RSS

6 Errusiako Iraultza. SESB

Errusiako 1917ko iraultza XX. mendeko gertaera nagusitariko bat izan zen, Langileen mugimendu antolatuaren garaipena izan zen, mundu osoko kapitalismoaren kontrako lehenengo estatua. Sistema politiko berriari mundu osoko alderdi politiko, erakunde eta pertsona askok jarraitu zioten, gizarte liberala eta kapitalista bidegabea zela pentsatzen zutelako. Beraz, XX. mendean hiru aukera politiko eta sozial ikus ditzakegu:

  • Demokrazia liberala
  • Diktadura kontserbadoreak edo faxistak
  • Sozialismoak eta komunismoak

6.1 Oinarri ahuleko erraldoia

XX. mendearen hasieran, tsarren absolutismo eta askatasunik eza, oztopo izan ziren Errusiako bizitza politikoaren berezko garapenerako eta herriaren modernizaziorako. Errusia Europako potentzia handia zen; baina, aldi berean, kontinenteko herririk atzeratuenetarikoa ere bai. Kontraesan horren eraginez, tsarren politikaren aurkako mugimenduak sortu eta sorrera horrek 1905eko altxamendua eragin zuen, 1917ko iraultza handiaren aurrekaria (tsarren inperioari amaiera emango zion iraultza).

6.1.1 Ekonomia aurreratua eta gizarte atzeratua (Inperioa, Gizartea, Nekazaritza, Industria)

Inperioa:  Errusiako Inperioa, XX. mendearen hasieran, munduko potentzia nagusienetakoa zen. Indar ikaragarria zeukan, baina indar hori itxurazkoa baino ez zen. Bertako ekonomia eta gizarte atzeratuaren ondorioz, Errusia oso urrun zegoen, Belgika edo Britainia Handia bezalako nazio modernoetatik.

Gizartea:  Gutxiengo txiki batek dirutza izugarriak zituen eta nekazari eta industria langileen gehiengoa egoera negargarrian bizi zen; bien arteko diferentzia oso handia zen. Gizarte arazoetako bat erdiko klaserik ez egotea zen, hau da, mendebaldeko herrietan hain ugaria zen burgesia indartsurik ez egotea; kontuan izan behar da, gainera, landa inguruko morrontza oso berandu ezabatu zela.

Nekazaritza:  Lurraren zati handia jabe gutxi batzuen esku zegoen: aristokrazia, monarkia, Eliza ortodoxoa eta lurjabe handiak. Gainera, 1906 eta 1910 bitartean nekazaritza modernizatzeko erabilitako erreforma batzuek kulak izeneko nekazari aberatsei soilik egin zieten mesede.

Industria: Atzerapen ekonomikoaren ondorioz, industria garapena ere berandu iritsi zen eta enpresarik gehienak atzerriko kapitalen esku zeuden. 1913an hiru milioi langile baino ez (%5), eta nekazarien kopurua %80tik gorakoa zen. Egoera negargarrian bizi ziren, Erresuma Batuko, Belgikako edo Frantziako langileek ehun urte lehenago bizi izandako egoeran. Fabrika handietan pilatuta egoteak mesede egin zion ideia iraultzaileen hedapenari.

6.1.2 Gatazka politikoak (Agintea, (3), Hirian (2), Landan (2), Industria+intelektualak (2))

Agintea

1. XX. mendearen hasieran, Errusiako Inperioa garaiz kanpoko monarkia absolutua zen. Kapitalismoa nagusitzen ari zen mendebaldeko munduaren ondoan, Tsarrak mugarik gabeko agintea izaten jarraitzen zuen.

2. Tsarra errusiar guztien enperadorea zen eta etnia eta nazio ugari kontrolatzen zituen, burokrazia sendo baten eta polizia ahalguztidunaren bitartez. Eliza ortodoxoaren agintari nagusia ere tsarra bera zen.

3. Hala ere, poliki-poliki bada ere, aldaketa sakonak eta absolutismoaren amaiera eskatzen zuten talde politikoak sortzen hasi ziren.

Hirian

1. Hirietako erdiko klase berriak monarkia parlamentarioa ezarri nahi zuen, Europako beste herrietan zegoenaren antzekoa.

2. Batez ere, Alderdi Konstituzional Demokrata KD (kadete) izenekoan biltzen ziren.

Landan

1. Landa inguruan ere, nekazariak oso haserre zebiltzan eta gehienek lurren jabetza lortu nahi zuten.

2. Nekazarien haserrea Alderdi Sozialista Iraultzailearen (SI) inguruan pilatu zen eta alderdi hori nagusitu zen nekazaritza eremuetan.

Industria+Intelektualak: Industriako langileen eta intelektual erradikalen artean, marxismoaren ideia iraultzaileak hedatzen joan ziren, eta, ondorioz, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata sortu zen. 1903an, bi zati sortu ziren alderdi horretan:

1. Boltxebikeak gutxiengoa ziren. Ezkerreko marxistak ziren eta buruzagia Lenin zen.

2. Mentxebikeak edo sozialista moderatuak gehiengoa ziren. Demokratekiko lankidetza onartzen zuten, tsarra tronutik kentzeko eta Mendebaldeko demokrazien antzekoa ezartzeko.

6.1.3 1905eko iraultza (Krisia, Igande Odoltsua, Erreformak (4))

Krisia: 1902-1903 bitarteko krisi ekonomikoan, langileen grebak, nekazarien altxamenduak eta ekintza terroristak egon ziren. Egoera horren eragilea Errusiaren eta Japoniaren arteko 1904ko gerra izan zen. Pronostiko guztien aurka, Japoniak Errusia garaitu zuen, eta, horren eraginez, biztanleak haserretu eta 1905eko iraultza hasi zen.

Igande Odoltsua: 1905eko urtarrilean, langileen manifestazio baketsua egon zen, jauregi inperialeraino, tsarrari “babesa eta justizia” eskatzeko, lan baldintzak hobetzeko eta “guztien berdintasuna eta askatasuna” aldarrikatzeko. Manifestazioa armekin zapaldu zuten, eta ehunka hildako eta zauritu egon ziren. Gertaera horri Igande Odoltsua izena jarri zioten, eta horrek iraultza eragin zuen. Grebak, matxinadak eta altxamenduak Errusia osoan hedatu ziren, eta lehenengo sobietak edo langileen ordezkarien kontseiluak sortu ziren, 1917ko iraultzan eginkizun garrantzitsua izan zuten kontseiluak.

Erreformak: Protesta ekintzei ezin zitzaienez amaierarik eman, Nikolas II.a tsarrak erreforma batzuk onartu zituen:

  1. Ordezkarien biltzarra edo Duma.
  2. Lanaren eta gizarte arloko hobekuntzak: eskubide sindikalak, 10 orduko lanaldia…
  3. Baina tsarra liberalismoaren aurka zegoen, eta boikota egin zion Dumaren funtzionamenduari, eta, handik gutxira, erreforma politiko guztiak ezabatu zituen. Horrela, autokrazia itzuli zen Errusiara.
  4. Oposizioak argi ikusi zuen tsarra gobernutik kendu beharra zegoela, egoera aldatu ahal izateko.

6.2 1917ko iraultza

Gerra Handiak tsarraren Errusiaren gabeziak agerian jarri zituen eta 1917ko otsaileko iraultzak amaiera ekarri zion tsarraren erregimenari. Zuzendari berriak ez ziren herriko arazo nagusiak konpontzeko gauza izan, eta horrek boltxebikeen garaipena eragin zuen, urte horretako urriko iraultzan.

6.2.1 Otsaileko iraultza (I. Mundu Gerra (4), r haserrea, Manifestazioak, Errepresioa, Duma, Azkenean, Agintea (3), Nikolas II.a)

I. Mundu Gerra

  • 1914an, Errusia Lehen Mundu Gerran sartu zen, Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin batera. Atzerapen ekonomikoak eta tsarraren gaitasunik ezak agerian jarri zuten Errusiak ez zeukala Alemania eta Austria-Hungaria etsai indartsuak garaitzeko gaitasunik. Gerra luzatzearen ondorioz, herria kaosean eta iraultzan murgilduta gelditu zen.
  • Gerra luzatu ahala, haserrea gero eta biziagoa zen biztanleen artean, eta tsarrak eta horren erregimenak gero eta ospe txarragoa zuten. Garraioan eta produkzioan izandako akatsen eraginez, armada eta hiriak hornitzen zituzten fabrikak gelditu egin ziren, ez baitzuten lehengairik edo erregairik, eta hirietako biztanleak gose eta hotz ziren. Porrotak eta etsaiak aurrera egiten zuela ikusita, etsipena nagusitu zen.
  • Gainera, hondamen guztien errua tsarraren erregimenari eta Nikolas II.ari leporatzen zitzaion.
  • 1914an, boltxebikeak soilik egon ziren Errusia gerran sartzearen aurka. Baina, denborak aurrera egin ahala, gerran jarraitzearen aurkariak gero eta gehiago ziren.

Haserrea: 1916-1917ko neguan, armadaren eta hirien haserrea hazi egin zen, bizitza normalizatua egiteko gauza ugari falta baitzen. Tenperatura glaziarretan, emakumeen ilara luzeak sortzen ziren hornidurarik gabeko denden aurrean, janariak edo ikatza lortu ahal izateko.

Manifestazioak: 1917ko otsailean, Petrogradoko hiriburuan (lehen San Petersburgo zen) protestako bat-bateko manifestazioak egon ziren, eta, horietan, batez ere emakumeek hartu zuten parte. Manifestazio horietan, greban zeuden langileak ere parte hartzen hasi ziren apurka-apurka, eta poliziek ez zeukaten hiria kontrolpean izateko gaitasunik.

Errepresioa: Gobernuak armada bidali zuen altxamendua geldiarazteko, baina tropek ez zuten gogor jardun.

Duma: Egoera hori ikusita, Dumako presidenteak gobernua herriaren konfiantza izango zuen gobernu berri bat izendatzeko eskatu zion tsarrari. Nikolas II.aren erantzuna Duma ixtea izan zen.

Azkenean: Errusiako egutegi ortodoxoko otsailaren 27an (gurean martxoaren 12an), manifestazioaren aurka bidalitako tropen zati bat protestetara batu zen. Hiri osoa matxinoen esku geratu zen, eta ministroak eta agintari militarrak atxilotu egin zituzten. Biharamunean, gobernuak dimititu egin zuen.

Agintea

  • Tsarraren gobernuaren dimisioak sortutako hutsunea ikusita, Dumako diputatu liberalek Dumako Behin-behineko Komitea sortu zuten.
  • Aldi berean, Petrogradoko Langileen eta Soldaduen Sobieta sortu zen, Behin-behineko Komite Betearazlea izena hartuta; komite hori mentxebikeek eta Alderdi Sozialista Iraultzaileko kideek kontrolatzen zuten. Horrela, bi aginte sortu ziren: Dumarena eta Petrogradoko Sobietarena.
  • Martxoaren 2an, Duma eta Petrogradoko Sobieta behin-behineko gobernua sortzeko akordio batera iritsi ziren. Gobernu hori Alderdi Konstituzional Demokratako (kadete) kideek osatu zuten, batez ere, eta sozialista bakarra Kerenski zen. Sozialista moderatuak gobernu honen aldekoak ziren.

Nikolas II.a: Jarraitzailerik gabe geratu zen eta abdikatu egin zuen. Tronua anaia Migel duke handiari utzi zion, baina honek ez zuen hartu nahi izan. Horrela, Errusia errepublika bihurtu zen.

6.2.2 Behin-behineko gobernuak (1917ko martxo-urria) (Tsarra, Helburu eta erabakiak 3, Atzerapenak (4), Armada, Sobietak, Gobernuak (3))

Tsarra: Tsarraren erregimena desegin zenean, iraupen laburreko gobernu batzuk egon ziren, baina horiek ospe txarra zuten biztanleen artean. Bien bitartean, politikari erradikalenak, boltxebikeak, agintea derrigorrez eskuratzeko prestakuntzetan murgilduta zebiltzan.

Helburu eta erabakiak

  • Behin-behineko lehenengo gobernuaren helburu nagusia mendebaldeko Europakoen antzeko erregimen demokratikoa ezartzea izan zen.
  • Gerran aliatuekin batera jarraitzea erabaki zuen.
  • Demokraziaren aldeko neurri batzuk onetsi zituen: amnistia politikoa, askatasun politikoak eta pertsonenak ezartzea, biltzar legegilerako deia egitea…

Atzerapenak: Baina arazo nagusien konponbideak atzeratu egin ziren:

  • Langileen egoera hobetzea.
  • Lurrak nekazarien artean banatzea.
  • Errusiar etniakoak ez zirenak herrien autonomiak bideratzea
  • Bakea. Errusiar gehienak nekatua zeuden hildako kopuru ikaragarria sortu zuen gerra harekin.

Hau guztiaren ondorioz, gobernuak Errusia gerran mantentzera erabaki zuenean, gero eta ospe txarragoa hartu zuen.

Armada: Armada desegiten hasi zen. Boltxebikeek bakearen alde egindako propaganda frontean eta estatu osoan hedatzen zen. Gero eta desertzio gehiago eman ziren.

Sobietak: Otsaileko iraultzaren ondoren, sobietak ezarri ziren estatu osoan, fabriketan nahiz landa-inguruan, armadan eta hirietan, eta gero eta aginte gehiago eskuratzen joan ziren. Ez zieten jaramonik egiten gobernuaren erabakiei, edo beste erabaki paraleloak hartzen zituzten. Praktikan, sobietek bigarren agintea osatzen zuten.

Gobernuak

  • Behin-behineko gobernuak eratu eta protestako manifestazioak itzuli ziren kalera.
  • Azkenik, Kerenskik mentxebikeen eta Alderdi Sozialista Iraultzailearen gehiengo gobernua eratu zuen.
  • Hala ere, boltxebikeek gobernu horiek guztiak kritikatzen jarraitu zuten, gerrak jarraitzearen aurka agertu eta lurraren berehalako banaketa eskatu zuten; horren ondorioz, gero eta eragin handiago hartzen joan ziren, batik bat sobietetan.

6.2.3 Urriko iraultza (Iraultzak, Boltxebikeak, Lenin, Kornilov, Leninen kolpea (4))

Iraultzak: Otsailean tsarraren absolutismoaren aurkako altxamendua izandakoa, handik hilabete gutxira, mundu osoko lehenengo iraultza sozialista bihurtu zen.

Boltxebikeak: Militante gutxiko alderdia osatzen zuten, baina gero eta ospe handiagoa lortzen joan ziren herri klaseen artean.

Lenin: Tsarra tronutik kendu eta hilabetera, boltxebikeen buruzagi nagusia, Lenin, Suitzako erbestetik itzuli zen Errusiara. Iritsi bezain pronto, Apirileko Tesiak izenekoan laburbildu zituen Errusiako etorkizunerako zituen ideiak: berehalako bakea eta,  behin-behineko gobernuaren ordez, sobieten gobernua ezartzea. Azkenean, behin-behineko gobernuak jazarri egin zituen boltxebikeak, altxamenduaren bultzatzaileak zirela-eta. Leninek Finlandiara alde egin behar izan zuen eta buruzagi boltxebike asko atxilo hartu zituzten.

Kornilov: Tsarraren armadaren komandante nagusia izandakoa zen eta, uda amaieran, indar-kolpea ematen saiatu zen, ordena bermatuko zuen gobernu berria osatzeko. Kerenski lehen ministroak indar iraultzaile guztiak bildu behar izan zituen, altxamendua gerarazteko. Boltxebikeen laguntza erabakigarria izan zen une honetan.

Leninen kolpea

  • Egoera gero eta txarragoa zela ikusita, Lenin ekintza iraultzailera igaro zen. Erbestetik ezkutuan itzuli eta bere alderdiaren komite nagusia altxamendu armaturako berebiziko aukeraz konbentzitu zuen, Kerenski garaitu eta agintea hartu ahal izateko.
  • Kolpea antolatzeko ardura Trotskik izan zuen, hau da, hiriburuko sobietaren presidentea eta hiriaren defentsaren arduraduna zenak.
  • 1917ko urriaren 24tik 25erako gauean (gurean azaroaren 6tik 7rakoan), boltxebikeen tropek eta miliziek Petrogradoko gune nagusiak okupatu zituzten. Ministro guztiak atxilo hartu zituzten, Kerenski izan ezik, honek alde egin baitzuen.
  • Biltzarrak gobernu berria aukeratu zuen, Herriaren Komisarioen Kontseilua, eta horren presidente Lenin izendatu zuten. Boltxebikeen iraultzaren garaipena izan zen.

6.3 SESBren sorrera

Boltxebikeen gobernuak aurre egin behar izan zien herriaren  errebindikazio nagusiei: bakea, lurraren banaketa eta nazionalitateen errespetua. Gero, herria gerra zibilean sartu zen. Politika Ekonomiko Berria (NEP) ezartzeak erregimen komunista finkatu eta berehalako hobekuntza ekonomikoa ekarri zuen.

6.3.1 Erregimen berria: lehenengo neurriak (Agintea, Dekretuak (4), Biltzar Konstituziogilea, 1. Konstituzioa, Iritziak (3), Bakea)

Agintea: Langileen alderdiak lehenengo agintea Errusian hartu zuen.

Dekretuak

  • Gerraren amaierari buruzko dekretuak anexiorik eta kalte-ordainik gabeko bakea proposatzen zuen.
  • Lurrari buruzko dekretuak lur-jabetza handiak desjabetu zituen, inolako ordain ekonomikorik gabe eta jabetzok nekazaritza komiteen esku geratu ziren.
  • Industriako enpresei buruzko dekretuak langileen eta enplegatuen kontrolpean utzi zituen fabrikak.
  • Nazionalitateei buruzko dekretuak Errusiako herriek euren etorkizuna askatasunez aukeratzeko eskubidea aldarrikatu zuen.

Biltzar Konstituziogilea: 1918ko urtarrilean bildu zen eta bilera horretarako deialdia urriko iraultza baino lehenagoko gobernuek egin zuten. Boltxebikeak gutxienak ziren Biltzarrean, eta gehienak Alderdi Sozialista Iraultzaileko (SI) militanteak ziren. Leninen ustez, Biltzarrak eredu politiko burgesari jarraitzen zion, sobieten demokrazia sakonagoaren aurrean, eta, horrenbestez, Biltzarra desegin egin zuen.

1. konstituzioa: 1918ko uztailean, Sobieten Biltzarrak lehenengo konstituzio sobietarra onetsi zuen; bertan, gizarte klaserik eta estaturik gabeko sozialismoa eraikitzeko erabakia aldarrikatzen zen, eta sobietak jartzen ziren aginte iraultzailearen oinarrian.

Iritziak

  • Errusian inork ez zuen Gerra Handian jarraitzerik nahi, eta, beraz, gobernu berriaren helburu nagusia bakea izan zen. 1917ko abenduan, armistizioa sinatu zen Alemaniarekin eta Austria-Hungariarekin, eta bakeari buruzko negoziazioak ireki ziren. Hala ere, boltxebikeen alderdiaren barruan, denek ez ziren iritzi berekoak.
  • Lenin bakea edozelan lortzearen aldekoa zen, iraultzaren iraupena segurtatu ahal izateko.
  • Alderdiaren barruko zatirik erradikalenak, horren buru Trotski zelarik, ostera, gerran jarraitu nahi zuen, iraultza beste herri batzuetara esportatu ahal izateko.

Bakea: Alemaniako armadaren presiopean, boltxebikeen alderdiak eta Gobernuak Alemaniak ezarritako baldintza gogorrak onartu behar izan zituzten. Bakea Brest-Litovsk hirian sinatu zen. Errusiak 800.000 km2 eta biztanleriaren laurdena galdu zituen, baina iraultza salbatu egin zen.

6.3.2 Gerra Zibila eta gerrako komunismoa (Gerra Zibila, Laguntzak, Garaipena, SESB, Gerrako komunismoa)

Gerra Zibila: 1918 eta 1920 bitartean, erregimen berriak estatu osoan zabaldutako gerra zibilari aurre egin behar izan zion.

Laguntzak: Frantziak, Erresuma Batuak eta Japoniak geldiarazi egin nahi zuten iraultza eta kapitalak eta armak eman zizkieten iraultzaren aurkako armadei, zuriei, horiek Armada Gorriko iraultzaileen aurkakoak baitziren.

Garaipena: Trotskik zuzendutako armada gorriak diziplina zorrotza eta eraginkortasun handia lortu zituen, eta, horrela, 1919aren amaieran, armada zuriak garaitu zituen.

SESB: 1922ko abenduan, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) sortu zuten eta horrek indartu egin zuen sobieten agintea.

Gerrako komunismoa: Errusiak iraultzaren aurretik zeukan egoera ekonomiko kaotikoak txarrera egin zuen gerra zibilean. Gobernu komunistak konpondu beharreko arazo nagusia hornidura izan zen. Gogor zuzendutako nekazariek uzten zati bat entregatu behar izan zuten; baina konfiskatze horiek, batez ere kulakei zegokienez, erresistentzia eta bortizkeriako giro nabarmena sortu zuten nekazaritza inguruetan; baina, horrela, hirietara janari gehiago iritsi zen. Gerra zibilean, goseak eta gaixotasunak milioika errusiar hil zituzten.

6.3.3 Politika Ekonomiko Berria (Ek, NEP (-liberalizazioak (4)-ez), Ondorioak (3))

Ekonomia: Gerra zibila bukatu zenean, herria erabat nekatuta zegoen; goseak, gaixotasunek eta gerrak milioika biktima eragin zituzten; nekazaritzako produkzioa gerra aurrekoaren bi herenekoa zen. Industria zazpirenera murriztu zen; eta urritasuna eta haserrea orokorrak ziren. Leninek herriak atsedenaldia behar zuela  ulertu zuen.

NEP: Politika Ekonomiko Berriak goitik beherako aldaketa ekarri zuen.

-Liberalizazioak

  • Barne-merkataritzan askatasuna ezarri zen berriro.
  • Nekazariek, zergak jenerotan ordaindu ondoren, soberakinak askatasunez saltzeko aukera zuten.
  • Industrietan eta zerbitzuetan, enpresa pribatu txikiak sor zitezkeen.
  • Atzerriko kapitala sartzeko aukera eman zen.

-Liberalizatu gabe: Estatuak kredituaren eta ekonomiako sektore nagusien kontrola beretzat gorde zuen: trenbide eta beste garraiobide batzuen eta enpresa handi, banku eta atzerriko merkataritzarena.

Ondorioak

  • Ekonomia berehala suspertu zen. 1923an, nekazaritzako produkzioa 1913ko mailaraino iritsi zen, eta industriako produkzioak 1927an lortu zuen hori.
  • Baina politika ekonomiko berriak arazo sozialak sortu eta horren eraginez, Alderdi Komunista zatitu egin zen, burges aberats berriak agertu zirela ikusita: hirietako bitartekariak, industrialari batzuk eta kulakak.
  • Baina, zalantzarik gabe, politika ekonomiko berriaren balantzea ona izan zen, oinarri ekonomikoak ezarri eta produkzioa nahiz biztanleen bizimodua hobetu zituelako.

6.4 Stalinen garaia (1927-1939)

Stalin SESBko historiaren bigarren aldiko protagonista izan zen. Bere diktadura ezarri, erregimen sobietarra finkatu eta SESB potentzia handi bihurtu zuen. Stalinen politikaren zutabe nagusiak lurraren sozializazio eta planifikazio ekonomikoa izan ziren.

6.4.1 Leninen ondorengotza (Lenin, Hautagaiak, ≠ (2), Emaitza)

Lenin: Leninek, gaixotuta, agintea utzi behar izan zuen 1923an, eta, urtebete baino lehenago, hil egin zen. Sobietar agintari nagusia izandakoak ez zuen testamentuan argitu ondorengotzari lotutako alderdirik. Horrela, Alderdiaren Komite Zentralak presidente berria aukeratu behar izan zuen.

Hautagaiak: Bi hautagai nagusi zeuden:

  • Leon Trotski: Bere merezimenduak agerian zeuden: San Petersburgoko sobieten burua izan zen 1905ean, urriko iraultzaren antolatzailea eta Armada Gorriaren sortzailea. Agian, azkarregia eta adimentsuegia zen Alderdiko hierarka handientzat, horiek ez baitzituzten ahazten Trotskik Leninekin une garrantzitsuetan izandako eztabaidak.
  • Josef Stalin: Hasieratik boltxebikea izandakoa, eginkizun aktiboa izan zuen 1905eko iraultzan; gainera, 1917ra arte erbesteratuta egon zen. Leninen jarraitzaile sutsua zen, eta kargu garrantzitsuak eduki zituen Alderdian. Boltxebikeen lehenengo gobernuan egon zen, eta, antolaketarako zuen gaitasuna kontuan hartuta, alderdiaren idazkaritzara iritsi zen 1922an. Postu horretatik, bere konfiantzako pertsonak postu garrantzitsuetan jarri eta aurkakotzat zituenak  baztertu egin zituen.

≠: Bien arteko desberdintasun nagusia hurrengoa zen:

  • Trotski mundu mailako iraultzaren aldekoa zen eta atzerriko arerioen aurkako iraultza egin behar zela uste zuen.
  • Stalinek, berriz, herri bateko sozialismoa defendatzen zuen. Jarrera hau nagusitu zen azkenean, 1917tik aurrerako sakrifizio guztiek atseden baten beharra eskatzen baitzuen.

Emaitzak: 1927an, Stalinek Alderdiaren eta SESBren barruan agintea kontrolatzen zuen. Lenin hil zenetik, Trotskiren posizioa gero eta ahulagoa izaten joan zen. Ordura arte izan zituen karguak galdu zituen, atxilotu egin zuten eta Siberiara erbesteratu zuten; azkenik 1929an, SESBtik kanporatu zuten. Mexikora joan eta, bertan, Stalinen agentea zen espainiar batek erail zuen.

6.4.2 Sozializazioa eta planifikazioa (NEP, Bosturteko I. Plana (5), Nola, Emaitzak (3), Bosturteko II. Plana, Bosturteko III. Plana)

NEP: 1929ko apirilean NEP desegin egin zuten eta ekonomia sozialistak, liberalismo kapitalistari erantzuna eman nahian, estatuak planifikatutako ekonomia jarri zuen martxan.

Bosturteko I. Plana: 1928ko urriaren 1ean hasi zen. Helburu nagusiak hurrengoak izan ziren:

  • NEP-ekin sortutako sektore pribatua desagerraraztea.
  • Industriako inbertsio handiak autofinantzatzea.
  • Teknikarien eta langile espezializatuen eskala handiko heziketa.
  • Industria astuna garatzea.
  • Herrilan erraldoiak burutzea, SESBk zuen atzerapen historikoa gainditu ahal izateko.

Nola: Asmo handiko helburu horiek lortzeko, biztanleak ia modu militarrean mobilizatu ziren.

Emaitzak: Ikusgarriak izan ziren. Baina kostua ere itzela izan zen:

  • Stalinen gobernuaren arazo nagusienetako bat nekazaritza ingurua zen; izan ere, inguru horrek NEPren garaian izandako aldaketa jabetza pribatua ezabatzeko ideia komunisten aurkakoa zen. Aldiz, nekazari batzuk, kulakak, aberastu egin ziren eta arriskutsuak izan zitezkeen, ahalmen ekonomiko gero eta handiagoa baitzuten. Zenbait neurri hartu ziren kolektibizazio prozesua abiatzeko, eta horrek nekazaritzako jabeekiko gerra irekia sortu zuen. Baina Stalinek jabetza pribatua ezabatzeko erabaki sendoa hartu eta gauzatu egin ziren.
  • Kolektibizazioek kulaken amaiera ekarri zuten, baina kostu itzelean:
    • milaka nekazari hil ziren, gizatasunik gabeko erbesteratze masiboetan;
    • abeltzaintzako produkzioa lur jota geratu zen luzaro eta
    • nekazaritzak prestakuntzarik oneneko langileak galdu zituen.
  • Prozesu horretarako lorpen bakarra zerealen produkzioaren mekanizazioa izan zen.

Bosturteko II. Plana: (1933-1937) Honek ere balantze ikusgarria izan zuen. Industriako ekoizpena bikoiztu eta nekazaritzakoak %50eko hazkundea izan zuen. Biztanleen bizimoduak hobekuntza nabaria izan zuen, eta sobietar gizartea, itxuraz, egonkortasunerako bidean zegoen.

Bosturteko III. Plana: (1937-1942) II. Mundu Gerra hasita zegoen eta aurreikusitako plana aldatu behar izan zuten, gerraren beharrizanei aurre egiteko.

6.4.3 Stalinen diktadura (Egoera, Garbiketak, Ondorioak (5))

Egoera: Stalinek diktadura ezarri zuen, metodo basatiak erabiliz eta oposizio osoa ezabatuz, baita Alderdi Komunistaren barruko oposizioa ere.

Kolektibizazioaren ondoriozko gatazkak eta borroka eta sakrifizio ugari gainditu ondoren, SESB lasai-lasai zegoen; oposizio politikoa ezabatuta zegoen eta bazirudien erregimenak biztanlerik gehienen babesa zeukala. Baina Alderdiaren barruan krisi sakona sortu zen.

Garbiketak: 1933tik aurrera, garbiketak egin ziren alderdiaren barruan, diktadorea itsututa baitzegoen, aurkako etengabeko konspirazioak zirela-eta. Nahitaez ezabatu beharreko konplota ikusten zuen kritika guztietan. Stalinen errepresioa hiru aldi nagusitan gauzatu zen. Lehenengo bietan, 1933 eta 1934 bitartean, alderdia bere alde garbituta utzi zuen, kide asko kanporaturik. Hirugarren aldia izan zen adierazgarriena, 1936 eta 1938 bitartean, Moskuko prozesuetan, antzinako buruzagi boltxebikerik gehienak eta alderdiko beste buruzagi asko nahiz armadako ofizial ugari epaitu eta exekutatu egin ziren, krimenik zentzugabekoenak leporatuta.

Ondorioak: Errepresio neurri horien eraginez

  • Erabat Stalinen borondatearen menpean zegoen Alderdi Komunista berria sortu zen.
  • 1939an, Sobietar agintea finkatuta zegoen eta Alderdi Komunistak SESBko bizitzaren alderdi guztiak kontrolatzen zituen.
  • Jabetza pribatua abolitu eta marxismoaren interpretazio sobietarra gauzatu zen.
  • Herria industrializaturik zegoen, eta hiriek hazkunde nabaria izan zuten.
  • SESB munduko potentzia ekonomikoa zen eta, zirudienez, adostasun handia zegoen Stalinen erregimenaren barruan.

Before Photoshop: 14 Historic Photos That Have Been Manipulated |  Historical photos, History, Photo manipulation

6.4.4 SESB-k munduan izandako eginkizuna (Balorazio ≠ (2), Nazioartea (4))

Balorazio ≠

  • Langileen mugimendua benetako mehatxua zen gizarte liberalentzat eta kapitalistentzat.
  • Beste alderdian, iraultzak langile klaserik gehienen poza eragin zuen, Errusiako iraultza kapitalismoaren amaieraren hasieratzat ikusten baitzen.

Nazioartea: Errusiar komunistek iraultza azkar hedatuko zela mundu osoan uste zuten eta Gerra Handiaren ondorengoan arrazoia zutela ematen zuen:

  • Iraultza espartakista Alemanian: Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht.
  • Sobietar errepublika ezartzea Hungarian eta Bavarian eta istilu handiak herri askotan.
  • Baina, lehenengo une hori igaro ondoren, langile mugimendu guztiak zapalduta geratu ziren.
  • Bestalde, estatu demokratikoek ere ez zuten konfiantzarik ematen eta potentzia faxistak nagusitzen hasi ziren.

6.4.5 III. Internazionala (Soz≠Kom (3), Komintern, Ondorioak (2), III. Intern)

Soz≠Kom

  • III. Internazionala sortu zenean, sozialisten eta komunisten banaketa gauzatu zen eta erakundea SESBen aginduetara jarri zen.
  • Hala ere, faxismoa Europan hedatzen ari zela-eta, bi erakunde horiek oposizio bateratua egin zuten Fronte Popularretan elkartuz.
  • III. Internazionalak langile mugimenduaren banaketa berria ekarri zuen, Lehen Mundu Gerraren aurretik zegoen iraultzaile eta errebisionisten arteko diferentziak areagotuz. Kasurik gehienetan, komunistak gutxienak ziren. Sozialistak, berriz, SESBekiko jarrera kritikoa izan zuten, eta, batez ere, sobietar erregimeneko askatasun politikorik eta sindikalik eza salatu zuten.

Komintern: Errusiako gobernari berriek mugetatik kanpo sustatu nahi zuten iraultza. Horretarako sortu zen III. Internazionala Moskun, 1919ko martxoan. Erakunde horri Komintern edo Internazional Komunista ere esaten zaio. Praktikan, Kominternek sobietarren kanpo politikari jarraitu eta bere helburu nagusia SESBren eredua mundu osoan zabaltzea izan zen.

Ondorioak

  • Langileen mugimenduaren barruko bi sektoreen arteko desadostasun handiek (komunisten eta sozialisten artekoak) mugimendua ahultzea ekarri zuten.
  • Kontinente osoan hedatzen ari zen faxismoaren mehatxuren eraginez, bi sektoreek euren desadostasunak baztertu eta oposizio bateratua egin zuten, alderdi demokratiko aurrerakoiekin batera, Fronte Popularretan.

III. Intern: III. Internazionala Stalinek desegin zuen, 1943ko maiatzean, Bigarren Mundu Gerran, mendebaldeko aliatuen aurrean asmo ona erakusteko eta nazismoaren aurkako batasuna indartzeko.

6.5 Euskal sozialismoa eta komunismoa. Sindikatu abertzalea

6.5.1 Sozialistak eta komunistak

6.5.2 Sindikalismo katolikoa eta abertzalea

5. gaia

7. gaia

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: