4. gaia
Errestaurazioaren sistema politikoa
1874ko abenduaren 29an matxinatu zen Martínez-Campos Sagunton eta Alfontso XII.a errege aldarrikatu zuen, I. Errepublikari amaiera emanez. Hasiko den garaiari deritzo Errestaurazioa.
Seiurteko Demokratikoak oso gustu txarra utzi zuen garai hartako biztanleengan eta alfontsinoek apustua irabaztea lortu zuten. Cánovas del Castillo izango dugu buruzagi nagusi eta haren ingurura joango dira biltzen Iraultza Loriatsuan parte ez dutenak hartu, erradikalizazioaren beldur diren demokratak eta Unión Liberaleko eta alderdi progresistako kide gehienek.
4.1 Sistemaren oinarriak: 1876ko konstituzioa eta kazikismoa
4.1.1 Alfontso XII.aren garaia (1874-1885)
Bizitza: Alfontso XII.a (1857-1885) Espainiako Errege izan zen. Isabel II.aren semea. Madrilen jaio eta, ama 1868 ondoren erbesteratua izan zenez gero, Frantzian bizi behar izan zuen. Martínez Campos-ek Sagunton izendatu zuen Errege 1874an.
1878: Bere lehengusu Mª Mercedes-ekin ezkondu zen eta emaztea berehala hil zuen tifusak.
1879: Mª Kristina Habsburgo-Lorenakoarekin ezkondu zen.
28 urte zituela hil zen El Pardon. Emaztea haurdun zegoen. Ondorengotza ez zegoen ziurtatuta oraindik!
Bereizgarriak epe honetan
- 2. karlistaldia amaitu zen.
- 1876.eko konstituzioa + Cánovas + Txandatze sistema.
- Kubako gerra = 10 urteko gerra, esklabotza…
4.1.2 Alfontso XIII.aren garaia (1886-1931)
Bizitza: Espainiako Errege (1902-1931) eta Alfontso XII.aren semea, Madrilen jaio zen aita hil ondoren eta errege izendatu zuten jaio zen egun berean, Mª Kristina de Habsburgo, bere ama, erregeorde zelarik. Victoria Eugenia Battenbergekoarekin ezkondu zen egun berean atentatua izan zuten, baina ez zitzaien ezer gertatu. II. Errepublika ezarri zenean, Alfontso XIII.a Frantziara erbesteratu zen eta, gero Erromara. Han hil zen 54 urte zituenean.
Bereizgarriak
- 1902-1913: 98ko porrotari buelta eman nahian. Krisi ekonomiko eta politiko ugari. Euskal eta kataluniar autonomismoak. Langile mugimenduak. Marokoko gerra. Bartzelonako Aste Tragikoa.
- 1913-1917: Txandatze sistemaren ahultzea. I. Mundu Gerra (neutral)
- 1917-1923: Txandatze sistema ez deusean. Herritarren botoak du garrantzia. 1917ko iraultza. Iraultza sobietarrak eragina du Andaluziako nekazariengan.
- 1923-1930: Primo de Riveraren diktadura. Parlamentua ez deusean. Donostiako Ituna. Jakako altxamendua.
- 1931: Monarkia erori zen eta II. Errepublika: Alfontso XIII.a Frantziara erbesteratu zen eta, gero Erromara. Han hil zen.
Gizartea
- Talde txiki batek eragin handia zuen (ek + polit) = Goi mailako burgesia + Lurjabe handiak. KAZIKISMOAren bidez dominatzen zuten. Kontserbadoreak. Eliza eta Armadari lotuak.
- Klase ertainak: profesionalak, nekazariak (jabeak), artisauak…
- Nekazariak (jornalariak): gaizki bizi ziren.
- Fabriketako langileak: oso baldintza txarrak.
4.1.3 Sistemaren oinarriak
INTERESATUAK: noblezia, armada, eliza, burgesia, kolonietan interesak zituztenak, klase ertainak… Hauen laguntzaz antolatu zen erregimen berria. Ordena bermatuko zuen erregimen bat nahi zuten eta aurreko egonezin politiko sozialak errepikatzeari ekidin.
INTERESAK
- Nobleziak eta lurjabe handiek bere pribilejiozko egoerari eutsi nahi zien eta estatuaren gobernuan parte zuzena hartzen zuen.
- Burgesiak ere gobernuan parte zuzena hartzen zuen eta langileen lorpenak hutsean uztea lortu zuen. Horrela, inolako trabarik gabe ekin zien bere negozioei.
- Elizak Seiurtekoan sekularizazioaren alde hartutako neurri gehienak ez deusean uztea lortu zuen eta heziketaren kontrolatzaile gisa iraun zuen.
- Armada gustura zegoen Alfontso XII.a erregearekin, aginte zibilaren pean izan behar arren, autonomia handia utzi baitzion.
- Kolonietan interesak zituztenek esklaboak askatzeko eta koloniei autonomia emateko egin ziren saio guztiak bertan behera uztea lortu zuten.
OINARRIAK
- 1876KO KONSTITUZIOA.
- Bi alderdien txandatze baketsua eta PARDOKO ITUNA. Bi alderdi nagusitu ziren:
-
-
- Alderdi Liberal Fusionista, Práxedes Mateo SAGASTA buru.
- Liberal Kontserbadorea, Antonio CÁNOVAS DEL CASTILLO buru.
-
-
CÁNOVAS eta SAGASTAren arteko akordioa, Alfontso XII.a hil zenean (1885-XI-25). Kontserbadoreen lekuan liberalak jarriko ziren, Cánovas beste altxamendu baten beldur baitzen (errepublikar edo karlisten aldetik).
ARMADA: Errestaurazio garaian, aginte zibilaren pean geratu zen, Isabel II.aren erreinaldian gertatu zen bezalako militarren etengabeko esku hartzea saihestu nahian. Erregea monarkia parlamentarioaren buru nagusi izateaz gain, Armadako buruzagi nagusia ere izango zen. Horren truke, autonomia handia eman zitzaien bere eremuko gai batzuetan: hierarkia militarra, Afrikako politika…
KARLISTAK: 1876an menderatu zituzten betirako eta KARLOS VII.a erregenahiak erbestera alde egin zuen.
KUBA: 1878ko neguan, ZANJÓNgo bakea sinatu zen, baina ez zen bake definitiboa izan.
4.1.4 1876ko konstituzioa
Alfontso XII.ak aldarrikatu zuen eta TXANDATZEKO SISTEMA ahalbidetzen zuen.
1845ekoan oinarritzen da, 1869ko dekretu batzuekin osatuz.
Bereizgarriak
- SUBIRANOTASUNA MONARKIA eta GORTEen eskuetan dago; botere legegilea ere bai. Subiranotasun nazionala baztertuta geratzen da, beraz.
- ERREGEA: Botere betearazlea bere esku dago (moderatuek horrela ikusi ohi dute), Armadaren buru da, Legeak aldarrikatzen ditu, Ministroak izendatu eta ezerezta ditzake, Gorteak konbokatu eta suspendi ditzake…
- GORTEAK: 2 ganbera (Kongresua + Senatua)
- KONGRESUA: herritarrek aukeratzen dituzte diputatuak, hauteskundeetan, sufragio zentsitarioz hasieran. 1890az gero, sufragio unibertsala erabiliko dute horretarako.
- SENATUA: nobleak, militarrak eta apaizak biltzen ziren hemen, aberatsen arteko sufragioz hautatuak.
- ESKUBIDE garrantzitsuenak ezerezean geldi zitezkeen.
- Erlijio ofiziala = KATOLIZISMOA.
Indarrean egon zen EPEA
- 1876-1923ko Primo de Riveraren estatu-kolpera arte.
- 1930 (Primo de Rivera erori zenetik) – 1931 arte (II. Errep)
4.1.5 Sistemaren funtzionamendua: kazikismoa
Gobernuaren ERAKETA: Bi alderdi monarkikoak aritu ziren txandaka agintean, bi aldeek aurrez horrela erabaki ondoren. Gobernua aldatu behar zenean, Erregeak edo Erreginaordeak gobernua osa zezala agintzen zion oposizioko buruari eta Parlamentua desegiteko dekretua ere ematen zion aldi berean. Ondoren, gobernuburu berriak hauteskundeetarako deia zabaltzen zuen.
HAUTESKUNDEAK
- Biztanleriaren %5ak soilik hartzen zuen parte hasieran.
- ENCASILLADO: Gobernazio ministroak barruti bakoitzean aukeratu beharreko hautagaien zerrendak prestatzen zituen, bertan bizi ziren ala ez kontuan hartu gabe. Askotan, zerrenda hauetan “cuneroak” zeuden.
- KAZIKEAk: Zerrenden berri ematen zitzaien alkate eta kazikei eta hauek behar zen guztia egiten zuten gobernuak nahi zituen emaitzak lortzeko: hauteskunde errolda edo aktak faltsutu, botoak erosi, manipulatu, indarra erabili… PUTXERAZO esaten zioten honi.
Kazikeek sostengua ematen zien gobernuari eta honek eskari guztiei erantzuten zien ordainetan: zergak ordaintzean, soldadutzara joan behar zenean, lanpostu onak…
4.2 Sistemaren indarrak eta kontrako oposizioa
4.2.1 Alderdiak
- Alderdi DINASTIAZALEek ez zuten alde handirik elkarren artean. Haien arteko adostasun ezak ez ziren funtsezkoak. Konstituzioa zuten oinarrizko kontsensua. Liberalek neurri progresistagoak eta laikoagoak bideratzen zituzten, eta kontserbadoreek ez zituzten berriro kentzen. Hori gertatu zen, esate baterako, 1890ean botorako eskubidea gizonezko adin nagusi guztiengana zabaldu zenean.
- Alderdi KONTSERBADOREA
- Liderra: Antonio CÁNOVAS DEL CASTILLO.
- Gizarte talde boteretsuenek osatzen zuten haren oinarri soziala.
- Gobernuan egon zirenean
- Karlistada amaitu zen.
- Kubako gerra amaitu zen.
- Hitzarmenak egin ziren Elizarekin
- Euskal Foruak aldarazi zituzten.
- Alderdi LIBERALA
- Liderra: Práxedes Mateo SAGASTA.
- Lehengo demokratak, erradikalak eta errepublikazale ez erradikalak osatzen zuten: bankariak, militarrak, funtzionarioak…
- Gobernuan egon zirenean
- Gizonezko guztien botorako eskubidea.
- Elkarteen Legea eman zuten.
- Zinpekoen bidezko epaiketak hasi ziren.
4.2.2 Oposizioa
- SISTEMATIK KANPO geratu ziren herri klaseetako sektore nagusiak. Mende bukaeran, bi buruzagi nagusiak desagertu ondoren, indartsu agertuko dira: ERREPUBLIKAZALEAK, NAZIONALISTAK eta LANGILE ERAKUNDEAK. Nabarmen geratuko da hau 1917an.
- JOAQUÍN COSTA: Idazle, politikari, legegizon, ekonomialari eta historialaria izan zen, ERREGENERAZIONISMOA izeneko XIX. mendeko mugimendu intelektualaren burua. Zuzenbide irakaslea izan zen Madrilgo unibertsitatean. 1898tik aurrera, Unión Nacional izeneko mugimendu politikoan jardun zuen eta, geroago, alderdi errepublikarreko kide izan zen. 1903-1905 bitartean diputatu izan zen Espainiako Gorteetan. Espainiako egoerari buruzko obra interesgarriak idatzi zituen. OSO KRITIKOA izan zen errestaurazioaren sistemarekin.
4.3 1898, 1909 eta 1917ko krisialdiak eta hauen ondorioak
4.3.1 1898ko krisia
XIX. MENDE HASIERAN INDEPENDENTZIA NAHIA Latinoamerika osoan zehar zabaldu zen, baina ez zituen Kuba eta Puerto Rico hainbeste ukitu. Arrazoiak: Uharte horietako oligarkiak metropoliarekiko merkataritza harremanei eutsi nahi zien. Militar espainiarrek hara bidalitako indarrak oso kontuan hartzekoak ziren. Munduko potentziek nahiago zuten Espainiaren eskuetan izatea, haien arteko beste edozein estaturen menpean egotea baino.
XIX. MENDEAN ZEHAR,
- KUBAko uharteak AZUKREGINTZAri esker bizi izan zuen hazkunde ekonomikoak argi eta garbi utzi zuen Espainia ez zela gai ekoizle kubatarren beharrei erantzuteko eta hasi ziren bertako biztanleak metropoliarekiko harremanak aldatzeko komenentziaz hitz egiten.
- Aldaketa esanguratsu batzuk ezagutu zituen uharteko egoera ekonomikoak. Espainiarren babes-politikagatik ere, AEB-etako kapitala hasi zen sartzen (hasieran meatzetan… Ondoren sektore guztietara zabaldu zen, baita azukregintzara ere). Merkataritza fluxu garrantzitsu bat sortu zen orduan AEB eta uhartearen artean.
- ESPAINIAK, PROTEKZIONISMOAren bidez, zaildu egin zuen gai kubatarren sarrera penintsulan eta, bitartean, oztoporik gabe saltzen zituen bere gaiak uhartean. Pixkanaka, AEB-ren eta Kubaren arteko merkataritza-harremanak indartzen joan ziren.
- Gainera, Espainia-Kubaren arteko harremanak onuragarriagoak baziren lehenengoarentzat (Espainiaren merkataritza defizita horrela orekatzen zen!), AEB-Kubaren artekoei uharteak ateratzen zien etekin handiena.
KUBA
- Kubatarrak EZ ZEUDEN GUSTURA eta beste altxamendu bati ekin zioten 1895ean. Hasierako bilera inauterietan egin zuten eta berehala ikusi zen oraingoa ez zela 1868ko altxamendua bezalakoa: programa antiarrazista eta demokratikoa zen, gerra uharte osora zabaldu zen, lurren eta ondasunen aurkako erasoak egin ziren, plantazioak, burdinbideak eta abar hondatuz.
- Iraultzaileak landa eremuez jabetu ziren eta espainiarrak gotorlekuetan babestu beharrean izan ziren, baina hauek ez zuten gerrari luzaro aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikoa. Gainera, burgesia KREOLOaren laguntza preziatua hasi ziren galtzen.
- Hau dena gutxi balitz, AEB-ren parte hartzea gero eta agerikoagoa zen. Hango prentsak interbentzio militarra iragartzen zuen kanpaina antiespainiar bati ekin zion. MAINE-ren gorabehera estatubatuarren interbentzioari ateak zabaldu zizkion aitzakia baizik ez zen izan, eta handik hiru hilabetera bukatu zen gerra. Ontziteria amerikarrak Kubako kostaldea blokeatu zuen eta Kuban lehorreratu ziren soldadu estatubatuarrak abertzale kubatarren alde borrokatzeko.
- Berehala hondoratu zituzten espainiarren ontziak eta bakearen aurreko hitzarmenak egiten hasi ziren. Itun haren arabera, Espainiak uko egin zien kolonia guztiei eta, ordainean, hogei miloi dolar eman zioten AEB-ek.
FILIPINETAKO gerra
- XVI. mendetik zeuden espainiarrak uharte honetan. Leku bikainean zeuden, Ekialdeko espezia eta produktuen itsasbideen lotunean, eta kokagunea zen hain zuzen eta uharte haien balio handiena.
- XIX. mende bukaeran hasi ziren espainiar kolonizatzaileen aurkako mugimenduak. 1896an, gerra hasi zen urtean, espainiarrek Jose RIZAL buruzagi abertzalea hil zuten, eta ondoko urtera arte iraun zuen gerrak; filipinarrak errenditurik amaitu zen gerra.
- 1898an, ESTATUBATUARRAK uharteetan sartu ziren eta espainiarrak garaituak izan ziren. Berriro altxatu ziren filipinarrak eta uhartetik egotzi zituzten azkenean espainiarrak.
Porrotaren ARRAZOIAK
- ESPAINIAKO ARMADAren eragina hutsa zen ia: buruzagi gehiegi zituen eta nabaria zen soldaduen profesionaltasun eza. Itsas Armada oso eskasa zen arlo teknikoan eta AEB-en armada modernoaren aurrean ez zuen zer eginik.
- Bere indar armatuen ezin material hori kontuan harturik, eta espero zenaren aurka, gobernu espainiarra EZ ZEN ezinbestean HONDAMENDIA ekarri behar zion gerra bat SAIHESTEN SAIATU. Badirudi gobernuak nahiago izan zuela gerra galdu erregimenaren legaltasuna kolokan jarriko zuen irtenbidea negoziatu baino.
- Era berean, irtenbide militarraren aldekoak ziren INTERES EKONOMIKOAK JOKOAN zituztenak, merkatariak, itsasoaz bestaldeko kolonietako karreran gora errazago egiten zuten funtzionarioak eta militarrak eta, Filipinetako kasuan, erlijio ordenak eta Asiako hego–ekialdeko uharteetako lurjabe handiak.
- ELIZAren presio ideologikoa ere oso kontuan hartzekoa da. Gerra hasi zen une berean, babes zabala eman zion Elizak gobernuari, eta erlijioaren aurkako etsaitzat jo zituen ezbairik gabe haren aurkariak; zapalkuntza espainiarrak eta erlijio katolikoak bat egin zuten.
- EGUNKARI eta aldizkari askok orri ugari erabili zuten ustezko heroitasun nazional hura goraipatzeko eta aurkaria iraintzeko, isilean gorderik hiritarrak hondamendiaren berri emango zien informazio objektiboa. Giro gerrazale horretan, ezinbestekoak izan ziren gerra eta, ondorioz, hondamendia.
TXIRRITA: Hil da Cánovas
Hondamendiaren ONDORIOAK
- Errestaurazioaren garaiko politikari garrantzitsuenak, CÁNOVAS -1897an asasinatu zuten- eta SAGASTA -1903an hil zen- DESAGERTU egin ziren. Ondoren, txandaka ziharduten bi alderdietan haien lekua hartu zuten buruzagi gazteagoek, baina ez zuten inondik ere lortu aurrekoen aginte maila. Gainera, estatuaren bizio zaharrek berdin jarraitzen zuten.
- Politikaren porrotaren eta armadak galera handi haien ondoren bizi zuen zapuzte giroaren ondorioz, handituz joan zen MILITARREN PRESIOA aginte zibilaren gainean eta gero eta nabarmenago agertu zen militarrek politikan zuzenean esku hartzeko aukera, sistemaren erreformari begira.
- Aldi berean, INTELEKTUALEN MUGIMENDU ERABERRITZAILE BAT indartu zen, Espainia hondamendira eraman zuten politika molde zaharrei eta patriotismoa absurduari azkena eman nahian.
- Gero eta gizarte multzo handiago ari zen URRUNTZEN SISTEMATIK: LANGILE ERAKUNDEAK, ERREPUBLIKAZALEAK, NAZIONALISMO PERIFERIKOAK…
- Ekonomian,
- KOLONIAK GALDU ondoren ez ziren merkatuak erabat galdu, eta galera hark esportazio espainiarretan izan zuen eragina ez zen hainbestekoa izan.
- Bestalde, PEZETAREN DEBALUAZIOAk erraztu zituen esportazioak eta, testuinguru horretan, gora egin zuen baita ere nazioarteko eskariak.
- Gainera, KUBATIK EKARRITAKO KAPITALEK ekonomia nazionala bizkortu egin zuten.
4.3.2 1909ko krisia eta Marokoko Gerra
4.3.2.1 Bartzelonako Aste Tragikoa (1909)
- Bartzelonan izan zen, 1909ko uztailaren 26tik abuztuaren 1 arte.
- ALFONTSO XIII.Aren garaia zen, greba orokorra, barrikadak…
- AFRIKAKO GERRARAKO SOLDADUAK MOBILIZATU zituzten eta, batez ere, behe mailakoak ziren. Aberatsen semeek kuota bat ordainduz libratzen ziren. Egonezin horrek PROTESTAK probokatu zituen. ELIZA UGARI ERRE zuten, erlijioaganako gorrotoa handia baitzen sektore batzuetan.
- AZPIMARRATZEKOA: errepublikazaleak, anarkistak eta sozialistak BATERA aritu ziren protesta honetan.
- ERREPRESIO gogorra izan zen. FRANCISCO FERRER GUARDIA fusilatu zuten. Protestak EUROPAN: MAURAk agintea utzi beharra izan zuen eta CANALEJAS jarri zen bere ordez.
Bartzelonako Aste Trajikoa (1909)
4.3.2.2 Marokoko gerra
AFRIKAKO GERRA: 1860an, Ceuta ingurukoa muga istilu batzuek piztarazi zuten eta handik aurrera neke handiz gorde zitekeen etsaigoa nagusitu zen bi erresumen arteko harremanetan.
Kolonialismoan oinarritutako interbentzio EUROPARRAK babesik gabe utzi zuen Maroko.
- ERRESUMA BATUAK Gibraltarreko itsasartea kontrolatu eta bere hiritarren interesak babestu nahi zituen.
- FRANTZIAK Ipar Afrika aldera hedatu zituen bere lurrak eta Tunisia eta Aljeria hartu zituen.
- ALEMANIA berandu iritsi zen kolonien banaketara eta merkataritza librerako lurralde gisa nahi zuen Maroko.
Marokoarrak eta ABD-EL-KRIM
- Frantsesen eta espainiarren eraginpeko lurraldeen arteko mugak zehaztu ziren. Marokoarrek, ordea, ez zuten egoera hura onartu. Ez zuten bere lurraldean tropa espainiarrak etengabe egotea nahi eta istiluak hasi ziren.
- ABD-EL-KRIM: Buruzagi honek espainiar armada garaitu zuen ANNUAL-en1921ean. Rif aldeko mendietan ibili zen, batez ere. 1926an Petain mariskalaren pean zeuden tropa espainiar eta frantsesen aurrean errenditu beharra izan zuen. Erbesteratu egin zuten eta 1947tik aurrera Kairon bizi zen, islamiar nazionalismoaren eredu izanez.
Espainiar armada eta ANNUAL-EKO HONDAMENDIA
- 1912an hasi zen Maroko iparraldean gaineko BABESLETZA, baina eskualde hura ezin izan zuten espainiarrek menderatu 1927ra arte, eta, bitarte hartan, babesletza hari eusteak galera handiak ekarri zizkion Espainiari, bai dirutan bai jendetan. Ofizial espainiarrek ez zuten inolako trebeziarik erakutsi gerra horretan, armada ez zegoen behar bezala hornitua eta militarren estrategian ez zuen inolako eraginkortasunik: hondamendia izan zuen emaitza.
- ANNUAL-eko HONDAMENDIA: Espainiar armadak Marokon izan zuen hondamendia. 1921ean gertatu zen: gidaritza militar penagarria eta Rif-eko biztanleen borrokarako grina zirela eta, 8.000 ESPAINIAR SOLDADU HIL ziren, eta arriskuan gelditu zen Melillako hiria.
- ABD-EL-KRIM buruzagiak zuzendu zuen Annual-en espainiar armadaren aurkako borroka.
- Hala ere, Annual-eko hondamendiaren ondoren, FRANTSES ETA ESPAINIARREN ARTEKO ELKARLANA burutzeko akordioa egin zuten eta 1926an Abd-el-Krim ERRENDITU beharrean izan zen.
Annual-eko hondamendiak EZTABAIDA mikatz ugari sorrarazi zuen Espainian.
- LANGILE ERAKUNDEAK Afrikara tropa gehiago bidaltzearen AURKA azaldu ziren, gerraren aurka zeudelako, alde batetik, eta soldadutzarako sistema guztiz injustua zelako bestetik.
- Bestalde, hondamendiaren tamaina itzelak ardurak iker zitezela eskatzen zuen. Ardura nagusiek goi agintari batzuetara seinalatzen zuten eta, zurrumurruen arabera, erregearengana. PRIMO DE RIVERAREN ESTATU-KOLPEAK ETEN zuen eztabaida eta, horrenbestez, galarazi zen ekintza haien ikerketa sakona.
2 JOERA nagusitu ziren Afrikako egoera zailaren aurrean:
- AFRIKA UTZI eta erretiratzearen alde zeuden batzuk.
- AFRIKANISTEK, berriz, FRANCISCO FRANCO teniente koronela buru, armadari bitarteko gehiago ematea eta gerra gogortzea nahi zuten.
Espainiarren aurka hain erraz ari zirenez, riftarrek frantsesen aurka ere gerra fronte bat ireki zuten. Baina erabaki honek BI ARMADEN ELKARLANA bultzatu zuen. 1925ean Primo de Riverak ALHUCEMASKO LEHORRERATZEA agindu zuen eta riftarrak errenditu beharra izan zuten. ABD-EL-KRIM frantsesen esku geratu zen eta Espainiak sendotu egin zuen bere Babesletzaren gaineko agintea.
Garaipen honen ONDORIOZ, militarren artean hazi egin zen demokrazia parlamentarioarenganako mesprezua eta militarrek indarrez bultzatutako irtenbideen aurreko mirespena. Herritarren benetako borondatearen ordezkari sentitzen ziren eta talde honetakoa izango da, geroago, 1936an altxatuko den armadaren gidaritza nagusia. 1923ko uztailean, PRIMO DE RIVERAk gidatu zuen, ALFONTSO XIII.Aren onarpenaz, Espainiaren gobernuaz jabetuko zen direktorio militarraren aldeko ESTATU-KOLPEA.
4.3.3 1917ko krisia
EGOERA OROKORRA: Cánovas eta Sagastaren ondoren, arazoak ugariak ziren, militarrak ez zeuden gustura eta gero eta nabariagoa zen haien egonezina, langileria gero eta indartsuago ari zen bere helburuak bete nahian… 1917an egoera lehertu egin zen: militarrek JUNTAK antolatu zituzten, indar politiko ez dinastiazaleek PARLAMENTARI BATZAR bat antolatu zuten eta langileen erakundeek GREBA OROKORRA egin zuten abuztuan.
Erregimena AHULEZIA handian zegoen eta ez zen gizarte espainiarrak egiten zituen eskari berriei erantzuteko gauza. Gobernua behin eta berriro erori zen (14 gobernu 7 urteetan!) eta Primo de Riverak eman zion amaiera definitiboa bukatuta zegoen sistema hari.
EGOERA EKONOMIKOA
- 1914. urtean hasitako I. MUNDU GERRAn, Espainia herri NEUTRALA izan zen eta hiru une desberdin bizi izan zituen bere ekonomiak gerra hark iraun zuen bitartean:
- Noraezean eta antolaketarik gabe jardun zuen gerrako lehen urtean.
- Zabalkunde unea izan zuen eta gerra bukatu arte luzatu zen.
- Armistizioaren ondoko krisia.
- Ekonomia zabaldu zen unean, kanpoaldeko eskaria hazi egin zen, inportazioak murriztu eta industrializazio prozesua bizkortu. Eskariaren hazkunde azkar honen eraginez, prezioek gora egin zuten eta ekonomia nabarmen bizkortu zen: elkarte berriak sortu ziren, inbertsio maila hazi egin zen eta etekinak handitu ziren. Horrela, Espainiako Merkataritza Balantzaren EMAITZA POSITIBOA izan zen lehen aldiz XX. mendean.
- NEKAZARITZA alorrean ere, EKOIZPENA HAZI egin zen, BAINA landuriko lurren azalera handitu zelako izan zen. Hala ere espekulazioak ere berea egin zuen eta prezioen igoera azkar batek guztiz larritu zuen eguneroko mantenuaren arazoa; laborarien bizi baldintzek okerrera egin zuten eta askok hirirantz jo zuten.
- INDUSTRIA alorrean, inportazioak murriztu zirela-eta, IKATZA GARESTITU egin zen, ondorioz bizitzaren kostua handitu zelarik. Baina ehungintza, kimika, burdingintza eta armagintza alorreko industria izugarri HAZI zen aldi berean.
- Ikatzaren prezioa eta langileen soldatak hazi ziren neurrian, BURDINBIDE KONPAINIAK ETEKINIK GABE geratu ziren.
- Baita ere esan beharra dago, soldatak ez zirela prezioak bezainbeste igo eta langileen EGONEZINA izugarri areagotu egin zela.
KRISI MILITARRA
1916an sortu ziren DEFENTSA JUNTAK Infanteriako adarrean, militarrek bizi zuten egonezinaren adierazgarri gisa. Sindikatu militarren antzera jardun zuten hasieran eta honako eskaera hauek egin zituzten:
- Antzinatasunean oinarrituriko gradu goratzeak ezartzea.
- Jardunean ari ziren ofizialei proba fisikoak eta profesionalak kentzea.
- Hutsik geratutako postuen mantenua.
- Izendapenetan errege faboreak desagertzea.
- Soldaten igoera bizi kostuaren arabera egitea.
- …
Azkenik, 1917ko udan argi eta garbi eskatu zioten erregeari gobernu bat izendatu eta, militarren kontrolpean betiere, beste Gorte Konstituziogile batzuetarako deia egin zezala.
KRISI POLITIKOA
- Espainiak 1917an bizi zuen egoera soziopolitikoak argi eta garbi utzi zuen CÁNOVASEN SISTEMA BUKATUTA zegoela. Txanda sistema hartatik kanpo zeuden indar politiko eta sindikal berriek, berriz, sistema hartatik kanpoko espresiobideak bilatu beharrean izan ziren. Hauek ziren indar sortu berrietako batzuk: Conjunción Republicano-Socialista, Lliga Regionalista, EAJ-PNV, PSOE, UGT, CNT eta SOV.
- Militarrek bere eskarien bidez azaldu zituzten asmo berritzaileek bultzatu zituzten ERREGIONALISTA KATALUNIARRAK Espainiako bizitza politikoa eraberritzeko mugimendu bat egituratzera. Bilera batera deitu zitzaien parlamentari kataluniar guztiei eta uztailaren 5ean bildu ziren Bartzelonako Udaletxean. Eskaera hauek egin zituzten:
- AUTONOMIA Kataluniarentzat eta neurri beretsuak estatu guztian.
- GORTEEN BILKURA BEREZIA, udalen eta lurraldeen autonomia, militarren arazoa eta egoera ekonomikoa aztertzeko.
Gobernuak eskari horiei emandako EZEZKOAren ondoren, Parlamentarien Batzar Nazionala bildu zen Bartzelonan uztailaren 19an. Erreformistek, errepublikazaleek, sozialistek eta erregionalista kataluniarrek esku hartu zuten bilera hartan. Kontzentrazio gobernu bat eratzea erabaki zuten, Gorte Konstituziogileetarako hauteskunde garbiak prestatzeko asmoz. Gainera 3 batzorde sortu zituzten:
-
- Lehenak udalen eta lurraldeen autonomia eta Konstituzioaren erreforma aztertuko zuen.
- Bigarrenak defentsa nazionala eta irakaskuntzaren eta justizia administrazioaren eraketa.
- Hirugarrenak arazo sozio-ekonomikoak.
- EUSKAL HERRIAN ere AUTONOMIAREN ALDEKO MUGIMENDUA indartu egin zen. Gobernuak ETEKIN BEREZIAK ARAUTZEKO LEGE-PROIEKTUA aurkeztu zuen eta honek, Kontzertu Ekonomikoa ez zuela errespetatzen-eta, aurkako mugimendua bizkortu zuen Euskal Herrian. Giro hartan, bilera berezi bat egin zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioek eta eskaera hauek egin zizkioten Gobernuari:
- Ahalik eta autonomia maila handiena nazioaren batasunaren mugen barnean, eta Diputazioak buru zirelarik.
- Foruak berrezartzea.
1917ko GREBA OROKORRAK eten egin zuen kanpaina hura eta eskaera hauek ez zitzaizkion abendura arte Gobernuari aurkeztu. 1918an autonomiaren aldeko kanpaina biziagotu egin zen eta inoiz onartuko ez zen Estatutu-proiektu bat prestatzen hasi ziren.
KRISI SOZIALA
Mundu Gerra hasi zenetik eta prezioen gorakadaren ondorioz, izugarri hazi zen herriaren EGONEZINA eta, aldi berean, hazi ziren baita ere, agitazio giro soziala eta gatazkak, soldata igotzeko eskaerak gehienetan. Horrela iritsi ziren 1917ko abuztuko grebara. Uda baino lehenagotik hasi ziren anarkistak, errepublikazaleak, sozialistak eta erreformistak greba prestatzen; sistema krisian zegoela-eta, Parlamentarien Batzarrean esku hartu zuen burgesiak lagunduz gero, aldaketaren aldeko aukera handiak ikusten zituzten.
TREN-LANGILEEN GREBAk egin zion sarrera greba orokorrari, kaleratutako 45 langile berriro hartzeko eskatuz. Berehala, greba Espainia osora zabaldu zen eta orokor bihurtu zen, Madril eta Bartzelonarako prestatuta zegoena berehala zabalduz Bilbo, Valentzia eta Santiagon.
- Gobernuak bazuen prestakuntza haien berri, eta greba ahalik eta azkarren leherrarazten saiatu zen, behingoz batuta zegoen oposizioa banatzeko.
- Parlamentarien Batzarreko kideak banatu egin ziren:
- Ezkerrak sostengua eman behar izan zion grebari.
- Eskuinak izuturik zegoen istiluen beldur.
- MILITARREK, langileen matxinada giro hura ezin eramanik, gobernuari lagundu zioten bete-betean. Grebalarien aurkako errepresioaren ondoren, herrian ordura arte gordea zuten izen ona galdu zuten militarrek.
- SOZIALISTEK EZ zuten une horretan grebarik nahi, burgesiak agindutako laguntzak galduko zituztelako, eta uneoro saiatu ziren langileek burgesiak onartzeko moduko eskariak egin zitzaten.
- Greba abuztuaren 13an hasi zen eta industrialdeetara zabaldu zen nagusiki. Greba Batzordeko kideak atxilotu zituzten hurrengo egunean eta Datoren kabineteak gogor erreprimitu zituen manifestaldiak: 80 hildako, 150 zauritu eta 2.000 atxilotu baino gehiago. Greba ahulduz joan zen eta hilaren 19an amaitu egin zen.
Euskal Herrian ere langile agitazio giroa nabaritu zen eta, hemen ere, soldaten igoera izan zen eskari nagusia. Bilbon izan ziren istilu larrienak eta 14 pertsona hil ziren egun haietan.
PORROTAREN ARRAZOIAK
- Greba GOIZEGI hasi zen eta ondo koordinatzeko denborarik ez zuten hartu.
- Ustearen kontra, ARMADAK Gobernuarekin kolaboratu zuen eta aurre egin zien grebalariei.
- BURGESIA eta alderdi errepublikazaleak iraultza sozialaren beldur ziren eta grebari aurre egin zioten.
- SINDIKATUAK BANATURIK zeuden. CNT-k eta UGT-k ez zituzten ekintzak koordinatu.
- LABORARIEK ere EZ zuten greban parte hartu.
- Greba Batzordea atxilotu zutenean, GIDARITZARIK EZA.
4.3.4 Krisien Ondorioa: Diktadura
4.3.4.1 Alderdi biko sistema amaitzera doa
HAUTSI egin zen sistema haren oinarri nagusietako bat, ALDERDI DINASTIAZALEEN BATASUNA. Cánovas eta Sagasta hil ondoren, hautagai bat baino gehiago azaldu zen alderdi bakoitzean eta banatu egin ziren azkenean. Txanda sistema zailagoa zen, ez baitzen gobernua eratzeko alderdi osoaren sostengua zukeen buruzagi eztabaidaezinik eta, horrenbestez, handiago zen gobernuen egonezina.
1902ko maiatzean ALFONTSO XIII.A ADIN NAGUSITU eta Errestaurazioko garai berri bat hasi zen. Aitak ez bezala, errege gazteak zuzenean hartu zuen parte arazo politikoetan, Gobernuaren protagonismoa murriztuz, eta esku hartu zuen bereziki afera militarretan, kolonia politika berri bati ekin nahian. Azkenean, 1931n koroa galduko zuen.
OPOSIZIOA: Errepublikazaleak, sozialistak, nazionalistak… Langile erakunde berriak sortu ziren: CNT, UGT. Langileek soluzioak eskatzen zituzten. Sistema politikoaren aurkako indarrak gogor antolatzen hasi ziren.
SISTEMAREN AURKA jo zuten prestigiozko intelektual batzuk: Manuel Azaña, Jose Ortega… Baita JOAQUÍN COSTA ere.
4.3.4.2 Greba orokorretik diktadura militarrerainoko epea (1917-1923)
1917ko grebaren ondoren, ez zen gehiago erabili kontserbadore eta liberalen arteko txanda sistema eta, handik aurrera, KONTZENTRAZIO GOBERNUAK izan ziren.
AUTONOMISTAK: Bartzelonako Batzarraren porrotak ez zituen autonomia aldarrikapenak isilarazi:
- ANDALUZIAko erregionalismoak lurraren banaketa eta kazikismoaren amaiera aldarrikatu zituen.
- VALENTZIAn Espainiaren egitura federala eta kolektibismoan oinarritutako gizarte antolakuntza eskatu zituzten.
- GALIZIAn, autonomia osoa eta gizarte mailako erreforma batzuk.
- EUSKAL HERRIAn, nazionalistak banatu egin ziren:
- Comunión Nacionalista Vasca zen garai hartan.
- Erradikalek PNV alderdia berregituratu zuten.
- KATALUNIAn ere banatu egin ziren, barneko sektore kontserbadoreenek, Lligakoek, kontzentrazio gobernuetan parte hartzeko erabakia hartu eta gero.
ERREPUBLIKAZALEAK ahuldu egin zen eta kulturaren munduan indartsuago iraun zuen politikarenean baino.
LANGILEAK: 1917ko grebaren porrota jasan ondoren, Errusiako iraultzaren garaipenak itxaropenak piztu zizkien berriro. Haustura batzuk gertatu ziren urte haietan langile mugimenduan:
- Banatu egin zen mundu anarkista, erradikalak eta moderatuak nor bere aldetik.
- Sobieten iraultzak eragindako bultzadaren ondorioz, Alderdi Komunista sortu zen sozialisten esparruan.
PISTOLERISMOA: Garai hartako elementu berezia pistoleroena izan zen, Katalunian bereziki. Ugazabek erabili zuten langile mugimendua burutzarik gabe uzteko. Egoera hari erantzun nahirik, izu ekintzen bidera jo zuten anarkosindikalistek, nagusi eta agintarien aurkako atentatuen bitartez.
4.3.4.3 Primo de Riveraren diktadura (1923-1930)

Primo de Rivera
SARRERA: 1923ko irailaren 13ko estatu kolpeak amaiera eman zion 1876ko Konstituzioaren araberako monarkia parlamentarioari. Armada izan zen matxinada hura gidatu eta gauzatu zuen besoa, eta begi onez ikusi zuten neurri hura Elizak, alderdi politiko eta ideologia eskuindarrek, ugazaben erakundeek eta sindikatu katolikoek. Aldi berean, jarrera pasiboa erakutsi zuen oro har Espainiako gizarteak estatu kolpearen aurrean, guztiz eskasa baitzen aurreko erregimenaganako atxikimendua.
4.3.4.3.1 Estatu kolpearen jatorria
EGOERA: 1917ko krisiaren ondoren alderdien txanda sistema bertan behera geratu zenean, ERRESTAURAZIOAREN SISTEMAREN GAINBEHERA agerikoa zen. Hala ere, ez zen Espainia egonezin handian zegoen estatu bakarra, Europa erdialdeko eta Mediterraneo aldeko herri gehienek ere krisi-une larriak bizi baitzituzten urte haietan.
ARRAZOIAK
- Estatu hauen tradizio liberalaren ahultasuna.
- Erreformarako itxaropenak zapuzturik ikusten zituzten herri klaseen dezepzioa.
- Nazionalismo porrokatua.
Gauzak horrela, erregimen militarrak edo DIKTADURAK agertu ziren bi gerren arteko urteetan.
I. Mundu Gerraren ondoren, Espainiako ERREGEA ez zen fidatzen sistema parlamentarioak langileen eskakizunei aurre egiteko zuen gaitasunaz. Haren interbentzio maila gero eta handiagoa zen gobernu arazoetan eta, Armadaren buru eta babesle nagusia zen aldetik, guztiz hurbildu zen militarren jarreretara. Hauen ustez, partiduen sistemak faltsutu baizik ez zuen egiten herriaren borondatea eta beharrezkoa zen herriaren benetako borondate horrek bere lekua izan zezan politikan: militarrak ziren, hain zuzen ere, herriaren borondate haren ordezkariak.
Ezinegon larri hartan, HIRU ARAZOk kezkatzen zituzten bereziki militar kolpistak
- MAROKOKO GERRA: Aurreko hamarraldian hasia zen eta etengabeko galerak ekarri zizkion Espainiako gobernuari, hala gizonetan nola dirutan. Gainera, Annualgo hondamendiaren ondoren, erantzukizunak eskatu ziren eta Armadako buruzagi gorenak kezkatu egin ziren, Ipar Afrika abandonatu beharko baitzuten.
- KATALUNIAKO NAZIONALISMOA: Lliga Regionalistak gidatu zuen urte haietan, baina beste bi indar sortu ziren: Acció Catalana eta Estat Catalá, aurrekoak baino erradikalagoak biak. Aldi berean, Kataluniako Mancomunitat instituzioak nolabaiteko autonomia maila ekarri zuen eta bide horretatik jo nahi zuten katalanistek.
- LANGILEen agitazioa, batez ere, I. Mundu Gerraren ondoren krisi ekonomikoak Espainian sortu zuena. Katalunian ugazabek bideratutako pistolerismoak eta langileen erakundeek bultzatu zuten biolentzia espiralak beldurra sortu zuen gizartean.
4.3.4.3.2 Direktorio militarra
BEREIZGARRIAK
- ALFONTSO XIII.AK BABESTU zuen estatu-kolpea. Ministroen Kontseilua kendu zuen eta PRIMO DE RIVERA DIKTADOREA jarri zuen haren lekuan. Zortzi jeneralek eta almirante batek osatu zuten DIREKTORIOA.
- Erregeak MIGUEL PRIMO DE RIVERA Estatuaren gobernuaz arduraturiko Direktorio Militarreko Buru izendatu zuen. Gainera, MINISTRO BAKAR ere izendatu zuen.
- Direktorio honen helburuak oso garbiak ziren: gizarte agitazioak, katalanismoak eta Marokoko gerrak sortarazitako arazoei aurre egin eta Errestaurazio garaiko sistema politiko zaharra ezdeusean uztea.
ORDENA PUBLIKOA
Direktorioaren helburu garrantzitsuenetako bat zen. Gogor jazarri zituzten erakunde anarkistak eta komunistak. Errepresio politika haren ondorioz, murriztu egin zen greba kopurua eta desagertu egin zen terrorismoa. Azpimarratzekoa da UGT SINDIKATUAK DIKTADURAREKIN KOLABORATU zuela.
KATALUNIA (5)
- Debekatu egin zen ideia separatisten azalpena.
- Era berean, eraikin publikoetan Espainiako ez zen beste banderarik mastaratzea galarazi zen.
- Errepresioa bideratu zen erakunde katalanista erradikalen kontra.
- Herrialdeetako diputazioetako kideak ordezkatu ziren eta beste kide batzuek osatu zituzten ordutik aurrera Macomunitat instituzioko Batzarra eta Batzordea. 1925ean erabat kenduko zuten.
- Azkenik, elizako sermoiak eta dotrina katalanez egitea eta erakustea galarazi zen.
MAROKO (4)
Monarkiaren kanpo arazoetako lehena zen, gerrak sortarazitako giza eta diru-kostuek eragin handia baitzuten Espainiako gizartea eta finantza publikoetan.
Elkarren aurka zeuden bi jarrera nabarmendu ziren:
-
- ABANDONISTAK: bake hitzarmena sinatu eta Ipar Afrika uztearen aldekoak.
- AFRIKANISTAK: Riftarrak azpiratu arte ekimen militarra gogortzearen aldekoak.
Erabaki zen politika azkeneko hauen tesien aldekoa izan zen eta 1925eko udazkenean, FRANTSESEKIN BAT egin ondoren, Abd-el Krimen aurkako eraso handi bati ekin zioten. Espainiarrak Alhucemasko badian lehorreratu ziren eta hurrengo urtean, frantsesek buruzagi riftarra preso hartu zutenean, Marokoko gerra amaitu zen.
Arrakasta militar hartaz baliatu zen diktadorea bere buruaren promozioa egiteko. Baina, era berean, etekin handia atera zioten operazio hari gerran parte hartu zuten ofizialek, 1936an altxatu zen armadako buru izango ziren Franco, Queipo de Llano eta Millán Astray tarteko.
SISTEMA ZAHARRAREN DEUSEZTATZEA
XEDEA: Diktadurak erregimen canovistaren ustelkeria eta kazikismoari amaiera emango zien erregimen berri baten antzera egin zuen sarrera. Horretarako, neurri batzuk bideratu zituen instituzio zaharrak ezdeusean uzteko eta beste berri batzuk antolatzeko xedea hartu zuen, aurrekoen bizioak bazter utziko zituzten aitzakian.
ALDAKETAK
- Parlamentua desegin zen eta 1927an Nazio Batzorde Aholkulari batek hartu zuen haren ordea. Instituzio berri honek ez zuen erabakiak hartzeko ahalik eta gobernuari proposamenak aurkezteko gaitasuna baizik ez zuen. Gobernuak onartu edo bazterrean utzi egiten zituen proposamen haiek.
- Udal eta herrialde mailan, elkartekideen batzordeek hartu zuten, udal guztietako zinegotzien ordea; udalerri bakoitzeko kontribuzio ordaintzaile handienen artean aukeratzen ziren zozketa bidez. Era berean, gobernari zibilek zuzenean aukeraturiko pertsonek bete zuten herrialdeetako diputatuen lekua.
- Gobernuaren ordezkariaren irudia ere sortu zen; militarra zen eta bana izendatu ziren barruti judizial guztietan udal berrien jarduera kontrolatzeko.
- Direktorioak José CALVO SOTELOri agindu zion udal eta herrialde antolamendu berri baterako proposamena erredaktatzeko. Udal eta herrialde mailako estatutu batzuk prestatu ziren, baina ez zen sekula horrelakorik gauzatu (Direktorioak ez baitzuen hauteskunde batzuetan bere hautagaien garaipena ziurtatzeko bitarteko nahikoa ikusi).

Katalunia 1917an
4.3.4.3.3 Direktorio Zibila
OSAKETA
- 1925eko udazkenean, Primo de Riverak ezin zuen bere gobernua soilik militarren bitartez osatzen jarraitu, MILITARREK EZ BAITZITUZTEN ADMINISTRAZIO-LANAK GOGOKO, eta, Unión Patriótica alderdiak mobilizaziorako zuen gaitasuna txikia zela-eta, ez zen hauteskunde batzuetarako deia egitera ausartu. Horrela, MINISTRO KONTSEILUA ERABERRITZEA erabaki zuen, bera buru beti ere eta DIREKTORIO ZIBILA osatu zuen.
- Aurreko garaiko politikari batzuek eratu zuten gobernu berria eta haiekin batera sartu ziren teknikari eta funtzionario batzuk. UNIÓN PATRIÓTICA alderdiko kideak ziren gehienak eta, ekonomiaren alorrean, OLIGARKIARI LOTUAK.
Direktorio Zibilaren LANA horrela banatu zen:
- NEURRI EKONOMIKOAK hartu zituen.
- Antolakuntza politika berri baten DISEINUAN hasi zen.
4.3.4.3.4 Estatuaren interbentzioa ekonomian
Kezka nagusienetako bat Espainiako EKONOMIA BIZKORTZEA izan zen.
NEURRIAK
- ERAKUNDE AHOLKULARIAK zabaldu ziren produkzio sektore guztietara: Lan, Merkataritza eta Industriaren Batzorde Nagusia, Nazioko Ekonomia Batzordea, Burdinbideen Batzorde Nagusia… Haietan guztietan HARTU ZUEN PARTE GOBERNUAK, eta areagotu ziren politika ekonomikoaren ikuspegi nazionalistak eta autarkikoak.
- PROTEKZIONISMOA. Neurri honek gustura utzi zuen industria burgesia. Era berean, Estatuaren interbentzioa agerikoa izan zen produktu guztien merkatu eta prezioen erregulazioan. Neurri hauen ondorioz, eta kontuan harturik sindikatuen aldetik hutsa izan zela soldaten igoeraren aldeko presioa, asko HAZI ziren ENPRESARIEN ETEKINAK.
- BATZORDE PARITARIOetara biltzen ziren enpresariak eta langileak, ORGANIZACIÓN CORPORATIVA NACIONAL delakoaren baitan. Batzorde haietan negoziatzen ziren langileen lan-baldintzak eta soldatak. Instituzio haiek EZ ZUTEN HARRERA ONIK IZAN UGAZABEN ALDETIK, laborantza alorrean batez ere, sektore hartako lan harremanak garapen maila apalago baten baitzeuden. Batzorde horien jardueraren giltzarria izan zen UGT sindikatuak gobernuari eskaini zion laguntza.
ENPRESAK
- Gainera, Estatuak LAGUNTZA politika bat bideratu zuen ARAZOAK ZITUZTEN ENPRESEN ALDE. GARRAIOAren sektorea izan zen laguntza mota hauen onuradun handienetako bat. Enpresa haietaz jabetu zen Gobernua kasu askotan. Era berean, laguntza publikoa jaso zuten ELEKTRIKA eta IKAZKINTZA enpresek.
- Espainiako TELEFONIA KONPAINIA sortu zen eta AEB-etako ITT enpresaren esku utzi zen haren ustiakuntza. Modu berean sortu zen CAMPSA enpresa, petrolioaren inportazioak fintze, banaketa eta salmentaz ardura zedin.
PROIEKTUAK ETA EMAITZAK
- Interbentzio hauetaz gainera, proiektu batzuk bultzatu ziren LABORANTZAREN PRODUKTIBITATEA BIZKORTU, ERREPIDE-SAREA HOBETU edo HERRI-HEZKUNTZAREN MAILA GORARAZTEKO. Herri lanen aldeko politikak bereziki bizkortu zituen industria siderurgikoa eta zementugintza.
- ESTATUAREN GASTUAK FINATZATU AHAL IZATEKO, erreforma tekniko batzuk bideratu ziren; IRUZUR FISKALA MURRIZTEKO NEURRIAK izan ziren gehienak, BAINA ez ziren zergak biltzeko sistemak aldatu, neurri horien aurka baitzeuden Diktadurari sostengua eman zioten talde pribilegiatuak.
4.3.4.3.5 Antolamendu politikoaren eredu berria
- PRIMO DE RIVERAk PARENTESI bat bezala aurkeztu zuen diktadura. Egoera normalizatu aurretik, irtenbide egoki bat eman nahi zion estatuari. Baina, denborak aurrera egin ahala, gero eta garbiago zegoen OSO ZAILA IZANGO ZELA AURREKO ERREGIMENERA ITZULTZEA eta aukera berri batzuk aztertu ziren etorkizunari begira.
-
1927an, NAZIO BATZAR AHOLKULARI BATERAKO DEIA egin zen. Partaideen arteko gehienak GIZONEZKOAK ziren, indar ESKUINDARREKOAK, gorantz ari zen BURGESIAKOAK eta erregimeneko goi karguak. Izan ere, BIDEA ITXI ZITZAION OPOSIZIO MOTA ORORI.
-
Batzar honek ez zuen erabakitzeko ahalik Parlamentu batek izango lukeen bezala, AHOLKULARIA baitzen. Konstituzio bat prestatzen aritu zen, baina ez zuten sekula onartzeko adostasunik lortu.
4.3.5 Errepublikarako igarobidea
4.3.5.1 Oposizioa
Diktaduraren aurkako oposizioa BANATUTA zegoen bere asmo eta programetan. Oso desberdinak ziren, baina gutxieneko akordioak lortzen joan ziren.
TALDEAK
- Joera desberdineko errepublikazaleak, erakunde askotan banatuak. 1925ean Acción Republicana sortu zen. Ondoren sortu zen Alianza Republicana. Honek Acción Republicana, Kataluniako errepublikazaleak, Partido Radical eta intelektual batzuk ere bildu zituen: VICENTE BLASCO IBÁÑEZ eta Ortega y Gasset, tarteko.
- Langile erakunde ez kolaborazionistak, KOMUNISTAK ETA ANARKISTAK. Langile erakundeak, sozialistak salbu, erregimenaren AURKA egon ziren hasieratik. Anarkistak eta komunistak erregimenaren aurkako mobilizazio guztietan hartu zuten parte eta Diktadurak gogor zigortu zituen.
- SOZIALISTAK, berriz, erregimenarekin kolaboratzen aritu ziren, baina, 1929an, Indalecio Prietok eta F. de los Rios-ek beste estrategia bat bultzatu zuten: Diktaduraren aurka jarri eta errepublikaren aldekoekin bat egin.
- IKASLEAK ere hasieratik egon ziren Diktaduraren aurka. Orain arte Unibertsitatean giro konformista bat bazegoen, orain ikasle kopurua asko hazita zegoen eta inkonformismoa nabaria zen. 1925ean Unión Liberal de Estudiantes eta 1927an Federación Universitaria Escolar. Irakaskuntzari lotutako aldarrikapenekin batera, Errepublikaren aldeko eskariak ere zabaldu zituen talde honek. Egoera honi erantzuteko, ikastegi batzuk itxiarazi eta ehunka ikasleen matrikulak utzi zituen baliorik gabe diktadoreak.
- ERRESTAURAZIOAREN ALDEKO MONARKIAZALE ZAHARRAK eta 1876ko Konstituzioa berriro indarrean jarri nahi zuten sektore eskuindar batzuk. Primo de Riveragandik urrundu ziren hitz emandako erreformak ez zirelako gauzatu eta Diktaduraren aurkako konspirazio lanetan hasi ziren.
- SINDIKATU KATOLIKOKO KIDEAK gobernutik urrundu ziren, politikak kontserbadoreenen alde egiten zuelako eta, lan harremanen esparruan, UGT sindikatua lehenesten zuelako.
- Bake sozialak ase bazituen ere, ENPRESARIAK ez zeuden hain kontent Finantza Ministerioak zergak biltzearen hobekuntzari begira eginiko saioekin, proiektu haietan enpresariek Estatuari egin beharreko kontribuzioa handiagotzea beste biderik ez baitzitekeen asma.
- NAZIONALISTA PERIFERIKOAK.
4.3.5.2 Diktaduraren aurkako saioak
SANJUANADA: 1926ko San Juan gauerako prestatu zuten kolpea. Militar batzuek, politikari errepublikazale batzuek, anarkosindikalistek eta aurreko sistema politikoko ordezkari batzuek, Romanones kondea tarteko hartu zuten konpromisoa. SOZIALISTEK, erregimenarekin kolaboratzen ari zirela-eta, UKO egin zioten kolpe hartan parte hartzeari. Mugimenduak huts egin zuen: diktadoreak bazuen konspirazio haren berri eta haren aldeko indarrak behar bezala prestatu ziren saio hura zapuzteko.
ESTAT CATALÀ: Nazioartean oihartzun handiagoa izan zuen, baina saio honek ere huts egin zuen. Kataluniako talde abertzale honek, MACIÀ buru, berrehun bat gizon antolatu eta armatu zituen Ipar Katalunian MUGAZ BESTE ALDERA igarotzeko. Erbesteraturiko kataluniarrak eta antifaxista italiarrak ziren gehienak. Frantziako jendarmeen interbentzioak zapuztu zuen “inbasio” hura. Hala ere, arrakasta ekarri zion Maciàri eta laguntzaileei, haien abokatuek, beraien aurkako auzia PRIMO DE RIVERAREN ERREGIMENAREN AURKAKO AUZI bihurtu baitzuten.
1929an erregimenaren aurkako BESTE MUGIMENDU BAT prestatu zuten eta oposizio guztiaren sostengua bilatu zuten. Alfontso XIII.aren kanporatzea nahi zuten eta Gorte Konstituziogileetarako deialdia egitea. 1929ko azaroaren 29an hasi zen matxinada, baina hurrengo egunean bukatu zen, militarren eta langileen erakundeen arteko mesfidantzak eta iritzi publikoaren laguntza ezak erabateko porrota ekarri zion mugimenduari.

Jakako altxamendua
4.3.5.3 Diktaduraren amaiera
PRIMO DE RIVERAREN GAINBEHERA: 1923an gustuko izan bazuen ere, 1929an Alfontso XIII.arentzat zama handiegia zen Primo de Riveraren irudia eta 1876ko sistemara itzultzeko aukera aztertzen ari zen erregea. Erretiratzeko proposamena luzatu zion diktadoreari, baina honek ez zuen horrelakorik onartu. Hala ere, ez zegoen egoera hura luzatzerik eta 1930ean ikasleen greba bat eta beste matxinada zibil-militar baterako prestakuntzak zirela-eta, aginte militarren eskuetan utzi zuen diktadoreak bere kargua. Irauteak merezi ote zuen galdetu zien, eta bere ustearen kontra, erantzuna ezezkoa izan zen eta kargua utzi beste erremediorik ez zuen izan. Hala ere, beste militar batek hartu zuen bere lekua, Damaso Berenguer jeneralak, eta “DIKTABLANDA” deritzon epea hasi zen.
DONOSTIAKO ITUNA (1930)
- Koroaren aurka zeuden indar guztien topagunea izan zen eta errepublika ezartzearen aldekoak ziren guztiak. Errepublikar, sozialista eta nazionalista kataluniarrak sinatu zuten. Sinatzaileen artean: LERROUX, AZAÑA, PRIETO, MAURA.
- Helburua: Monarkia kendu eta II. ERREPUBLIKA EZARRI.
- Kataluniarren laguntza lortzeko, KATALUNIAKO AUTONOMIA-ESTATUTUAz hitz egin zuten. Euskal Herria EZ zen aintzat hartu, euskal erakunde nazionalistek ez baitzuten itunean parte hartu.
- Hitzarmen honen ondoren, JAKAKO ALTXAMENDUA izan zen: porrota izan zen eta buruzagiei heriotza-zigorra eman zitzaien. Hurrengo urte arte ez zen errepublika ezarriko.
JAKAKO ALTXAMENDUA (1930)
- Oraindik PRIMO DE RIVERAREN DIKTADURA zegoen.
- Helburua: DONOSTIAKO ITUNEAN erabakitakoaren arabera, II. Errepublika jartzea.
- Galán, Garcia Hernandez eta Sediles altxatu ziren, gobernadorea preso hartuz, baina Huescarako bidean armada monarkikoa topatu zuten eta amore eman zuten.
- Buruzagiak fusilatuak izan ziren eta beste asko atxilotu zituzten. Hauen artean zegoen, Ramón Franco, diktadorearen anaia.
- Presak eta leku batzuetako koordinazio eta antolakuntza ezak mugimenduaren porrota ekarri zuen, baina ikasle eta langileen asaldurak jarraitu zuen, eta intelektualak erregimenaren kontra agertu ziren artikulu eta manifestuetan. Errepublika ezinbesteko gertatu zen.
Egoera zail hartan, monarkiazaleek eskatu zioten erregeari Gorte Konstituziogileetako deia egiteko. Parlamentua aukeratu aurretik, eta monarkiaren aldeko indarrak berrantolatzeko denbora izateko, UDALETAKO HAUTESKUNDEAK egingo zituzten.
1931ko apirilaren 12an egin ziren udal hauteskundeak Espainia osoan. MONARKIAZALEAK BANATURIK aurkeztu ziren errepublikazaleen aurka. Hauek, ordea, batuta jo zuten, DONOSTIAKO ITUNean hitzartutako programaz eta Jakako altxamenduaren ondoren atxilo hartutako guztientzat amnistia eskatzen zutela.
Errepublikazaleek GARAIPENA lortu zuten; 50 hiriburuetatik 41ean irabazi zuten, eta beste hainbeste gertatu zen hiri nagusienetan, meatze eta industrialdeetan. Monarkiaren aldekoek nekazaritza alde batzuetan baizik ez zuten irabazi, indarrean baitzirauen haietan Errestaurazioaren ondoko kazike sistemak.
EIBARren aldarrikatu zuten lehenengoz, apirilaren 14an eta, ondoren, hiri askok jarraitu zuten eredua. Erregeak erbesterako bidea hartu beharra izan zuen eta Donostiako konspiraziogileek ERREPUBLIKAREN BEHIN-BEHINEKO GOBERNUA eratu zuten.
Errestaurazioaren amaiera
[63] Martínez Campos, Arsenio (1831-1900)
- Segoviako jeneral eta politikaria.
- Sagunton altxatu zen eta Alfonso XII.a proklamatu zuen Espainiako errege, I. Errepublika ezdeusean utziz.
- Alfonso XII.ak karlistadekin bukatzeko lana bere eskuetan utzi zuen.
- Gobernu liberal-kontserbadore baten lehendakari izan zen (1879), baina Cánovasekin izandako enfrentamendu bategatik liberal-fusionisten alderdira alde egin zuen.
- 1881→Sagastarekin Gerra ministroa izan zen.
[64] Alfontsinoak: Talde monarkikoa zen. Cánovas de Castillo zen buru. Monarkia berrezartzearen aldekoak ziren eta Alfontso Borboikoaren aldekoak ziren (gero Alfonso XII.a izango zena).
[65] Cánovas del Castillo (1828-1897)
- Errepublika ondoren, Alfontso XII.a ezarri zutenean agintean jarri zen eta 1876ko konstituzioa aldarrikatu zuen.
- Karlistadak eta Kubako gerra amaitu zituen.
- Sagastaren Partido Liberal Fusionista sortzen lagundu zuen, Txandakako Sisteman bukatuz (Liberal Conservador-Liberal Fusionista)
- 1881 arte eta 1883tik Alfontso XII.a hil arte gobernatu zuen.
- Mª Kristinaren erregeordetzan Pardoko Ituna sinatu zuen, liberalek (Sagasta) erregimenaren alde egin zezaten.
- 1892: Heriotza-zigorra 8 anarkistei ® Sistema kolokan.
- 1897: Miguel Angiolillok asasinatu zuen Santa Agedan (Arrasate).
- Euskal lurraldeak zerga eta kinta-sistemaren alorretan monarkiaren menpeko beste lurrekin berdindu beharraz arduratu zen, foruak kentzeak gerra piztuko zuen ideia baztertuz. Ezin eztabaida zitekeen legeen aurreko berdintasuna. Printzipio hau onartuz gero, foruen aplikazioaz eztabaidatzeko prest agertu zen.
- Bide egin nahi izan zion 1839ko urriaren 25eko legeari, jakinik lege horren arabera gobernuak bazuela euskal foruak aldatzeko ahalmena, diputazioei entzun ondoren. Canovasen iritziz, kontsulta horiek egiteak ez zuen esan nahi gobernuak diputazioekin akordio batera iritsi behar zuenik, baizik eta lehenik diputazioei entzun eta ondoren komenigarritzat jotzen zuen erabakia hartzeko aukera zuela.
[66] Maria Kristina Habsburgokoa: (1858-1929)
- Espainiako Erregina eta Erreginaordea izan zen (1877-1885; 1885-1902)
- Austriako artxidukesa zen, Francisco Joseren alaba eta Alfontso XII.aren bigarren emaztea.
- Alfontso XIII.aren heldutasuna arte Erreginaorde izan zen eta 1876ko konstituzioaren arabera gobernatu zuen, Cánovas eta Sagasta gobernuan txandatuz (Pardoko Itunean horixe sinatu zuten)
- 1885→ Kubako arazoari aurre egin beharra izan zion.
[67] Kazikea
- XIX eta XX mendeetan espainiar hauteskundeetan legez kanpoko botere politikoaren jabe ziren.
- Hauteskundeak kontrolatzen zituzten. Bere bezeroen botoa zuten, faboreen truke. (Hauek Administrazioan lor zitzakeen)
- Kazike nazionalak Madrilen bizi ziren (ministro, alderdi-buru); kazike probintzialak probintzia kontrolatzen zuten; herrietako kazikeak udaletako sekretarioak ziren; nekazal gunetan, nekazariak kontrolatzen zituzten…
[68] Partido Liberal Fusionista
- 1880an osatu zen, alderdi konstituzional eta liberalen adar desberdinen artean
- 1876ko konstituzioa onartzen zuten
- Alderdiak Partido Liberal Fusionista izena zuen eta Praxedes Mateo Sagasta zen bere liderra.
- Liberal Kontserbadoreekin batera, txandatze sisteman aritu zen Errestaurazio garaian.
- XX. mende hasieran talde ezberdinetan zatitu zen, 1923 arte iraun bazuen ere.
- Bere kideei liberal deitzen zaie.
[69] Sagasta, Praxedes Mateo (1827-1903)
- Politiko liberal espainiarra.
- Primek egin zuen altxamenduan parte hartu zuen eta Portugalera alde egin zuen harekin batera.
- Espainiara itzuli zenean, beste altxamendu batean parte hartu zuen eta heriotza zigorra ezarri zioten. Frantziara alde egin ahal izan zuen.
- 1868→Serranorekin bat egin zuen eta Gobernazio ministro izan zen
- 1879→Alderdi Liberal Fusionista sortu zuen, Martínez Camposekin batera. 1876ko konstituzioa onartuzuen eta gobernuburu izan zen.
- Cánovas del Castillorekin Pardoko Ituna sinatu zuen eta txandaka gobernatu zuten biek.
[70] Zanjóngo bakea
- Espainiak autonomia erregimena eman zion Kubari eta esklabotasuna deuseztatzeko konpromisoa hartu zuen.
- Hala ere, gatazka ez zen guztiz konpondu eta 1875ean berrindartu egin zen, Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin.
[71] Gazteleraz, sasiko. Encasilladon agertzen diren eta bertakoak ez diren hautagaien izenak.
[72] Cánovasen Sistema: sistema honek 50 urte inguruan egonkortu zuen Espainiako politika.
- Oinarriak:
- Alfontso XII.aren monarkia parlamentarioa.
- Konstituzioa, 1876koa.
- Foruak (Berdintasuna zergak ordaintzean + Soldadutzara joan beharra)
- Pardoko Ituna: Txandatze Sistema.
- Oposizioko partidu txikien ezereztatzea: karlistak eta errepublikarrak.
- Bi alderdi handi osatu zituzten:
¨ Liberala: SAGASTA
¨ Kontserbadorea: CÁNOVAS
- Ondorioak:
- Kazikismoa.
- Administrazioan funtzionario aldaketa, agintean zegoenaren baitan.
[73] MAINE: Ontzi estatubatuar hau La Habanako portuan zegoen eta, leherketa baten ondorioz, hondoratu egin zen. Amerikarrek espainiarrei leporatu zioten ekintza eta, aitzakia hau erabiliz, AEB-k Espainiari gerra deklaratu zion.
[74] FERRER GUARDIA, Francisco (1849-1909)
- Espainiar politiko eta pedagogoa.
- Partido Republicano Federaleko kide zen eta mazonerian sartu zen 1884an.
- 1886ko altxamendu errepublikarrean parte hartu zuen eta, porrota izan zenez, Frantziara alde egin zuen. Han eskola berri baten ideia garatu zuen.
- 1901ean Espainiara itzuli eta Eskola Modernoa eraiki zuen.
- Alfontso XIII.aren aurkako atentatu batean parte hartu izanaz salatu zuten (1906) eta atxilotu ere bai, baina askatu zuten.
- 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoan parte hartzeagatik heriotza-zigorra ezarri zioten. Protesta gogorrak piztu ziren, bai Espainian eta bai Europan ere. Horregatik erori zen Maura.
[75] Maura, Antonio (1853-1925)
- Abokatu eta politikari espainiar hau Palma de Mallorcan jaio zen.
- Madrilera joan zen ikastera eta isolatuta bizi izan zen han, ez baitzekien gazteleraz ondo hitz egiten.
- Alderdi liberalarekin sartu zen politika munduan eta gero alderdi kontserbadorera alde egin zuen.
- Ahal zuena egin zuen gobernuaren prestigioa mantentzearren eta kazikismoa ezereztatzeko.
- Bartzelonako Aste Tragikoan (1909) arerio ugari egin zituen.
- Real Academia de la Lenguako lehendakari izan zen.
[76] Eskuina.
- Sistema politiko parlamentario batean, ideologia honek posizio kontserbadoreak defendatzen ditu, egitura sozial, ekonomiko eta politikoak mantendu nahian eta edozein erreforma baztertuz, gizartearen egonkortasunarentzat desegoki eta arriskutsuak kontsideratzen baititu.
- XIX. mendean kontserbadorea esan nahi zuen eta liberalismoari kontrajartzen zitzaion.
- Gaur egun kontzeptu honek alderdi kontserbadoreak, kristau-demokratak eta liberalak hartzen ditu bere barnean.
Ezkerra.
- Sistema politiko parlamentario batean, ideologia honek posizio progresistak defendatzen ditu eta, gizartean berdintasuna lortzeko xedez egitura sozial, ekonomiko eta politikoak aldatu nahi ditu.
- XIX. mendean progresista esan nahi zuen.
- Gaur egun kontzeptu honek alderdi sozialistak eta komunistak hartzen ditu bere barnean.
[77] Besteak beste, batzordekideen artean PSOE-ko kide hauek zeuden: Largo, Besteiro, Anguiano eta Saborit.
[78]Joaquín Costa
- Idazle, politikari, legegizon, ekonomialari eta historialaria izan zen, erregenerazionismoa izeneko XIX. mendeko mugimendu intelektualaren burua.
- Zuzenbide irakaslea izan zen Madrilgo unibertsitatean. 1898tik aurrera, Unión Nacional izeneko mugimendu politikoan jardun zuen eta, geroago, alderdi errepublikarreko kide izan zen. 1
- 903-1905 bitartean diputatu izan zen Espainiako Gorteetan.
- Espainiako egoerari buruzko obra interesgarriak idatzi zituen.
[79] Primo de Rivera y Orbaneja, Miguel (1870-1930)
- Militar eta politikari espainiarra. Goi mailako familia batean jaio zen.
- Maroko, Kuba eta Filipinetako gerretan parte hartu zuen eta ezaguna izan zen.
- 1922→Kataluniako Kapitain Jeneral izendatu zuten eta handik gobernuaren kontra aritu zen, Alfonso XIII.ak Direktorio Militar bat osatzeko deitu zion arte.
- 1930 arte diktadura bat ezarri zuen eta urte horretan dimititu egin zuen.
- Parisera alde egin zuen eta bertan hil zen.
[80] Calvo Sotelo, Jose (1893-1936)
- PRIMO DE RIVERAren garaian Ogasun Ministroa izan zen.
- Monarkia autoritario baten aldekoa zen, faxismo ingurukoa. 1933an Gorteetan ultraeskuindarren bozeramale izan zen.
- 1934: Bloke Nazionala sortu zuen. Hauteskunde aurretik CEDArekin aliatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.
- Ezkerrak gorroto zion eta kalean asalto guardiak atxilotu eta asasinatu zuen (1936-VII- 13)
[81] Acción Republicana
- AZAÑAren alderdi politikoa.
- II. Errepublikan, lehenengo bi urtetan PSOEkin kolaboratu zuen, INDALECIO PRIETOren adar moderatuarekin, batez ere.
- Autonomiak onartu zituen.
- 1933ko porrotaren ondoren, Izquierda Republicana bihurtu zen.
[82] Macia, Francesc (1859-1933)
- Kataluniar politikoa. Injineru militar izan zen, baina armada utzi eta politikari heldu zion, Solidaritat Catalanan afiliatuz.
- 1922→Estat Català alderdia sortu zuen, Kataluniaren autodeterminazioa defendatu zuena.
- Primo de Riveraren aurka borrokatu zuen.
- 1925→ SESB bisitatu zuen.
- Estat Català Esquerra Republicana alderdiaren barnean sartu zuen eta Udal Hauteskundeetan boto ugari lortu zuen.
- 1931ko apirilaren 14an→Estat Català aldarrikatu zuen. Generalitateko lehendakari, Kataluniaren Estatutuaren alde aritu zen.
- 1932→Generalitateko lehen presidente hautatu zuten. Bera hil zenean, Lluis Company hautatu zuten.
- Avi (aitona) ezizenez ezagutzen zuten.