7. gaia
Bigarren Errepublika: 1931ko konstituzioa eta erreformak (1931-1936)
7.1 Bigarren Errepublika (1931-1936/39)

7.1 Bigarren Errepublika
7.1.1 Testuinguru historikoa
EGOERA OROKORRA: 1930eko urtarrilean Primo de Riveraren diktadura bukatu zen eta ondorengo urte eta erdian, behin-behineko konponbide bezala, militarrek agintean jarraitu zuten (DIKTABLANDA), baina aldaketa baterako erabaki seriorik hartu gabe. 1930eko abuztuan talde errepublikazale batzuk, Esquerrako katalanistak eta Indalecio Prieto DONOSTIAKO ITUNEAN bildu ziren, monarkiaren aurka eta errepublikaren alde egiteko. Armadaren barruan ofizial ugari errepublikaren aldekoak ziren eta Guardia Zibilaren buruzagiak ere errepublikaren alde jarri ziren. Intelektual askok eta askok monarkia kendu eta errepublika ezarri nahi zuten. Alderdi dinastiko zaharrak, kontserbadorea eta liberala, monarkiari eusten ziotenak, aspalditik zeuden krisian eta politikari dinastiko gazteak ere errepublikanismora pasatzen hasi ziren (Maura, Gamazo, Alcalá-Zamora…).
1931ko apirilean UDAL-HAUTESKUNDEAK egin ziren eta probintzietako hiriburu eta hiri handi gehienetan kandidatura ERREPUBLIKAZALEAK atera ziren GARAILE. Donostiako Itunean bildutako alderdiek, emaitzak ikusita, errepublikaren aldeko plebiszitu gisa ikusi zuten eta leku askotako udaletxeetan errepublika aldarrikatzen hasi ziren. Egoera horren aurrean, gobernuak ez zekien zer egin eta agintea behin-behineko gobernu bati pasatu zion. Klase dominatzaileek ere uste zuten errepublika estatua modernizatzeko monarkia baino eredu hobea izan zitekeela eta horregatik ez zuten ahalegin handirik egin erregeari eusteko. Udal-hauteskundeak errepublikazaleek irabazi zituzten hiri handi gehienetan eta herri txikietan, berriz, monarkikoek. Baina alderdi monarkikoak ondo antolatu gabe joan ziren hauteskundeetara.
Euforia kolektiboko giro batean, APIRILAREN 14an, Errepublika aldarrikatu zen eta ALFONTSO XIII.a erregea Cartagenan itsasoratu erbesterako bidean. Sektore askoren esperantzak piztu ziren, baina 1929ko kraxaren ondorioak iristen ari ziren eta egoera ekonomikoak ez zion erregimen aldaketari laguntzen.
II. Errepublika abagune zail batean etorri zen, oso larriak baitziren Espainian konpondu beharreko ARAZOAK. Hona hemen erregimen berriak zituen erronkak.
- Arazo soziala: LANGILE KLASEAren bizi baldintzak hobetzea. Horien artean, NEKAZARITZAREN ERREFORMAk garrantzi berezia zuen.
- ANALFABETISMOAri aurre egiteko, hezkuntza sistemaren abandonu kronikoa gainditu behar zen ezinbestean.
- ESTATU EREDUAREN ERREFORMA. Katalunia, Euskal Herria eta Galiziako nazionalitateen artikulazioa estatu berrian (autonomia).
- ARMADAren erreforma. Neurriz kanpokoa (ofizial gehiegi), zaharkitua, banatua… Politikan eskuartze aktiboa edukitzen ohitua zenez, errepublikarrek mesfidantzaz begiratzen zioten.
- ELIZAren oposizioa gainditu beharra. Antzinako klase zuzendariari (oligarkiari) oso lotua baitzegoen, eta lehen eta bigarren Hezkuntza bere kontrolpean baitzeuzkan, erregimen berriak gizartea sekularizatu behar zuen Elizaren eragina gutxitzeko.
Azkenik, NAZIOARTEKO testuingurua kontuan hartu behar dugu
- 1930. urteetako abagune ekonomikoa. NEW YORKEKO BURTSAREN KRAXAk ondozka eraman zituen gainbehera Europako ekonomia guztiak. Espainian ondorio horiek arinagoak izan baziren ere, bere ekonomia nazioarteko mailatik kanpo baitzegoen neurri handi batean (autarkiarako joera, protekzionismoa… zirela eta), ezin saihestu egin zen atzerriko inbertsioaren eta esportazio espainiarren gainbehera (nekazaritza zein meatzaritzako produktuak). Bestalde, emigrazioa (gainpopulazioa erregulatzen zuen ihes balbula) eten egin zen, Amerikako herriek, krisiak jota ere, ateak itxi baitzituzten.
- Krisi ekonomikoa, beraz, erregimen berriak bideratu nahi zituen aldaketa sozialak eta ekonomikoak burutzeko kolpe handiak sortu zituen, errenta eta aberastasunaren banaketan aldaketa sakona ekarriko zuelakoan. Krisiak, erreformen erritmoa eta sakontasuna geldotzean (nekazaritzaren erreformaren porrota, langabeziak gora egitea…), barneko tentsioak eta GATAZKA SOZIALAK areagotu zituen (CNTren eskutik).
- FAXISMOAren hazkundea. Aupada handian ziharduten erakunde politiko faxistek, gerokoan Errepublikaren hondamendia ekarriko zutenek, hain zuzen ere. 1922az geroztik Italian boterean zegoen MUSSOLINI eta 1933an HITLER Alemaniako kantziler bilakatu zen. Eskuindarrentzat Errepublika, erregimen erradikala, filokomunista eta Elizaren, jabetzaren eta Espainiaren balio tradizionalen etsaia baizik ez zen.
II. Errepublikaren antolaketa (1931-IV-14/1939-IV-1)
NOIZ: 1931ko apirileko udal-hauteskundeetan monarkikoek galdu zuten eta ALFONTSO XIII.ak alde egin beharra izan zuen. Ekainean, Gorteetako diputatuak aukeratzeko hauteskundeak egin ziren eta hauek ere, eskuinekoen antolaketa exkaxa zela-eta, ezkerrak irabazi zituen. Legebiltzar berriaren lana KONSTITUZIOA EGITEA zen eta abendura arte luzatu zen lan hori.
EPEAK
- BEHIN BEHINEKO GOBERNUA: NICETO ALCALÁ-ZAMORAk gidatu zuen eta 1931ko Konstituzioa ezarri zuten. Gorte Konstituziogileen lehendakari, berriz, JULIAN BESTEIRO izendatu zuten.
- BIURTEKO PROGRESISTA (1931-1933): Errepublikarrak eta Sozialistak gidatu zuten. Errepublikako lehendakaria ALCALÁ-ZAMORA izan zen eta gobernuko lehendakaria MANUEL AZAÑA. Ekintza ezberdinak burutu zituzten Elizarekin, Armadan, autonomietan… Nekazaritzaren Erreformari ekin zitzaion, baina langabezia maila handia zegoen eta soldata txikiak. Anarkistak oso aktibo zeuden: CASAS VIEJAS!! Klase ertainak CEDA inguruan antolatu ziren eta talde faxistak agertu ziren: JONS eta Falange.
- BIURTEKO BELTZA (1933-1935): Kontserbadoreak agintean, CEDA eta erradikalak. LERROUX Gobernuburu erradikala. Garai honetan COMPANYSek Espainia barruan zegoen Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen; Lerrouxek, orduan, Autonomia Estatutua ezereztatu zuen. Estraperloaren eskandaluak Lerroux desprestigiatu zuen eta, 1936ko hauteskundeetarako, ezkerreko alderdiak batzen joan ziren.
- FRONTE POPULARRAREN GARAIA (1936-1939): 36ko hauteskundeak ezkerrak irabazi zituen, FRONTE POPULARrak (edo Herri Fronteak). Errepublikako lehendakaria AZAÑA izan zen eta Gobernuko lehendakaria CASARES QUIROGA. Erreformistak ziren, hori bai, baina ez zuten benetako programa iraultzailerik. CALVO SOTELO asasinatua izan zen eta eskuina asko haserretu zen. Horregatik kolpea ematera joan ziren, GERRA ZIBILA hasiz (1936-VII-18). Gerra zibilean, Espainia 2 zatitan banatu zen:
- NAZIONALAK: Armada batua. Francok agintzen zuen, Estatu eta Armada-buru. Falange + JONS batu ziren. Katolizismoa = Erreboltariak. 1938: 1. gobernua. Aurreko erreformak baliogabetu zituzten.
- ERREPUBLIKARRAK: Batasun eza. Largo Caballeroren gobernuak EUSKAL ESTATUTUA aurreratu zuen. Madril setiaturik, Valentziara aldatu zen gobernua. Komunistak gero eta garrantzitsuago bihurtu ziren eta maiz topo egin zuen anarkosindikalista eta POUM-ekin. CNT eta UGT-ren arteko tirabirak. FRANCOk eman zion amaiera: 1939-IV-1.

Errepublika garaiko ALDERDI NAGUSIENAK
7.1.3 Behin-behineko Gobernua (1931ko apirila/ekaina)
Errepublika aldarrikatu ondoren, Batzorde iraultzaileko kideek (DONOSTIAKO ITUNAren sinatzaileek) hauteskunde orokorrak egin arteko behin-behineko Gobernua eratu zuten. Mota askotariko joerak elkartu ziren bertan:
- Eskuineko errepublikazaleak (ALCALÁ-ZAMORA, gobernuburua, eta Miguel MAURA).
- Alderdi erradikalak (LERROUX).
- Zentro ezkerreko errepublikazaleek (AZAÑA, Armada ministerioa; MARCELINO DOMINGO, Hezkuntza).
- Sozialistak (LARGO CABALLERO, Lan ministerioa; INDALECIO PRIETO).
- Nazionalistak (CASARES QUIROGA galiziarra).
Koaliziotik kanpo geratu zirenak: Eskuin monarkikoa, tradizionalistak, EAJ, anarkistak eta komunistak.
Hartutako erabakiak:
- Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetara deitzea (Ekainaren 28rako).
- Nekazaritzaren erreforma: jornalariak eta laborari maizterrak defendatzeko neurri batzuk ezarri zituzten, jabetza ez galtzearren landu gabeko lurrak landu beharra,… Erreforma oso xumea izan zen.
- Erreforma militarra (Azaña)
- Militarrek Errepublikarenganako fideltasuna zin egin beharko zuten.
- Ofizialen kopurua murriztea eta gradu militarren sinplifikazioa. Zaragozako Akademia Militarra ixtea (Franco zuen zuzendari), ofizialen kopurua haztea eragotziz.
- Militarren foru bereziari amaiera emango zitzaion.
- Guardia de asalto delakoa eratuko zen, hirietako ordena publikoaz arduratzeko. Neurri honen helburu nagusietako bat errepublikarenganako leialtasuna mantentzea zen (Guardia Zibila desegiten ez zen ausartu).
- Hezkuntzaren erreforma: Eskolarizazioa bultzatzeko, 7.000 maisu postu berri sortu eta milaka eskola berri eraikitzen hasi ziren; irakasleen Ikasketa Plana osatu eta Lehen Hezkuntza eraberritu zuten.
- Kataluniako autonomia aurreko erregimena zabaldu (GENERALITAT buru), bertako autonomia proiektuaren erredakzioari ekiteko.
- Hauteskunde sistemaren erreforma: Jauntxokeria eta iruzurrari ekiditeko, herrialde mailako hauteskunde barrutiak eta ordezkaritza sistema zehaztu ziren.
1931ko maiatzaren 8ko dekretu batek 23 urtetik gorako gizonezkoei eman zien boto eskubidea; emakumeak eta apaizak diputatu hautatuak izan zitezkeela ere aldarrikatu zuen.
Ekaineko hauteskundeetan, 465 diputatuen artean, 2 EMAKUME bakarrik ziren:
- CLARA CAMPOAMOR (Alderdi Erradikala)
- VICTORIA KENT (Ezkerra Errepublikarra)
Urte bukaerarako hirugarren emakume bat ere izango zen: Margarita NELKEN (Alderdi Sozialista).
“El hecho de que Clara Campoamor defendiera el sufragismo femenino y de que Victoria Kent se opusiera provocó muchas burlas. Azaña describió la sesión como muy divertida. Informaciones (1 de octubre de 1931) comentaba dos mujeres solamente en la Cámara, y ni por casualidad están de acuerdo.“

1931ko Udal Hauteskundeetako emaitzak: monarkikoak eta errepublikarrak



7.2 Biurteko errepublikano-sozialista eta bere erreformak (1931-1933)
7.2.1 1931ko konstituzioa
Ekainaren 28ko HAUTESKUNDEEK garaipena eman zioten errepublikazaleen eta sozialisten arteko koalizioari eta zentro-ezkerreko gobernu bat osatu zen. Gorteen osaketa berriak herrialdearen egungo momentu politikoaren aldaketa esanguratsua islatzen zuen eta, aldi berean, erakunde hori herrialdearen bizitza politikoaren gune bihurtu zen. Gorteek batzorde konstituzional bat izendatu zuten konstituzio berria izendatzeko eta 1931ko abenduan onartua izan zen.
Konstituzioaren EZAUGARRIAK
- Iraupena: Alfontso XIII.a erori zenetik 1939an errepublika erori arte.
- NAZIOAREN SUBIRANOTASUNA. Espainia horrela definitzen du: mota guztietako langileak dituen errepublika bat da, probintzia eta autonomiaz osatutakoa. Elizak ez zuen bertan inongo onurarik jasoko. Errepublikako lehendakariak ordezkari lana zuen eta 7 urtetarako hautatua izaten zen.
- BOTERE BANAKETA
- Botere legegilea: ganbera bakarrez osaturiko Gorteen eskumena zen (Diputatuen Kongresua).
- Exekutiboa: Errepublikako Presidentea eta Ministroen Kontseiluaren eskumena zen.
- Judiziala: Auzitegi independenteak egituratu zituzten horretarako.
- ELIZA-ESTATUAren arteko banaketa: Estatu laikoa. Laizismoa sustatzera zuzenduriko neurriak: Elizaren aldeko diru laguntzak bertan behera uztea, Hezkuntza Estatuaren eskuetan geratzea, Elizaren ondasunen nazionalizazioa, Erlijio ordena batzuen desegitea (jesuitak), Ezkontza zibila eta dibortzioaren onarpena, eta hilerrien sekularizazioa…
- AUTONOMIA-eskubidea (kataluniarrek Donostiako itunean borrokatutakoa).
- Produkzio bideen JABETZA PRIBATUARI MUGAK. Nahitaezko desjabetzeak.
- SUFRAGIO UNIBERTSALA, gizon eta EMAKUMEENTZAT (Espainian, lehenengo aldiz).
- BERME KONSTITUZIONALAREN TRIBUNALA eta EPAIMAHAIA sortu ziren.
- Norbanakoen ESKUBIDEAK. Giza eskubideen aldarrikapen zabala jasotzen zuen: berdintasun juridikoa, hezkuntza eta lanerako eskubide berdintasuna, erlijio askatasuna, adierazpen, biltzeko eta elkartzeko eskubidea…
- …
Konstituzioak EZ ZUEN INDAR POLITIKO GUZTIEN ADOSTASUNA LORTU eta argi eta garbi geratu zen oso sakonak zirela ezkerraren eta eskuinaren arteko aldeak, bi arazotan bereziki: nazionalitateen autonomia eta Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak. Sektore kontserbadoreenek neurri hauen aurka joko dute goitik behera.
Bi urtean zehar, ERREPUBLIKARREZ ETA SOZIALISTEZ osatutako ezkerreko gobernu batek agindu zuen. Presidentzian Manuel Azaña jarri zen, Acción Republicanako liderra eta Azañaren gobernuak erreforma sakon batzuk egiten hasi zen: Kataluniako Autonomia Estatutua, sekularizazioa, erreforma militarra, nekazaritzaren erreforma…
7.2.2 Estatu zentralistaren erreforma. Autonomiak
KATALUNIA
Errepublika aldarrikatu ondoren eta DONOSTIAKO ITUNEAN hitz eman bezala, Kataluniako Generalitatek autonomia proiektu bat prestatu zuen: NURIÀKO ESTATUTUA deitua eta kataluniarrek erreferendumean onartu zuten.
Baina 1932an Espainiako Gorteetan onartu zen testuak ALDE HANDIAK (murrizte handiak) zituen jatorrizkoaren aldera. Ahalen banaketa egiterakoan Administrazio Zentralak eraman zuen alde garrantzitsuena.
Bertako Parlamenturako lehen hauteskundeetan ESQUERRA REPUBLICANA DE CATALUNYA izan zen garaile eta MACIÀ Generalitateko presidente hautatu zuten.
EUSKAL HERRIA
Euskal Herrian Estatutuaren onartze prozesua 1936ra arte ATZERATU zen. Arrazoi ezberdinak izan ziren
- Euskal nazionalistek (EAJ) EZ zuten DONOSTIAKO ITUNEAN parte hartu.
- LIZARRAKO PROIEKTUAk joera KONTSERBADOREA zuen eta espainiar hauteskundeetan ezkerra izan zen garaile. Sozialistek eta errepublikazaleek ERAGOZPENA jarri zieten Elizaren eta estatuaren arteko harremanei. EAJk, karlismoarekin bat eginik, erabateko eskumena nahi zuen erlijioaren auzian. Azañaren gobernuak Lizarrako Estatutua erreforma zezala proposatu zion EAJri, baina horretarako Errepublikarekin lankidetzan hasi beharko zuen eta karlismo tradizionalista oligarkiko erreakzionariotik aldendu.
- Bestalde, ESKUINAK IRABAZI zuenean ESPAINIAR HAUTESKUNDEETAN (1933an) autonomiaren aurka jo zuen.
GALIZIA: Estatutuaren aldeko prozesua GERRA ZIBILAK ETEN zuen, herriak 1936ko ekainean egin zen erreferendumean proiektua onartu eta gero.
7.2.3 Eliza
Errepublikazaleen helburu nagusienetako batzuk gizartea laikotzea eta Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa ziren
- Errepublikako legeriak ezkontza zibila, dibortzioa, hilerrien sekularizazioa eta jesuiten ordena deuseztatzea ekarri zituen.
- Aldi berean, Erlijio Kongregazioaren Legeak xedatu zuenez, elizak eta monasterioak jabetza publikoaren esku geratu ziren, Elizari erabiltzeko baimena ematen bazitzaion ere, eta irakasteko eskubiderik gabe geratu zen.
Neurri hauek SEKTORE KATOLIKOAK ERREGIMENETIK ALDENDU zituen eta istiluen sorburua izan ziren eten gabe.
7.2.4 Erreforma militarra
Espainiako armadan ofizial gehiegi zegoen eta gehienak monarkiaren aldekoak ziren. Errepublikarekiko fideltasuna lortzearren, Zaragozako Akademia militarra itxi zuten (FRANCO zen bertako zuzendaria) eta jeneral “susmagarrienak” PENINTSULATIK URRUN bidali zituen, Afrikara eta Kanarietara. Armada modernizatu nahian, OFIZIAL KOPURUA GUTXITU egin zuen eta arma berriekin hornitu. Baina neurri hauek ez ziren militar askoren gustuko izan.


7.2.5 Nekazaritzaren erreforma
HELBURUA ETA EMAITZAK: Errepublikak bere gain hartu zuen nekazaritza arazoari irtenbidea bilatzea (lurren jabetza, jornalarien eta maizterren bizi kondizio latzak). 1932an NEKAZARITZAREN ERREFORMARAKO LEGEA onartu zen Gorteetan. Lege honen helburua ez zen nekazaritzaren egoera goitik behera aldatzea (lurren kolektibizazioa izango litzateke hori), baina zeuden egiturak eraberritu nahi ziren. Legeak lurren desjabetzerako aukera ematen zuen nekazarien artean banatu ahal izateko, baina lantzen ez zirenak soilik; beraz, erreformaren emaitzak OSO MUGATUAK izan ziren.
Gainera, aplikazio praktikoaren orduan azaldu ziren benetako ARAZOAK
- Burokrazia zela eta desjabetzea nekeza eta GARESTIA zen.
- Gainera, jabeek OZTOPOAK jartzen zituzten; horregatik, legea indarrean egon zen bi urteetan, 12.000 familiak bakarrik lortu zituzten lurrak.
- Prozesuaren geldiak jornalarien haserrea areagotu zuen. CNTk zuzendurik, lurrak okupatzeari ekin zioten eta testuinguru honetan gertatu zen, besteak beste, CASAS VIEJAS herriko matxinada, Gobernuak gogor zapaldu zuena. Zapalkuntzaren gogorkeriak Errepublikaren sinesgarritasuna kaltetu zuen.
- CASAS VIEJAS: Cádizko herrixka bat dugu. CNTk, nekazarien eta jornalarien paro kronikoa zela-eta, 1933ko urtarrilaren 11 eta 12rako greba konbokatu zuen. Matxinatuek Guardia Zibilaren kuartelean sartu eta guardia zibil batzuk hil zituzten, baina alde egin beharrean gertatu ziren. “Seis dedos”, beste 5 gizon, 2 emakume eta haur bat txabola batean gorde ziren eta kanpokoek su eman zioten honi, denak hilik gertatu zirelarik. Beste 14 nekazari ere hil ziren istiluan.
Egoera hartaz ere baliatu ziren indar kontserbadoreak Errepublikaren eta haren erreforma politikaren aurkako lanetan batasuna sendotzeko. Azaña eta ezkerreko gobernua erori egin ziren eta hauteskunde berriak konbokatu beharrean izan ziren. EZKERRA BANATUTA aurkeztuko zenez, garaipena eskuinarentzat izango zen, Biurteko Beltzari hasiera emanez.

7.2.6 Biurteko erreformistaren krisia
ESKUINDARRAK
- Elizak, lurjabeek, monarkikoek eta talde kontserbadoreek osaturiko oposizioaren berrantolaketa burutu zuten eta 1933an CEDA sortu zen, (Confederación Española de Derechas Autónomas, Gil-Roblesek zuzendua), eta eskuindarren indar gehienak biltzea lortu zuen.
- Aldi berean, beste indar eskuindarrak ere hona bildu ziren
- Renovación Española (CALVO SOTELO).
- COMUNIÓN TRADICIONALISTA (alderdi horretara bildu ziren karlistak).
- Alderdi faxistak
- FALANGE ESPAÑOLA, Jose Antonio PRIMO DE RIVERAk, diktadorearen semeak, sortua.
- JONS edo Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista. Bi alderdi hauek 1934an batu egin ziren (FE-JONS).
Indar politiko hauek guztiek Azañaren gobernuaren erreformen kontra jotzen zuten eta, kasu batzuetan, Errepublikaren beraren aurka ere. 1932an lehen abisua eman zuten: SANJURJADA izenekoa. Sanjurjo jenerala Sevillan matxinatu zen armada eta nekazaritza erreformen aurka; baita estatutu katalanaren kontra ere, Espainiaren batasunari kalte egiten ziola-eta. Gobernuak Sanjurjo atxilotzea lortu zuen eta heriotza zigorra ezarri zion, baina zigor hori baliogabetu eta espetxe zigorra eman zioten azkenik.
ANARKISTAK: Erreformen geldoak desengainua ekarri zuen hiri eta landako langileen artera, eta langileen erakundeek jarrera gogorragoa erakutsi zuten ordutik aurrera. Urte hauetan CNTren barruan FAI (anarkismoaren sektoretik iraultzaileena) nagusitu zen eta anarkistek zuzenduriko altxamenduak ugaritu ziren (Casas Viejas…). PSOEren barruan Largo Caballeroren joera langilezalea inposatu zen, komunista eta anarkisten langile fronte bat osatzearen aldekoa. Horrek guztiak eta gobernuko koalizioen higatzeak (erreformak gehiegizkoak baitziren kide batzuen iritziz eta guztiz moderatuak besteen aburutan), Azañak bere dimisioa aurkeztera behartu zuten. Alcalá-Zamorak, Errepublikako presidenteak, Gorteak desegin zituen eta hauteskunde berriak konbokatu 1933ko azarorako.


7.3 Biurteko erradikal-zedista edo kontraberritzailea eta 1934ko urriko iraultza (1933-1936)
7.3.1 Hauteskundeak
1933ko azaroan izandako hauteskundeetan (lehenengo aldiz, emakumeek hartu zuten parte), 1931n ez bezala, EZKERRA ZATITUTA aurkeztu zen; beste aldean, ordea, indar ESKUINDARREK BATUTA jo zuten.
Hauteskundeak ZENTRO-ESKUINAK irabazi zituen. Arrazoiak:
- Eserlekuak emateko sistema: Hauteskunde Legeak koalizioak mesedetu eta talde txikiak zigortu egiten zituen.
- Anarkistek bultzaturiko abstentzioa.
7.3.2 Gobernu berria eta kontrairaultza
GOBERNUBURUA: CEDAk diputatu gehien izan arren, ALCALÁ-ZAMORA presidenteak, gobernua eratzeko orduan, LERROUXengana (Alderdi Erradikalekoa) jo zuen. Gobernu honek CEDAko diputatuen sostengu parlamentarioa izan zuen.
Eskuina agintera heldu orduko, BERTAN BEHERA geratu ziren aurreko Biurtekoan abiarazitako ERREFORMAK eta atzera pausoak ere eman ziren:
- Nekazaritzaren erreforma guztiz oztopatu zen eta bertan behera utzi zituen noble handien lurrak desjabetzeko proiektua, lurren okupazioa eta soldaten gaineko legeak.
- 1932ko Sanjurjadan parte hartutako militar kolpistei AMNISTIA eman zien.
- Kataluniako GENERALITATEN AURKA jo zuen, Parlamentu autonomoaren ahalak murriztuz, eta Euskal Herriko estatutuaren aldeko prozesua eten zuen.
- Eskola berrien eraikuntza geldiarazi eta ORDENA ERLIJIOSOEI ERRAZTASUNAK eman irakaskuntzan aritzeko.
GIROA: Gobernuaren joera aldatzeak eta, bestetik, Europan 1930. urteetan FAXISMOAk izan zuen gorakadak erradikalizazio eta polarizazio politikoa areagotu egin zuten. EGONEZINA zabaldu zen bazter guztietara, biziki ugaldu ziren grebak eta ezker eta eskuin muturreko taldeen arteko liskarrak.


7.3.3 1934ko urriko iraultza
EGOERA OROKORRA
1934ko urrian CEDAko hiru ministro Lerrouxek gidaturiko gobernuan sartu ziren eta ezkerrak FAXISMOAREN ALDEKO lehen urratsa ikusi zuen maniobra hartan, Italia eta Alemanian bezala. Sozialistek, komunistek eta anarkistek greba orokorrerako deia egin zuten eta testuinguru hartan etorri zen urriko iraultza. Benetako oihartzuna Asturiasen bakarrik izan zuen.
1934KO URRIKO IRAULTZA Errepublika garaiko gertaera larriena izan zen; iraultzaren gune nagusiak ASTURIAS eta Katalunia izan ziren (Euskal Herrian ere eragina izan zuen, baina neurri txikiagoan).
KATALUNIA
Langile eta ezkerreko indarrak, CNT IZAN EZIK, saiatu ziren greba aurrera eramaten. Agintari autonomikoek ez zieten oztoporik jarri, baina armak eman ere ez. Aldi berean, Generalitatek (Lluis Companys buru) ESTAT CATALÁ aldarrikatu zuen Espainiako Errepublika Federalaren BARNEAN eta autogobernurako ahalmen handiagoak, noski.
Baina matxinadak amore eman behar izan zuen Batet jeneralaren aurrean. Arrazoiak:
- Generalitat eta langile erakundeen arteko KOLABORAZIORIK EZA. Koordinaziorik gabe.
- CNTk EZ zuen laguntzarik eman.
Porrotaren ondorioz, BERTAN BEHERA geratu zen Kataluniako ESTATUTUA eta kartzelan sartu zituzten gobernu autonomoko kide guztiak, presidentea buru. Eskuinak bazuen autonomia ez deusean utzi eta zentralizatzeko aitzakia.
ASTURIAS
Hemen egoera askoz larriagoa izan zen eta MEATZARIAK izan ziren protagonista nagusiak. Asturiasen BAT EGIN ZUTEN SOZIALISTEK, ANARKISTEK eta KOMUNISTEK eta benetako iraultza egoera bizi izan zen, Errepublika Sozialista aldarrikatuz Oviedon. 24 ordutan langileek Guardia Zibilen kuartel gehienak hartu, arma fabrika bat… OKUPATU zituzten. Zerbitzuak antolatu zituzten, hiriak hartu eta estatu txiki bat bailitz jardun zuen.
Ez zuten amore eman eta Gobernuak FRANCO jeneralari agindu zion iraultza menderatzeko. Marokotik ekarri zuen honek LEGIOA eta, bi aste pasa ondoren, ERREPRESIOA izugarria izan zen: milatik gora hildako, 3.000tik gora zauritu eta 30.000 lagun espetxeratuta.
GERRA ZIBILAREN IRAGARLEA izan zen Asturiaseko iraultza, Espainiako II. Errepublikaren historia bitan zatituko zuena. Argi eta garbi zehaztu ziren bi eremuak, ESKUINA eta EZKERRA.
Asturiasko iraultza (2:52 min)
7.3.4 Biurteko kontserbadorearen amaiera
ERREPRESIO gogorrak oposizioko buruzagi askoren erbesteratzea eta espetxeratzea ekarri zuen. Aldi berean, ezkerreko indarren lanerako gogoak gehiago piztu zituen. Egoera soziala larria zen.
Bien artean, INTERNAZIONAL KOMUNISTAK (Stalin zen buru) faxismoaren gorakadari aurre egiteko Herri Fronteak izeneko koalizio antifaxistak bultzatu zituen Europa osoan. Espainian ere berehala jarraitu zioten taktika honi eta Herri Frontea edo Fronte Popularra eratu zuten, ezkerreko indar gehienak bilduz.
ESTRAPERLOAREN ESKANDALUA: Gobernua higatze prozesu geldiezinean zegoen eta 1935ean garbiago ikusi zen hori: Estraperloaren eskandalua. Gobernuko ministro batzuei egotzitako finantza eskandalua izan zen. Strauss austriarrak bultzatu zuen Donostia eta Santanderren. Jokoan erruleta trukatuak sartu zituzten eta Lerrouxen familiakoak eta Partido Radicaleko beste zenbait kide inplikaturik zeuden. Ekonomikoki ez zen oso iruzur handia izan (4 milioi pezeta), baina politikoki izugarrizko garrantzia izan zuen, Lerroux eta Partido Radicala ustelkeriaz salatuak izan baitziren. Lerrouxek bere dimisioa aurkeztu behar izan zuen.
Alcalá-Zamorak berriro ere HAUTESKUNDEAK konbokatu zituen 1936ko otsailaren 15erako.
Egoera politiko nahasi horretan, BI BLOKE nagusi bereizi ziren: ezkerrak eta eskuinak.
- HERRI FRONTEA. Bertara bildu ziren langileen erakundeak (CNT izan ezik) eta ezkerreko errepublikazaleak. Katalunian, Front d´Esquerres eratu zen (Esquerra, nagusi). 1934ko iraultzaileentzako amnistia eta lehen Biurteko erreforma bideari ekitea aldarrikatzen zuten.
- Bloke Nazionala: CEDA, monarkiazaleak eta tradizionalistak. Katalunian, Front Catalá d´Ordre.
1936ko hauteskundeak Herri Fronteak IRABAZI zituen (257); eskuinak, 139 eta zentroak, 57 lortuz.


Herri Frontearen gobernua
7.4 Fronte Popularraren garaia (Arazoa, Neurriak (4), Amaiera)
EZKERRAREN GARAIPENAK militar monarkiazale eta eskuindarren (Franco, Mola, Fanjul, Godet…) KONSPIRAZIOrako ahaleginak biziagotu zituen.
Gobernu berriak (AZAÑAk zuzenduta berriro) lehen Biurteko Erreformistaren legeria BERREZARRI eta beste neurri hauek ere hartu zituen: Amnistia politikoa Biurteko Beltzean kartzelaratutakoentzat, 1934ko iraultzan parte hartu zutenentzat…, Generalitateko Gobernua berriro jarri, Euskal estatutua Gorteetara eraman, Kolpismotik hurbil zeuden militarrak lekuz aldatu: MOLA Nafarroara; Godet Balear Uharteetara eta FRANCO Kanarietara.
1936ko uztailaren 13an, JOSÉ CALVO SOTELO atxilotu zuten asalto guardiek eta kalean HIL zuten. Uztailaren 17an MATXINATU ziren Marokoko tropak, Franco buru, eta Mola Nafarroan matxinatu zen. Gobernuak, 1932ko Sanjurjadaren antzera saioak porrot egingo zuelakoan, ez zituen behar bezalako neurriak hartu. Oraingo honetan, hiru urte iraungo zuen GERRA ZIBILA hasi zen.
7.4.1 Espainiako Gerra Zibila
7.4.1.1 Pronuntziamendua
Buruzagi nagusia SANJURJO izan zen. 1932ko altxamendua (SANJURJADA) gidatzeagatik kondenatu zuten eta Biurteko Beltzean askatu zuten. Ezkerrak irabazi zuenean Portugalera erbesteratu zen. Handik itzultzeko bidean hil zen. Honen ondoren, Franco jenerala nabarmendu zen erreboltarien gerra-buruzagi nagusi gisa.
ALZAMIENTO NACIONAL (1936ko uztailaren 17 eta 18an). Nazionalen gunean horrela deitu zioten II. Errepublikaren aurka eginiko altxamenduari. 1936ko uztailaren 17an matxinatu ziren Marokoko tropak, Franco buru eta preso hartu edo hil egin zituzten gobernu konstituzionalari leial iraun zuten militarrak. Franco jeneralak Kanarietako Uharteetan zuen postua une hartan eta Marokora joan zen armadaren buruzagitza hartzeko. Melillan hasi zuen Yagüe jeneralak. FRANCO, berriz, Marokoko armadaren buru jarri zen. Aldi berean Queipo de LLano Sevillan, MOLA Iruñean eta beste zenbait altxamendu izan ziren. Ordena eta erlijioa defendatzen zuten aitzakiaz justifikatu zuten altxamendua. Nazionalismoa eta zentralismoa nahi zituzten. Bartzelona eta Madrilen altxamenduak porrot egin zuen, baina beste hainbat lekutan indarra hartu zuen eta Espainia bi gunetan banatu zen. Gerra zibila hasi zen.
GOBERNUAk, 1932ko Sanjurjadaren antzera saioak porrot egingo zuelakoan, ez zituen behar bezalako neurriak hartu. Casares Quiroga, Gobernuko presidenteak, kargua utzi zuen. Azañak, Errepublikako presidenteak, Girali (Izquierda Republicana) agindu zion gobernua osa zezan. Errepublikazaleak izan ziren ministro guztiak, baina Herri Fronteko alderdi guztien sostengua zuten.
EKONOMIAren ikuspegitik, Gobernuak industriaren eta meatze-baliabideen parte handiena eta penintsularen ekialdeko nekazaritza lurrak gorde zituen beretzat. Erreboltariek Mesetako labore lurrak zituzten: Galizia, Leon, Gaztela, Nafarroa, Araba, Sevilla, Cádiz, Kanarietako Uharteak eta Maroko.
ARMADA kopuru ia berdinetan banatu zen bi aldeetan, baina erreboltariek kolonietako tropak zituzten eta horiek ziren esperientzia handiena zutenak.
LAGUNTZAK: Gobernuaren alde jarri ziren ezkerreko erakunde politiko eta sindikalak. Erreboltariek, berriz, Falangeko milizien eta errekete karlisten laguntza izan zuten.
BI ESPAINIATAN banatu zen estatua eta EUSKAL HERRIAN ERE bi aldeetan banatu zen.
- Alde batean, Araba eta Nafarroa, matxinatuen alde.
- Bestalde, gobernuari leial iraun zuten Bizkaiak eta Gipuzkoak, hiru bloke handitan banaturik (eskuina, ezkerra eta nazionalistak), hori bai. Salbuespenak ere izan ziren, Donostiako Loiolako kuartela, adibidez. Kostaldeko euskal lurrak bere kideetatik apartatuta geratu ziren, Cantabria eta Asturiasekin batera. Komunikazioak oso zailak izan ziren hauentzat eta oraindik oztopo gehiago izan zituzten kanpoko estatuen Interbentzioaren Aurkako Tratatua sinatu zenean, itsasbideak eta mugak blokeatu egin baitziren.
IRABAZIKO DUTENAK: Mola Iruñean egoteak garrantzi handia izan zuen. Bere postutik errazagoak ziren karlistekiko harremanak, estatu-kolpearen prestakuntzari begira, karlistak nagusi baitziren Nafarroan. Errepublikaren hasieratik ari ziren karlistak bere indar paramilitarrak, erreketeak, entrenatzen, faxista italiarren laguntzaz. Beraz, uztailaren 18an, armadako tropez gain, ongi antolatu eta ekipaturiko guda-talde ugariak erabili ahal izan zituzten erreboltariek iparraldeko frontean.
7.4.1.2 Nazioarteko estatuen partaidetza gerran
Espainian Errepublika aldarrikatu bezain laster, INTERES berezi batez segitu zen Europan haren bilakaera. Gerra hasierak handiagotu egin zuen interes hura, faxisten eta antifaxisten arteko enfrentamendu hark sarrera egin baitziezaiokeen Mundu Gerra bati.
NAZIONALEI LAGUNDUZ: Portugal, Italia eta Alemaniako gobernuek hasieratik eman zieten laguntza erreboltariei. Italiaren kasuan, Errepublikaren garaian hasiak ziren matxinatuekiko harremanak. Portugalen laguntza garrantzi handikoa izan zen; muga hura osorik kontrolatu ondoren, laguntzaile ezin hobea izan zen Portugal Espainiako erreboltariek behar zituzten hornidura guztiak sartzeko orduan.
ERREPUBLIKARREI LAGUNDUZ,
- INTERBENTZIOAREN AURKAKO TRATATUA: Mundu Gerra hipotetiko bati ekidin nahian, Estatu demokratikoek Interbentzioaren Aurkako Tratatua proposatu zuten. Erresuma Batua, Alemania, Italia, Portugal, Sobiet Batasuna, eta abar izan ziren sinatzaile. Frantziako muga itxi egin zen eta Gobernuaren aldeko lurraldeetan Tratatua sinatu aurretik erosi ziren hornidura militarrak ere ez ziren sartu. Sinatu arren, Ardatzak ez zuen Tratatua errespetatu eta italiarrek eta alemaniarrek tropak, material ugari eta aholkulari militarrak bidali zituzten Espainiara.
- Italiarren eta alemaniarren erasoaren aurrean, ikusirik estatu demokratikoek laguntza guztiak ukatzen zituztela, Sobiet Batasunari armak erostera beste biderik ez zuen izan, eta aholkulari militar sobietarrek lagundu zuten Errepublikaren aldeko armadako ofizialak prestatzen.
- Era berean, laguntza eman zioten gobernuari NAZIOARTEKO BRIGADEK, 40.000 soldadu inguru. Laguntza hura ez zen oso garrantzitsua izan maila militarrean, baina bai animoaren aldetik. Hirurogeita hamar herritako boluntarioak bildu ziren armada-talde honetara; komunistak ziren gehienak eta Espainiara etorri ziren Errepublikari faxismoaren aurkako borrokan laguntzeko. Brigadistek Madrilgo hiriaren defentsan eta Espainiaren erdialdeko beste gudu garrantzitsu batzuetan hartu zuten parte, eta baja asko izan zituzten.
BALORAZIOA: Alemaniaren eta Italiaren laguntza materiala izan zen hasieran, hegazkinak batez ere, baina bestelako hornidurak bidali zituzten ondoren. Alemaniarrek artilleria, karroak, ekipo teknikoak eta aire-indar garrantzitsu bat, CÓNDOR LEGIOA, bidali zituzten. Italiarrek gerra-materiala ere igorri zuten, baina horrez gainera, lehorreko guda-talde garrantzitsu batzuk. Taktika berriak ere bideratu zituzten: lehorreko guda-taldeek aireko hegazkinen laguntza eta euskarria izan zuten, populazio zibilaren aurkako bonbardaketa basatiak egin ziren guda-taldeen atzealdeetan terrorea nonahi zabal zedin (Gernika, Durango)…
7.4.1.3 Bizimoduaren berrantolatzea bi aldeetan
AGINTEA
- Errepublikaren aldeko eremuan, Kataluniako eta Euskal gobernu autonomoek jardun zuten gobernu espainiarraren ondoan.
- Erreboltarien eremuan, buruzagi militar bakoitza zen bere lurraldeko agintari nagusia; hala eta guztiz ere, pixkanaka, aginte zentral bat eratzen joan zen, Junta de Defensa Nacional delakoa.
ERREPUBLIKAZALEEN EREMUA
Ekintzak: Euskal Herrian izan ezik, industria gehienak kolektibizatu zituzten agintariek, batzuk langileen kontrolpean utziz eta beste batzuk gobernuarenean. Laborantza lurretan kolektibizazio maila oraindik handiagoa izan zen, batez ere Aragoi eta Gaztela-Mantxan.
Eztabaida handiak zeuden bere artean: Batzuek estatu indartsu bat antolatu nahi zuten, gerra irabazi ahal izateko. Beste batzuek, aldiz, iraultzako urratsak eman nahi zituzten garaipen militarra ziurtatu baino lehen.
Iritziak oso desberdinak ziren eta Azañak kontzentrazio gobernu bat osatzeko agindu zion Largo Caballerori eta gobernu berri hartan errepublikari leial iraun zuten alderdi guztiek izango zituzten ordezkariak. Gobernu hori saiatu zen agintea bateratzen, baina ez zuen lortu. Alderdi batzuetako miliziek lur eta fabriken kolektibizazioa bultzatu zuten eta gobernuaren baimenik gabe egiten hasi ziren. Gobernuak ezin izan zuen kontrolatu klase etsaien aurkako errepresioa. Enfrentamendu larriak izan ziren Katalunian 1937ko maiatzean, CNT eta POUMeko indarrak Generalitaten aurka borrokatu zutenean.
Gobernu berri bat osatu zen, Negrin sozialista buru. Gobernu hau saiatu zen armada, erreboltariei irabazteko asmoz, modu konbentzionalean antolatzen eta miliziak armada horren barruan sartzeko agindua eman zuen. Saiatu zen, era berean, ekonomia berrantolatzen eta bertan behera utzi zituen kolektibizazioak. Baina errepublikaren gainbehera geldiezina zen, erreboltariek, Italiak eta Alemaniak lagundurik, aurrera egiten baitzuten etengabe.
ERREBOLTARIEN EREMUA
Erreboltarien kontrolpeko lurraldeetan, buruzagi militarrak, proiektu politiko argi zehatzik ez bazuten ere, gobernadore bihurtu ziren. Haien artean falangistak, monarkiazaleak, errepublikazale batzuk eta abar zeuden.
Junta de Defensa Nacional izan zen haien ekimena koordinatzeko sortu zuten instituzioa. Ezdeusean utzi zuten berehala errepublikarrek egindako guztia, debekatu zituzten alderdi politikoak, baliorik gabe utzi zuten Nekazaritza Erreforma eta ahalegin guztiak bideratu zituzten gerra irabaztera. Sanjurjo eta Mola hil ondoren, Franco gailendu zen erreboltari guztien buruzagi nagusi gisa eta Junta de Defensa pisua galtzen joan zen. Franco buruzagi nagusi bihurtu zen eta Junta de Defensak Generalísimo eta Gobernu Buru izendatu zuen. 1937ko apirilean Batasunerako Dekretua eta Falange Española Tradicionalista y las Juntas de Ofensiva Nacional Sindikalista (FET de las JONS) izeneko alderdia sortu zuen. Hartara bildu ziren falangistak, tradizionalistak, nazionalsindikalistak eta abar. Batasun horren kontra jo zuten antzinako karlista eta falangista batzuek eta erbestera jo beharra izan zuten kartzelan ez bukatzearren.
EKINTZAK
- 1938 → Franco aldi berean Estatu Buru eta Gobernu Buru da.
- Fuero del Trabajo onartu zuen, Italiako Carta di Lavoron oinarrituz. Hemen arautu ziren lan-harremanak: guztiz debekatu ziren grebak, sindikatu libreak eta lan-gatazkak.
- Elizaren aldeko legeria garatu zen eta Errepublikaren garaian ezkontzan, irakaskuntzan eta beste alor batzuetan galdutako ahal batzuk itzuli zitzaizkion.
- ERANTZUKIZUN POLITIKOEN LEGEA (Ley de Responsabilidades Políticas): erregimen frankistaren aurkakotzat jotako pertsona guztien errepresioan erabili zen.
7.4.1.4 Gerra Espainian
Erreboltariek konpondu behar izan zuten lehen arazoa armada MAROKOTIK PENINTSULARA garraiatzea izan zen eta, horretan, garrantzi handikoa izan zen italiarrek eta alemaniarrek emaniko laguntza. Bi herri horietako HEGAZKINen bitartez aireko zubi bat antolatu zuten Afrika eta Andaluzia bitartean eta horrela igaro zen kolonietako armada.
Penintsulara igaro bezain laster, altxaturiko tropak elkartzen saiatu ziren eta MADRILERANTZ abiatu ziren.
Baina, espero ez zuten bezala, Madrilgo hiriaren konkista saioak HUTS EGIN zuen hasieran, Errepublikako armadak, miliziek eta Nazioarteko Brigadek oso gogor defendatu baitzuten. Porrotaren ondoren, hurrengo baterako utzi zuen Francok Madrilgo konkista eta gerra luze bati ekiteko antolamendutan hasi zen.
IPARRALDERANTZ abiatu ziren. Balio estrategiko handiko lurraldea zen, aberatsa industria eta meatzetan. Gerra hasieran, Molak GIPUZKOA aldera gidatu zituen bere tropak eta, errekete karlisten laguntzaz, Irungo hiria hartu zuen: iparraldean, Errepublikari leial iraun zuten lurraldeek Frantziako mugarik gabe geratu ziren. Ondoren MENDEBALDERANTZ jo zuten, baina BIZKAIko mugan zailtasunak izan zituzten. Hala ere, 1937ko urrian erreboltariek iparralde osoa hartua zuten.
Ondoren Gobernuak TERUEL aldera jo zuen erasoa eta, konkistatzea lortu bazuen ere, egun gutxitara berriro galdu zuen. Tropa erreboltariek ekialdeko fronteari ekin zioten. Horrela gauzatu zen EBROKO GUDUA; gudu hau oso luzea izan zen eta kokapena ez zen ia aldatu. Bi alderdietako tropek kontraeraso odoltsuak eta gogorrak jasan zituzten, lehenago bestea ahulduko zen itxaropenez. Azkenean, Franco izan zen garaile eta errepublikazaleek ibaia zeharkatu beharrean izan ziren gizon pila gudu zelaian utzita.
Mediterraneoraino iritsi ziren erreboltariek eta Gobernuaren lurraldea bitan banatuta geratu zen. KATALUNIAri eraso zioten.
Katalunia erori zenean, ZATIKETA gertatu zen errepublikazaleen bandoan:
- Batzuk erasoari eustearen iritzikoak ziren. Europan gerra hastear zegoela uste zuten eta, orduan, estatu demokratikoek laguntza emango ziela.
- Besteek errenditu egin nahi zuten.
- Ez zen akordiorik lortu eta bigarren taldea Francorekin negoziatzen saiatu zen. Honek baldintzarik gabeko kapitulazioa baizik ez zuen onartu eta enfrentamenduak gertatu ziren errepublikazaleen bandoan.
Erreboltariek MADRIL okupatu zuten eta Alacanteko portuan atxilotu zituzten Errepublikaren aldeko azken borrokalariak, inoiz iritsiko ez ziren ontzi frantses eta ingelesen zain zeudela.

Gerra Zibilaren amaiera (gazteleraz)-12 min