Category Archives: Sin categoría
2020-Damasa Agirregabiria (Wikipedia)
Damasa Agirregabiria (Itziar, Deba, Gipuzkoa) aurrenekotako emakumezko harri-jasotzailea izan zen. 1910. hamarkadan jaio zen eta ezer gutxi dakigu berataz, Errekartetxorekin batera ateratako argazkia salbu.
Argazkia
Lasturko festetan 8 arroako harria (100 kilogramo) jaso zuen 1936 urtean eta argazkia atera zioten Errekartetxo-rekin batera. Biak ageri dira harria altxatzen. Indalezio Ojanguren izan zen argazkiaren egilea. Liburuetan honako hau gorde da:
Emakume honek, oso ederra zenak, bere indar eta trebetasunaren erakustaldi ugari egin zituen Gipuzkoako geografian zehar, Errekartetxo gidari zuela. Jatorriz, gaztelaniazː “Esta señorita, muy agraciada físicamente, realizó numerosas exhibiciones públicas de su fuerza y destreza por toda la geografía guipuzcoana bajo la dirección de Errekartetxo”.
Bere alabek ordea esaten zuten Lasturren harria altxatu bai egin zuela baina ez zela plazarik plaza aritu.
2019-2020-USE-Historia-TESTUAK
LEHENENGO PARTERAKO TESTUAK (1808-1930)
1. TESTUA. CÁDIZKO KONSTITUZIOA (1812-03-19)
Fernando VII.a Jainkoaren graziaz eta Espainiako Monarkiaren Konstituzioaz Espainietako Errege denak, eta, haren faltan eta gatibutasunean, Gorte nagusiek eta bereziek izendatutako Erregetzako erregeordetzak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorte berek honako hau agindu eta berretsi dutela:
1. artikulua. Espainiako nazioa bi hemisferioetako espainiar guztien batasuna da.
3. art. Subiranotasuna nazioan datza izatez, eta, arrazoi beragatik, nazioari bakarrik dagokio bere funtsezko legeak ezartzeko eskubidea.
8. art. Espainiar ororen betebeharra da Estatuaren gastuetan bere ondasunen arabera laguntzea.
12. art. Espainiako nazioa erlijioa katoliko, apostoliko eta erromatarra da eta izango da beti, egiazkoa den bakarra. Nazioak lege jakintsu eta bidezkoekin babesten du, eta beste edozein praktikatzea debekatzen du.
14. art. Espainiako nazioa gobernua monarkia moderatu heredagarria da.
15. art. Legeak egiteko ahala Gorteek dute erregearekin.
16. art. Erregeak du legeak betearazteko ahala.
17. art. Auzi zibil eta kriminaletan legeak aplikatzeko ahala legeak ezarritako auzitegiek dute.
371. art. Espainiar guztiek dute euren ideia politikoak idatzi, inprimatu eta argitaratzeko eskubidea, argitalpenaren aurreko lizentzia, berrikuspen edo onarpenik gabe, legeak xedatutako mugapen eta erantzukizunen pean.
Cádizen, 1812ko martxoaren 19an.
2. TESTUA. PERSIARREN MANIFESTUA (1814-04-12)
JAUNA:
Antzinako persiarren ohitura zen erregea hiltzen zenean anarkiaz beteriko bost egun igarotzea, hilketa, lapurreta eta beste hainbat zorigaiztoren esperientziak ondorengoarekiko leialago izatera behartu zitzan. Espainia Berorren Maiestateari leial izateko, ez zuen behar halako saiakuntzarik zure gatibutasunak iraun duen sei urteetan. Berorren Maiestatea arbasoen tronura itzulita ikusteaz pozten diren espainiarretatik, begirunezko adierazpen hau Espainiako ordezkari-izaerarekin sinatzen dutenak dira (…).
Monarkia absolutua (…) arrazoiaren eta adimenaren lana da: jainkoaren legearen, justiziaren eta Estatuaren funtsezko legeen mende dago: konkista-eskubidearen bitartez edo euren erregeak aukeratu zituzten lehen gizakien borondatezko menekotasunaren bitartez ezarri zen. Horregatik, subirano absolutuak ez du ahalmenik bere agintea arrazoirik gabe erabiltzeko (Jainkoak berak ere eduki nahi izan ez zuen eskubidea); horregatik izan da beharrezkoa botere subiranoa absolutua izatea, bere mendekoei denen interesekoa zaintzen duena agintzeko eta hori nahi ez dutenak obeditzera behartzeko (…).
Eskatu behar dugun erremedioa, gure botoak, eta gure probintzienak, paperean jarriz, Espainiako lege, foru, usadio eta ohituren araberakoa da. (…) Xede horrekin bil daitezela Gorteak handitasunez, eta antzinakoak egin ziren bezala (…): bertan behera utz daitezela Konstituzioaren ondorioak eta Cadizen xedatutako dekretuak, eta kontuan har ditzatela Gorte berriek haren deuseztasuna, injustizia eta desegokikeriak (…)
Madrilen, 1814ko apirilaren 12an.
3. TESTUA. MENDIZABALEN DESAMORTIZAZIO-DEKRETUA (1836-02-21) BERORREN MAIESTATE ERREGINA GOBERNATZAILEARI EMANDAKO AZALPENA
Andrea: Nazioaren jabego bihurtu diren ondasunak saltzea ez da soilik emandako hitza betetzea eta salmenten emaitzaren berdina den amortizazio baten bitartez zor nazionalari berme positiboa ematea; zorion publikoaren iturri oparo-oparo bat irekitzea da; hildako aberastasun bat berpiztea; industriaren eta zirkulazioaren kanaletako oztopoak kentzea; herrialdeari bertako gauza guztiekiko maitasun natural eta sutsua itsastea; aberria zabaltzea, aberriarekin bat egiteko lotura berri eta sendoak sortzea; azken batean, ordenaren eta askatasunaren ikurra den Isabel II.aren tronu gorenarekin identifikatzea da. Ez da merkataritzako espekulazio hotz bat, ezta kreditu-eragiketa bat ere (…); animazio, bizi eta zorioneko elementu bat da Espainiarako. Horrela azaldu badezaket, haren pizkunde politikorako osagarria da.
Nazioak dagoeneko eskuratuak dituen ondasunen salmenta egiteko eta bere emaitza materialerako Berorren Maiestatearen onespen agurgarriaren pean jartzeko ohorea izango dudan dekretuak zor publiko handiaren kopurua murrizteko onura sortu behar du, eta beharrezkoa da bai bere joeran, bai bere helburuan eta bai emaitza hura lortzeko erabiliko dituen bitartekoetan, jabe-familia oparo bat sortzeko goi-mailako ideiari lotzea eta berarekin bat egitea, eta jabe horien gozamenak eta existentzia batez ere goi-mailako instituzioen erabateko garaipenean bermatzea.
Gaceta de Madrid, 1836ko otsailaren 21a.
4. TESTUA. BURDINBIDEEN LEGE OROKORRA (1855-06-06)
Isabel II.a (…) Espainietako Erregina: honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:
4. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideen eraikuntza Gobernuak egin ahal izango du eta, bestela, partikularrek edo konpainiek.
6. artikulua. Partikularrek edo konpainiek ezingo dute trenbiderik eraiki (…) baldin eta dagokion emakida aurretik eskuratu ez badute.
8. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideak eraikitzeko, funts publikoen laguntza jaso daiteke: 1. Haiekin obra jakin batzuk eginez; 2. Enpresei inbertitutako kapitalaren zati bat emanez aldi jakin batzuetan (…); 3. Kapital horien truke gutxieneko interes bat edo interes finko bat bermatuz (…).
19. artikulua. Trenbideen eraikuntzan erabiltzen diren atzerriko kapitalak edo xede horretarako maileguak Estatuaren babespean geratuko dira, eta gerraren ondoriozko errepresalia, konfiskazio edo bahimenduetatik salbuetsita egongo dira.
20. artikulu. Trenbide-enpresa guztiei honako hauek ematen zaizkie: 1. Trenbideak hartuko dituen jabari publikoko lursail guztiak (…); 2. Auzotasun-onura egur, larre eta gainerakoen aprobetxamendurako (…) enpresetako langileentzat eta lanetan erabiltzen diren zamarien mantenurako; 3. Trenbidearen aldameneko lurretan (…) harrobiak irekitzeko ahalmena (…); 4. Bidesari- eta garraio-eskubideak (…) jasotzeko ahalmen esklusiboa; 5. Eraikuntzak irauten duen bitartean eta hamar urte geroago arte, (…) lehengaiek, (…), makinek, (…), egurrak, kokeak eta atzerritik inportatu behar den material finko eta mugikor guztiak ordaindu beharreko muga-zergan (…) adierazitako eskubideen baliokidea itzultzea (…).
30. artikulua. Trenbideak honako baldintza hauen arabera eraikiko dira: (…) 2. Trenbidearen zabalera metro bat eta 80 zentimetro izango da (Gaztelako 6 oin eta 6 hazbete).
Aranjuezen, 1855eko ekainaren 3an. – Ni, Erregina.- Francisco de Luxan, Sustapeneko ministroa.
Gaceta de Madrid, 1855eko ekainaren 6a.
5. TESTUA. 1839KO URRIAREN 25EKO LEGEA
Isabel II.a Jainkoaren Graziaz eta Espainiako Monarkiaren Konstituzioaz Espainietako Erregina denak eta, haren adingabetasunean, haren Ama Agurgarria den Maria Kristina Borboikoa Erregina alargunak, Erresumako Erregina Gobernatzaileak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:
1. art. Euskal probintzietako eta Nafarroako Foruak berresten dira; nolanahi ere, monarkiaren batasun konstituzionala beteko da.
2. art. Gobernuak, aukera izan bezain laster eta Euskal probintziei eta Nafarroari entzun ondoren, lehen aipatutako Foruetan haien interesa aldarrikatzen duen nahitaezko aldaketa proposatuko dio Gorteei, Nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrarekin bat eginez eta, aldi baterako eta lehen adierazitako moduan eta zentzuan, sor litezkeen zalantzak eta eragozpenak ebatziz
eta Gorteei horren berri emanez.
Ni, Erregina Gobernatzailea.- Erreginak eskuz sinatua – Jauregian, 1839ko urriaren
25ean.
6. TESTUA. 1876KO UZTAILAREN 21EKO LEGEA
Alfontso XII.a Jainkoaren graziaz Espainiako Errege konstituzionala denak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:
1. artikulua. Legeak deitutakoan arma zerbitzura joateko eta norberaren ondasunen proportzioan Estatuko gastuetan laguntzeko betebeharrak ezarri dizkie Konstituzio politikoak espainiar guztiei, eta betebehar horiek, eskubide konstituzionalak dagozkien bezala, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanle guztiei egokituko zaizkie, Nazioko gainerako biztanleei bezalaxe.
2. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoaren kariaz, aipatutako hiru probintziak behartuta daude (…), armadako soldadualdi arrunt eta berezien kasuan, Legeen arabera dagokien gizonezko-kuota aurkeztera.
3. artikulua. Era berean, (…) Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako probintziak behartuta daude Estatuko aurrekontu orokorretan esleitutako kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta bereziak ordaintzera, dagokien proportzioan, gastu publikoetarako.
4. artikulua. Gobernuari baimena ematen zaio, dagokion egunean Gorteei berri emanez eta 1937ko irailaren 19ko eta 1941ko abuztuaren 16ko legeak eta urte bereko urriaren 29ko dekretua kontutan hartuz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaizko probintzien onespenarekin, egokitzat joten badu, euskal herrien ongizateak nahiz nazioaren gobernu onak eta segurtasunak eskatzen dituzten erreformak haien foru-araubide zaharran adosteari ekiteko.
Jauregian, 1876ko uztailaren 21ean.- Ni, Erregea.- Antonio Cánovas del Castillo,
Ministro Kontseiluko Presidentea.
Gaceta de Madrid, 1876ko uztailak 25.
7. TESTUA. 1876KO KONSTITUZIOA (1876-06-30)
Alfontso XII.a Jainkoaren graziaz Espainiako Errege konstituzionala denak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: gaur egun bildutako Erresumako Gorteekin batera eta haiekin bat etorriz, honako hau agindu eta berretsi
dudala:
Espainiako Monarkiaren Konstituzioa
11. art. Erlijio Katoliko, Apostoliko eta Erromatarra Estatuaren erlijioa da. Nazioa haren kultua eta haren ministroak mantentzera obligatzen da. Espainiako lurraldean inor ezingo da eragotzi ez bere iritzi erlijiosoengatik ez bere kultua praktikatzeagatik, baldin eta kristau moralari zor zaion errespetua gordetzen bazaio. Ez dira baimenduko, ordea, Estatuaren erlijioarenak ez diren jendaurreko zeremonia eta adierazpenak. (…)
13. art. Espainiar orok du eskubidea: Bere iritzi eta ideiak askatasunez adierazteko, ahoz, idatziz, inprimaketaz edo antzeko beste prozedura batez baliatuz eta aurretiko zentsurari lotu gabe. Bakean biltzeko. Giza bizitzaren xedeetarako elkartzeko (…).
18. art. Legeak egiteko ahala Gorteek dute Erregearekin.
19. art. Gorteak ahalmen bereko bi gorputz legegilekidek osatzen dituzte: Senatuak eta Diputatuen Kongresuak.
20. art. Senatua honela osatuta dago: norberaren eskubideko senatariak; Koroak izendatutako biziarteko senatariak; Estatuko korporazioek eta zergapeko handiek hautatutako senatariak (…).
28. art. Legeak finkatzen duen metodoaren bitartez hautatu eta berrautatu ahal izango dira diputatuak (…).
50. art. Erregeak du legeak betearazteko ahala (…).
75. art. Kode berberek aginduko dute monarkia osoan, zirkunstantzia jakin batzuen ondorioz legeek xedatzen dituzten aldaketak egin ahal izango badira ere. Epaiketa arrunt, zibil eta kriminaletan, foru bakarra ezarriko da espainiar guztientzat (…).
Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean.
8. TESTUA. JOAQUÍN COSTAREN OLIGARQUÍA Y CACIQUISMO LANAREN
PASARTEA (1901)
Horren bitartez, gobernu mota hau osatzen duten faktoreak eta bakoitzak gainerakoekiko okupatzen duen posizioa erabakitzen ditugu. Hiru dira kanpoko osagai horiek: 1. Bando bakoitzeko oligarkak (primate deiturikoak), gizon itzaltsuak edo gailenak, haren “buruzagitza” osatzen dutenak eta, oro har, erdialdean bizi direnak; 2. Lehen, bigarren edo hurrengo mailako jauntxoak, lurraldean sakabanatuak; 3. Gobernadore zibila, haien komunikazio-organo eta tresna den pertsona. Funtsean, horixe da trikimailu guztia, bere zamaren azpian nazioa amore emanda, intzirika eta umildua daukana.
Oligarka eta jauntxoek osatzen dute klase gidari edo gobernatzaile deitzen dioguna eta ‘alderditan’ banatuta eta sailkatuta dagoena. Baina hala deitzen badiogu ere, ez da hala; hala balitz, nazioaren zati eta haren ordezkari organiko izango litzateke. Baina gorputz arrotza baino ez da, zergak ezarri eta kobratzearren ministerioak, kapitaintzak, telegrafoak, trenbideak, bateriak eta gotorlekuak indarrez hartutako atzerritar talde bat izango litzatekeen bezala.
Hauteskundeetan (…), ez da herria bozkatzea faltsifikatu eta sistema galbidera eramaten duena, klase kontserbadoreak eta gobernatzaileak baizik. Horretarako, euren posizioaz, aberastasunaz eta masak zuzentzeko eman zitzaien aginteaz eta botereaz baliatzen dira.
Joaquin Costa, Oligarquía y caciquismo como la forma actual de gobierno en España,
Madril, 1901.
9. TESTUA. FEDERICO ECHEVARRIAREN HITZALDIA LIBREKANBISMOARI ETA PROTEKZIONISMOARI BURUZ (1893-12-09)
Ez, hemen gertatzen den gauza bakarra zera da, Espainiaren eta Alemaniaren arteko itun tamalgarriaren ondorioz, proiektua atzera botako dela, eta deseginik geldituko dela egungo aduana-zergen araubidea ezartzeko egindako lan handia. Eta jokabide horrek zoritxar handia ekarriko dio herrialdeari, dudarik gabe; ez bakarrik aurrekari zorigaiztoko bat ezarriko duelako, etorkizuneko zeinahi industria-ekimen hondatuko lukeena, baizik eta, orobat, zauri hilgarria eragingo liekeelako lantegiei; bai egungo muga-zergen araubidearen babesean altxatu direnei, halakoak baitira gehien-gehienak, bai lehendik altxatuak zirenetan egin diren erreforma eta zabaltze handiei. Eta industria-jarduera horren guztiaren heriotzak, ohar gaitezen, hauek guztiak harrapatuko lituzke: Labe Garaiak, galdaragintzako eta makinak egiteko instalazio berrietan: altzairu-ekoizpena; Talleres de Deusto, altzairu moldekatuak eta trakzio-makinak eta -materiala egiteko sailean; Aurrera, haren hodi-funtzio ezin garrantzitsuagoetan, altzairuzko manufakturetan; Talleres de Zorroza eta Talleres de
Miraballes, zubigintzan, bagoigintzan, eraikingintzan eta galdaragintzan (…) eta beste asko eta asko, luze joko bailiguke orain denak aipatzeak. Ez aipatzeagatik, jaun-andreok, berebiziko garrantzia duten fabrika-proiektuak —izenik ezin dut eman—, 1892ko aduana-zergak jarraitzearen baitan baitago haiek gauzatzea edo ez.
Hain ondorio lazgarriak saihesteko, hainbesteko hondamena saihesteko, Bizkaia ez
ezik Espainiako beste eskualde oso garrantzitsu batzuk ere hartuko bailituzke eta
eragina izango bailuke nazio osoan, tinko eskatu behar diogu Gobernuari ez dadila
urrundu araubidetik, ez dezala suntsi halako modu zalapartatsu eta gupidagabean
gaur egungo babes-sistema, eta, beraz, bazterrera utz dezala espainiar-alemaniar
itun zentzugabe hori.
Merkataritza Itunen kontrako mitin-protesta, Bilbon, 1893ko abenduaren 9an.
Bilbon, 1894.
10. TESTUA: VICENTE BLASCO IBÁÑEZEN EL INTRUSO ELEBERRIAREN PASARTEA (1904)
“Peoien etxea” zen, meatze-mendietako aterpetxe ziztrina, eta jornalariak han bizi ziren, pilatuta. (…)
Arestik zulo hartan igarotako gauetan pentsatu zuen, tristuraz beteta. Peoiak abailduta iristen ziren, egun osoa ematen baitzuten barrenatzeko makinek ateratako blokeak apurtzen, bagonetak harritzarrez betetzen, mea-biltegira eramaten eta mea-biltegitik ekartzen. Babarrunak eta patatak bakailao edo urdail pixka batekin eskas afalduta, gelaxka hartan egiten zuten lo, izerdiz edo euriz bustitako jantziak soinean zituztela; botak bakarrik eranzten zituzten; jaka ere bai, batzuetan. Eskuez uki zitekeen sabai haren azpian, airea ez zen mugitzen, eta ordu gutxi batzuk igaro ostean, ezin arnastuzkoa bilakatzen zen, hainbeste gorputzen lurrunak loditua eta zikinkeria-usainez josia. Kamainen tolesetan, egurrezko junturetan nahiz sabaiko zuloetan bizi ziren bizkarroiak ehizara ateratzen ziren, beroak suspertuta, eta nekeak eraginda lozorroan zeuden gorputz bizigabeekin anker jokatzen zuten, iluntasunaren babesean. Gau ekaiztsuetan, zirrikitu eta arrailetatik sartu eta batetik bestera ibiltzen zen haizea, etxezuloa behera botatzeko zorian. Halakoetan, gorputz jantzi eta kirasdunak elkarren bila aritzen ziren, beroa lortu nahian. Izerdiak elkartu egiten ziren, eta arnasak nahasi; zikinkeria anaiartekoa zen. (…)
Harrobia zen langile asaldatzaileen etsairik gogorrena. Lurpeko meazuloetako arriskuei aurre egiteko, beharrezkoa zen nolabaiteko trebezia; beraz, ez zen erraza hango langileen ordezkoak bilatzea, irakatsi egin behar baitzitzaien ofizioa. Baina Enkarterri emankorretan, burdinak mendiak osatzen ditu: ustiaketa kanpoaldean egiten da; harria atera, jaso eta eraman, ez da besterik egin behar; zulatu eta apurtu, ereiteko lurretan bezalaxe. Goseak bultzatuta, etengabe iristen ziren peoiak, multzo handitan, eta gehiegikerien aurka protestaka lanpostua utzi zutenak ordezkatzen zituzten, ahaleginik egin gabe. Gizonen etorrera etengabe hura eteten ez bazen, Enkarterrietako langileak behin eta berriz ordezkatzen bazituzten, zaila zen lan hark
bere eskubideak eskuratzea.
Vicente Blasco Ibáñez, El intruso, Valentzia, 1904.
11. TESTUA. EUSKELDUN BATZOKIJAREN ESTATUTUAK (1894)
1. artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin sortzen da Bilboko hirian aisiarako zentro bat, helburu duena (…) Bizkaiko Jaun Goikua eta Lagi-Zarra goiburuan jasotako doktrinen jarraitzaile diren herritarren arteko batasun- eta adiskidetasun-loturak sortzea.
2. artikulua: Behin Bizkaiko Elkarte Nagusia sortzen denean, Bizkai-Batzar deituko dena eta Arana eta Goiri ́tar Sabinok idatzitako estatutuak izango dituena, Euskeldun Batzokija haren mende geratuko da (…).
3. artikulua: Jaungoikua. Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da bere barruko bizitzako adierazpen guztietan eta gainerako herriekiko harremanetan.
4. artikulua: Lagizarra. Bizkaia askatasunez birsortuko da. Bere lege tradizionaletan, foruetan, jasotako funtsezkoena osotasunean berrezarriko du. Gure arbasoen usadio eta ohitura onak berrezarriko ditu. Euskal arrazako familiez osatuko da gehienbat, erabat ez bada. Euskara izendatuko du hizkuntza ofizialtzat.
5. artikulua: Eta. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren eta gauza jainkotiarren eta gizatiarren arteko harmonia perfektuaren eta adostasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.
6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarra bereiztea. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren, eklesiastikoaren eta zibilaren arteko bereizketa argi eta nabarmenaren gainean ezarriko da Bizkaia.
7. artikulua: Jaungoikua Lagizarraren aurretik jartzea. Politikoak erlijiosoarekiko eta Estatuak Elizarekiko erabateko eta baldintza gabeko mendekotasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.
8. artikulua: Bizkaia, bere arraza, bere hizkuntza, bere fedea, bere izaera eta bere ohiturak kontuan hartuta Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoaren senide izanik, sei herrialde horiekin elkartu edo konfederatuko da Euskelerria (Euskeria) izeneko osotasuna eratzeko, baina bere autonomia partikularra batere murriztu gabe (…).
Bizkaitarra (Bilbo), 1894-05-24.
12. TESTUA. LA LUCHA DE CLASES ASTEKARIKO ARTIKULUA (1896-05-23)
Bizkaiko langileei
(…) Bizkaiko meatzeetako langileek, maiatzaren 1ean Gallartako frontoian bildurik, manifestazio zaratatsuak egin zituzten meatze eskualde hartako erregetxoek derrigorrezko kuartel eta dendak mantentzearen aurka, eta batzorde bat eratu zuten botere publikoei edo haien ordezkariei haiek berehala eta erabat desagerrarazteko. (…)
Meatzeetako langileak bat eginik altxatu ziren greban 1890ean, lanaldia murriztea eta derrigorrezko barrakoi eta dendak kentzea aldarrikatuz. (…)
Gaur egun, nola edo hala, 1890ean ezarritako lanaldiari eusten zaio, baina derrigorrezko barrakoi eta dendei dagokienez, lehenengo grebaren aurrean bezala dago egoera, oso-oso alde txikiarekin, meatze-zona guztian.
Bizkaian, legeak gutxietsiz eta mendearen izaera liberala murriztuz, nahitaezko baldintza da, lanean onartua izateko, etxe ez-higienikoetan bizitzea eta janaria, ona edo txarra (ia beti txarra eta eskandaluzko prezioan), denda jakin batzuetan erostea.
Hori, gure iritziz, hainbestetan ahoan hartutako lan-askatasunari egiten zaion eraso larri bat da, osasun- eta higiene-legeei egiten zaien irain bat da, eta, batez ere, inongo gobernu kultuk onartu behar ez lukeen zapalkuntza antihumanitario bat da.
Baina Bizkaiko meatzeetako langileek, esklabotasun berri eta higuingarriaren ikur diren derrigorrezko kuartel eta dendak desagerrarazteko, grebarako legezko eskubidea aldarrikatuko dute, baldin eta gobernuak eta agintariek uste ez badute benetako krimenak egiten dituzten kontzientziarik gabeko zapaltzaileenaseezintasunari muga jarri behar zaionik.
La Lucha de Clases (Bilbo), 1896-05-23.
2015 – MIKEL GARMENDIA OLAZIREGI hil zaigu
Ez zen makala gizona!
Zahartuta ezagutu nuen, jada, baina gazte zen bere oroitzapenetan, bere ametsetan eta hitzetan.
Ikasle asko samar jarri genizkion aurrean, egoerak zart egingo ote zuen beldur ginen, baina… ke ba! Mikelek gerran aurrera egin zuen bezala borrokatu zuen Jakintzako plazan eta gure ikasleak txundituta geratu ziren Virtudes emaztea ezagutu zueneko gora-beherak kontatu zituenean edo, kartzelan, Rufinirekin nola gozatu zuen esplikatu zienean. Posible ote zen gozamen hori? Posible ote zen aiton hark beraien moduko amodioak izatea? Adi-adi entzun zuten haren diskurtsoa eta jakin-minez geratu ziren hurrengo egunetarako ere. Tristetu zen Virtudesen heriotza kontatu zuenean, baina suerte handiko gizona izan naiz esaten amaitu zuen.
Bazkaltzera ere joan ginen, en petit comité. Hura gozamena! Ez zen haren lezioa bukatzen! Eta, elkarrizketan, ez zen bere gogoeta bakarrik agertu, egungo albisteak era ahoan zituen, Sarkozyren Carla dotorea edo informatikako azken ezagutzak, Beizaman egiten ari zenak.
Asko gozatu genuen berarekin eta errespeto handiz egin nahi diogu agurra. Harro esaten zuen bezala, bera jaio zen egunean hil zen Shakespeare, hil zen Garcilaso de la Vega eta … jaio nintzen ni. Ez dakit data horiek zuzenak diren, baina badakit hutsune galanta geratuko zaigula 100 urteko gizon hau joatean. Agur eta ohore, MIkel!
http://eu.wikipedia.org/wiki/Mikel_Garmendia_Olaziregitik hartuta:
Datu pertsonalak | ||
---|---|---|
Ezizena | Belarra | |
Jaio | 1915eko apirilaren 23a | |
Donostia (Gipuzkoa) | ||
Hil | 2015eko ekainaren 1a | |
Beizama (Gipuzkoa) |
Mikel Garmendia Olaziregi —goitizenez Belarra— (Donostia, Gipuzkoa, 1915eko apirilaren 23a – Beizama, Gipuzkoa, 2015eko ekainaren 1a) eusko gudaria izan zen, Itxarkundia batailoian aritua. 1937an, komisario politiko izateko proposatu zuten; ez zen kargua hartzera heldu, frankistek atzeman baitzuten. Heriotza-zigorra ezarri zioten, baina indultua lortu zuen, eta, urte asko kanpoan ibili behar izan eta gero, jaioterrira itzuli zen, bai eta berak bizi izandakoaren kontakizun aberatsa behin eta berriro egin ere. Jaiotzaz donostiarra eta bihotzez ordiziarra, euskal herritar agertzen zen beti.
Bizitza
Mikel Donostian jaio zen, 1915eko apirilaren 23an, aita eta ama berek 17 seme-alaba izan zituzten sendi batean. Mikelek lau urte zituela, Garmendia familia Ordiziara joan zen bizitzera, eta, gurasoak herriko batzokiko zaindariak zituenez, han bizi zen 1936an Gerra Zibila hasi zenean. Mikel txikiak, Ordiziako batzokiko atezainaren semeak, euskal aldizkari eta egunkariak —Eusko Langile, Amayur, Euzkadi…— saltzen zituen herri hartan eta Beasainen. CAF fabrikako langileei «Compre Euzkadi; periódico antiespañol» oihu egiten zien, eta zentimo bat eskuratzen zuen saldutako aleko.
Herritik alde egin zuen, eusko gudariekin bat egitearren. Mikel Itxarkundia batailoiko gudari izan zen, eta gerra motz eta intentsu hartan hartu zuen parte; lagun asko erori zitzaion bidean eta bera ere ia-ian ibili zen ez gutxitan. 1937an, komisario politiko izendatzeko proposatu zuten, baina ezin izan zuen kargua hartu, aurretik frankistek Torrelavegako bidean atzeman baitzuen eta, Santoñako traizioa delakoaren ondorioz, heriotzara zigortu zuten.
Garmendia, beste askorekin batera, Larrinagako goiko solairuko areto zabal batean sartu zuten. Bizitza osorako geratu zitzaizkion buruan Mikeli 1937ko abenduko egun eta gau beltzak, kartzelariek garrote vil prestatzen zuteneko hura, lo aurreko izua Miguel Garmendia, con todo el petate agindu fatidikoa noiz helduko ote zen zain… Mikeli ez zitzaion destino petrala iritsi, ordea, eta, beste lagun batzuekin, Burgosko presondegira eraman zuten 1938ko uztailean.
Larrinagatik libratu zen eta Burgoseko ziega batean sartu zuten, Joseba Rezola, Juan Ajuriagerra, Iñaki Unzueta, Luki Artetxe eta Javier Artazarekin batera. Preso ohiak ez du alde txarra bakarrik gogoan, alde onak ere ez zaizkio ahazten, kartzelako lagunak… Juan Ajuriagerrak aljebra irakatsi zion Mikeli, eta oraindik bere etxean gordetzen ditu Rufini metodoarekin ebatzitako bigarren graduko ekuazioz betetako koaderno haiek. Denbora nola-hala pasa behar zen.
1939ko urtarrilaren lehen egunean, heriotza zigorra kendu zitzaien ofizial ez ziren euskal presoei. Horiei —Mikeli, tartean— 1939ko irailaren 24an helduko zitzaien indultua.
Heriotzatik libratu bai, baina ez kartzelatik. Frankismoak Mikel Alcalá de Henaresko presondegira eraman zuen, eta 1943 arte ez zen libre geratu.
Hala ere ez zituen behartutako lan guztiak beteta, eta soldadutza egin behar izan zuen espainiar armadan, Afrikan: Tetuan, Tanger…
Azkenean, Francoren diktaduraren sinbolo bihurtutako Valle de Los Caidos izeneko tokira iritsi zen, eta beste milaka preso asko bezala lan baldintza gizagabeetan aritzera behartu zuten zen. Asko hil ziren bere inguruan, eta itxaropen gutxi zegoen. Halako batean, Bilore enpresako Andres Arana Matxainek bisitatu zuen, eta handik alde egiteko bitartekoak jartzerik nahi zuen galdetu zion. Mikelek paperak beharko zituela erantzun zion, bestela ez zela oso urruti iritsiko.
Handik zenbait egunetara Aranak paperak eskuratu zizkiola esan zion, eta horrela, Valle de los Caídosetik alde egin zuen, Pablo Aguado Martínen nortasun agiriekin. Paper horien arabera, palentziarra zen jaiotzez, eta izen horretan ezkutatuta, lanean hasi zen Bilorek eta Bilboko Jabones Chimbo enpresak Malagako Fuentepiedran zuten lantegi batean.
Han ere adiskideak egin zituen, eta maitemindu ere bai. Laster ohitu zen malagar herri eta garai hartako bizimodura: lanez kanpo, andregaiarekin paseatzen ez zuenean, kartatan aritzen zen, beste edozein palentziarrek egingo lukeen bezala. Egia esan, beldurrak ahaztu zituen eta ingurua ez zitzaion arerio egin; antifrankista asko zegoen Malagan ere.
Baina Mikelek ez zuen ahazten bere sekretua eta, 1948an, tabernako jokolagun bati —polizia ohia bera— bere ezkutuko nortasuna aitortu zion. Lagun ona izan zen hura, eta benetako nortasunera itzultzeko izapideak egin zizkion. Atzean geratzen ziren Diario Vasco eta La Voz de Españako deiak, Mikel Garmendia iheslaria lehenbailehen Gipuzkoako Gobernu Militarrera aurkezteko adierazten zutenak, eta atzean geratuko zen Pablo Aguado. Erregimenarekikoak ordainduta zituen, jada, Mikelek.
Asko pentsatu zuen bere emaztegaia zen Virtudesi nola esan behar zion hura guztia. Hori egiteko eguna iritsi zenean, lasaitu ederra hartu zuen, malagar hark ez baitzion muzin egin eta, 1948an, ezkondu egin ziren. Bikotea eta jaio zitzaizkien bi alabak Andaluzian geratu ziren 1970era arte, Mikeli Zaldibiako Bilore fabrikarako lan eskaintza etorri zitzaion arte.
Virtudesek dena batera jakin zuen, bata bestearen atzean: Mikelek gerrako ezizena Belarra izan zuela; komando lanetan ibili zela ere esan zion, Itxarkundiakoen laguntzan, eta faxistei Falangeren banderatxoak kentzen zizkiela gaueko irtenaldietan; AGFA argazki kamara zaharrarekin etsaiaren posizioak erretratatzen zituela; eta Kandido Sasetak pistola-metrailadore bat utzi ziola behin eta…, arma harekin hiru tiro bota ondoren, trabatu egin zitzaiola; eta gerrarako ez zeudela prestatuta… eta eusko armadarik ez zegoela… eta armarik ez zutela… eta… lagun asko eta asko galdu zituela liskar hartan…
Virtudesek dena ulertu zuen eta haren alaitasunak aurreko zauriak estaltzen lagundu zion. Virtudes hil zitzaionean oso bakarrik geratu zen Mikel eta alabaren ingurura joan zen bizitzera, Beizamara. Bizi artean borrokan jarraitu zuen, ez zion irakurtzeari eta gauzak jakiteari utzi, internauta bihurtu zen, noranahi joateko prest zegoen bere bizipenak grazia handiz kontatzeko.