentario Multifasikoa (3))

Definizioa

  • Prozesu psikologikoak neurtu edo ebaluatzen dituzten testak: inteligentzia, oroimena, ulermena… Galdera sortak izan ohi dira eta jasotako zenbakiek erabakitzen dute emaitza.

Helburua

  • Gizabanakoaren jokabideak deskribatu eta bere nortasun ezkutuaren dinamika ezagutzea.

16 PF-5 edo Cattellen Nortasunerako Galdeketa

  • 1949an sortu zen, baina 1993an 5. berrikuntza egin zioten.
  • 185 item erabiltzen ditu 16 bereizgarri neurtu nahian: itxia-irekia, lotsatia-ausarta…

BFQ edo Big Five

  • 132 item dira eta 5 aukera eskaintzen dira erantzuteko.
  • Hezkuntzan asko erabiltzen da.

MMPI edo Minnesottako Nortasunaren Inbentario Multifasikoa

  • 1943an argitaratu zuten Hathaway eta McKinleyk.
  • Jasotako emaitzak aurrez jasotako emaitzekin alderatzen dira eta interpretazio xumea ematen zaio.
  • T puntuazioek pertsonak patologia bat jasateko duen probabilitatea adierazten du.

5.3.2.2. Test Proiektiboak (Proiekzioa (2), Transferentzia (2), Funtzionamendua (2), Rorschach (2), TAT (3), Test Proiektibo-Grafikoak)

Proiekzioa

  • Defentsa mekanismoa da.
  • Antsietatea eta larritasuna eragiten dutela eta, onartu ezin ditugun sentimendu, pentsamendu edo nahiak proiektatzen dira. Proiektatutakoa kanpokoa balitz bezala biziko du eta defentsa mekanismoak mehatxua geldiarazten du horrela.

Transferentzia

  • Psikoanalisten ustez, proiekzio mota berezi bat da.
  • Lehenaldian bizitako harreman baten desio inkontzienteak transferitzen dira oraingo harremanetara eta, terapeutak erabil dezake proiekzio hau bere ikerketarako.

Funtzionamendua

  • Pazienteari estimulu anbiguoa eskaintzen zaio eta ea zer ikusten duen galdetu edo horren inguruko istorioa kontatzeko eskatu. Kontzientea izan gabe, estimuluaren aurrean bere pentsamenduak eta emozioak proiektatuko ditu. Test hauek, teorikoki, psikoanalisian oinarritzen dira.
  • Balorazioa: Froga proiektiboak baloratu eta interpretatzea oso zaila da eta, beraz, horrelako testak erabiltzen dituzten profesionalek oso ondo prestatuta egon behar dute.

Rorscharch (1921)

  • Hermann Rorschachek (1884-1922) garatu zuen metodo proiektibo hau.
  • Tintaz eginiko 10 lamina anbiguo aurkezten zaizkio pazienteari eta zer ikusten duen galdetu. Emandako erantzunetatik nortasunaren funtzionamendua ondorioztatu daiteke bere inkontzientea proiektatu egingo baita.

TAT

  • Murrayk garatu zuen metodo proiektibo hau (1923).
  • 31 lamina aurkezten zaizkio pazienteari. Egoera anbiguoan agertzen diren pertsonaiak dira eta pazienteak istorio bat osatu behar du, edo aurretik eta ondoren gertatu dena edo…
  • Bertan proiektatuko diren alde inkontzienteek nortasuna erakutsiko digute.

Test proiektibo grafikoak

  • Marrazkiak erabiltzen ditu nortasunaren azterketa egiteko. Marrazki ezagunenak giza irudia, zuhaitza eta familia dira. Pazienteari aipatutako marrazkietako bat egiteko eskatzen zaio. Irudiaren tamaina, distortsioak, irudi osoa ez egitea, marraren lodiera eta antzeko datuak aztertuz nortasunaren ezaugarriak azalduko dira.

4. gaia

6. gaia

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: