RSS

00. Espainiako monarkiaren ezaugarriak Lege Zaharrean

001 Lege Zaharra

Definizioa

  • Iraultzaile frantsesek erabili zuten 1789. urte aurreko instituzioak aipatzeko, eta hitz gutxiesgarria zen, mundu berri eta politika berri bat hartzen ari baitzen zaharraren lekuan.
  • Gaur egun, Antzinako Erregimenera biltzen ditugu iraultzen (iraultza burgesa zein industrialaren) aurreko Europan eman ziren demografia, ekonomia, politika, gizarte eta mentalitate egiturak, kronologikoki XVI. eta XVIII. mendeen artera luzatzen den aroa.

Testuingurua

  • Aro Modernoan hasi zen monarkien gobernu era da.
  • Erregea, Jainkoaren lurreko ordezkaria zen eta haren aurrean bakarrik erantzun beharko zuen.
  • Erregearen mugarik gabeko boterea: Aginte guztiak zituen. Legeak egiten zituen eta justizi mota guztien oinarria zen, zeregin hori tribunalei uzten zien arren. Administrazioko arlo guztietan bera zen nagusia. Gastuak berak erabakitzen zituen eta zergak ere bere izenean biltzen ziren.
  • Praktikan, ordea, monarkiaren erabaki batzuk ordezkarien organoek eta beste botere-erakunde batzuek, lan korporazioek (merkatarien eta artisauen instituzio korporatiboek) eta nobleen taldeek eta Elizak, esaterako, baldintzatzen zituzten zenbaitetan.
  • Lege Zaharra eta absolutismoaren aurreko burgesiaren oposizioa 1688an, ingeles iraultzan gauzatu zen, erregearen boterea mugatuz eta errege parlamentario bihurtuz.
  • 1789an, Frantziako Iraultzak oraindik gehiago mugatu zuen eta subiranotasuna herrian jarri zuen, parlamentuan eta gobernuan ordezkariak jarriz.
  • Espainian, Karlos IV.aren erregealdian Erregimen Zaharrak krisialdi sakona izan zuen eta horrek sartu zuen Espainia Aro Garaikidean. Erreformen bidez aldatzen saiatu ziren, baina erroak ez ziren ia aldatu (estamentuak, jabetza gutxiren esku, herritar gehienak politikatik kanpo…). Konbentzioko gerra eta Independentzia gerra jasan zituen eta Frantziako Iraultzaren aldeko talde batzuek Erregimen Zaharra behin betiko baztertu nahi izan zuten 1812an Cádizko Konstituzio liberala idatziz.

Absolutismoa

  1. Monarkia absolutua: Erregeak du botere guztia, baina zenbaitetan Nobleziak eta Elizak mugatzen du.
  2. Elizak hamarrenak eta beste zenbait zerga biltzen ditu. Botere hau mugatzea izango da erreformatzaileen helburuetako bat. Gainera Espainian Inkisizioak indar handia zuen.
  3. Estamentu aldaezinak: nobleak, kleroa eta hirugarren estatua (27. orrian hobeto luzatuta dago puntu hau)
  4. Ekonomia nekazaritzanoinarritzen zen. Lurra ez galtzearren nobleek lotuak zituzten bere jabetzak (amortizatuak) eta lurrak ezin ziren erosi edo saldu. Erreformistek biziki saiatu ziren hau aldatzen. Burdingintza zaharra kinka larrian jarriko zaigu, Suediako lehian duelarik.
  5. Burgesiakez du botere politikorik eta oso haserre dago.
  6. Feudalismotik kapitalismoranzko pausoa eman zen eta burgesiak, gero eta indar gehiagoz, bere lekua eskatzen du.

002 Espainiar monarkia XVI. mendetik XVIII. mendera arte

Bi errege etxeren (dinastiaren) esku egon zen Espainiako koroa: Austria eta Borbon etxeen esku.


0021 Austriatarren monarkia (XVI-XVII. mendeak)

Errege-Erregina Katolikoen (Fernando eta Isabelen) arteko ezkontzaren bidez, Aragoik eta Gaztelako koroek bat egin eta Nafarroa konkistatu ondoren (1512), hainbat erresumak osatutako eraikin politikoaren isla zen monarkia hispaniarra. Horrek guztiak ez zuen estatu “nazional” bateratua ekarri eta erresuma horiek beren antolakuntza administratibo eta politiko anitzari eusten zioten lurraldeak ziren.

Austriatarren dinastia berriak Karlos I.aren (V.a Alemaniakoaren) bidez jaso zituen oinordetzan Gaztelako, Aragoiko eta Nafarroako koroak.

XVI. mende amaieran gauzatu zen penintsulako lau koroen batasuna, Filipe II.aren garaian, aipatutako hiruei  Portugalekoa batu baitzitzaien.

Estatuaren egiturari dagokionez, Austriatarren garaian itxuratu zen kontseiluetan eta erregeordetzatan oinarrituriko gobernu sistema bat. Ministerialak ziren kontseiluez gain (Estatua, Gerra, Hazienda) lurralde kontseiluak sortu ziren (Gaztela, Aragoi, Indiak, Italia, Portugal, Flandes) erregeordearekin koordinaturik erresuma ezberdinen gobernuaz arduratzeko. Gobernu sistema honek aldaketa garrantzitsuak ezagutuko ditu XVII. mendean Austria txikien (Filipe III.a, Filipe IV.a eta Karlos II.a) erregealdietan balidoen figura agertzearekin.

Hasiera hasieratik bi joera argi agertu ziren. Alde batetik, monarkia ez absolutista, paktista eta federala mantendu nahi zutenen joerakoak zeuden eta kanpoaldeko erresumetan zen nagusi (Aragoiko Koroa, Portugal, Herbehereak…). Bestaldetik, joera erdirakoia, batasunera erakarritako monarkiaren aldekoak bultzatuta. Joera honetako ordezkari argienak Gaztelako noble batzuk ziren (Albako dukea, Olivaresko Konde-Dukea…).

Zein da arazoa? Espainiar inperioa mantentzeko beharrezkoa zen ahalegin fiskal eta militarra gehienbat Gaztelako petxeroen bizkar egon zen, erresumen arteko lege eta erakunde ezberdintasunak egoerari aurre egiteko gai izan zitekeen ekintza fiskal eta militar bateratua galarazten baitzuen.

Filipe IV.aren garaian (1621-1665), Koroak ordura arteko krisirik handiena nozitu zuen; krisi hori erregearen balidoak, Olivaresko konde-dukeak, antolaturiko barne-politikak eragin zuen. Beraren asmoa Armen Batasuna eratzea izan zen, penintsulako erresuma guztiek Europako kanpaina militarretarako dirua eta soldaduak eman zitzaten; asmo horren azpian estatuaren zentralismoaren ideia zegoen. Saio honek Kataluniako eta Portugaleko matxinadak eragin zituen 1640an. Portugalgo matxinadak lurralde haren independentzia ekarri zuen.

Saioak huts egin arren, ondotik etorri ziren erregeek boterea beren eskuetan edukitzeko nahiari eutsi zioten eta indarrik gabe uzten saiatu ziren tokian tokiko autogobernuzko erakundeak.

Erregearen boterea mugatzearen inguruko gatazka hau Europako beste alde batzuetan ere gertatzen ari zen. Horren adibide garbia da Erresuma Batuko absolutisten eta parlamentarismoaren aldekoen arteko gerra zibila, XVII. mendean. Parlamentarismoaren aldekoak, Legebiltzarrak erregearen botereari muga jarri behar ziola defendatzen zutenak alegia, izan ziren garaile.

0022 Borbondarren monarkia (XVIII. mendetik aurrera)

Austria → Borbon: 1700. urtean hil zen semerik gabe Karlos II.a, Austriako etxeak Espainian izan zuen azken erregea. Errege-aulkia okupatzeko bi hautagai aurkeztu izanak (Karlos artxidukea, austriarra, eta Filipe dukea, Frantziako errege-etxekoa) Erregetzarako Gerra (1700-1713) piztarazi zuen hautagai bakoitzaren aldekoen artean. Filipe V.a izan zen garaile eta bera izan zen Espainiako borbondarretan lehena.

Zentralismoa: Haren garaipenaren ondorioz, aldaketa garrantzitsuak egin ziren gobernuaren barne-egituretan eta administrazioaren antolakuntzan. Errege berriak, garaipenaz baliatuta, aurreko mendean huts egin zuen prozesu zentralizatzaileari ekin zion. Hartara, Aragoiko Koroaren barneko (Aragoi, Katalunia, Valentzia eta Mallorca) instituzio publikoak kentzeko dekretu batzuk aldarrikatu zituen, Oin Berrirako Dekretuak, lurralde haiek austriatarren hautagaien alde jokatu zutelako. Dekretu horien bidez berritu eta bateratu nahi izan ziren gobernu-legeak eta ohiturak.

Gaztelako legeak erabili ziren gobernua antolatzeko eta, ondorioz, “gaztelautu” egin zen monarkia. Aragoi, Katalunia eta Mallorcan deuseztatu egin zen haien “konstituzio” historikoa.

Salbuespena: Euskal lurraldeak, aitzitik, hautagai borbondarraren alde agertu ziren eta horrexegatik errespetatu zituzten Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusiak eta Nafarroako Gorteak.

Monarkia administratiboa: Borboi etxeko erregeek sortu zuten monarkia eredu berri hau. Aurreko mendeetan kontseilu batzuen (Gaztelako Kontseilua, Aragoiko Kontseilua…) laguntzaz gobernatzen zuen erregeak: gerora, bulego-idazkaritzak, hau da, egungo ministerioen aurrekoak sortu zituen. Monarkia eredu berriak (monarkia administratiboa izenez ezagutzen dena) lurralde eta probintzien mugak zehaztu nahi zituen, gobernu eta administrazio zentralistago berri bat  ezartzeko. Penintsularen barneko erresuma eta probintziek intendenteak, gobernuaren ordezkariak alegia, zituzten postu gorenean eta gobernu-arazo guztiez arduratzen zen pertsona hori, finantza aferez batez ere.

Floridablancako kondea: 1785ean estatuko lurrak molde bakar baten arabera banatzeko proposamena egin zuen. Haren arabera 40 probintziatan banatuko zen Espainia, baina ez zuen nahaste egoera hobetzeko balio izan.

0023 Monarkia Absolutuaren ezaugarriak (5)

  1. Erregearen botereak jainkozko jatorria du.
  2. Erregearen boterea absolutua da eta botere guztiak biltzen ditu: legegilea, betearazlea eta judiziala. Erregeak ez dauka legeak bete beharrik, bere boterea legearen gainetik baitago.
  3. Subiranotasuna erregeari dagokio eta bere kolaboratzaileak jarri eta kendu egiten ditu, kontsultarako bakarrik erabiliz.
  4. Estatua koroaren jabegoa da.
  5. Lurralde administrazioa jaun erregimenaren menpe dago eta kleroak eta nobleziak estatuari dagozkion botere batzuk dituzte.

003 Egitura soziala: Biztanleak, gizartea eta gatazka

Demografia (2 kte, Europa, Euskal Herria)

Bi konstante agertzen dira:

  • Jaiotza-tasa handia
  • Heriotza-tasa handia, haurrena batez ere.

Europa: Europa guztian zehar egin zuen gora biztanleen kopuruak. Hirietan hazkunde itzela izan zen.

Euskal Herria: Hemen ere gora egin zuen biztanleen kopuruak; hala eta guztiz ere, ez zen Atlantikoko itsasbazterrean sortu zirenen adinako hirigunerik osatu, Amsterdam bezalakorik esaterako.

Desberdintasunak

Biztanle-kopuruaren hazkunde hauek ez ziren berdinak izan lurralde eta maila guztietan. Hiriguneak landa eta nekazaritza eremuetako herriak baino bizkorrago hazten ziren.

XVII. mendean krisialdi bat izan zen izurri bubonikoaren ondorioz. Ondorio larriak izan zituen Araban eta Nafarroan; kostaldean, berriz, biztanle-kopuruak bereari eutsi eta, gainera, gora egin zuen.

XVIII. mendean orokorra izan zen, berriro ere, biztanle-kopuruaren hazkundea.

  • Nafarroan eta Araban demografia joerak Lege Zaharreko ezaugarriak zituen. Aldiz, kostaldean asko hazi zen.
  • Emigranteek Espainiak munduan barrena zituen kolonietara eta hiriguneetara jotzen zuten.
  • Bizi itxaropena gero eta handiagoa zen eta, beraz, zahartzeko joera zuen biztanleen multzoak.
  • Nekazaritza alorreko produktibitateak goia jo zuen. Ez zen jarduera berririk eta herritarrek hazkundearen erritmoa moteldu zuten, jaiotzak eta ezkontzak kontrolatuta. Ezkontzen ziren emakumeen batez besteko adina gero eta altuagoa izaten hasi zen.

Familia egituren funtsezko ezaugarriak

  • Ahaidetasun zabala: senar-emazteak beren seme-alabekin eta beste senideekin edo senar-emazteekin bizi ziren. Txikiagoak ziren Gaztelako familiaren egitura  eta neurria.
  • Etxekoen kide kopuru handia etxebizitza bakoitzean, nekazaritza-lurraldetako etxeetan bereziki.
  • Gurasoek oinordekoa izendatzeko askatasuna zuten eta ondarearen zatiezintasuna ohikoa zen familia-buruaren agintaritza sendotzeko xedez. Normalean, maiorazkoa errespetatzen zen. Oinordekotzarik gabe geratzen ziren beste anai-arrebek emigratu beharrean izaten ziren, edo etxean betikoz ezkongabe geratu, familia-buruaren esanetara.

Pribilegioetan oinarritutako gizartea

Gizarte Estamentala: Estamentu aldaezinetan banatuta zegoen gizartea (noblezia, kleroa eta hirugarren estatua). Gizarte ordena hau pribilegioan eta indarkerian oinarritu zen hierarkia jakin bat eratzeko, eta bi estamentu zeharo antagonikoak osatzen zituzten nobleek batetik, eta hirugarren estatuak, bestetik. Nobleek eta kleroak, pribilegiodunak ziren aldetik, ez zituzten zergak ordaintzen, nekazariei zergak ezar ziezazkieten, eta nobleei gordetzen zitzaizkien ardura politiko eta militarreko postuak.

Estamentuak: (Noblezia (5), Kleroa (5), Hirugarren Estatua (2))

Noblezia

  • Sortzez edo erregearen izendapenaz izan ezik, ez zen nobleen maila erdiesten. Estamentu honetako kideen artean tituludunak, zaldunak eta kapare edo “hidalgo” soilak bereizten ziren.
    • Tituludunak ziren kondeak, markesak eta dukeak. Bere artean “Espainiako Handiak” (25en bat) zeuden, hots, jabe handiak eta aberatsak. Egoera honek nobleziaren barne ohore bereziak izateko eskubidea ematen zien.
    • Zaldunak ziren hiribilduetan etxe armarridunen jabeak. Hiriko oligarkiako kideak ziren.
    • Kapare soilak izenekoek osatzen zuten nobleen artean maila apalena. Asko ziren iparraldean.
  • Gipuzkoan eta Bizkaian, bertakoak zirela egiazta zezaketen guztiek noble-izaera zuten eta monarkia ezarri berriaren burokrazian lan egiteko eta postuak okupatzeko ahalmena zuten.
  • Nobleziak, kleroak bezala, errenta ugari zekarkien lurralde-jabego handien gozamena zuen.
  • Gainera noble askok, bai errege-kontzesioz bai usurpazioz, jaurgo juridiszionala zeukaten. Beren jaurgo barruan zeuden lurraldeetan, epaitzeko, zigortzeko, zergak kobratzeko eskubidea zuten, guztia erregearen boterearen ahalmenetik at.
  • Familia nobleen jabegoaren zatiketa eragozteko, arriskua aldendu nahirik, XVI. mende hasieran maiorazkoa erakundearen bidez ondasunak noble-etxeari atxikitzea lortu zuten. Horrela ondasunak belaunaldi batetik bestera oso-osorik pasatuko dira eta maiorazkoaren tituludunak osotasunean gozatu ahal izango ditu, hori bai, saldu edo banatu gabe.

Kleroa

  • Kleroak, jaiotzaz lortzen ez den estamentu bakarra, era batean edo bestean Elizaren zerbitzuan dauden pertsona guztiak hartzen ditu barne: apaizak, fraide, moja… Arlo espiritualaren arduraz gain, beste hainbat eginkizun hartzen zituen, hala nola hezkuntza edo gaixo edo behartsuak zaintzea. Horrela egiten zaigu ulergarri kleroak Antzinako Erregimenean zuen garrantzia.
  • Estamentu honen barnean, alde batetik, klero erregularra (abade/abadesa edo priore/Ama Nagusi baten agintepean monasterio edo komentuetan bizi diren ordena erlijioso ugariak) eta klero sekularra (apaizak) berezi behar ditugu.
  • Elizako goi karguak (apezpikuak, abadeak…) familiaren ondarerik eta titulurik jaso ez zuten nobleen oinordekoek osatzen zuten gehienetan. Behe-kleroa (apaiz, fraide eta mojen gehiengoa) jatorriz hirugarren estatukoa zen.
  • Kleroak bere zerga propioak (hamarrena) ezartzeko eta kobratzeko zuen ahalmenaz gain, lege eta auzitegi bereziak zituen, botere politikoarekiko autonomia-maila handia ematen ziotelarik. Ordainetan Elizak botere legitimazio funtzioa beteko du (“tronua eta aldarearen arteko aliantza”).
  • Elizaren ondasunak, zerga ordaintzetik salbu egoteaz gain, “eliz amortizazioaren bidez” babestuta zeuden, hau da, merkatutik kanpo zeuden (esku hilak).

Hirugarren Estatua

  • Estatu laua ere deitzen zaio. Noblezia edo kleroaren partaide ez zirenek osatzen zuten. Pribilegiorik ez izateaz gain, zergak ordaindu behar zituzten (petxeroak) eta ez zuten botere politikoan esku hartzerik.
  • Oso estamentu heterogeneoa zen eta bere barnean alde handiak zeuden ekonomia-mailan: hirietako burgesia (ekonomiaren esparruan gero eta indartsuagoa), artisauak, nekazariak (populazioaren gehiengoa) eta, azkenik, gizarte-maila beherenean zeuden marjinatuak.

Beste bereizketa batzuk

  • Gizarte sarea ez zen soilik estamentu pribilegiodunen eta pribilegio gabeen arteko bereizketaren arabera antolatzen: odolaren garbitasuna, sexua, aberastasuna, lanbidea edo agintea bezalako alderdiek garrantzi handia izan zuten era berean Erregimen Zaharreko gizarteko kideen artean desberdintasunak zehazteko orduan. Bestalde, aberasteko aukerak sortu ziren Ameriketako kolonietan, Europako gerretan eta merkataritzan.
  • Odolaren garbitasunaren arabera ezartzen zen gizarte-bereizketa garrantzitsua zen mende hauetan. Burokraziako edo beste instituzio bateko karguak bete ahal izateko odol garbia exijitzen zen, hau da, herritarrek bere jatorria frogatu behar zuten arbasoen artean judu edo musulmanik ez zutela argi eta garbi gera zedin. Horregatik ziren hain estimagarriak “bizkaitarrak” (noble izaera zutelako).
  • Sexuen arteko desberdintasunei dagokienez, emakumearen funtzioa etxearen esparrura mugatzen zen (bertan familiaburu gizonezkoa zen) eta bere zeregin nagusia, berriz, umeak izatea zen. Herri xeheko emakumeek lan egin behar izaten zuten ogia irabazteko. Oso altua zen erroldetan alargunen kopurua, izan ere, multzo horretara biltzen baitziren ezkongabe emantzipatuak, senarrak Ameriketan zituzten gaizki-ezkonduak edo benetan alargun txiroak zirenak.
  • Petxeroak edo Plebeioak:  Herritar gehienak ziren multzo honetakoak; petxak edo zergak ordaintzen zituztenak.
  • Gizarte maila beherenean zeuden marjinatuak: etxean eta hiriguneetako artisautzan eskulan merke gisa erabiltzen ziren esklabo beltzak eta berberiarrak.

Gizarte estamentalaren ezaugarriak

  • Gelditasuna eta egitura itxia. Aldaketa gutxi zegoen eta ez zioten populazioaren gehiengoari eragiten. Egoera soziala heredatu egiten zen; askotan, lanbidea ere bai.
  • Gizabanakoaren integrazio handia esparru kolektiboetan. Gizabanakoaren bizitza (hau da, lanaren, moralaren, afektibitatearen… esparruak) gremioak, elizak, familiak… bideratuta zeuden. Familia oinarrizko zelula dugu, mendetasun bikoitz batean oinarriturik:
    • Seme-alabek aitarekiko dutena.
    • Emaztearena (senarrarekiko).
  • Desberdintasun sozial handiak (jaiotzetik).
  • Konformismoa. Nola uler daiteke etsipen soziala? Puntu honetan Elizaren papera aipatu behar dugu berriro: botere politikoaren eta ordena sozialaren legitimazio funtzioa, hain zuzen. Lehen esan bezala, gizarte hauen ezaugarri nagusietako bat erlijiotasuna eta Elizaren boterea dugu. Elizak bizitzaren alor guztia ukitzen zituen: esparru morala, hezkuntza, laguntza soziala…
  • Gizarte-gatazkak. Antzinako erregimenean gatazka eta altxamendu ugari gertatu ziren eta eragileak honako hauek izan ziren:
    • XVII. mendean, zergen eta zentralismoaren aurka (Bizkaia, Portugal, Katalunian…).
    • XVIII. mendean, gatazka handiak eragin zituen oinarrizko elikagaien garestitasunak (1766).
    • Altxamendu hauei matxinada izena ematen zitzaien Euskal Herrian (matxino esaten zitzaion burdinoletako langileari eta hedaduraz, artisau, jornalari eta laborariei) eta matxinada horien bidez herritar xehearen eta politika mailako partehartze mota bat gorpuztu zen. Hauen adibide bat Zamakolada da.

Zamakolada

Zamacolak Puerto de la Paz izeneko merkataritza-hiri berria sortzeko asmoa azaldu zuen.

  • Jauntxoen ustez, hiri berriak Bilboko merkataritzari egingo zion kalte, portu berriak situazio hobea baitzuen.
  • Aitzakia hau erabili zuten Bilboko jauntxoek herria matxinatzeko. Trukean gobernu zentralari kontribuzio armatu bat egin beharko zion, hau da, Bizkaiko gazteak armada zentralari eskaintzeko konpromisoa hartu zuen.
  • Matxinada piztu zen, foruen aurka zihoan aitzakiaz.
  • Erregearen armadak eman zion amaia gatazkari. Urkatu zituen buruzagiak eta salbuespen egoeran ezarri zen foru-instituzioen jarduna.
  • Puerto de la Paz ez zen egin.

004 Egitura ekonomikoa Lege Zaharrean eta bere mugak

Nekazaritza

  • Ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen, aberastasun-iturri nagusia baitzen hura. Lur-jabetzak bermatzen zuen aberastasuna. Espainiako jabeen %60 noblezia, kleroa eta udalerrien esku zeuden.
  • Lurrak ez galtzearren nobleek lotuak zituzten beren jabetzak (maiorazkoa) eta lotura horren arabera lurra ezin zen ez erosi ez saldu, hau da, noble lurjabeak erabili bai, baina ezin zituzten beren lurrak saldu, oinordekoak ondasunak zatitu gabe jarauntsi behar zituelako.
  • XVIII. mendean zehar Europako iparraldean nekazaritzaren iraultza gertatu zen, nekazaritza intentsiboa eta abeltzaintza konbinatu eta gero (Norfolk/Mixed Farming sistemak). Europako hegoaldean, berriz, nekazaritza-molde zaharkituaren iraupenaz hitz egin behar dugu (lugorria, ekoizpenaren maila eskasa…).

XVIII. mende hasieran ezagutu zen hedapena, goldatze berri edo “luberrien” bidez, ez zen gai izan hazkunde demografikoari eusteko, behin eta berriro iraupenezko krisialdiek eztanda egiten zutelarik.

  • Mende bukaeran, ekonomia suspertu nahirik, ilustratuek bideratutako erreformek lurren zirkulazio aske bat ezartzea zuten helburu, hots, lurrak erosteko eta saltzeko aukerari bidea eman nahi zioten. Lurrak salerosteko beharrezkoa zen legeak aldatzea eta desamortizazio-prozesua abiatzea. Desamortizazioa XIX. mendeko espainiar liberalen neurri enblematikoetako bat izango da.
    • Godoy ministroak lurra liberalizatzearen aldeko politikari ekin eta saldu egin ziren Elizaren ondasun batzuk.
    • Independentzia Gerran zehar, gastuei aurre egitearren, udalerriek saldu egin zituzten beren herri.-lurrak.
    • Dirudunek erosi zituzten lur horiek.

Nekazaritza Euskal Herrian (Oinarria, Artoa)

Oinarria: Euskal Herriko Kantauri aldean (itsasaldeko herrialdeak) baserria zen oinarrizko ekoizpen-unitatea eta lantzen ziren labore nagusiak garia eta artoa. Baserri gehienak maizterrek ustiatzen zituzten eta lugorria praktikatzen zen.

Artoaren Iraultza: Aldaketa garrantzitsu bat bideratu zen artoa ereiten hasi zenean. XVI. mendean Amerikatik ekarri eta XVII. mendean haren produkzioak maila gorena lortu zuelarik. Hasiera batean azienda elikatzeko erabili zen artoa, baina gizakien elikadura-iturri bihurtu zen geroago. Artogintza garigintzaren osagarri ezin hobea zen, lurrak etengabe landu baitzitezkeen modu horretan (garia/artoa txandakatuz). Bestalde, sagastien eremuak hartu zituzten laborantza lurrek.

Honek aldaketa latzak eragingo ditu euskaldunen ohituretan. Orain arte baserri bakoitzean sagardoa egiten da eta auzokideak txandaka biltzen dira batean edo bestean. Sagastien tokian artasoroak jartzean, sagardorik gabe geratuko dira baserritarrak eta Errioxako ardoaz ordezkatuko dute. Ez da, jada, baserriz baserri dastatuko, toki konkretu batean baizik: taberna orokortuko da euskal herrietan.

Industria

Non: Artisautza mailako produkzioa zen nagusi. Jarduera “industrialak” artisau-tailer txikietan burutzen ziren eta tokiko eskaerari erantzuten zioten. Ingurune hurbilean aurki zitezkeen lehengaiak erabiliz, tailer txiki eta gutxi mekanizatu hauetan garrantzitsuena artisauak bere ofizioan zuen abilezia zen, energia eta teknologiaren erabilpena oso eskasa baitzen.

Gremioak: Maisu artisauak gremioetan elkartzen ziren eta prozesu osoa kontrolatzen zuten, bai ofizialak maisu bihurtzea, bai produktuaren lantze prozesua… Era horretan, gremioak ezarritako kalitate eta prezioak errespetatuz, tailer bakoitzari arazo handirik gabe irauteko aukera eskaini nahi izan zitzaion, prezio eta kalitate berdintsuak eskaintzen zituzten gremio bereko beste tailerren konpetentziaren aurrean irauteko aukera, hain zuzen. Gremio-sistema honen egitura itxia eta askatasunik gabekoak ezinezkoa egiten zuen sektorearen hobekuntza ekar zezakeen edozein berrikuntza.

Arazoa: Espainiar monarkiaren premia fiskalak, industriaren garapena oztopatzen zuen, nahiago baitzuen Gaztelako artilearen esportazioa zamapetzen zuten zergak eskuratzea, ehungintza  lehiakor bat garatzea baino. Artilearen industria, batez ere, Gaztelako hirietan kokatzen zen (Segovia, Avila…).

Borbondarren dinastia berriak jarduera industriala bultzatzeko neurri batzuk hartu zituen. Zenbait erabaki protekzionistaz gain, errege manufakturak izeneko enpresak sortu zituen. Kalitate handiko produktuak izan arren, prezioak ez ziren konpetitiboak, eta produkzioaren kostuak salmentatik lortutako irabaziak baino handiagoak ziren.

Siderurgia (burdingintza) euskal probintzietan eta Katalunian egokitu zen eta antzeko teknikak erabiltzen ziren: bai euskal burdinolak bai Kataluniako fargak basoen eta ibaien inguruan kokatzen ziren eta produkzio hark nahikoa kalitatea zuen.

EH

  • Euskal burdingintza zaharrak langile ugari bildu zituen. Bizkaian eta Gipuzkoan, nekazaritza-produktuaren antzeko balioa izan zuen, benetan harrigarria hori Erregimen Zaharreko egitura ekonomikoan. Burdinola izan zen burdina egiteko erabili zen teknika, eta Somorrostroko eta Trianoko mendietatik eta Legazpiko eta Bera-Lesakako meategietatik ateratako burdina mearen kalitate bikainaz baliatu ziren.
  • XVIII. mende amaieran Euskal Herrian lantzen zen burdina baztertzen hasi ziren Europako, kolonietako eta, areago,  Espainiako barne-merkatuetatik, SUEDIAtik ekartzen zena merkeagoa zelako. Burdina lantzeko teknologia zaharkitua zegoen eta ontziola handiek ere ez zuten, jada, lanik eskaintzen.

Merkataritza

Barne merkataritza

  • Elkartrukeen bolumen urriaz hitz egin behar dugu, Erregimen Zaharreko jarduera nagusia autokontsumoa lortzera (ez merkatura) zuzenduriko nekazaritza baitzen. Ez zen merkatuan saldu beharreko soberakinik sortzen. Gainera, oztopo ugari zegoen:  barne aduanak, garraio-sare desegoki bat…
  • 1765eko Errege-Aginduak laboreen merkataritzaren eta oinarrizko ondasunen prezioaren liberalizazioa xedatu zuen. Neurri haren eraginez, laboreen barne-merkataritza bizkortu zen eta eskualdeko azokak antolatu ziren. Horiexek izan ziren nazio-merkatu baten alde egin ziren lehen urratsak.

Nazioarteko merkataritza

  • Europarekin mantentzen zen merkataritza harremana lehengaien esportazioan eta produktu landuen inportazioan oinarritzen zen. Hortik sortutako merkataritzako defizita orekatzeko amerikar koloniek bidalitako metal preziatu eta produktu kolonialak erabili behar ziren.
  • Mende hauetan atlantiar merkataritzak (Erresuma Batua, Flandes, Baltiko…) hartu zuen nagusigoa eta testuinguru horretan gertatu zen Bilboko portuaren hazkundea, Ipar Europara esportatzen zen Gaztelako artilearen merkataritza ia erabat monopolizatuz. Bilboko Kontsulatua izan zen merkataritza-erakunde nagusia.
  • Merkataritza koloniari dagokionez, Sevillak lehendabizi eta Cadizek gero izan zuten Amerikako merkataritzaren monopolioa. XVIII. mendean esparru zehatzak kontrolatzen zituzten elkarte edo konpainia pribilegiatuak sortu ziren, hauen artean Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarra (1728). Azken honek kakaoaren merkataritzaren monopolioa zeukan Caracasekin eta Gipuzkoan Ameriketara bidaltzeko ekoizten ziren ondasun guztien esportazioa bideratu zuten.
  • 1778an Amerikako koloniekiko merkataritzaren liberazioa xedatu zen. Une horretatik aurrera Bartzelona eta, hedaduraz, Katalunia, probetxu ateratzen hasi zitzaion liberalizazio horri. Erregeak Amerikako koloniekiko merkataritzaren liberalizazioa xedatu zuenean, Kantauriko kostaldean ere Coruñako eta Santanderreko portuak berrantolatu ziren. Neurri honek onura handiak ekarri zizkien portu horiei eta gora egin zuen hango merkataritzak. Baina erabat geldiarazi zuen merkataritza-jarduera hura 1796. urtean Erresuma Batuaren aurkako gerrak.

Andres Urdaneta

Ilustrazioa: Tolerantzia eta pentsamolde berriak


 

Erantzunak itxita daude.