8 Demokraziak eta Totalitarismoa
8.1 Demokraziak eta diktadurak gerra arteko aldian
Bi mundu gerren arteko aldian (1919-1939), Europan hasieran sistema demokratikoak ezarri ziren. Hogeiko hamarkadan sinaturiko nazioarteko akordioek, itxuraz behintzat, bake iraunkorraren oinarriak finkatu zituzten. Hala eta guztiz ere, hamarkadaren erdialdetik aurrera, estatu demokratiko asko krisian sartu eta diktadurak ezarri zituzten.
8.1.1 Demokraziaren gorakada eta krisia (Demokraziak ugaritzen, Demokrazia ez dena (2), Demokraziaren gainbehera (2))
Demokraziak ugaritzen: Lehen Mundu Gerra amaitu zuten bake itunen eraginez, Europan estatu berriak sortu ziren eta nazio independenterik gehienetan erregimen nagusia demokrazia izan zen. Gizonezkoen sufragio unibertsala ere estatu askotan hedatu zen eta, herri batzuetan, emakumeen sufragioa ere ezartzen hasi ziren.
Demokrazia ez dena
- Demokrazia zalantzan jartzen zuten joera ideologiko batzuk ere agertu ziren eta sistema parlamentarioa kritikatzen zuten, estatuaren batasuna ahultzen zuelako. Alemanian, Frantzian eta Italian ikus dezakegu hau.
- Ideologia nazionalista eta autoritario horien beste aldean ezkerreko muturra zegoen; horiek Errusiako Iraultzaren adibideari jarraituz, “proletarioen diktadura” ezartzea aldarrikatzen zuen. Alderdi komunistak ziren, alderdi sozialistetatik ateratakoak; horrek ezkerreko marxismoaren zatiketa eragin zuen eta langile mugimendua ahuldu egin zen.
Demokrazien gainbehera
- Laster bukatu zen demokrazien kopurua ugaritze hori eta demokraziek atzera eta diktadurak aurrera egin zuten: Mussolini Italian 1922an, Primo de Rivera Espainian 1923an, eta Portugalen, Grezian, Polonian eta abar ere bai. Ondorio izugarriak izango dituena Alemaniakoa izango da.
- Erregimen demokratikoek herririk garatuenetan soilik iraun zuten: mendebaldeko eta iparraldeko Europan, Ipar Amerikan, Australian eta Zeelanda Berrian.
8.1.2 Mendebaldeko demokraziak (Fr (Ek, Polit (2), Giz), Erresuma Batua (Ek, Polit, Irlanda), AEB (Kontserbadoreak, Bakartasuna (3), Ek (3))
Frantzia
- Ekonomia: Frantziari gerrak kostu itzela ekarri zion, materialen eta gizakien aldetik, Alemaniaren aurkako borrokalari nagusia izan baitzen.
- Politika
- Ezegonkortasun politikoak (1932 eta 1934 bitartean 5 gobernu izan ziren!) eta krisi ekonomikoaren ondorioek parlamentuen aurkako taldeak sortzea erraztu zuen.
- Muturreko eskuinak istilu larriak eragin zituen herrian, eta, horren eraginez, ezkerreko muturreko indarren erreakzioa iritsi zen; horrela, Fronte Popularra sortu zen, hau da, faxismoaren aurkako aliantza. Fronte Popular honek irabazi zituen 1936ko hauteskundeak.
- Langileen aldeko hobekuntzak dekretatu ziren gizartean eta lanean; baina gobernu horrek bi urteko iraupena baino ez zuen izan, eta gero, Fronte Popularra deseginda geratu zen.
Erresuma Batua
- Ekonomia: Industria zaharkitua zuen eta atzerapena eragin zion. Horrek langabeziaren gorakada eragin zuen eta 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioek, gainera, larriago bihurtu zuen egoera hori.
- Politika: Alderdi Laboristaren (sozialista) garrantzi gero eta handiagoak langileen interesen defentsa bermatzen zuen. Alderdi kontserbadorearen eta alderdi laboristaren arteko lehia baketsua izan zen.
- Irlanda: Ingelesen menpe, Irlandak gatazka larriak izan zituen, independentzia lortu nahi zuten nazionalisten eta armada nahiz polizia britainiarren artean. 1919ko hauteskundeetan, Irlandaren independentziaren aldeko diputatuek ez zuten Britainia Handiko parlamentuan parte hartu nahi izan, eta Irlandako parlamentua sortu zuten Dublinen, independentzia aldarrikatu zuen parlamentua. Erresuma Batuak hasieran indarra erabili zuen; baina 1921ean, Irlandako Estatu Askea onartu zuen. Ulsterrek (Ipar Irlanda), gehiengo protestantea zeukan eta probintzia britainiarra izaten jarraitu zuen, eta, horren ondorioz, batzuen eta besteen arteko gatazkak gaur egunera arte iritsi dira.
AEB
- Kontserbadoreak: Ekintzarik nabarmenena Lege lehorraren promulgazioa izan zen, alkoholdun edarien kontsumoa debekatuz. Beste bereizgarri bat langile mugimenduaren jazarpena eta ezkerreko erakundeen marjinazioa izan ziren.
- Bakartasuna: Hogeiko hamarkadan, nazioarteko bakartzerako joera nagusitu zen:
- Ez zuten Versailleseko ituna berretsi.
- Nazioen Elkartetik kanpo geratu zen.
- Inmigranteei sarrera mozten hasi ziren.
- Ekonomia
- Gerra Handiaren ondoren, munduko potentzia ekonomiko nagusi izan ziren eta hogeiko hamarkadako oparotasunak indartu egin zuen nagusitasun hori.
- Baina 1929ko krisi sakonak kontsumismoaren bukaera ekarri zuen eta gauzak asko aldatu ziren.
- Urte horretatik aurrea, AEBk politika sozial progresista baterantz jo zuten, 1932ko hauteskundeetan, Roosevelt presidentearekin gauzatuko zen.
8.1.3 Alemania Weimar errepublikaren garaian (Aurka (2), Weimar, Arazoak (3), Hautesk, 1933)
Aurka: 1918ko azaroaren 9an, Alemaniako Errepublika aldarrikatu zen. Baina errepublika horrek aurkaritza bikoitzari egin behar izan zion aurre.

- Espartakistek, iraultza boltxebikea sustatu zuten, baina iraultza horiek ez zuten arrakastarik izan eta buruzagi nagusiak (Roxa Luxenburg eta Karl Liebknecht) hil zituzten. Harrezkero, Alemaniako alderdi komunista indartsua Errepublika berriaren aurkakoa izan zen.
- Eskuina ere Errepublikaren aurkakoa zen, gobernari demokratak traidoreak zirelakoan, Versaillesko Ituna sinatu zutelako.
Weimar Errepublika: Izen hori jarri zioten Alemaniako erregimen demokratikoari, Konstituzio berria hiri horretan idatzi zelako.
Arazoak: Oinarri politiko mugatua zeukan (zentrokoak eta sozialdemokratak) eta arazo oso larriei egin behar izan zien aurre:
- Versalleseko Itunak zuen ospe txarra.
- 1922 eta 1923ko hiperinflazioa.
- 1929ko krisi ekonomikoa eta langabeziaren igoera.
Hauteskundeak: Krisi ekonomikoari krisi politikoa erantsi zitzaion:
- 1930eko hauteskundetan, alderdirik erradikalenek (naziak eta komunistak) botoen herena lortu zuten.
- 1932ko hauteskundeetan botoen erdia.
1933: Nazien alderdiko buruzagia; Adolf Hitler kantzelari izendatu zuten, eskuineko eta zentroko alderdiek lagunduta, horien ustez nazismoa euren aliatua baitzen komunismoaren aurkako borrokan. Kontserbadoreek beranduegi ulertu zuten naziek ez zutela agintea utziko.
8.1.4 Nazioarteko distentsioa hogeiko hamarkadan (Kalte ordainak, Berrikuspenak, NE)
Kalte ordainak: Hogeiko hamarkadan sinaturiko nazioarteko itun batzuek behin-behineko bakearen oinarriak ezarri zituzten. Baina estatuen arteko harremanak gauza batek oztopatzen zituen: Alemaniak Versailleseko itunean jasotakoaren arabera ordaindu beharreko kalte ordainak. Zama ekonomiko ikaragarri horrek ondorio oso txarrak izan zituen Alemaniako ekonomian. Kasurik larriena, izan ere, frantsesek Ruhr ibaiaren arroa okupatzea izan zen, Alemania zorrak ordaintzera behartzeko. Herriaren hondamendia osoa zen, eta, horrela, ezinezkoa zen ordaintzeko ezarritako epeak betetzea.
Berrikuspena: Alemaniaren egoera ekonomiko horren eraginez, kalte ordainen berrikuspena egin zen. Bi planek, Dawes planak eta Young planak murriztu egin zituzten Alemaniak ordaindu beharreko zenbatekoak.
NE: 1926an, Alemania Nazioen Ligan onartu zuten.
8.2 Demokraziaren porrota. Faxismoa
8.2.1 Faxismoaren ezaugarri nagusiak (Gerra arteko joera politikoak, Faxismoa, Bereizgarriak (6))
Gerra arteko joera politikoak: Europan 3 gertaera politiko nagusi izan ziren:
- Demokrazien krisia.
- Faxismoen gorakada.
- Sobietar iraultza finkatzea.
Lehenengo biak elkarri lotuta daude, demokrazien gainbeherarekin batera faxismoaren eta diktaduren hedapena iritsi baitzen.
Faxismoa: Hitza Mussolinik 1919an sortutako erakunde politikotik dator: Fasci Italiani di Conbattimento. Izen hori antzeko esperientziei ere aplikatu zitzaien, eta, azkenean, horren bidez, Mussolinik sortutako erregimenaren eta mugimenduaren antzekoak izendatzeko erabili zen.
Bereizgarriak
- Nazionalismo erradikala, sarritan gerraren bat galdu duten herrien nazionalismoa izaten da, edo eurei dagokiena ez lortzeagatik haserre dauden herrien nazionalismoa. Italiaren kasuan, faxismoa Gerra Handian eurek nahi zutena ez lortzearen ondoriozko haserrean oinarritu zen; Alemaniaren kasuan, bestalde, Versailleseko itunak sortutako haserrean euskarritu zen. Muturreko nazionalismo horren hurrengo pausoa inperialismoa zen.
- Faxismoa parlamentuaren eta liberalismoaren aurka agertzen da. Bere ustez, sistema demokratikoek herritarren arteko banaketa sustatzen dute, eta, horrenbestez, herriaren ahultasuna dakarte. Indibidualismo liberalaren aurrean, faxismoak gizabanakoaren otzantasuna bultzatu eta horrek askatasuna ukatzea sustatzen du. Ideologia horren arabera, gizabanakoak Estatu diktatorialaren menpe daude, eta Gobernua elite batek zuzendu behar du.
- Ideia horietan oinarrituz, faxismoaren printzipiorik larriena sortu zen: arrazismoaren justifikazioa, hau da, lehenengo eta bigarren mailako pertsonak egotearen justifikazioa.
- Faxismoa ez da arrazoiaz eta intelektualez fidatzen, eta herrien sentimenduetan eta fanatismoan euskarritzen da.
- Kezka sozialak ere baditu, eta buruzagirik gehienak herri xehekoak dira, baita militanterik gehienak ere.
- Faxismoak buruzagitza absolutuaren alde egin zuen eta buruzagiaren indarra horren nortasunaren gurtzan oinarritzen zen, eta, horretarako, propaganda eta edozein kritikaren debekua erabiltzen zituen.
8.2.2 Italia Gerra Handiaren ostean (Arazoa, Krisiak, Alkandora Beltzak, Nagusiak, Alderdi Nazional Faxista)
Arazoa: Nahiz eta aliantza garailearen barruko kidea izan, Italia haserre irten zen Gerra Handitik. Gerran sartzeko era guztietako promesak egin zizkioten arren, lurralde hedapenari buruz zituen itxaropenak ez ziren bete. Biztanlerik gehienek galdutako gizakiek eta materialek ez zutela beharrezko konpentsaziorik jaso uste zuten.
Krisiak: Krisi moral horrekin batera, egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala oso larria zen eta horrek sistema demokratikoaren aurkako kritikak eragin zituen. Egoera ekonomikoa oso txarra zen, eta, soldatek produktuak eskuratzeko ahalmena galtzean, langabeziaren gorakada ere kontuan hartuta, langileak eta sindikatuak protestatzen hasi ziren. Italian, 1919an eta 1920an, grebak, hirietako altxamenduak, fabriken okupazioak, landa inguruko lurren okupazioak eta matxinadak egon ziren. Gizartearen barruko krisia gero eta handiagoa zen, eta ehunka hildako egon ziren langileen eta polizien arteko gatazketan.
Alkandora Beltzak: Benito Mussolini, sozialista izandakoa, Italiak Gerra Handian parte hartzearen aldekoa zen. 1919an Fasci Italiani di Combattimento izenekoa sortu zuen eta alderdi horretako kideei, janzkeraren kolorea zela-eta, “alkandora beltzak” esaten zieten. Hasieran, Mussoliniren ideiek oihartzun mugatua izan zuten baina alderdiko militanteak, “eskoadrakoak“, oso aktiboak ziren ezkerreko mugimendu sozialen (sozialistak eta komunistak) aurkako gatazketan, eta eraso bortitzak egiten zituzten grebalarien, manifestarien eta ezkerreko egoitza sindikalen nahiz politikoen aurka.
Nagusiak: Errusiako Iraultza sorberriaren adibideak eta langileen mugimenduak beldurra eragiten zuen erdiko eta goiko klaseetan eta, horien ustez, eskoadrakoek tresna egokia osatzen zuten langile mugimendua geldiarazteko eta ordena publikoa berrezartzeko.
Alderdi Nazional Faxista: 1921ean, fascio zeritzenetatik Alderdi Nazional Faxista sortu zen, muturreko programa politikoarekin eta alderdi horrek berehala lortu zuen patronalaren finantziazioa eta erdiko klaseen laguntza politikoa.
8.2.3 Mussolinik agintea eskuratu (Erromako Martxa, Demokrazia, Matteotti, Ezkerreko protestei erantzuna, Estatu faxistaren oinarriak (4), Alderdi Nazional Faxistaren tresnak (4))
Erromako Martxa: Alderdi faxistaren indarra gero eta handiagoa zela ikusita, eta gizarte talde indartsuen laguntzak kontuan hartuta, Mussolinik agintea eskuratzeko mehatxua egin zuen. 1922ko urriaren amaieran, militanteek Erromako Martxa egin zuten, Gobernua ordena segurtatzeko gauza ez zela eta Italiako politikari berriak behar zirela esanez. Gobernua faxisten ekintzei aurre egiten saiatu zen, baina Viktor Emanuel III.ak ez zion horretarako baimenik eman. Hori ikusita, Gobernuak dimititu egin zuen, eta erregeak Mussolini lehen ministro izendatu zuen. Mussolinik, agintea eskuratzeko prozesuan, Koroaren eta Armadaren babesa izan zuen.
Demokrazia: 1924 arte, Mussolinik itxuraz legalitate demokratikoa mantendu egin zuen, baina apurka-apurka, diktadura bihurtzen ari zen.
Matteotti: 1924an hauteskundeetarako deia egin zuten eta Mussolinik botoen %65 lortu zuen. Matteotti diputatu sozialista zen eta zenbaketaren faltsukeria salatu zuen. Handik egun batzuetara, bahitu eta hil egin zuten. Horrela, faxismoari gero eta oposizio gutxiago egingo zitzaion.
Ezkerreko protestei erantzuna: Ezkerraren protestaren ondorioz, Mussoliniren posizioa kolokan geratu zen, baina horrek, berriro ere, erregearen babesa izan zuen. Mussoliniren erantzuna bere agintea indartzea izan zen, eta, prozesu horren ondorioz, 1926an diktadura finkatu zuen: alderdi politikoak abolitu, prentsan zentsura gogorra ezarri eta aurkari politikoak jazarri egin zituen.
Estatu faxistaren oinarriak
- Estatu totalitario izena eman zion, guztiena eta guztientzat zelako.
- Liberalismoa eta marxismoa baztertuz, hirugarren bidea izan nahi zuen.
- Erromatarren Inperioaren herentzia historikoa berpiztu zuen, Italia berriaren handitasunaren erakusgarritzat, eta aginte absolutuaren iturburua izan zen.
- Ducek beti dauka arrazoia zen irizpide eztabaidaezina.
Alderdi Nazional Faxistaren Tresnak
- Erakunde faxistak Estatuko erakunde bihurtu ziren eta administrazio osoa kontrolatu zuen, beste alderdi batzuetako militanteak eta aldekoak bertatik urrunduz. Alderdia eta Estatua nahasi egiten ziren.
- Propaganda indartsuaren eta hezkuntza kontrolatzearen bidez, faxisten idealak gazteen artean zabaltzen zituzten.
- Erakunde berrien eraginez, herritarrik gehienak gazteriari, kirolari, aisialdiari eta abarri lotutako erakundeetan sartzen ziren.
- Ados ez zeudenak jazarri egiten zituzten, polizia politikoaren edo auzitegi berezien bitartez, eta, azkenean, espetxean sartzen zituzten, edo urruneko eskualdeetara edo erbestera bidali.
8.2.4 Faxismoaren lana (Legitimatu nahia, Ek (3), Giz (3), Letraneko Itunak (5), Balorazioa)
Legitimatu nahia: Faxismoak gizartearen onespena lortu nahi zuen, herrian adostasun zabala zuten neurriak ezarrita. Mussolinik Italiako herriaren aurrean bere burua legezkotzat hartzea nahi zuen, hobekuntza ekonomiko handiak eragiteko moduko kudeaketa eraginkor baten bidez.
Ekonomia
- Herrilan handiko politika aplikatu zuen, Italiak galdutako handitasuna berreskuratzeko asmoz: autobideak, eraikin handiak, eskualde osasungaitzen saneamendua, trenbide sarea hobetzea, hiriak egitea (adibidez, Latina), eta abar.
- Industria sustatu zuen, atzerriko lehiaren aurkako babes neurriak eta autarkia eta bertako produkzioaren garapena aplikatuz.
- Hala eta guztiz ere, bizi-mailak behera eta langabeziak gora egin zuen.
Gizartearen arloan
- Korporatibismoa, hau da, nagusien eta langileen arteko adostasun doktrina. Estatua gatazken bitartekaria zen, eta, horrela, bi gizarte indarren arteko liskarrak gainditu nahi zituen.
- Egia esan, korporatibismo hori dela medio, langileen klasea ekintza sindikalik gabe geratu zen.
- Hala ere, erregimen faxistak langileen artean ospea lortzea ahalbidetu zioten neurri sozialak sartu zituen: gizarte segurantza, laneko oporrak, aisialdirako jardueretan ziharduten erakundeak eta abar.
- Faxismoaren lehenengo arrakastetariko bat Vatikanoarekin 1929an Letraneko Itunak sinatzea izan zen. Akordio horien bitartez, 1870ean, Italiako erreinuak Eliz Estatuak okupatu zituenean piztutako Italiarekin eta Vatikanoaren arteko liskarrak amaitu ziren.
- Letraneko Itunetan, Aita Santuari Vatikanoko estatu berrian zeukan subiranotasuna onartu egiten zitzaion.
- Gainera, Elizari lurraldea galtzeagatik konpentsazio ekonomikoa ematen zitzaion eta hezkuntzan eginkizun garrantzitsua onartzen zitzaion.
- Akordio horri esker, Mussolinik italiar katoliko asko bereganatu zuen.
- Hala eta guztiz ere, popolari zeritzenen alderdi katolikoa erregimenaren kontra zegoen, eta Mussolinik euren aurka eskoadretakoak bidaltzeko mehatxua egin zuen, baldin eta Vatikanoak erakunde katolikoen kritikak amaitzen ez bazituen.
Balorazioa: Hogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, diktadura faxista sendo finkatuta zegoen, eta Mussoliniren nazioarteko politika herri askok onartzen zuten. Baina Italiaren betiko ahultasun ekonomikoa ez zen gainditzea lortu eta herrilan handien eta erregimenarekiko atxikipen adierazpen zaratatsuen atzean, herri atzeratu eta garapen ekonomiko urrikoa ezkutatzen zen. Muga horiek handik urte batzuetara geratu ziren agerian, Italia Bigarren Mundu Gerran sartu zenean.
8.3 Nazismoa
8.3.1 Hitler eta nazismoa (Alderdia, Kolpea, Nire borroka (8), Arrakasta)
Alderdia: Alemaniako Langileen Alderdi Nazional Sozialista (alderdi nazia) 1920an sortu zen eta eskuineko mutur nazionalistaren barruan zegoen. Adolf Hitler alderdiko buruzagi nagusia izan zen, 1921etik aurrera.
Kolpea: 1923an, naziak estatu kolpea ematen saiatu ziren, baina ez zuten arrakastarik lortu. Hitlerrek bost urteko kartzela zigorra jaso zuen, nahiz eta espetxean bederatzi hilabete soilik igaro.
Nire borroka: Kartzelan egon zen bitartean, Mein Kampf (Nire borroka) liburua idatzi zuen, bere ideia politiko nagusiak laburbiltzen zituen liburua:
- Nazionalismoa.
- Versailleseko ituna baliogabetzea.
- Arrazismoa.
- Antisemitismoa.
- Espantsionismoa. Nazio alemaniarraren iraupenerako beharrezkoa zen bizi espazioaren konkista.
- Liberalismoaren mesprezua eta sozialismoarekiko nahiz komunismoarekiko gorrotoa.
- Estatu zentralizatua.
- Buruzagi karismatikoa: Führerra.
Arrakasta: Hogeiko hamarkadan alderdi nazia gehiago ezagutzen zuten Asaltoko Atalek komunisten, sozialisten eta juduen aurka aplikaturiko bortizkeriagatik, hauteskundeetan ateratako emaitzegatik baino. Baina 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioz, nazismoak gero eta atxikipen gehiago lortu zuen. Atxikipenik gehienak erdiko klaseetan lortu zituen, krisi ekonomikoaren ondorioz klaseok hondamendian baitzeuden. Langileen eta burgesiaren artean ez zuen atxikipen handirik lortu, azken horrek alderdia eta horren buruzagia gorrotatzen zituelako, baldarrak zirelakoan, baina ezkerraren aurkako tresna erabilgarritzat hartzen zituen. Hala eta guztiz ere, industrialari handien artean nazismoak laguntza ekonomiko garrantzitsuak lortu zituen.
8.3.2 Hitlerrek agintea lortu (6)
Bi urte bete baino lehen, 1933 eta 1934 bitartean, Hitlerrek Alemaniako erregimen demokratikoa diktadura bihurtu zuen:
- Errepublikako presidenteak kantzelari izendatu zuen; Hitlerren lehenengo gobernuan, ministro kontserbadoreen gehiengoa zegoen, eta naziek bi ministerio soilik izan zituzten, baina horietako bat oso garrantzitsua: Barne Ministerioa.
- Gobernu berriak hauteskunde orokorretarako deialdia egin zuen berehala. Hauteskunde kanpainan, su eman zioten Parlamentuaren (Reichstag) eraikinari. Horren errua komunista holandes bati leporatu zioten, eta, horren eraginez, oposizioaren aurkako kanpaina bortitza hasi zen, batez ere alderdi komunistaren aurkakoa, alderdi horretako militante asko atxilotuz. Gaur egun badakigu sua naziek eurek piztu zutela.
- Otsailaren 28an, Nazioa eta Estatua Babesteko Dekretua promulgatu zuten, eta horrek aginpide handia eman zien poliziei. Horixe izan zen Hitlerren diktaduraren lehenengo legea.
- Martxoaren 23an, Parlamentuak erabateko aginteak eman zizkion Hitlerri lau urterako. Diktaduraren bigarren legezko oinarria izan zen. Ezkerreko alderdi politikoak debekatu eta alderdi moderatuak deseginda geratu ziren. 1933ko ekaineko lege batean, alderdi nazia baimendutako bakarra izan zen.
- Hitlerren aginte absolutua finkatzeko hurrengo urratsa langileen bizi baldintzak hobetzearen aldeko buruzagi naziak ezabatzea izan zen; horrela buruzagi kontserbadoreak, industrialariak eta Armada pozik gelditu ziren 1934ko ekainaren 30ean Labana Luzeen gaua izan zen eta Asaltoko Ataletako 300 kide eta Hitlerren aurkari batzuk hil zituzten.
- 1934ko abuztuan, Hindenburg presidentea hil zen eta Hitlerrek bere gain hartu zituen kantzelariaren eta presidentearen eginkizunak. Ordutik aurrera, aginte absolutua izan zuen. Alemaniako Demokraziaren heriotza izan zen.
8.3.3 Nazien diktadura (Ekintzak (5), Antisemitismoa (6))
Ekintzak
- Administrazioa aurkaririk gabe eta alderdi naziaren kontrolpean geratu zen berehala.
- Hitler armadaren buru bihurtu zen eta ofizialek leialtasun zina egin behar zuten bere aurrean.
- Oposizioa ezabatu eta bertako buruzagiak atxilotu edo erbesteratu egin ziren.
- 1933an, lehenengo kontzentrazio esparruak egin ziren, eta, horietan, oposizio politiko eta sindikaleko buruzagiak sartu zituzten.
- Gestapo zen Estatuaren polizia sekretua eta SSek alderdiaren Asaltoko Atalen ordezko polizia militarra. Biak jardun zuten askatasun osoz, benetako estatu poliziala ezarriz. Himmler, SSen eta Gestaporen burua, Reicheko polizia guztien buru izendatu zuten.
Antisemitismoa
Ideologia naziaren oinarrietako bat izan zen. Erregimen berriaren eginkizun nagusienetariko bat arrazaren garbitasuna bermatzea zen, gutxiengo etnikoak baztertuz, batez ere juduak, nazien ustez, Alemaniaren gaitz guztien errudunak juduak baitziren. Berehala, juduen aurkako jazarpen sistematikoa hasi zen:
- Juduen saltokien aurkako boikota egin zen.
- Judu guztiak administraziotik nahiz unibertsitateetatik kanpo gelditu ziren.
- Nuremberg-eko 1935eko legeek arioen eta juduen arteko ezkontzak debekatu zituzten.
- Ordurako juduek galduta zuten naziotasun alemana.
- 1938ko amaieran, judu batek diplomatiko aleman bat hil zuen Parisen eta, hilketa hori aitzakiatzat erabilita, juduen aurkako jazarpen erraldoia hasi zen: kristal apurtuen gaua.
- Juduen egoera okerrera zihoan: 1939an, 200.000 juduk ihes egin zuten Alemaniatik, besteak beste, zientzialari, pentsalari eta artista aleman onenetariko batzuk: Einstein zientzialaria, Thomas Mann idazlea eta ospe handiko artistak. Eta Alemanian geratu ziren 300.000 juduek holokaustoa deritzona jasan zuten, Bigarren Mundu Gerran.
8.3.4 Gizartearen kontrola (6)
- Berehala egin zen gizarte taldeen banaketa eta Führerrari obedientzia itsua derrigorrezkoa zen.
- Hitlerren gazteriak, sexuaren eta adinaren arabera banatuta, mutilen eta nesken heziketaz arduratzen ziren; kirola eta jarduera paramilitarrak, berriz, arioen arrazaren ustezko nagusitasunaren adierazpenak izan ziren.
- Sindikatuak desegin ondoren, Lanaren Frontea sortu zen; bertan nagusiak eta langileak sartzen ziren, eta fronte hori Alemaniako langileen mugimendua zorrotz kontrolatzeko tresna izan zen, mugimendu horrek errebindikazio tradizio luzea eta sendoa baitzuen.
- Ekonomia arloan, nazismoak gizarteak onartzea erraztu zuten arrakasta batzuk lortu zituen. Ekonomia suspertzeko, dirigismo gogorra erabili zen, autarkia edo buruaskitasun ekonomikoa lortu ahal izateko. Suspertzea, batik bat herrilan handietan eta armamentu industriaren hazkunde ikusgarrian oinarritu zen; hazkunde hori militarizazio berriko politikaren ondoriozkoa izan zen, nahiz eta Versailleseko itunak politika hori debekatu. Horren ondorioz, langabezia murriztu egin zen, eta soldadu kopuruak izandako gorakada handia ere lagungarria izan zen horretarako. Langileak sindikaturik eta greba eskubiderik gabe geratu ziren.
- Nazismoaren berrikuntza nagusietariko bat propagandaren erabilera izan zen. Propaganda eta Informazioko ministroa Goebbels izan zen, eta horrek komunikabideen erabateko kontrola zeukan; prentsa, irratia eta dokumental zinematografikoak erabili zituen, biztanleriaren pentsamendua bateratzeko eta alderdiaren nahiz Führerraren jarraibideen menpe jartzeko.
- Kulturaren eta artearen arloko jarduerari ere zentsura ezarri zitzaion, baita bizitza intelektualari eta hezkuntzari ere. Gazteria aleman berriak arioa eta nazionalsozialista izan behar zuen. Juduak eta erregimenaren aurkariak unibertsitateetatik kanporatu ziren. Liburu arriskutsuak liburutegietatik desagertu ziren; arte modernoko obrak museotatik atera ziren. Alemania osoan, otzantasun eta jazarpen erregimena ezarri zen.