RSS

Category Archives: Munduko Historia Garaikidea

2016 – 1757ko gutunak euskaraz

About Basque Countryk atera du gaia:

Gerrak, euskal marinelak, koloniak eta itsasoko nagusitasunaren aldaketaz hitz egin beharko genuke. Espainia eta Portugal superpotentzia izan dira lehen, baina Ingalaterra da nagusi orain.

Euskal ikerlari batzuen lana izan da 50 gutunak agerian utzi dituena. Lapurteraz idatzitako gutunak dira eta Le Dauphin ontzian zeuden 1757ko apirilaren 4an, Baionatik atera zenean Île Royale-ko Louisbourg-eko bidean, gaur egungo Cape Breton uhartean.
1757an, mundua 7 urteko gerran murgilduta zebilen. Frantziak galdu zuen gerra hura eta gaurko Kanadaren lurraldeak eman behar izan zizkion Britainia Handiari 1763an. Baina, 1757an, Louisbourg frantsesen esku zegoen oraindik eta euskal marinel franko zeuden han. Haientzako ziren historia honetako gutunak, baina ez ziren sekula haiengana iritsi. Zergatik?
Britainiarren 3 ontzik gerarazi zuten Le Dauphin eta gutunak eta gainontzeko dokumentazioa britainiarren artxibategien esku geratu ziren 300 urtez.
Altxorra aurkitu duten 3 euskaldunak EHUko Xabier Lamikiz eta Manuel Padilla dira eta L’Université de Pau et des Pays de l’Adourreko Xarles Videgain. Haiei esker dakigu:
  • Euskara orain 250 urte baino lehenagotik komunikazio-bide izateko gaitasuna zuen hizkuntza zela.
  • Euskara ohiko hizkuntza zela biztanlegoen artean.
  • Oinarri-oinarrian, ordungo euskara eta oraingoa antzekoak zirela oso.

Lana Lapurdum aldizkarian argitaratuko dute laster.

Esan bezala, About Basque Countryk atera du gaia.

Advertisements
 

2016-Historia Batxi1-Kalifikazioa

https://prezi.com/embed/ad7bl1dilruq/?bgcolor=ffffff&lock_to_path=0&autoplay=0&autohide_ctrls=0&landing_data=bHVZZmNaNDBIWnNjdEVENDRhZDFNZGNIUE43MHdLNWpsdFJLb2ZHanI0MjdweVMwVHc1RzlVQ2ZSaHY5VnAxVzBnPT0&landing_sign=_dW0IbssGo2PMn7dzivuKwYkRsGNJPw5dKxMA6_Yfuw

 
Erantzunak desaktibatuta daude 2016-Historia Batxi1-Kalifikazioa sarreran

Posted by on 2016/09/10 in Munduko Historia Garaikidea

 

MUNDUKO HISTORIA GARAIKIDEA: Programazioa, edukiak…

1 HELBURU OROKORRAK

Mundu Garaikidearen Historia ikasgaiaren helburuak honako hauek dira etapa honetan:

  1. Mundu garaikidearen historiako gertakari eta gertaera garrantzitsuak aztertu, azaldu eta denboran eta espazioan behar bezala kokatzea, prozesu historikoan duten esanahia eta gaur egun dituzten ondorioak balioesteko.
  2. Historia hurbila osatzen duten prozesu ekonomiko, demografiko, sozial, politiko eta kultural nagusiak ulertzea eta, horretarako, haiei lotutako hainbat faktore aztertzea, ezaugarririk esanguratsuenak identifikatzeko.
  3. Ikuspegi lokalistak eta eurozentristak gaindituz oraingo egoeren eta arazoen analisia erraztuko duen mundu garaikidearen ikuspegi orokor bat eskuratzea, eta, horretarako, egoera eta arazo horien aurrekari historikoak zein elkarrekiko mendekotasuneko loturak kontuan hartzea.
  4. Historiaren kontzeptuak, terminoak eta oinarrizko teknikak behar bezala erabiltzea, hainbat informazio aztertu, konparatu eta bateratzea, eta ikerketa historikoko lanak egitea (bakarka edo taldean), lehen eta bigarren mailako iturri historikoen garrantzia eta historialarien lana balioesteko.
  5. Ikasgaiaren berezko edukiak ahoz zein idatziz behar bezala adierazi eta komunikatzea eta hainbat hizkuntza eta euskarritan adierazita dauden datu eta informazio historikoak hautatu eta interpretatzea, aztertutako prozesu historikoak behar bezala ulertzeko.
  6. Datu historikoak biltzea eta, horretarako, denboran orientatzeko kategoriak (iragana, oraina eta etorkizuna), denbora-posizio erlatiboak (segida, aldiberekotasuna, diakronia, sinkronia), iraupenak (faktikoa, koiunturala, egiturazkoa, iraupen laburreko, ertaineko edo luzeko fenomenoak) eta denbora-neurriak (denbora-unitateak, denbora eta kronologia historikoa) erabiltzea, gizarteen bilakaera historikoa ordenatu eta sintetizatzeko.
  7. Gizarte-arazoen aurrean (eta, bereziki, giza eskubideak, bakea eta desberdintasuna -alderdi guztietan- eraginpean hartzen dituzten arazoen aurrean) sentsibilitatea eta erantzukizuna garatzea, jarrera demokratikoak, tolerantzia-jarrerak eta parte-hartzea bultzatzen dutenak hartzea, eta irizpide-independentzia eta zorroztasun intelektualeko ohiturak eskuratzea.
  8. Fenomeno historikoak zuzentzen dituzten prozesu eta mekanismoak aztertzea, eta egungo gizarteen bilakaeraren arrazoi ugariak ulertzea, historiaren ikuspegi orokor, arrazoitu eta kritiko bat izateko.
  9. Egungo gizarteen irudi plural eta integratzaile bat lantzea eta gizarte horien barne-heterogeneotasuna balioestea, haien bilakaera historikoaren ikuspegi orokor bat izateko.
  10. Hainbat iturritatik lortutako informazioa bilatu, hautatu, interpretatu eta lotzea, eta historiaren berezko tresnen arabera komeni den bezala tratatzea, prozesu historikoak azalduko dituzten hipotesiak lantzeko.

Helburu orokorrak Historia 1. mailan

  • Mundu garaikidearen historiari dagozkion gertakari aipagarriak denboran eta espazioan behar bezala lekutuz azaldu eta aztertzea, historiaren prozesuan duten esanahia eta orainaldiarekiko ondorioak baloratuz.
  • Azkenaldiko historia itxuratzen duten ekonomia, demografia, gizarte, politika eta kulturari dagozkien prozesu nagusiak ulertu, ezaugarri adierazgarrienak antzemanez eta osagarri izan dituzten faktore anitzak aztertuz.
  • Informazioa identifikatzea, lortzea, gordetzea eta berreskuratzea.
  • Informazio-iturrien eta informazioaren beraren egokitasuna ebaluatzea.
  • Informazioa ulertzea (alderatzea, sailkatzea, sekuentziatzea, aztertzea eta laburtzea), buruz ikastea eta adieraztea (deskribatzea, definitzea, laburtzea, azalpenak ematea, etab…).
  • Informazioa balioestea eta adieraztea (argudioak azaltzea, arrazoiak ematea, etab.).
  • Historiografiak finkatutako oinarrizko kontzeptuak eta terminologia behar bezala erabiltzea eta arakatze eta laburbiltze lanak burutzea, informazioa aztertu eta iturburu eta historialarien zeregina baloratuz.
  • Gizarte arazoen aurrean, giza eskubideak eta bakea, ingurugiroaren babesa eta ezberdintasuna bere alderdi guztietan ukitzen dituzten horien aurrean batez ere, sentsibilitatea eta erantzukizunaren zentzua garatzea, jarrera demokratiko, tolerantziazko eta partaidetzazkoak hartuz.
  • Gizarteari buruz norberak dituen ideiak eztabaidatzea eta kritikoki sakontzea, informazio berria kontuan hartuz, estereotipoak eta aurreiritziak zuzenduz eta azterketa historikoa etengabe berregiten den prozesu gisa hartuz.
  • Datorren ikasturtean emango den Espainia eta Euskal Herriko Historia Garaikiderako oinarri finko batzuk lortzea nahiko genuke.
  • Ikasteko teknika bat hartzea izango da helburu nagusienetakoa eta eskemak egin eta erabiltzea.
  • Andres Urdaneta ordiziarraren irudia lantzea; Historia Garaikidean kokatzen ez den arren, berak aurkitutako itzulbidaiaren ondorioak gaur egun arte luzatu direnez, gure herrian jaiotako pertsonaia hori ezagutzea eta munduan kokatzea.
  • Historia Garaikidearen oinarrizko kontzeptuak zuzentasunez erabiltzea eta hainbat teknika era egokian erabiltzea.
  • Edukiak ahoz zein idatziz behar bezala adieraztea eta komunikatzea eta proposatuko den euskarrian dauden datu eta informazio historikoak hautatu eta interpretatzea, aztertutako prozesu historikoak behar bezala ulertzeko.
  • Ideiak, zereginak eta proiektuak planifikatzea, eta haien bideragarritasuna aztertzea.
  • Egindako plangintza betetzea eta, beharrezkoa baldin bada, hura doitzea.
  • Plangintzaren eta egindako lanen ebaluazioa egitea eta hobekuntza-proposamenak lantzea.
  • Lortutako emaitzaren berri ematea.
  • Taldean ikasteko lanetan laguntzea eta elkarlanean aritzea.
  • Giza eskubideak eta gizarteko konbentzioak errespetatzea.
  • Gatazkak kudeatzea.
  • Norberaren gorputza, emozioak, alderdi kognitiboa, jokabide morala, motibazioa eta gogo-indarra erregulatzea.
  • Espazioan eta denboran kokatzea Mundu Garaikidearen Historiako prozesu eta gertakari nabarmenak, eta horien osagai diren alderdi ekonomikoak, sozialak, politikoak eta kulturalak ulertzea eta elkarrekin lotzea.
  • Kausa askotarikoak eta aldaketa eta bilakaerako prozesuak identifikatzea eta ulertzea.
  • Informazioa bilatzea, lortzea eta hautatzea iturri askotatik (agiri historikoak, historiografiako testuak, iturri ikonografikoak, datuak, mapak, prentsa, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, etab.).
  • Arduraz eta ikuspegi kritikoz tratatzea eta erabiltzea gai bati buruz lortutako informazioa.
  • Historiako gertakari edo prozesuren baten gaineko zenbait interpretazio historiografiko aztertzea, eta ikuspuntu ezberdinak kontrastatzea.
  • Gizonek eta emakumeek Historiaren eragile modura izan duten rolaren balorazioa.
  • Historian zehar emakumeek eskubide berdinak izatearen aldeko borroka ezagutzea eta baloratzea.
  • Ikerketa eta sintesiko lanak egitea, eta horretan, iturri askotako informazioak uztartzea, aztertzea, kontrastatzea eta emaitzak modu egituratu batean aurkeztea, hizkuntza zuzen erabilita eta terminologia zehatza baliatuta.
  • Iraganarekiko interesa eta jakin-mina izatea, oraina ezagutzeko, interpretatzeko eta ulertzeko, eta etorkizuna iragartzeko.

2 EDUKIAK

1. Kontzeptuzko edukiak

Andres Urdaneta

1. multzoa. Antzinako Erregimena eta Mundu Garaikidearen eraikuntza

1. gaia: Industria Iraultza
2. gaia: Erregimen Zaharraren krisia
3. gaia: Iraultza burgesak eta mugimendu nazionalak
4. gaia: XIX. mendeko gizartearen aldaketak eta Langile Mugimendua

2. multzoa: Inperialismo garaia

5. gaia: Lehen Mundu Gerra
6. gaia: Errusiako Iraultza. SESB

3. multzoa: Europaren Hegemonia amaitu

7. gaia: Lehen Mundu Gerraren ondorengoa
8. gaia: Demokraziak eta totalitarismoa (1919-1939)
9. gaia: Bigarren Mundu Gerra

4. multzoa: mundua 1945etik aurrera

10. gaia: Gerra Hotzaren garaia

2. Prozedurazko edukiak

  • Mundu mailako arazo ekonomiko, sozial eta kulturalak aipatzea, eta horien kausa, eboluzio eta litezkeen ondorioei buruzko azalpenezko hipotesiak formulatzea.
  • Aldakuntza prozesuren batean eragina izan dezaketen faktoreak aztertzea, beren garrantzia baloratuz, eta maila guztiak barne hartuko dituen ikuspegi orokor batean bilduz.
  • Iraunaldi luze eta laburreko kausak eta gertakari historikoetan, gatazka eta prozesuetan esku hartzen duten norbere eta taldeko motibazioak antzeman eta elkar bereiztea.
  • Hainbat sistema ekonomiko, sozial, politiko eta kulturaletan antzekotasunak eta ezberdintasunak alderatu eta aztertzea eta sistema horiek irautearen edo aldatzearen arrazoiak azaltzea.
  • Egunerokotasunean erabiliz, aurrerapen digitaletara hurbiltzea.
  • Dokumentu historikoetara eta adibide errealetara hurbiltzea.
  • Bakarkako lanak egitea, gero denon eskura egongo den euskarazko materiala sortuz: liburutegiaren antolaketa, genealogia arbola egitea, kontzeptuen euskarazko hiztegia osatzen laguntzea…
  • Aurkezpenak egiten ikastea, bai taldeari eta bai adinez txikiagoak diren ikasleei.

3. Jarrerazko edukiak

  • Lehen eta bigarren mailako iturburuak erabili eta interpretatzerakoan zehatza eta objektiboa izatea.
  • Baliabiderik ez duten herrialde, eskualde eta pertsonekiko enpatia eta elkartasuna erakustea, eta taldeen edo norbanakoen zapalkuntza eta ustiapena gaitzestea.
  • Injustizia eta desberdintasun egoerez jabetzea eta baztertutako sektoreekiko laguntzazko jarrera hartzea.
  • Gureak ez bezalako ideiak eta ohiturak dituzten pertsona, gizarte eta herrialdeekiko enpatiazko eta tolerantziazko jarrerak garatzea, aniztasuna eta desberdintasuna  aberastasun gisa baloratu eta ulertzea, eta gatazkei irtenbide emateko bide gisa tolerantzia eza eta gerra gaitzestea.
  • Giza eskubideak positiboki baloratu  eta sexua, arraza, nazionalitatea, erlijioa, sinesmena edo beste edozein zirkunstantzia sozial edo pertsonal dela eta, edozein bereizkeria aktiboki gaitzestea.
  • Aurrerapen digitalen garrantziaz jabetu eta erabilera orokortzea.
  • Jakinmina piztu, kontzeptu eta pertsonaien inguruko ezagutza nahia zabaltzea.
  • Partaidetza aktiboa sustatzea, denon artean egin eta ikasi dezakegun ideia barneratuz.
  • Denon eskura egongo den euskarazko materiala sortzearen garrantziaz jabetzea.

3.  Funtzionamendua eta metodologia

  • Apunteez osatutako liburuxkarekin funtzionatuko dugu.
  • Aldi berean, apunte horiek interneten zintzilikatuta egongo dira, edonork etxetik kontsulta ditzan eta, pixkanaka, osatzen joango gara.   
  • Ikasteko teknika bat eman nahi zaie ikasleei eta horregatik lanketa sistematizatu bat jarraituko da:
    • Datorren gaiaren aurrebaluazioa egingo da lehenengo.
    • Gaiaren aurretik irakasleak aurkezpen bat egingo du proiektorean.
    • Irakasleak apunteen hasieran eskema bat txertatu du.
    • Irakaslea eskemaren zati bakoitza liburuan non kokatzen den joango da esaten eta, beti eskema jarraituz, galdera bakoitzaren xehetasun nagusiak zabalduko ditu.
    • Irakasleak, beti liburua jarraituz, zabaldu egingo ditu xehetasunak, gaira hurbildu eta liburuan kokatuz.
    • Irakasleak elkarrizketa sustatuko du, galderak egin, hainbat gauza komentatu…  eta ikasleek arkatzez hartuko dituzte apunteak alboan edo post-it batean. Benetako mamia hartzea dugu helburu.
    • Galdera guztiak horrela landu eta gero, gaia bukatzen denean, irakasleak gai osoa errepasatuko du, ideia nagusiak bilduz.
    • Hau egin eta gero, “abisatu gabeko kontrola” dator, ondo baino hobeto abisatuta geratzen dena, gaia bukatzen den bezain laster egingo baita (Hori bai, astelehenetan ez!). Oinarrizko kontzeptuak hartu diren ala ez aztertzea da helburu. Galdera motzak izango dira, irakasleak azkartasunez zuzendu ahal izango dituenak. Helburuak: Irakasleak gaia gelan noraino ulertzen den jakin ahal izatea, azken errepaso bat ematea, ikasleek azken eguneraino gaia irakurri gabe ez izatea… Irakasleak kontrolak zuzendu eta gero, gaizki ulertutakoak berriro argituko dira. Kontrol honek ez du inongo kontabilizaziorik azken notan, eta pizgarri bezala erabiliko da, ikasleak ikastera motibatzeko, hemen agertutako hainbat galdera azken azterketan jarriko baita. Kontrol hau ebaluazioan baino gehiago gaiaren hausnarketan sartzen da.
      • Arlo teorikoa landu eta gero pelikulak landuko ditugu (“landu” esan dut) eta, horretarako, egun batean bi segidako orduak erabiliko ditugu. Ondoren gaiari buruzko elkarrizketa egingo dugu berriro. oso aberatsa izan ohi da.
      • Genealogia zuhaitza hasiko gara egiten etaGenoomen txertatuko dugu.
      • Txandaka, aurtengo Batxi1ekoen gunea mantentzeko konpromisoa hartuko dute ikasleek.
      • Honetaz gain, ikasle bakoitzak koadernoan hartuko du parte. Proiektu honetan, bakoitzak 2 lan egingo ditu gutxienez eta efemerideen gunean aipatutako hainbat kontzeptu landuko ditu. Euskarazko Wikipedian agertzen ez diren edo pattal samar dauden kontzeptuak izan behar dute. Hasiera batean, bakoitzak bere urtemuga landu dezakeela pentsatu dut. Irakaslearekin adostuko du zein lan izan daitezkeen. Bi lan horiek ondo badaude eta saio lektiboan izandako jarrera egokia bada, ikasleak kurtso bukaerako notari erantsiko zaizkion 2 puntu lortuko ditu, azterketen batez bestekoek 8 puntu balioko dituelarik gehienez. Batez bestekoari erantsi ahal izateko, ezinbesteko baldintza da azterketek gaindituta izatea (4,5 edo gehiago den kasuetan, bereziki aztertuko da).
      • Azterketan ebaluazio bakoitzean planifikatutako gaiak sartzen ahaleginduko gara. Galdera motzak izango dira, baina baita luzeak ere; hauetan ikasleak gai bat garatzeko gaitasuna erakutsi beharko  du. Errazteko, azterketan liburuan izan dituen eskemak erabili ahal izango ditu, nahi izanez gero, ildo horri jarraituz. Galdera motzen artean aurrez kontroletan agertu direnak ere sartuko dira. Irakasleak aurrez azterketa eredua emateko konpromisoa hartuko du.
      • Ebaluazioa ez badu gainditu, errekuperazioa egin beharko du eta, hau ere ez badu gainditu, irakaslearekin adostutako beste aukera batzuk izan ditzake.
      • Nota igotzeko: Kurtso bukaeran azterketa finala egin beharko du.

4.  Denboralizazioa

  • 1. ebaluazioa: 1-2-3
  • 2. ebaluazioa: 4-5-6-7
  • 3. ebaluazioa: 8-9-10

5.  Erabiliko diren baliabideak

  • Kurtso hasieran Programa, ebaluazio bakoitzari dagokion Eskema eta apunteez osatutako liburuxka banatuko dira.
  • Historia1, Irakaslearen Batxi1erako bloga, Batxi1eko ikasleen gunea, Efemerideak, Koadernoa, Donostiako Elizbarrutiko Artxibategia www.genoom.com.
  • Markadore fosforitoak, arkatza, boligrafoa, orriak, post-itak…
  • Gai bakoitzaren kontrola.
  • Aretoa, bideo, DVD, ordenagailua eta proiektorea.
  • Testu historikoak.
  • Pelikulak eta dokumentalak: El patriota, La revolución francesa, Germinal, Farenheit, Novecento, El gran dictador, La lista de Schindler

6.  Bibliografia

  • PRATS, J. eta besteak, Mundu Garaikidearen Historia, Batxilergoa 1, ANAYA, Madril, 2008.
  • PRATS, J.eta besteak, Mundu Garaikidearen Historia, Batxilergoa 1, ANAYA, Madril, 2004.
  • Basandere taldea, Historia Garaikidea. Batxilergoa 2, Gaiak, Bilbo, 1997.
  • PRATS CUEVAS, J. eta besteak, Diccionario de Historia, ANAYA, Madril, 1986.
  • PAUWELS, J.R., El mito de la guerra buena. EEUU en la II Guerra Mundial, Hiru, Hondarrabia, 2002.

Gaiaren antolaketa eta Ebaluazio irizpideak

Ebaluaziorako erabiliko diren irizpide orokorrak eta kalifikazioak

  • 4 azterketa formal aurreikusten dira notarako eta dagozkien errekuperazioak.
  • Ebaluazio bakoitzean planifikatutako gaiak sartuko dira azterketan.
  • Lehen azterketa Andres Urdanetaren gaiari dagokio. Puntu bat balioko du azken notan eta ez du ebaluazioetan eragingo.
  • Beste hiru azterketek, 3 ebaluazioei dagokie eta batez bestekoak 8 puntu balioko ditu azken notan.
  • Falta den puntua lanen garapenetik datoz. Kurtsoan zehar eta norbanaka joango gara zehazten egin beharreko lanak.
  • Beraz, gai honen kalifikazioa horrela osatuko da:
    • 1 puntu: Urdaneta
    • 8 puntu: 3 ebaluazioen batez bestekoa
    • 1 puntu: koadernorako 2 derrigorrezko lan, Genoom, klaseko bloga…
  • Azterketan, ebaluazio bakoitzean landutakoaren araberako galderak egingo zaizkio. Aurrez eredua emango zaio. Beti sartuko dira kontroletan azaldutako galderak. Ebaluazioak ez dira lotuko eta bakoitzak bere nota eta materia mantenduko du Ez Ohiko frogara arte. Urdanetaren gaiarekin gauza bera egingo da.
  • Errekuperazioak: Azterketa hau egin aurretik, ikasleak irakaslearekin bereziki landuko du eta, hainbat kasutan, azterketa adostu ere bai. Gainditu den ala ez adieraziko da soilik, beraz, 5 edo Gu dira aukera bakarrak. Norbaitek nota nahiko balu, finalera aurkeztu beharko luke. Ez Ohikora joaten den ikasleari ez zaio lanen kontabilizaziorik egingo eta azterketa gainditzea eskatuko zaio.
  • Berez, gai hau, etengabea omen da, baina kurtso osoko azterketa final bat ez litzateke ikasle askorentzat erraza izango. Ikasturte hauetan ikasleek oso lanpetuta ibiltzen direnez, nota nahi dutenei bakarrik jarriko zaie azterketa final hori.
  • Ebaluazio bakoitza zenbaki batez baloratuko da. kurtso bukaerako batez bestekoa egiteko, hiru zenbakien batez bestekoa egingo da eta, zenbaki osoa ez balitz aterako, gorantz borobilduko litzateke. Finalaren bidez igo daiteke, soilik.
  • Irakasleak kasu bereziak aztertzeko ahalmena gordetzen du bere esku.

Ebaluazio-irizpideak eta lorpen-adierazleak

1-Mundu garaikidearen historiaren etapa handiak eta ezaugarriak identifikatzea eta denboran eta espazioan kokatzea, haien arteko aldeak eta antzekotasunak bereiztea, eta egungo munduan izan duten eragina eta oihartzuna balioestea.

  • Mundu garaikideko aro edo etapa bakoitzeko ezaugarri nagusiak aztertzen ditu.
  • Gertakari, prozesu eta pertsonaia nagusi eta nabarmenak identifikatzen ditu garai eta etapa bakoitzean.
  • Ardatz kronologikotan kokatzen ditu mundu garaikideko gertakari eta prozesu nabarmenak, eta horietan, aztertutako denboran izan diren aldaketak azpimarratzen ditu.
  • Gertakari horietako batzuk aztertzen ditu, elkarren arteko loturei, garaiko testuinguruei, ekintza indibidualei eta pentsaera eta portaera kolektiboei erreparatuta.

2-Mundu garaikidearen historiako prozesu historikorik garrantzitsuenak ezagutzea, eta gertakari politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen arteko loturak identifikatzea.

  • Garai historikoen ezaugarri ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalak bereizten ditu.
  • Dagokien garaian kokatzen ditu kontzeptu eta termino nagusiak, eta behar bezala ezartzen ditu horien arteko loturak.
  • XIX., XX. eta XXI. mendean munduan izan diren gertaera eta prozedura nabarmenen lurralde-kokapena zehazten du.
  • Prozesu historikoen alderdi askotarikoen (alderdi demografikoen, politikoen, ekonomikoen, kulturalen eta sozialen) arteko loturak egiten ditu.

3-Euskarazko Wikipedian ez dagoen edo hobetu daitekeen lan bat egitea. Gaia bakoitzaren efemeride zerrendatik aterako da.

  • Pertsonen ekintza batzuen kausak, testuinguru orokorra eta arrazoiak jakiteko interesa ageri du, eta aldaketa historikoen azalpenean txertatzen du ikasitakoa.
  • Ekimena ageri du lanak planifikatzeko eta autonomiaz iristeko hainbat informazio-iturritara.
  • Zorrotz eta objektibotasunez interpretatzen ditu iturri historikoak eta egungo informazio-iturriak.
  • Ondo informatuta egoten eta jakin-mina asetzen saiatzen da, eta jarrera kritikoa du komunikabideek eta sareak ematen duten informazioarekin eta zabaltzen dituzten mezuekin.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen ditu eta eskatutako bitartekoa erabili eta uztartzen ditu.

4-Historiaren kontzeptuak, terminoak eta oinarrizko teknikak erabiltzea, lehen eta bigarren mailako iturri historikoek betetzen duten zeregina balioestea, historialariaren lana aintzat hartzea eta jakintza historikoa etengabe lantzen ari den prozesua dela ulertzea.

  • Badaki zer ekarpen egin duten agiri jakinek historiako gertakariak eta prozesuak ezagutzeko.
  • Ikasitako garai historikoetan ageri diren kontzeptu eta termino historiko nagusiak definitzen ditu.
  • Iturri historikoak aztertzeko prozesuari erreparatuta, ulertzen du historiaren gaineko jakintza etengabe berregiten ari dela.
  • Lehen eta bigarren mailako iturriak aurkitzen ditu (liburutegietan, Interneten, etab.), informazio baliotsua hartzen du horietatik, eta ikuspegi kritikoz baloratzen du horien fidagarritasuna.
  • Lehen eta bigarren mailako iturriak komentatzen eta interpretatzen ditu, eta aurretik dakienarekin uztartzen du horien informazioa.
  • Informazio idatzi eta grafiko baliotsua lortzen eta hautatzen du lehen eta bigarren mailako iturrietatik.

5-Egoki, berezkotasunez eta modu sortzailean adierazten ditu ikasgaiaren berezko edukiak, ahoz edo idatziz.

  • Zuzen erabiltzen ditu adierazpen modu askotarikoak: idatzizkoa, ahozkoa, ikus-entzunezkoa edo digitala.
  • Adierazpen modu egokiena hautatzen du, edukiari eta hartzaileari erreparatuta.
  • Akats ortografikorik gabeko idatzi zorrotzak egiten ditu, gaiaren hiztegi espezifikoa erabilita.
  • Informazio baliotsua bilatzen du (liburuetan edo Interneten) eta bere herriko, probintziako edo autonomia-erkidegoko historiaren gai gertatu berriren bateko azalpen laburrak ematen ditu.
  • Informazioa argi eta txukun antolatuta ematen du, ikasgaiko hiztegi berariazkoa erabilita, bitartekoez-linguistikoak baliatuta, hala nola, mapak eta grafikoak, eta euskarri bat baino gehiago landuta (ahozko adierazpenak, idatziak edo grafikoak).
  • Historiografiaren kontzeptu oinarrizkoak eta termino berariazkoak erabiltzen ditu, informazio historikoa argi, txukun eta zorroztasun zientifikoz aztertzeko, interpretatzeko, azaltzeko eta transmititzeko.

6-Zenbait unitate kronologiko erabiltzea denbora historikoa grafikoki irudikatzeko eta “aldaketa” eta “iraupen” nozioak adierazteko, eta zenbait garaitan eta lurralde-eremutan erabiltzea.

  • Badaki gertaerak eta prozesuak denbora, segidan edo garai jakinean gertatzen direla (diakronia eta sinkronia).
  • Badaki kultura bat baino gehiago elkarrekin bizi zirela hainbat geografia- eremutan.
  • Historiako aro nagusiak eta garai kronologikoak bereizten ditu.
  • Modu kronologikoan ordenatzen ditu historiako gertakariak eta prozesuak, eta grafikoki adierazten ditu.
  • Ardatz kronologiko bat egiten du gidoi baten urratsak jarraituta, zenbait denbora-unitate (milurtekoak, mendeak, hamarkadak, etab.) zehazten ditu ardatz horretan, 0 urtea adierazten du, eta Kristo aurreko eta ondorengo denborak bereizten ditu.
  • Unitate kronologiko batzuk era biltzen ditu eta zuzen egiten ditu gertakari, prozesu eta garai historikoen gaineko kalkuluak.
  • Zerrenda kronologiko batean adierazten ditu antzinako bi zibilizaziotan edo gehiagotan eta garai berean izandako gertakariak eta prozesuak, eta horien arteko loturak ezartzen ditu.
  • Loturak ezartzen ditu munduko zenbait lekutan garai berean gertatuko prozesu historikoen artean.
  • Prozesu historikoen arteko sinkroniak antzematen ditu.

7-Sistema demokratikoen antolamenduaren eta erakundeen oinarri diren printzipioak identifikatzen eta azaltzen ditu, eta sistema horien garapen progresiboan eragina izan duten faktoreak eta zirkunstantzia historiko jakin batzuetan sistema horien hondamena eragin duten faktoreak aztertzen ditu.

  • Sistema demokratikoek zer bilakaera izan duten aztertzen du, parte hartzea eta askatasuna handitze aldera.
  • Sistema demokratikoak diktadura-erregimen bilakatzea eragin duten krisi- faktoreak identifikatzen ditu, eta era berean, demokrazia ezartzeko edo berrezartzeko prozesuak eragin dituztenak antzematen ditu.
  • Sistema demokratikoetako erakundeak, sistema horien antolamendu-printzipioak eta sistema horiek XX. eta XXI. mendeetan izan duten garapenaren eta bilakaeraren faktoreak identifikatzen eta aztertzen ditu.
  • Sistema demokratikoek eta diktadurek pertsonen eskubideen eta askatasunen alorrean, jardun politikorako aukeren esparruan eta gizarte-harremanen eremuan dituzten aldeak konparatzen eta baloratzen ditu.
  • Aitortzen ditu demokraziak askatasunaren eta giza eskubideen babesaren alorretan iritsi dituen lorpenak.
  • Demokraziaren garrantzia aitortzen du, zuzenbide-estatuaren garaipena, herritarren askatasun eta eskubideen babesa, eta berdintasunaren eta justizia sozialaren giza eskubideen printzipioetan oinarritutako bizikidetza-sistema bat nabarmentzen dituen aldetik.
  • Jarrera eta jokabide zibikoak ditu balio demokratikoen alde, gizartearen lorpen utziezinak diren aldetik.

8-Gertaera eta prozesu historiko garrantzitsuen arrazoiak eta ondorioak adieraztea, haien artean loturak egitea, eta ohartzea gizarte-gertakariek hainbat arrazoi izan ditzaketela.

  • Gertakari eta prozesu historikoen eta sozialen kausak ezagutzen eta sailkatzen ditu.
  • Gertakari edo prozesu historiko nabarmenetan eragiten duten faktoreetako batzuk identifikatzen ditu, zer izaera duten zehazten du eta loturak ezartzen ditu haien artean.
  • Gertakari eta prozesu historikoen epe laburreko, ertaineko eta luzeko ondorioetako batzuk zehazten ditu.
  • Kausa-efektuko harreman-kateak egiten ditu segidako hainbat gertakari edo egoera historikoren artean. Iraganari buruzko informazioak erabiltzen ditu eta konklusioak ateratzen ditu iturri dokumentalak, testu historiografikoak, albisteak, prentsa, Internet eta bestelako baliabideak aztertuta; eta ondoren, ikasi duenarekin uztartzen du hori guztia.
  • Pertsonen ekintza batzuen kausak, testuinguru orokorra eta arrazoiak jakiteko interesa ageri du, eta aldaketa historikoen azalpenean txertatzen du ikasitakoa.
  • Munduan gaur egun dauden tentsio politikoak eta sozialak aztertzen ditu, haien aurrekari historikoak eta kausak ikertzen ditu eta izan dezaketen bilakaera planteatzen du.
  • Egungo egoerak ikertzen eta aztertzen ditu, haien aurrekariak eta jatorriko kausak bilatzen ditu, eta dakiena erabiltzen du gerta daitezkeen ondorioak aurreikusteko.
  • Iraupen luze eta laburreko kausak antzematen eta bereizten ditu.
  • Historiako gertakarien kausek duten konplexutasuna antzematen du, eta baztertu egiten ditu azalpen sinplistak.

9-Hainbat informazio aztertu, kontrastatu eta bateratzen dituzten ikerketa edo sintesi historikoko lan laburrak planifikatzea eta lantzea (bakarka edo taldean), horren bidez zorroztasun intelektualeko ohiturak hartu eta finkatzeko.

  • Ikerketa eta sintesiko lanak egiten ditu, eta horretan, iturri askotako informazioak uztartzen, aztertzen, kontrastatzen eta emaitzak modu egituratu batean aurkezten ditu, hizkuntza zuzen erabilita eta terminologia zehatza baliatuta.
  • Informazioa bilatzen, lortzen eta hautatzen du iturri askotatik (agiri historikoak, historiografiako testuak, iturri ikonografikoak, datuak, mapak, prentsa, informazioaren eta komunikazio aren teknologiak, etab.). Ikuspegi kritikoz tratatzen eta erabiltzen du gai bati buruz lortutako informazioa.
  • Historiaren gaineko jakintzaren berezitasuna eta haren ondorioen behin-behineko izaera, erlatiboa, antzematen ditu.
  • Espazioan eta denboran kokatzen ditu Mundu Garaikidearen Historiako prozesu eta gertakari nabarmenak, eta horien osagai diren alderdi ekonomikoak, sozialak, politikoak eta kulturalak ulertzen eta elkarrekin lotzen ditu.
  • Kausa askotarikoak eta aldaketa eta bilakaerako prozesuak identifikatzen eta ulertzen ditu.
  • Historiako gertakari edo prozesuren baten gaineko zenbait interpretazio historiografiko aztertzen ditu, eta ikuspuntu ezberdinak kontrastatzen ditu.
  • Iraganarekiko interesa eta jakin-mina du, oraina ezagutzeko eta etorkizuna iragartzeko.
  • Azalpen sinplistak eta historiografiaren ikuskera partzialak baztertzen ditu.
  • Baliabiderik edo oinarrizko eskubiderik gabeko herrien, herrialdeen, eskualdeen eta pertsonen egoera bidegabeekiko eta desberdintasun-egoerekiko kontzientzia kritiko eta solidarioa du.

 

http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/contenidos/informacion/heziberri_2020/eu_2_proyec/adjuntos/Batxilergoko_curriculum_osoa.pdf

 
Erantzunak desaktibatuta daude MUNDUKO HISTORIA GARAIKIDEA: Programazioa, edukiak… sarreran

Posted by on 2012/09/07 in Munduko Historia Garaikidea

 

Laburpen hitzak: ,

Aurtengo Batxi1eko pelikulak

1. ebaluazioa

Prestatuta:

2. ebaluazioa

3. ebaluazioa

 
Erantzunak desaktibatuta daude Aurtengo Batxi1eko pelikulak sarreran

Posted by on 2012/09/02 in Ekonomia, Munduko Historia Garaikidea, Psikologia eta Soziologia