RSS

4. Merkatua

Resultado de imagen de ordizia plaza antigua

Azkenean, merkaturatzen dugun produktuaren onarpena hartzen da aintzat merkatuan, beste edozer baino gehiago. Azenarioak, txokolatea, zigarretak, gazta, urdaiazpikoa, margarina? II. Mundu Gerrako preso aliatuek Gurutze Gorriak ematen zizkien paketeetako produktuak oso garrantzitsuak zirela pentsatuta ere, merkatuaren epai eztabaidaezina onartu behar izaten zuten egunero: lata bat urdaiazpikok libra-erdi margarina balio zuen; gazta zati baten truke, 7 zigarro ziren ordaindu beharreko prezioa; ogiak 2 txokolate-zati balio zuen; eta azenarioek, berriz… Lata bat azenariok ez zuen ezertxo ere balio; beraz, preso guztiek jan egiten zituzten, zalantzatan ibili gabe. 

1943an, Mühlbergeko (Alemania) gerra-presoen IV-B esparruan, Gurutze Gorriaren bidalketak zeruko mana ziren, eta presoek aldian behin jasotzen zituzten, denak berdin, ezer egin beharrik gabe. Dirua ere ez da beharrezkoa merkatua egoteko. Eta gerra-presoen esparruan, zigarroak truke gehienetan erabiltzen ziren. Zituzten gauzetatik, hori zen diruaren antzekoena: zatigarria, gordetzeko modukoa, eta denek onartua. 

Egun batean, dena aldatu zen. Gerran, Italia alderdiz aldatu zen, eta alemaniarren etsai bihurtu zirenez, italiar presoak hasi ziren esparrura iristen. Haiek ere Gurutze Gorriaren paketeak jaso zituzten. Laster, gazta-zati bat 10 zigarroz eta, batzuetan 12 zigarroz trukatzen zen. Eta ogi baten truke, 3 txokolate-zati ere lor zitezkeen. Kanpamentuko merkatuak aztoratuta zeuden, prezio guztiak aldatzen ari ziren, eta, den-denetik txundigarrietan, ez zen inoiz ezer falta saltokietan…

Eragile ekonomiko bakoitzaren eginkizunak:

  • Enpresek ekoiztu
  • Familiek kontsumitu
  • Sektore publikoak arautu eta kontrolatu

Gaur, gero eta espezializazio handiagoa dago eta ez dugu kontsumitu behar dugunaren ia ezer ekoizten. Horregatik, erosi egin behar dugu eta, horretarako, dirua lortu behar dugu, merkatuak…

4.1. Merkatua eta dirua (Osagaiak (3), Def, Funtzionamendua (3))

  • Osagaiak: Merkatuak 3 elementu behar ditu nahitaez: 
    • Trukatzeko produktu bat: ondasuna edo zerbitzua.
    • Saltzaile bat: produktua ekoiztu duen enpresa, adibidez.
    • Erosle bat: Erosketarekin behar bat ase nahi du. 
  • Definizioa: Eskaintzaileek (saltzaileek) eta eskatzaileek (erosleek) produktu jakin baten inguruan egiten dituzten salerosketa-jarduera multzoa da. 
  • Funtzionamendua: 
    • Eskaria dago ondasun edo zerbitzu jakin bat erosi nahi denean.
    • Eskaintza dago ondasun edo zerbitzu jakin bat saldu nahi denean. 
    • Eskariak erosleen ikuspegitik aztertzen du merkatua eta eskaintzak, berriz, saltzaileen ikuspegitik. Erosleek eta saltzaileek bat egiten dute merkatuan, biak asetzeko moduko akordioa lortu nahian. 

4.2. Eskaria (Def)

  • Definizioa: Eskatzaileak prezio jakin batean ondasun baten zer kantitate erosteko prest dauden adierazten du. 

4.2.1. Eskaria baldintzatzen duten faktoreak

4.2.1.1. Ondasunaren prezioa

  • Produktu bat zenbat eta garestiagoa izan, eskatzailea orduan eta kantitate txikiagoa erosteko prest egongo da, eta alderantziz, zenbat eta merkeagoa izan, orduan eta gehiago erosiko luke. 

4.2.1.2. Lotutako ondasunen prezioa (Ondasun osagarriak (3), Ordezko ondasunak (3))

  • Ondasun osagarriak: 
    • Inprimagailuak eta tinta, oinetakoak eta lokarriak, lanparak eta bonbillak… 
    • Ezin da bat kontsumitu bestea kontsumitu gabe. 
    • Ondasun-bikote horietako baten prezioak gora edo behera egiteak gorakada edo beherakada eragiten du eskatutako kantitatean, bai ondasunarenean, baita ondasun osagarriarenean ere. 
  • Ordezko ondasunak: 
    • Txermenak eta sagarrak, tea eta kafea, sakarina eta azukrea…
    • Bat ala bestea kontsumitzen da. Ez biak batera. 
    • Ordezko ondasun baten prezioak gora egiten badu, haren eskariak behera egiten du, beste ordezko ondasun baten mesedetan. 

4.2.1.3. Errenta erabilgarria (3)

Ondasun jakin baten eskariaren eta errenta-gehikuntzaren arteko erlazioari erreparatuz, ondasunak 3 taldetan sailkatzen dira:

  • Behe-mailako ondasunak: Eskatzailearen errentak gora egitean gutxiago eskatzen dira. Errenta igotzen bada, ardo arrunta edo garraio publikoa gutxiago erabiltzen da eta kalitate handiagoko ondasun edo zerbitzuek hartzen dute haien ordea, ardo berezia edo taxiak, adibidez. 
  • Ondasun arruntak: Eskatutako kantitateak eskatzaileen errentaren proportzio berean egiten du gora. Adib: etxebizitza, etxetresna elektrikoak, automobila…
  • Luxuzko ondasunak: Errenta txikia denean, kantitate txikian kontsumitzen dira edo ez dira kontsumitzen. Errentak gora egiten duenean, haien erabilera eta kontsumoa nabarmen igotzen da. Adib: bitxiak, kirol-autoak….

4.2.1.4. Kontsumitzailearen lehentasunak

Prezioak edo errenta alde batera utzita, eskatzaileen portaeran zaletasunak, lehentasunak eta modak ere eragina izaten dute.

4.2.2. Eskariaren kurba (Eskaria-prezioa funtzioa, Grafikoa, Eskariaren kurba)

  • Eskaria-prezioa funtzioa: Ekonomiaren alorreko analisietan gehien erabiltzen den funtzioa da. Oso konplexua izango litzateke funtzio hori aztertzea, aintzat hartutako faktore guztiak aldi berean aldatuko balira. Horregatik, faktore bakarra aldatzen dela hartzen da aintzat, eta gainerako guztiak konstante dirautela, aldatu gabe. Aldagaia ondasunaren prezioa izan ohi da. 
  • Grafikoa: 
    • Ardatz-diagrama bat marrazten da. Bertikalean ondasunaren prezioa (P) adierazten da eta horizontalean, berriz, eskatutako kantitateak (Qd). 
    • Lerroak elkar ebakitzen diren lekuan, zenbait puntu lortzen da (F, G, H, I). Kontuan izan behar da ondasun baten eskaria alderantziz proportzionala dela haren prezioarekiko, hau da, kontsumitzaileak portaera arrazionala du, eta produktua zenbat eta merkeagoa izan, orduan eta gehiago kontsumituko du, eta alderantziz. 
  • Eskariaren kurba: Eskariaren funtzioaren adierazpen grafikoa da, eroslea prezio bakoitzean erosteko prest dagoen kantitatea erakusten duena.

4.3. Eskaintza (Gastuak ≠ Kostuak ≠ Inbertsioak, Def)

  • Gastuak ≠ Kostuak ≠ Inbertsioak: 
    • Gastuak: Enpresak etekinak lortzeko egin behar dituzten ordainketak. Adibideak: lokalaren alokairua, administrazioko pertsonalaren nominak, aseguruak, argia, ura, telefonoa…
    • Kostuak: Ekoizpen-prozesuarekin lotutako gastuak. Adibideak: lehengaiak, lan horretan aritu diren langileen nominak, makinen amortizazioak, horretan aritu diren makinek behar izan duten argindarra…
    • Inbertsioak: Ordainketaren truke enpresan geratzen den zerbait ukigarria eskuratzen denean (makinak, ordenagailuak…).
  • Definizioa: Enpresak, prezio jakin batean, ondasun baten zer kantitate ekoizteko prest dauden adierazten du. 

4.3.1. Eskaintza baldintzatzen duten faktoreak

4.3.1.1. Ondasunaren prezioa (2)

  • Merkatuan eskaintzen dituzten produktuen truke kobratu dezaketen prezioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta kantitate handiagoa ekoizteko prest egongo dira enpresak (baldin eta kostuak konstante jarraitzen badute), etekinak lortzeko espektatiba handiagoak dituelako. 
  • Produktuen prezioak gora eginda, enpresen kostuak ere gora egiten badute, enpresaburuak etekin bera lortuko luke, edo txikiagoa, eta, beraz, ez luke merkatuan kantitate gehiago jartzeko asmorik izango. 

4.3.1.2. Ekoizpen baliabideen kostuak (4)

  • Enpresa-etekina zenbatekoa den jakiteko, sarreren eta gastuen arteko aldea kalkulatzen da. 
  • Baliabideen kostuak gora egiten badu, etekinak txikitu egiten dira eta, horren ondorioz, baliteke enpresak eskaintza murriztu behar izatea, gutxiago gastatzeko. 
  • Ekoizpen-kostuetan eragiten duten aldagaietako batzuk hauek dira: langileen soldatak, zergak eta makinak. Erabiltzen den teknologiak edo baliabide-konbinazioak ere eragina du kostuetan, teknologia batzuetan eskulanaren erabilera intentsiboagoa egiten baita, eta beste batzuetan, berriz, makinena. 
  • Enpresek ekoizpen-baliabideen igoeraren kostu hori bezeroei jasanarazi diezaiekete, ondasunen eta zerbitzuen prezioa igoz, baina aukera hori ez da beti posible izaten, eta, gainera, bezeroak galtzeko arriskua dago. 

4.3.1.3. Def

  • Enpresak, prezio jakin batean, ondasun baten zer kantitate ekoizteko prest dauden adierazten du, ekoizpen-kostuak eta enpresa-helburuak kontuan hartuta. 

4.3.2. Eskaintza-prezioaren kurba (Eskaintza-prezioa funtzioa, Grafikoa, Eskaintzaren kurba)

  • Eskaintzaren funtzioa: Ondasun baten eskainitako kantitatea nola aldatzen den, eskaintzan eragiten duten faktoreen arabera. Eskarian bezala, ondasun baten eskainitako kantitatearen eta faktore bakarraren arteko erlazioa aztertzen da, eta gainerako faktoreak konstante geratzen`direla hartzen da aintzat. Erabiltzen den faktorea ondasunaren prezioa da. 
  • Grafikoa (aurrekoaren berdina): 
    • Ardatz-diagrama bat marrazten da. Bertikalean ondasunaren prezioa (P) adierazten da eta horizontalean, berriz, eskatutako kantitateak (Qd). 
    • Lerroak elkar ebakitzen diren lekuan, zenbait puntu lortzen da (F, G). Prezioa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta kantitate handiagoak eskainiko dituzte enpresek. 
  • Eskaintzaren kurba: Eskaintzaren funtzioaren adierazpen grafikoa da, enpresa prezio bakoitzean eskaintzeko prest dagoen kantitatea erakusten duena.

4.4. Merkatuaren oreka

Ondasunen eta zerbitzuen trukea gertatzeko, bi ekonomia-eragileek (kontsumitzaileak eta enpresak) prezioa adostu behar dute. 3 kasu ezberdin gerta daitezke: 

  • Gehiegizko eskaria:
    • Prezio jakin batean, kontsumitzaileek eskatzen duten produktu kantitatea, handiagoa da enpresek eskaintzen dutena baino. Ondorioz, kontsumitzaile posible asko ase gabe geratuko dira eta horietako batzuk prest egongo dira prezio handiagoa ordaintzeko. 
    • Egoera horretan, eskasia dagoenez, enpresek etekin-espektatibak dituzte eta kantitate handiagoa eskaintzeko prest daude. 
    • Baina, ase gabe geratu diren kontsumitzaile guztiek ez dute prezio-igoera hori onartuko eta eskatutako kantitateak beherantz egingo du.
    • Une jakin batean, bi kurbek elkar gurutzatuko dira eta puntu horri deritzo oreka-puntua, eskatzaileak eta eskaintzaileak gustura agertzen diren unea. 
  • Gehiegizko eskaintza:
    • Prezio jakin batean, kontsumitzaileek eskatzen duten produktu kantitatea txikiagoa da enpresek eskaintzen dutena baino. Egoera horretan, produktu ugari dago eta enpresek ezin dute eskaintza guztia saldu; beraz, enpresak prezioak jaitsi beharrean izango dira. 
    • Hala ere, enpresa guztiak ez daude horretarako prest eta batzuk merkatua utziko dute, kantitatea jaitsiko delarik. 
    • Baina, prezioa jaitsi denean, kontsumitzaile gehiagok eskatuko du.
    • Une jakin batean, bi kurbek elkar gurutzatuko dira eta puntu horri deritzo oreka-puntua, eskatzaileak eta eskaintzaileak gustura agertzen diren unea. 
  • Oreka: Oreka-puntuan egiten dute bat kontsumitzaile eta enpresen planek eta trukeak biak aseko ditu. Oreka-prezio bat adostuko dute eta oreka-kantitate bat. Puntu honetan, ez dago gehiegizko eskaintzarik, ezta ase gabeko eskaririk ere. 

3. gaia: Ekoizpena eta banaketa

5. gaia: Merkatu-motak

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: