RSS

5 Lehen Mundu Gerra

Europako estatuen arteko lehiek –ekonomiarekin eta lurraldearekin zuten zerikusia- eta Europan 1914 aurretik hedaturiko nazionalismo erradikalak gerrarako giroa sortu zuten. Gerraren txinparta, berriz, bosniar iraultzaile gazte batek piztu zuen Austria-Hungariako tronuaren oinordekoa 1914ko ekainean erail zuenean. Abuztuan, Lehen Mundu Gerra hasi zen.

5.1 “Bake armatua” eta aliantzen sistema (Istilu nagusiak (3), Aliantzak (3), Arriskuak (2))

Istilu nagusiak: Lehen Mundu gerraren aurreko aldi honetan tentsio handiak sortu ziren Europako potentzia nagusien artean:

  1. Frantziaren eta Alemaniaren arteko gatazkak zeuden. Frantzian 1870ean izandako porrotaren eraginez, horren ondorioz Alsazia eta Lorena Alemaniako Inperioan sartu baitziren.
  2. Austriaren eta Errusiaren arteko liskarrak zeuden, Balkanetako eta Danubio inguruko eremuen anexioaren ondorioz.
  3. Erresuma Batuaren eta Alemaniaren arteko gatazka ekonomiko garrantzitsuak ere bazeuden.

Aliantzak: Europako gobernariak aliatuak pilatzen hasi ziren, itxuraz gerra hurbil zegoela ikusita. Europan bi aliantza-sistema antolatu ziren:

  • Aliantza Hirukoitza: Alemania, Austria-Hungaria eta Italiak sinatu zuten. Bismarckek asmatu zuen, aurkako beste blokeren bat sortzeari aurrea hartzeko.
  • 1891n Bismarck kargutik kendu zutenean, Frantziak Entente Cordiale zeritzon adiskidetasunerako ituna sinatu zuen Erresuma Batuarekin (1904).
  • 1907an Errusia ere bertan sartu zen, Entente Hirukoitza sortuz.

Arriskuak

  1. Gobernuek bigarren industria-iraultzako teknologia guztia armen fabrikazioan erabiltzeko ahalegina egiten zuten, eta, aldi berean, gerrarako armategi handiak pilatzen zituzten.
  2. Industria herrien arteko aurkaritza gero eta handiagoa egiten ari zen.

5.2 Lehen Mundu Gerraren eragileak

5.2.1 Europako aurkaritzak (Arazo nagusiak (3), Hasiera, Balkanetako I. Gerra, Balkanetako II. Gerra, Irabazleak, Eragina)

Arazo nagusiak

  • Alemaniaren eta Frantziaren arteko lurralde-gatazka.
  • Erresuma Batuaren eta Alemaniaren arteko arazo politikoak eta ekonomikoak.
  • Austria-Hungariak eta Errusiak Balkanetan zituzten interes kontrajarriak.

Frantzia-Alemania

Jatorria Frantzia eta Prusiaren arteko 1870eko gerran zegoen, gerra horren ondorioz, Frantziak Alsazia eta Lorrena galdu baitzituen.

Alemania kontinenteko potentzia nagusia zen, eta egoera hori 1879an berretsi zen,  Austria-Hungariarekin eta Italiarekin Aliantza Hirukoitza osatu zuenean.

Egoera horri aurre egiteko, Frantziak Errusiaren laguntzaren bila jo behar izan zuen, beste aliantza bat osatu ahal izateko, eta hori 1892an sinatu zuten bi estatuok.

Honen ondoren, Europako oreka britainiarren esku zegoen.

Erresuma Batua-Alemania

Hauen arteko desadostasun ekonomiko eta politikoak XX. mendearen hasieran sortu ziren. Garai horretan, Alemaniak ontzigintzako politika hasi zuen, eta horrek, epe ertainean, atzerriko merkatuetan lehiatzeko eta britainiarrek itsasoetan zuten kontrola arriskuan jartzeko aukera emango zion. Mehatxu hori ikusita, Erresuma Batuak ordura arteko bakartze-politika tradizionala baztertu eta kontinentean lagun bila hasi zen; Frantziarekin eta Errusiarekin Entente Hirukoitza sinatu zuen, eta hori, gero, aliantza militar bihurtu zen. Blokeak eratu ondoren, edozein gatazkak eragin zezakeen gerra. Eta eragile hori Balkanetako egoera izan zen.

Errusiako eta Austria-Hungariako Inperioek Balkanetan zituzten interes kontrajarriek tentsio-gune berriak sortu zituzten, eta horietan borroka armatuak egon ziren XX. mendearen hasieran.

Balkanetako gatazka: Interes kontrajarriak

  1. Austria-Hungariak mugak zabaldu nahi zituen.
  2. Errusiak Itsaso Beltzetik Mediterraneora oztoporik gabe nabigatu nahi zuen.
  3. Turkiako Inperiotik bereizi ziren estatu txikiek independentzia gorde nahi zuten.
  4. Turkiako Inperioak Europan geratzen zitzaizkion azken jabetzak kontserbatu nahi zituen.

Hasiera

  • 1908an, Austria-Hungariak Bosnia eta Herzegovina beretzen zituela aldarrikatu zuen bere kontura.
  • Errusiak berehala ikusi zuen horrek zekarkion arriskua eta estatu txiki horiek koalizioa eratzera animatu zituen, Turkiako Inperioari aurre eginez. 1912an, Serbiak, Bulgariak, Greziak eta Montenegrok Balkanetako Liga osatu zuten.

Balkanetako I. Gerra: 1912an hasi zen Liga eta Otomandar Inperioren artean; 3 hilabete iraun zuen eta turkiarrek galdu zuten gerra. Errusiak bere helburua lortu zuen, eta Ligako herriek euren mugak zabaldu zituzten, Otomandar Inperioaren Europako eremu ia osoa bereganatuta.

Balkanetako II. Gerra: Ligako kideen arteko desadostasunaren ondorioz piztu zen. 1913an, Bulgariak eraso egin zien Serbiari eta Greziari, lurralde gehiago eskuratzeko; baina errumaniarrek eta turkiarrek eurek ere laguntza eskaini zieten Greziari eta Serbiari. Bulgariak galdu zuen gerra.

Irabazleak: Balkanetako bi gerren irabazle nagusiak Serbia eta, zeharka, Errusia izan ziren. 1914 baino lehen, Serbiak argi utzi zuen serbiar guztiak eta Austriaren menpeko beste herri eslaviarrak –kroaziarrak, bosniarrak, bulgariarrak eta esloveniarrak- Jugoslavian biltzeko gogoa zeukala.

Eragina: Balkanetako gatazka horiek Europako tentsioak larriagotu eta potentzia nagusien armamentu planak bizkortu zituzten.

5.2.2     Muturreko nazionalismoa (2)

  • Nazio txikiek euren independentzia aldarrikatu nahi zuten; asko ziren eta Austria-Hungariako, Errusiako eta Turkiako Inperioen menpe zeuden.
  • Bestalde, estatu handietan eurena besteenaren aurrean defendatzeko muturreko nazionalismoak sortu ziren, ustezko arerioei aurre egiteko.

Bi nazionalismo mota horiek tentsio-giro orokorra sortu zuten Europan, eta horrek gerrarako bidea erraztu zuen.

5.2.3 Gerrarako bidea (5)

  1. 1914ko ekainaren 28an Habsburgoko Franz Ferdinand artxidukea, Austria-Hungariako Inperioko tronuaren oinordekoa eta horren emaztea, erail zituzten Sarajevon (Bosniako hiriburuan) eta hori izan zen gerra piztu zuen txinparta. Hiltzailea nazionalista bosniarra zen eta ikertzaileek Serbiako Esku Beltza izeneko erakunde terrorista bateko kidea zela jakin zuten.
  2. Horren ondorioz, Austriako gobernuak Serbia zapaltzeko berebiziko aukera zeukala erabaki zuen.
  3. Austria-Hungariak eta Alemaniak gerra Balkanetara mugatuko zela uste zuten. Frantziak eta Erresuma Batuak eskualde horretan interesik ez zutenez, Errusiak Serbiari lagunduz gero, ez zuten laguntza eskainiko ziotenik uste.
  4. Uztailaren 23an, Austriak ultimatuma bidali zion Serbiari; nekez onartu zitekeen ultimatuma; bost egun geroago, Austriak gerra deklaratu zion Serbiari.
  5. Berehala, martxan jarri zen aliantzen mekanismoa:
  • Errusiak Austriaren eta Alemaniaren aurka mobilizatu zituen tropak.
  • Abuztuaren 1ean, Alemaniak gerra deklaratu zion Errusiari, eta, hiru egun geroago, Frantziari.
  • Abuztuaren 4an, tropa alemanek Belgika inbaditu zuten.
  • Egun horretan bertan, Erresuma Batuak gerra deklaratu zion Alemaniari.

5.3 Gerra Handia: Aurrez aurreko indarrak eta garapena

5.3.1 Elkarren aurkako indarrak (Funtzionamendua, Partehartzaileak, Abantailak (5), Ustea)

Funtzionamendua: Europako 5 potentzia nagusiak sartu ziren gerran. Aliantzen sistemaren funtzionamendua egokia izan zen Entente Hirukoitzaren barruan, baina huts egin zuen Aliantza Hirukoitzean, Italiak neutraltasuna aukeratu baitzuen.

Partehartzaileak: Lehen Mundu Gerran, potentzia nagusi guztiek eta Europako estaturik gehienek hartu zuten parte, Espainiak, Suitzak, Herbehereek eta Eskandinaviako estatuek izan ezik.

Abantailak

  1. Entente Hirukoitzaren herrietako biztanle kopurua Austriako eta Alemaniako biztanleriaren bikoitza zen, eta, gainera, 200 dibisioko armada zuten.
  2. Britainiarrek, hasieran, esku hartze txikia izan zuten, lurreko armada txikia baino ez baitzuen. Errusiaren mobilizazioa ere pixkanaka-pixkanaka egin zen, armadaren zati bat Errusiatik iritsi behar zelako eta trenbide sare mugatua zeukalako. Ententeko armaden artean, gerran berehala sartu zen bakarra Frantziakoa izan zen.
  3. Gainera, Errusiak eta Frantziak urruntasunari eta agintearen koordinaziorik ezari lotutako arazoak zituzten.
  4. Hala eta guztiz ere, epe luzean, Ententeak, kolonia ugariren jabe zenez, lehengaiak eskuratzeko erraztasuna eta finantziazio ia mugagabea izan zuen.
  5. Aliantza Hirukoitza blokerik indartsuena zen, antolaketa militarraren aldetik: 160 dibisio armada zeukan, eta, gainera, aginte bakarra eduki eta bloke geografiko bateratua zuen.

Ustea: Gaur egun, harrigarria da gerran parte hartu zuten herrietako biztanleek gerra hori nolako pozarekin hartu zuten. Gobernu guztiek, agintari militarrek eta herritarrek uste zuten gerra oso laburra izango zela. Soldaduak eta biztanleak pozez gainezka zeuden; gerrarako aurkaritza oso txikia izan zen, eta alderdi politiko gehienek gerraren alde egin zuten. Sozialista batzuk baino ez ziren gerraren aurkakoak, kapitalisten arteko gerra zelakoan.

Gerra hiru fasetan garatu zen:

  • gerra azkarra edo mugimenduzkoa (1914)
  • posizio gerra (1915)
  • higadura gerra (1916).

5.3.2 Gerra azkarra: 1914 (Schlieffen Plana (5), Gertatu zena, Emaitza eta balantzea)

Plana: Alemaniak aurrea hartuko zuen gerran:

  1. Schlieffen planaren arabera, armadak Frantziari eraso egingo zion, herri neutraletatik igarota, Belgika eta Luxenburgotik. Horrek nazioartean haserre handia sortuko zuen.
  2. Frantziak ez zuen hori espero eta mugan zituen defentsa indartsuak alemaniarren zain. Alemaniak defentsa horiek saihestu eta armada frantsesari atzetik egingo zion eraso.
  3. Bien bitartean, Austria-Hungariako armadak eta Alemaniako armadaren zati batek errusiarrak geldiaraziko zituen, horien mobilizazioa apurka-apurka espero baitzen.
  4. Frantzia garaitu ondoren, indar aleman guztiek Errusiari egingo zioten eraso.
  5. Alemanek garaipena 6 astetan lortzeko asmoa zuten.

Gertatu zena: Errusiak Ekialdeko Prusian egindako ezusteko erasoek erraztu egin zuten aliatuen iraunkortasuna, eta agintari alemanek Frantziatik ekialdeko frontera bidali behar izan zituzten tropak. Alemanek aldi berean bi fronteetan borrokatu behar izateari zioten beldurra gauzatu egin zen.

Emaitza eta balantzea

  • Alde batetik, alemanen gerra azkarreko planak porrot egin zuen.
  • Bestalde, Alemaniak Belgika, Frantziako ipar-ekialdea eta Polonia errusiarra konkistatuta zituen.

Beraz, gerra luzea izan zitekeen, eta, gerra horretan, ahalmen ekonomikoa funtsezkoa izango zen. Horri zegokionez, Frantziak eta Erresuma Batuak koloniak edukitzeak zuten bere alde.

5.3.3 Posizio gerra: 1915 (Arma nagusia, Arma berriak (4), Herri berriak, Emaitza eta balantzea)

Arma nagusia: Posizio gerraren elementu nagusia lubakia izan zen. Frantziako fronte nahikoa txikik defentsa sistema ia garaiezina antolatzeko aukera ematen zuen. Borrokalariak lubaki horietan bizi izan ziren, oso baldintza txarretan, hainbat urtetan; euria edo elurra egiten zuenean, lubakiak kirats handiko eta izozturiko lokatzezko benetako estoldak ziren, eta higiene-gabezien ondorioz, gaixotasun kutsagarriak azkar hedatzen ziren.

Arma berriak: Gerrako modu berri horretarako, arma berriak behar ziren.

  • Eskuzko granadak edo morteroak eta kalibre lodiko nahiz distantzia laburreko artilleriako piezak ezinbestekoak ziren lubakien borrokarako.
  • Baina arma izugarriago batzuk ere erabili ziren. Su-jaurtigailuak eta gas itogarriak, nazioarteko akordioetan debekatuta egon arren, modu masiboan erabili zituzten, bai alemanek eta, gero, gainerako herri guztiek.
  • Hegazkinek protagonismo handiagoa hartu zuten: arerioaren posizioak ikusteko elementua zena erasorako eta bonbak jaurtitzeko arma bihurtu zen.
  • Beste arma berri bat tankea izan zen, eta horren lehenengo agerpenak guztiz izutu zituen arerioak. Ibilgailu blindatua zen, beldar-kateko gurpilduna, eta hesiak apurtu, lubakien gainetik igaro eta metraileten babeslekuak zapaltzen zituen.

Herri berriak: 1915ean beste estatu batzuk ere sartu ziren gerran: Italia aliatuen alde eta Bulgaria Inperio Zentralen alde; horren ondorioz, bataila-eremu berriak ireki ziren. Aliatuek Otomandar Inperioari egin zioten eraso, Alemaniaren eta Austriaren aliatua baitzen, Dardanelos-eko itsasartea hartzeko eta Errusiarekiko komunikazioak berrezartzeko; operazio horretan, ez zuten arrakastarik izan.

Emaitza eta balantzea: 1915eko kanpainaren balantzea Inperio Zentralen aldekoa izan zen, baina horiek ez zuten behin betiko garaipenik lortu.

5.3.4 Higadura gerra: 1916 (Non eta nola, Batailarik ospetsuenak, Emaitza eta balorazioa)

Non eta nola: 1916an, garaipena lortzeko ahalegin gogorrak egin zituzten bi alderdiek. Gerraren eszenatoki nagusia mendebaldeko frontea zen, eta bertan erabilitako estrategia berria higadura gerra izan zen. Alemaniako goi-agintaritzako buruak asmaturiko gerra horren bitartez, armada aliatua osoan ahitzea lortu nahi zen, gizonen eta materialen aldetik, armada horrek bakea eskatu behar izateko.

Batailarik ospetsuenak: Lehenengo jarduketa, bestalde, Gerra Handiko batailarik ospetsuena izan zen: Verdungo bataila. Alemanek hasi zuten, armada frantsesa odolusteko, eta 4 hilabeteko iraupena izan zuen; bertan, milioi erdi gizon hil zen, erasotzaileen eta defendatzaileen artean (gutxi gorabehera, kopuru berean). Baina frontean ez zen aldaketa nabaririk egon.

Emaitza eta balorazioa: Aurreko bi urteetakoa baino orekatuagoa izan zen. Baina Inperio Zentralen etorkizuna zalantzazkoa zen. 1916ko bataila odoltsuek giza efektiboak eta efektibo materialak murriztu zituzten, eta itsasoko blokeoa gero eta gehiago nabaritzen zen. Alemaniak mobilizazio orokorrera jo behar izan zuen, gerran jarraitu ahal izateko.

5.3.5 Urte erabakigarria: 1917 (Bi aldaketa garrantzitsu, Alemaniaren aldaketa, Esperantzak (2))

Bi aldaketa garrantzitsu: Errusia gerratik irtetean eta Ameriketako Estatu Batuak sartzean, bi blokeen arteko oreka apurtu egin zen. Errusia gerratik irtetea Inperio Zentralen mesederako izan zen, baina iparramerikarrak sartzeak balantzea behin betiko okertu zuen, aliatuen alde.

  1. Errusiako iraultza martxoaren 17an hasi zen, eta horren garaipenak eragina izan zuen Errusiak gerran zeukan partaidetzan. Armada, desertzio handiek ahulduta, ez zen ordurako indar borrokalaria.
  2. Ameriketako Estatu Batuak ordura arte bazter batean egon ziren, Europako gatazkari zegokionez; hala eta guztiz ere, gerrako urteetan, eskala handiko herri hornitzaileak izan ziren, eta aliatuei mailegu handiak egin zizkieten.

Alemaniaren aldaketa: 1915etik aurrera, Alemaniak urpeko gerra hasi zuen, Erresuma Batuko hornidura-lerroak ebaki ahal izateko. 1917aren hasieran, urpeko erasoaldi handia iragarri zuen; erasoaldi horretan, Erresuma Batuarekiko merkataritzan ziharduten itsasontzi neutralak hondoratzea sartzen zen. Estatu Batuetako merkataritza-itsasontzi bat hondoratu zutenean, Ipar Amerikako gobernuak eta herriak gerran sartzea erabaki zuten eta horrek apurtu egin zuen batailako fronteen arteko oreka.

Esperantzak

  • Armadan matxinadak egon ziren, eta zibilen moralak ere nekea adierazten zuen argi eta garbi.
  • Hornidurarik ezaren, produktuak garestitzearen eta bizi-baldintzak gogortzearen ondorioz, herritarrak  gerraren aurka ari ziren gero eta gehiago.

5.3.6 Gerraren amaiera: 1918 (4)

  1. 1917ko abenduan, Lenin buru zela, Errusiako gobernu boltxebikeak harturiko lehenengo erabakietariko bat armistizioa sinatzea izan zen, hau da, borrokak amaitzea, gerra bukatu arte itxaron gabe; armistizio horren ondoren, 1918ko otsailean, Brest-Litovskeko bakea iritsi zen.
  2. Errusia gerratik ateratzean, tropa alemanak Frantziako estatuan pilatu ziren. Uztailaren erdian, alemanen goi-agintaritzak Paris okupatzeko erasoaldia abiatu zuen, baina ez zuten arrakastarik lortu. Aliatuen kontraerasoa etorri zen ondoren, eta alemanek atzera egin behar izan zuten. Udaren amaierarako, Alemania laguntzak galtzen joan zen: Bulgaria, Austria-Hungaria… Alemania bakarrik geratu zen.
  3. Goi-agintaritzak armadak ezin ziola borrokari eutsi esan zion Gilermo II.ari, eta armistizioa lortzeko elkarrizketak egin behar zirela jakinarazi zion.
  4. Alemaniako altxamendu iraultzaileen eraginez, enperadoreak abdikatu behar izan zuen azaroaren 9an. Egun horretan, errepublika aldarrikatu zen. Bi egun geroago, armistizioa sinatu zen. Gerra Handia amaituta zegoen.

5.4 Gerraren ondorioak: Bake Itunak

5.4.1 Emaitzak (4)

  1. Gerraren balantzea negargarria izan zen alderdi guztientzat, Estatu Batuentzat izan ezik. Pertsona asko eta asko hil ziren. Zaurituak milioika izan ziren, eta elbarriak ere bai.
  2. Balantze ekonomikoa ere oso txarra izan zen. Borroka burutu zen eskualdeetan, batez ere Frantzia iparraldean, suntsipen itzelak egon ziren. Gerran parte hartu zuten herri guztiak zorretan gelditu ziren, Ameriketako Estatu Batuak izan ezik; Estatu Batuak Europako herrien mailegu-emaile nagusi bihurtu ziren.
  3. Galtze material ugariekin batera, kalte moralak eta sozialak ere handiak izan ziren. Milioika alargun, umezurtz eta elbarrik jaso zituzten gerraren ondorio latzak. Gerraren amaierako pozaren osteko desengainuak mesede egin zion gizarte klaseen eta nazioen arteko gorrotoari. Borrokan aritu ziren pertsona askok arazoak zituzten lana aurkitzeko.
  4. Lehen Mundu Gerraren helburuak mugagabeak ziren, erabateko gerra, baldintzarik gabeko errendizioa. Zentzurik gabeko helburua zen, helburu suntsigarria, eta hondatuta utzi zituen bai irabazleak eta bai galtzaileak.

5.4.2 Bake proposamenak (3)

  1. Eraginik handieneko ideiak Ipar Amerikako Wilson presidenteak aurkeztutako Hamalau Puntuak izan ziren. Proposamen nagusiak autodeterminazio-eskubidea eta desarme orokorraren defentsa izan ziren. Azken puntuan, nazioarteko erakunde politiko bat sortzea proposatzen zen, etorkizunean beste gerrarik ez egoteko: Nazioen Elkarte iraunkorra, eta, bertan, herri guztiak bilduko ziren euren arteko arazoak eztabaidatzeko eta konpontzeko, betiere gerrara ez jotzeko promesarekin.
  2. Wilsonen asmoak onak izan arren, Clemenceau, Frantziako lehen ministroak, Frantziaren segurtasuna indartu eta etorkizuneko Alemania ahuldu nahi izan zuen.
  3. Bestalde, britainiarrek kontinentearen barruko orekara itzuli nahi zuten, Europako beste gerrarik ez egoteko, nahiz eta horretarako frantsesen helburuei aurre egin behar izan.

5.4.3 Garaileen bakea. Itunak (Partaideak, Ituna, 14 Puntuen aplikazioa (3))

Partaideak: Negoziazioak 5 potentziaren eskuetan geratu ziren: Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta Japonia. Azkenik, erabaki nagusiak honako hauek hartu zituzten: Estatu Batuetako W. Wilson presidenteak, Britainia Handiko Lloyd George gobernuburuak, eta Frantziako George Clemenceau gobernuburuak.

Ituna: Azkenean, Versailleseko Ituna sinatu zuten, Alemaniarekin bakea eginez.

14 puntuen aplikazioa

  1. Itunen gauzarik adierazgarriena Europako inperio historiko handiak desagertzea izan zen: errusiarra, austriar-hungariarra eta otomandarra.
  2. Aldi berean, nazio berriak sortu ziren, Wilsonek ezarritako herrien autodeterminazio-printzipioaren ondorioz: Finlandia, Baltikoko 3 errepublikak (Estonia, Letonia eta Lituania), Polonia, Txekoslovakia, Hungaria, Austria eta Jugoslavia.
  3. Baina Europako mapa berriak Wilson presidentearen filosofiarekin bat ez zetozen aldaketa asko zituen. Debekatu egin zen Austriaren eta Alemaniaren arteko balizko batasuna eta Alemaniako inperio koloniala garaileen artean banatu zuten. Itunak potentzia handien interesen araberakoak izan ziren gehienbat, sinaturiko Hamalau Puntuekiko errespetuaren araberakoak baino gehiago, eta, horren eraginez, Ameriketako Estatu Batuek ez zuten Versailleseko bakea sinatu.

5.4.4 Okerreko bidea (Zigorra (5), Alemania, Frantzia, Italia, AEB, Ondorioa)

Zigorra: Versailleseko Ituna bake antolaketaren zatirik garrantzitsuena izan zen eta Alemaniak oso tratamendu gogorra jaso zuen, kondena morala ezarri zitzaion eta gerra hastearen erantzukizuna leporatu zitzaion. Gainera

  1. Belgikaren eta Errusiako lurraldearen ebakuazioa onartu behar izan zuen, eta Alsazia eta Lorrena Frantziari eta lurralde handiak Poloniari eman behar izan zizkion; gainera, itsasoaren beste aldeko koloniei uko egin behar izan zien, potentzia aliatu nagusien mesedetan.
  2. Alemaniaren ahalmen militarra nabarmen murriztu zuten.
  3. Rhinen ezkerreko ertza guztiz desmilitarizatuta geratu zen.
  4. Bertan, tropa aliatuak gelditu ziren 15 urtetan, Alemaniari  gerrako kalte-ordainak ezarri zitzaizkion, eta horien zenbatekoa batzorde berezi baten esku utzi zen; gainera, blokeo ekonomikoak ere aldi batean irautea erabaki zen.
  5. Alemania Nazioen Elkartetik kanpo utzi zuten.

Alemania: Versailleseko Ituna sinatu beharra izan zuen. Haserre handia eragin zuen alemanengan, bidegabeko bakea ezartzen baitzitzaien.

Frantzia: Alemaniak probokaziorik gabeko erasorik eginez gero, Frantziak bermaturik zeukan Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren laguntza militarra. Frantziak helburu gehienak lortu zituen, baina, hala ere, zigor biguinegia zela Alemaniarentzako pentsatzen zuen.

Italia: Hau ere ez zen pozik geratu, gerran sartu zenean egin zizkioten lurralde promesa guztiak ez baitziren bete.

AEB: Bakartzeko joerak aurrerapauso handiak eman zituen eta kongresuak ez zuen ituna onartu.

Ondorioa: Versailleseko Ituna, bake ekintza baino gehiago, gorrotoaren eta mendekuaren fruitua izan zen, gehienbat, eta Alemaniari emandako tratamendua Bigarren Mundu Gerraren eragileetarikoa izan zen.

5.4.5 Nazioen Liga (Noiz, Zertarako eta Nola, Helburu nagusiak, Funtzionamendua (3), Kideak, Mugak (3), Nazioen Ligaren desegitea)

Nazioen Liga

Noiz, Zertarako, Nola: Lehen Mundu Gerra amaitu ondoren sinatu zen, Europan beste halako gerrarik ez egoteko. Proposamenik argiena, Wilson presidenteak egindakoa izan zen; horrela, Hamalau Puntuen edo bakerako baldintzen mezu ospetsuan, Nazioen Elkarte Nagusia sortu behar zela esan zuen.

Helburu nagusiak: Nazioen Ligaren helburu nagusia nazioarteko bakea eta segurtasuna zaintzea zen, gatazkei aurrea hartuz edo konponbide baketsuen bitartez, baita desarmea eta nazioarteko harremanak sustatuz ere.

Funtzionamendua: Elkartearen funtzionamendua urteroko Biltzar baten bidezkoa zen eta horrek honako kide hauek zituen:

  • Estatu kide guztien ordezkariak.
  • Potentzia aliatu nagusien ordezkaritza iraunkorrak osatutako Kontseilua.
  • Idazkari nagusi batek zuzendutako Idazkaritza.

Kideak: Elkartearen jatorrizko kideak gerra garaitu zuten 32 estatu aliatuak ziren, eta horiei 13 estatu neutral gehitu zitzaizkien. Ameriketako Estatu Batuak, Versailleseko ituna berretsi ez zutenez, ez ziren NEko kideak izan eta Alemaniari, berriz, ukatu egin zitzaion aukera.

Mugak: NE bakea mantentzeko eta herrien arteko lankidetza garatzeko sortu zen, baina muga handiak zituen.

  • Elkarteak potentzia handiek baimendutako gaiak baino ezin zituen aztertu eta ebatzi.
  • Gatazketan parte hartzeko indar armaturik ez zeukanez, Elkartearen arma bakarrak zigor moralak eta ekonomikoak ziren.
  • Bakeak gai asko utzi zituen konpondu gabe:
    • disimulurik gabeko mendeku nahi frantsesa
    • haserre alemana
    • Alemania nahiz SESB baztertzea bake-sistematik
    • Ipar Amerikaren bakartzeko joera
    • NEren ahultasuna
    •  …

Konpondu gabeko arazo horiek arriskuan jarri zuten etorkizuna, eta Bigarren Mundu Gerrarako bidea prestatu zuten.

Nazioen Ligaren desegitea Azken Biltzarra 1946ko apirilean egin zen, bertan, Elkartea desegitea eta horren eginkizunak NBEri (Nazio Batuen Erakundeari) ematea erabaki zen.

Europa después de la Primera Guerra Mundial - Mapa de Europa antes y después de la Primera Guerra Mundial

5.5 Euskadi Lehen Mundu Gerran

5.5.1 Negozioak ekonomian eta protestak gizartean

5.5.2 Euskal abertzaletasuna eta autonomia

4. gaia

6. gaia

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: