RSS

0-Aurkezpena


Imagen relacionada

SARRERA OROKORRA

Enpresek LANA eta KAPITALA bateratzen dituzte modu ANTOLATU batez, gizarteari produktuak edo zerbitzuak eskaintzeko.

Enpresa ERAKUNDE EKONOMIKO eta sozial bat da, gizarteari ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkiona, ahalik eta modu ERAGINKORRENEAN, EKOIZPEN-FAKTOREAK, KAPITALA eta LANA alegia, bateratuz. Enpresa adibideak: baserriak, okindegiak, hegazkin-konpainiak edo bankuak.

Enpresa KAPITALISTETAn, enpresaburua enpresako ekoizpen-baliabideen jabea da eta langileak kontratatzen ditu lan egiteko; aldi berean, AHALIK ETA IRABAZI GEHIEN LORTZEA ezartzen du helburu nagusi. Beste kasu batzuetan, ordea, enpresen helburu nagusia ez da hori izaten, hala nola Gobernuz Kanpoko Erakunde edo enpresa publikoen kasuan.

Aldi berean, lana zein kapitala ekartzen dituzten BAZKIDEEZ osaturiko enpresak ere badaude, KOOPERATIBAk kasu. Nolanahi ere, enpresak ekonomia eta gizarte bateko oinarrian kokatzen dira, produktuen ekoizpena eta zerbitzuen eskaintza bermatuz eta ENPLEGUA sortuz. XX. mendean zehar, hainbat enpresa kapitalistaren hazkunde bizia izan da, enpresa-talde handiak eta MULTINAZIONALAK sortuz. Egun, enpresen kontzentrazio- eta bateratze-prozesuak aurrera jarraitzen du, eta enpresa batzuek botere politiko itzela lortu dute, estatuen erabakietan nabarmen eraginez.

Alde anitzeko kontzeptua da enpresa: izaera ekonomikoaz gainera, errealitate teknologikoa, juridikoa, soziologikoa eta psikologikoa ere bada aldi berean. Ikuspegi sozial batetik, enpresa LANGILEek osatzen dute eta, beraz, aintzat hartu behar dira enpresan pertsona hauen integrazioa eta beraien arteko harremanak. Baliabide teknologiko egokiak erabili beharko ditu eta langileekin uztartu, besteak beste. Enpresak berariazko NORTASUN JURIDIKOA ere behar du, barneko funtzionamendua eta kanpoko erakunde eta pertsonekiko harremanak arautu behar baitira. Azkenik, enpresa bat LANGILE BANAKOEK osatzen dutela ere kontuan hartu behar da, horietako bakoitzak enpresari buruz asmo, helburu eta itxaropen ezberdinak dituena.

La historia de la economía – 10.50

Enpresaren kontzeptua

Enpresa SISTEMA ekonomiko irekia da, ingurunearekin etengabeko harremanetan dagoena: finantza merkatutik makinak eta bestelako azpiegiturak erosi (inbertsioak) edo mailegatu eta lanerako behar duen dirua lortzen du. Lana beharrezko beste baliabide bat da. Lana eta beste ekoizpen-faktoreak konbinatuz, ondasun eta zerbitzuak eskaintzen dizkio gizarteari eta horren trukean diru-sarrerak lortzen ditu, finantza-merkatutik lortutako baliabideak ordaindu eta langileak saritzeko erabiliko dituena, faktoreen errentak osatuz.

Errealitate konplexua izanik, enpresa definitzen zaila da. Sinonimoak izan gabe, enpresa terminoarekin lotu izan dira lantegi, ustiapen eta negozio kontzeptuak. Enpresa kontzeptu zabalagoa bada ere, Merkataritza sozietate kontzeptu juridikoa ere enpresaren parekotzat erabili izan da. Egungo iritzi orokorraren arabera, enpresa definitzeko termino egokiena SISTEMA da.

Helburuak eraginkortasunez lortzearren, enpresa sistemako elementuak behar bezala koordinatu behar dira, enpresako pertsona eta sail bakoitzaren erantzukizunak eta eskumenak zehaztuz eta komunikaziorako bide egokiak erabiliz. Labur esanda, enpresak ANTOLAKUNTZA behar du.

Enpresak ziurgabetasun-giro batean garatu behar du bere barneko jarduera zein ingurunearekiko harremana. Adibidez, enpresak ez du erabateko zehaztasunez jakiten zenbat ekoiztuko duen eta merkatuak zenbateko eskaria egingo dion. Ziurgabetasun-giro horretan etengabe informazio jaso, helburu berriak finkatu eta erabakiak hartu behar ditu eta horretarako enpresak KUDEAKETA izan behar du.

Antolakuntzarako eta kudeaketarako enpresaren izaera ekonomikoaz gain, beste dimentsioak ere kontuan hartu beharko dira modu bateratuan:

  • Dimentsio TEKNOLOGIKOA: enpresak burutzen duen jarduerari buruz, hainbat arazo sortzen da zenbat eta nola ekoiztu behar den erabakitzerakoan; berrikuntza ere etengabeko jarduera izan behar da enpresa batean.
  • Dimentsio JURIDIKOA: bere jarduerarako enpresak erabiliko duen nortasun juridikoaz gain, inguruko pertsonekin nolako harreman juridikoak sortzen dituen erabaki beharko du (nolako kontratuak osatu, …).
  • Dimentsio SOZIALA: enpresaren baitan diharduten langileen arteko harremanak eta enpresarekiko harremanak nolakoak izan behar diren erabaki behar da, enpresan bakoitzak dituen ardura eta eskubideak zehaztuz.

Horretaz gain, enpresaren antolakuntzan GIZARTE-ERANTZUKIZUNA ere hartu behar da kontuan, ingurumenaren zainketa, enplegua eta gizartearen ongizate eta garapena enpresaren esku egoten baitira neurri handi batean.

Tiempos modernos – 3.48 min

Enpresaren historia

Batzuetan, langileen esplotazioaz eta espekulazioaz izaten bada ere, enpresaburu kapitalistak irabazi itzelak lortzen ditu. Adibidez, irudiko Rockefellertarrak historiako familia aberatsenetakoak izan ziren.

Enpresa kapitalistak ezaugarri ezberdinak izan ditu historian zehar, feudalismoaren garaietatik egungo globalizaziora. Erdi Aroan ARTISAUEK enpresa familiarrak eratu zituzten, ofizioa belaunaldiz belaunaldi eskualdatuz, eta lehenengo burgesia izan zela ere esan dezakegu. XVI. mendetik aurrera, merkataritza garatzen hasi zenean, MERKATARIEK hartu zuten enpresaren lidergoa, familiaren ordez merkataritza-enpresen finantzak ahalbidetu zitzaketen BAZKIDEen arteko lankidetza bultzatuz. Merkataritza-kapitalismoaren garaia izan zen hura. Industria Iraultza nagusitu zenean, enpresa industrialek behar zuten kapital itzelen beharrak SOZIETATE motako enpresak sorrarazi zituen. XX. mendean zehar, kapitalismoaren zabalkundearekin batera, ENPRESEN HAZKUNDEA hartzen da helburu nagusitzat eta enpresak biltzeko prozesu bati ekiten zaio, MULTINAZIONALAK sortuz. Enpresa mota hauetan hasten da enpresaren JABE eta enpresako ZUZENDARIen arteko bereizketak, enpresetako nagusitza azken hauen esku utziz. Aldi berean, aurreko garaietako sinpletasunaren aldean, enpresak bere izaera konplexua, antolatua eta deszentralizatua nabarmentzen ditu. XX. mendearen bukaeran, hazkunde eta bateratze-prozesu hori areagotu egiten da GLOBALIZAZIO fenomenoak bultzaturik eta finantza-boterearen kontrolpean.

Enpresaburua

Enpresa kapitalistan funtsezkoa da enpresaburuaren figura. Historian zehar ezaugarri ezberdinak izan ditu honek. Industria Iraultzaren hasieran, enpresaburua kapitalista edo ekoizpen-baliabideen jabea da eta, aldi berean, modu pertsonalean enpresa zuzentzen duena ere bada. 

  • Kapitalismoaren arabera, jabe kapitalista den enpresaburuak aparteko mozkina jaso behar du, enpresaren jarduerak dakarren ziurgabetasuna eta arriskua saritzeko. 
  • Marxismoak, berriz, enpresaburuak legez kanpo eskuratzen duela irabazia dio, langileei dagokion gainbalioa bereganatuz.

Beste teoria batzuk ere enpresaburuaren zeregina azaltzen saiatu dira. 

  • Alfred Marshallek enpresaburuak bere antolakuntza edo kudeaketa ekartzen duela iradoki zuen, lurra, kapitala eta lanaz gainera “laugarren ekoizpen-faktorea” osatuz. 
  • Joseph Schumpeteren teorian, enpresaburuaren ezaugarri nagusia berritzailea izatea da: ekonomia orekan dagoenean, enpresaburuak ez du aparteko mozkinik lortzen eta, enpresan berrikuntza bat sartzean, ekonomia osoan sortzen den desorekaren ondorioz lortzen du aparteko saria. 
  • John Kenneth Galbraith ekonomialariak teknoestruktura terminoa sortu zuen XX. mendean zehar enpresaren jabetzaren eta kudeaketaren artean sortutako bereizketaren ondorioz enpresetan sortutako botere berria izendatzeko. Bere iritziz, XX. mendean zehar enpresa handietan jabeek enpresaren kontrola galdu egin dute zuzendari eta teknikoen mesedetan. Ondorioz, enpresaburua ia ez da enpresaren jabea, enpresako zuzendarien taldea baizik.

Egun, globalizazioaren ondorioz, enpresak merkatuak etengabe sortzen duen informazioa aztertu behar du, gero eta zabalagoa eta konplexuagoa den errealitatean egokitasunez murgiltzeko. Teknologia, antolakuntza eta kudeaketa arloetan sortzen diren berrikuntzak bereganatu eta enpresara egokitu ere egin behar ditu. Halatan, ekintzaile terminoa sortu da, sortzen diren aukera berriak aztertzen dituen pertsona izendatzeko, enpresaburuaren izaera dinamikoa nabarmenduz.

Enpresaren antolakuntza

Antolaketa-egitura ZABALEKO ORGANIGRAMA: zuzendari batek sail asko kudeatzen ditu batera; komunikazioa erraztu egiten da, baina kudeaketa-jarduera konplexuagotu ere bai.

Antolaketa-egitura LUZEKO ORGANIGRAMA: agintaritza eta kontrol katea luzatu egiten da; kudeaketa lana zuzenagoa da, baina komunikazio zuzena eragotzi egiten da.

Antolakuntza-sistema zenbait eratu daitezke enpresa batean, formalizazio-maila, agintaritza-kate eta komunikazio-modu ezberdinekin. Muturreko bi antolakuntza-sistema bereiz daitezke enpresa batean: BUROKRAZIA eta ADHOKRAZIA.

  • Sistema burokratikoak edozein unetan sor daitezkeen egoeretarako irtenbideak ematen ditu: enpresan burutu beharreko jarduera eta lanak egonkorrak dira eta noiz, nork eta nola egin behar diren guztiz zehazturik dago arau ofizialen arabera, hierarkia eta lanaren espezializazioa bultzatuz.
  • Adhokrazian, berriz, unean-unean erabakitzen da egoera eta arazo bakoitzari aplikatu beharreko irtenbiderik egokiena, erabateko malgutasunez.

Garai berean, Henry Fayol ingeniariak antolakuntza-teoria garatu zuen, FAYOLISMO izeneko eskola sortuz: bere administraziorako 14 puntuak (besteak beste, lanaren zatiketa, agintaritza, zuzendaritza bakarra) eta enpresa bateko sei funtzio bereizi zituen (teknikoa, komertziala, finantzarioa, kontabilitatea, segurtasuna eta aurreko guztiak kontrolatzen dituen funtzio administratiboa), gerora enpresa gehienak sail ezberdinetan antolatzeko balio izan duena. Kudeaketa arloan ere zuzendari baten eginbeharrak zehaztu zituen Fayolek eta egun ere indarrean dagoen kudeaketa-metodologia arruntena da: aurreikusi edo planifikatu, antolatu, agindu, koordinatu eta, azkenik, kontrolatu.

  • Antolaketa-egitura ESTUETAN aginte-maila anitz dago: zuzendaritzaren lana erraztu egiten da, bere mendean sail gutxi dituelako, baina komunikazioa zaildu egin daiteke. Hierarkiazko antolaketa-egitura hauekin batera, aholkularitza lana egiten duten sailak edo STAFF izeneko sailak eta erabakiak batera hartzen dituzten eragileen taldeak edo batzordeak ere era daitezke enpresa batean.
  • Antolaketa-egitura MATRIZIALA ere osa daiteke, proiektu baten inguruko eragile eta adituak bilduz, buru anitzeko koordinazio batekin batera, hierarkia bertikalaren ordez erantzukizun horizontala bultzatuz.
  • Modu zabalago eta iraunkorrago batez, AUTOGESTIOA ere agertzen da hierarkia eta botere-harremanetan oinarritzen diren antolaketa-egituren alternatiba moduan. Hauetan, kudeaketa osoa modu demokratikoan egiten da enpresako langile guztien artean. Nolanahi ere, komunikazio egokia eta langile guztien parte hartzea enpresan izaten diren gatazkak ekiditeko funtsezkoak dira.

Sail bakoitzaren ardurak finkatu edo departamentalizaziorako irizpide asko dago: enpresako funtzioen arabera eratu daiteke, MARKETIN, FINANTZA, EKOIZPEN, KONTABILITATE eta GIZA-BALIABIDEEN sailak bereiziz, besteak beste; enpresak eskaintzen dituen produktu edo zerbitzuen arabera antola daiteke edota enpresa aritzen den eskualde edo bezeroen arabera. Enpresa barneko ekoizpen-azpiprozesuak kontuan hartuz ere egin daiteke…

Nolanahi ere, antolakuntza formalaren parean, enpresa guztietan langileen arteko harreman pertsonalak (adiskidetasunezkoak eta ezinikusiak), komunikazio modu alternatiboak eta berehalako lankidetza ere badaude, ANTOLAKUNTZA INFORMALA osatzen dutenak. Antolakuntza informala aukera bat izan daiteke enpresaren garapenerako, berrikuntzarako ideiak sortu, kudeaketa lana erraztu eta langileen arazo pertsonalak konponduz adibidez, baina askotan antolakuntza formalaren aurka jo ere egiten dute (zurrumurruak sortzen direnean, adibidez) enpresaren jarduna oztopatuz. Antolakuntza informala bere ohiturak eragingo dituen aldaketen aurkakoa izaten dela ere kontuan hartu behar da. ENPRESAREN KULTURA kontzeptua ere garatu da, enpresako kideek partekatzen dituzten balore eta gogoen multzoa adierazteko, balio sinbolikoaz gainera enpresako helburuak lortzeko ere kontuan har daitekeena.

Enpresa bateko ORGANIGRAMA:

Ni Smith, ni Marx, el problema es la humanidad

Enpresa eta ingurunea

Enpresa sistema irekia da, ingurunearekin harreman estuak baititu. Proiektu bat abiarazi, indarrean daudenak kudeatu edo enpresa berri bat sortzean, AMIA edo inguruneak eskaintzen dituen AUKERAK eta erakusten dituen MEHATXUAK aztertu behar dira.

Ingurune soziopolitikoa

Oinarrian, enpresari sistema ekonomiko eta soziopolitikoak eragiten diote. Kapitalismoa edo merkatu-ekonomia, alde batetik, enpresa eta bertako ekoizpen-baliabideen jabego pribatuan eta enpresak sortu eta jarduteko askatasun-printzipioetan oinarritzen da. Horrela, gizabanakoaren ekimen askeak gizartearen aberastasuna eta ongizatea ekarriko dituztela esaten da, enpresa guztietan era optimoan zenbat ekoiztu eta zer preziotan saldu behar den finkatuko duen merkatu orekatzaileari esker. Liberalismo ekonomikoaren muturreko ikuspuntu baten arabera, estatuak ez du enpresen jardueren arlo ekonomikoan inongo parte hartzerik izan behar.

Kapitalismoaren aurka eta marxismoaren ideologian oinarritua, komunismoa aldarrikatzen zuten herrialde zenbaitek (SESB, Kuba, Vietnam, …) EKONOMIA PLANIFIKATU baten alde egin zuten XX. mendean zehar, enpresen sorrera eta funtzionamendua estatuaren esku utziz. Enpresa hauek, ordea, inefizientzia arazo handiak jasan zituzten, lehiakortasun-ezak zekarren desmotibazioaren eta burokrazia zentralizatu eta zurrun baten eraginez. Merkatu erregulatzaile bat ez egoteak ere prezio eta kopuruei buruzko erabaki egokiak hartzea eragozten zituen, produktu askoren eskasia ekarriz. Abantaila gisa, merkatuak izaten dituen gorabeheren mendean ez egotea aipa daiteke.

Sistema politikoaren egonkortasunak ere badu eragin nabarmena enpresen garapenean. Diktadura, ustelkeria eta gutxieneko segurtasun juridikoa eskaintzen ez duten herrialdeetan enpresak berriak sortu eta daudenen proiektuak garatzeko inbertsioak uxatu egiten ditu. Era zehatzagoan, herrialde bateko zuzenbideak eta enpresen inguruko erabaki politikoek enpresak garatu eta inbertsio berriak erakartzeko balio izaten dute, zerga-politikako pizgarri fiskalen bitartez adibidez. Enpresaren itxiera partziala edo totala planteatzean ere tokiko araudia aztertu behar da; lan-kontratuen inguruko araudiak, esaterako, oztopoak jar ditzake langileak kanporatzerakoan. Aldi berean eta nazioartean jarduten duten enpresen kasuan, kontuan hartu behar dira merkataritzarako oztopoak (arantzelak) eta nazioarteko merkataritzarako blokeak (Europar Batasuna, Mercosur, …), abantaila zein oztopo izan daitezkeenak, enpresa merkataritza-bloke baten barruan edo kanpoan dagoen. Aurrekoez gainera, faktore soziokulturalek ere garrantzi handia dute. Biztanleen kontsumitu eta lan-bizitza baloratzeko ohiturek, eta modu zabalagoan, sinesmen eta baloreek, enpresa bateko jarduera nabarmen eragiten duten faktoreak izan daitezke.

INVESTIGACION DE LA WEB | Mapa Mental

Ingurune ekonomiko orokorra

1992an zabaldutako Disneyland Paris parkeak bertako erakunde publiko eta finantza-botereen sostengua izan zuen bere sorreran, baina hasieratik ez zituen espero ziren emaitzak lortu, ez bertaratze ez bertaratutakoen gastuaren aldetik. Arrazoien artean, ingurune soziokulturalaren diagnostiko okerra aipatu dira, europar familien ohiturak, eta frantziarrenak zehatzago, ez baitira estatubatuarren berdinak. Ingurune ekonomikoa ere ez zen behar bezala aztertu eta sarrera garestiegi suertatu zen familia gehienentzat. Parkera janariak sartzearen debekuak familiak janariarekin egunpasa egiteko ohiturarekin talka egin zuen. Parkearen gehiegizko dimentsioak, besteak beste eskala-ekonomiak gaizki aztertu ondoren, parkearen finantzak kolokan jarri zituen urteetan.

Enpresa batek koiuntura ekonomikoa eta baita epe luzerako ekonomia  eragiten duen egitura ere aztertu behar ditu bere jarduera kudeatzeko. Aztertu beharreko koiuntura-faktoreak ziklo ekonomikoa, inflazioa, trukaneurriak eta langabezia dira, besteak beste. Egiturari buruz kontuan hartu beharreko faktoreak garapen eta industrializazio-maila, soldata-maila, langileen trebakuntza eta lehiakortasuna izaten dira. Koiunturak enpresak epe labur eta ertainera egin behar dituen inbertsioak edo burutu beharreko proiektu berriak baldintzatzen ditu. Herrialde bateko egitura ekonomikoak, berriz, enpresa berrien sorrera, atzerriko kapitalentzeko erakargarritasuna eta bertako enpresen deslokalizazioa eragin dezake. Globalizazioaren eraginez, enpresek euren jardueretarako ingurune ekonomiko eta soziopolitiko egokienak dituzten herrialdeak hautatzea ohikoa bilakatu da XX. mendearen bukaeratik. Adibidez, Mexikoko Maquiladora (gaztelaniaz) izeneko enpresen eredua (non arantzelik ordaindu gabe lehengaiak inportatu, bertako eskulan merkeaz baliatu eta produktu bukatuak esportatu egiten diren) mundu osora zabaldu da, Txina, India eta Afrikan. Globalizazioaren beste efektu bat enpresen NAZIOARTERATZEA izan da. Mundu osoan, enpresen kontzentraziorako joera ere nabarmena da, enpresak elkartuz eta merkatuan oligopolio egiturak sortuz, enpresa txikien jardun bakartia eragotziz.

Ingurune zehatza

Enpresa aritzen den sektore ekonomikoaren ezaugarriek ere bere jarduera eragiten dute. Sektore ekonomikoa egonkorra, denboran zehar bere ezaugarriak gutxi aldatzen direnean, edo dinamikoa izan daiteke, etengabe aldatzen denean, teknologia azkarreko sektoreetan esaterako. Ingurune dinamiko batean erabakiak hartzea zailagoa da, ziurgabetasun-giro batean murgiltzen baita enpresa. Merkatuaren dibertsifikazioa ere, enpresak produktu asko ekoiztu, bezero asko dituen edota bere merkatuak oso sakabanatuak dauden alegia, faktore garrantzitsua da enpresa baten kudeaketan. Enpresak ekoizten dituen produktu edo eskaintzen dituen zerbitzu-mota ere kontuan hartu behar da: adibidez, hartu beharreko marketin-erabakiak ez dira berdinak produktuak iraunkorrak direnean eta biziraupen laburra dutenean.

Merkatuaren egitura, monopolioa, oligopolioa edo konpetentzia monopolistikoa den alegia, funtsezko faktorea da enpresa baten jardunean, enpresa murgiltzen den konkurrentzia-giroa eragiten baitu.

  • MONOPOLIOAn, merkatuan enpresa bakarra aritzen denean alegia, enpresak lehiakiderik izan ez eta neurri batean prezio altuak jartzeko abantaila izaten du. Monopolio bat sortzeko beste lehiakideentzat sarrera-hesiak izan behar dira, hala nola enpresa sortzeko egin beharreko inbertsio itzela, teknologia konplexua edo enpresak bere jardueran duen eraginkortasun konparatibo handia.
  • OLIGOPOLIOetan lehiakide kopurua txikia eta konkurrentzia handia da: enpresa erne egon behar da beste lehiakideek nolako erabakiak hartzen dituzten behar bezalako erantzuna emateko.
  • KONPETENTZIA MONOPOLISTAn lehiakide kopurua oso handia da, sarrera eta irteera hesiak txikiak dira, merkatuko egoerari buruzko informazioa nahiko gardena izaten da eta produktuak antzekoak izan arren, enpresak saiatzen dira horiek desberdintzen (askotan marka eta bestelako atributu ukiezinen bitartez), bezeroa erakarri eta fidelizatzearren. Uneko merkatu-egitura gorabehera, enpresak lehiakide berrien sarrera une oro aurreikusi behar du. Enpresak ekoizten duen produktu edo ematen duen zerbitzua mehatxatu dezaketen ordezko produktu eta zerbitzurik badagoen ere aztertu behar du. Lehiakideez gainera, enpresak bezero eta hornitzaileen negoziazio-ahalmena ere kontuan hartu behar ditu. Adibidez, denda txiki batek hornitzaileek inposatzen dizkioten baldintza gogorrei aurre egiteko, beste denda txikiekin elkartu eta bere negoziazio-ahalmena handituko du (Ordizian).

Produktuak ekoizterakoan enpresak abantailak lor ditzake kostuetan, adibidez ESKALA-EKONOMIAK erabiliz. Hauetan, ekoizpenaren bolumena handitzean unitateko kostuak murriztu egiten dira.

Enpresaren arlo funtzionalak

Ekoizpen-arloa

Enpresa bateko ekoizpenak bata bestearen ondoren egin beharreko lanak eta aldi berean burutu daitezkeenak barnehartzen ditu.

Ekoizpen-funtzioa, zentzu teknikoan harturik, enpresaren muinean kokatzen da, enpresak INPUT edo lehengai zenbaitetatik ekoizpen-prozesuaren bitartez balio erantsia duten ondasun eta zerbitzuak ekoizten baititu funtsean. Hala ere, balio erantsia enpresaren beste arloetan ere sor daitekeela ohartu behar da, produktuak berezko balioaz gainera, besteak beste produktua aurkezteko moduak eta saldu ondorengo zerbitzuak ere balio erantsia gehitzen baitute.

Ekoizpen-prozesuaren inguruko erabakiak hartzerakoan kontuan hartu beharreko faktoreak produktuaren EZAUGARRIAK, MERKATU-MOTA eta TEKNOLOGIA dira. Hartara, ekoizpena eskabidearen araberakoa edo merkaturatu edo biltegiratzeko izan daiteke. Adibidez, produktuak ekoizpen-denbora altua eskatu eta aldi berean desberdindua denean, eskabidearen araberako prozesua da egokiena, prozesu hauetan langilegoak trebakuntza handiagoa behar duela kontuan hartu behar bada ere; merkaturatu edo biltegiratzeko prozesuak produktuak unitate kostu txikiak dituenean izaten da egokiagoa eta ekoiztu beharreko kopurua enpresak dituen merkatu-aurreikuspenei jarraituz erabakitzen da.

Ekoizpen-prozesuaz gainera, ekoizpen-arloan hartu beharreko erabakiak ekoizpen-ahalmena, lan-indarra (zenbat langile, bakoitzak egin beharreko lanak eta erantzukizunak, errendimenduak, ikuskapena), kalitatea, inbentarioak eta lan-segurtasuna dira besteak beste.

Marketin-arloa

Antzina, bezeroa enpresaren salmenten iturri moduan soilik ikusten bazen ere, gaur egungo enpresaren filosofian bezeroaren beharrak asetzea funtsezkoa da konkurrentzia nagusi diren ingurunean, non bezeroak aukera zabalak dituen edozein ondasun edo zerbitzu eskuratzeko. MARKETINA da bezeroaren beharrak asetzea helburutzat hartzen duen enpresa-arloa. Marketin arloak MERKATUAREN IKERKETArekin abiaraziko du bere jarduera, merkatuak eskatzen dituen produktu eta zerbitzuak eta horien ezaugarriak zehazteko; ekoiztu beharreko produktuaren SALMENTA AURREIKUSPENA ere bere erantzukizuna da. Produktua merkaturatzeko estrategietako bat MERKATU-SEGMENTAZIOA da, non enpresak merkatuko kontsumitzaile talde jakin eta zehatz bati bakarrik ekiten dio, bere beharrak kontuan hartuz, talde horren fideltasuna irabazi nahian. Produktuaren banaketa nolakoa izango den (dendak erabiliz, online, …) eta ontziratzea ere erabaki behar dira marketin-arloan. Prezio-politikan ere marketin-arloak badu bere zeregina, SALMENTA-SUSTAPENAren bitartez adibidez. Produktuaren atributu fisikoez gain, marketinak MARKA ere lantzen duen eremu bat da. Produktua eta marka zabaltzeko, enpresak PUBLIZITATEA erabiltzen du.

Finantza-arloa

Enpresaren finantza-funtzioak enpresak bere jardueran behar dituen kapital-beharrak lortu eta mantentzeaz arduratzen da. Enpresak egin behar dituen inbertsioen bideragarritasunaz eta errentagarritasunaz ere arduratzen da. Enpresaren kapitala, zentzu hertsian, jabe edo bazkideek jarritako diruak osatzen du. Finantza-iturriak dira, halaber, epe luzerako maileguak eta epe laburrerako beste iturri zenbait (hornitzaileei ordaintzeko epearen atzerapena, adibidez). PASIBOA osatzen duten kapital hauek ekoizpen-faktore FINKO (instalazioak, makinak, adibidez) zein ZIRKULATZAILEAK (behar den gutxieneko INBENTARIOA) eskuratzeko erabiltzen dira. Horiekin enpresak bere jarduera burutu eta bezeroei egindako salmentei esker, enpresak finantza-baliabide berriak jasoko ditu. Finantza-funtzioaren zeregin nagusienetako finantza-iturrien epea (zorrak noiz itzuli behar diren) kontrolatzea da, aurrekontuen bitartez besteak beste, enpresa une oro zorrak kitatzeko egin behar dituen ordainketei aurre egiteko LIKIDEZIA izan dezan.

Finantza-baliabideak eskuratzeko, enpresa banku edo bestelako finantza-bitartekariengana jo dezake. BURTSAn eta bestelako finantza-merkatuetan ere baliabideak lor daitezke, AKZIO berriak jaulkiz KAPITAL-ZABALKUNTZA delakoen bitartez, adibidez. LEASING edo berarekin batera erosteko aukera duen ekipamenduen alokairua finantzaziorako modu berezietako bat da. Enpresak AUTOFINANTZAKETA ere egin dezake, irabazien zati bat kapital-baliabideak osatzera eramanez edo amortizazioaren bitartez esaterako.

3 ª Persona Pequeña Selección Del Personal. Imagen En 3D. Fondo Blanco.  Fotos, Retratos, Imágenes Y Fotografía De Archivo Libres De Derecho. Image  43282807.

Giza-baliabideak

Enpresa bateko langileek osatzen dituzte giza baliabideak. Giza baliabideen funtzioak enpresako langileen hautaketa, kontratazioa eta enpresa barneko promozioa, ordainsarien politika, trebakuntza, lan-segurtasun eta arriskuak, langileen arteko harremanak eta enpresak langileekin dituen harremanak (sindikatuekin, esaterako) izaten ditu eskumen gisa. Langileak eta, beraz, giza baliabideak, enpresa guztietan badaude ere, enpresa handietan soilik izaten da sail antolatu berezi bat funtzio horrentzat eta zuzendaritza nagusiak berak hartzen du sarri giza baliabideen inguruko gaien erantzukizuna. Giza baliabideen sail bereizia dagoenean, psikologo eta giza zientzietako bestelako profesionalen buruzagitzapean egoten den saila da, langileekiko harremanetan pertsonei entzun eta zuzentzeko gaitasun handia behar izaten baita. Antzina, langilearen produktibitateari bakarrik behatzen bazitzaion ere, enpresa aurrerakoiak langileak bere lan-motibazioa garatu eta enpresaren kudeaketan integratzea ditu helburu.

Los 10 errores más comunes en una entrevista de trabajo (I) –  SinRecursosHumanos

Zuzendaritza

Zuzendaritzaren eginkizuna, kargu goren moduan, enpresaren kudeaketa estrategikoa da: enpresako helburuak finkatu eta horretarako politikak eta programak erabaki (plangintza), helburu horiek lortzeko baliabideak prestatu eta koordinatu (antolakuntza), pertsonak ekintza horietarako bultzatu (zuzendaritza lidergo moduan) eta helburuen lorpenaren kontrola burutzea alegia. Halatan, zuzendaritzaren zeregin nagusia erabakiak hartzea da, helburuak, politikak eta kontrola zehazteko jasotzen den informazioa aztertuta ekintzarako bidea zabalduz.

Bestalde, enpresaren antolaketa-egituran beste zuzendaritza-maila apalagoak izan daitezke, enpresa handietan batik bat; hala nola, marketin, finantza edo giza-baliabideen arloan. Arlo-zuzendaritza hauen funtzioa zuzendaritza nagusiarekin lankidetzan aritzea eta bertan hartzen diren erabakiak eta zehazten diren politikak eta programak egunez egun aurrera eramatea da. Zuzendaritza nagusiarentzat informazioa osatzea, txostenak osatuz, ere izaten dute eginkizun. Zuzendaritza gorenaren gaitasunak kontzeptualak eta lidergoarekin lotutakoak izan behar diren bitartean, administrazio-zuzendaritzak gaitasun teknikoak izan behar ditu batez ere.

Kontrola: kontabilitatea

Enpresa guztiek behar dute bere baitako zein kanpoko eragileekin dituzten harremanei buruzko informazioa jaso, erregistroa egin eta aztertu. Informazioa erabaki egokiak hartu eta ezarritako helburuak aurreikusita bezala gauzatzen ari diren egiaztatzeko erabili behar da. Arlo hau zuzendaritzaren mendean egoten da zuzenean, zuzendaritza baita informazio hau baliatuko duena bere kudeaketarako. Enpresak jasotzen duen informazio mota garrantzitsuena KONTABILITATEA da. Kontabilitatean modu sistematikoan jasotzen dira enpresaren ONDAREA eta enpresak bere jardueran burutzen dituen eragiketak. Kontuan hartu behar da enpresak legez ere bere kontabilitatea burutu behar duela, besteak beste, lortutako irabazien gainean ordaindu beharreko zerga kalkulatzeko.

Enpresen kontzentrazio eta elkartzea

Enpresak jarduten duen sektore ekonomikoa KONTZENTRATUA dagoela esango da enpresa gutxi direnean sektore menderatzen dutenak. Horrela, MONOPOLIOA dagoela esaten da enpresa bakar bat aritzen denean sektorean, eta OLIGOPOLIOA, enpresa gutxi aritzen direnean. Kontzentrazioa enpresak elkartuz egin daiteke eta horretarako arrazoiak teknikoak, eskala-ekonomiak edo finantzarioak izaten dira.

  • Kontzentrazioa HORIZONTALA (jarduera berean aritzen diren enpresak elkartzen direnean)
  • edo BERTIKALA (ekoizpen prozesu bereko enpresak biltzen direnean, hornikuntza bermatuz eta transakzio-kostuak ekidinez) izan daiteke.
  • Beste batzuetan, enpresa bera sektore anitzetan aritzen da, sektore bakar batean aritzea ekar dezakeen arriskua gutxitzeko, KONGLOMERATU izeneko multzoa osatuz.

Enpresak elkartzeko hainbat modu dago: FUSIOA, elkartu egiten direnean; ABSORTZIOA, batak bestea bere baitan hartzen duenean; AFILIAZIOA, batak beste baten kontrola hartzen duenean kapitalaren zati handi bat hartuz edo itunak eta akordioak…

Charles Chaplin - Tiempos modernos (1936): fragmento | Recurso educativo  119104 - Tiching

Enpresa eta langileak

Enpresaren faktore nagusietako bat lana burutzen duten LANGILEGOA da. Enpresak bere langileekin dituen harremanak modu ezberdinean gauza daitezke. Enpresa kapitalistan langileek euren lana saltzen dute, SOLDATA izeneko ordainsari baten trukean, enpresaren kudeaketan inongo parte hartzerik gabe. Enpresaburuen eta langileen arteko harremana gatazkatsua izan da historian. Kapitalismo modernoan, antzinako KLASE-BORROKA alde batera utzita, harreman hori langileen interesak defendatzen dituzten SINDIKATUen bitartez erregulatu da. Hala ere, maiz gertatzen da enpresaburuen eta langileen arteko gatazkak soldata eta lan-baldintzen eztabaidaren inguruan. Euren eskaeren alde langileek GREBAK egiteko eskubidea dute eta NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA enpresaburuekin funtsezko tresna izaten da enpresa eta langileen arteko lan harremanak zehazteko.

XX. mendeko amaierak ekarritako globalizazioak ekoizpen-metodo berriak ekarri ditu, errendimendu hutsaren ordez kalitatea eta malgutasuna bultzatuz. Halatan, TAYLORISMO eta FORDISMOan oinarritutako lehengo hierarkiazko antolaketa-egituren aldean, langileen esperientzia eta lankidetza eskatzen dituzten ekoizpen-prozesuak dira egun nagusi, TOYOTISMO eta JUST-IN-TIME metodoetan bezala esaterako. Kasu gehienetan, ordea, langileen partehartze zuzen honek ez du lan-baldintzetan hobekuntzarik ekarri eta esplotazio-modu berriak sortu ere egin dira, hala nola langileen prekarietatea, mugikortasuna, langilegoaren sailkapena eta lan-harremanen indibidualizazioa.

Enpresa langileek beraiek kudeatzen dute beste kasu batzuetan. KOOPERATIBA izeneko enpresetan enpresaren jabeak langileak beraiek dira eta kudeaketari buruzko erabaki garrantzitsuenak beraiek hartzen dituzte modu demokratikoan, zuzendarien esku administrazioa soilik utziz eta langileen soldatak parekatuz. Dena den, merkatu ekonomian txertaturik jardun behar izateak kooperatibak praktika kapitalistak burutzera bultzatu ditu, jabeak ez diren eta ondorioz eskubide mugatuak dituzten langileak kontratatuz eta langileen soldaten arteko ezberdintasunak areagotuz.

Piedras de equilibrio HD fondos de pantalla descarga gratuita |  Wallpaperbetter

Enpresa motak

Jabetzaren arabera

SOZIETATE ANONIMO diren enpresetan jabetza ziurtatzen duen agiria AKZIOA da. Akzio bat daukana enpresaren zati txiki baten jabea da eta bere erantzukizuna akzioaren baliora mugatzen da. Akzioak etengabe eta modu askean eskualdatzen dira BURTSAn. Irudian, 1948 urteko Bizkaiko Labe Garaiak enpresako akzio bat dug, 500 pezetako balioko jabetza ziurtatzen duena. Akzio guztien balioa edo kapital soziala 375.000.000 pezetakoa da.

Enpresaren NORTASUN JURIDIKOei buruzko legeria herrialde bakoitzaren MERKATARITZA KODEAn biltzen da batez ere. Era horretan, enpresa mota hauek bereiz daitezke:

  1. ENPRESA PUBLIKOAK: estatua da enpresaren jabea eta horietan helburua ez da izaten ahalik eta irabazi handienak lortzea; errentagarritasun ezagatik ekonomia kapitalistako merkatuak batzuetan eskaintzen ez dituen ondasun eta zerbitzuak ekoiztea izan daiteke, hala nola garraio publikoa eta ikerkuntza; adibideak: Euskotren, Euskal Herriko Unibertsitatea.
  2. ENPRESA PRIBATUAK: jabetza pribatuko enpresak dira, kudeaketa independente eta autonomoa dutenak, jabe eta bazkideek jarritako helburuen arabera eta irabaziak beraien artean banatuz.
    1. BANAKAKO ENPRESAK: enpresaren jabea pertsona fisiko bakarra da eta pertsona fisiko moduan ere erantzukizun mugagabea du enpresak sortutako obligazioak betetzeko, enpresaren ondarea eta ondare pribatua bereizi gabe.
    2. MERKATARITZA-SOZIETATEAK: enpresaren jabetza pertsona bat baino gehiagok batera daukatenean; enpresaren jabe den pertsona bakoitzari BAZKIDE deritzo eta sozietate-mota zein den, erantzukizun mota berezia du.
      1. SOZIETATE ZIBILAK eta ondasun komunitateak: enpresaren izaera bazkideak diren pertsona fisikoekin dator bat eta, beraz, erantzukizun subsidiario, solidario eta mugagabea du, ondasun komunitateetan bazkide bakoitzaren partizipazio-kuotaren araberakoa bada ere. Espainiar zuzenbidean ez dute merkataritza-izaerarik eta, beraz, ez dute SZ edo SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA ordaindu beharrik.
      2. SOZIETATE KOLEKTIBOAK: hauetan bazkideek erantzukizun subsidiario, solidario eta mugagabea dute eta, beraz, bazkideek elkarrekiko konfiantza osoa dutenean osatzen dira, sozietate zibiletan bezala. Merkataritza-izaera du eta, beraz, SZ edo SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA ordaindu behar du.
      3. SOZIETATE KOMANDITARIOA: bazkide KOLEKTIBOAK eta KOMANDITARIOAK daude; bazkide kolektiboek lana zein kapitala jartzen dituzte eta erantzukizun mugagabea dute; bazkide komanditarioek, berriz, kapitala bakarrik jartzen dute eta euren erantzukizuna kapital horretara mugatzen da.
      4. ERANTZUKIZUN MUGATUKO SOZIETATEA: sozietate anonimoekin batera, sozietate-mota ugariena da; bertan bazkideek jarritako kapitalera mugatzen den erantzukizuna dute, baina printzipioz euren ekarpena ezin zaio beste pertsona bati eskualdatu.
      5. SOZIETATE ANONIMOA: bazkideen ekarpenek osaturiko kapitala akzioetan banatzen da eta bazkideen ekarpena bere esku dauden akzioek adierazten duten zenbatekora mugatzen da; akzio hauek eskualdatu egin daitezke baldintzarik gabe eta, beraz, bazkideak edo enpresaren jabeak aldakorrak izan daitezke denboran zehar (horregatik anonimo izena).
    3. ENPRESA MISTOAK: aldi berean estatuaren eta eragile pribatuen partaidetza dutenak.
    4. KOOPERATIBAK: enpresaren jabeak eta kudeatzaile nagusiak langileak beraiek direnean.

Tamainaren arabera

Tamainaren arabera enpresa HANDIAK, ERTAINAK eta TXIKIAK bereizten dira. Askotan enpresa txikiak eta ertainak batera sailkatzen dira, ETE edo Enpresa Txiki eta Ertainak akronimoa erabiliz. Enpresak horrela sailkatzeko irizpideak langile kopurua edo fakturazioa izaten da. Enpresa handiek euren jardueretako baliabide gehiago izaten dituzte, baina zurrunak eta burokratikoak ere badira. Enpresa txikietan, berriz, giza harremanak estuagoak izaten dira, baina finantza-baliabideak lortzerakoan, zailtasun handiagoak izaten dituzte.

Beste enpresa mota batzuk

  • MULTINAZIONALAK euren jarduerak herrialde anitzetan burutzen dituzten enpresak dira;
  • FRANKIZIAK (frankiziatzaileak eta frankiziatuak): enpresa frankiziatzaileak marka, know-how eta teknologia eskaintzen dituen enpresa da eta enpresa frankiziatua, berriz, diru trukean, horiek erabiltzen dituena bere jarduerarako.
  • Enpresa NAGUSI eta MENDEKO enpresa: beste enpresa zenbaiten kapitaletan partaidetza duen enpresa da enpresa nagusia, mendeko enpresaren kudeaketan eragin nabarmena duena.
  • Enpresa KONTZESIONARIOA: beste baten ondasunak eta zerbitzuak ustiatzeko eskumena duen enpresa da; adibidez, auto-marka bateko automobilak saltzeko eskumena duen enpresaburua auto-kontzesionarioa da.
  • Enpresa FAMILIARretan jabetzaren gehiengoa pertsona bakar baten edo pertsona baten familiaren esku egoteaz gainera, pertsona horiek enpresaren kudeaketan rol nabarmena dute.
  • AUTOGESTIO enpresa kudeaketa arloan langileek beraiek kontrolatu eta antolatzen duten enpresa da.
Agenda Académica – Congresos ACODAL

Euskal Herriko enpresak

Euskal Herriko egungo enpresa-sarea XV-XVI mendeetan du jatorria, burdingintza industria nabarmen garatu zen unea. Handik, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, dator egungo industria-enpresen garrantzia. Industria Iraultzarekin batera, Euskal Herriko ekonomia eta enpresa kopurua nabarmen hazi zen. Geroztik, enpresak eta ekonomia kolokan jarri dituzten krisi ekonomikoak izan badira ere, enpresa sarea zabaldu eta egun Euskal Herria, Europar Batasunaren baitan, batezbestekotik gorako ekonomia-adierazleak dituen herrialdea da. Enpresen ezaugarriak aldatu dira, ordea, azken hamarkadetan: industriak bere garrantzia atxikitzen badu ere, zerbitzuen sektoreko enpresek dute pisu gehien BPG edo produkzio osoan. Zehatzago, industriak eta zerbitzuek %27 eta %60 pisua zuten hurrenik hurren, gutxi gorabehera, 2004an.

Enpresa handienen zerrenda aipatzerakoan, irizpide ezberdinak eman daitezke. Fakturazioari buruz, Iberdrola, Eroski, Petronor, Gamesa eta Arcelor Mittal nabarmentzen dira, ordena horretan eta denak enpresa industrialak, Eroski izan ezik. Langile kopuruari buruz, Eulen eta Eroski dira langile gehien dituztenak, ordena horretan, biak zerbitzuen sektorekoak.

Enpresaren teoria

Enpresaren teoriak enpresaren izaera eta funtzionamendua aztertzen ditu, enpresaren baitan eta merkatuarekiko harremanetan. Helburu horri begira, teoria ezberdinak plazaratu dira. Historian, ESKOLA NEOKLASIKOAN eratu zen enpresari buruzko modelo bat lehen aldiz. Horren arabera, enpresa irabaziak maximotzen dituen erakunde bat da, merkatuari buruzko informazio osoa daukana, teknologia konstante batez. Hartara, enpresa modu automatikoan jarduten duen erakunde bat litzateke, baina enpresaren irudikapen hori errealitatetik urrun samar geratzen da, praktikan, besteak beste, ziurgabetasuna nagusi izaten baita eta teknologia aldatu egiten baita.

SUBVENCIONES: NI LEYENDA URBANA NI PROTOCOLO FANTASMA. RESULTA QUE EXISTEN  Y SE CONCEDEN. - Capital Letters | Asesoramiento Legal y Fiscal

Enpresa modernoaren erronkak

GLOBALIZAZIOAk enpresen arteko konkurrentzia bizia sortu du munduan zehar. Ingurune berri horretara egokitzeko, badira enpresak ezinbestean burutu behar dituzten estrategiak. KALITATEA da, alde horretatik, merkatuan irauteko baldintza nagusietako bat. Produktu eta zerbitzu on eta fidagarriak eskaintzeaz gainera, kalitatea kontzeptu zabal moduan ulertu behar da, enpresako prozesu guztietan eta enpresarekin harremanak dituzten eragileen arloan hobekuntzaren aldeko helburu, jarduera eta zehaztapenerako ekintzak bildu behar baititu.

Antzina mozkinak lortzea helburu nagusia bazen ere, egun HAZKUNDEA ere funtsezko helburutzat jotzen da, enpresak nazioartean lehiatzeko dimentsio optimoa har dezan. Nazioarteratzean, beste enpresekiko lankidetza eta itun estrategikoak ere garrantzitsuak dira, helburu komunen alde jardunez eta SINERGIAK sortuz. Sormena, BERRIKUNTZA eta trebakuntza ere garrantzitsuak dira, ingurune teknologikoa azkar aldatu eta produktuaren bizitza zikloak gero eta laburragoak diren XXI. mendeko ingurunean, eta horretarako sail bereziak ere antolatzen dira enpresetan. Horrez gain, INGURUMENArekiko ardura eta GIZARTE ERANTZUKIZUNA ere gero eta gehiago hartzen dira kontuan enpresaren jardueran.

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: