9. gaia
Estatu frankistaren sorrera (1939-1959)
9.1 Gerra zibilaren arrasto luzea
Bereizgarriak (4)
Hiru urte gerran izan ondoren, hasi zen diktadura frankista.
- Indargabetu egin zuten 1931ko Konstituzioa.
- Baliorik gabe utzi zuten Nekazaritzaren Erreformarako Legea eta lur eremu zabalak lurjabe handiei itzuli egin zizkien.
- Zentralismo indartsua ezarri zen estatu osoan eta ez deusean geratu ziren autonomiak.
- Langileek eta nekazariek galdu egin zituzten hainbeste kostata lorturiko gizarte eta lan eskubideak.

Kolpe frankista eta gerra osteko biktimak (10:30 min)
Errepresioa
Bortizkeria ez zen gerrarekin batera bukatu eta hasieran bezain gogor jarraitu zuen gerra ondorengo urteetan. Anti-Espainiaren sinbolotzat hartzen ziren errepresaliatuak, errudun egiten zituzten, eta zigortu edo fusilatu.
Gerra galdu zuten errepublikarren aurka bideraturiko bortizkeria biziki luzatu zen gerra osteko lehen urteetan zehar eta etengabeak izan ziren fusilamenduak (60.000 fusilatu gerra garaian alde nazionalean eta 25.000-30.000 pertsona 1939-1945 bitartean), espoliazioak, errekisak, garbiketa administratiboak (7.000 irakasle, adibidez) bortxazko lanak, irainak, zigorrak eta espetxeratzeak.
Gerraren ondorio demografikoak
Ondorio demografikoak oso negatiboak izan ziren espainiar populazioari begira. Arrazoi ugari hartu behar da kontuan:
- Borroka frontean izandako giza-heriotzak.
- Hirien aurkako bonbardaketak erretagoardian.
- Tropa frankistak hurbiltzen ari zirela eta, mugak gainditu zituzten atzerriratuak (440.000 1939ko urtarrilaren 28tik otsailaren 12ra arte). Haien erdiak ez ziren penintsulara sekula itzuliko.
- Gerra ondorengo errepresioa.
- Gerra ondorengo bizi baldintza txarrak, eritasunen zabaltzeak eta elikadura eskasak eragindakoak.
- Gerra ondorengo jaiotza tasaren beherakada.
- Gerran hildako gehienek gizaseme gazteak ziren, seme-alabak izateko adinean zeudenak, eta horrek ondorioak izango ditu jaiotzan.
- Ekonomia eta gizarte egoera latza. Haurdun ez gelditzeko neurriak hartuko dituzte bikoteek eta ezkontzeko adinaren atzerapena.
- Heriotza tasaren gorakada. Haurrak, bereziki.

9.2 Francoren Erregimenaren oinarri ideologiko, politiko eta sozialak
9.2.1 Diktadura
Franco izan zen gobernu buru eta Estatu buru eta bere botere ahalguztidunean oinarritu zen sistema frankista. Berak zuen arau juridikoak aldarrikatzeko botere gorena eta hiru armadetako aginte nagusia ere berea zen.
Espainia berria eraikitzen hasteko erabili ziren oinarriak:
- Diktadore bat, Franco “Caudillo”.
- Ideologia totalitario bat, nazionalsindikalismoa.
- Alderdi bakarra, FET eta JONS.
Falangistek, monarkikoek, katolikoek eta militarrek, “erregimeneko familiek” hain zuzen ere, eta oligarkia ekonomikoko jauntxoek beren partaidetza-maila izan zuten gobernu organo eta erakundeetan. Askok, mugimenduaren oinarri ideologikoei leialtasuna eskaintzearen truke, aberastu eta gizarte mailan gora egiteko aukera izan zuten. Aurreko funtzionarioen garbiketa egin ondoren, funtzionario berriak behar ziren, erregimenaren arauak betearaziko zituztenak eta neurri errepresiboak bideratuko zituzten funtzionario leialak.
9.2.2 Erregimenaren egituratze juridikoa: Erreinuko Oinarrizko Legeak (1938-1967) (11)
Gerra zibila eta alderdia
- Gerra zibilean, jada, alderdi bakarra (FET) eratu zuen (1937), Lanaren Forua aldarrikatu zen (1938) eta prentsa zentsura ezarri zen (1939).
- FET (Falange Española Tradicionalista) barnean falangistak, karlistak eta Renovación Española alderdiko monarkiazaleak bildu ziren hasieratik. Ideologia totalitarioari jarraituz, estatua eta alderdiaren erabateko identifikazioa zuen helburu, baina ez zen guztiz bete.
Sindikatuak
- 1940 → Sindikatuen Batasunerako Legea.
- Horrela sortu zen Organización Sindical Española, alderdi bakarraren gidaritzapean eta menpean.
- Sindikatu ofizial honetara bildu behar izan zuten, derrigorrez, langileek eta enpresariek eta horrela sortu zen sindikalismo bertikala. Teorian Lanaren Foruan jasotako printzipioetan oinarritu ziren sindikatu honen orientabideak, baina praktikan Lan Ministerioak zehazten zituen politika sindikalerako eta lan harremanetako ardatz nagusiak.
Bide beretsuari jarraitu zioten Espainiako gazteria antolatzerakoan. FET alderdiaren menpeko erakunde batzuk arduratu ziren gazteen doktrinamendu ideologikoaz: Frente de Juventudes, Sindicato Español Universitario eta Sección Femenina.
Lege berezia
1939 → Erantzukizun Politikoen Legea. Honekin bizitza publikoa “saneatu” egin zuten, hau da, lanik gabe utzi zituzten erregimenarekin bat ez zetozen langileak. Legearen ondorio izan ziren hurrengoak: heriotza-zigorrak, ondasunak bahitzea, erbestea, lan gaitasun-gabetzea, alargunen egoera penagarria…
Errepresioa
- 1940 → Masoneriaren eta Komunismoaren aurkako Errepresiorako Legea aldarrikatu zen “mugaz barneko etsaiari” aurre egiteko, eta berriro ere indarrean jarri zen Justizia Kode Militarra.
- 1941 → Estatuaren Segurtasunerako Legea aldarrikatu zen eta hurrengo urtean grebak eta horrelako adierazpenak debekatu egin ziren.
Gorteak
1942 → Diktaduraren instituzionalizazio prozesuari jarraia emanez, Espainiako Gorteak sortu ziren. Diktaduraren legitimizazioa “Demokrazia Organikoan” oinarritu zen; ordezkaritzan oinarritutako demokrazia molde politikoetatik zeharo urruntzen zen sistema politiko hau eta gizabanakoaren eta kolektibitatearen eskubideak ezagutzearen aurka zegoen erabat. Erakunde frankista guztiak bezala, Gorteak eztabaidak eta kontsultak egiteko baizik ez zuten balio eta Francoren kontrolpean egon ziren beti.
Eskubide eta betebeharrak
1945 → Espainiarren Forua. Erregimenaren oinarrizko printzipioak eta espainiarren betebehar eta eskubide teorikoak aldarrikatu ziren Foruan.
Ondorengoa
1947 → Ondorengotzarako Legea: Erreferendumean onartu zen. Espainia erresuma bezala definitu zen eta Francoren esku utzi zen etorkizuneko erregea izendatzeko ahalmena.
Antolaketa politikoa
1958 → Mugimendu Nazionaleko Printzipioen Legea. Frankismo garaiko antolaketa politiko espainiarra; Falangisten iritzi zahar ugari zituen barnean. Edozein kargu publiko zin egin aurretik onartu behar ziren Principios del Movimiento hauek. Politikan aritzeko bide bakarra zen. Altxamenduan parte hartu zuten talde guztiek osatutako alderdi bakar baten antza zuen, estatua eta herriaren arteko bitartekari bakarra.
Demokrazia
Estatuaren Lege Organikoa. Demokrazia Organikoa konsagratu zuen, sindikalismo ofizialean, udal botere frankistan eta familian oinarriturik; hau da, demokrazia liberalaren printzipio guztien kontra jokatuta.
9.2.3 Eliza eta armada
Bi erakunde hauek funtsezko papera izan zuten diktadura finkatu eta bere iraupena ziurtatzeko unean.
Eliza katolikoak legitimatu egin zituen estatu-kolpea eta gerra zibila. Erlijio katolikoaren etsaien aurkako gurutzada bihurtu zuten gerra eta, ondorengo urteetan, eliz hierarkiak batez ere, erregimenaren alde jokatu zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, nazioartea diktaduraren aurka agertu zenean, elizaren babesak asko lagundu zion Francori.
Laguntza honen ordainetan, Francok sari handi bat eman zion elizari. Erlijio katolikoa estatuko erlijio ofizial bihurtu zen eta elizak diru publiko kopuru handiak jaso zituen estatuko aurrekontu orokorretatik eta Hezkuntzaren esparruan hedatzea lortu zuen. Ofizialki ezagutu zituzten elizaren eskolak eta hezkuntza erakundeak. Nahitaezko bihurtu zen erlijioaren irakaskuntza eta elizaren esku geratu zen morala eta ohiturak zainduko zituen zentsura.
Bestalde, armadak garaipenean izan zuen zuzeneko partaidetza eskertzeko, goi mailako kargu militarrak txertatu ziren politika, administrazio eta ekonomia erakundeetan (Francok zituen ministroen laurdena armadakoa zen). Izan ere, armada frankista izan zen lurralde batasunaren bermea eta haren barneko nazio txikietako nazionalismoen aurrean espainiartasuna berretsi zuen tresna.
9.3 Erbestean zegoen oposizioa eta barruko erresistentzia (1939-1953)
9.3.1 Indar garrantzitsuenak
Gerraren amaierarekin ez ziren bukatu bloke errepublikazaleko alderdi eta erakundeek izan zituzten desadostasunak.
- PCE (Partido Comunista de España) eta PSUC-ren (Partido Socialista Unificado de Cataluña) arteko desadostasun politikoak areagotu egin ziren. Alderdi komunista nagusien artean liskar handienak eragin zituen gaietako bat agerian geratu zen: nazio arazoa.
- Mugimendu anarkistak ere bere liskarrak zituen barnean: ezkerreko indar errepublikazaleekin lan egin nahi zutenak eta antiparlamentarismora itzuli nahi zutenak. Ez zuten anarkismoaren estrategia bateratu bat bultzatzerik lortu.
- Zatiketa sakonenak jasan zituena mugimendu sozialista izan zen:
- Negrinen jarraitzaileek Errepublikaren legezko izaera defendatzen zuten.
- Prietoren jarraitzaileek, Espainiako eskuindar ez frankistekin bat eginda eta nazioarteko potentziek lagundurik, Francoren amaiera ekarriko zuen hitzarmen zabal bat izenpetzearen alde zeuden.
9.3.2 Erakunde bateratuak
Desadostasunak desadostasun, oposizio bateraturako erakunde batzuk sortu ziren:
- 1941: PCE alderdiak, bizi zuen isolamendu politikotik atera nahian, Batasun Nazionalerako politika bat defendatu zuen.
- 1944: Alianza Nacional de Fuerzas Democráticas osatu zuten PSOEk, mugimendu anarkistak eta alderdi errepublikazale batzuek, hauteskunde orokorretarako deialdia egingo zuen gobernu demokratiko baten alde. Erregimenaren aurkako oposizio monarkikoak uko egin zion.
- 1945: Joan Borboikoak Lausanan argitaratu zuen agirian Francori monarkiaren Errestaurazioa eskatzen zion, baina bere helburua oso moderatua zen eta diktadorea konbentzitu egin nahi zuen konstituzio ordena borbondar bat berrezar zezan.
- Aldi berean, 1932ko Kataluniako Autonomia Estatutua errespetatzea eskatu zen.
- Baionako Hitzarmena Euskal Herrian, oposizioko alderdi guztiek izenpetu zutena.
9.3.3 Instituzio errepublikazaleak
- 1945: Espainiako erbesteko Gorteak MEXIKOn bildu ziren lehenengoz eta Errepublikako Gobernua ere jardunean hasi zen. Hala ere, indar ahula eta eragin txikia erakutsi zuen; baita NBEk diktaduraren aurkako gaitzespena egin zuenean ere.
- Barne desadostasunak ugariak ziren oraindik eta, horren ondorioz, 1946an beste gobernu bat eratu zen PARISen, Jose Giral buru. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere izenpetu zuen agiri hura.
- Hala eta guztiz ere, potentzia handiek inoiz ez zuten Errepublikako gobernua Francori aurre egingo zion behin-behineko gobernutzat hartu. Izan ere, Erresuma Batuak inoiz ez zuen erregimen frankista desorekatzeko asmorik agertu, eta ez zuen Espainia demokraziarako bidean jartzeko laguntzarik eskaini. Honen ondorioz, 30 urtetan iraun bazuen ere, faktore politiko garrantzitsua izateari utzi zion Errepublikako gobernuak.
9.3.4 Oposizioa barnealdean
Aldez aurretik saio batzuk egin ondoren, 1943. urte aldera berrantolatu zituzten PCEk eta PSUCk beren taldeak barnealdean, era klandestinoan, noski.
Horretarako, eragin handia izan zuen Frantziako hegoaldean komunistek zuten egitura eraginkorrak. 1944an halako irizpide triunfalistak zabaldu ziren komunisten artean, gertu ikusten baitzuten herri matxinada bat Espainian. Ardatzeko indarrek izaniko porrot militarrek handiagotu zuten triunfalismo hura eta hartan oinarriturik saiatu ziren gerrillariak Espainiako barneko muga okupatzen.
1944an sortu zen Agrupación de Guerrilleros Españoles izeneko gerrillari-taldea, errepublikazale espainiarrek Frantziako erresistentzian izan zuten esperientzian oinarrituta. Erregimen frankista berehala eroriko zen ustean, penintsularen barnera eraman zuten jarduera armatua. 1944ko urrian muga igaro zuten gerrillari-brigada batzuek Euskal Herritik eta Aran haranetik, baina huts egin zuen Francoren armada ondo hornituaren aurrean, ekintza militar honek ez baitzuen laguntzarik izan herriaren aldetik.
Atsedenik gabeko errepresioa izan zen oposizioaren aurka eta atxilotu, espetxeratu eta fusilatu egin zituzten mugimendu anarkista, sozialista eta komunistako buruzagi eta militanteak. 1944ko udazkenean buruzagi errepublikarrak eta anarkistak eta PSOE alderdiko batzorde exekutiboko kide guztiak atxilotu zituzten, eta horietako batzuk fusilatu ere bai.
1945ean CNTko batzorde batzuk desegin zituen poliziak eta PSOE, UGT, PCE eta beste alderdietako hainbat batzorde exekutibo atxilotu zituzten 1940-47 bitartean.
9.3.5 Oposizioaren nekea eta borroka armatuaren ahultzea
MONARKIAZALEek joko bikoitza eta antzua bideratu zuten urte haietan. INDALECIO PRIETOrekin adostasun batera iristeko itxurak egin zituzten bitartean, 1948an Juan Borboikoarekin hitzartu zuen Francok Juan Carlosek ikasketak Espainian egitea.
Formula bateratuak aurkitzeko gaitasunik ezak, monarkiazaleen joko bikoitzak eta potentziek eskainitako laguntza eskasak oposizioko indarren porrota ekarri bazuten, nazioarteko harremanen izaera berriak erabat zapuztu zuten frankismoa azpiratzeko itxaropena. Talde bakan batzuek baizik ez zuten osatzen penintsula barneko oposizioa eta 1948an berriro ATXILOTU zuten PSOEko zuzendaritza eta UGT eta CNTko batzordeak. Mugimendu errepublikarra kaxkarra zen garai honetan eta anarkista ere lur jota zebilen; gero eta sakonagoak ziren sozialisten arteko zatiketak eta euskal mugimendu abertzalearen barnean ere tentsioak izan ziren.
Oposizioak penintsularen barnean bizi zuen egoera erbestekoa baino latzagoa izan zen. Errepresioak etengabe jotzen zuen eta oso urriak ziren herriarekin harremanetan jartzeko aukerak.
GERRA HOTZAren hasierak eta monarkiazaleen kemen ahulak argi erakutsi zuten monarkiaren Errestaurazioaren bideak ez zuela etorkizunik. Enbaxadoreak Madrilera itzuli ziren eta nazioarteko onespena jaso zuen erregimen frankistak.
9.3.6 Gizarte eta politika mailako gatazka (1946-1956)
- Garai honetan suspertu zen langile borroka; erregimenarentzat kezka iturria izan zen, baina inoiz ez zuen haren egonkortasuna mehatxupean ezarri.
- Lan gatazka batzuk oihartzun handikoak izan ziren, horien artean Bilboko greba orokorra. 4.000 lagunetik gora atxilotu zituzten Euskal Herrian eta errepresioa basatia izan zen.
- Era berean, urte haietan sortu ziren Hermandades Obreras de Acción Católica eta Juventudes Obreras Católicas langile erakunde kristauak eta gero eta garrantzi handiagoa izan zuten gizarte mailako protesten susperraldian. Elizak, oro har, erregimenari eta nazionalkatolizismoari leial iraun zuen, baina gatazka batzuek apezpiku batzuen eta Acción Católicako sektore batzuen eta intelektual katoliko batzuen arreta eta erantzuna sortarazi zuten, ez baitziren lan politika frankistaren alderdi batzuekin erabat ados.
- 1951n Bartzelonan tranbien prezio berrien aurka antolatu zen greba izan zen herri langileak burutu zuen protesta garrantzitsu bat; boikota erabili zuen herriak bizi baldintza latzak salatzeko, eta mobilizazio handi arrakastatsu bat izan zen. Ehunka lagun atxilotu zituzten eta haiei erantzuteko berrehun eta berrogeita hamar milatik gora langilek jo zuten greba orokorrera. Greba mugimendu handi hau Bilbora, Gasteiz, Iruñea eta Madrilera hedatu zen.
- Erregimena gizartearen haserrea arintzen saiatu zen, ERRAZIONAMENDU TXARTELAK baliogabetu eta soldata igoerak onartu ziren.
9.4 Autarkia ekonomikoa eta nazioarteko politika
Egoera orokorra eta arrazoiak
Gabeziek eta gosetek, lehen mailako ondasunen eskasiak eta errazionamenduak eta mota guztietako eragozpenek zehaztu zuten gerraostea. Baina okerrera jo zuen egoera honek Francoren erregimenak Ardatzeko potentziekin zuen harreman estuagatik eta, batez ere, gobernuak autarkian oinarriturik bideratu zuen politika interbentzionistagatik.
9.4.1 Ekonomiaren garapen aldiak Espainian (1940-1999)
- (1940-1958) Berreraikuntza eta autarkia aldia. Politika autarkikoaren murrizketek hazkundea mugatu zuten eta gorabehera handiak eragin zizkioten hazkunde honi; oinarrizko sektore garrantzitsu bat zegoen eta politika ekonomiko egonkorrik ez.
- (1958-1960) Egonkortasun Plana. Hurrengo hiru arazoei aurre egiteko: kanpoko defizita, dibisa erreserba maila baxua eta inflaziorako presio handiak. Kanpora hedatzea ahalbidetu zion Espainiako ekonomiari, hazkunde, biztanleko errenta eta enpleguan kostua oso handia izan arren.
- (1961-1974) Garapen garaia. Lehenengo Garapen planak ekarri zuen dinamizazioak eta nazioarteko aldeko abaguneak ahalbidetu zioten Espainiako ekonomiari hazkunde garrantzitsuko bidean sartzea. Kanpoko defizitak eta inflazioak murriztu zuten hazkunde ekonomikoa.
- (1974-1982) Hirurogeita hamarreko hamarkadako krisialdia. Petrolioaren krisia deiturikoak, politika ekonomikoaren hutsegiteekin batera, krisialdi larria eragin zion ekonomiari.
- (1982-1989) Laurogeiko hamarkadako susperraldia. 1982az geroztik Espainiako ekonomia suspertzen hasi zen. Nazioarteko ekonomia suspertzeak krisialdiaren irteera erraztu zuen.
- (1989-1993) Laurogeita hamarreko hamarkadako krisialdia. 1989an, Espainiako ekonomia 1993 arte iraun duen atzeraldian sartu zen.
- (1993-1999) Susperraldi motela. 1993az geroztik, Espainiako ekonomiak susperraldia hasi zuen, iraunkorra, eta oinarrizko desorekak kontrolatzen ziren.
9.4.2 Espainia Bigarren Mundu Gerran (1939-1945)
- 1939an jarrera neutrala adierazi zuen gobernu espainiarrak, baina 1940an jarrera hura aldatu eta “gerran parte hartuko ez zuen estatutzat” aldarrikatu zuen: garbi geratu zen guztia División Azul delakoa sortu zenean.
- Pixkanaka, aliatuen aldera hasi zen erregimen frankista hurbiltzen eta 1942. urtean Francok kargutik kendu zuen Serrano Suñer, Kanpo Arazoetako ministro nazizale[5] porrokatua. Itxura hobetu nahi baten ondorioz etorri zen kargu kentze hura eta, alde berean, neutraltasun politikara itzuli eta División Azul gerra frontetik atera zuen.
- 1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean erabatekoa zen atzerriko nazioek erregimen frankistari ezarririko isolamendua, eta demokrazia ezarriko zuen interbentzio aliatu baten aurreko zalantzak nagusitu ziren Espainian. Egoera larri hartan Acción Católicako buruzagi bat izendatu zuen Kanpo Arazoetako ministro. Egia esan, buru-zuritze honek ez zuen inolako aldaketa nabarmenik ekarri barne-politikaren esparrura eta bere horretan iraun zuen diktadura frankistak. Hala eta guztiz, mehatxupean sentitzen zuen erregimenak bere burua eta Espainiarren Forua aldarrikatu zuen 1945ean. Egia esan, eguneroko errealitate gogorretik urrun gelditzen zen asmo batzuen manifestua baino ez zen izan.
- Nazio Batuek Espainiaren sarrerari ezezkoa eman zien eta erretiratu egin zituzten Espainian kreditaturiko enbaxadore atzerritarrak. Jarraitu zuen politika autarkikoak eta larriagotu egin ziren hiritar gehienen bizi baldintza ordurako guztiz txarrak.
- GERRA HOTZA izan zen nazioartean frankismoa onartzeko arrazoi nagusia. Horren aurretik, ez zen ahazten Franco faxistekin lerrokatu zela eta haien tankerako errejimena eratu zuela, baina Gerra Hotzak Francoren beste balio batzuk azpimarratu zituen eta nazioarteak ez ikusiarena egin zuen handik aurrera.
9.4.3 Politika autarkikoa
Atzerapenaren arrazoiak
- Komunikabideak eta garraiobideak egoera oso txarrean geratu ziren eta hondatu zen produkzio ekipo ugari laborantzan eta abeltzaintzan. Gainera, Espainiako Bankuak gerra materiala ordaintzeko 150 tona urre erabili zuen eta honek eragin negatiboa izan zuen ekonomia suspertzeko neurriak hartzerakoan. Hala ere ez da arrazoi nahikoa gerra ondorengo 15 urteetan Espainiako ekonomiaren atzerapena esplikatzerakoan.
- Atzerapena esplikatzerakoan, garrantzi handiagoa du autarkiak.
- Jarduera ekonomiko honetan helburu garrantzitsuena herrialde baten buruaskitasuna da, behar duen guztia ekoiztuz eta atzerriko inportazioei alde eginez. Nazioarteko saretik urrundu eta bertako baliabide ekonomikoetan oinarritu nahi du, atzerriko kapitalari uko eginez.
- Erregimen ultranazionalistak erabili ohi izan dute, batez ere faxismoak.
- Bereizgarriak: Interbentzionismo politikoa, kanpo isolamendua, azpi-kontsumoa eta espekulazioa dira.
- Inportazioak aurrezten baditu ere, baditu bere akatsak. Atzerriarekin ez du inongo harreman ekonomikorik eta horregatik produkzioa modernizatzeko zailtasunak ditu:
- Teknologia berritzea zailagoa da.
- Lehiakortasunean eragina izango du.
Epea: Espainian 1936-1959 bitartekoan mantendu zen autarkia.
Eraginak
- Sare burokratiko erraldoia antolatu zuen, ekonomia guztia arautu nahian. Interbentzioa produkzioan, kanpo-merkataritzan, prezioetan…
- Korporatibismoa: Zerga salbuespena lan publikoen esleipenean… Talde oligarkikoa eta finantza sektorea, bereziki, faboratu ziren. Korporatibismoa harreman laboralen antolaketa sistema da; klase sindikalismoa baztertuz, Estatuak guztiz kontrolatzen dituen izaera profesionala duten taldetan oinarritzen da.
- Gerra zibilak, politika autarkikoak, lehorteek eta uzta txarrek industria produkzioaren geldia ekarri zuen. Ondorioz, nekazaritzara bueltatu behar izan zuen askok.
- Estatuak, autarkia ekonomiko honetan, enpresen sorrera arautu zuen, garatu beharreko sektore nagusiak zehaztu zituen eta atzerriko kapitalaren etorrera oztopatu zuen: honek defizita eragin zuen hornikuntzan… Inbertsio pribatuak urri zirela ikusirik, NAZIO INTERESEKO INDUSTRIAK BABESTEKO LEGEA aldarrikatu zuen eta INI sortu zuen kapital publikoaz (bankuek ere partaidetza handia izan zuten).
Nekazaritza-politika autarkian
Gerra zibilaren ondoren krisialdi sakonean murgildu zen Espainiako nekazaritza. Etxean sartu zen gosea eta oinarrizko produktuen kontsumoaren errazionamendua ezarri zen
Lurrak
- Lurjabe handiei itzuli egin zitzaizkien Errepublikaren garaian desjabetutako lursailak.
- 1939an Instituto Nacional de Colonización izeneko institutua eratu zen. Helburua ureztatze laborantza suspertu eta kolonoen lur berriak antolatzea zen; kanpaina honek oso emaitza kaxkarrak lortu zituen.
Servicio Nacional del Trigo (SNT) eratu zen laborazaleen interesak babesteko. Erakunde honek alea tasa prezioan erosi ahal izatea ziurtatu nahi zuen, nekazaritza produktuen oinarrizko kontsumo bati eta, aldi berean, industriako soldaten maila apalari eutsi ahal izateko.
Erakunde haren osagarri etorri zen Comisaría de Abastos y Transportes (CAT), nekazaritza produktuen merkaturatzea errazteko helburuaz sortu zen erakundea.
Emaitzak ez ziren batere positiboak izan laborantza lur gehienen jabe ziren ekoizle txikiei begira, produktua tasa prezioan eta arin saltzera behartuta baitzeuden; bitartean, lurjabe handiak uztak ezkutatu eta merkatuan ale eskasia handia zeneko uneez baliatu ziren laster aberasteko.
9.4.4 Gizartearen eta ekonomiaren egoera 1940. urteen amaieran
Balorazioa
- Autarkiaren emaitza erabateko porrota izan zen, Espainiako ekonomia nazioarteko ekonomiaren menpean bizi zelako eta ahalmen eskasa erakutsi zuelako barne merkataritzaren faktore ekonomikoak suspertzeko orduan.
- Baina baliabideen eskasia eta errazionamenduarekin batera hasi ziren, baita ere, produktuen metatzea eta espekulazioa eta ohikoa egin zen estraperloa.
- Honen ondorioz, bizi baldintzak gerra aurrekoak baino apalagoak izan ziren eta langileen eros ahalmen eskasa ezin zen barne merkataritza ahula suspertzeko gai.
- Kosta ahala kosta diktadurari eusteko hartu zen erabaki hark ateak itxi zizkion nazioarteko ekonomiaren zabalkuntzari, Europa berreraiki ondoren. Nazioartean balioberritu arte itxaron beharko dute aldaketek.
Ezaugarriak
- Politika protekzionista.
- Estatuaren interbentzionismoa.
- Ekonomiaren alorreko burokraziaren pisu handia.
- Hamarraldi batzuetako atzerapen ekonomikoa.
- Prezioen izaera ez erreala.
- Produktu manufakturatuen azpi-kontsumoa.
- Populazioaren nekazaritzarako joera (biztanleria aktiboaren ia erdia)
- Merkatu beltzaren aupada.
- Bizitzaren garestitasuna.
- Bizi baldintzen okertzea.
- Azkenik, sistema fiskal zeharo atzerakoia (%60 zeharkako zergen bidez biltzen zen!). Gizarte desberdintasun handien artean, finantza, lurjabe eta industriari handien sektoreek era guztietako mesedeak jaso zituzten.
[113] Totalitarismoa
- Erregimen politikoa.
- Alderdi bakar batek eta bere buruzagiak biltzen ditu aginte guztiak, gizabanakoen eskubideak ukatu egiten dira eta estatuak bizitza pribatu eta sozialeko arlo guztiak kontrolatzen ditu. Norbanakoa erabat kolektiboaren pean egon behar du.
- Hitlerren eta Stalinen erregimenak dira horren eredu latzenak.
[114] Masoneria
- Mundu guztira zabalduta dagoen elkarte sekretua. Ez da alderdi bat, ezta erlijio sekta bat ere, gaur egun ez da elkarte sekretu bat ere.
- Antzinako jatorri misteriotsua du; badirudi Erdi Aroko langileen bilkuretan hasi zela. Hasiera, beraz, ertaroko gremioetan bilatu behar dugu. Masoi hitza “maçon”-etik dator, frantsesez “igeltsero”.
- XVII. mendean goi mailako kideak sartu ziren (espekulazioa). Ertaroko sinbolo eta erritoak mantendu zituen:
- Mantala = Lana
- Konpasa = Nor bere buruari jarritako mugak
- Eskuaira = Zuzentasuna
- Biblia = Fedea
- Gaur egun duen zabalkundea liberalismoaren garapenarekin lotuta dago.
- Helburuak: Zintzoen defentsa + Ahulenenganako maitasuna. Askatasuna eta tolerantzia defendatzen ditu eta helburua egia eta gizakiaren perfekzionamendua bilatzea da.
- Adar oso ezberdinak daude bere baitan, Jaungoikoarenganako fedea derrigorrezkoa kontsideratzen dutenetik, beharrezkotasun hori ez dutenen arte.
- Pertsonaia ospetsuak ditu kide (errege, errepublikako lehendakari…)
- 1727an azaldu zen Espainian lehen aldiz, Madrilen, Erresuma Batuko “Gran Logia”ren menpean. Geroago, Arandako Kondeak Gran Oriente bihurtu zuen, frantses sekta masoikoen menpean.
- XIX. mendean 4 elkarte masoiko funtzionatu zuten:
- Gran Oriente de España
- Supremo Consejo de España
- Conde Tilly
- Gran Oriente Español
- Absolutismo garaian desagertu ziren eta garrantzia hartu zuten 1854 eta 1868ko iraultzetan.
- Ondoren elkarte sekretu izate hori utzi zuten eta publikoki agertu zuten bere burua.
- Frankismo garaian erlijio eta Espainia tradizionalaren arerio okerrenetakoa kontsideratu zituzten etaerrepresio gogorra jasan zuten.
- 1979az geroztik berriro jendaurrean ospatu dituzte bere bilerak.
[115] GERRA HOTZA
- AEBk eta bere aliatuek (mundu kapitalista) eta SESBk eta bereak (mundu komunista) izan zuten aurkakotasuna, bai politikan, bai diplomazian.
- II. Mundu-Gerraren ondoren hasi zen, bertan batera borrokatu zuten arren.
- AEBk ez zuten SESB-k Europan eraginik izan zezan nahi eta, horri ekiditeko, laguntza ekonomiko ugari eman zioten Mendebaldeko Europari (MARSHALL PLANA).
- Gauza bera egin nahi zuen SESB-k COMECON sortuz: Batak besteari Laguntza Ekonomikoa emateko Kontseilua. SESBk eta Europa ekialdeko bere aliatuek MARSHALL PLANari emandako erantzuna izan zen. Herri hauek amerikarren asmoetatik kanpo gertu zirenean, SESBk bere erakunde ekonomikoa sortu zuen 1949an. Erakunde honek sozialisten bide ekonomikoak jorratzen zituen eta horrekin batera euren ekonomiak koordinatzen zituen.
- Kontua arlo guztietan tentsioa sortzea zen: arlo ideologiko, politiko, diplomatiko, ekonomiko, zientifiko, kultural eta militarrean. Baliabide guztiak erabiltzen ziren horretarako, baina superpotentzia handi bien artean aurrez aurreko enfrentamendurik gerta ez zedin ahaleginak egiten ziren: Berlineko blokeoa, Koreako gerra, Kubako misilen krisia, e.a. Hirurogeiko hamarkadatik aurrera, bizikidetza baketsua gertatu zen, blokeoen arteko politikak bere horretan irauten zuen arren.
- OTAN sortu zen AEBen inguruan (1949) eta VARSOVIAKO ITUNA sinatu zuten SESBen lagunek (1955).
- Tentsio gune ugari sortu ziren eta Sobietar blokea eta SESB desegin zirenean bukatu zen 1991n
- Espainiarekiko eragina: Francori oso ondo etorri zitzaion tentsio hau, AEBk bere alde onak ikustera eraman baitzuen, hau da, komunisten aurka zegoela bete-betean eta aldaketa xume batzuen truke (DEMOKRAZIA ORGANIKOA) MARSHALL PLANEAN aurreikusten zien diru-laguntzak jaso baitzituen. Gainera nazioarteko erakundetan sartzeko aukera ere izan zuen: NBE, MFI…
[116] DIBISIO URDINA: (1941)
- II. Mundu-Gerran boluntario espainiarrak alemaniarrei laguntzera joan ziren Ekialdeko Frontera.
- 50.000 zibil ziren (falangista + militar)
- 1945ean itzuli ondoren, Ermandade bat osatu zuten, Francoren erregimenaren aldekoa.
[117] HENDAIAKO ENTREBISTA (1940ko urriaren 23an):
1. Franco eta Hitler bildu ziren.
2. Espainiak II. Mundu-Gerran Ardatzaren alde egitea zen gaia.
[118] Nazional-sozialismoa
- Hitlerrek zuzenduriko alemaniar mugimendu politikoa.
- Sorrera I. Mundu-Gerra alemaniarrek galdu zutenean dago eta honek alemaniar nazionalistengan eragin zuen frustrazioan.
- 1923an estatu kolpe bat ematen saiatu zen eta huts egin zuen. Hitler 13 hilabetez atxilotu zuten.
- Eskuindar guztiak bertara batu ziren, sozialista eta komunistei aurre egitearren.
- 1933an Hitler gobernu buru hautatu zuten. Sindikatuak desegin, beste alderdiak debekatu, polizia politikoa bat sortu eta bere burua diktadore bihurtu zuen.
- Mugimendu patriotikoa kontsideratu zuten Alemania desastre hartan, baina agintera iritsi zirenean muturreko programa politikoa ezartzen hasi zen: juduenganako jazarpena, propaganda, terrorea, inperialismoa, arrazakeria…