RSS

8. Dirua

Denok erabiltzen dugu dirua gure eguneroko bizitzan, baina, hala ere, oso gutxitan pentsatzen dugu zein harrigarria den hala izatea. Milioika pertsona mundu osoan gau eta egun lan egiten, berez, inongo baliorik ez duten paper-puska batzuk irabazteko. Izan ere, zer egin daiteke billete batekin, zerbait erostea ez bada? Paperezko hegazkin bat?

Hori bai, koloretako paperak dira eta arreta eta xehetasun handiz egindako marrazkiak eta grabatuak dituzte, billeteak faltsutzea eragotzi behar baita, diruak esleitu diogun funtzioa betetzea nahi badugu. Edonork legezko dirua sortu ezin duenez, dirua ondasun urria da, eta eskaintza mugatu horregatik dute balioa erabiltzen ditugun billeteek. Diruak ez luke ezer balioko, edonork etxean margotzerik izango balu. Eta hori dela-eta dugu konfiantza koloretako paper horietan, eta zerbait magikoa balitz bezala ematen ditugu, norbaitek freskagarri bat zerbitza diezagun edo ehunka pertsonak lan gogorra eginez ekoitzi duten auto baten giltza eman diezagun. 

Izan ere, horixe da diruaren sekretua: konfiantza. Konfiantzarik ez balego, jendeak dirua truke-bitartekotzat onartuko ez balu, diruak gauzak erosteko balio duela sinetsiko ez bagenu, nazioarteko merkataritzak, merkatuek, enpresek, bankuek… horiek guztiek ez lukete izateko arrazoirik, eta trukea erabili beharko genuke berriro truke-bitartekotzat. Praktikan, dirua gaur erabiltzen dugun moduan erabiltzeari uztea historian seiehun urte atzera egin eta Erdi Arora itzultzea bezala izango litzateke. 

Eta orain, billete bat ikusten duzunean, begiratu ondo, isil-isilik “zure mundu osoa nigan konfiantza izatearen mende dago” esaten ari zaizu-eta.

8.1. Dirua (Def, Diruduna, Baldintzak, Funtzioak (3))

Antzinako trukearen eta egungo diru-paperaren erabileraren artean izandako bilakaeran, trukerako zenbait bitarteko onartu dira historian zehar.

  • Def: Dirua ordaintzeko orokorki onartutako bitartekoa da, bereziki ondasun eta zerbitzuen transakzioak burutu eta zorrak kitatzeko erabilia. Adiera arruntean, dirua txanponak eta billeteak dira, baina banku-gordailuen gainean igorritako txekeak eta beste zenbait finantza-bitarteko ere dirutzat har daitezke.
  • Diruduna: Beste alde batetik, pertsona bat diruduna dela esaten denean, aberatsa dela adierazi nahi da, baina diru asko edukitzeaz gain, beste aktibo batzuk ere (lurrak eta beste ondasun higiezinak) balioa atxikitzeko funtzioa bete dezakete.
  • Baldintzak: Diruak zatigarria, transferitzen erraza, iraunkorra eta orokorrean onartu eta ezagutua eta eskaintza egonkor eta mugatukoa izan behar du.
  • Funtzioak: 
      • BITARTEKOA: Dirurik izango ez bagenu ordaintzeko edota kobratzeko, ondasun eta zerbitzuak erabili beharko genituzke trukatzeko, jatorrian erabiltzen genituen moduan. Diruak trukeak errazten ditu.
      • GORDAILUA: Ondasun iraunkorra da (ez da usteltzen edo zahartzen) eta jabeak nahi bitartean gorde dezake (etxean, bankuan…), aurrerago erabiltzeko. Hala ere, kontutan hartu behar da, inflazioaren poderioz diruak bere balioa gutxitu dezakeela (prezioak igoz gero, gutxiago eros daiteke).
      • UNITATE KOMUNA: gauzen balioa dirutan neurtzen dugu eta horri esker elementu ezberdinen balioa batu dezakegu edo konparatu. Adibidez: Ogi barra batek euro bat balio du eta mugikor batek 200 euro; beraz, mugikor batek 200 ogi barrak adina balio du, eta ogi barra bat eta mugikor bat badugu; guztira, 201 euroko balioa duten ondasunak ditugu.

8.1.1. Urrearen historia (Propietateak (4), Historia (4), Ordezkoak (4))

Antzinatik aberastasunaren gordailu gisa eta merkataritzarako denetariko gaiak erabili badira ere, urrea (eta neurri txikiagoan, zilarra) nagusi izan da bere propietate bereziengatik:

    • urria da; horrela, urre kopuru totala gutxinaka gehitzen denez, bere balioa egonkorra da.
    • ez da suntsikorra eta, beraz, gorde egin daiteke.
    • zatigarria da eta aise garraiatzen da, merkataritza errazten duelarik.
    • homogeneoa eta faltsutzen zaila da; bere propietateak jakinak dira eta guztiek onartzen dituzte, saltzaile eta erosleen arteko adostasuna bermatuz.
  • K. a. VIII.-VI. mendeetan zehar hasi ziren urre eta zilarrezko txanponak egiten Asia Txikia aldean.
    • Antzinako Grezian zilar-patroia zen nagusi, baina urrezko txanponak ere trukatzen ziren.
    • Persiar Inperioko hiri grekoetan zilarrezko eta urrezko txanponak zeuden.
    • Antzinako Erroman, K. a. 547 urtean sortu zen aureus nummus edo denarius aureus izenekoa. Zilarrezko txanponak ere baziren, baina ez zegoen bien artean erlazio finko bat eta salerosketetan bi aldeek adosten zuten zein metaletan egin behar zen ordainketa.
    • Erdi Aroan, Veneziako dukadoak eta Florentziako florinak izeneko urrezko txanponak igorri ziren, merkataritza-eragiketa handietarako gehien bat. Aurkitu berriak ziren Ameriketako meategiek urre eta, batez ere, zilar kopuru handiak ekarri zituzten XVI. mendetik aurrera, urrearen eta zilarraren arteko balio-erlazioa aldatuz.
  • Gorabehera ekonomikoek urrea baino gai apalagoetan txanpon eta diru merkeagoak igortzera behartuak izan ziren maiz. Urre edo zilarrarekiko baliokidetasun finko batez igorritako dirua izaten zen, legez ezarrita eta estatuarekiko berarekiko konfiantzan oinarriturik.
    • XVIII. mendearen bukaeran, diru papera igortzen hasi ziren Europako estatuak: assignats iraultza garaiko Frantzian, bills of credit ipar amerikar kolonietan eta Espainiako vales reales.
    • Diru-paper edo billete hauek transakzio-kostuaren murrizketa handia ekarri zuten: paperaren bitartez, metal merkeak bildu eta eraldatu beharrik ez zegoen txanponak egiteko.
    • Bazeuden arrazoiak paperezko igorpen hauek egiteko: gerra garaia zen eta gainera, Txina eta beste herrialde batzuetatik inportazio handiak egiten ziren eta haiek ordainduta diru-eskasia zegoen Europako herrialdeetan.
    • Arazoak, ordea, berehala sortu ziren. Adibidez, 1797an Frantziako armadaren destakamendu bat Galeseko kostalde parean begiztatu zenean, Ingalaterrako Bankuak urrezko bihurgarritasuna bertan behera utzi behar izan zuen, publikoaren itzulketa eskaera masiboak zirela-eta urre-gordailurik gabe geratzeko arriskuari ekiditeko. Gertaera honek ekonomialarien kezka piztu eta urre-patroiaren ezarketaren eztabaida abiatu zen.

8.1.2. Gold Exchange Standard edo Urre-patroia (Def, Ondorioak (5), Urre-patroiaren historia (6))

  • Def: Diru-sistema bat da, non diruaren balioa (txanpon eta billeteen balioak) urre kopuru jakin bati buruzkoak diren. Sistema horretan, txanpon eta billete oro dagokion urrearekin truka daiteke nazioko Banku Zentralean.
  • Ondorioak: Diru-politikan sistemak dakartzan ondorioak zuzenak dira:
    • Diru-igorpen berri orok dagokion urrea izan behar du bere oinarrian.
    • Urre-patroiaren mendean, urrea erreferentzia nagusia da eta nazioarteko diru bilakatuko da horrela.
    • Aldi berean, inflazioa kontrolpean izateko mekanismo eraginkorra da, diru-igorpenak mugatuak baitira.
    • Hala ere, txanponak euren metalak adierazten zuten baliotik beherako gehiegizko diru-igorpenak bazituen bere arriskuak:
      • inflazioa sortzea.
      • Publikoaren txanpon horiekiko konfiantza galera ekar dezake, finantza krisialdi larriak eraginez.
    • Urre-patroiarekin, besteak beste, likidezia-arazoak ere sor daitezke eta estatuen diru-politikak aurrera eramaterakoan ahalmen handia galtzen dute, igorritako diruak gordetako urreari buruzkoa izan behar baitu.
  • Urre-patroiaren historia: Egun, ez dago herrialderik urre-patroia erabiltzen duenik bere diru-sisteman, baina XIX eta XX. mendeetan munduan nagusi izan den sistema izan da.
    • XIX. mendearen hasieran Britainia Handiak urre-patroia finkatu zuen, mende horretan zehar munduko herrialde gehienek bereganatuko zutena.
    • Urre-patroiak I. Mundu Gerrara arte iraungo zuen.
    • Munduko bi gerren bitartean, Gold Exchange Standard edo urre-truke patroia nagusitu zen: sistema honetan, billeteen atzean, urrea zegoen nagusiki, baina beste aktibo zenbaitekin batera (libera esterlinak eta dolarrak batez ere).
    • 1929ko kraxaren ondoren, sistemak porrot egin zuen. II. Mundu Gerra bukatzerakoan, Bretton Woodseko akordioen ondoren, urre-patroia jarraitzen zuen herrialde bakarra AEB izan zen eta beste herrialde guztientzat dolarra bihurtuko zen erreserbarako dibisa.
    • 1971n urre-patroia bertan behera utzi zuten AEB-etan ere eta 1973an hasitako krisialdi ekonomikoaren arrazoi nagusietako bat izango zen hori.
    • 1998an Suitza izan zen urre-patroia bertan behera utzi zuen azken herrialdea.

8.2. Diru motak: Salgai dirua eta diru fiduziarioa (Salgai-dirua (Def, Adibideak, Abantailak eta Desabantailak, Iraun zuena), Diru fiduziarioa (Def, Adibideak, Ezaugarri nagusi, Paper-dirua (3)))

  • SALGAI-DIRUA
    • Balioa ondasun moduan duen erabileratik datorkion dirua da; hasieran truke-bitartekotzat erabili ziren baliabideak dira, bai salgai gisa bai diru-unitate gisa,  eta berezko balioa zuten.
    • Adibideak: antzinaroan gatza maiz erabiltzen zen diru moduan; urre eta zilarrezko txanponak ere XX. mendera arte erabili dira ordainketak egiteko eta balio-gordailu moduan; nazien kontzentrazio-esparruetan ere, zigarretak eta beste gaiak erabiltzen ziren truke-neurri gisa. Azienda, garagardoa, ardoa edo diamanteak dira beste adibide batzuk.
    • Salgai-diru horrek abantailak eta desabantailak zituen. Adibidez, azienda ezin da zatitu puska txikiagotan eta zaila zen trukatzen. Edo garagardoa eta ardoa erabiliz gero, baldintza batzuk behar dira posible izateko (neurri horretako ontzi bat izan, adibidez).
    • Urrea eta zilarra izan ziren XIX. mendera arte iraun zutenak, baina hauek ere… Haien eskaintza -eta beraz, balioa,- ezin zen aurreikusi, hobi berriak aurkitzearen baitan zegoen…
  • DIRU FIDUZIARIOA edo konfiantzazko dirua
      • Gaur egun erabiltzen dugun diruaren ezaugarri nagusiena KONFIANTZAn oinarritzen dela da. Horregatik, diru fiduziarioa deritzo.
      • Historian zehar erabilitako beste diru motek, TRUKAGARRITASUNA zuten; hau da, paperezko diru hori urreagatik truka zitekeen. Gaur eguneko dirua, ordea, ez. Ez du trukagarritasunik: billeteak papera eta tinta baino ez dira eta txanponak balio txikiko metalezkoak dira, ezin ditugu urre edo baliozko beste ezerengatik aldatu. Billete edo txanpon horiek balioa dute, guk hala ematen diogulako, esleituta duten balioan sinesten dugu eta prest gaude balio horri dagokion ondasun eta zerbitzuak emateko trukean. Konfiantza hori da diru fiduziarioaren oinarria.
      • Motak: 
        • LEGEZKO DIRUA: Herrialde bakoitzean banku zentralek jaulkitako txanpon eta billeteak dira, ESKU-DIRUA. Espainiaren kasuan, euroguneko herrialdea izanik, euroa du moneta gisa, euroguneko herrialde guztiek bezala. Europako Banku Zentralak jaulkitzen eta kontrolatzen du euroguneko herrialdeetan zirkulatzen duen diru-kantitatea. 
        • BANKU-DIRUA: Banku-dirua BIRTUALA da, ukiezina. 
          • Dirua fisikoa, esku-dirua, bankuan sartzen dugun momentuan, diru hori apunte bat bihurtzen da. Gure kontuan apuntatuta ikus dezakegu (ordenagailuan kontuak begiratzean, libretan kopurua agertzen denean…), baina diru hori atera arte ez da fisikoki existitzen, esku-diru izateari uzten dio. 
          • Bankuan dagoen bitartean, txanpon eta billete horiek bankuak erabil ditzake beste helburuetarako: beste bezero bati mailegatzeko, adibidez.
          • Gaur egun, diru birtual hau gero eta gehiago erabiltzen da gure egunerokoan eta, etorkizunean, gero eta diru mugimendu gehiago egingo dira diru birtualarekin, diru fisikoaren erabilera gutxituz. Europako hainbat hiritan (Norvegian, adibidez), diru efektiboa erabilera ia guztiz kendu da (ordainketen %10 baino ez dira egiten diru efektiboan) eta ordainketa txikiena ere, txartel edo mugikor bidez egiten daiteke. Jarrera hau, etorkizunean nabarmenduko da eta areagotuko da, diru efektiboa desagerraraziz edo, behintzat, ordainketa hondar-modu bezala baliatuz. 

      Adib: Guk 1.000 euro billete eta txanponetan bankura eramaten ditugunean gure kontuan sartzeko, bankuan diru hori jasotzen digute eta gure kontuan 1.000 euro gehiago apuntatzen dizkigute. Diru horrekin, transferentziak edo ordainketak egin ditzakegu beste kontuetara, baina berriro diru hori atera arte bankutik, ez da berriro billete edo txanpon bihurtuko. 

8.3. Diruaren kudeaketa

  • Gure eskuetatik diru igarotzen da; dirua jasotzen dugu eta dirua ordaintzen dugu. Funtsezkoa da, gure gaur eguneko eta etorkizuneko beharrak betetzeko, gure eskura dagoen dirua egoki kudeatzea; FINANTZA-PLANIFIKAZIO egokia egitea. 
  • Horretarako, AURREKONTUAK egitea eta doitzen joatea ezinbestekoa da.

8.4. Diru-sarrerak, Gastuak

8.4.1. Diru-sarrerak

  • Def: Diru-sarrerak ditugun diru-iturrietatik (soldata, negozio etekinak, inbertsioen mozkinak…) lortzen ditugun diru-kantitateak dira. 
  • Motak: Diru-sarrerak, batzuetan, EPEKA errepikatzen dira (adibidez, soldata hilero) eta beste batzuetan, NOIZBEHINKAKOAK edo ez-ohikoak dira (negozio baten mozkinak, adibidez, irabaziak daudenean jasoko dira, enpresak mozkinak banatzea erabakitzen badu). 
  • Diru-sarrera ohikoenak: Soldata, Gizarte-segurantzako pentsioa…

8.4.2. Gastuak

Gastuak, berriz, sortzen zaizkigun diru-irteerak dira, ordaintzen dugun dirua, hain zuzen. 

8.4.2.1. Gastu motak eta horiekiko jarrera

Gastuak 3 taldetan sailka ditzakegu bere ezaugarri eta garrantzien arabera: 

  • Nahitaezko gastu FINKOAK: Ezinbestekoa da ordaitzea, hori egin ezean ondorio latzak etor daitezkeelako. Adib: Etxearen alokairua, bankuaren mailegua… 
  • BEHARREZKO gastu ALDAKORRAK: Ezin dira guztiz kendu, baina bai murriztu. Adib: argindarra, telefonoa, arropa…
  • Beharrezkoak EZ DIREN gastuak: Baztergarriak dira. Adib: zinema, bidaiak… 

Lehentasun horiek kontutan izanda, gastuak gutxitu behar direnean, beharrezkoak ez direnetatik hasi behar da, horiek kenduz. Ondoren, beharrezko gastu aldakorrak ahal bezain bat gutxitu beharko dira; baina, nahitaezko gastu finkoak ordaintzea ezinbestekoa izango da. 

8.4.2.2. Gastuak ez ordaintzearen ondorioak

Ordaindu beharreko gastuei aurre egiten ez diegunean, guretzat ondorio negatiboak ditu. Gastu motaren arabera, ondorioak larriagoak edo arinagoak dira, baina beti negatiboak. Gastu horiek, nahitaezko gastu finkoak direnean, ez ordaintzearen ondorioak oso gogorrak izan daitezke. 

Horregatik, gastu horiek ordaintzerik ez dugunean, hoberena hartzekodunekin hitz egitea eta NEGOZIATZEA da (atzerapen bat, pixkanaka ordaintzen joatea….). Auzian sartzea edo epaiketetara jotzea ez da inorentzat aukera egokia izaten (irudi txarra ematen du, gastuak sortzen dira, erlazioak zapuzten dira…), irtenbide bat bilatzea beti da aukera hobea zorduna nahiz hartzekodunarentzat.

Zorrak ez ordaintzeagatik izan ditzakegun ondoriorik nagusienak hauek dira: 

  1. ZORRA HANDITZEA: Gastuak ordaintzen ez ditugunean, gastu GEHIGARRIAK sortzen dira (berandutze-interesak) eta horiek zorrari gehitzen zaizkio. Ondorioz, berandu ordaintzeak, gure zorra gehitzea dakar. 
  2. EPAIKETEI EDO AUZIEI AURRE EGIN BEHAR IZATEA: Gure ordainketei aurre egiten ez diegunean, dirua jaso behar zuten hartzekodunek, epaitegira jo dezakete beren dirua eskatzera. Hori gertatuz gero, gastuak izango ditugu: epaiketaren gastuak, abokatua… eta abar. 
  3. GURE ONDASUNAK GALTZEA EDO ENBARGOAK JASATEA: Zorrak ordaintzen ez ditugunean, hartzekodunek eska dezakete gure jabetzak baliatzea zorra ordaintzeko eta ondasun horiek gal ditzakegu: etxea, kotxea, motorra…. 

KREDITU-HISTORIALA OKERTZEA: Zorrak epean ordaintzen ez baditugu eta egoera luzatzen bada, berankorren zerrendetan sartu gaitezke. LISTA BELTZ hauetan agertzen dira zorrak ordaindu ez dituzten pertsonak eta, banku eta enpresak askok lista hauetan begiratzen dute inori dirua utzi edo kredituz saldu aurretik. Ondorioz, zerrenda horietan egoteak zaildu dezake etorkizunean maileguak lortzeko aukera izatea. Zerrenda horietan sartzea ez da zaila, gure ordainketetan atzeratuz gero, epe batean egiten ez baditugu, hartzekodunak eska dezake bertan sartuak izatea. Ateratzea, ordea, ez da hain erraza, epe luzeak igaro behar dira eta izapideak egin behar dira zerrenda horietatik atera ahal izateko. 

8.5. Aurrekontua

8.5.1. Nola egiten da?

Diru-sarrerak eta, bereziki, gastuak ez dira beti berdinak. Askotan ustekabeko gastuak sortzen dira edo diru-sarrerak gutxitzen dira (lana galtzea, diru-laguntzak galtzea, inbertsioek esperotako etekinak ez ematea …). 

Aldaketa horiek etekin kaltegarriak izan ez ditzaten pertsona edo familia baten egoeran, komenigarria da, ahal den heinean, aurreztea; eta, horretarako AURREKONTUA da erreminta baliagarriena. 

Aurrekontuan idatziko ditugun izango ditugun diru-sarrera eta gastuak hilabete bakoitzeko eta, ondoren, diru-sarrerei gastuak kenduz, hilabete bakoitzeko soberan dugun dirua ikusiko dugu. Honela, erabaki dezakegu zenbat diru aurrezteko gaitasuna dugun eta gure aurrezte-plana antolatu dezakegu. 

AURREZKIA=SARRERAK-GASTUAK

8.5.2. Aurrekontua doitzea

Ez da nahikoa momentu batean aurrekontua osatzea; egin ondoren, ALDIZKA, BERRIKUSI behar dira. Egoerak aldatuz doaz: diru-sarreran handitzen edo gutxitzen dira; gastuak aldatzen, agertzen edo desagertzen dira. Beraz, ezinbestekoa da, erreminta baliagarria izan dadin, epeka berrikustea eta doitzea. 

8.5.3. Aurrekontuaren emaitza

Aurrekontuan, esan bezala, diru-sarrerei gastuak kenduko dizkiogu. Kenketa horren emaitza, SALDOA, positiboa (diru-sarrerak altuagoak direnean) edo negatiboa (gastuak altuagoak direnean) izan daiteke. 

  • Lehenengo kasuan, saldoa POSITIBOA denean, soberan geratzen den dirua aurreztu ahal izango dugu. Horrela, diru horrekin, etorkizunean, behar edo nahi ditugun gastuei aurre egin ahal izango diegu (oporrak, ezusteko gastuak, kotxea edo etxea berritu…). Beste aukera bat, inbertitzea izango da; hau da, dirua inbertsio produkturen batean edo negozio batean sartzea, etekinak lortzeko eta dugun diru-kantitatea gehitzeko. 
  • Bigarren kasuan, saldoa NEGATIBOA denean, ez dugu nahikoa diru izango zorrei aurre egiteko eta, aipatutako ondorio negatiboak izan nahi ez baditugu, diru-sarrerak handitu edo gastuak gutxitu beharko ditugu. 

Diru-sarrerak HANDITZEA beti ez da erraza epe motzera; agian izan dezakegu ordu estrak egiteko aukera edo lan berriren bat bilatzea, baina beti ez dago aukera. 

Gastuak GUTXITZEA hein batean, ordea, normalean errazagoa da. Horretarako, beharrezkoak ez diren gastuetatik hasi beharko dugu, horiek kenduz (etxetik kanpora ez bazkaldu egoera aldatu arte, zinera ez joan, ez bidaiatu…). Nahikoa ez balitz, beharrezko gastu aldakorrak gutxitu beharko ditugu. Hauek ezin dira beti guztik kendu, baina bai gutxitu (janari merkeagoa erosi, arropa ezinbestekoa ez denean baino ez erosi, argindarra edo telefonoa minimoan kontsumitu….). 

Hala ere, gastuak diru-sarrerak baino handiagoak badira eta saldo negatiboa badugu, FINANTZAKETA BILATU BEHARREAN izango gara: dirua utziko duen inor bilatu beharko dugu. Baina, finantzaketa bat lortu ahal izateko, etorkizunean diru hori ITZULI ahal izateko gaitasuna izan behar dugu; hala ez balitz, ez dugu finantzaketa hori emango digunik lortuko, inork ez baitio dirua mailegatu nahiko itzuliko ez dion norbaiti. 

8.5.4. Aurrekontuaren azterketa (Balorazioa, Adib (4))

Behin aurrekontua osatuta, garrantzitsua da aurrekontuaren azterketa egitea eta bertan dauden atalen pisua aztertzea. Horretarako, aurrekontuko atal bakoitzak duen ehuneko pisua (%) adieraztea eta aztertzea komeni da. Modu horretan, ikus daiteke aurrekontuaren zein zati suposatzen duen gastu mota bakoitzak eta ikuspegi horrek lagun dezake aurrekontua orekatzen. 

Adibideak: 

  • Aurrekontua NEGATIBOA ateratzen bazait eta gastuen ehuneko altuena BEHARREZKOAK EZ DIREN GASTUAK (baztergarriak) badira (aisialdiko gastuak…), errazago gutxitu ahal izango ditut eta nire aurrekontua orekatu. 
  • Gastuen ehuneko altuena NAHITAEZKO GASTU FINKOAK badira (hipoteka, alokairua, aseguruak…), ordea, ez da hain erraza izango aurrekontu horri buelta ematea, eta orekatzeko beste irtenbide sakonago batzuk bilatu beharko dira (alokairu merkeagoa duen etxera joan, diru-sarrera altuagoak lortzen saiatu, mailegu edo hipoteken kuotak gutxitzen saiatu epea aldatuz… eta abar). 
  • Gastuen ehuneko altuena BEHARREZKO GASTU ALDAKORRAK direnean (janaria, arropa, argindarra, gasa…), ordea, ezingo ditugu guztiz kendu, baina agian aztertu dezakegu gure kontsumo ohiturak egokiak al diren edo gastu horiek murrizteko biderik dagoen (argindar edo gas konpainia ezberdinak aztertu, eskaintzak al dauden ikusi, zentzuzko kontsumoa egin, janaria non erosten dugun ikus eta kalitatea gutxitu gabe kostua gutxitu dezakegun aztertu, adibidez, eskaintzak probestuz… eta abar). 
  • Aurrekontua POSITIBOA bada ere, komenigarria izaten da ikustea zein gastutara doan aurrekontuaren ehuneko handiena, ea horiek gutxitu daitezkeen aztertzeko eta gure aurrezteko gaitasuna handitzeko. 

8.6. Aurrezkia

8.6.1. Aurrezkia

8.6.1.1. Zer da? (4)

  • Denok dugu diru-kezkarik ez izateko ametsa, nahi dugun denetarako dirua izatea. Dirua, ordea, ez da mugagabea. DIRUA LORTZEAk esfortzua eskatzen du eta, askotan, ez da ziurra: lana galdu dezakegu, gure negozioa pikutara joan daiteke…. 
  • GASTUAK, berriz, ugariak dira eta, askotan, espero ez genituenak sortzen zaizkigu (gaixotasun bat, etxean matxurak sortzea….). 
  • Diruarekin kezkarik ez izateko modu hoberena AURREZTEA da. Aukera dugunean, dirua gordetzen badugu, ezustekoak sortzen direnean edo gure aurrekontua negatiboa denean, aurrezkiak baliagarriak izango zaizkigu egoerari aurre egiteko. 
  • Aurrezkiak, azken finean, gure diru sarreretatik gastatzen ez dugun diru kantitateak dira. Horiekin, etorkizuneko gastuak ordaindu ahal izango ditugu. 

8.1.6.2. Aurrezteko arrazoiak

Dirua aurreztuta izateak lasaitasun finantzarioa emango digu. Ezusteko gastuak askotan sortzen dira bizitzan eta horiek ordaintzeko nahiko diru gordeta izateak ardurak kentzen dizkigu. 

Aurrezteko arrazoi nagusienak hauek dira:

  1. ETORKIZUNEKO PLANAK EDO AMETSAK BETETZEA: Denok ditugu etorkizunean bete nahi ditugun planak edo ametsak: oporrak, etxe edo kotxe berria, ikasketak, negozio bat sortzea…. Dirua gutxika aurreztuz bagoaz, etorkizunean plan horiek burutzeko aukera emango ditu. 
  2. LARRIALDI EDO EZUSTEKOEI AURRE EGITEA: Beti sortu daitezke gure aurrekontuan jasota ez genituen gastuak: gaixotasun bat, matxurak, istripu bat…. Sortzen zaizkigunean, gerta liteke momentu horretan ez izatea nahikoa diru-sarrera horiek ordaintzeko. Aurrezkiak baditugu, gastu hauek ordaintzerik izango dugu arazorik gabe. 
  3. ETORKIZUNEAN ZORRIK EZ IZATEA: Aurrekontua negatiboa ateratzen zaigunean, aurrezkirik ez badugu, maileguren bat eskatzeko beharra izango dugu. Aurrezkiak baditugu, ordea, ez dugu zorpetzeko beharrik izango eta zorpetzeak dakarzkigun ardura eta gastuak ekidingo ditugu. 
  4. GUSTUKO EZ DITUGUN LANAK EDO LAN-EGOERA ONARTZEA: Diru falta dugunean, askotan, atsegin ez dugun lan bat hartu edo nahi ez ditugun lan-baldintzetan (ordutegi kaskarrak, asteburuak…) aritu beharra sortzen zaigu. Aurrezkiak baldin baditugu, ordea, lana galduz gero, lasaitasuna izango dugu gogoko dugun lana bilatu arte eta benetan atsegin dugun lana bilatu ahal izango dugu. 
  5. JABETZAK MERKEEGI SALDU BEHAR EZ IZATEA: Diru-faltak egin dezake gure jabetzak (etxea, negozioa, kotxea…) azkar eta merkeegi saldu behar izatea, gure egoera okertuz. Aurrezkiak baditugu, berriz, erabakiak lasaitasunez eta egoki hartu ahal izango ditugu. 
  6. ZORPETZEKO AUKERA GEHIAGO IZATEA: Aurrezteko gaitasuna duenak, zorpetzeko beharra izanez gero, errazago lortu ahal izango du finantzaketa bat. Aurrezteko gaitasuna duenak, berez, erraztasun gehiago izango baitu zorra itzultzeko. 

8.6.1.3. Zenbat aurreztu behar da?

Aurreztu beharreko kopurua desberdina da guztiontzat; denok ez dugu egoera berbera ez eta aurrezteko gaitasun berdina. Hala ere, badaude kontutan hartu beharreko hainbat faktore, aurreztu beharreko kopurua kalkulatu ahal izateko:

  1. JABETZA-KOPURUA EDO ONDASUN-ABERASTASUNA: Jabetza edo aberastasun ugari duten pertsonek kezka gutxiago izaten dituzte diruaren inguruan. Kasu horietan, eta nahikoa ondasun-aberastasuna badute, ez dute aurrezteko horrenbesteko beharrik izango. Hala ere, inork ez du ezer betirako bermatua eta aurrezteko ohitura egokiak izatea denontzat da baliagarria. Behar gehiegi ez izanda ere, ondasun asko dutenek ere aurreztea komenigarria da lasaitasun osoa izateko. 
  2. DIRU-SARREREN FINKOTASUNA: Guztion diru-sarrerak ez dira beti egonkorrak. Lanak, askotan ez dira betirako eta momentu batean ditugun diru-sarrerak gerta liteke aurrerago desagertzea edo gutxitzea. Lana eta soldata ziurtatuta duten bakarrak FUNTZIONARIOAK dira eta hauek, diru-sarrerak bermatuta izanda ere, ezusteko gastuak ere izan ditzakete. 

Hala ere, gure lana ez bada finkoa edo etorkizunean mantenduko ote dugun ez badakigu, egokiena da soldata hori dugun artean, ahal dugun guztia aurreztea. Zenbat eta egonkortasun gutxiago izan diru-sarreretan, orduan eta gehiago aurreztea komeni da. 

  1. OSASUNAREN EGOERA: Gure osasunaren etorkizuna ez da inoiz ziurra, baina osasun ona ez duten pertsonek, ahal duten gehiena aurreztea komeni da. Posible da etorkizunean Gizarte Segurantzak ordaintzen ez dituen gastuak izatea (hainbat tratamendu, etxea moldatu behar izatea….) eta, bestalde, osasuna falta denean, zaila da lan egin ahal izatea eta diru-sarrera egokiak izatea. 

Hori guztiagatik, osasuna egokia ez dutenei, komeni zaie gastuak ahal den guztia gutxitzea eta posible duten guztia aurreztea, etorkizunean sortu daitezkeen beharrei aurre egiteko. 

  1. FAMILIA-EGOERA: Familiaren osakerak ere eragina du aurrezteko beharrean. Familia batek seme-alaba kopuru handia edo adineko edo dependentziadun senideak badituzte, posible da etorkizunean diru-behar altuagoak izatea (seme-alaben ikasketak, etxea moldatu behar izatea senideentzat, pertsonaren bat kontratatu behar izatea senideak edo seme-alaben zaintzan laguntzeko…). 

Kasu horietan, komeni da ahalik eta diru gutxien gastatzea beharrezkoak ez diren gastuetan eta ahal den guztia aurreztea. 

8.6.2. Banku-kontuak

Bankuak eta kutxak enpresa eta familien aurrezkiak lortzen saiatzen dira. Hauek bereganatuz, diru hori erabil dezake beste familia eta enpresa batzuei eskaintzeko, finantza-produktu ezberdinen bitartez: maileguak, inbertsioak…. 

Bankuak eta kutxak, beraz, diru-merkatua kudeatzen duten BITARTEKARIAK dira, familia eta enpresen beharrak asetuz eta zerbitzu horren trukean etekinak lortuz.

Bankuei, dirua banku-kontuetan dituzten aurreztaileei interes txiki bat eskainiko diote eta, ondoren, diru hori beharra dutenei eskainiko diete trukean interes handiago bat kobratuz. Eta kobratzen duten interes handiaren eta ordaintzen duten interes txikiaren arteko diferentzia bankuen irabazia izango da. 

Bankuek eskaintzen dituzten produktuak asko dira, baina ohikoetan banku-kontuak dira, diru gordetzeko funtsezko euskarriak. Kontu hauek mota ezberdinetakoak dira. Hauek, bi motatakoak izan daitezke: 

  • Ageriko gordailuak
  • Epe finkorako gordailuak edo ezarpenak

8.6.2.1. Ageriko gordailuak

Def: Hauek dira bankuak eskaintzen duten produkturik ohikoena. Kontu hauetan dirua duten bezeroak, edozein momentutan eskuratu dezakete eta horregatik deitzen zaie ageriko kontuak, dirua aldiro agerian baitago. 

A. EGIN DAITEZKEEN ERAGIKETAK 

Kontu hauekin, banku eragiketa ugari egin daitezke. Ohikoenak hauek dira: 

  • Diru-sarrerak eta diru-ateratzeak bulegoan nahiz kutxazain-automatikoetan 
  • Txartelen bidezko ordainketak kontuaren aurka 
  • Mugikor bidezko ordainketa 
  • Ordainagirien helbideratzeak 
  • Diru-transferentziak beste kontuetara 
  • Mailegu-kuoten ordainketak 
  • Pentsio-planetako ekarpenak 
  • Aurrezki-planetako ekarpenak 

B. AGERIKO BANKU-KONTU MOTAK 

Bi motetako ageriko banku-kontuak daude: 

  • KONTU KORRONTEAK: Dirua eskuratzeko txekeak edo txartelak erabil daitezke. 
  • AURREZKI-KONTUAK: Dirua eskuratzeko aurrezki-libreta erabiltzen da. Mota ezagunena, hauen artean, GAZTEENTZAKO LIBRETAK dira. Libreta horiek ezaugarri bereziak eta pizgarriak dituzte, gazteen aurrezkia sustatzeko: komisiorik ez dute, interes altuagoa jasotzen dute, zozketak, opariak….eta abar. Libreta hauek 0-25 urte tartean balia daitezke. 

C. ABANTAILA ETA DESABANTAILAK 

Beste kontu motekin alderatuz, ageriko gordailuek abantaila eta desabantaila hauek dituzte:

ABANTAILAK  DESABANTAILAK
  • Erraz kontrata daitezke
  • Likidezia osoa dute 
  • Kutxazainetatik erraz kudea daitezke
  • Mugimendu guztien informazioa zehazten da aldiro
  • Errentagarritasun baxua dute 
  • Komisio eta gastuak ditzakete: mantentze-komisioak, administrazio-komisioak, eragiketa-komisioak
  • Txartelek kostua dute urtean

Gazte-libreten kasuan edo kontuetan hainbat baldintza betetzen direnean (nomina helbideratua izatea, bankuarekiko lotura handia izatea….), komisio eta gastuak gutxitu edo desagertzen dira. 

8.6.2.2. Epe finkorako gordailuak edo ezarpenak

Kasu honetan, kontuaren titularrak akordio bat egiten du bankuarekin. Ondorioz, dirua epe batez kontuan uzteko (atera gabe) konpromisoa hartzen du eta, trukean, interes altuago bat jasotzen du. Epe horretan, ezingo du dirua berreskuratu (eta uzten badiote, penalizazioak jasoko ditu, normalean, interesen parte bat galtzea). 

Bestalde, kontu hauek ezingo dira ohiko banku-eragiketen euskarri gisa erabili; hau da, kontu hauekin ezingo da transferentziarik egin, txekerik kobratu, kutxazainetik dirua atera, ordainagiriak helbideratu eta abar. Azken finean, kontu hauen helburua ez da izaten eguneroko beharrei aurre egitea; baizik eta aurreztea eta diruari etekin handiagoa ateratzea. 

8.6.2.3. Bankuetan on-line lan egitearen inguruan kontuan izan beharrekoak

Kontu hauek ageriko gordailuen antzekoak dira, baina internet bidez kontratatu eta kudeatzen dira, bulegotik pasa gabe kontu hauek irekitzeko edo ixteko. Bestalde, kontu hauen mugimenduak ere ez dira postontzian jasotzen paper formatuan, baizik eta interneteko aplikazio edo email bidez. 

Hala ere, kontu hauek ez dute galtzen bulegotik pasatzeko aukera, beti joan ahal izango gara dudarik badugu edo laguntza behar badugu, eta bulegoko kutxazainak ere baliatu ahal izango ditugu. 

A. ABANTAILAK 

Kontu hauen abantailak ugariak dira: 

  • Erosoak dira 
  • Ez gara bulego orduetara mugatu behar hauekin eragiketak egiteko.
  • Azkar irekitzen dira
  • Eragiketa-kostu, komisio eta gastu gutxiago dituzte 
  • Etengabeko informazioa mugimenduen gainean 
  • Eskaintza eta zerbitzu pertsonalizatuagoak eskaintzen dituzte 

B. ARRISKUAK 

Kontu hauen kudeaketa internetetik egiten denez, bertan sor daitezkeen arriskuak dituzte bere gain. Horregatik, bankuek nahiz bezeroek, segurtasun neurri egokiak izan beharko dituzte kontu hauen kudeaketari dagokionean. Interneten aritzeko, komenigarriak dira hainbat ohitura egoki hartzea:

  • Seguruak diren orrietan baino ez aritzea (giltzarrapoa dutenak edota https–z hasten direnak). 
  • Gako edo segurtasun-koderik ez sartzea ziurrak ez diren orrietan eta emailez ez bidaltzea. 
  • Sakeleko telefono bidez aritzen bagara banku-kontuen aplikazioetan, telefonoak babestea segurtasun kode edo blokeo-pantailekin. 
  • Kodeak epeka aldatzea. 
  • Gako-txartelak edo segurtasun kodeak gainean ez eramatea, etxean leku ziurrean gordetzea eta inoiz ez bidaltzea hauen kopia edo argazkirik. 
  • Nabigatzaileak eguneratzea, birusen aurkako programa eguneratuak erabiltzea eta suebakiak baliatzea. 
  • Leku publikoetako ordenagailuetan arreta berezia jartzea eta inoiz gakoak ez gordetzea. 

8.7. Inbertsioa

8.7.1. Zer da?

Aurrezten dugunean, dirua GORDETA dugu beharrak edo larrialdiak sortzen direnean baliatu ahal izateko. 

Diru hori erabiltzen ez dugun bitartean, ordea, geldi eduki beharrean, saia gaitezke diru horri etekin handiagoa ateratzen. Horri INBERTITZEA deritzo. Inbertsioen bidez, diruari hainbat erabilera emango diogu, etorkizunean diru gehiago izateko asmoz. 

Aurrezkia eta inbertsioa, beraz, oinarri berdina izanda ere (etorkizunean dirua izatea), DESBERDINTASUNAK dituzte: 

  • HELBURU desberdina dute: aurrezkiak dirua GORDETZEA du helburu; inbertsioak ERRENTAGARRITASUNA lortu nahi du diru hori baliatuz, etorkizunean diru gehiago izateko. 
  • SEGURTASUNA: aurrezkia guztiz ziurra da eta ez dugu dirua inolaz arriskatzen; inbertsioan, inbertsio motaren arabera, dirua arriskuan jar dezakegu ala ez. 
  • DESABANTAILAK: 
    • AURREZKIAK errentagarritasun txikiagoa du
    • INBERTSIOAK arrisku handiagoa du, dirua arriskatzen da etekin handiagoak lortzeko. 

8.7.2. Inbertsioen sailkapena

Inbertsioak sailkatzeko 3 irizpide erabiltzen dira: 

  • LIKIDEZIA: likidezia dirua “likido” bihurtzeko gaitasuna da. Inbertsio batean, dirua berehala berreskura badezakegu, likidezia osoa izango du; dirua berreskuratzeko itxaron behar badugu, likidezia baxua izango du. 
  • SEGURTASUNA: inbertsioan dirua galtzeko arriskurik ez badago, ziurra dela esango dugu; dirua galtzerik badago, ordea, arriskua dagoela esango dugu. 
  • ERRENTAGARRITASUNA: Etekina lortzeko gaitasuna da. Inbertitutako diruarekin zenbat eta diru gehiago lortu, orduan eta errentagarritasun altuagoa dugula esango dugu. 

Inbertsio irizpideak beraien artean erlazionatuta daude: errentagarriak diren inbertsioak, likidezia eta segurtasun gutxi izaten dute, eta alderantziz, likidezia altua badute eta ziurrak badira, errentagarritasun baxuagoa dute. Inbertitzailearen esku egongo da inbertsio mota bat edo bestea aukeratzea, likidezia eta segurtasuna edo errentagarritasuna hobetsiz. 

Hiru irizpideak konbinatuz, inbertsio mota ezberdinak izango ditugu: 

  • Errenta finkoko baloreak
  • Errenta aldakorreko baloreak
  • Inbertsio funtsak. 

8.7.3. Inbertsioen epea

Aurreztea edo inbertitzearen arteko aukeraketan, EPEAK garrantzia du. Normalean, aurrezkia epe motzerako ekintza izaten da eta inbertsioa epe luzeragora: 

  • Epe MOTZEAN: normalean zenbateko oso altukoak ez diren gastu edo erosketak egiteko, aurreztu egiten dugu. Adibidez: oporrak, mugikorra, motorra, etxeko erreformak… 

Modu horretan, gastua egin behar dugunean, dirua eskuragarri dugu modu azkar eta erraz batean. 

Aurrezki hau ere, egin ohi da (eta egitea komeni da), nahiz eta helburu jakin bat ez izan, nolabaiteko diru kantitate bat eskuragarri izateko, ezustekoak gertatuz gero, horiei erosotasunez aurre egiteko. 

  • Epe LUZEAN: Dirua epe luze batera gorde nahi izaten dugunean, ohikoa da aurreztu baino, diru hori inbertitzea; denboraren poderioz diru horri errentagarritasuna ateratzeko eta gordetako diru kopura handitzeko. 
    • Orokorrean, ERRETIROAri begira ere horrela egin ohi dugu. Erretiratzen garenerako gure osasun ekonomikoa bermatu nahi badugu, aurretik plangintza ekonomiko egokia egin behar dugu. 

Inbertsio mota hauek, bereziki PENTSIO-PLANenak, aurrezteko errutina bat izatea eskatzen dute eta errentagarritasun egoki bat bermatuta izan ohi dute (beti ez bada ere, aukeren arabera). Bestalde, pentsio-planetan inbertitzen goazen heinean, ONURA FISKALAK ditu, obligazio fiskalak atzeratzen baititu diru hori kobratu arte. LIKIDEZIAri dagokionean, ordea, ez dute likidezia erraztasunik, dirua ezin baita nahi denean berreskuratu; soilik aurretik ezarritako kasuetan. 

Hala ere, epe motzerako inbertsioak (BURTSAN edo NEGOZIO BATEAN….) edota epe luzerako aurrezkiak ere ematen dira (DIRUA GUZTIZ ESKURAGARRI izan nahi denean). 

8.7.4. Inbertsio-motak

8.7.4.1. Errenta finkoko baloreak

Inbertsio mota hauei ZOR PUBLIKOA deritze. Errentagarritasuna eta dirua geldi utzi beharreko epea aldez aurretik finkatzen dira. Zenbat eta epea luzeagoa izan, orduan eta altuagoa izaten da errentagarritasuna. 

Zor publikoa ERAKUNDE PUBLIKOEK jaulkitzen dute, nagusiki, administrazio zentralek; baina autonomia-erkidegoek ere egin ohi dute. Herri gehienek jaulkitzen dute zor publikoa, estatuak duen finantzaketa modua da; herriko administrazioek mailegua bankuei eskatu beharrean, hiritarrei eskatzen diete dirua, trukean interes altuak eskainiz (interes hauek bankuak kobratuko lukeena baino baxuagoa da, hala ere). Epe batez, hiritarrak dirua mailegatuko dio estatuari, bankuan lortuko lukeen interesa baino altuagoa lortuz eta, aldi berean, estatuak mailegua bankuari eskatuz baino merkeago lortzen du. 

Errenta finkoan, EZAUGARRI hauek ematen dira: 

  • LIKIDEZIA: ez dute. Inbertsioak iraun bitartean, dirua ezin da berreskuratu. o Segurtasuna: ia erabatekoa, estatuak bermatzen baitu. 
  • ERRENTAGARRITASUNA: epea luzatzen den heinean igotzen da. 

8.7.4.2. Errenta aldakorreko baloreak

Akzioen erosketan egindako INBERTSIOAK dira. Errenta aldakorraren kasuan, errenta finkoan ez bezala, ez dugu errentagarritasuna aldez aurretik ezagutuko eta inbertsioaren epea ere finkatu gabe egongo da. 

Inbertitzaileak enpresa edo negozio bateko akzioak erosten dituenean, bertako jabetzaren parte bat erosten du, BAZKIDE-JABE bihurtuz eta enpresa edo negozioaren kudeaketan parte hartu izango du. Ondorioz, ez dago eperik bere inbertsioa berreskuratzeko. Bazkidea den bitartean, enpresa edo negozioa ondo badoa, dibidenduak edo etekinak lortuko ditu. 

Errenta aldakorrean, ezaugarri hauek ematen dira: 

  • LIKIDEZIA: erabatekoa da, edozein momentuan saldu daitezke akzioak eta dirua berreskuratu (agian ez inbertitutako guztia). 
  • SEGURTASUNA: berez, ez dute segurtasunik. Balore batzuk besteak baino ziurragoak badira ere, ezin ziurta daiteke inbertitutako dirua ez galtzea. 
  • ERRENTAGARRITASUNA: aldakorra da, ezin jakin daiteke aurretik, oso altua izan daiteke, hala negatiboa. 

8.7.5. Inbertsioen arriskua

Ikusitako inbertsioek arrisku maila ezberdina dute. ARRISKUAREN arabera sailkatzen baditugu, gutxienetik gehienera, ordena hau litzateke: 

  • ERRENTA FINKOA
  • ERRENTA ALDAKORRA

Inbertsioen arriskua gutxitu nahi badegu, inbertsio mota ziurrenetara joan beharko dugu; baina, badaude ere, inbertsioen arriskua murrizteko––, bideak; besteak beste, dibertsifikazioa: 

  • DIBERTSIFIKAZIOA: Inbertsio-funtsetan aipatu dugun moduan, arriskua gutxitzeko modu bat dirua inbertsio ezberdinen artean banatzea da. Denek dute bere arriskua, baina dirua banatzen badugu inbertsio ezberdinetan, zailagoa izango da denak gaizki joatea. Ordea, diru guztia inbertsio bakar batean jartzen badugu eta gaizki badoa, dena galduko dugu. Dirua inbertsio ezberdinen artean banatzeari, dibertsifikazioa deritzo.

8.8. Zorra

Aurreztearen aurkakoa da. Hau da, gastuak diru-sarrerak baino handiagoak direnean, gure AURREKONTUA NEGATIBOA izango da eta falta zaigun diru hori eskatu beharko dugu bankuan edo beste nonbaiten. Eskatzen dugun diru hori ZORRA izango da eta diru hori itzuliz joan beharko gara pixkanaka etorkizunean ditugun diru-sarrerekin. 

Hau da, aurrezten dugunean, etorkizuneko gastuak iraganeko diru-sarrerekin (gordeta ditugun horiekin) ordaintzen ditugu. Zorpetzen garenean, iraganeko gastuak etorkizuneko diru-sarrerekin ordaintzen ditugu. 

Bizitzan zehar, nahiz eta finantza kudeaketa eta aurrekontu egokiak egin edo aberastasun maila egoki izanda ere, arrunta izango da finantzaketa beharra izatea; batez ere, inbertsio handiak egin behar badira: etxea edo kotxea erosteko, negozio bat montatzeko… eta abar. 

Zorpetzen garenean, dirua berehala dugu eskuragarri eta gure beharrak momentuan asetu ditzakegu. Kasu askotan, zorpetuko ez bagina, ezingo genituzke hainbat jabetza erosi edo inbertsio egin, bizitza osoa beharko genukeelako behar dugun dirua pilatzeko eta, dirua lortzerakoan, jabetzaren prezio altuagoa litzateke. Zorpetzeari esker, momentuan eros dezakegu jabetza edo sortu dezakegu negozioa eta hurrengo urteetan itzultzen joan dirua. 

8.8.1. Zorraren kostua eta kudeaketa

Aipatu bezala, zorpetzea aukera ematen digu momentuak lortezinak direnak erosteko, baina bere alderdi negatiboak ere baditu: 

  1. Familiaren aurrekontuan gastuak gehitzen ditugu (mailegua itzultzen joango gara eta diru hori aurrekontuan gastu gisa gehituko da. 
  2. Maileguek kostuak dituzte (interesak, gastuak, komisioak…) eta, beraz, itzultzen dugun diru kopurua utzi digutena baino altuagoa izaten da. 

8.8.2. Zorpetze-mailak

Pertsona edo familia bakoitzaren egoera desberdina da; baina, hala ere, zorpetze maila gomendagarria, gehienez ditugun diru-sarreren %15aren ordainketak egitea eskatzen digutenak izango dira. 

Mailegua itzultzeko gure hileko diru-sarreren %15a baino gehiago ordaindu behar badugu, gure aurrekontuan gehiegizko gastuak izan ditzakegu. Gomendatutako zorpetze mailak honakoak dira:

Zorpetze maila: 

(Diru-sarrerekiko %a)

Egoera-finantzarioa
% 0-10  Egokia
% 10-15  Ertaina
% 15-20  Arriskutsua

Hala ere, zorpetze maila hauek, ekonomia egoerarekin erlazioa dute. Adibidez, orain pasa berri dugun krisiak egin du jendeak maila horietatik gora zorpetu behar izatea egoera ekonomikoari aurre egiteko eta, orokorrean, zorpetze maila asko igo da familia eta enpresetan. 

8.8.3. Finantzaketa-moduak

Mailegu bat jasotzen dugunean, trukean kostu bat ordaindu beharko dugu, INTERESA deritzona. Interesa 2 motetakoa izan daiteke: 

  • Interes FINKOA: maileguaren iraupen osoan mantentzen da. Hasieratik finkatzen da interesa eta beti berdina da. 
  • Interes ALDAKORRA: maileguaren iraupenean zehar aldatuz doa, erreferentzia-tasa bati lotuta dago eta. Erreferentzia tasa hau EURIBORRA izan ohi da. Euriborra egunero aldatuz doa, eta gure mailegua epeka errebisatuko denez, euriborraren aldaketak egingo du ordaindu beharreko interesak igotzea edo jaistea, mailegua garestituz edo merketuz. 

Mailegu baten interes-tasari (finko nahiz aldakorra) INTERES-NOMINALA deritzo, baina ez da maileguek duten kostu bakarrak. Aurretik aipatu bezala, komisio eta gastuak ere izan ohi dituzte, eta horiek mailegua garestitzen dute. Existitzen diren gastu eta komisioak desberdinak izan ohi dira, eta horren maileguen arteko konparaketa zailtzen du. 

Horregatik, maileguan beren artean konparatu ahal izateko, URTEKO TASA BALIOKIDEA (UTB) erabiltzen da. UTBa kalkulatzean, maileguak dituen kostu guztiak biltzen dira eta horiek kontutan hartuz, benetan ordaintzen dugun % kostua adierazten digu. Bi maileguen UTBak (eta ez interes nominalak) konparatuz, jakin dezakegu zein den merkeena. 

8.8.4. Zorrik ohikoenak

Dirua lortzeko bide ezberdinak daude, eta denek ez dituzte arrisku eta kostu berdinak. Hona hemen finantzaketa lortzeko modu ohikoenak: 

8.8.4.1. Hipoteka-maileguak

Etxea erosteko edo konpontzeko eskatzen dira. Dirua itzuliko dugula bermatzeko, ETXEA jartzen da garantia moduan eta, ordainduko ez bagenu, etxea gal dezakegu. Mailegu hauen kontratuak NOTARITZA batean sinatzen dira. Epe luzekoak izaten dira, baina kostu baxukoak. 

8.8.4.2. Mailegu pertsonalak edo kontsumo-maileguak

Oso ohikoak dira eta gastu ezberdinei aurre egiteko erabiltzen dira: bidaia, kotxea, ikasketak, konponketak… Diruaren itzulera pertsonak berak bermatzen du eta kontratu batean jasoko dira baldintza guztiak. Mailegu hauek eman aurretik, dirua eskatzen duenaren egoera ekonomikoa aztertuko da, dirua itzultzeko gai izango dela bermatzeko. 

8.8.4.3. Kreditu-lineak

Kasu hauetan, bankuan diru kantitate bat jartzen dio eskuragarri bezeroari eta horren behar duen partea soilik erabiliko du aldiro. Interesak, erabiltzen den partetik ordainduko dira soilik. 

8.8.4.4. Kreditu-txartelak

Txartel hauen bidez, erosketak egin ditzakegu nahiz eta dirurik ez izan. Hilabetean zehar egindako ordainketak, hurrengo hilabete hasieran ordaintzen dira (kosturik gabe) edo pixkanaka ordaintzeko aukera ere badago. 

8.8.4.5. Saltokietako txartelak

Kreditu-txartelen antzekoak dira, baina denda ezberdinek sortzen dituzte, bertan egindako erosketak finantzatzeko. Saltokitik kanpora ez dute baliorik. 

8.8.4.6. Bankuetako zenbaki gorriak edo zorpekoak

Kontuan dirurik ez dagoen arren, ordainketa egiten denean. Dirua negatiboan geratzen da, nolabait eta horri zenbaki gorriak deritzo. Interes altua eta kostuak izan ohi dituzte. 

8.8.4.7. Bankuetatik kanpoko kreditu erraz edo azkarrak

Kopuru txikiko kredituak eskaintzen dituzte bankuak ez diren kreditu-erakundeek. Izapide gutxi egin ohi dira eta modu azkar batean gauzatzen dira. Interes maila ezberdinetakoak daude; baina askotan interes oso altua dute. Hala ere, oso erabilpen altua dute, bankuek baino baldintza gutxiago eskatzen baitituzte mailegua lortzeko eta, askorentzat, aukera bakarra izaten da, bankuek ez dietelako mailegurik eskaintzen 

Ahal den heinean, zorpetu behar bagara, finantzaketa mota MERKEENA bilatu beharko dugu (UTB tasa baxuena duena) eta, ahal den heinean, ez ditugu erabiliko kostu altua duten finantzaketak, horiek gure gastuak izugarri gehituko baitizkigute. 

Hala ere, finantzaketa aukeratzerako orduan, kostua faktore bat izango da (dituen interes eta gastuak), baina ez bakarra; gure beharrei eta inbertsio motari hobekien dagokiona aukeratu beharko dugu. 

8.8.5. Finantzaketa lortzeko baldintzak

Finantzaketa bat eskatzera goazenean, bankuak edo kreditu erakundeak, itzuliko diogula bermatu nahiko du. Horregatik, gure egoera ekonomikoa aztertuko du erabakia hartu aurretik: 

  • Lana dugun ala ez eta, izatekotan, lana finkoa ala epe baterakoa al den.
  • Jasotzen dugun soldata maila.
  • Ditugun gastuak (beste mailegu edo hipotekak, seme-alaba kopuruak, beste gastuak…).
  • Ditugun jabetzak edo inbertsioak (akzioak, etxeak, garajeak, kotxeak….). 
  • Gure bikotearen edo familiaren egoera ekonomikoa (askotan, eskatuko digute pertsona batek baino gehiagok bermatzea diru itzulera) 
  • Gure kreditu-historiala: ea aurretik izan ditugun zorrak ondo ordaindu ditugun, ordaindu gabeko zorrik dugun… eta abar. 

8.8.6. Mailegu-kontratuak

Maileguak idatziz gauzatzen dira mailegu-kontratu batean. Bertan maileguaren baldintzak idatziz geratuko dira eta bi alderdiek sinatuko dute: mailegu-emaileak eta mailegu hartzaileak. 

Kontratuan agertzen diren informazioak dira: 

  • PRINTZIPALA: maileguan emango den diru-kopurua. Kopuru honekiko kalkulatuko dira interesak, gastuak eta komisioak. 
  • INTERES NOMINALA: ehunekotan adierazten da eta mailegatuko 100 euro bakoitzagatik kobratuko den kostua agertzen du. 
  • EPEA: Zenbat denbora izango duen mailegu-hartzaileak zorra itzultzeko. Zenbat eta luzeagoa izan epea, orduan eta baxuagoa izango da hilero ordaindu beharreko kuota (zenbat eta hilabete gehiagotan zatitu mailegatutako kopurua, orduan eta gutxiago ateratzen da). 
  • KUOTA: zenbat ordainduko den hilero. Ordainketa horren parte bat zorra gutxitzeko izango da eta beste parte bat interesak ordaintzeko. 
  • MAILEGU-EMAILEA dirua uzten duen finantza-erakundea, normalean bakuna edo kutxa.
  • MAILEGU-HARTZAILEA: dirua jasoko duena eta zorra ordaintzen joango dena.
  • UTBa: Maileguaren benetako kostua 100 euro bakoitzeko, kontutan izanik kostu guztiak (interes nominala, komisioak, gastuak…). 
  • KOMISIOAK: Finantza erakundeak kobratuko dituen kostu gehigarriak hainbat arrazoiengatik (mailegua ireki, itxi, ….). 
  • GASTUAK: Maileguaren inguruan sor daitezkeen beste hainbat gastu: tasazioa, notaritza, aseguruak…

Kontratua definitu aurretik, mailegu-hartzaileari askotan aukera ezberdinak emango zaizkio interes, epe eta kuotari begira, bere beharretara eta egoera ekonomikora moldatzeko. Bezeroaren konpromezuaren arabera bankuarekiko, interes hobea edo okerragoa lortu ahal izango du. Bankuak, bestalde, kontutan izango du eragiketa horrek duen arriskua baldintzak finkatzerako orduan. Arrisku gutxiagoko eragiketa batek, ziurrenik, baldintza hobeak jasoko ditu, arrisku handiko batekin alderatuz. 

Bestalde, aukera desberdinak egon daitezke epe eta kuota kopuruari begira. Itzultzeko epea motza bada, kuota handituko da eta epe luzatzen bada, kuota gutxituko da. 

8.8.7. Ez ordaintzearen ondorioak

Aurrekontuen atalean, aztertu dugu gastuak ez ordaintzeak dituen ondorioak. Zorrak ez ordaintzeak ere ondorio berdinak izango ditu; azken finean, guretzako nahitaezko gastu finko bat baitira. 

Modu laburrean, ondorioak hauek dira: 

  • Zorra handitzea 
  • Epaiketei edo auziei aurre egin behar izatea 
  • Gure ondasunak galtzea edo enbargoak jasatea 
  • Kreditu-historiala okertzea 
  • Bermeak edo abalak badaude, hauek arriskuan jarriko ditugu (familiako baten etxea edo propietateak… eta abar). 

8.9. Bankuekin harremanak

Bankuen eta beren bezeroen arteko harremanak, beste enpresa askotan ez bezala, kontratu bidez zehazten dira: kontu bat irekitzeko, txartela eskatzeko, edozein produktu kontratatzeko…. 

8.9.1. Eskubideak eta betebeharrak

Banku eta bezeroen arteko kontratuetan, alde bietarako eskubide eta betebeharrak ezartzen dira. 

Kontratu horiek, beraz, garrantzi handia dute eta bertan dagoen eduki osoa (letra txikian dagoena barne) irakurtzea eta ulertzea ezinbestekoa da. Ulermen hori bermatzea alde bietako ardura da, bezero batek ezin baitu, legez, kontratatu ulertzeko gai ez den edozein produktu finantzario. Ondorioz, bezeroek, ez lukete sinatu beharko inongo banku-kontraturik, hura osotasunean ulertu arte. 

8.9.2. Informazioa eta negoziazioa

Bankuak eskaintzen duen produktu berdin batek, baldintza ezberdinak izan ditzake bezero batekiko edo bestearekiko. Besteak beste, bezero batetik bestera faktore hauek alda daitezke: 

  • Komisio eta gastuak 
  • Zorpeko edo zenbaki gorriek dituzten kostuak 
  • Txartelen kostuak

Bankuak, bezeroaren hainbat ezaugarri kontutan hartuko ditu horiek ezartzeko momentuan, besteak beste: 

  • Bankuarekiko atxikipena (nomina helbideratua izatea, aseguruak ala pentsio planak kontratatua izatea…). 
  • Bezeroaren ezaugarriak ikusita, bankuak duen interesa bezero hori eskuratzeko edo ez galtzeko. 
  • Bezeroaren gaitasun finantzarioa. 

Horregatik, produktu bat banku batekin kontratatu aurretik, aukera eta eskaintza ezberdinak aztertzea komeni da eta, ondoren, banku ezberdinekin negoziatzea, aukerarik hoberena kontratatu ahal izateko.

8.3. Inflazioa

8.3.1. Inflazioa-Deflazioa

8.3.1.1. Inflazioa-Deflazioa (Def, Funtzionamendua, Neurketa, Azpiko inflazioa, Ondorioak (4))

  • Def: Ekonomia bateko prezioek oro har eta modu jarraituan gora egitea.
  • Funtzionamendua: Inflazio egoera batean, soldatak eta diru sarrerak maila berean gehitzen ez badira, familiek eta pertsonek ondasun eta zerbitzuak erosteko ahalmena galtzen dute, salneurriak igotzean moneta unitate bakoitzarekin ondasun eta zerbitzu gutxiago eskura baitaitezke.
  • Inflazioa neurtzeko, Kontsumorako Prezioen Indizea erabiltzen da. Indize horrek gehien kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzuak biltzen ditu bere baitan eta prezioen maila orokorraren bilakaera erakusten du.
  • Batzuetan, energia eta landu gabeko elikagaiak ez dira kontutan izaten inflazioa kalkulatzeko, gai horien prezioak oso ezegonkorrak izaten baitira. Gai horiek baztertuz, kalkulatzen den inflazioari azpiko inflazioa deritzo.
  • Inflazioaren ondorioak
    • Espainian, langileen soldaten batez bestekoa inflazioaren arabera igotzen da, langileak erosteko ahalmenari euts diezaion (Europan, Espainian ez bezala, soldatak produktibitateari lotu ohi zaizkio).
      • Ekonomiaren egoera ona denean, enpresentzat mesedegarria izaten da;
      • baina, krisi-garaietan, guztiz alderantzizkoa gertatzen da: enpresek soldatak igo behar izaten dituzte, lehen baino gutxiago irabazita ere, eta, zenbaitetan, galerak izanda ere bai.
    • Paradoxa dirudien arren, soldatak ezinbestean igo beharrak enpresa itxiaraztea eragin dezake, eta, lan-baldintzak babestu beharrean, lanpostuak galtzea ekarri.
    • Erosteko ahalmena galtzea:
      • Kaltetuak: Pentsiodunak, Langileak, Aurreztaileak, Herrialdeko produktuak esportatzen dituzten enpresak…
      • Onuradunak:
        • Zordunak: Zorraren balioa kopuru finko bat izan ohi da. Diruaren balioak behera egiten badu, zorrarenak ere behera egingo du eta errazagoa izango da zorra ordaintzeko adostutako kopurua lortzea.
        • Estatua: Administrazio publikoak beti ordaintzen du kredituan. Zorra kitatzen ez duen artean, zor duen dirua galtzen ari da, inflazioa dela-eta.
        • Atzerriko produktuak inportatzen dituzten enpresek: Herrialde batean beste batean baino gehiago egiten badute gora prezioek abantailak izango dituzte atzerriko produktuek: bertako produktuen funtzio eta ezaugarri berberak dituen produktu bat eskuratu ahal izango da, baina merkeagoa.
    • Ziurgabetasuna

8.3.1.2. Deflazioa (Def, Baldintzak, Arazoak (3))

  • Def: Prezioen gutxitze jarraitu eta orokorra da. Aurkako terminoa inflazioa da; prezioen igotze jarraitu eta orokorra, alegia. Oro har, ekonomiako krisialdi eta atzeraldietan gertatzen da deflazioa, kontsumoaren eta inbertsioaren atzerakadak prezioen beherakada dakarrenean.
  • Baldintzak: Ondasun eta zerbitzuen prezioen gainbehera orokorra da, gutxienez denboran 6 hilez luzatzen dena. Horregatik, tarteka sektore jakin batean ematen diren prezioen jaitsierak ez dira deflaziotzat hartzen.
  • Prezioak jaistea ez da beti albiste positiboa:
    • Herritarrek diru gutxiago xahutuko dute, besteak beste, oinarrizko erosketak egiterakoan.
    • Gainera, beherako joera denboran luzatuz gero, testuinguru ekonomikoak okerrera egingo du. Jendeak merkeago erosteko itxaroten badu, eskaera-kopuruak behera egingo du; eskaerak gutxituta, enpresek gutxiago ekoiztuko dute eta, ondorioz, irabaziak izan beharrean, galerak izango dituzte; horrek soldatak jaistea eta kaleratzeak ugaritzea ekarriko du, baita langabezia-tasak gora egitea ere.
    • Gurpil zoroa ez da hor amaitzen. Kontsumoaren beherakadarekin batera BEZa ere jaitsiko da, hau da, diru gutxiago bilduko da zergen bitartez eta, beraz, administrazioek baliabide gutxiago izango dituzte gastu publikoan inbertitzeko.

8.3.2. Inflazioa neurtzea

8.3.2.1. KPI (Def, Funtzionamendua (5))

  • Definizioa: Kontsumo Prezioen Indizea. Batez besteko familia batek kontsumitzen dituen ondasunen prezioen batez besteko haztatua da (Haztatua: Familiek produktu jakin batean zer ehuneko gastatzen duen). Espainian, INEk kalkulatzen du.
  • Funtzionamendua:
    • Horretarako, oinarritzat hartzen den une batean, familiek kontsumitzen dituzten produktuen lagin bat osatzen da, erosketa-saskia izenekoa, familia guztien kontsumoaren adierazgarria izango dena, eta produktu horien prezioen jarraipena egiten da hilabetez hilabete.
    • Prezioak bateratu egiten dira eta indize bat kalkulatzen da, oinarri-urtean 100 balioa duena eta hortik aurrera oinarri horrekiko aldaketa adieraziko duena.
    • Indize orokorraz gainera, produktu motaren araberako prezioen bilakaera ere (elikagaiak, garraioa, arropa, …) kalkulatzen da.
    • KPIren bilakaera soldata, pentsio eta produktuen prezioak aldatzeko erreferentzia gisa erabiltzen da maiz; izan ere, Kontsumorako Prezioen Indizea zenbat igo, halako igoera izan beharko lukete ere soldata eta pentsioek erosteko ahalmena mantentzeko.
    • Gehienetan, estatistika ofizialaz arduratzen diren gobernu-erakundeen ardurapean dago KPI indizearen eraketa.

8.3.2.2. INE (3)

  • Espainiako Estatistika Institutua (jatorrizko izena, gaztelaniaz, Instituto Nacional de Estadística) Espainiako erakunde estatistiko ofizial nagusia da.
  • 1945ean sortu zen ofizialki eta geroztik Estatuko errolda eta beste estatistika ofizial nagusiak biltzea eta zerbitzu estatistikoak koordinatzea eta ikuskatzea du helburu. Espainiako Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren erakunde autonomoa da eta Madrilen du egoitza nagusia. Espainiako probintziako hiriburu guztietan ere delegazioak ditu.
  • Erosketa-saskia deritzona egiten du, hau da, oinarrizko kontsumo talde bakoitzean adierazgarriak diren produktuak hautatzen ditu. Inkesta bidez egin ohi du eta KPI kalkulatzeko balio du.

7. gaia: Estatuaren eginkizuna eta zerga-politika

9. gaia: Finantza-sistema eta Burtsa

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: