RSS

TESTUAK

Gogoan izan testu-iruzkina zuzentzeko erabiliko diren irizpideak:

  • a. Testuaren kokapena (testu mota, egilea, jasotzaileak, garaia): 0,5 p.
  • b. Testuaren analisia: testuaren oinarrizko ideiak nabarmentzea: 1,5 p.
  • c. Testuinguruan jartzea: testua bere prozesu historikoan ezartzea: 2,5 p.
  • d. Testuaren garrantzia: kokatzen den aldi historikoa ulertzeko, testu horrek duen garrantzia adieraztea: 0,5 p.

Zuzentzeko eta kalifikatzeko erabiliko diren ebaluazio irizpideak

Ebaluazio-irizpideak

1. Espainiaren historia eta euskal historia garaikidea osatzen duten prozesu azpimarragarrienak ezagutzea, eta gertaera politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen arteko erlazioak identifikatzea.
2. Prozesu historikoetan gauza batzuk zergatik aldatzen diren eta beste batzuek zergatik irauten duten azaltzen duten faktoreak ulertzea, eta gizarte-gertaerei lotutako kausalitate-aniztasunaz ohartzea.
3. Oinarrizko kontzeptu eta termino historikoak ulertzea eta egokiro erabiltzea.
4. Ikasgaiaren edukiak egokitasunez adieraztea eta jakinaraztea.

Zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpide espezifikoak

1. Gaiak nahiz testu-iruzkinak gehienez 5 puntu balioko dute; beraz, azken nota 0 eta 10 punturen artean egongo da.
2. Gaiaren kalifikazioa irizpide hauen arabera egingo da:
a. Galdetzen denari egokitzeko gaitasuna: 1 p.
b. Kontzeptu eta hiztegi espezifikoa ondo erabiltzea: 1 p.
c. Gaia bere testuinguruan jartzea (beste gertakizun sinkroniko batzuekin erlazionatzea): 3 p.
3. Testu-iruzkinerako
a. Testuaren kokapena (testu mota, egilea, jasotzaileak, garaia): 0,5 p.
b. Testuaren analisia: testuaren oinarrizko ideiak nabarmentzea: 1,5 p.
c. Testuinguruan jartzea: testua bere prozesu historikoan ezartzea: 2,5 p.
d. Testuaren garrantzia: kokatzen den aldi historikoa ulertzeko, testu horrek duen garrantzia adieraztea: 0,5 p.

Oharrak

Ohar hauek betetzeak asko lagunduko du bigarren zuzenketa- eta erreklamazio-prozesuan.
1. Bi galderetako bakoitzean izandako kalifikazioa argi eta garbi adierazi behar da ariketan.
2. Ariketetan izandako erroreak ere adierazi behar dira eta, egoki joz gero, aplikatutako balorazioaren irizpideen azalpen labur bat ere emango da.

Testu historiko baten iruzkina egitekoan jarrai daitezkeen aholkuak

Testu historikoak historialariek euren lanerako erabiltzen duten iturria dira. Dokumentuetan garai zehatz bateko errealitatearen zati bat dago irudikatuta eta testu horien azterketa oinarrizkoa da historia ezagutzeko.

Testu historiako baten iruzkina ondo egiteko hainbat eragiketa egin behar da: sailkatu, aztertu eta iruzkina egin.

Testuaren sailkapena

Testu historikoa adi-adi irakurri ondoren, modu laburrean sailkatu behar da, ondorengo alderdiak azpimarratuz.

  • Testuaren gaia: juridikoa (legeak, dekretuak, konstituzioak, tratatuak, itunak, kontratuak…), dokumentala (erroldak, katastroak, erlazio estatistikoak…), lekukotasunezkoak (memoriak, autobiografiak, karta pertsonalak…), narratiboak (lan literarioak, iritzi-artikuluak, kazetaritza-testuak…) edo historiografikoak (egile batek gertaera bati buruz, gero egindako azterketa).
  • Egilearen identifikazioa: zenbaitetan garbia izango da eta testua ulertzeko beharrezkoa. Dokumentuak ez badu adierazten, ondorioztatzen saiatu behar dugu. Gainera, egilearen subjektibotasuna edo alderdikeria nabarmena denean, egilearen ezaugarri biografikoak garatzea beharrezkoa izango da, egile horren ezaugarri biografikoak garatzea beharrezkoa izango da; kasu honetan egilearen aipamen laburra egingo dugu atal honetan eta ezaugarri biografikoak iruzkinean garatuko ditugu.
  • Testuaren xedea eta helburua: Testua nori zuzenduta dagoen adierazi behar da eta dokumentuak zer-nolako helburua duen.
  • Testuaren kokapena denboran eta espazioan: Azkenik, testua espazioan eta denboran kokatzea beharrezkoa izango da. Batzuetan data zehatzak ez du garrantzirik, baina testua zein garai historikotan kokatzen den adierazi behar da beti.

Testuaren azterketa

  • Testu historikoa berriro irakurri oso adi, oinarrizko ideiak azpimarratuz. Ondoren, ideia horiek modu logikoan eta hierarkikoan aurkeztuko dira eta baita testuko kontzeptuak ere; antolamendu horretan ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereizi beharko dira.
  • Era berean, testuko oinarrizko kontzeptuak argitu behar dira, terminoak, aipamenak eta egoerak azalduz; izen bereziak, instituzioak eta termino teknikoak ere argitu beharko dira.

Iruzkina

Zatirik garrantzitsuena da, bertan azterketaren atalean adierazitako testuko ideiak garai horretako gertaera historikoekin erlazionatu beharko baitira. Ondorengo urratsak jarrai daitezke:

  • Testuko gaia ulergarriagoa egiten duten aurrekariak aipatu.
  • Testua bertan ageri den gai historiko orokorrarekin erlazionatu.
  • Testuan adierazitakotik atera daitezkeen ondorioak adierazi.
  • Testuaren egilea eta bere egoera pertsonala kritikatu.
  • Testua beste iturri batzuen bidez gai horri buruz ditugun ezagupenekin konparatu.

Azkenik, garrantzitsua izango da gai orokorraren testuinguruan dokumentuak duen GARRANTZIA baloratuko duen ondorio laburra eskaintzea.

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: