9 Bigarren Mundu Gerra
9.1 Gerraren aurrekariak
9.1.1 Nazioarteko harremanen aldaketa (Aurrekaria, Urratsak (5), Faxisten elkartasuna)
Aurrekaria: Alemania irainduta gelditu zen Versailleseko itunean, eta aliatuek Italiari lurraldea zabaltzeari buruz egindako promesak ez ziren bete.
Urratsak: Apurka-apurka, Hitlerrek Versailleseko akordioak urratu zituen, horiek Alemaniaren gaitasun militarra mugatzen baitzuten.
- 1933an Nazioen Liga utzi zuen.
- 1935ean derrigorrezko soldadutza iragarri zuen.
- 1936an, Hitlerrek Versailleseko ituna urratu zuen berriro, Frantziako mugan zegoen Renania militarizatuz. Frantziako gobernuak Alemaniaren aurkako ekintza militarrak hastea aztertu zuen, baina Erresuma Batua ez zen ekimen horren aldekoa izan.
- Italia faxista ere Alemaniaren antzeko politika gauzatzen ari zen eta 1935eko amaieratik 1936ko hasierara bitartean Etiopia konkistatu zuten. Nazioen Ligak, Erresuma Batuak eskatuta, kondenatu egin zuen Italiaren interbentzioa, finantzan eta ekonomian zigorrak ezarriz.
- 1936an hasi zen Espainiako Gerra Zibila. Potentzia faxistek elkarrekin jarduteko aukera izan zuten, matxinatuei laguntza emanez. Arma eta soldadu asko bidali zituzten matxinatuei laguntza emateko; bien bitartean, demokraziek ez zioten laguntzarik eskaini Errepublikari, eta horrek jasotako laguntza bakarra SESBk emandakoa izan zen.
Faxisten elkartasuna: Bi estatu faxisten elkartasuna, berriz, 1936an Erroma-Berlin ardatza izeneko adiskidetasun ituna sinatuta finkatu zen. Horrela, Alemaniak aliantza sistema eraiki zuen, antzeko ideologiak zituzten estatuekin.


9.1.2 Gerrarako bidea (Anschluss-a, Sudeteak, Municheko konferentzia, Gerrarako beste urrats bat, Altzairuzko Ituna, SESB+Al, Gerra deklaratu, Aliantza Sistema (2))
Anschluss-a: 1937tik 1939ra arte, Bigarren Mundu Gerra hasi zen urtera arte, Alemaniak indarrez zabaldu zituen bere mugak, eta horrek gerraren eztanda eragin zuen. 1937aren amaieran, Hitlerrrek Reichari bere mugetatik kanpoko lurralde batzuk beretzeko aukera eman zioten ekintzak prestatu zituen; 1938ko martxoan, armada alemana Austrian sartu eta Hitlerrek Anschluss zeritzona aldarrikatu zuen, hau da, Austria Reichean sartuta gelditzen zela, nahiz eta hori Versailleseko itunean berariaz debekatuta egon. Itunaren urratze berri horrek nazioartearen protesta epela baino ez zuen izan.
Sudeteak: Anschlussaren ondoren, Alemaniak Txekoslovakiaren aurka jo zuen, Sudeteetako alemanak aitzakiatzat hartuta. Germaniarrak gutxienak ziren eskualde horretan, eta nazien propagandak agintari txekiarrek germaniar horien aurkako jazarpena egiten zutela esaten zuten. Hitlerrek mugan soldaduak pilatu eta eskualdea Alemanian sartzeko eskabidea egin zuen, baina Txekoslovakiak, Frantziaren laguntzarekin, ez zuen eskabide hori onartu. Gerra hastear zegoen. Mendebaldeko demokrazien erantzuna oso epela izaten jarraitu zuen eta gaia aztertzeko nazioarteko konferentzia proposatu baino ez zuten egin.
Municheko konferentzia: Mussolinik eskatuta, 1938ko irailean Municheko konferentzia bildu zen eta, bertan, Alemaniak, Italiak, Frantziak eta Erresuma Batuak hartu zuten parte. Municheko akordioa erabateko garaipena izan zen Hitlerrentzat, sinatzaileek Sudeteak Reichen sartzea onartu baitzuten. Gerra ekiditea lortu zen, baina beste lorpen bat izan zen nazientzat.
Gerrarako beste urrats bat: Hitlerren benetako asmoak handik hilabete gutxi batzuetara azaleratu ziren. Armada alemanak 1939ko martxoan Txekoslovakia inbaditu eta herria zatitu egin zuen: bizi espazioaren konkista hasi zen. Txekoslovakia suntsitzeak demokrazien bakezaletasuna amaitzea ekarri zuen. Frantziak eta Erresuma Batuak ondo ulertu zuten, Hitlerren lurralde bortxaketa etengabeak geldiarazteko, indarra erabili beharra zegoela. Naziak geldiarazteko, ezinbestekoa zen SESBrekiko aliantza lortzea; baina gobernari britainiarrak eta frantsesak komunismoaren aurkakoak ziren, eta ez zuten adore handiegirik sobietarrekin akordioak egiteko.
Altzairuzko Ituna: Bien bitartean, diplomazia alemanak ez zuen denborarik galtzen. 1939an, Altzairuzko paktua sinatu zuen Italiarekin, hau da, defentsarako eta erasorako aliantza.
SESB+Al: Baina, gerra hasi aurreko egunetan, ezusteko nagusia abuztuaren 23an germaniarrek eta sobietarrek elkarri erasorik ez egiteko paktua sinatzea izan zen. Stalinek demokraziek Alemaniaren espantsionismoa SESBren aurka bideratu nahi zutela uste zuen, eta, beraz, ez zuen zalantzarik izan Hitlerrek asmaturiko paktua onartzeko, eta paktu horretako ezkutuko klausuletan Poloniaren zati bat eskaintzen zitzaion.
Gerra deklaratu: 1939ko irailaren 1ean, armada alemanak Poloniaren inbasioa hasi zuen. Oraingoan, Frantziak eta Erresuma Batuak euren konpromisoak bete eta hilaren 3an gerra adierazpena egin zioten Alemaniari. Bigarren Mundu Gerra hasita zegoen.
Aliantza Sistema: Bi aliantza sistema eratu ziren elkarren aurka:
- Ardatza: Alemania, Italia, Japonia eta horien aldeko Europako herri txiki batzuk (Hungaria, Bulgaria, Errumania eta Eslovakia).
- Aliatuak: Erresuma Batua eta Frantzia. 1941ean SESB eta, azken urtean, AEB ere bai.
9.2 Ardatzaren garaipenak (1939-1942)
9.2.1 Garaipenez betetako urtea (Lehenengo pausoak, Maginot lerroa, Dunkerke, Italia, Frantziaren jarrera (4))
Lehenengo pausoak
- Poloniaren inbasioak agerian utzi zuen armada alemanaren indar ikaragarria, armada horrek aste gutxi batzuetan hondatu baitzituen tropa poloniarrak. Frantziak eta Erresuma Batuak ekintza militar oso gutxi egin ahal izan zuten, Poloniari laguntzeko. SESBk, germaniarrek eta sobietarrek elkarri erasorik ez egiteko paktuko ezkutuko klausulak beteta, Poloniaren ekialdeko zatia inbaditu zuen. Horrela, Polonia alemanen eta errusiarren artean banatuta geratu zen.
- Apirilean, Alemaniak Danimarka okupatu zuen, ia erresistentziarik gabe.
- Era berean okupatu zuen Norvegia. Horrela, Alemaniako industriarentzat ezinbestekoa zen Suediako burdinaren hornidura segurtatu zuen.

Maginot lerroa: Germaniar armada blindatuek eraso egin zioten Frantziari. Frantziak gotorlekuz osatutako defentsa bikaina eraiki zuen Alemaniarekiko mugan, Maginot lerroa, eta hori Belgikako mugaraino iristen zen. 1914an bezala, alemanek Frantziako atzealdeari egin zioten eraso, Belgikaren, Herbehereen eta Luxenburgoren bitartez; herri horiek ordura arte neutralak ziren. Herri horietako armadek erresistentzia handia egin arren, ezin izan zuten gauza handirik egin alemanen hegazkinen eta unitate korazatuen nahiz motordunen aurka.
Dunkerque: Hilabete eskasean, Frantzia garaituta gelditu zen. Britainiarrek, Mantxako kanaleko kostalde frantsesaraino atzeratuta, euren armadaren zati handia salbatu ahal izan zuten, tropak Dunkerqueko hondartzetatik ebakuatuz. Hori oso garrantzitsua izan zen gerraren jarraipenerako, aliatuak erabat suntsitzea ekidin baitzuen.
Italia: Ordura arte bazter batean egon arren, nazien garaipena segurua zelakoan, gerran sartu zen 1940ko ekainaren 10ean.
Frantziaren jarrera
- Porrot militarrak goitik beherako biraketa politikoa eragin zuen Frantzian, Gobernuak dimititu eta, horren ordez, gobernu berria eratu zen, Verduneko heroia izandako Pétain mariskalaren presidentziarekin.
- Pétainek, gerra galduta zegoelakoan, armistizioa eskatu zion Alemaniari. Horrela, Frantziak onartu egin zuen porrota.
- Herria bi zatitan banatuta geratu zen: Iparraldea, Paris ere barne, Alemaniaren kontrolpean gelditu zen; hegoaldea Pétainen gobernuen esku geratu zen, eta horrek Vichy hiri txikian finkatu zuen hiriburua eta Pétainek ezarritako alemanen aldeko erregimenari ere izen horixe eman zitzaion: Vichyko erregimena.
- De Gaulle jeneral frantsesak (1959an Frantziako lehendakari izango zena) Londresera ihes egin zuen, naziekiko adiskidetze politikaren aurkakoa baitzen. Bertatik, Frantzian bertan eta kolonia frantsesetan borrokan jarraitzeko deia egin zien frantsesei. Horrelaxe hasi zen erresistentzia.

9.2.2 Ingalaterrako bataila (Alemaniaren garaipenak, Oztopoa, Erasoa, Balorazioa (3))
Alemaniaren garaipenak: 1940ko udan bazirudien Alemania garaitezina zela. Kanpaina laburrak eta bikainak eginez, Polonia, Danimarka, Norvegia, Belgika, Holanda, Luxenburgo eta Frantzia okupatu zituen.
Oztopoa: Erabateko garaipenerako bideko oztopo bakarra Erresuma Batua zen eta, beraz, Alemania Britainia Handia inbaditzeko prestakuntzetan hasi zen.
Erasoa: Erresuma Batua itsasoz inbaditu baino lehen, alemanak britainiarren defentsa gaitasuna airetik suntsitzen saiatu ziren. Airez egindako eraso horri Ingalaterrako bataila esaten zaio. 1940ko udan, germaniar hegazkinek (Lufwaffe) etengabeko erasoaldiak egin zituzten, Erresuma Batuko helburu militarren, ekonomikoen eta zibilen aurka, herrian ikara zabaltzeko. Hala eta guztiz ere, zenbait hiri desegiteak, esate baterako, Coventry, ingelesen adorea suspertu eta AEBen aldeko zaletasuna sustatu zuen. Britainiar hegazkinek Lufwaffe garaitu eta, horrela, Erresuma Batuaren inbasioa bertan behera geratu zen.
Balorazioa
- Britainiarren erresistentzia kolpe gogorra izan zen Alemaniaren espantsionismoarentzat. Hala ere, Alemaniak 1941eko lehenengo hilabeteetan beste garaipen batzuk izan zituen eta ezkutatu egin zuten nolabait Ingalaterrako batailaren porrota.
- Britainiarrek porrota izan zuten Afrika iparraldean, armada alemana (Afrika Korps) italiarrei laguntzera joan baitzen bertara.
- Bestalde, Alemaniak Jugoslaviaren eta Greziaren okupazioa burutu zuen eta, esan bezala, Ardatzaren garaipen hauek ezkutatu egin zuten Erresuma Batuarekin izan zuen porrota.
9.2.3 Sobietar Batasuneko inbasioa (5)
- Europa osoa menperatzeko gogoaren eraginez, eta Erresuma Batua okupatu ezin zuela ikusita, Hitlerrek gerraren eszenatokia aldatzea erabaki eta armak ekialderantz bideratu zituen, nahiz eta sobietarrei erasorik ez egiteko paktua sinatuta eduki.
- 1941eko ekainaren 22an, indar alemanek eraso egin zioten SESBi, gerra adierazpenik egin gabe. Sei hilabetean zehar, armada alemanek garaipen handiak lortu zituzten. Tximista erako gerra mota erabili zuen, erasoaldi handiak aireko bonbardaketa masiboekin konbinatuz; ondoren motordun indarrak eta indar korazatuak sartzeko bidea prestatzen zuten horrela.
- Baina sobietarrak ez ziren errenditu, galtze handiak izan arren. Iparralderantz sartzean, alemanak Leningradora iritsi ziren eta 900 eguneko setioa ezarri zioten hiriari; setio horretan, 800.000 biztanle hil ziren, gosez eta hotzez.
- Hegoaldean, Ukrania okupatu zuten eta erdialdean, Moskuren ateetaraino iritsi ziren. Errusian sartu ahala, hau da, Alemaniatik urrundu ahala, alemanek gero eta arazo handiagoak zituzten armaden hornidurarako eta komunikazioetarako.
- 1941eko urrian, alemanak Moskutik 15 km-ra zeuden, eta hiriburua konkistatzeari ekin zioten. Sobietarren defentsak erresistentzia gogorra jarri zuen, eta, abenduan kontraerasoari ekin zion Siberiatik iritsitako tropekin. Hitlerren indarrek atzera egin behar izan zuten. Lurreko lehenengo porrota izan zen, Ingalaterrako batailan jasandakoaren parekoa.
9.2.4 Japonia gerran sartu
XX. mendearen hasieratik, Japoniak hedapen inperialistako politika sustatu zuen, inguru hartako europarren inperio kolonialen kontra, Asiako potentzia nagusia izateko. Hogeita hamarreko hamarkadan, Txinaren zati handi bat konkistatu eta, Alemaniaren nahiz Italiaren aliatua izanik, frantsesek eta holandesek Asian zituzten koloniak okupatu zituen 1941ean.
1941eko abenduaren 7an, Japoniaren hegazkinek eraso egin zioten Pearl Harbour baseari; Pearl Harbour ozeano Barearen erdialdeko AEBren base nagusia zen, eta bertako flotaren zati handi batek kalte handiak jaso edo suntsituta geratu zen. 1939tik aurrera, agerian zegoen AEBak aliatuen alde zeudela, batez ere Erresuma Batuaren alde, eta horri armak, manufaktura produktuak eta kredituak eman zizkion. Pearl Harbour basearen aurkako erasoaren ondorioz, Ameriketako Estatu Batuak mundu gerran sartu ziren, ardatzaren aurka; horrela, ekonomiaren eta gizakien arloan zuten ahalmen handia aliatuen alde jarri zuten. Horrek goitik beherako aldaketa ekarri zuen gerra luze honen garapenean. Harrezkero, hiru buruzagi aliatuek ekintzak arerio komunaren aurka koordinatzeko erabakia hartu zuten: AEBko Roosevelt presidentea, Erresuma Batuko Churchill lehen ministroa eta Stalin sobietar buruzagia.
Aurkarien indar militar gero eta handiagoari aurre egin ezinik, japoniarrek etsipenaren eraginezko metodoak erabili zituzten, esate baterako, kamikazeak edo pilotu suizidak. Japoniak erresistentzia gogorra jarri zuen.
9.3 Aliatuen garaipenak (1942-1945)
9.3.1 Negu erabakigarria (1942-1943) (Afrika, Stalingrado)
Afrika: Afrika Korps izenekoak erasoaldi arrakastatsua izan zuen Afrika iparraldean, armada britainiarren aurka, Suezeko kanala okupatzeko.
Aldi berean, iparramerikarrak eta britainiarrak Ipar Afrika frantsesean lehorreratu ziren eta, horrela, Ardatzeko indarrak Tunisian harrapatuta geratu ziren.
Stalingrado: Stalingradoko bataila garrantzitsuagoa izan zen. Alemanak hiri horren aurrean gelditu ziren, Kaukasorako bidean, Hitlerren ustez hiriaren konkista lehentasunezkoa baitzen, balio estrategiko handia zuelako. Porrotaren ondorioz, alemanek SESBtik irteten hasi behar izan zuten.
9.3.2 Ardatzaren porrota (7)
- Alemanak eta italiarrak errenditu egin ziren Tunisian eta Afrika iparralde osoa aliatuen esku geratu zen.
- Aliatuek Afrikatik Italia hegoaldea inbaditu zuten. Horren eraginez, erregimen faxista erori, Mussolini atxilotu eta Italiak armistizioa sinatu zuen aliatuekin.
- Baina alemanek egoerari aurre egin eta Italiako lurraldea zatituta geratu zen: hegoaldean aliatuen aldeko gobernua eratu zen. Iparraldean, alderdi naziaren polizia militarrak (SS) Mussolini askatu eta horren zuzendaritzapeko gobernu faxista ezarri zen, nazien kontrolpean. Gobernu horri Salóko Errepublika izena eman zioten.
- 1944ko ekainaren 6an, D day zeritzon egunean, aliatuak Normandian (Frantzia) lehorreratu ziren. Une horretatik aurrera, alemanei bi fronte nagusietatik egin zieten eraso: bata Frantzian zegoen, eta bestea, SESBn. Paris abuztuaren 26an askatu zuten, borroka oso gogorren ostean, eta Frantziako zatirik handiena aske geratu zen 1944ko amaieran.
- Alemaniaren egoera etsigarria zen. Britainiarrek eta estatubatuarrek mendebaldetik egiten zioten eraso, eta sobietarrak, berriz, Alemaniako hiriburura hurbiltzen ari ziren ekialdetik. 1942tik, hegazkinez egindako bonbardaketa sistematikoek Alemaniako hiri eta industrialde asko suntsitu zituzten, Alemaniaren produkzio gaitasuna geldiarazteko eta biztanleren morala suntsitzeko.
- Berlineko bataila izugarriak, alemanek eta sobietarrek 1945eko apirilaren 15etik maiatzaren 5era bitartean egindako batailak, nazien erresistentzia desegin zuen. Hitlerrek bere buruaz beste egin eta horren ondorengo bihurtu zen Doenitz almirantearen gobernua errenditu egin zen, 1945eko maiatzaren 7an. Egun batzuk lehenago, Mussolini atxilotu eta exekutatu egin zuten Italiako iparraldean.
- Roosevelt, AEBko presidentea, hil egin zen eta Trumanek hartu zuen kargua. Lehergailu atomikoa erabiltzea erabaki zuen eta Hiroshima eta Nagasaki hiriak guztiz suntsituta gelditu ziren, bakoitzean lehergailu nuklear bat bota ondoren. Irailaren 2an, Japonia errenditu egin zen. Bigarren Mundu Gerra amaituta zegoen.


9.4 Gerraren balantzea
9.4.1 Suntsituriko mundua (Balorazioa, Lurralde antolaketa (SESB, Japonia, Austria, Al), Ek)
Balorazioa: Demografiaren aldetik, Bigarren Mundu Gerra Lehenengoa baino askoz ere hondagarriagoa izan zen. 50 milioi pertsona inguru hil zen eta lekualdatze masiboak egin ziren.
Lurralde antolaketa: Europan, aipagarriena SESB eta Poloniaren mugak mendebalderantz mugitzea izan zen, Alemaniaren kontura. Alemanek ekialdeko lurren zati bat galdu eta biztanleek germaniar muga berri eta murriztuetara joan behar izan zuten. Sudeteak ere Txekoslovakian bizi ziren alemanak, lurralde horietara deportatu zituzten.
- SESBk Errusiako antzinako Inperioko muga ia guztiak berreskuratu zituen, baita Baltikoko herriak eta Finlandiarekiko nahiz Errumaniarekiko mugetako lurralde txikiak ere.
- Japonia hedapenaren aurreko mugetara itzuli zen.
- Austriak, aliatuek aldi baterako okupatu ondoren, independentzia berreskuratu zuen 1955ean.
- Alemania potentzia aliatuen kontrolpean geratu zen eta lau zonatan banatu zuten.
Ekonomia: Munduko zati handi baten ekonomia, batez ere Europako ekonomia hondatuta zegoen gerra amaitzean. Industrian, garraioetan eta hirietan egindako suntsipen materialak oso handiak izan ziren. AEBk ekonomia kapitalista berrantolatzeko ardura hartu zuten eta, SESBk, berriz, eredu sozialista ezarri zuen goitik behera Europa erdialdean eta ekialdean.
9.4.2 Nazio Batuen erakundea (Aurrekaria, Erakunde berria eta helburuak, Egoitza)
Aurrekaria: Nazioen Liga Lehen Mundu Gerraren ondoren sortu zen, baina bere jarduera mugatua izan zuen.
Erakunde berria eta helburuak: Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, NBE sortzeko karta onetsi zuten San Frantziskon (AEB). Helburu nagusiak
- Nazioarteko arazoak konpontzeko kideen arteko lankidetza erabiltzea.
- Lurreko herri guztien eskubide berdintasuna onartzea.
- Munduko nazioen arteko adiskidetasun harremanak sustatzea.
Egoitza: NBEren egoitza New Yorken dago.