RSS

4 XIX. mendeko gizartearen aldaketak eta Langile Mugimendua

4.1 Europako hiriak

4.1.1 Hiriko zibilizazioa (4)

  1. Europako hiriburu handiak hazkunde ikaragarria izan zuten.
  2. Hazkunde bizkor hori, batez ere, nekazaritzaren emigrazioaren eraginezkoa izan zen, etorkizuna industria sektorean eta zerbitzuetan baitzegoen, eta lanok hirietan zeuden pilatuta. Hirigune horietako asko industria jardueran oinarrituz sortu ziren.
  3. Langileen etxebizitzak industrietako nabeen eta eraikinen ondoan pilatzen ziren; horrela eraikuntza  kalitate txikiko eta zerbitzu publiko urriko langile auzoak sortu ziren.
  4. Hala ere, hirigunerik gehienak antzinako hirietan oinarrituz hazi ziren. Horrelaxe garatu ziren Europako hiriburuak: Londres, Paris, Berlin, Erroma, Madril edo Viena, eta beste batzuk ere bai: Milan, Bartzelona, Antwuerpen, Praga, Marseilla…

4.1.2 Hiria, gizartearen barruko desoreken adierazlea

Burgesiak hirien erdialdea eta langile sektoreek auzo pobreak okupatzean, hirietan hainbat beharrizan sortu ziren.

Bestalde, hiria eszenatoki ezinhobea izan zen dirudun klaseen eta soldatapeko biztanleen arteko gatazka sozialerako, politikorako eta kulturalerako.

4.1.3 Hirietako erreformak eta zerbitzuak

Hirietako aldaketa nabarienetariko bat zerbitzu publikoak ezartzea izan zen, eta zerbitzuok beharrezkoak eta garestiak ziren: harrizko kaleak, espaloiak, estolda sareak, ura banatzeko zerbitzuak, parkeak eta lorategiak, garbitoki publikoak, merkatuak, eta abar.

Hirietako garraio berriek hiriaren itxura eta biztanleen bizimodua aldatu zituzten. Zaldiek tiratutako tranbien ordez, 1870 inguruan, tranbia elektrikoak eraikitzen hasi ziren, eta lurpeko tuneletatik egindako garraioa ere agertu zen Londresen (1863); hiri inguruko edo metropoliko trenbidea zen, metroa, eta, XIX. mendearen amaieran, Parisen, Berlinen eta Vienan ere egin zuten.

Hiri berriak, orain gertatzen den bezala, kritika sozialak jaso ziren (osasungaitza, gizatasunik gabea, segurtasunik gabea) edo estetikoak (itsusia, antolaketarik gabea), baina nekazariak etengabe iristen ziren bertara, hiriko bizimoduak erakarrita. Bankuak, trenbide geltokiak, eraikin publikoak, antzerkia eta opera, izan ere, hiriko zibilizazioak katedralei eta jauregiei erantsitako ikur berriak ziren.

4.2 Burgesen bizimodua eta kultura

4.2.1 Bizimodu pribatuaren eremua: etxea

4.2.2 Jantzia gorputza ezkutatzeko

4.2.3 Aisialdia eta kirola

4.3 Langileen bizimodua

4.3.1 Etxea eta etxebizitza

4.3.2 Lana eta soldata

4.3.3 Elikadura eta bizi maila

4.4 Langile mugimenduaren jatorria (Arazo berriak, Eskaerak)

Arazo berriak: Erregimen Zaharra desegitean, nekazariak eta eskulangileak zerga feudalik eta gremioekiko loturarik gabe gelditu ziren. Fabriketara langile gero eta gehiago joaten zen, hirien garapenak eskainitako lanpostuen bila. Eskulana ugaria zenez, kontratazioaren baldintzak eta soldatak kaltegarriak ziren langileentzat. Gainera, industria ekonomia berriak aldian behingo krisialdiak izaten zituen, eta horrek langabezia modu negargarrian haztea eragiten zuen. Horrela, gizarte gatazkarako arrazoi asko sortu zen.

Eskaerak: Fabriketan eta langile auzoetan langile kopuru handia pilatzea lagungarria izan zen, elkarte egonkorrak sortzeko, eta elkarteok langileen gutxieneko eskubideak defendatzen hasi ziren. Gizarte gatazka laneko baldintzak hobetzera, lanorduak murriztera eta soldatak igotzera bideratu zen. Langile klasearen beste helburu nagusia eskubide politikoak lortzea izan zen, hau da, bozkatzeko, biltzeko, elkartzeko eta adierazteko askatasuna lortzea. Lehenengo langile elkarteak Britainia Handian agertu ziren, hau da, industrializazio prozesuan buru izan zen herrian.

4.4.1 Langileen lehenengo elkarteak (6)

  1. Hasieran elkarte horiek debekatuta egon ziren, enpresaren eta kontratuaren askatasunaren aurkakoak zirelakoan. Napoleonen kodeak eta Britainia Handiko Elkarteei buruzko Legeek berariaz debekatzen zituzten.
  2. Langileek planteaturiko lehenengo errebindikazioetariko bat elkartzeko eta biltzeko eskubidea izan zen, eta eskubide hori onartu zuen lehenengo estatua Britainia Handia izan zen (1824).
  3. Langileen elkarteak era askotakoak ziren, osaketaren eta helburuen arabera. Lehenengoak eta ugarienak Elkarri Laguntzekoak izan ziren, eta horien helburua kideei laguntza eskaintzea zen, istripurik, gaixotasunik edo heriotzarik egonez gero.
  4. Sarritan, erresistentzia kutxa eran jarduten zuten, bazkideak greba garaietan mantentzeko. Handik gutxira, langileen elkarteen eragile nagusia lanbide bateko soldatak eta lan baldintzak taldean eta batera defendatzea eta, gainera, horiek hobetzea izan zen. Presiorako tresna nagusia greba zen.
  5. Jatorri frantseseko sindikatu hitzak langileen defentsan sortutako langile elkartea adierazten du, XIX. mendearen amaieratik.
  6. Sindikalismoaren jokabideen ondorioz, lanbide eta lurralde guztietako langileak biltzen zituzten langile batasun nazionalak sortu ziren.

Ludismoa

4.4.2 Ludismoa (4)

  1. Ehungintzako makinen lehenengo aplikazioen ondorioz, lanaren egoerak txarrera egin zuen. Ez da harrigarria eskulangileek eta langileek, protesta modura, makina horiek suntsitzea.
  2. Gizarte gatazka horiek nolabaiteko antolaketa zuten; izan ere, langileek mehatxuzko jakinarazpenak bidaltzen zizkieten enpresaburuei eta merkatariei, makinen aurkako biolentzia erabili baino lehen. Antzinako herri tradizio bat jarraituz, jakinarazpenok Ned Ludd izenarekin sinatzen zituzten (galtzerdigile ospetsu honek ehungailuaren armazoia apurtu omen zuen lehenengo aldiz). Ludismo izena (edo mugimendu ludita) pertsonaia horren omenezkoa da, eta izen horren bitartez, 1779 eta 1802 bitartean lanpostuak kentzen zizkieten makinak suntsitzen zituzten langile britainiarrek antolaturiko ekintzak adierazten ziren.
  3. Produkzio jardueran makina berriak eta modernoak sartzean, langile batzuk kaleratu, soldatak murriztu eta baztertu egiten zen eskulangintzako prestakuntza tradizionala. Makinak lana azkarrago, eta, batzuetan, hobeto egiten zuen, langileak berak edo langile talde batek baino. Horren eraginez, langileen ohiko erantzunetariko bat enpresaburuek fabriketako produktibitatea hobetzeko eskaturiko makina berriak suntsitzea izan zen.
  4. Herrialde guztietara zabaldu zen: Frantzia, Belgika, Alemania, Espainia… Espainian lehenengo ekintza Alcoin (Alacant) izan zen 1821ean: 1.200 langilek makina jarri berriak suntsitu zituzten.

Kartismoa

4.4.3 Kartismoa (5)

  • Britainia Handian antolaturiko langile taldeak borroka politikora bideratu ziren, herritar guztientzako eskubide berdinak lortu ahal izateko. 1838 eta 1848 bitartean iritsi zen, eta beraren helburu nagusia langileen eskubide politikoak lortzea zen.
  • 1838an, Londreseko Langile Elkarteak Herriaren Karta (People´s Charter) egin zuen; bertan, besteak beste, eskaerak hurrengoak ziren:
    • Gizonezkoen sufragio unibertsala.
    • Ezkutuko botoa ezartzea
    • Hauteskundeetarako barruti berdinak sortzea
  • Parlamentuari eginiko lehenengo eskaria, Kartaren funtsezko eskariak jasotzen zituena, 1839an aurkeztu zen, milioi bat sinadura baino gehiagoren babesarekin. Britainia Handiko Parlamentuak hirutan ukatu zituen Kartako eskariak eta gobernuak zapaldu egin zituen grebak eta kartismoaren barruko sektorerik erradikalenen altxatzeko ahaleginak.
  • Mugimendu kartista bere helburuak lortu gabe ahuldu zen, baina mugimendu horren ondorioz, Britainia Handiko estatuak lan-erlazioak arautzeari ekin behar izan zion: Elkarteen Lege hobea promulgatu eta emakumeen eta umeen lanaldia 10 ordura mugatzeko legedia aplikatu zen.
  • Bien bitartean, 1848an, langile frantsesek gizonezkoen sufragio unibertsala konkistatu zuten.

4.5 Teoria eta doktrina sozialak

4.5.1 Marxen aurreko sozialismoa (Sozialismo Utopikoa, Owen (6), Saint-Simon (2), Proudhon (3), Ligak (5)

Sozialismo Utopikoa: Langileak antolatzen ziren bitartean, intelektual batzuek garaiko gizarterako eredu sozialak eta politikoak eskaini nahi zituzten teoriak lantzen hasi ziren. Teoria horietako askok sozialismo utopiko delakoa osatzen dute, eta sozialismo hori kontrajarri egiten zaio Marxek eta Engelsek landutako sozialismo zientifiko deritzonari.

Owen

Owen: Robert Owen (1771-1858)

  1. Galesen jaio eta kotoizko hari fabrikatzaile nagusienetarikoa izan zen, New Lanark-en (Eskozia) zeukan fabrikari esker.
  2. Rousseau-ren eta beste filosofo ilustratu batzuen eragina izan zuen, baita David Ricardo ekonomialariarena ere; horien ustez, merkantzien balioa eurak sortzeko erabilitako lan kantitatearen araberakoa zen.
  3. Owenek honako alderdi hauek hartzen zituzten berrikuntzak sartu zituen bere fabrikan: umeen hezkuntza, soldatak igotzea, lanaldiak murriztea eta pizgarri sistema sartzea. Gainera, metodo horiek aplikatuta, bere hari fabrikak arrakasta ekonomiko ikusgarria izan zuen.
  4. Owenek gizarte erreformarako proposamenetarako euskarritzat erabili zuen esperientzia hori, baina gainerako enpresaburuak  ezin izan zituen konbentzitu.
  5. AEBra joan zen eta New Harmony elkartea sortu, baina porrot egin zuen eta Europara itzuli zen.
  6. Lanbideen Batasun Nazionala sortu zuten. Ehunka langile elkartu zituen, baina handik lasterrera desegin zen.

Saint-Simon

Saint-Simon (1760-1825)

  1. Ideia liberaleko noblea izan zen.
  2. Produkzioan aurrerakuntza teknikoa aplikatzearen eta elite zientifikoek pertsona kopuru ahalik eta handienari ongizatea eskaintzeko gizarte-antolaketa zuzentzearen aldekoa zen.

Proudhon

Proudhon: Pierre Joseph Proudhon (1809-1865)

  1. Frantziako eta Europako jarduera politikoan esku-hartze bizia izan zuen.
  2. Tipografo autodidakta honen iritziz, desberdintasun guztien jatorria jabetza pribatua zen. Horren lanik ezagunena  Zer da jabetza? da eta horrela hasi zuen: “Jabetza lapurreta da”.
  3. Erakundeen aurka egindako erasoak eta agintekeriaren aurkako jarrerak kontuan hartuta, anarkismoaren aitzindarietako bat dela esan daiteke.

Ligak

  1. Lehenengo teoria sozialistak (anitzak eta barreiatuak) langileen artean hedatu ziren, apurka-apurka, 1830eko eta 1840ko hamarkadetan. Alemanian, Hegel filosofoaren ikasle batzuk harremanetan hasi ziren, eskulangileen eta proletario horien artean hedaturiko kapitalismoaren aurkako joerekin.
  2. 1836an, erbesteratu alemanen talde batek Justuen Liga sortu zuen Parisen, eta erakunde horren doktrina erabateko berdintasunaren aldekoa zen.
  3. Hamaika urte geroago, erakundearen izen berria Komunisten Liga izan zen. Bertako zuzendariek “jabetza pribatuaren abolizioa” proposatzen zuten.
  4. Ligaren ibilbidean eragin handiena izan zuten pentsalariak Karl Marx eta Friedrich Engels gazteak izan ziren.
  5. Hauen ideia sozial eta politikoek sozialismo zientifikoa osatuko dute.

Marx eta Engels

4.5.2 Marxismoaren sorrera (Engels&Marx, Alderdi Komunistaren Manifestua, (4), Eragina(2))

Engels&Marx: Friedrich Engels (1820-1895) ehunen fabrikatzaile aberats baten semea zen, eta ondo ezagutzen zuen industria modernoa. Karl Marxek (1818-1883) heziketa akademiko eta filosofiko handia zeukan, eta Hegelen ideietako gazteriarekin ibilitakoa zen, hau da, Hegelen ikasleen ezkerreko joera osatzen zuten gazteekin. Bien arteko lankidetzari esker, teoria sozialista berria sortu zen; teoria horri, gero, marxismo izena eman zitzaion, eta eragin handia izan zuen filosofian eta politikan.

Alderdi Komunistaren Manifestua

  • Ideia horien lehenengo formulazioa Alderdi Komunistaren Manifestuan argitaratu zen; 1847an, Komunisten Ligak Marxi eta Engelsi eman zien manifestua idazteko agindua. Testua hurrengo urtean argitaratu zen eta hauxe zen oinarrizko ideia: “Gizarte guztien historia, gaur egunera artekoa, klaseen borrokaren historia da”. Testuak gizarte burgesa salatu eta etorkizunerako helburutzat, burgesia desegitea eta klaserik gabeko gizartea eraikitzea hartzen zituen.
  • Manifestu Komunista propagandarako idazkia izan zen, 1848ko testuinguruan sortua. Manifestuaren azaleko lema, “Munduko langileok, bil zaitezte!”, langileen antolaketarako eta ekintza politikorako deia zen, euren interesak defendatzeko eta agintea lortzeko.
  • Epe laburrean
    • Alemaniako burgesekin eta Frantziako demokratekin hitzarmenak egin.
    • 48ko iraultzetan ideia hauek porrot egin zuten.
  • Epe luzean: Langileak agintera iritsiko ziren eta orduan:
    • Produkzio bideak kolektibizatu.
    • Klase ezberdinak ezabatu.

Eragina

  1. Ideia hori XIX. mendearen azken hamarkadetan sortutako alderdi sozialista guztien ernamuina izan zen. Agintea indarrez hartu zuten, edo modu baketsuan, hauteskundeak eta parlamentua erabiliz.
  2. Marxismoaren eragin ideologikoa erabakigarria izan da, bai alderdi sozialistetan (testuinguru demokratiko baten barruko apurka-apurkako erreformen aldekoak), eta bai alderdi iraultzaileetan (gerora, alderdi komunistak izango direnak)

4.6 Langileen Nazioarteko Elkartea (LNE) (Sorrera, Marxen nortasuna, Liskarrak (3))

Sorrera

Langileen elkartzeko mugimenduaren garapenak LNE (I. Internazionala) sortzea eragin zuen, eta, horren barruan, langileen partaidetza politikoaren aldeko doktrina sozialisten (Marx) eta estatuaren aurkako jarrera anarkisten (Bakunin) arteko liskarrak sortu ziren.

Mundu osoko langile guztientzat proiektaturiko erakunde berri eta asmo handikoa sortu zen. 1864an Londreseko langile elkarteen ordezkari talde batek (Britainia Handiko Trade Unions-ekoak, Frantziako Proudhonen jarraitzaileak, Alemaniako Langileen Elkarteko kideak, erbesteratu poloniarrak, hungariarrak, italiarrak, eta abar) Langileen Nazioarteko Elkartea (LNE) sortzeko erabakia hartu zuten; elkarte horri I. Internazionala esaten zaio.

Ordezkarien biltzarrak 21 ingelesek, 10 alemanek (horien artean Marx zegoen), 9 frantsesek, 6 italiarrek, 2 suitzarrek eta 2 poloniarrek osaturiko behin-behieneko komitea aukeratu zuen. Horien artean, sindikalistak, kartistak, joera guztietako sozialistak, Proudhonen jarraitzaileak eta, laster, Marxen haserrerako, marxista izena hartuko zutenak zeuden.

Marxen nortasunak, hasiera hasieratik, eragin handia  izan zuen LNEn. Hasierako manifestua eta antolaketa-estatututak berak idatzi zituen, eta bere pentsamenduaren barruko funtsezko bi elementu sartu zituen: askatasuna langileek eurek lortu behar zuten, eta langileen klaseak politikan parte hartu behar zuen, agintea konkistatzeko eta, horrela, gizartea aldatu ahal izateko.

Liskarrak: LNEren barruan, joera eta iritzi asko zeuden, langileen mugimendua zuzentzeari buruz. Internazionalaren osaketa oso anitza zen, bai kideen nahiz zuzendarien jatorriaren eta bai gizarte oinarriaren aniztasunaren ondorioz. Heterogeneotasun hori arlo ideologikoan islatzen zen:

  1. Proudhonen jarraitzaile frantsesek bilakaera baketsua eta apurka-apurkakoa nahi zuten, altxamenduaren aurka zeuden, eta ez ziren langileek politikan parte hartzearen aldekoak, ezta Estatuak lanaren arloetan esku hartzearen aldekoak ere.
  2. Marxen jarraitzaileak erradikalagoak ziren, eta greba borrokarako tresnatzat erabiltzearen, langile elkarteen partaidetza politikoaren eta lanaren arloko legeria sortzearen aldeko ebazpenak aurrera ateratzen zituzten: zortzi orduko lanaldia eta umeek lanik ez egitea: LNEren lehenengo biltzarretan, liskar gogorrak egon ziren, eta, horietan, Marxen iritziak eta Proudhonen jarraitzaileen aurkako iritziak izan ziren garaileak.
  3. Baina liskarrik gogorrenak Marxen eta Bakuninen jarraitzaileen artean gertatu ziren, liskar horien eraginez, erakundea ahuldu eta zatitu egin zen.

4.7 Anarkismoaren jatorria (Mikhail Bakunin) (Bizitza, Marx≠, Ustea (4), LNE, Elkarteak, Ekintzak)

Aurrekariak egon arren, anarkismoaren doktrinaren oinarriak eta oinarri praktikoak Bakuninek garaturiko teorian eta jardueran oinarrituz hasi ziren zehazten.

Bizitza: Errusiako familia aristokratiko batean jaio zen eta, Siberiatik ihes egin ondoren, Suitzan finkatu zuen bizilekua, bertara erbesteratutakoan. Anarkismoaren ordezkari nagusia izan zen, bere doktrinen eta propagandarako jardueren eraginez.

Marx ≠: Marxen iritziekiko desadostasunak oso sakonak ziren eta LNEren jarduera baldintzatu zuten.

  • Marxisten iritziz, borroka politikoa ezinbestekoa zen, eta, horretarako, langileak langileen alderdietan antolatu beharra zegoen;
  • Bakuninen jarraitzaileek
    • ez zuten antolaketa zentralizaturik onartzen.
    • ekintza politikoaren aurkakoak ziren.
    • euren erasoak ez ziren Estatu kapitalistaren aurkakoak soilik, edozein estatu formaren aurkakoak baizik.
Politika Alderdiak Zentralismoa Estatu kapitalista kendu Estatua kendu
Marx

Bai

Bai

Bai

Bai

Ez

Bakunin

Ez

Ez

Ez

Bai

Bai

Ustea

  1. Garai hartan, Bakuninen aldekoei sozialista antiautoritario esaten zieten.
  2. Euren ustez, bat-bateko altxamendu iraultzailea egongo zen, eta, horren bitartez, proletarioek Estatua ezabatuko zuten.
  3. Horren ordez, kolektibitateen federazio askea sortuko zuten.
  4. Beste alde batetik, euren iritzian, industriako langileak ez ziren iraultzaren protagonista nagusiak, horiekin batera gizarteko sektore zapaldu guztiek ere parte hartu behar baitzuten: nekazariek, ikasleek, gazteek, eta abar.

LNE: 1868an, Bakunin LNEn sartu zen; urtebete geroago, marxistekiko gatazka ideologikoa agerian gelditu zen Basileako biltzarrean. Polemikaren eragile nagusia langileek politika instituzionalean izan beharreko partaidetzaren ingurukoa zen, Bakuninen aldekoak guztiz ukatzen baitzuten eskuhartze hori. Marxek, berriz, LNEren gehiengoa langileen alderdia antolatzearen aldekoa izatea lortu zuen, eta alderdi horrek ez zuen alderdi liberal eta errepublikanoen modukoa izan behar, aurkakoa baino.

Elkarteak: Anarkistek, alderdi politikoen aurkakoak izan zirenez, gehienbat sindikatuetan jardun zuten.

Ekintzak: XIX. mendearen amaieran, anarkista batzuek agintarien (erregeak, lehen ministroak) aurkako atentatu terroristen bidea aukeratu zuten, beste batzuek langileek nagusien aurka jotzea aukeratu zuten, greba orokorraren bitartez.

4.8 Pariseko komuna eta Internazionala desegitea (Gertaerak, Jarrerak, LNE)

Gertaerak: Pariseko Komuna, laburra izan arren (1871ko martxoa-maiatza) langileen gobernuaren lehenengo esperientzia izan zen. Frantziak Prusiaren aurkako gerra galtzean, Frantziako estatuan aginte hutsunea geratu zen; bigarren inperioko azken gobernuak Versaillesera ihes egin zuen. Giro horretan, Parisen iraultza demokratikoa eta sozialista hasi zen.

Hiriburuko barrutietan, hauteskundeak antolatu ziren, eta biltzar komunala eratu zen, herriaren kontrolpean eta talde erradikalen zuzendaritzapean: Proudhonen jarraitzaileak, internazionalistak, Bakuninen jarraitzaileak-eta izan ziren nagusi. Hilabete gutxi igarotakoan, eta Pariseko biztanleriaren aurkako bataila gogorren ostean, Frantziako III. Errepublika sortu berriko tropak hiriburuan sartu eta zapalkuntza bortitza gauzatu zuten; 47.000 communard prozesatu eta milaka batzuk fusilatu egin zituzten.

Jarrerak: Komunaren porrotak eta zapalkuntzak ondorioak izan zituen LNEren politikan.

  • Marxen ustez, langileen lehenengo gobernu horren porrota programa politiko koherenterik eta antolaketa egokirik ez edukitzearen ondorio izan zen.
  • Bakuninek, aldiz, mugimenduaren berezkotasuna eta herri-izaera nabarmendu zituen bertutetzat.

Bi jarrera horiek aurrez aurre egon ziren Hagako biltzarrean (1872). Bertan, Bakunin eta horrek Espainian, Italian eta Suitzan zituen ordezkariak gutxiengoan geratu ziren eta I. Internazionaletik bota egin zituzten.

LNE: Europako gobernurik gehienek LNE jazarri eta legez kanpo utzi zuten. New Yorken 1876an egindako biltzarrean, I. Internazionala deseginda geratu zen. Aurrerantzean, langile-mugimenduaren zatirik handienak Marxek proposaturiko bideari jarraitu zion: Europako estatuetako politikan parte hartuko zuten langileen alderdi sozialistak sortu ziren.

4.9 Alderdi sozialistak eta II. Internazionala

4.9.1 Internazionala berreraiki (Noiz, Bereizgarriak (3), Egun ospetsuak (2))

Noiz: 1889an, Pariseko Erakusketa Unibertsalean eta Frantziako Iraultzaren lehen mendeurrenean eratu zen. 1900era arte, II. Internazionala alderdi sozialista nazionalak aldian behingo biltzarretan biltzera mugatu zen.

Bereizgarriak

  1. II. Internazionala federazio malgua zen eta, hasiera-hasieratik, I. Internazionala zatitu zuten bi arazo konpondu zituen; bata alderdien autonomia izan zen, zentralizazio arriskuari aurrea hartuz.
  2. I. Internazionala zatitu zuen bigarren arazoa anarkistekin izandako liskarrak izan ziren. Oraingoan, anarkistarik ez dago.
  3. Beraz, sistema demokratikoa onartzen zuten alderdi sozialisten konfederazioa izango da II. Internazionala.

Egun ospetsuak

  1. Martxoaren 8a: Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. 1911tik aurrera ospatzen joan zen.
  2. Maiatzaren 1a: 1890eko maiatzaren 1ean langileei deitu zitzaien 8 orduko lanaldia errebindikatzeko. Aurrerantzean, langileen nazioarteko indarraren eta elkartasunaren eguna izango zen.

4.9.2 Marxismoaren berrikuspena (Sindikalismoa, Eztabaidak, Bereizketak)

Sindikalismoa: II. Internazionala indar handikoa izan zen, baina desberdintasun handiak zeuden doktrinari eta garatu beharreko politikari buruz. Sindikatuak alderdi politikoak baino gehiago hazten ziren, eta gero eta langile gehiago sartzen ziren sindikatuetan.

  • 1888an Espainiako sozialistek UGT (Langileen Batasun Orokorra) sortu zuten.
  • 1911n, berriz, sindikalista iraultzaileek eta talde anarkistek CNT (Langileen Konfederazio Nazionala) sortu zuten, UGT baino erradikalagoa. Iraultzaileek erreformisten aurka jo zuten eta ez zuten sozialismoa apurka-apurka eta modu baketsuan kapitalismoaren lekua hartuko zuenik uste.

Eztabaidak: Internazionalaren biltzar hauetan ere eztabaida gogorrak piztu ziren:

  • Errusiako buruzagi sozialistek marxismoaren jarrera iraultzailea eta altxamenduaren aldekoa zuten.
  • Aldiz, Britainia Handiko edo Alemaniako langilerik gehienen esperientzia bestelakoa izan zen, eta erreformen edo berrikuspenen aldeko jarreretatik hurbilago zeuden.

Bereizketak: Beraz, bi joera nagusitu ziren:

  1. Bata, Errusiako iraultza eta Europako beste ahalegin iraultzaile batzuk eragingo zituena. Gutxiengoa ziren.
  2. Bestea, gehienen gogokoa zena, politika erreformistaren eta sozialdemokrataren aldekoa zen. Hau izango da, 1914tik aurrera, Europako sozialismoan nagusituko dena.

Dena den, Estatu autoritarioa edo eraginkortasunik gabeko Parlamentua zuten lekuetan (Errusia, Espainia), sozialismoak erradikalismo politikoaren eta iraultzailearen aldekoak izan ziren; estatu parlamentarioek arazo gutxiago izan zuten, langileen klasea demokraziaren eremu komunean integratzeko.

4.10 Langile mugimenduaren sorrera Euskadin

4.10.1 Meatzetako grebak

Euskadiko lehenengo sozialismoa

3. gaia

5. gaia

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: