RSS

Category Archives: Hautaprobak

2017 – ESPAINIAKO HISTORIA 2016-2017 ikasturterako USErako TESTUAK

LEHENENGO PARTERAKO TESTUAK (1808-1930)

1. TESTUA CÁDIZKO KONSTITUZIOA (1812-03-19)

Fernando VII.a Jainkoaren graziaz eta Espainiako monarkiaren konstituzioaz Espainiako errege denak, eta, haren faltan eta gatibutasunean, Gorte nagusiek eta bereziek izendatutako Erregetzako erregeordetzak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorte berek honako hau agindu eta berretsi dutela:

  1. art. Espainiako nazioa bi hemisferioetako espainiar guztien batasuna da.
  2. art. Subiranotasuna nazioan datza izatez, eta, arrazoi beragatik, nazioari bakarrik dagokio funtsezko legeak ezartzeko eskubidea.
  3. art. Espainiar ororen betebeharra da Estatuaren gastuetan bere ondasunen arabera laguntzea.
  4. art. Espainiako erlijioa katoliko, apostoliko eta erromatarra da eta izango da beti, egiazkoa den bakarra. Nazioak lege jakintsu eta bidezkoekin babesten du, eta beste edozein praktikatzea debekatzen du.
  5. art. Espainiako gobernua monarkia moderatu heredagarria da.
  6. art. Legeak egiteko ahala Gorteek dute erregearekin.
  7. art. Erregeak du legeak betearazteko ahala.
  8. art. Auzi zibil eta kriminaletan legeak aplikatzeko ahala legeak ezarritako auzitegiek dute.
  9. art.Espainiar guztiek dute euren ideia politikoak idatzi, inprimatu eta argitaratzeko eskubidea, argitalpenaren aurreko lizentzia, berrikuspen edo onarpenik gabe, legeak xedatutako mugapen eta erantzukizunen pean.

Cádizen, 1812ko martxoaren 19an.

ERANTZUN POSIBLEA

2. TESTUA. PERSIARREN MANIFESTUA (1814-04-12)

JAUNA: Antzinako persiarren ohitura zen erregea hiltzen zenean anarkiaz beteriko bost egun igarotzea, hilketa, lapurreta eta beste hainbat zorigaiztoren esperientziak ondorengoarekiko leialago izatera behartu zitzan. Espainia Berorren Maiestateari leial izateko, ez zuen behar halako saiakuntzarik zure gatibutasunak iraun duen sei urteetan. Berorren Maiestatea arbasoen tronura itzulita ikusteaz pozten diren espainiarretatik, begirunezko adierazpen hau Espainiako ordezkari-izaerarekin sinatzen dutenak dira (…)

Monarkia absolutua (…) arrazoiaren eta adimenaren lana da: jainkoaren legearen, justiziaren eta Estatuaren funtsezko legeen mende dago: konkista-eskubidearen bitartez edo euren erregeak aukeratu zituzten lehen gizakien borondatezko menekotasunaren bitartez ezarri zen. Horregatik, subirano absolutuak ez du ahalmenik bere agintea arrazoirik gabe erabiltzeko (Jainkoak berak ere eduki nahi izan ez zuen eskubidea); horregatik izan da beharrezkoa botere subiranoa absolutua izatea, bere mendekoei denen interesekoa zaintzen duena agintzeko eta hori nahi ez dutenak obeditzera behartzeko (…).

Eskatu behar dugun erremedioa, gure botoak, eta gure probintzienak, paperean jarriz, Espainiako lege, foru, usadio eta ohituren araberakoa da. (…)  Xede horrekin bil daitezela Gorteak handitasunez, eta antzinakoak egin ziren bezala (…): bertan behera utz daitezela Konstituzioaren ondorioak eta Cadizen xedatutako dekretuak, eta kontuan har ditzatela Gorte berriek haren deus eztasuna, injustizia eta desegokikeriak (…)

Madrilen, 1814ko apirilaren 12an.

ERANTZUN POSIBLEA

3. TESTUA. MENDIZABALEN DESAMORTIZAZIO- DEKRETUA (1836-02-21)

BERORREN MAIESTATE ERREGINA GOBERNATZAILEARI EMANDAKO AZALPENA

Andrea: Nazioaren jabego bihurtu diren ondasunak saltzea ez da soilik emandako hitza betetzea eta salmenten emaitzaren berdina den amortizazio baten bitartez zor nazionalari berme positiboa ematea; zorion publikoaren iturri oparo-oparo bat irekitzea da; hildako aberastasun bat berpiztea;  industriaren eta zirkulazioaren kanaletako oztopoak kentzea; herrialdeari bertako gauza guztiekiko maitasun natural eta sutsua itsastea; aberria zabaltzea, aberriarekin bat egiteko lotura berri eta sendoak sortzea; azken batean, ordenaren eta askatasunaren ikurra den Isabel II.aren tronu gorenarekin identifikatzea da. Ez da merkataritzako espekulazio hotz bat, ezta kreditu-eragiketa bat ere (…); animazio, bizi eta zorioneko elementu bat da Espainiarako. Horrela azaldu badezaket, haren pizkunde politikorako osagarria da.

Nazioak dagoeneko eskuratuak dituen ondasunen salmenta egiteko eta bere emaitza materialerako Berorren Maiestatearen onespen agurgarriaren pean jartzeko ohorea izango dudan dekretuak zor publiko handiaren kopurua murrizteko onura sortu behar du, eta beharrezkoa da bai bere joeran, bai bere helburuan eta bai emaitza hura lortzeko erabiliko dituen bitartekoetan, jabe-familia oparo bat sortzeko goi-mailako ideiari lotzea eta berarekin bat egitea, eta jabe horien gozamenak eta existentzia batez ere goi-mailako instituzioen erabateko garaipenean bermatzea.

Gaceta de Madrid, 1836ko otsailaren 21a.

ERANTZUN POSIBLEA

4. TESTUA. BURDINBIDEEN LEGE OROKORRA (1855-06-06)

Isabel II.a (…) Espainiako Erregina: honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:

  1. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideen eraikuntza Gobernuak egiaztatu ahal izango du eta, bestela, partikularrek edo konpainiek.
  2. artikulua. Partikularrek edo konpainiek ezingo dute trenbiderik eraiki (…) baldin eta dagokion emakida aurretik eskuratu ez badute.
  3. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideak eraikitzeko, funts publikoen laguntza jaso daiteke: 1.  Haiekin obra jakin batzuk eginez; 2. Enpresei inbertitutako kapitalaren zati bat emanez aldi jakin batzuetan  (…); 3. Kapital horien truke gutxieneko interes bat edo interes finko bat bermatuz (…).
  4. artikulua. Trenbideen eraikuntzan erabiltzen diren atzerriko kapitalak edo xede horretarako maileguak Estatuaren babespean geratuko dira, eta gerraren ondoriozko errepresalia, konfiskazio edo bahimenduetatik salbuetsita egongo dira.
  5. artikulu. Trenbide-enpresa guztiei honako hauek ematen zaizkie, jakina:
  6. Trenbideak hartuko dituen jabari publikoko lursail guztiak (…); 2.  Auzotasun-onura egur, larre eta gainerakoen aprobetxamendurako (…) enpresetako langileentzat eta lanetan erabiltzen diren zamarien mantenurako; 3. Trenbidearen aldameneko lurretan (…) harrobiak irekitzeko ahalmena (…); 4. Bidesari-eta garraio-eskubideak (…) jasotzeko ahalmen esklusiboa; 5. Eraikuntzak irauten duen bitartean eta hamar urte geroago arte, (…) lehengaiek, (…), makinek, (…), egurrak, kokeak eta atzerritik inportatu behar den material finko eta mugikor guztiak ordaindu beharreko muga-zergan (…) adierazitako eskubideen baliokidea itzultzea (…)
  1. artikulua. Trenbideak honako baldintza hauen arabera eraikiko dira: (…)  2. Trenbidearen zabalera metro bat eta 80 zentimetro izango da (Gaztelako 6 oin eta 6 hazbete).

Aranjuezen, 1855eko ekainaren 3an. Ni, Erregina.-Francisco de Luxan, Sustapeneko ministroa.

Gaceta de Madrid, 1855eko ekainaren 6a.

5. TESTUA. 1839KO URRIAREN 25EKO LEGEA

Isabel II.a jainkoaren graziaz eta Espainiako monarkiaren Konstituzioaz Espainiako Erregina denak eta, haren adingabetasunean, haren Ama Agurgarria den Maria Kristina Borboikoa Erregina alargunak, Erresumako Erregina Gobernatzaileak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:

  1. art. Euskal probintzietako eta Nafarroako foruak berresten dira; nolanahi ere, monarkiaren batasun konstituzionala beteko da.
  2. art. Gobernuak, aukera izan bezain laster eta Euskal probintziei eta Nafarroari entzun ondoren, lehen aipatutako foruetan haien interesa aldarrikatzen duen nahitaezko aldaketa proposatuko dio Gorteei, nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrarekin bat eginez eta, aldi baterako eta lehen adierazitako moduan eta zentzuan, sor litezkeen zalantzak eta eragozpenak ebatziz eta Gorteei horren berri emanez.

Ni, Erregina  Gobernatzailea.-Erreginak eskuz sinatua

Jauregian, 1839ko urriaren 25ean.

6. TESTUA. 1876KO UZTAILAREN 21EKO LEGEA

Alfontso XII.a jainkoaren graziaz Espainiako Errege konstituzionala denak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi  dudala:

  1. art. Legeak deitutakoan arma zerbitzura joateko eta norberaren ondasunen proportzioan Estatuko gastuetan laguntzeko betebeharrak ezarri dizkie Konstituzioak espainiar guztiei, eta betebehar horiek, eskubide konstituzionalak dagozkien bezala, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanle guztiei egokituko zaizkie, nazioko gainerako biztanleei bezalaxe.
  2. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoaren kariaz, aipatutako hiru probintziak behartuta daude (…), armadako soldadualdi arrunt eta berezien kasuan, Legeen arabera dagokien gizonezko-kuota  aurkeztera.
  3. artikulua. Era berean, (…) Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako probintziak behartuta daude  Estatuko aurrekontu orokorretan esleitutako kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta bereziak ordaintzera, dagokien proportzioan, gastu publikoetarako.
  4. artikulua. Gobernuari baimena ematen zaio, dagokion egunean Gorteei berri emanez eta 1837ko irailaren 19ko eta 1841eko abuztuaren 16ko legeak eta urte bereko urriaren 29ko dekretua kontuan hartuz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintzien onespenarekin, eta egokitzat jotzen badu, lehengo foru-araubidean eskatzen dituzten erreforma guztiak onartzeko, euskal herrien ongizaterako nahiz nazioaren gobernu onerako eta segurtasunerako badira.

Jauregian, 1876ko uztailaren 21ean.-Ni, Erregea.-Antonio Cánovas del Castillo, Ministro Kontseiluko Presidentea.

Gaceta de Madrid, 1876ko uztailak 25.

7. TESTUA. 1876KO KONSTITUZIOA (1876-06-30)

Alfontso XII.a jainkoaren graziaz Espainiako errege konstituzionala denak  honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: gaur egun bildutako Erresumako Gorteekin batera eta haiekin bat etorriz, honako hau agindu eta berretsi dudala:

Espainiako Monarkiaren Konstituzioa

  1. art. Erlijio Katoliko, Apostoliko eta Erromatarra Estatuaren erlijioa da. Nazioa haren kultua eta haren ministroak mantentzera obligatzen da. Espainiako lurraldean inor ezingo da eragotzi ez bere iritzi erlijiosoengatik ez bere kultua praktikatzeagatik, baldin eta kristau moralari zor zaion errespetua gordetzen bazaio. Ez dira baimenduko, ordea, Estatuaren erlijioarenak ez diren jendaurreko zeremonia eta adierazpenak. (…)
  2. art. Espainiar orok du eskubidea: Bere iritzi eta ideiak askatasunez adierazteko, ahoz, idatziz, inprimaketaz edo antzeko beste prozedura batez baliatuz eta aurretiko zentsurari lotu gabe. Bakean biltzeko. Giza bizitzaren xedeetarako elkartzeko (…).
  3. art. Legeak egiteko ahala Gorteek dute Erregearekin.
  4. art. Gorteak ahalmen bereko bi gorputz legegilekidek osatzen dituzte: Senatuak eta Diputatuen Kongresuak.
  5. art. Senatua honela osatuta dago: norberaren eskubideko senatariak; Koroak izendatutako biziarteko senatariak; Estatuko korporazioek eta zergapeko handiek hautatutako senatariak (…).
  6. art. Legeak finkatzen duen metodoaren bitartez hautatu eta berrautatu ahal izango dira diputatuak (…).
  7. art. Erregeak du legeak betearazteko ahala (…)
  8. art.  Kode berberek aginduko dutemonarkia osoan, zirkunstantzia jakin batzuen ondorioz legeek xedatzen dituzten aldaketak egin ahal izango badira ere. Epaiketa arrunt, zibil eta kriminaletan, foru bakarra ezarriko da espainiar guztientzat (…)

Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean.

8.TESTUA. JOAQUÍN COSTAREN OLIGARQUÍA Y CACIQUISMO LANAREN PASARTEA (1901)

Horren bitartez, gobernu mota hau osatzen duten faktoreak eta bakoitzak gainerakoekiko okupatzen duen posizioa erabakitzen ditugu.

Hiru dira kanpoko osagai horiek: 1. Bando bakoitzeko oligarkak (primate deiturikoak), gizon itzaltsuak edo gailenak, haren “buruzagitza” osatzen dutenak eta, oro har, erdialdean bizi direnak; 2. Lehen, bigarren edo hurrengo mailako jauntxoak, lurraldean sakabanatuak; 3. Gobernadore zibila, haien komunikazio-organo eta tresna den pertsona. Funtsean, horixe da trikimailu guztia, bere zamaren azpian nazioa amore emanda, intzirika eta umildua daukana.

Oligarka eta jauntxoek osatzen dute klase gidari edo gobernatzaile deitzen dioguna eta ‘alderditan’ banatuta eta sailkatuta dagoena. Baina hala deitzen badiogu ere, ez da hala; hala balitz, nazioaren zati eta haren ordezkari organiko izango litzateke. Baina gorputz arrotza baino ez da, zergak ezarri eta kobratzearren ministerioak, kapitaintzak, telegrafoak, trenbideak, bateriak eta gotorlekuak  indarrez hartutako atzerritar talde bat izango litzatekeen bezala.

Hauteskundeetan (…), ez da herria bozkatzea faltsifikatu eta sistema galbidera eramaten duena, klase kontserbadoreak eta gobernatzaileak baizik. Horretarako, euren posizioaz, aberastasunaz eta masak zuzentzeko eman zitzaien aginteaz eta botereaz baliatzen dira.

Joaquin Costa, Oligarquía y caciquismo como la forma actual de gobierno en España, Madril, 1901.

9. TESTUA. FEDERICO ECHEVARRIAREN HITZALDIA LIBREKANBISMOARI ETA PROTEKZIONISMOARI BURUZ (1893- 12-09)

Ez, hemen gertatzen den gauza bakarra zera da, Espainiaren eta Alemaniaren arteko itun tamalgarriaren ondorioz, proiektua atzera botako dela, eta deseginik geldituko dela egungo aduana-zergen araubidea ezartzeko egindako lan handia. Eta jokabide horrek zoritxar handia ekarriko dio herrialdeari, dudarik gabe; ez bakarrik aurrekari zorigaiztoko bat ezarriko duelako, etorkizuneko zeinahi industria-ekimen hondatuko  lukeena, baizik eta, orobat, zauri hilgarria eragingo liekeelako lantegiei; bai egungo muga-zergen araubidearen babesean altxatu direnei, halakoak baitira gehien-gehienak, bai lehendik altxatuak zirenetan egin diren erreforma eta zabaltze handiei. Eta industria-jarduera horren guztiaren heriotzak, ohar gaitezen, hauek guztiak harrapatuko lituzke: Labe Garaiak, galdaragintzako eta makinak egiteko instalazio berrietan: altzairu-ekoizpena; Talleres de Deusto, altzairu moldekatuak eta trakzio-makinak eta -materiala egiteko  sailean; Aurrerá, haren hodi-funtzio ezin garrantzitsuagoetan, altzairuzko manufakturetan; Talleres de Zorroza eta Talleres de Miraballes, zubigintzan, bagoigintzan, eraikingintzan eta galdaragintzan (…) eta beste asko eta asko, luze joko bailiguke orain denak aipatzeak. Ez aipatzeagatik, jaun-andreok, berebiziko garrantzia duten fabrika-proiektuak izenik ezin dut eman—, 1982ko aduana-zergak jarraitzearen baitan baitago haiek gauzatzea edo ez.

Hain ondorio lazgarriak saihesteko, hainbesteko hondamena saihesteko, Bizkaia ez ezik Espainiako beste eskualde oso garrantzitsu batzuk ere hartuko bailituzke eta eragina izango bailuke nazio osoan, tinko eskatu behar diogu Gobernuari ez dadila urrundu araubidetik, ez dezala suntsi halako modu zalapartatsu eta gupidagabean gaur egungo babes-sistema, eta, beraz, bazterrera utz dezala espainiar-alemaniar itun zentzugabe hori.

Merkataritza Itunen kontrako mitin-protesta, Bilbon, 1893ko abenduaren 9an.

Bilbon, 1894.

10. TESTUA: VICENTE BLASCO IBÁÑEZEN EL INTRUSO ELEBERRIAREN PASARTEA (1904)

“Peoien etxea” zen, meatze-mendietako aterpetxe ziztrina, eta jornalariak han bizi ziren, pilatuta. (…)

Arestik zulo hartan igarotako gauetan pentsatu zuen, tristuraz beteta. Peoiak abailduta iristen ziren, egun osoa ematen baitzuten barrenatzeko makinek ateratako blokeak apurtzen, bagonetak harritzarrez betetzen, mea-biltegira eramaten eta mea-biltegitik ekartzen. Babarrunak eta patatak bakailao edo urdail pixka batekin eskas afalduta, gelaxka hartan egiten zuten lo, izerdiz edo euriz bustitako jantziak soinean zituztela; botak bakarrik eranzten zituzten; jaka ere bai, batzuetan. Eskuez uki zitekeen sabai haren azpian, airea ez zen mugitzen, eta ordu gutxi batzuk igaro ostean, ezin arnastuzkoa bilakatzen zen, hainbeste gorputzen lurrunak loditua eta zikinkeria-usainez josia. Kamainen tolesetan, egurrezko junturetan nahiz sabaiko zuloetan bizi ziren bizkarroiak ehizara ateratzen ziren, beroak suspertuta, eta nekeak eraginda lozorroan zeuden gorputz bizigabeekin anker jokatzen zuten, iluntasunaren babesean. Gau ekaiztsuetan, zirrikitu eta arrailetatik sartu eta batetik bestera ibiltzen zen haizea, etxezuloa behera botatzeko zorian. Halakoetan, gorputz jantzi eta kirasdunak elkarren bila aritzen ziren, beroa lortu nahian. Izerdiak elkartu egiten ziren, eta arnasak nahasi; zikinkeria anaiartekoa zen. (…)

Harrobia zen langile asaldatzaileen etsairik gogorrena. Lurpeko meazuloetako arriskuei aurre egiteko, beharrezkoa zen nolabaiteko trebezia; beraz, ez zen erraza hango langileen ordezkoak bilatzea, irakatsi egin behar baitzitzaien ofizioa. Baina Enkarterri emankorretan, burdinak mendiak osatzen ditu: ustiaketa kanpoaldean egiten da; harria atera, jaso eta eraman, ez da besterik egin behar; zulatu eta apurtu, ereiteko lurretan bezalaxe. Goseak bultzatuta, etengabe iristen ziren peoiak, multzo handitan, eta gehiegikerien aurka protestaka lanpostua utzi zutenak ordezkatzen zituzten, ahaleginik egin gabe. Gizonen etorrera etengabe hura eteten ez bazen, Enkarterrietako langileak behin eta berriz ordezkatzen bazituzten, zaila zen lan hark bere eskubideak eskuratzea.

Vicente Blasco Ibáñez, El intruso, Valentzia, 1904.

11. TESTUA. EUSKELDUN BATZOKIJAREN ESTATUTUAK  (1894)

  1. artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin sortzen da Bilboko hirian aisiarako zentro bat, helburu duena (…) Bizkaiko Jaun Goikua eta Lagi-Zarra goiburuan jasotako doktrinen jarraitzaile diren herritarren arteko batasun-eta adiskidetasun-loturak sortzea.
  2. artikulua: Behin Bizkaiko Elkarte Nagusia sortzen denean, Bizkai-Batzar deituko dena eta Arana eta Goiri´tar Sabinok idatzitako estatutuak izango dituena, Euskeldun Batzokija haren mende geratuko da (…).
  3. artikulua: Jaungoikua. Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da bere barruko bizitzako adierazpen guztietan eta gainerako herriekiko harremanetan.
  4. artikulua:  Lagizarra. Bizkaia askatasunez birsortuko da. Bere lege tradizionaletan, foruetan, jasotako funtsezkoena osotasunean berrezarriko du. Gure arbasoen usadio eta ohitura onak berrezarriko ditu. Euskal arrazako familiez osatuko da gehien bat, erabat ez bada. Euskara izendatuko  du hizkuntza ofizialtzat.
  5. artikulua: Eta. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren eta gauza jainkotiarren eta gizatiarren arteko harmonia perfektuaren eta adostasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.
  6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarra bereiztea. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren, eklesiastikoaren eta zibilaren arteko bereizketa argi eta nabarmenaren gainean ezarriko da Bizkaia.
  7. artikulua: Jaungoikua Lagizarraren aurretik jartzea. Politikoak erlijiosoarekiko eta Estatuak Elizarekiko erabateko eta baldintza gabeko mendekotasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.
  8. artikulua: Bizkaia, bere arraza, bere hizkuntza, bere fedea, bere izaera eta bere ohiturak kontuan hartuta Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoaren senide izanik, sei herrialde horiekin elkartu edo konfederatuko da Euskelerria (Euskeria) izeneko osotasuna eratzeko, baina bere autonomia partikularra batere murriztu gabe (…).

Bizkaitarra (Bilbo), 1894-05-24.

12. TESTUA. LA LUCHA DE CLASES ASTEKARIKO ARTIKULUA (1896-05-23)

Bizkaiko langileei

(…) Bizkaiko meatzeetako langileek, maiatzaren 1ean Gallartako frontoian bildurik, manifestazio zaratatsuak egin zituzten meatze eskualde hartako erregetxoek derrigorrezko kuartel eta dendak mantentzearen aurka, eta batzorde bat eratu zuten botere publikoei edo haien ordezkariei haiek  berehala eta erabat desagerrarazteko. (…)

Meatzeetako langileak bat eginik altxatu ziren greban 1890ean, lanaldia murriztea eta derrigorrezko barrakoi eta dendak kentzea aldarrikatuz. (…)

Gaur egun, nola edo hala, 1890ean ezarritako lanaldiari eusten zaio, baina derrigorrezko barrakoi eta dendei dagokienez, lehenengo grebaren aurrean bezala dago egoera, oso-oso alde txikiarekin, meatze-zona guztian.

Bizkaian, legeak gutxietsiz eta mendearen izaera liberala murriztuz, nahitaezko baldintza da, lanean onartua izateko, etxe ez-higienikoetan bizitzea eta janaria, ona edo txarra (ia beti txarra eta eskandaluzko prezioan), denda jakin batzuetan erostea.

Hori, gure iritziz, hainbestetan ahoan hartutako lan-askatasunari egiten zaion eraso larri bat da, osasun-eta higiene-legeei egiten zaien irain bat da, eta, batez ere, inongo gobernu kultuk onartu behar ez lukeen zapalkuntza antihumanitario bat da.

Baina Bizkaiko meatzeetako langileek, esklabotasun berri eta higuingarriaren ikur diren derrigorrezko kuartel eta dendak desagerrarazteko, grebarako legezko eskubidea aldarrikatuko dute, baldin eta  gobernuak eta agintariek uste ez badute benetako krimenak egiten dituzten kontzientziarik gabeko zapaltzaileen aseezintasunari muga jarri behar zaionik.

La Lucha de Clases (Bilbo), 1896-05-23.


BIGARREN PARTERAKO TESTUAK  (1931-1982)

13. TESTUA: CLARA CAMPOAMOR DIPUTATUAK GORTE KONSTITUZIOGILEETAN EMANDAKO HITZALDIA (1931-09-01)

Utz iezaiozue emakumeari den bezalakoa agertzen, hura ezagutu eta epaitzeko; errespeta ezazue gizaki izateagatik duen eskubidea; (…) eta baldin eskubide konstituziogilea, herri zibilizatuen arau juridiko gisa, gero eta hurbilago badago askatasunaren kontzeptutik, ez iezaguzue arrazoitzat aipa izaki desberdinen arteko desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua (…). Utz iezaiozue emakumeari Zuzenbidean aritzen, hasieran hanka-sartzeak eta zalantzak izanda ere, horrela bakarrik heziko baita  hartan.  

(…) Konstituzio honen garaia eta espiritua kontuan hartuta, oso poztu nau pentsatzeak mundu zibilizatuko orain arteko konstituziorik onena, libreena eta aurreratuena izango dela. Eta pentsatu dut, halaber, Errepublika ezarri eta hamabost egunera behin-behineko Gobernuaren dekretuak monarkiako hogei mendek aitortu ez ziotena aitortuko diola emakumeari. Uste dut hau izango dela emakumearen [sufragio] eskubidea onartuko duen lehen latindar herrialdea; lehen aldiz entzungo da latindar ganbera batean emakumearen ahotsa, emakumea bera bezain xumea, baina egiaren haizeak ekarri nahi dizkiguna; eta harro-harro sentitzen naiz, nire Espainia izango baita emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea  (…). Eta honela diotsuet, legegile jaunak: (…) ez ezazue onar beste latindar nazio batek, datozen egunetan, guk baino lehenago ezartzea bere Konstituzioaren buruan emakumearen askatasuna, zuen kidearen askatasuna.  

Diario de Sesiones de las Cortes Constituyentes de la República Española;

1931ko irailaren 1eko saioa.

14. TESTUA. FRONTE POPULARRAREN PROGRAMA (1936-01-16)

Alderdiak (…) berehala izango den hauteskunde-lehian euren indarren koalizioari oinarri eta kartel gisa balioko dien plan politiko komuna adostera iritsi dira. (…) Koalizioan elkartutako alderdiek honako konpromiso hauek hartu dituzte:  

Lege baten bitartez, 1933ko azaroaz geroztik egindako delitu politiko eta sozialen amnistia zabala ematea, auzitegiek halakotzat jo ez bazituzten ere (…)

Askatasunaren eta justiziaren defentsan, estatu errepublikazalearen eta haren erregimen konstituziogilearen funtsezko misio gisa, koalizioan elkartutako alderdiek Konstituzioaren agintea berrezarriko dute. (…)

Errepublikazaleek ez dute onartzen lurra nazionalizatu eta nekazariei emateko printzipioa, alderdi sozialistako ordezkariek eskatua. Baina komenigarritzat jotzen dituzte nekazariak askatzea lortu nahi duten zenbait neurri (…)

Alderdi errepublikazaleek ez dituzte onartzen langile-alderdiek bankuak nazionalizatzeko proposatutako neurriak; baina, bestalde, onartzen dute gure banku-sistemak hainbat hobekuntza behar dituela (…).  

Alderdi errepublikazaleek ulertzen duten Errepublika ez da klase-arrazoi sozial edo ekonomikoek zuzendutako errepublika bat, interes publiko eta aurrerapen sozialeko arrazoiek bultzatutako askatasun demokratikoko erregimen bat baizik. Baina, arrazoi ausart horrexegatik, politika errepublikazaleak  produkzioaren interes orokorrak uzten duen muga goreneraino igo behar lituzke langileen baldintza moralak eta materialak, muga horretatik kanpo pribilegio sozial eta ekonomiko guztiei ezarri beharreko sakrifizioak direnak direla. Alderdi errepublikazaleek ez dute onartzen alderdi sozialistaren ordezkaritzak eskatutako langile-kontrola.  

El Socialista (Madril), 1936ko urtarrilaren 16a.

15. TESTUA. EUSKAL HERRIKO AUTONOMIA ESTATUTUA (1936-10-04)

Diputatuen Kongresuak honako Lege hau agindu eta berretsi du:

  1. art. Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera, Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak eskualde autonomoa osatzen dute Espainiako estatuaren barruan, “Euskal Herria” izena harturik. Haren  lurraldea aipatutako probintziek gaur egun osatzen dutena izango da, eta haiek, aldi berean, modu autonomoan gobernatuko dira (…). Euskara, gaztelania bezala,  

Euskal Herriko hizkuntza ofiziala izango da (…).

  1. art. Euskal Herriari dagokio bere lurralde autonomoaren barruko babes juridikorako eta ordena publikoa mantentzeko polizia-erregimena ezartzea.
  1. art. Euskal Herriaren botereak herriarengan dute sorburua, eta Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera erabiliko dituzte berak erabakitzen dituen organoek, honako mugapen hauen arabera:
  1. a) Eskualdeko organo legegilea (…) sufragio unibertsal, berdin, zuzen eta sekretu bidez (…) hautatuko da.
  2. b) Organo betearazleak organo legegilearen konfiantza izan behar du, eta presidentea izango da eskualdearen ordezkaria Errepublikarekiko harremanetarako (…).

Lehen xedapen iragankorra. Gerra zibilak eragindako ezohiko baldintzek irauten duten bitartean, Euskal Herrian behin-behineko Gobernu batek aginduko du Estatutu honetan xedatutako eskumen guztiekin. Behin-behineko Gobernu horretako lehendakaria Estatutua promulgatu ondorengo zortzi egunen barruan izendatuko dute euskal udalak osatzen dituzten eta euren botoa askatasunez eman dezaketen zinegotzi herriak aukeratuek (…). Behin-behineko Gobernuko lehendakariaren hautaketa Bizkaiko gobernadore zibilak egiaztatuko du (…). Horrela hautatutako lehendakariak behin-behineko Gobernuko kideak izendatuko ditu, eta haiek ez dira bost baino gutxiago izango (…)  

Gaceta de Madrid, 281. zenbakia, 1936ko urriaren 7koa.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 1. zenbakia, 1936ko urriaren 9koa.

16. TESTUA. BIZKAIAN ETA GIPUZKOAN KONTZERTU EKONOMIKOAK EZEZTATZEKO LEGE-DEKRETUA (1937-06-23)

Euskal probintzietan ekonomia arloan indarrean dagoen sistema itunduak pribilegio nabarmena du erregimen arruntari lotutako gainerako lurralde nazionalarekiko, ez probintzia horietako aldundiek arlo horretan duten autonomia zabalagatik bakarrik, baizik eta probintzia horietako zergapekoak karga publikoak altxatzeko egiten duten ahalegin txikiagoagatik (…).

Kontzertua mesedegarri izan zuten askok botere publikoaren eskuzabaltasuna ahazturik, Gipuzkoan eta Bizkaian, armak hartu zituzten uztailaren 17an abiarazitako Mugimendu Nazionalaren aurka, eta traizioz erantzun zioten salbuespenezko eskuzabaltasun hari (…). 

Zerga-eta administrazio-erregimenaren berezitasunak bere izaera nazionala eta Aberriaren patu komunarekiko atxikipenaren suhartasuna gero eta gehiago goraipatzeko balio izan du probintzia batzuetan, hala nola Nafarroa txit leialean. Beste batzuetan, aldiz, Espainiaren aurkako politika baldarra egiteko balio izan du; horiek horrela (…), amaia eman behar zaio kalte larriak eragiteko tresna gisa erabili zuten sistema horri.

Gogoeta beren arabera, Arabako probintzian gaur egun indarrean dagoen sistemak jarraitu egin behar du (…).

Horren kariaz, honako hau xedatzen dut:

Lehen artikulua. Datorren uztailaren batetik aurrera, Estatuko kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta berezi guztien kudeaketa eta bilketa indarrean dagoen erregimen erkidearen arabera egingo da Gipuzkoa eta Bizkaia probintzietan (…). Beraz, indargabetuta geratuko da, lehen adierazitako datatik aurrera, haien aldundiekin itundutako eta gaur egun indarrean zegoen ekonomia arloko erregimena.

Burgosen, 1937ko ekainaren 23an.  Francisco Franco

Boletín Oficial del Estado, 1937ko ekainaren 24koa.

17. TESTUA: ERANTZUKIZUN POLITIKOEN LEGEA (1939-02-09)

(…) Gobernuak (…) uste du unea iritsi dela Erantzukizun Politikoen Lege bat emateko, balioko duena beren egite edo ez-egite larriekin matxinada gorria gorpuzten lagundu zutenek alde horretatik dituzten erruak garbitzeko (…)

Zigorrak ezartzeaz arduratuko diren auzitegietako kideak Armadaren, Magistraturaren eta Falange Española Tradicionalista y de las JONSen ordezkariak izango dira (…)

1 art. Erantzule politiko deklaratzen dira 1934ko urriaren 1etik 1936ko uztailaren 18ra bitarte Espainiari jasanarazi zitzaion era guztietako subertsioa eragiten edo areagotzen lagundu zuten pertsona fisikoak nahiz pertsona juridikoak, eta orobat bigarren data horretatik aurrera, beren egintza batzuekin edo gelditasun larriarekin, Mugimendu Nazionalaren kontra aritu direnak edo daudenak.  

  1. art. Aurreko deklarazioaren ondorioz (…) legez kanpo gelditzen dira 1936ko otsailaren 16an egindako hauteskundeen deialdia egin zenez geroztik Fronte Popularra osatu duten alderdi edo talde politiko eta sozial guztiak, eta orobat harekin bat egin duten edo atxiki zaizkion alderdi eta taldeak hori egin izan hutsagatik, erakunde separatistak eta Mugimendu Nazionalaren Garaipenari kontra egin dioten guztiak.
  2. art. Legez kanpo deklaratutako alderdi, talde eta erakundeek osotara galduko dituzte era guztietako eskubideak eta ondasun guztiak.

Boletín Oficial del Estado, 1939ko otsailaren 13a.

18. TESTUA: NAZIO-INTERESEKO INDUSTRIAK BABESTEKO LEGEA (1939-10-25)

Espainiak bere historiako krisirik larriena gainditu behar izan zueneko Gurutzada loriatsuan, agerian gelditu zen nazioaren bizitzarako zeinen garrantzi handikoa den gerrarako behar dituen industriak eta ezinbesteko lehengaiak bere lurraldean izatea.

Gure ekonomia dagoen egoeran egonik, bestalde, beharrezko da ahaleginak egitea Espainia produktu arrotzen inportaziotik askatzeko, halakoak gure nazioaren lurraldean ekoitzi edo fabrikatu daitezkeenean.

Gaur arte lortuez denez, barne-merkatuak aukera emanik ere, ekimen partikularraren bidez premia horiek asetzea, komeni da nazioaren interes bereziko diren halako industriak ezartzeko laguntza ematea, funtzionamendu normala ziurtatuko dieten bermeak eta onurak eskainiz. Hori dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

  1. art. Nazioaren defentsaren edo ekonomiaren premien ondorioz beharrezko ikusten bada Espainian industria bat ezartzea, eta hartarako ekimen partikularra sustatu beharra baldin badago, “nazio intereseko” deklaratu ahal izango da industria hori, dagozkion txosten tekniko eta ekonomikoak egin ondoren.
  2. art. “Nazio-intereseko” deklaratutakoan, industria batek honako onura hauetaz gozatu ahal izango du, hamabost urterainoko epean:

a) Industria hori jartzeko behar diren lurrak nahitaez desjabetzeko ahalmena.

b) Zergak murriztea, % 50eraino.

c) Estatuak haren kapitalari urteko gutxieneko etekin bat bermatzea, % 4rainokoa. Atal honen arabera bermatutako kapitala ezin izango da, guztira, sei milioi pezeta baino gehiago.

d) Aduana-eskubideetan beherapena egitea instalazioetarako makineria eta lanabesak inportatzean, Espainian fabrikatzen ez direnean.

  1. art. Onura horien trukean, estatuak esku hartuko du industria ezartzean eta haren martxan, kontu-hartzaile bat eta kontseilari-ordezkari bat izendatuta, egintzak eteteko ahalmena izango dutena; aukera izango du, orobat, instalazioak bere teknikariekin balioesteko.
  1. art. Enpresa emakidadunak, sozietatearen egonkortasuna eta martxa ekonomikoa ziurtatutakoan, etekinei uko egin ahal izango die, eta, orduan, hirugarren artikuluan adierazitako esku-hartzetik libre geldituko da.

Boletín Oficial del Estado, 1939ko urriaren 25a.

19. TESTUA: EUROPAR MUGIMENDUAREN KONGRESUAK 118 ORDEZKARI ESPAINIARREN PROPOSAMENEZ MUNICHEN HARTUTAKO ERABAKIA (1962-06-07/08)

Europar Mugimenduaren Kongresuak, Munichen 1962ko ekainaren 7an eta 8an bilduta, iritzi dio ezen, edozein herrialdek Europan sartu nahi badu, izan atxikita edo izan elkartze bidez, herrialde horrek erakunde demokratikoak izan beharko dituela; horrek, Espainiaren kasuan, Gizakiaren Eskubideei buruzko Europar Konbentzioaren eta Europako Gizarte Gutunaren arabera, hau esan nahi du:

  1. Benetan ordezkaritza bidezkoak eta demokratikoak diren erakundeak eratzea, zeinek bermatzen baitute gobernua herritarren onespenean oinarritzen dela.
  2. Pertsonen eskubide guztiak egiazki bermatzea; bereziki, norberaren askatasunari eta adierazpen-askatasunari buruzkoak, gobernuaren zentsurarik gabe.
  3. Erkidego naturalen izaera berezia aitortzea.
  4. Askatasun sindikalak oinarri demokratikoen gainean baliatu ahal izatea eta langileek beren oinarrizko eskubideak defendatu ahal izatea; besteak beste, greba-eskubidearen bidez.
  5. Iritzi-korronteak eta alderdi politikoak antolatzeko aukera izatea, oposizioaren eskubideak aitortuta.

Kongresuak itxaropen sendoa du aurreko oinarri horien araberako eboluzioak aukera emango duela Espainia Europan sartzeko, haren funtsezko osagaia baita; eta adierazgarritzat dauka Kongresuan partaide izan diren espainiar ordezkari guztiek adierazi izana seguru daudela espainiar ordezkari gehienek nahi dutela eboluzio hori zuhurtzia politikoaren arauen arabera egitea, egoerak aukera ematen duen bezainbesteko azkartasunarekin, denen zintzotasunarekin eta eboluzio-prozesuaren aurretik, prozesuan bertan nahiz prozesuaren ondoren bortxakeria aktibo nahiz pasiboari uko egiteko konpromisoarekin”.

Munich (Alemaniako Errepublika Federala), 1962ko ekainaren 8a.

20. TESTUA. ESTATUAREN LEGE ORGANIKOA  (1967-01-11)

Orain arte promulgatutako legeek erakunde-antolamendua behar duten gai gehienak hartzen dituzte (…). Iritsi da Estatu nazionalaren erakundetzea amaitzeko une egokia (…). Horren kariaz, (…), honako hau xedatzen dut:

  1. art. I. Espainiar estatua, erresuma gisa eratua, erkidego nazionalaren erakunde gorena da.
  2. art. I. Subiranotasun nazionala bakarra eta zatiezina da, eta ezin da ez ordezkatu ez laga.
  3. Espainiar estatuaren erakunde-sistema botere-batasunaren eta funtzio-koordinazioaren printzipioetan oinarritzen da.
  4. art. Honako hauek dira Estatuaren oinarrizko xedeak: Espainiako gizakien arteko eta lurren arteko batasunaren defentsa; Nazioaren osotasuna, independentzia eta segurtasuna mantentzea (…). Hori guztia Mugimendu Nazionalaren Printzipioen inspirazioarekin eta haiekiko eialtasun zorrotzenarekin (…), printzipio horiek, beren izaeragatik beragatik, iraunkorrak eta aldaezinak baitira.
  5. art. Estatuburua nazioaren ordezkari gorena da; nazio-subiranotasuna pertsonifikatzen du; botere politiko eta administratibo gorena erabiltzen du; Mugimenduaren Buruzagitza Nazionala du, eta Mugimenduaren eta Erresumako gainerako Funtsezko Legeen printzipioak zorrotz betetzen direla zaintzen du (…); legeak promulgatu eta berresten ditu (…); lurreko, itsasoko eta aireko armaden gaineko aginte gorena du; (…); haren izenean administratzen da justizia; grazia-eskubidea erabiltzen du; enpleguak, kargu publikoak eta ohoreak ematen ditu, legeek xedatutakoaren arabera; ordezkari diplomatikoak akreditatu eta hartzen ditu, eta Erresumako Funtsezko Legeen arabera dagozkion guztiak egiten ditu (…)
  6. art. I. Gobernuburuak espainiarra izan behar du, eta estatuburuak izendatuko du Erresumako Kontseiluak proposatutako hirukote batetik hautatuta.

Boletín Oficial del Estado, 1967-01-11.

21. TESTUA: BAIONAKO HITZARMENA (1945-03-31)

Euzkadik Frantzian dituen erakunde politiko eta sindikalek, zeinak, Euzkadiko Gobernuarekin batuta, Francok zuzendutako matxinada-mugimenduaren aurka heroikoki borrokatu baitziren, honako hau adierazi nahi dute, etorkizunari begira bakoitzak dituen berezitasun ideologikoei uko egin gabe eta hipotekatu gabe:  

  1. Berretsi egiten dutela altxamendu militarra zela-eta 1936ko uztailaren 18an abiarazitako ekintza gauzatzeko indar-batzea. Batura hura era organikoan islatuta geratu zen 1936ko urriaren 7an, Euzkadiko Gobernua osatu zenean, Jose Antonio Agirre jaun txit gorenaren lehendakaritzapean, Errepublikako Gorteek bozkatutako Estatutuaren arabera.
  2. Gobernu horretan konfiantza osoa dutela eta beharrezko laguntza eskainiko diotela, euskal herriaren bidezko ordezkari gisa, baldin eta haren helburu politiko eta sozialak jasotzen baditu.
  3. Normaltasun demokratikoa berriz ezarritakoan euskal herriak askatasunez adieraziko dituen nahiak errespetatu eta defendatuko dituztela.  
  4. Euzkadiko Gobernuak egin beharreko lanean aholku eman eta lan hori prestatu eta babestuko duen erakunde aholku-emaile bat eratuko dutela gerraren ondorioz euskal lurraldetik kanporatu dituen erregimen antidemokratikoa erortzea lortutakoan. Erakunde horren funtzionamendua araudi egoki baten bidez arautuko da.  
  5. Penintsulako herri, alderdi politiko eta erakunde sindikal guztiekin batera borrokan jarraituko dutela, arlo guztietan, Francoren gobernuaren, Falangearen eta beste edozein diktadura-erregimenaren aurka,  bai eta demokraziaren kontrako eta monarkia berrezartzearen aldeko bestelako mugimendu guztien aurka ere, halakoak agertuko balira.  

22. TESTUA: ANTONIO AÑOVEROS BILBOKO GOTZAINAREN SERMOIA (1974-02-24)

Euskal Herriko biztanleen bizikidetzari eta gure elizbarrutiari kalte gehien egiten dien arazoetako bat  euskal gatazka delakoa da. Zertan datza arazo hori?  

Oinarri-oinarrizkoa bakarrik aipatuta, honela azaldu daiteke: zenbait herritarrek, bakoitzak bere ñabardurekin bada ere, euskal herria zapalduta  dagoela baieztatzen dute eta haren eskubideak aitor daitezen eskatzen dute; beste herritar batzuek, ordea, errefusatu egiten dute salaketa hori, haserre, eta aldarrikatzen dute egoera aldatzeko saio guztiak gizarte-sistemaren aurkako eraso larria direla. (…)

Euskal herriak berariazko ezaugarri kultural eta espiritualak ditu, eta haien artetik nabarmentzekoa da milaka urte dauzkan hizkuntza. Ezaugarri berezi horiek berariazko nortasuna ematen diote herriari, egun Espainiako estatua osatzen duten herrien artean.  

Espainiako estatuko gainerako herriek bezalaxe, euskal herriak ere eskubide osoa du bere nortasuna mantentzeko, bere ondare espirituala lantzeko eta garatzeko, inguruko herriekiko truke osasungarriaren aurka egin gabe, bidezko askatasuna aitortuko dion antolamendu soziopolitiko baten barruan.  

Baina, egungo egoeran, euskal herriak oztopo latzak ditu eskubide horretaz gozatzeko. Euskararen erabilera mugatua dago, nabarmen, maila guztietako irakaskuntzan eta komunikabideetan (prentsa, irratia, telebista). Adierazpen kulturalak ere bereizketarik gabe kontrolatzen dituzte.  

Elizbarrutiaren egoera honetan, Elizak, Kristoren salbamena iragartzeko eta gogora ekartzeko, aholkua eta adorea eman behar ditu, behar bezala aldatzeko (…) gure herriko egoerak (…).

Antonio Añoveros, “El cristianismo, mensaje de salvación para los pueblos”, 1974ko otsailaren 24an Bizkaiko elizetan irakurritako sermoia.

23. TESTUA. ESPAINIAKO 1978KO KONSTITUZIOA (1978-12-29)

Juan Carlos I.a Espainiako Erregeak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztiei honako hau jakinarazten dizue: Gorteek honako Konstituzio hau onartu dutela eta espainiar herriak berretsi egin duela:

  1. art. 1. Espainia zuzenbide-estatu sozial eta demokratiko gisa eratzen da, bere ordenamendu juridikoaren balio gorentzat hartzen dituelarik askatasuna, justizia, berdintasuna eta pluralismo politikoa. 2.  Subiranotasun nazionala Espainiako herriari dagokio, eta harengandik datozkio Estatuari botereak. 3. Espainiako Estatuaren forma politikoa monarkia parlamentarioa da.
  2. art. Konstituzioak Espainiako nazioaren batasun ezin hautsizkoan hartzen du oinarri, hura izanik espainiar guztien aberri erkide eta banaezina, eta era berean aitortzen eta bermatzen du Espainia osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomia-eskubidea eta haien arteko elkartasuna.
  3. art. 1. Gorte Nagusiek Espainiako herria ordezkatzen dute, eta Diputatuen Kongresuak eta Senatuak osatuak dira.  
  4. art. 1. Gobernua honela osatua da: presidentea; presidenteordeak, hala badagokio; ministroak, eta legeak ezarritako gainerako kideak.
  5. art. 1. Justizia herriarengandik dator, eta Botere Judiziala eratzen duten epaile eta magistratuek administratzen dute, Erregearen izenean. Epaile eta magistratuok independente, mugiezin eta erantzule dira, eta legearen agintera baino ez daude menderatuak.
  6. art. 1. Konstituzioaren 2. artikuluan aitortutako autonomia-eskubidea erabiliz, autogobernura iritsi eta autonomia-erkidego gisa eratu ahal izango dira: historia-, kultura-eta ekonomia-ezaugarri erkideak dituzten probintzia mugakideak; uharte-lurraldeak, eta historiaz eskualde-izaera duten probintziak. Hartarako, Titulu honek eta kasuan kasuko autonomia-estatutuek diotenak agintzen du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK. Lehena. Konstituzioak babestu eta errespetatu egiten ditu foru-lurraldeen eskubide historikoak.

Foru-araubide horren eguneratze orokorra, hala badagokio, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen esparruan egingo da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA. 2. Oraindik ere inolako indarrik duen heinean, behin betiko derogatutzat jotzen da 1839ko urriaren 25eko Legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziei eragin liezaiekeen guztian. Modu berean, behin betiko derogatutzat jotzen da 1876ko uztailaren 21eko Legea.

Gorteek onartua 1978ko urriaren 31n, eta erreferendumean onartua 1978ko abenduaren 6an.  

Boletín Oficial del Estado, 1978ko abenduaren 29a.

24. TESTUA. EUSKAL HERRIKO AUTONOMIA ESTATUTUA (1979-12-18)

Juan Carlos I.a Espainiako erregeak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztiei honako hau jakinarazten dizue: Gorte Nagusiek organiko izaerarekin onartu dutela honako Lege hau eta nik berretsi egiten dudala:

  1. art. Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazpen gisa eta bere autogobernua lortzeko, Autonomia Erkidego gisa eratu da Espainiako estatuaren barruan, Euskadi edo Euskal Herria izenarekin, eta Konstituzioarekin eta bere oinarrizko erakunde araua den Estatutu honekin bat etorriz.
  2. art. 1. Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak, eta baita Nafarroak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kide izateko eskubidea dute.
  3. Euskal Autonomia Erkidegoa Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzien gaur egungo mugekin bat datozen Lurralde Historikoek osatuko dute, eta baita Nafarroak ere, bertan sartzea erabakitzen badu (…).
  4. art. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko bakoitzak bere antolamenduari eta autogobernurako erakunde pribatiboei euts diezaieke edo, bere kasuan, berrezar eta eguneratu ditzake.
  5. art. 1. Euskara Euskal Herriaren hizkuntza propioa da, eta, gaztelania bezala, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin. Gainera, Euskadiko biztanle guztiek dute bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.
  6. art. 1. (…) Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei dagokie (…) lurralde autonomoaren barruan pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikorako Polizia autonomoaren erregimena antolatzea. Estatuko Segurtasun Indar eta Gorputzak arduratuko dira Autonomia Erkidegoaz kanpoko gaindiko polizia-zerbitzuez.  

XEDAPEN GEHIGARRIA. Estatutu honetan xedatutako autonomia-erregimena onartzeak ez du esan nahi Euskal Herriak uko egiten dienik historiaren kariaz legozkiokeen eskubideei, zeinak antolamendu juridikoak xedatutakoaren arabera eguneratu ahal izango baitira.

Madrilgo Errege Jauregian, 1979ko abenduaren hemezortzian.

Adolfo Suárez González, gobernuburua.

Erantzun posibleak

Advertisements
 
Erantzunak desaktibatuta daude 2017 – ESPAINIAKO HISTORIA 2016-2017 ikasturterako USErako TESTUAK sarreran

Posted by on 2017/02/17 in Espainiako eta Euskal Herriko Historia, Hautaprobak

 

2017 – ESPAINIAKO HISTORIA: 2016-2017 IKASTURTEKO USErako GAIAK ETA TESTUAK

2015-2016 ikasturteko gai-zerrenda eta testu berberak mantentzen dira dira.

USPrako- Historia azterketak bi aukera izango ditu, A eta B, eta ikasleek horietako bat hautatu beharko dute. A aukera lehen ataleko gai batek eta bigarren ataleko testu batek osatuko dute. B aukera bigarren ataleko gai batek eta lehen ataleko testu batek osatuko dute.

LEHEN ATALA (1808-1930)

1. GAIA. Antzinako Erregimenaren krisialdia (1808-1814): Cadizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa.
TESTUAK:

  1. Cadizko Konstituzioa (1812-03-19)
  2. Persiarren Manifestua (1814-04-12)

2. GAIA. Estatu liberalaren eraikuntza eta finkapena (1834-1874).

TESTUAK:

  1. Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836-02-21)
  2. Burdinbideen Lege Orokorra (1855-06-06)

3. GAIA. Foruak eta liberalismoa: Karlistadak eta foruak indargabetzeko prozesua (1833-1876).
TESTUAK:

  1. 1839ko urriaren 25eko Legea
  2. 1876ko uztailaren 21eko Legea

4. GAIA. Errestaurazioko sistema politikoa (1875-1923).

TESTUAK:

  1. 1876ko Konstituzioa (1876-06-30)
  2. Joaquín Costaren Oligarquía y caciquismo lanaren pasartea (1901)

5. GAIA. Euskal Herriko industrializazioa eta haren gizarte-ondorioak (1875-1923).

TESTUAK:
9. Federico Echevarriaren hitzaldia librekanbismoari eta protekzionismoari buruz (1893-

12-09)
10. Vicente Blasco Ibáñezen El intruso eleberriaren pasartea (1904)

6. GAIA. Langileen mugimendua eta nazionalismoa Euskal Herrian (1890-1923).

TESTUAK:
11. Euskeldun Batzokijaren estatutuak (1894)
12. La Lucha de Clases astekariko artikulua (1896-05-23)

BIGARREN ATALA (1931-1982)

7. GAIA. Bigarren Errepublika: 1931ko Konstituzioa eta erreformak (1931-1936).

TESTUAK:
13. Clara Campoamor diputatuak Gorte Konstituziogileetan emandako hitzaldia (1931-09-

01)
14. Fronte Popularraren programa (1936-01-16)

8. GAIA. Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila Euskal Herrian (1931-1939).

TESTUAK:
15. Euskal Herriko Autonomia Estatutua (1936-10-04)
16. Bizkaian eta Gipuzkoan kontzertu ekonomikoak ezeztatzeko lege-dekretua (1937-06-

23)

9. GAIA. Estatu frankistaren sorrera (1939-1959).

TESTUAK:
17. Erantzukizun politikoen legea (1939-02-09)
18. Nazio-intereseko industriak babesteko legea (1939-10-25)

10. GAIA. Diktadura frankistaren finkapena eta krisialdia (1959-1975).

TESTUAK:
19. Europar Mugimenduaren Kongresuak 118 ordezkari Espainiarren proposamenez

Munichen hartutako erabakia (1962-06-07/08) 20. Estatuaren Lege Organikoa (1967-01-11)

11. GAIA. Diktadura frankista Euskal Herrian (1939-1975).

TESTUAK:
21. Baionako Hitzarmena (1945-03-31)
22. Antonio Añoveros Bilboko gotzainaren sermoia (1974-02-24)

12. GAIA. Trantsizioa (1975-1982): 1978ko Konstituzioa eta 1979ko Gernikako Estatutua.
TESTUAK:

23. Espainiako 1978ko Konstituzioa (1978-12-29)
24. Euskal Herriko Autonomia Estatutua (1979-12-18)

 
Erantzunak desaktibatuta daude 2017 – ESPAINIAKO HISTORIA: 2016-2017 IKASTURTEKO USErako GAIAK ETA TESTUAK sarreran

Posted by on 2017/02/17 in Espainiako eta Euskal Herriko Historia, Hautaprobak

 

2017 – 2017ko Unibertsitatean Sartzeko Ebaluaziaorako Espainiako Historia- koordinatzaileen bigarren zirkularra

Irakasle jaun/andreak:

Aurreko zirkularrean adierazi genuen bezala, hautaproban Historia-azterketarako kontutan izango diren ebaluazio eta kalifikazio irizpideak bidaltzen dizkizuegu.

Ebaluazio irizpideak

2016/127 Dekretuan, 2. Batxilergoko Espainiako Historia ikasgairako ezartzen diren ebaluazio irizpideen artean, hauek adierazten ditugu proposatutako azterketa ereduan duten adierazgarritasun-maila.

  1. Espainiaren eta Euskal historia osatzen duten prozesu azpimarragarrienak jakitea, eta gertaera politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen arteko erlazioak identifikatzea.
  2. Oinarrizko kontzeptu eta termino eta oinarrizko teknika historikoak egokiro erabiltzea eta lehen eta bigarren mailako iturri historikoek betetzen duten zeregina balioestea.
  3. Ikasgaiaren edukiak egokitasunez adieraztea eta jakinaraztea, hau da, zuzentasun ortografikoaz, zehaztasunez eta gaiaren hiztegi espezifikoa erabiliz
  4. Lehen eta bigarren mailako iturri historikoak interpretatzea eta iruzkindu zuzentasunez eta objektibitateaz.
  5. Argudiatzea, ..bereziki egungo gizartean ditugun gaiei buruz eta Euskadiko eta Espainiako iragan historikoari lotuta dauden gai garrantzitsuei buruz dituen ikuspuntu propioak.

Zuzenketa eta kalifikazio irizpide espezifikoak

1. Nahiz gaiak nahiz testu iruzkinak gehienez 5 puntu izango dute, berez azken nota 0 eta 10 p. artean egon daiteke. Lorturiko azken notarekin batera, alde bakoitzean ateratako nota adierazi behar da.

2. Gaiaren kalifikatzeko irizpide hauen arabera egingo da:

  1. Galdetzen denari egokitzeko gaitasuna: 1 puntu.
  2. Kontzeptu eta hiztegi espezifikoa ondo erabiltzea: 1 puntu.
  3. Gaia bere testuinguruan jartzea: beste gertakizun sinkroniko batzuekin erlazionatzea: 3 puntu.

2. Testu iruzkinarako:

  1. Testuaren kokapena (testu mota, egile, jasotzaileak, garaia): 0,5 puntu.
  2. Testuaren analisia: testuaren oinarrizko ideiak nabarmentzea: 1,5 puntu.
  3. Testuinguruan jartzea: testua bere prozesu historikoan ezartzea: 2,5 puntu.
  4. Testuaren garrantzia: Kokatzen den aldi historikoa ulertzeko, testu horrek duen garrantzia adieraztea: 0,5 puntu.

Eskema hau hautaprobetako azterketan agertuko da ikasleek era horretan egiteko.

Agur bero bat.

Bilbo/ Gasteizen, 2017ko otsailak 7

 
Erantzunak desaktibatuta daude 2017 – 2017ko Unibertsitatean Sartzeko Ebaluaziaorako Espainiako Historia- koordinatzaileen bigarren zirkularra sarreran

Posted by on 2017/02/17 in Espainiako eta Euskal Herriko Historia, Hautaprobak

 

2017 – 2017ko Unibertsitatean sartzeko Ebaluazioarako Espainiako Historia koordinatzaileen lehenengo zirkularra

Irakasle jaun/andreak:

Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioan (USE), Historia koordinatzaile bezala, zuekin harremanetan jartzen gara 2016-2017 ikasturteko USEko Historiako azterketaren berri emateko.

Joan den ikasturteko azterketa egitura bera mantentzen da, hau da, bi aukera itxiak, eta ikasleek horietako bat hautatu beharko dute. Honakoak dira Historiako azterketaren aukerak:

  • A aukera: lehen ataleko gai batek eta bigarren ataleko testu batek osatuko dute.
  • B aukera: bigarren ataleko gai batek eta lehen ataleko testu batek osatuko dute.

Bestaldetik, Batxilergoko curriculum berriari egokituak, ebaluazio eta ariketak zuzentzeko irizpideak mantentzen dira. Irizpide horiek, zirkular honekin batera bidaltzen dugun gure bigarren zirkularrean daude.

Kurtsoa aurreratu dela kontuan hartuz, eta irizpide orokorra, ikasturte honetan, USErako ikasgaietan aldaketarik ez izatea izan denez, 2015-2016ko ikasturtean izandako gaiak eta testu berak mantentzen dira.

Edozein duda argitzeko, zuen esanetara gaude.

Agur bero bat.

Bilbo/Gasteizen, 2017ko Otsailaren 7

 
Erantzunak desaktibatuta daude 2017 – 2017ko Unibertsitatean sartzeko Ebaluazioarako Espainiako Historia koordinatzaileen lehenengo zirkularra sarreran

Posted by on 2017/02/17 in Espainiako eta Euskal Herriko Historia, Hautaprobak

 

2016-Historia Batxi2-2015-16 ikasturterako gaiak eta testuak

Gai-zerrenda 12 gaik eta 24 testuk osatzen dute. 2014-2015 ikasturteko berberak dira. Sarrera-probako ariketak bi aukera izango ditu, A eta B, eta ikasleek horietako bat hautatu beharko dute. A aukera lehen ataleko gai batek eta bigarren ataleko testu batek osatuko dute. B aukera bigarren ataleko gai batek eta lehen ataleko testu batek osatuko dute.



LEHEN ATALA (1808-1930)


1. GAIA. Antzinako Erregimenaren krisialdia (1808-1814): Cadizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa. TESTUAK:

1. TESTUA. CADIZKO KONSTITUZIOA (1812-03-19)

Fernando VII.a, Jainkoaren graziaz eta Espainiako monarkiaren konstituzioaz Espainiako errege denak eta, haren faltan eta gatibutasunean, Gorte nagusiek eta bereziek izendatutako Erregetzako erregeordetzak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorte beraiek honako hau agindu eta berretsi dutela:

1. art. Espainiako nazioa bi hemisferioetako espainiar guztien batasuna da.

3. art. Subiranotasuna nazioan datza izatez, eta, arrazoi beragatik, nazioari bakarrik dagokio funtsezko legeak ezartzeko eskubidea.

8. art. Espainiar ororen betebeharra da Estatuaren gastuetan bere ondasunen arabera laguntzea.

12. art. Espainiako erlijioa katoliko, apostoliko eta erromatarra da eta izango da beti, egiazkoa den bakarra. Nazioak lege jakintsu eta bidezkoekin babesten du, eta beste edozein praktikatzea debekatzen du.

14. art. Espainiako gobernua monarkia moderatu heredagarria da.

15. art. Legeak egiteko ahala Gorteek dute erregearekin.

16. art. Erregeak du legeak betearazteko ahala.

17. art. Auzi zibil eta kriminaletan legeak aplikatzeko ahala legeak ezarritako auzitegiek dute.

371. art. Espainiar guztiek dute euren ideia politikoak idatzi, inprimatu eta argitaratzeko eskubidea, argitalpenaren aurreko lizentzia, berrikuspen edo onarpenik gabe, legeak xedatutako mugapen eta erantzukizunen pean.

Cadizen, 1812ko martxoaren 19an.

2. TESTUA. PERTSIARREN MANIFESTUA (1814-04-12)

JAUNA:

Antzinako pertsiarren ohitura zen erregea hil ondoren anarkiaz beteriko bost egun igarotzea, hilketa, lapurreta eta beste hainbat zorigaiztoren esperientziak ondorengoarekiko leialagoak izatera behartu zitzaten. Espainia BMri hala izateko ez zuen behar halako saiakuntzarik zure gatibutasunak iraun duen sei urteetan. Berorren Maiestatea arbasoen tronura itzulita ikusteaz pozten diren espainiarretatik, begirunezko adierazpen hau Espainiako ordezkari-izaerarekin sinatzen dutenak dira (…)

Monarkia absolutua (…) arrazoiaren eta adimenaren lana da: jainkoaren legearen, justiziaren eta Estatuaren funtsezko legeen mende dago: konkista-eskubidearen bitartez edo euren erregeak aukeratu zituzten lehen gizakien borondatezko menekotasunaren bitartez ezarri zen. Horregatik, subirano absolutuak ez du ahalmenik bere agintea arrazoirik gabe erabiltzeko (Jainkoak berak ere eduki nahi izan ez zuen eskubidea); horregatik izan da beharrezkoa botere subiranoa absolutua izatea, bere mendekoei denen interesekoa zaintzen duena agintzeko eta hori nahi ez dutenak obeditzera behartzeko (…).

Eskatu behar dugun erremedioa, gure botoak, eta gure probintzienak, paperean jarriz, Espainiako lege, foru, usadio eta ohituren araberakoa da. (…) Xede horrekin bil daitezela Gorteak handitasunez eta antzinakoak egin ziren bezala (…): bertan behera utz daitezela Konstituzioaren ondorioak eta Cadizen xedatutako dekretuak eta Gorte berriek kontuan har ditzatela haren deuseztasuna, injustizia eta desegokikeriak (…)

Madrilen, 1814ko apirilaren 12an.


2. GAIA. Estatu liberalaren eraikuntza eta finkapena (1834-1874). TESTUAK:

3. TESTUA. MENDIZABALEN DESAMORTIZAZIO DEKRETUA (1836-02-21)

BERORREN MAIESTATE ERREGINA GOBERNADOREARI EMANDAKO AZALPENA

Andrea: Nazioaren jabego bihurtu diren ondasunak saltzea ez da soilik emandako hitza betetzea eta salmenten emaitzaren berdina den amortizazio baten bitartez zor nazionalari berme positiboa ematea; zorion publikoaren iturri oparo-oparo bat irekitzea da; hildako aberastasun bat berpiztea; industriaren eta zirkulazioaren kanaletako oztopoak kentzea; herrialdeari bertako gauza guztiekiko maitasun natural eta sutsua itsastea; aberria zabaltzea eta aberriarekin bat egiteko lotura berri eta sendoak sortzea; azken batean, ordenaren eta askatasunaren ikurra den Isabel II.aren tronu gorenarekin identifikatzea da. Ez da merkataritzako espekulazio hotz bat, ezta kreditu-eragiketa bat ere (…); animazio, bizi eta zorioneko elementu bat da Espainiarako. Horrela azaldu badezaket, haren pizkunde politikorako osagarria da.

Nazioak dagoeneko eskuratuak dituen ondasunen salmenta egiteko eta bere emaitza materialerako Berorren Maiestatearen onespen agurgarriaren pean jartzeko ohorea izango dudan dekretuak zor publiko handiaren kopurua murrizteko onura sortu behar du, eta beharrezkoa da bai bere joeran, bai bere helburuan eta bai emaitza hura lortzeko erabiliko dituen bitartekoetan, jabe-familia oparo bat sortzeko goi mailako ideiari lotzea eta berarekin bat egitea, eta jabe horien gozamenak eta existentzia batez ere goi -mailako instituzioen erabateko garaipenean bermatzea.

Gaceta de Madrid, 1836ko otsailaren 21a.

4. TESTUA. BURDINBIDEEN LEGE OROKORRA (1855-06-06)

Isabel II.a (…) Espainiako Erregina: honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:

4. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideen eraikuntza Gobernuak egiaztatu ahal izango du eta, bestela, partikularrek edo konpainiek.

6. artikulua. Partikularrek edo konpainiek ezingo dute trenbiderik eraiki (…) baldin eta dagokion emakida aurretik eskuratu ez badute.

8. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideak eraikitzeko, funts publikoen laguntza jaso daiteke: 1. Haiekin obra jakin batzuk eginez; 2. Enpresei inbertitutako kapitalaren zati bat emanez aldi jakin batzuetan (…); 3. Kapital horien truke gutxieneko interes bat edo interes finko bat bermatuz (…).

19. artikulua. Trenbideen eraikuntzan erabiltzen diren atzerriko kapitalak edo xede horretarako maileguak Estatuaren babespean geratuko dira, eta gerraren ondoriozko errepresalia, konfiskazio edo baimenduetatik salbuetsita egongo dira.

20. artikulu. Trenbide-enpresa guztiei honako hauek ematen zaizkie, jakina: 1. Trenbideak hartuko dituen jabari publikoko lursail guztiak (…); 2. Auzotasun-onura egur, larre eta gainerakoen aprobetxamendurako (…) enpresetako langileentzat eta lanetan erabiltzen diren zamarien mantenurako; 3. Trenbidearen aldameneko lurretan (…) harrobiak irekitzeko ahalmena (…); 4. Bidesari- eta garraio-eskubideak (…) jasotzeko ahalmen esklusiboa; 5. Eraikuntzak irauten duen bitartean eta hamar urte geroago arte, (…) lehengaiek, (…), makinek, (…), egurrak, kokeak eta atzerritik inportatu behar den material finko eta mugikor guztiak ordaindu beharreko muga-zergan (…) adierazitako eskubideen baliokidea itzultzea (…)

30. artikulua. Trenbideak honako baldintza hauen arabera eraikiko dira: (…)

2. Trenbidearen zabalera metro bat eta 80 zentimetro izango da (Gaztelako 6 oin eta 6 hazbete).

Aranjuezen, 1855eko ekainaren 3an . – Ni, Erregina.- Francisco de Luxan, Sustapeneko ministroa.

Gaceta de Madrid, 1855eko ekainaren 6a.


3. GAIA. Foruak eta liberalismoa: Karlistadak eta foruak indargabetzeko prozesua (1833-1876). TESTUAK:

5. TESTUA. 1839KO URRIAREN 25EKO LEGEA

Isabel II.a, jainkoaren graziaz eta Espainiako monarkiaren Konstituzioaz Espainiako Erregina denak eta, bere adingabetasunean, haren Ama Agurgarria den Maria Kristina Borboikoa Erregina alargunak, Erresumako Erregina Gobernatzaileak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi hau jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:

1. art. Euskal probintzietako eta Nafarroako foruak berresten dira; nolanahi ere, monarkiaren batasun konstituzionala beteko da.

2. art. Gobernuak, aukera izan bezain laster eta Euskal probintziei eta Nafarroari entzun ondoren, lehen aipatutako foruetan haien interesa aldarrikatzen duen nahitaezko aldaketa proposatuko dio Gorteei, nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrarekin bat eginez eta, aldi baterako eta lehen adierazitako moduan eta zentzuan, sor litezkeen zalantzak eta eragozpenak ebatziz eta Gorteei horren berri emanez.

Ni, Erregina Gobernatzailea.- Erreginak eskuz sinatuta – Jauregian, 1839ko urriaren 25ean.

6. TESTUA. 1876KO UZTAILAREN 21EKO LEGEA

Alfonso XII.a, jainkoaren graziaz Espainiako Errege konstituzionala denak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:

1. art. Legeak deitutakoan arma zerbitzura joateko eta norberaren ondasunen proportzioan Estatuko gastuetan laguntzeko betebeharrak ezarri dizkie Konstituzioak espainiar guztiei eta betebehar horiek, eskubide konstituzionalak dagozkien bezala, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanle guztiei egokituko zaizkie, nazioko gainerako biztanleei bezalaxe.

2. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoaren kariaz, aipatutako hiru probintziak behartuta daude (…), armadako soldadualdi arrunt eta berezien kasuan, Legeen arabera dagokien gizonezko-kuota aurkeztera.

3. artikulua. Era berean, (…) Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako probintziak behartuta daude Estatuko aurrekontu orokorretan esleitutako kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta bereziak ordaintzera, dagokien proportzioan, gastu publikoetarako.

4. artikulua. Gobernuari baimena ematen zaio, dagokion egunean Gorteei berri emanez, 1837ko irailaren 19ko eta 1841eko abuztuaren 16ko legeak eta urte bereko urriaren 29ko dekretua kontuan hartuz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintzien onespenarekin, eta egokitzat jotzen badu, lehengo foru-araubidean eskatzen dituzten erreforma guztiak onartzeko, euskal herrien ongizaterako nahiz nazioaren gobernu onerako eta segurtasunerako badira.

Jauregian, 1876ko uztailaren 21ean.- Ni, Erregea.- Antonio Cánovas del Castillo Ministro Kontseiluko Presidentea.

Gaceta de Madrid, 1876ko uztailak 25.


4. GAIA. Errestaurazioko sistema politikoa (1875-1923). TESTUAK:

7. TESTUA. 1876KO KONSTITUZIOA (1876-06-30)

Alfonso XII.a, jainkoaren graziaz Espainiako errege konstituzionala denak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi jakinarazten dizue: gaur egun bildutako Erresumako Gorteekin batera eta haiekin bat etorriz, honako hau agindu eta berretsi dudala:

Espainiako Monarkiaren Konstituzioa

11. art. Erlijio Katoliko, Apostoliko eta Erromatarra Estatuaren erlijioa da. Nazioa haren kultua eta haren ministroak mantentzera obligatzen da.

Espainiako lurraldean inor ezingo da eragotzi ez bere iritzi erlijiosoengatik ez bere kultua praktikatzeagatik, baldin eta kristau moralari zor zaion errespetua gordetzen bazaio.

Ez dira baimenduko, ordea, Estatuaren erlijioarenak ez diren jendaurreko zeremonia eta adierazpenak. (…)

13. art. Espainiar orok du eskubidea:

Bere iritzi eta ideiak askatasunez adierazteko, ahoz, idatziz, inprimaketaz edo antzeko beste prozedura batez baliatuz eta aurretiko zentsurari lotu gabe.

Bakean biltzeko.

Giza bizitzako xedeetarako elkartzeko (…).

18. art. Legeak egiteko ahala Gorteek dute Erregearekin.

19. art. Gorteak ahalmen bereko bi gorputz legegilekidek osatzen dituzte: Senatuak eta Diputatuen Kongresuak.

20. art. Senatua honela osatuta dago; norberaren eskubideko senatariak; Koroak izendatutako biziarteko senatariek; Estatuko korporazioek eta zergapeko handiek hautatutako senatariek (…).

28. art. Legeak finkatzen duen metodoaren bitartez hautatu eta berrautatu ahal izango dira diputatuak (…).

50. art. Erregeak du legeak betearazteko ahala (…)

75. art. Kode berberek aginduko dute monarkia osoan, zirkunstantzia jakin batzuen ondorioz legeek xedatzen dituzten aldaketak egin ahal izango badira ere. Epaiketa arrunt, zibil eta kriminaletan foru bakarra ezarriko da espainiar guztientzat (…)

Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean.

8. TESTUA. JOAQUÍN COSTAREN OLIGARQUÍA Y CACIQUISMO LANAREN PASARTEA (1901)

Honen bitartez, gobernu mota hau osatzen duten faktoreak eta bakoitzak gainerakoekiko okupatzen duen posizioa erabakitzen ditugu.

Hiru dira kanpoko osagai horiek: 1. Talde bakoitzeko oligarkak (primate deiturikoak), gizon itzaltsuak edo gailenak, haren “buruzagitza” osatzen dutenak eta, oro har, erdialdean bizi direnak; 2. Lehen, bigarren edo goragoko mailako jauntxoak, lurraldean sakabanatuak; 3. Gobernadore zibila, haien komunikazio-organo eta tresna den pertsona. Funtsean, horixe da trikimailu guztia, bere zamaren azpian nazioa amore emanda, intzirika eta umildua daukana.

Oligarka eta jauntxoek osatzen dute klase gidari edo gobernatzaile deitzen dioguna eta ‘alderditan’ banatuta eta sailkatuta dagoena. Baina hala deitzen badiogu ere, ez da hala; hala balitz, nazioaren zati eta haren ordezkari organiko izango litzateke. Baina gorputz arrotza baino ez da, zergak ezarri eta kobratzearren, ministerioak, kapitaintzak, telegrafoak, trenbideak, bateriak eta gotorlekuak indarrez hartutako atzerritar talde bat izango litzatekeen bezala.

Hauteskundeetan (…), ez da herria bozkatzea faltsifikatu eta sistema galbidera eramaten duena, klase kontserbadoreak eta gobernatzaileak baizik. Horretarako, euren posizioaz, aberastasunaz eta masak zuzentzeko eman zitzaien aginteaz eta botereaz baliatzen dira.

Joaquin Costa, Oligarquía y caciquismo como la forma actual de gobierno en España, Madril, 1901.


5. GAIA. Euskal Herriko industrializazioa eta haren gizarte-ondorioak (1875-1923). TESTUAK:

9. TESTUA. FEDERICO ECHEVARRIAREN HITZALDIA LIBREKANBISMOARI ETA PROTEKZIONISMOARI BURUZ (1893-12-09)

Ez, hemen gertatzen den gauza bakarra zera da, Espainiaren eta Alemaniaren arteko itun tamalgarriaren ondorioz, proiektua atzera botako dela, eta deseginik geldituko dela egungo aduana-zergen araubidea ezartzeko egindako lan handia. Eta jokabide horrek zoritxar handia ekarriko dio herrialdeari, dudarik gabe; ez bakarrik aurrekari zorigaiztoko bat ezarriko duelako, etorkizuneko zeinahi industria-ekimen hondatuko lukeena, baizik eta, orobat, zauri hilgarria eragingo liekeelako lantegiei; bai egungo muga-zergen araubidearen babesean altxatu direnei, halakoak baitira gehien-gehienak, bai lehendik altxatuak zirenetan egin diren erreforma eta zabaltze handiei. Eta industria-jarduera horren guztiaren heriotzak, ohar gaitezen, hauek guztiak harrapatuko lituzke: Labe Garaiak, galdaragintzako eta makinak egiteko instalazio berrietan: altzairu-ekoizpena; Talleres de Deusto, altzairu moldekatuak eta trakzio-makinak eta -materiala egiteko sailean; Aurrerá, haren hodi-funtzio ezin garrantzitsuagoetan, altzairuzko manufakturetan; Talleres de Zorroza eta Talleres de Miraballes, zubigintzan, bagoigintzan, eraikingintzan eta galdaragintzaN (…) eta beste asko eta asko, luze joko bailiguke orain denak aipatzeak. Ez aipatzeagatik, jaun-andreok, berebiziko garrantzia duten fabrika-proiektuak —izenik ezin dut eman—, 1982ko aduana-zergak jarraitzearen baitan baitago haiek gauzatzea edo ez.

Hain ondorio lazgarriak saihesteko, hainbesteko hondamena saihesteko, Bizkaia ez ezik Espainiako beste eskualde oso garrantzitsu batzuk ere hartuko bailituzke eta eragina izango bailuke nazio osoan, tinko eskatu behar diogu Gobernuari ez dadila urrundu araubidetik, ez dezala suntsi halako modu zalapartatsu eta gupidagabean gaur egungo babes-sistema, eta, beraz, bazterrera utz dezala espainiar-alemaniar itun zentzugabe hori.

Merkataritza Itunen kontrako mitin-protesta, Bilbon, 1893ko abenduaren 9an. Bilbon, 1894.

10. TESTUA: VICENTE BLASCO IBÁÑEZEN EL INTRUSO ELEBARRIAREN PASARTEA (1904)

“Peoien etxea” zen, meatze-mendietako aterpetxe ziztrina, eta jornalariak han bizi ziren, pilatuta. (…)

Arestik zulo hartan igarotako gauetan pentsatu zuen, tristuraz beteta. Peoiak abailduta iristen ziren, egun osoa ematen baitzuten barrenatzeko makinek ateratako blokeak apurtzen, bagonetak harritzarrez betetzen, mea-biltegira eramaten eta mea-biltegitik ekartzen. Babarrunak eta patatak bakailao edo urdail pixka bat pixka batekin eskas afalduta, gelaxka hartan egiten zuten lo, izerdiz edo euriz bustitako jantziak soinean zituztela; botak bakarrik eranzten zituzten; jaka ere bai, batzuetan. Eskuez uki zitekeen sabai haren azpian, airea ez zen mugitzen, eta ordu gutxi batzuk igaro ostean, ezin arnastuzkoa bilakatzen zen, hainbeste gorputzen lurrunak loditua eta zikinkeria-usainez josia. Kamainen tolesetan, egurrezko junturetan nahiz sabaiko zuloetan bizi ziren bizkarroiak ehizara ateratzen ziren, beroak suspertuta, eta nekeak eraginda lozorroan zeuden gorputz bizigabeekin anker jokatzen zuten, iluntasunaren babesean. Gau ekaiztsuetan, zirrikitu eta arrailetatik sartu eta batetik bestera ibiltzen zen haizea, etxezuloa behera botatzeko zorian. Halakoetan, gorputz jantzi eta kirasdunak elkarren bila aritzen ziren, beroa lortu nahian. Izerdiak elkartu egiten ziren eta arnasak nahasi; zikinkeria anaiartekoa zen. (…)

Harrobia zen langile asaldatzaileen etsairik gogorrena. Lurpeko meazuloetako arriskuei aurre egiteko, beharrezkoa zen nolabaiteko trebezia; beraz, ez zen erraza hango langileen ordezkoak bilatzea, irakatsi egin behar baitzitzaien ofizioa. Baina Enkarterri emankorretan, burdinak mendiak osatzen ditu: ustiaketa kanpoaldean egiten da; harria atera, jaso eta eraman, ez da besterik egin behar; zulatu eta apurtu, ereiteko lurretan bezalaxe. Goseak bultzatuta, etengabe iristen ziren peoiak, multzo handitan, eta gehiegikerien aurka protestaka lanpostua utzi zutenak ordezkatzen zituzten, ahaleginik egin gabe. Gizonen etorrera etengabe hura eteten ez bazen, Enkarterrietako langileak behin eta berriz ordezkatzen bazituzten, zaila zen lan hark bere eskubideak eskuratzea.

Vicente Blasco Ibáñez, El intruso, Valentzia, 1904.


6. GAIA. Langileen mugimendua eta nazionalismoa Euskal Herrian (1890-1923). TESTUAK:

11. TESTUA. EUSKELDUN BATZOKIJAREN ESTATUTUAK (1894)

1. artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin sortzen da Bilboko hirian aisiarako zentro bat, helburua duena, (…) Bizkaiko Jaun Goikua eta Lagi-Zarra goiburuan jasotako doktrinen jarraitzaile diren herritarren arteko batasun- eta adiskidetasun-loturak sortzea.

2. artikulua: Behin Bizkaiko Elkarte Nagusia sortzen denean, Bizkai-Batzar deituko dena Arana eta Goiri’tar Sabinok idatzitako estatutuak izango dituena, Euskeldun Batzokija haren mende geratuko da (…).

3. artikulua: Jaungoikua. Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da bere barruko bizitzako adierazpen guztietan eta gainerako herriekiko harremanetan.

4. artikulua: Lagizarra. Bizkaia askatasunez birsortuko da. Bere lege tradizionaletan, foruetan, jasotako funtsezkoena osotasunean berrezarriko du. Gure arbasoen usadio eta ohitura onak berrezarriko ditu. Euskal arrazako familiez osatuko da gehienbat, erabat ez bada. Euskara izendatuko du hizkuntza ofizialtzat.

5. artikulua: Eta. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren eta gauza jainkotiarren eta gizatiarren arteko harmonia perfektuaren eta adostasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.

6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarra bereiztea. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren, eklesiastikoaren eta zibilaren arteko bereizketa argi eta markatuaren gainean ezarriko da Bizkaia.

7. artikulua: Jaungoikua Lagizarraren aurretik jarriko da. Politikoak erlijiosoarekiko eta Estatuak Elizarekiko erabateko eta baldintza gabeko mendekotasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.

8. artikulua: Bizkaia, bere arraza, bere hizkuntza, bere fedea, bere izaera eta bere ohiturak kontuan hartuta, Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoaren senide izanik, sei herrialde horiekin elkartu edo konfederatuko da Euskalerria (Euskeria) izeneko osotasuna eratzeko, baina bere autonomia partikularra batere murriztu gabe (…).

Bizkaitarra (Bilbo), 1894-05-24.

12. TESTUA. LA LUCHA DE CLASES ASTEKARIKO ARTIKULUA (1896-05-23)

Bizkaiko Langileei

(…) Bizkaiko meatzeetako langileek, maiatzaren 1ean Gallartako frontoian bildurik, manifestazio zaratatsuak egin zituzten meatze eskualde hartako erregetxoek derrigorrezko kuartel eta dendak mantentzearen aurka, eta batzorde bat eratu zutenn botere publikoei edo haien ordezkariei haiek berehala eta erabat desagerrarazteko. (…)

Meatzeetako langileak bat eginik altxatu ziren greban 1890ean, lanaldia murriztea eta derrigorrezko barrakoi eta dendak kentzea aldarrikatuz. (…)

Gaur egun, nola edo hala, 1890ean ezarritako lanaldiari eusten zaio, baina derrigorrezko barrakoi eta dendei dagokienez, lehenengo grebaren aurrean bezala dago egoera, oso-oso alde txikiarekin, meatze-zona guztian.

Bizkaian, legeak gutxietsiz eta mendeko izaera liberala murriztuz, nahitaezko baldintza da, lanean onartua izateko, etxe ez-higienikoetan bizitzea eta janaria, ona edo txarra (ia beti txarrak eta eskandaluzko prezioetan), denda jakin batzuetan erostea.

Hori, gure iritziz, hainbestetan ahoan hartutako lan-askatasunari egiten zaion eraso larri bat da, osasun- eta higiene-legeei egiten zaien irain bat da eta, batez ere, inongo gobernu kultuk onartu behar ez lukeen zapalkuntza antihumanitario bat da.

Baina Bizkaiko meatzeetako langileek, esklabotasun berri eta higuingarriaren ikur diren derrigorrezko kuartel eta dendak desagerrarazteko, grebarako legezko eskubidea aldarrikatuko dute, baldin eta gobernuak eta agintariek uste ez badute benetako krimenak egiten dituzten kontzientziarik gabeko zapaltzaileen aseezintasunari muga jarri behar zaionik.

La Lucha de Clases (Bilbo), 1896-05-23.



BIGARREN ATALA (1931-1982)


7. GAIA. Bigarren Errepublika: 1931ko Konstituzioa eta erreformak (1931-1936). TESTUAK:

13. TESTUA: CLARA CAMPOAMOR DIPUTATUAK GORTE KONSTITUZIOGILEETAN EMANDAKO HITZALDIA (1931-09-01)

Utzi iezaiozue emakumeari den bezalakoa agertzen, hura ezagutu eta epaitzeko; errespeta ezazue gizaki izateagatik duen eskubidea; (…) eta baldin eskubide konstituziogilea, herri zibilizatuen arau juridiko gisa, gero eta hurbilago badago askatasunaren kontzeptutik, ez iezaguzue arrazoitzat aipa izaki desberdinen arteko desberdintasunaren printzipio aristoteliko zaharkitua (…). Utzi iezaiozue emakumeari Zuzenbidean aritzen, hasieran hanka-sartzeak eta zalantzak izanda ere, horrela bakarrik heziko baita hartan.

(…) Konstituzio honen garaia eta espiritua kontuan hartuta, oso poztu nau pentsatzeak mundu zibilizatuko orain arteko konstituziorik onena, libreena eta aurreratuena izango dela. Eta pentsatu dut, halaber, Errepublika ezarri eta hamabost egunera behin-behineko Gobernuaren dekretuak monarkiako hogei mendek aitortu ez ziotena aitortu diola emakumeari. Uste dut hau izango dela emakumearen [sufragio] eskubidea onartuko duen lehen latindar herrialdea; lehen aldiz entzungo da latindar ganbera batean emakumearen ahotsa, emakumea bera bezain xumea, baina egiaren haizeak ekarri nahi dizkiguna; eta harro-harro sentitzen naiz, nire Espainia izango baita emakumearen askatasunaren bandera jasoko duen herrialdea (…). Eta honela diotsuet, legegile jaunak: (…) ez ezazue onar beste latindar nazio batek, datozen egunetan, guk baino lehenago ezartzea bere Konstituzioaren buruan emakumearen askatasuna, zuen kidearen askatasuna.

Diario de Sesiones de las Cortes Constituyentes de la República Española; 1931ko irailaren 1eko saioa.

14. TESTUA. FRONTE POPULARRAREN PROGRAMA (1936-01-16)

Alderdiak (…) berehala izango den hauteskunde-lehian euren indarren koalizioari oinarri eta kartel gisa balioko dien plan politiko komuna adostera iritsi dira. (…) Koalizioan elkartutako alderdiek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

Lege baten bitartez, 1933ko azaroaz geroztik egindako delitu politiko eta sozialen amnistia zabala ematera, auzitegiek halakotzat jo ez bazituzten ere (…)

Askatasunaren eta justiziaren defentsan, estatu errepublikazalearen eta haren erregimen konstituziogilearen funtsezko misio gisa, koalizioan elkartutako alderdiek Konstituzioaren agintea berrezarriko dute. (…)

Errepublikazaleek ez dute onartzen lurra nazionalizatu eta nekazariei emateko printzipioa, alderdi sozialistako ordezkariek eskatua. Baina komenigarritzat jotzen dituzte nekazariak askatzea lortu nahi duten zenbait neurri (…)

Alderdi errepublikazaleek ez dituzte onartzen langile-alderdiek bankuak nazionalizatzeko proposatutako neurriak; baina, bestalde, onartzen dute gure banku-sistemak hainbat hobekuntza behar dituela (…).

Alderdi errepublikazaleek ulertzen duten Errepublika ez da klase-arrazoi sozial edo ekonomikoek zuzendutako errepublika bat, interes publiko eta aurrerapen sozialeko arrazoiek bultzatutako askatasun demokratikoko erregimen bat baizik. Baina, arrazoi ausart horrexegatik, politika errepublikazaleak produkzioaren interes orokorrak uzten duen muga goreneraino igo behar lituzke langileen baldintza moralak eta materialak, muga horretatik kanpo pribilegio sozial eta ekonomiko guztiei ezarri beharreko sakrifizioak direnak direla. Alderdi errepublikazaleek ez dute onartzen alderdi sozialistaren ordezkaritzak eskatutako langile-kontrola.

El Socialista (Madril), 1936ko urtarrilak 16a.


8. GAIA. Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila Euskal Herrian (1931-1939). TESTUAK:

15. TESTUA. EUSKAL HERRIKO AUTONOMIA ESTATUTUA (1936-10-04)

Diputatuen Kongresuak honako Lege hau agindu eta berretsi du:

1. art. Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera, Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak eskualde autonomoa osatzen dute Espainiako estatuaren barruan eta “Euskal Herria” izena harturik. Haren lurraldea aipatutako probintziek gaur egun osatzen dutena izango da, eta haiek, aldi berean, modu autonomoan gobernatuko dira (…). Euskara, gaztelania bezala, Euskal Herriko hizkuntza ofiziala izango da (…).

5. art. Euskal Herriari dagokio bere lurralde autonomoaren barruko babes juridikorako eta ordena publikoa mantentzeko polizia-erregimena ezartzea.

10. art. Euskal Herriaren botereak herriarengan dute sorburua, eta Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera erabiliko dituzte berak erabakitzen dituen organoek, honako mugapen hauen arabera:

a) Eskualdeko organo legegilea (…) sufragio unibertsal, berdin, zuzen eta sekretu bidez (…) hautatuko da.

b) Organo betearazleak organo legegilearen konfiantza izan behar du eta presidentea izango da eskualdearen ordezkaria Errepublikarekiko harremanetarako (…).

Lehen xedapen iragankorra. Gerra zibilak eragindako ezohiko baldintzek irauten duten bitartean, Euskal Herrian behin-behineko Gobernu batek aginduko du Estatutu honetan xedatutako eskumen guztiekin. Behin-behineko Gobernu horretako lehendakaria Estatutua promulgatu ondorengo zortzi egunen barruan izendatuko dute euskal udalak osatzen dituzten eta euren botoa askatasunez eman dezaketen zinegotzi herriak aukeratutek (…). Behin-behineko Gobernuko lehendakariaren hautaketa Bizkaiko gobernadore zibilak egiaztatuko du (…). Horrela hautatutako lehendakariak behin-behineko Gobernuko kideak izendatuko ditu eta haiiek ez dira bost baino gutxiago izango (…)

Gaceta de Madrid, 281. alea, 1936ko urriaren 7koa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 1. zenbakia, 1936ko urriaren 9koa.

16. TESTUA. BIZKAIAN ETA GIPUZKOAN KONTZERTU EKONOMIKOAK EZEZTATZEKO LEGE-DEKRETUA (1937-06-23)

Euskal herriko probintzietan ekonomia arloan indarrean dagoen sistema itunduak pribilegio nabarmena du erregimen arruntari lotutako gainerako lurralde nazionalarekiko, ez probintzia horietako aldundiek arlo horretan duten autonomia zabalagatik bakarrik, baizik eta probintzia horietako zergapekoak karga publikoak altxatzeko egiten duten ahalegin txikiagoagatik (…).

Kontzertua mesedegarri izan zuten askok botere publikoaren eskuzabaltasuna ahazturik, Gipuzkoan eta Bizkaian, armak hartu zituzten uztailaren 17an abiarazitako Mugimendu Nazionalaren aurka, eta traizioz erantzun zioten salbuespenezko eskuzabaltasun hari (…).

Zerga- eta administrazio-erregimenaren berezitasunak bere izaera nazionala eta Aberriaren patu komunarekiko atxikipenaren suhartasuna gero eta gehiago goraipatzeko balio izan du probintzia batzuetan, hala nola, Nafarroa txit leialean. Beste batzuetan, aldiz, Espainiaren aurkako politika baldarra egiteko balio izan du; horiek horrela (…), amaia eman behar zaio kalte larriak eragiteko tresna gisa erabili zuten sistema horri.

Gogoeta beren arabera, Arabako probintzian gaur egun indarrean dagoen sistemak jarraitu egin behar du (…).

Horren kariaz, honako hau xedatzen dut:

Lehen artikulua. Datorren uztailaren batetik aurrera, Estatuko kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta berezi guztien kudeaketa eta bilketa indarrean dagoen erregimen erkidearen arabera egingo da Gipuzkoa eta Bizkaia probintzietan (…). Beraz, indargabetuta geratuko da, lehen adierazitako datatik aurrera, haien aldundiekin itundutako eta gaur egun indarrean zegoen ekonomia arloko erregimena.

Burgosen,1937ko ekainaren 23an.

Francisco Franco

Boletín Oficial del Estado, 1937ko ekainaren 24koa.


9. GAIA. Estatu frankistaren sorrera (1939-1959). TESTUAK:

17. TESTUA: ERANTZUKIZUN POLITIKOEN LEGEA (1939-02-09)

(…) Gobernuak (…) uste du unea iritsi dela Erantzukizun Politikoen Lege bat emateko, balioko duena beren egite edo ez-egite larriekin matxinada gorria gorpuzten lagundu zutenek alde horretatik dituzten erruak garbitzeko (…)

Zigorrak ezartzeaz arduratuko diren auzitegietako kideak Armadaren, Magistraturaren eta Falange Española Tradicionalista y de las JONSen ordezkariak izango dira (…)

1. art. Erantzule politiko deklaratzen dira 1934ko urriaren 1etik 1936ko uztailaren 18ra bitarte Espainiari jasanarazi zitzaion era guztietako subertsioa eragiten edo areagotzen lagundu zuten pertsona fisikoak nahiz pertsona juridikoak, eta orobat bigarren data horretatik aurrera, beren egintza batzuekin edo gelditasun larriarekin, Mugimendu Nazionalaren kontra aritu direnak edo daudenak.

2. art. Aurreko deklarazioaren ondorioz (…) legez kanpo gelditzen dira 1936ko otsailaren 16an hauteskundeen deialdia egin zenez geroztik Fronte Popularra osatu duten alderdi edo talde politiko eta sozial guztiak, eta orobat harekin bat egin duten edo atxiki zaizkion alderdi eta taldeak hori egin izan hutsagatik, erakunde separatistak eta Mugimendu Nazionalaren Garaipenari kontra egin dioten guztiak.

3. art. Legez kanpo deklaratutako alderdi, talde eta erakundeek osotara galduko dituzte era guztietako eskubideak eta ondasun guztiak

Boletín Oficial del Estado, 1939ko otsailaren 13a.

18. TESTUA: NAZIO-INTERESEKO INDUSTRIAK BABESTEKO LEGEA (1939-10-25)

Espainiak bere historiako krisirik larriena gainditu behar izan zueneko Gurutzada loriatsuan, agerian gelditu zen nazioaren bizitzarako zeinen garrantzi handikoa den gerrarako behar dituen industriak eta ezinbesteko lehengaiak bere lurraldean izatea.

Gure ekonomia dagoen egoeran egonik, bestalde, beharrezko da ahaleginak egitea Espainia produktu arrotzen inportaziotik askatzeko, halakoak gure nazioaren lurraldean ekoitzi edo fabrikatu daitezkeenean.

Gaur arte lortu ez denez, barne-merkatuak aukera emanik ere, ekimen partikularraren bidez premia horiek asetzea, beharrezko ikusten da nazioaren interes bereziko diren halako industriak ezartzeko laguntza ematea, funtzionamendu normala ziurtatuko dieten bermeak eta onurak eskainiz.

Hori dela eta, XEDATZEN DUT:

2. art. Nazioaren kefentsaren edo ekonomiaren premien ondorioz beharrezko ikusten bada Espainian industria bat ezartzea, eta hartarako ekimen partikularra sustatu beharra baldin badago, “nazio-intereseko” deklaratu ahal izango da industria hori, dagozkion txosten tekniko eta ekonomikoak egin ondoren.

2. art. “Nazio-intereseko” deklaratutakoan, industria batek honako onura hauetaz gozatu ahal izango du, hamabost urterainoko epean:

a) Industria hori jartzeko behar diren lurrak nahitaez desjabetzeko ahalmena.

b) Zergak murriztea, % 50eraino.

c) Estatuak haren kapitalari urteko gutxieneko etekin bat bermatzea, % 4rainokoa, haren kapitalari. Atal honen arabera bermatutako kapitala ezin izango da, guztira, sei milioi pezeta baino gehiago.

d) Aduana-eskubideetan beherapena egitea instalazioetarako makineria eta lanabesak inportatzean, Espainian fabrikatzen ez direnean.

2. art. Onura horien trukean, estatuak esku hartuko du industria ezartzean eta haren martxan, kontu-hartzaile bat eta kontseilari-ordezkari bat izendatuta, egintzak eteteko ahalmena izango dutenak; aukera izango du, orobat, instalazioak bere teknikariekin balioesteko.

6. art. Enpresa emakidadunak, sozietatearen egonkortasuna eta martxa ekonomikoa ziurtatutakoan, etekinei uko egin ahal izango die, eta, orduan, hirugarren artikuluan adierazitako esku-hartzetik libre geldituko da.

Boletín Oficial del Estado, 1939ko urriaren 25a.


10. GAIA. Diktadura frankistaren finkapena eta krisialdia (1959-1975). TESTUAK:

19. TESTUA: EUROPAKO MUGIMENDUAREN KONGRESUAK 118 ORDEZKARI ESPAINIARREN PROPOSAMENEZ MUNICHEN HARTUTAKO ERABAKIA (1962-06-07/08)

Europar Mugimenduaren Kongresuak, Munichen 1962ko ekainaren 7an eta 8an bilduta, iritzi dio ezen, edozein herrialdek Europan sartu nahi badu, izan atxikita edo izan elkartze bidez, herrialde horrek erakunde demokratikoak izan beharko dituela; horrek, Espainiaren kasuan, Gizakiaren Eskubideei buruzko Europar Konbentzioaren eta Europako Gizarte Gutunaren arabera, hau esan nahi du:

1. Benetan ordezkaritza bidezkoak eta demokratikoak diren erakundeak eratzea, zeinek bermatzen baitute gobernua herritarren onespenean oinarritzen dela.

2. Pertsonen eskubide guztiak egiazki bermatzea; bereziki, norberaren askatasunari eta adierazpen-askatasunari buruzkoak, gobernuaren zentsurarik gabe.

3. Erkidego naturalen izaera berezia aitortzea.

4. Askatasun sindikalak oinarri demokratikoen gainean baliatu ahal izatea eta langileek beren oinarrizko eskubideak defendatu ahla izatea; besteak beste, greba-eskubidearen bidez.

5. Iritzi-korronteak eta alderdi politikoak antolatzeko aukera izatea, oposizioaren eskubideak aitortuta.

Kongresuak itxaropen sendoa du aurreko oinarri horien araberako eboluzioak aukera emango duela Espainia Europan sartzeko, haren funtsezko osagaia baita; eta adierazgarritzat dauka Kongresuan partaide izan diren espainiar ordezkari guztiek adierazi izana seguru daudela espainiar ordezkari gehienek nahi dutela eboluzio hori zuhurtzia politikoaren arauen arabera egitea, egoerak aukera ematen duen bezainbesteko azkartasunarekin, denen zintzotasunarekin eta eboluzio-prozesuaren aurretik, prozesuan bertan nahiz prozesuaren ondoren bortxakeria aktibo nahiz pasiboari uko egiteko konpromisoarekin”.

Munich (Alemaniako Errepublika Federala), 1962ko ekainaren 8a.

20. TESTUA. ESTATUAREN LEGE ORGANIKOA (1967-01-11)

Orain arte promulgatutako legeek erakunde antolamenduek eskatzen dituzten gai gehienak hartzen dituzte.(…). Iritsi da Estatu nazionalaren erakundetzea amaitzeko une egokia (…). Horren kariaz, (…), honako hau xedatzen dut:

1. art. I. Espainiar estatua, erresuma gisa eratua, erkidego nazionalaren erakunde gorena da.

2. art. I. Subiranotasun nazionala bakarra eta zatiezina da eta ezin da ez ordezkatu ez laga.

II. Espainiar estatuaren erakunde-sistema botere-batasunaren eta funtzio-koordinazioaren printzipioetan oinarritzen da.

3. art. Honako hauek dira estatuaren oinarrizko xedeak: Espainiako gizonen arteko eta lurren arteko batasunaren defentsa; nazioaren osotasuna, independentzia eta segurtasuna mantentzea (…). Hori guztia Mugimendu Nazionalaren Printzipioen inspirazioarekin eta haiekiko leialtasun zorrotzenarekin (…), bere izaeragatik beragatik, iraunkorrak eta aldaezinak baitira.

6. art. Estatuburua nazioaren ordezkari gorena da; nazio-subiranotasuna pertsonifikatzen du; botere politiko eta administratibo gorena erabiltzen du; Mugimenduaren Buruzagitza Nazionala du eta Mugimenduaren eta Erresumako gainerako Funtsezko Legeen printzipioak zorrotz betetzen direla zaintzen du (…); legeak promulgatu eta berresten ditu (…); lurreko, itsasoko eta aireko armaden gaineko aginte gorena du; (…); haren izenean administratzen da justizia; grazia-eskubidea erabiltzen du; enpleguak, kargu publikoak eta ohoreak ematen ditu, legeek xedatutakoaren arabera; ordezkari diplomatikoak akreditatu eta hartzen ditu eta Erresumako Funtsezko Legeen arabera dagozkion ekintza guztiak egiten ditu (…)

14. art. I. Gobernuburuak espainiarra izan behar du, eta estatuburuak izendatuko du Erresumako Kontseiluak proposatutako hirukote batetik hautatuta.

Boletín Oficial del Estado, 1967-01-11.


11. GAIA. Diktadura frankista Euskal Herrian (1939-1975). TESTUAK:

21. TESTUA: BAIONAKO HITZARMENA (1945-03-31)

Euzkadik Frantzian dituen erakunde politiko eta sindikalek, zeinak, Euzkadiko Gobernuarekin batuta, Francok zuzendutako matxinada-mugimenduaren aurka heroikoki borrokatu baitziren, honako hau adierazi nahi dute, etorkizunari begira bakoitzak dituen  berezitasun ideologikoei uko egin gabe eta hipotekatu gabe:

1. Berretsi egiten duela altxamendu militarra zela-eta 1936ko uztailaren 18an abiarazitako ekintza gauzatzeko indar-batzea. Batura hura era organikoan islatuta geratu zen  1936ko urriaren 7an, Euzkadiko Gobernua osatu zenean, José Antonio Aguirre jaun txit gorenaren lehendakaritzapean, Errepublikako Gorteek bozkatutako Estatuaren arabera.

2. Gobernu horretan konfiantza osoa dutela eta beharrezko laguntza eskainiko diotela, euskal herriaren bidezko ordezkari gisa, baldin eta haren helburu politiko eta sozialak jasotzen baditu.

3. Normaltasun demokratikoa berriz ezarritakoan, euskal herriak askatasunez adieraziko dituen nahiak errespetatu eta defendatuko dituztela.

4. Euzkadiko Gobernuak egin beharreko lanean aholkatu eman eta lan hori prestatu eta babestuko duen erakunde aholku-emaile bat eratuko dutela gerraren ondorioz euskal lurraldetik kanporatu dituen erregimen antidemokratikoa erortzea lortutakoan. Erakunde horren funtzionamendua araudi egoki baten bidez arautuko da.

5. Penintsulako herri, alderdi politiko eta erakunde sindikal guztiekin batera borrokan jarraituko dutela, arlo guztietan, Francoren gobernuaren, Falangearen eta beste edozein diktadura-erregimenaren aurka, bai eta demokraziaren kontrako eta monarkia berrezartzearen aldeko bestelako mugimendu guztien aurka ere, halakoak agertuko balira.

22. TESTUA: ANTONIO AÑOVEROS BILBOKO GOTZAINAREN SERMOIA (1974-02-24)

Euskal Herriko biztanleen bizikidetzari eta gure elizbarrutiari kalte gehien egiten dien arazoetako bat euskal gatazka delakoa da. Zertan datza arazo hori?

Oinarri-oinarrizkoa bakarrik aipatuta, honela azaldu daiteke: zenbait herritarrek, bakoitzak bere ñabardurekin bada ere, euskal herria zapalduta dagoela baieztatzen dute eta haren eskubideak aitor daitezen eskatzen dute; beste herritar batzuek, ordea, errefusatu egiten dute salaketa hori, haserre, eta aldarrikatzen dute egoera aldatzeko saio guztiak gizarte-sistemaren aurkako eraso larria direla. (…)

Euskal herriak berariazko ezaugarri kultural eta espiritualak ditu, eta haien artetik nabarmentzekoa da milaka urte dauzkan hizkuntza. Ezaugarri berezi horiek berariazko nortasuna ematen diote herriari, egun Espainiako estatua osatzen duten herrien artean.

Espainiako estatuko gainerako herriak bezalaxe, euskal herriak ere eskubide osoa du berezko nortasuna mantentzeko, bere ondare espirituala lantzeko eta garatzeko, inguruko herriekiko truke osasungarriaren aurka egin gabe, bidezko askatasuna aitortuko dion antolamendu soziopolitiko baten barruan.

Baina, egungo egoeran, euskal herriak oztopo latzak ditu eskubide horretaz gozatzeko. Euskararen erabilera mugatua dago, nabarmen, maila guztietako irakaskuntzan eta komunikabideetan (prentsa, irratia, telebista). Adierazpen kulturalak ere bereizketarik gabe kontrolatzen dituzte.

Elizbarrutiaren egoera zehatz honetan, Kristoren salbamena iragartzeko eta gogora ekartzeko, aholkua eta adorea eman behar ditu, behar bezala aldatzeko (…) gure herriko egoerak (…).

Antonio Añoveros, “El cristianismo, mensaje de salvación para los pueblos”, 1974ko otsailaren 24an Bizkaiko elizetan irakurritako sermoia.


12. GAIA. Trantsizioa (1975-1982): 1978ko Konstituzioa eta 1979ko Gernikako Estatutua. TESTUAK:

23. TESTUA. 1978KO ESPAINIAKO KONSTITUZIOA (1978-12-29)

Juan Carlos I.a Espainiako Erregeak honako hau ikusi eta ulertzen duten guztiei honako hau jakinarazten dizue: Gorteek honako Konstituzio hau onartu dutela eta espainiar herriak berretsi egin duela:

1. art. Espainiak zuzenbide-estatu sozial eta demokratiko gisa eratzen da, bere ordenamendu juridikoaren balio gorentzat hartzen dituelarik askatasuna, justizia, berdintasuna eta pluralismo politikoa.

2. Subiranotasun nazionala Espainiako herriari dagokio, eta harengandik datozkio Estatuari botereak.

3. Espainiako Estatuaren forma politikoa monarkia parlamentarioa da.

2. art. Konstituzioak Espainiako nazoaren batasun ezin hautsizkoan hartzen du oinarri, hura izanik espainiar guztien aberri erkide eta banaezina, eta era berean,  aitortzen eta bermatzen du Espainia osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomia-eskubidea eta haien arteko elkartasuna.

66. art. 1. Gorte Nagusiek Espainiako herria ordezkatzen dute, eta Diputatuen Kongresuak eta Senatuak osatuak dira.

98. art. 1. Gobernua honela osatzen da: presidentea; presidenteordeak, hala badagokio, ministroak, eta legeak xedatzen dituen gainerako kideak.

117. art. 1. Justizia herriarengandik dator, eta Botere Judiziala eratzen duten epaile eta magistratuek administratzen dute Erregearen izenean. Epaile eta magistratuok independente, mugiezin eta erantzule dira, eta legearen agintera baino ez daude menderatuak.

143. art. 1. Konstituzioaren 2. artikuluan aitortutako autonomia-eskubidea erabiliz, autogobernura iritsi eta autonomia-erkidego gisa eratu ahal izan dira: historia-, kultura-, eta ekonomia-ezaugarri erkideak dituzten probintzia mugakideak; uharte-lurraldeak, eta historiaz eskualde-izaera duten probintziak. Hartarako, Titulu honek eta kasuan kasuko autonomia-estatutuek diotenak agintzen du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK. Lehena. Konstituzioak babestu eta errespetatu egiten ditu foru-lurraldeen eskubide historikoak.

Foru araubide horren eguneratze orokorra, hala badagokio, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen esparruan egingo da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA. 2. Oraindik ere inolako indarrik duen heinean, behin betiko derogatutzat jotzen da 1839ko urriaren 25eko Legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziei eragin liezaiokeen guztian. Modu berean, behin betiko derogatutzat jotzen da 1876ko uztailaren 21eko Legea.

Gorteek onartutaa 1978ko urriaren 31n eta erreferendumean onartua 1978ko abenduaren 6an.

Boletín Oficial del Estado, 1978ko abenduaren 29.

24. TESTUA. EUSKAL HERRIKO AUTONOMIA ESTATUTUA (1979-12-18)

Juan Carlos I.a Espainiako erregeak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztiei honako hau jakinarazten dizue: Gorte Nagusiek organiko izaerarekin onartu dutela honako Lege hau eta nik berretsi egiten dudala:

1. art. Euskal Herria, bere naziotasunaren adierazpen gisa eta bere autogobernua lortzeko, Autonomia Erkidego gisa eratu da Espainiako estatuaren barruan, Euskadi edo Euskal Herria izenarekin, eta Konstituzioarekin eta bere oinarrizko-erakunde araua den Estatutu honekin bat etorriz.

2. art. 1. Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak, eta baita Nafarroak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kide izateko eskubidea dute.

2. Euskal Autonomia Erkidegoa Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzien gaur egungo mugekin bat datozen Lurralde Historikoek osatuko dute, eta baita Nafarroak ere, bertan sartzea erabakitzen badu (…).

3. art. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko bakoitzak bere antolamenduari eta autogobernurako erakunde pribatiboei eutsi diezaieke edo, bere kasuan, berrezar eta eguneratu ditzake.

6. art. 1. Euskara Euskal Herriaren hizkuntza propioa da, eta, gaztelania bezala, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin. Gainera, Euskadiko biztanle guztiek dute bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

17. art. 1. (…) Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei dagokie (…) lurralde autonomoaren barruan pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikorako Polizia autonomoaren erregimena antolatzea. Estatuko Segurtasun Indar eta Gorputzak arduratuko dira Autonomia Erkidegoaz kanpoko eta gaindiko polizia-zerbitzuez.

XEDAPEN GEHIGARRIA. Estatutu honetan xedatutako autonomia-erregimena onartzeak ez du esan nahi Euskal Herriak uko egiten dienik historiaren kariaz legozkiokeen eskubideei, zeinak antolamendu juridikoak xedatutakoaren arabera eguneratu ahal izango baitira.

Madrilgo Errege Jauregian, 1979ko abenduaren hemezortzian.

Adolfo Suárez Gonzalez gobernuburua.

 

2016/ Hautaprobetako ariketak

Unibertsitatera sartzeko probaren ariketak

Unibertsitatera sartzeko probak eta Batxilergoko curriculum berria behin indarrean sartuta aldatu egin direnez hautaprobetako azterketak,kendu egin ditugu orri honetatik 2010a baino lehenagoko azterketak.

 
Utzi iruzkina

Posted by on 2016/05/31 in Hautaprobak

 

2015 – ENPRESA – Hautaprobak prestatzen

Kaixo denoi!

Hementxe dituzue Enpresa lantzeko erabiltzen ari garen hainbat esteka:

 
Erantzunak desaktibatuta daude 2015 – ENPRESA – Hautaprobak prestatzen sarreran

Posted by on 2015/06/04 in Ekonomia eta Enpresa, Hautaprobak