RSS

3. gaia

Gogamen-prozesuak (I): Sentsazioa eta Pertzepzioa

 

 

3.1. Estimuluak eta Sentsazioak (Estimuluak (2), Sentsazioak (3), Estimuluak eta Sentsazioak (2), Psikofisika, Atalaseak (Def eta (3))

Estimulua

  • Zentzumen organoak kitzikatzen dituen energia fisikoa da.
  • Adibidea: begiak ikus dezaken argia.

Sentsazioa

  • Elaboratu edo interpretatu aurretik, zentzumenen bidez zerbait detektatzea.
  • Adibideak: Argia ikustea, soinuak entzutea, usainak hartzea…
  • Gaitasun hau treba daiteke eta zentzumen bat galtzen denean, beste baten garapen handiagoa ematen da. Adibidez, itsuek entzumena gehiago garatzen dute.

Estimulua eta Sentsazioa

  • Zentzumenetara iristen diren estimulu guztiak ez dira sentsazioak eragiteko gai.
  • Adibidez, gizakion begiek ikusmenaren eremuaren zati txiki bat baino ez dute atzematen; animalia batzuk gizakiok atzemateko gai ez garen soinu baxuak eta usainaren zenbait ezaugarri atzemateko gai dira. Beraz, estimulu bat atzeman ahal izateko, estimulu horrek neurri zehatz batzuen artean egon behar du.

Psikofisika

  • Estimuluen neurriak aztertzen dituen psikologiaren alorra da.

Atalasea

  • Psikofisikak neurriok nolakoak diren adierazteko erabili ohi duen kontzeptua:
    • Gutxieneko atalase absolutua: Hartzaileak sentsazioa jaso ahal izateko estimuluak behar duen gutxieneko neurria adierazten du. Esate baterako, norbaiten eskuan paper orriak banan-banan jarriz gero, pertsona horrek ez du lehenbiziko orriaren pisua sentituko. Baina orriak ipintzen jarraituz gero, pisua sentitzen hasiko den momentua iritsiko da. Pisua sentitzen hasten den momentu horixe da pisuaren sentsazioaren gutxieneko atalasea.
    • Gehienezko atalase absolutua: Hartzaileak atzeman dezakeen estimuluaren gehienezko neurria adierazten du. Adibidez, gure belarria ez da gai maila zehatz batetik gorako (gehienezko atalasetik gorako) zaratarik entzuteko.
    • Atalase bereizgarria: antzeko estimuluak bereizteko gai garen unea adierazten duen atalasea.

3.2. Pertzepzioa (Def, Adibideak (3), Funtzionamendua, Nolakoa da (3))

Definizioa

  • Informazioa zentzumenetatik jaso eta sentsazioak antolatu eta zentzua ematen diogun prozesu eraikitzailea da.

Adibideak

  • Bidea zeharkatzerakoan, gureganantz autoa datorrela ikusten dugu; nola erabakitzen dugu beste aldera pasatzeko denbora izango dugula?
  • Beste zerbaiten zain gaudenean, norbaiti edo zerbaiti begira gaude eta ez dugu ikusten. Ikusmen arazorik ez dugu, baina irudi hura ez da gure zerebroan grabatu.
  • Futuroscopen filma bat ikusten ari garenean, txirrista erraldoiaren eszena bat ikusten dugu eta barrenak astindu dizkigu erabat.

Funtzionamendua

  • Pertzepzioaren prozesuetan zerebroak informazioa jaso eta deskodetu egin behar du eta, ondoren, informazio horri esanahia eman behar dio, landu eta gorde ahal izateko.

Nolakoa da?

  • Selektiboa
  • Eraikitzailea
  • Interpretatzailea

3.3. Pertzepzioaren teoriak

3.3.1. Asoziazionismoa (2)

  • Wundten ustez, pertzepzioa sentsazio mosaiko bat da. Baina, definizio hau motz geratzen da, pertzepzioak osotasuna baitarama eta zerbaiti esanahi bat ematen baitio.
  • Istripu bat ikustean, zenbaitek gidariaren zuhurtzi gabezia baloratuko du; beste batek zirkulazio arauekiko errespetu falta; askok hirugarren pertsonei eragindako kalteak izango dituzte buruan…

   

3.3.2. Formaren Eskola (Gestalt) (Osotasuna, Irudia eta hondoa, Pertzepzio zorroztasuna, Pertzepzioaren antolaketaren Legeak (4))

Osotasuna

  • Köhler eta Werheimer psikologoek osotasuna osagaien batura baino gehiago dela uste dute, melodia nota musikalen batura baino zerbait gehiago dela, alegia.

Irudia eta hondoa

  • Nola antolatzen dira sentsazioak esanahia duten pertzepzioak eraikiz? Gestalteko psikologoek irudia eta hondoaren arteko erlazioak eta estimuluen batasunerako legeak ikertu zituzten.
  • Irudiak forma eta inguru definituak ditu eta hobeto estrukturatuta dago. Itxia izan ohi da eta hondoak inguratzen du.
  • Hondoak, berriz, ez dauka inguru zehatzik eta estrukturarik gabe agertzen da; Irudiak baino toki gehiago hartzen du eta irudiaren atzean dagoela dirudi.
  • Zenbaitetan, ordea, irudi anbiguoak dira eta interpretazio ezberdinak egin daitezke: Rubinen kopa.

Pertzepzio zorroztasuna

  • Garunak zentzuetatik datorren informazioak antolatu eta sentsazioei esanahia ematen die. Askotan egiten ditu akatsak, ez dagoena ikusi edo irudiari ezin esanahia eman.

Pertzepzioaren antolaketaren Legeak

  • Hurbiltasunaren legea: Elkarrengandik hurbil dauden antzeko elementuak irudi bakarra osatuko balute bezala ikusten ditugu maiz.
  • Antzekotasunaren legea: Antzekoak diren objektuak talde berekoak izango balira bezala ikusi ohi ditugu.
  • Jarraitasunaren legea: Norabide berean doazen elementuak irudi bera osatzen dute iruditzen zaigu askotan.
  • Itxiduraren legea: Osatzeke dagoen irudia osoa balitz bezala ikusten dugu maiz.

3.3.3 Teoria Kognitiboa (2)

  • Pertsona oro trebatu egiten da pertzepzioan eta errealitatea interpretatzeko eskema kognitiboak erabiltzen ikasten du.
  • Sentsazioak zerbait detektatu egiten du zer den jakin gabe. Pertzepzioak, berriz, ezagutu egiten du. Ikuspegi kognitiboaren arabera
    • sentsazioak informazio bilketa hutsa da.
    • pertzepzioa informazio horien interpretazioarekin erlazionatzen du.

 

3.4. Pertzepzioan eragina duten faktoreak

3.4.1 Kanpoko faktoreak (5)

  • Intentsitatea: Eztanda batean errazago jarriko dugu arreta.
  • Errepikapenak: Publizitateak behin eta berriro errepikatzen digu mezua, salmentan eragin nahian.
  • Tamaina: Objektu handiek errazago erakartzen gaituzte txikiek baino.
  • Nobedadea: Arruntak ez diren objektu edo egoerek errazago erakartzen gaituzte. Adibidez, emakume bat beti moja jantzita ikusi izan badugu, kaleko arropak janzten dituenean, zailagoa izango zaigu emakume hori ezagutzea…
  • Itxurazko mugimendua: Geldirik dauden bi ikusmen estimulu edo gehiago abiadura jakin batean eta elkarren atzetik erakutsiz gero, mugimendu erreala balitz bezala hautemango ditugu (zinema).

3.4.2. Barneko faktoreak (6)

  • Atentzioa: Uneoro estimulu pila dugu inguruan, baina ikasten ari garenean, pertzepzioa liburuan kontzentratzen ahalegintzen gara eta ez gelan dagoen tenperaturan edo liburuaren tamainan.
  • Konstantzia: Gure posizioaren arabera, objektuen tamaina aldatu egiten da; perspektibaren arabera, forma aldatu egiten da… Zerebrora estimuluak iritsi ahala objektuen pertzepzioa aldatuko balitz, ezin izango genituzke gauzak ezagutu, etengabe aldatuko lirateke eta. Ezin izango genuke ikasi eta ez genuke oroimenik izango.
  • Motibazioa: Pertzepzioa selektiboa da eta bere interesen arabera baloratzen du. Irakaslearen mezuek indar ezberdina dute azterketa bezperan.
  • Interesak eta baloreak: Errealitatearen aldarteak ezberdin hartzen ditugu:
    • Parke  bat ezberdin ikusiko du botanikoak edo artistak.
    • Erlijioaren arabera, ikono batzuei izugarrizko garrantzia ematen zaie.
    •  …
  • Behatzailearen bereizgarriak: Nahiak, nortasunak, egoera afektiboak… eragina dute pertzepzioan.
    • Aberats batek eta pobre batek ez dute berdin hautemango 50 euroko billetea.
    • Ingurua garbi ikusten ohituta dagoenak askoz arinago hautemango du zikinkeria, eta alderantziz.
  • Kultura: Pertzepzioan trebatu egin gara eta ikasketa honek erabat baldintzatuko du gure ikuspuntua. Herri bakoitzaren ohiturek eta sinesmenek eragin handia dute hautemateko orduan.

3.4.3 Pertzepzio Subliminala (3)

  • 50eko hamarkadan, New Jerseyko zinema areto batean egindako esperimentu batek izugarrizko polemika altxatu zuen: Filma botatzen ari ziren bitartean, publizitatea txertatzen joan ziren (Coca Cola har ezazu…).
  • Esaldia oso epe motzean egoten zen (1/30.000 seg) eta ez zen ikuslegoaren kontzientziara iristen, baina atsedenaldian (garai hartan filmaren erdian atsedenaldia izaten zen) Coca Cola salmentak %50ean hazten zirela ikusi zuten.
  • Beraz, Pertzepzio Subliminala kontzientziaren atalesera iristen ez den pertzepzioa da. Pertsonak ez daki sentsazio horiek jasaten ari dela eta ezin da defendatu. Manipulazio garbia egin zitekeenez, berehala atera zituzten horren erabilera erregulatzeko eta debekatzeko legeak.

3.5. Pertzepzio motak (3)

  • Pertzepzio erreala edo objektu fisikoen pertzepzioa. Adibidez: boligrafo bat edo mahai bat atzematea, lore bat usaintzea, zarata bat entzutea…
  • Pertzepzio pertsonala edo pertsonen pertzepzioa. Bere ezaugarri fisikoez gain, ezaugarri psikologikoez jabetzea.
  • Pertzepzio soziala edo talde eta errealitate sozialen pertzepzioa. Adibidez, zenbait kolektibo hautemateko era: beste arraza batekoak, eliza katolikoa, inmigranteak, punkiak…

3.6. Ilusio Optikoak (Def, Adibideak (2), Motak (3))

Definizioa

  • Errealitate objektiboa eta pertzepzioaren arteko distortsioak dira. Garunak itsu-itsu jokatzen du anomalia hauen aurrean eta ez da distortsioa zuzentzen ahalegintzen.

Adibideak

  • Trenbidearen errailak urrunean elkartu egingo direla ematen du.
  • Neurri bereko bi marra bertikal dauzkagu eta batak besteak baino luzeagoa dirudi.

Motak

Ilusio geometrikoak Ilusio anbiguoak Irudi paradoxikoak

3.7. Pertzepzioaren nahasteak

  • Sasipertzepzioa egiazkoak ez diren gauzak edo errealitatean ez diren moduan hautematean datza. Garrantzitsuenak ondorengoak dira:

3.7.1. Agnosia (2)

  • Gaitasun intelektualak izan arren, pertsonak ezin du objekturen bat identifikatu.
  • Adibidez, ukituz ezagutzen du erlojua eta badaki izena esaten, baina ikusita bakarrik ezin du hori egin.

3.7.2. Ilusioak (Def, Adibidea, Motak (3))

Definizioa

  • Pertzepzio faltsu batek objektua deformatuta erakusten digu.

Adibidea

  • Gau ilunean, bide bazterreko zuhaitzen itzalek irudi beldurgarriak dirudite.

Motak

  • Atentzio faltak eraginak: ezezagun bat agurtzen dugu lagun mina balitz bezala.
  • Ilusio katatimikoak: sentimendu edo emozioen eraginez, objektu edo egoera bat deformatua agertzen zaigu. Edo gure oroimenean, gertaera bat ez da izan zen bezala gordeta geratzen, nahiko genukeen bezala baizik.
  • Pareidoliak: ilusio fantastikoak. Adibideak: horman edo lainoetan ikusten ditugun irudiak.

3.7.3. Haluzinazioak (Def, Motak (Zentzumenen arabera (4), Jatorriaren arabera (5)))

Definizioa

  • Objekturik gabeko pertzepzioa da, hau da, existitzen ez diren gauzak hautematea. Arazo hau dutenek ez dituzte bereizten fikzioa eta errealitatea; ezin dituzte eragotzi eta euren bizitzaren parte garrantzitsu bihurtzen dira.

Motak

  • Zentzumenen arabera
    • Ikusmenekoak: Alkoholikoek animalia edo pertsona txikiak ikus ohi dituzte edo beraiei iseka eginez dauden aurpegi arloteak.
    • Entzumenekoak: hotsak eta ahotsak. Zenbaitetan uler daitezke eta beste zenbaitetan ez, baina pazienteak ez ditu gogoko.
    • Gustu eta usaimenekoak: Depresioak edo eskizofreniak jotako pertsonek izaten dituzte maiz. Eldarnioak janarian dagoen pozoiaren usaina edo zaporea sentiarazten die.
    • Ukimenekoak: hazkurak, ziztadak edo azalean korronte elektrikoa pasatzen den sentsazioa.
  • Jatorriaren arabera
    • Fisiologikoak: lo hartu aurretik edo lotan gaudenean gertatzen dira. Ez dira patologikoak.
    • Lesioek eragindakoak: besoa moztuta izan arren, haren mina edo txingurritzea sentitzen da.
    • Onirikoak. Alkoholikoak, edateari bat-batean uztean, Delirium Tremensak hartzen dituzte eta haluzinazioak izan ditzakete.
    • Substantzia psikodelikoak eraginak: LSD drogek pertzepzioa aldatzen dute eta espazioa eta denbora desberdinak aurkeztu. Gauza arrunta izan ohi dena oso gustukoa edo oso desatsegina izan daiteke.
    • Eskizofrenia edo psikosiak eraginak: entzumeneko haluzinazioak edo eldarnioak.

3.7.4. Haluzinosiak

  • Aurrekoaren antzekoa da, baina nahaste hau duten pertsonak konturatu egiten dira hautematen dutena faltsua dela, ez dela erreala eta zerbait anormala gertatzen ari dela.

 

2. gaia

4.gaia

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: