RSS

5. gaia

Euskal Herriko Industrializazioa eta haren gizarte ondorioak (1875-1923)

 

1917-Catalunya

Katalunia 1917an

5.1. Kontzertu Ekonomikoak

(3. gaian emandakoa) Karlisten hondamenarekin gerra bukatu zenean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oraindik indarrean zeuden FORUEN ABOLIZIOA (zergei eta armen zerbitzuari zegozkienak) etorri zen. Nahiz eta EUSKAL LIBERALEK PROTESTA egin (karlisten porrota eta erregimen foralaren etorkizuna banatu nahi zuten), 1876KO UZTAILAREN 21EKO LEGEAK fiskalitate propioa eta soldadutzatiko salbuespena ezabatu zituen. Hurrengo urtean, neurri hauen aurkako erresistentzia gainditzeko, gobernuak Batzar Nagusiak eta Foru-Diputazioak ezabatu zituen, horien ordez DIPUTAZIO PROBINTZIALAK ezarriz, hau da, hiru Lurralde Historikoak Espainiako Estatuko gainerako probintzia guztien erregimenaren menpe geratu ziren. Espainiako Kontzertu Ekonomikoa izango da foru zaharretatik geratuko den GAUZA BAKARRA. (Termino hau 1878ko Errege Dekretuan azaldu zen).

KUPOA

  • Kontzertuaren arabera zehaztuko zen euskal diputazio bakoitzak Espainiako Finantza Ministerioari urtero eman beharko zion diru-kopurua (kupoa), kontuan harturik beti ere kontzertaturiko zergak.
  • Diputazioek komenigarritzat zituzten baliabideak erabiliko zituzten kupoa ordaintzeko. Zeharkako zergen bidez biltzen zuten kupoaren atal garrantzitsu bat, merkatarien eta industrialarien mesederako, horiexek baitziren kontzertua negoziatu zutenak eta Diputazio Probintziala kudeatzen ari zirenak.

1937an altxaturiko gudarosteek BALIORIK GABE utzi zuten kontzertuaren erregimena BIZKAIA ETA GIPUZKOAko lurraldeetan, gobernu errepublikarrari leial iraun zutelako, eta bere horretan utzi zuen Araba eta Nafarroakoa, altxatuen alde jokatu zutelako.

DIKTADOREA HIL ONDOREN, Demokrazia berrezarri zenean, gobernu espainiarrekin negoziatu eta 1980an berreskuratu zen Kontzertu Ekonomikoaren formula. Horrenbestez, kontzertua, hasiera batean foru legearen kondarra zena, ESKUBIDE HISTORIKO bihurtu zen.

5.2 Bizkaiko industria iraultza eta Gipuzkoako industrializazio prozesua

5.2.1 Euskal Herriko ekonomiaren garapena

Errestaurazio garaian Euskal Herriak ekonomia garapen bizia izan zuen. Euskal industrializazioari buruz hitz egitean, BIZKAIKO INDUSTRIA IRAULTZA aipatzea ezinbestekoa da. Iraultza horren abiapuntua BURDINA MINERALAREN ERAUZKETA ETA ESPORTAZIOA izan ziren. Jarduera horrekin lortutako kapitala burdingintza industriaren oinarria izan zen eta industria garapenaren bultzatzailea.

Baina KARLISTALDIEK eta foruek industrializazioa ATZERATU zuten eta ez zen XIX. mende hasiera arte abiatu. Bizkaian, 1840. urte inguruan zenbait enpresa sortu ziren (Boluetako Santa Ana, adibidez, lehen sozietate anonimo modernoa), baina industrializazioari kosta egin zitzaion finkatzea.

Industrializazioaren fenomenoaren protagonista BURGESIA sortu berria izan zen. Burgesia hau meatzeen jabe zen, atzerriko konpainiekin batera. Etekinak industria osagarri batzuk eratzeko inbertitu zirenean, Bizkaiaren garapen kapitalistari hasiera eman zitzaion. Hori baino lehen, Bizkaiak egiten zuen gauza bakarra lehengai minerala esportatzea zen.

1887tik aurrera, burgesia industriala, Victor Chavarri buru zuela, merkatu nazionalaren kontrola ziurtatuko zion LEGERIA PROTEKZIONISTA lortu nahian hasi zen.

1898an, Espainiak Kuba eta Filipinak galdu zituen eta KOLONIETAKO KAPITALAK ABERRIRA itzuli ziren, ekonomiaren garapenari lagunduz.

Meatzaritzako enpresaburu batzuek METALGINTZAN inbertitu zuten; beste batzuek, berriz, ONTZIGINTZAN. Jarduera horiek guztiek ematen zuten potentzial ekonomikoa ikusita, zenbait zerbitzu sortu beharra zegoen. Beraz, 1891n, Banco de Comercio eta Bilboko BURTSA sortu ziren, kapital hori guztia inbertsioetarantz bideratzeko. Sasoi horretan sortu ziren TRENBIDEAK, orduan eraiki zen Bilboko kanpoko portua eta orduan hasi zen Jesuiten Deustuko Unibertsitatea.

Bizkaiko meategietan zulatzaileek lehergailuak jarriko zituzten zuloak egiten zituzten, leherketa kontrolatuen bidez minerala atera ahal izateko. Denborarekin, erremintak aldatzen joango ziren, eskuzkoetatik MEKANIZATUETARA.

Minerala trenez eramaten zuten zamalekuetara. Barakaldon eta Sestaon zeuden. TRENBIDEAK egurrezko egiturak izan ohi ziren eta egituraren gainetik bagonetak zuzenean itsasontziaren sotoan hustutzen zuen minerala. Itsasoan ere eraiki ziren ZAMALEKUAK (kargaderoak).

Garapenaren ARRAZOIAK

  • Teknika kapitalistetan ohitua zegoen BURGESIA MERKATARIA ETA ENPRESARIA, eta burdingintza tradizionalean, ontzigintzan, itsas nabigazioan eta beste jarduera batzuetan trebatua zen bertako eskulana.
  • KOKALEKUA, Europa eta penintsularen artean, ezin egokiagoa zen.
  • Euskaldunen ITSAS TRADIZIOAk oinarria eman zion ontzigintzaren garapenari eta haren eraginez egituratu zen esportaziorako merkataritza zerbitzu azkar bat.
  • Burdinolek ere oso ESKULANGILE KUALIFIKATUAK sortu zituzten.
  • BURDINA MEATZEAK UGARI ziren eta oinarria eman zioten esportazio merkataritzari geroko garapenak behar izango zuen KAPITAL METATZEA gauzatu ahal izateko.

LEHEN URRATSAK: Lehen gerra karlistaren amaieratik bigarrenaren hasiera bitarteko urteetan sortu ziren industria asko eta lurralde guztian zehar agertu ziren euskal ekonomia berriaren kimuak:

  • BIZKAIKO LEHEN INDUSTRIA SIDERURGIKOAK sortu ziren.
  • Seiurteko liberalizazioen ondorioz, MEATZEEN USTIAKUNTZA  bizkortu egin zen.
  • ONTZIOLAK izugarri azkartu ziren.
  • BANCO DE BILBAO sortu zen (1857).
  • Euskal lurraldeetako lehen BURDINBIDEA jardunean hasi zen (Bilbo-Tutera).
  • PAPEROLAK eta EHUNGINTZA industria garatu ziren Gipuzkoan.

DESBERDINTASUNAK

  • ARABA ETA NAFARROAko lurraldeak industrializazio prozesutik kanpo geratu ziren eta nekazaritzari loturik iraun zuten gehien batean.
  • Kostaldeko lurraldeen kasuan egoera ezberdinak eman ziren:
    • BILBOKO ITSASADARREAN industrializazio prozesua meatzearen esportazioan, itsas eta siderurgia industrien garapenean oinarritua, azkarra eta hazkunde maila handikoa izan zen.
    • BIZKAIKO BARNEALDEAK eta, bereziki, GIPUZKOAk, bestelako industrializazioa giroa bizi izan zuten, prozesua motelagoa izan zen eta era askotako jarduerak ezarri ziren eta kontsumo industriak, papergintzak eta ehungintzak bereziki, garrantzi handia hartu zuen Gipuzkoan.

5.2.2 Burdinaren merkataritza eta Protekzionismoa

BIZKAIA, GIPUZKOA, SANTANDER eta ASTURIAS nagusi ziren burdingintza industrian, meategietan aberastasun handia zeukaten-eta. Gainera, merkataritza hori ESPORTAZIORA begira zegoen eta kapitalizazio handia ekarri zuen. Hau da, burdina atzerrira saltzeak eragindako diru sarrera izan zen euskal kapitalismoaren oinarria eta, horrenbestez, ESPAINIAKO KAPITALISMO INDUSTRIAL OSOARENA.

Bizkaiko burdinaren ekoizpena oso azkar hazi zen hirurogeiko hamarkadan, gero gerra karlista zela-eta gelditu bazen ere. 1876an, bigarren gerra karlista amaitu zenean eta Errestaurazioan foru legeak kendu zirenean, beste aldi bat hasi zen eta minerala esportaziorako produzitzea berehala hedatu zen. Lurpea ustiatzeko euskal eta atzerriko konpainiak sortu ziren eta Bizkaiko minerala, mendebaldeko Europako burdina lantegietan gehien eskatutakoa bihurtu zen eta, horrenbestez, 1880 eta 1900 bitartean produkzioaren eta %90 ESPORTATU zen.

Adibidez, 1883tik aurrera INGALATERRAn gero eta burdina gutxiago ateratzen zuten, garestia eta kalitate eskasekoa zelako, baina, bestalde, burdinazko eta altzairuzko totxoen produkzioak gora egin zuen, Bizkaiko burdinaz hornituta batez ere.

Minerala saltzean LORTUAKO DIRUA labe garaiak eraikitzen BERRIZ INBERTITZEA guztiz garrantzitsua izan zen Bizkaiko burdingintzak gora egiteko. 1886an Bilboko Labe Garaietan LEHENENGO BESSEMER motako altzairua ateratzeak, eta 1888an Siemens-Martin prozeduraz ekoizten hasteak, Bizkaia altzairuaren aroan sartu zela erakusten du. 1902an, elkarte biek bat egin zuten eta bat-egite horri 1888an sortutako Sociedad Anónima Iberia gehitu zitzaion BIZKAIKO LABE GARAIAK (Altos Hornos de Vizcaya) sortzeko, hainbat hamarkadatan euskal burdingintzaren enpresen buru izan zena, barruko merkatu babestuaren burua.

MEATZARITZAtik atera zen, beraz, burdingintzaren garapenerako eta Bizkaiko garapen industrialerako behar zen dirua: ontzi konpainiak –Nerbioiko ontziolak edo Euskalduna Elkartea-, metalgintza-enpresa osagarriak, porlan enpresak, meategietako azpiegiturarako instalazioen enpresak (kargatzeko tokiak, ontziratze lekuak, garraiatzeko trenbideak…)… Burdina ESPORTATZEN 1900 arte irabazitakotik, %46 atzerriko konpainietara joan zen eta %54 Bizkaiko industriaren finantziazioan INBERTITU ZEN BERRIRO. Horrek industria indartsua ekarri zuen, laguntzaile Espainiako bankurik oparoena zeukala.

BIZKAIAREN INDUSTRIALIZAZIOAREN GARAPENAREN ARRAZOIAK

  • BESSEMER bihurgailuak sortutako beharrak. 2. gaian ikasi dugu, baina errepikatuko dugu hemen:
    • ERRESUMA BATUAK FOSFORORIK GABEKO BURDINA-MEA BEHAR zuen Bessemer-en bihurgailuetarako eta Bizkaiak egoki erantzun ziezaiokeen eskari hari.
    • Bessemer ingeniari ingelesa zen. 1856an altzairua lortzeko sistema berri bat asmatu zuen, airea insuflatuz galdaketa orduan. TRENBIDE ERRAILAK ALDATU ahal izan zituzten sistema honi esker.
    • Fosfororik gabeko burdina-mea behar zuen eta Bizkaian bazegoen.
    • ITZULERA IKATZA EKARTZEKO aprobetxatzen zen.
    • Gainera, joan-etorriko merkataritzak KOSTUAK MURRIZTU egin zituen Erresuma Batuko ikatza inportatzeko unean. Horri esker KAPITALA METATZEN hasi ziren eta, hura inbertituz, BIZKAIAREN INDUSTRIALIZAZIO-PROZESUA BIZKORTU zuten.
  • HAIZE ZABALEKOAK ziren eta ustiatzen errazagoak zirenez, ustiatze kostuak murriztu egiten ziren.
  • Gainera, garraioak ez zuen horrenbesteko arazorik sortzen, MEATZEAK ITSASADARRETIK GERTU baitzeuden.
  • Etekin handi azkarren usainak Euskal Herriko eta atzerriko kapitalistek meatze haietan inbertsioak egitera bultzatu zituen. INDUSTRIAN INBERTITU ZUTEN eta honek Euskal Herriko INDUSTRIALIZAZIOA ahalbidetu zuen.

GARAPENA

  • 1860. urteetan mea konpainia batzuk sortu ziren, batzuk kapital britainiarra zuten, beste batzuk frantsesa, belgikarra, alemana edo euskalduna.
  • Gerra karlistak ETEN egin zuen garapen hau.
  • Gerra bukatu bezain laster ekin zioten berriro ustiakuntzari. Aberastasun iturri handi hau izan zen ekonomiak ondoko garaietan bizi izango zuen garapenaren finantzabide nagusia.

ONDORIO BAT: Erresuma Batura bideratzen zen burdinaren esportazioak EUSKAL MERKATARITZA ONTZITERIA ere bultzatu zuen. 1900. urtean Espainia osoko itsas merkataritzaren %53a euskalduna zen. Bilbotik abiatzen ziren ontziak meaz zamaturik eta Erresuma Batuko ikatza beterik itzultzen ziren, Bizkaiko siderurgia enpresak hornitzeko. Kapitalista berak izaten ziren askotan itsas enpresen eta meatzeen jabeak.

PROTEKZIONISMOAK paper garrantzitsua jokatu zuen gai honetan eta FEDERIKO ECHEVARRIA horren defendatzaile sutsua izan zen eta erruz erabili zuen tresna hau estatuak. ADUANA-ZERGAK zamatzen zituen bereziki, atzerriko produktuen lehia saihestearren. Batzuen ustez, estatuaren garapena ziurtatu nahi bazen eta estatu aurreratuagoei lehia egin, neurri haiek beharrezkoak ziren. Beste batzuen iritziz, ordea, moteldu baizik ez zuten egin ekonomiaren garapena, inportazioak garestitu egiten zituzten heinean enpresek behar zuten lehia-maila murriztu egiten baitzuten.

Bestalde, eta horixe ikusi dugu azukre eta zementu industriaren kasuetan (ia-ia monopolio gisa ziharduten hauek praktikan), lehia ezak PIZGARRIRIK GABE utzi zuen hainbat sektore GARAPEN TEKNOLOGIKOARI BEGIRA, merkatuak ziurtatuta zeudenez, ez baitzen berrikuntzaren beharrik ikusten.

5.2.3 Siderurgia Bizkaian

  • BILBOKO ITSASADARRA izan zen prozesu honek behar zituen kapitalak eta meak zeuzkan gunea.
  • Teknologia Erresuma Batua edo Belgikatik ekarri zen.
  • Merkatuak penintsula barnean egon ziren nagusiki.
  • ALTOS HORNOS DE VIZKAYA Espainiako siderurgia multzo handiena eratu zuten 1902an. Ordutik aurrera, hazi egin zen burdina eta altzairu ekoizpena, eta kopuru handienak XX. mende hasierako hamarraldietan lortu ziren.
  • Industria mota honek bultzaturik, INDUSTRIA BERRIAK sortu eta garatu ziren METALGINTZA, ONTZIGINTZA, ELEKTRIKA eta TRANSFORMAZIOAren alorretan.
  • Garapen handi honen arrazoietako bat PROTEKZIONISMO ETA ARANTZEL BABESA izan zen, kanpoko lehiatzaileen konpetentziatik zaintzen baitzuen bertako sektorea (haiek kalitate handiagoko eta prezio hobeko produktua saltzen bazuen ere).

 1907: CAF lantegiak 1.000. ekoizpena ospatu zuen garaiko langileekin

5.2.4 Industria Gipuzkoan

BEREIZGARRIAK

  • Herrialdean zehar banatu zen eta TXIKIAK edo erdi mailakoak ziren gehienetan. Hala eta guztiz ere, kontzentrazio maila handiagoa zen Deba eta Oria ibaien arroetan, Azkoitian, Beasainen eta Donostian eta honen inguruko herrietan.
  • Jarduera motari dagokionez, era askotako industria zegoen. ARMAGINTZA, SIDERURGIA, EHUNGINTZA, PAPERGINTZA, METAL ERAIKUNTZA… eta ez zegoen, Bizkaian bezala, sektore nagusi bat.
  • Kapitalismo ez monopolista batek gidatu zuen Gipuzkoako industrializazio prozesua; honez gainera, kapital hori ez zegoen pertsona edo familia bakar batzuen esku, ENPRESARI TXIKI ETA ERDI MAILAKO ASKOK zuten hartan parte, era askotakoa zen eta JARDUERA ETA LEKU ASKOTAN ari zen.
  • Prozesu hau BIZKAIKOA BAINO MOTELAGOA izan zen. Errestaurazioaren garai osoan luzatu zen eta bultzada nabarmena eman zioten I. Mundu Gerraren garaian.

SEKTOREAK

  • PAPERGINTZA
    • Gipuzkoako papergintza modernoa 1842an hasi zen Tolosan La Esperanza fabrika sortu zenean. Ondoren beste papergintza gune batzuk sortu ziren eta Gipuzkoa, protekzionismoari esker, Espainiako lehen hornitzaile bihurtu zen.
    • XIX. mende bukaeran, gehiegizko ekoizpena eta kolonietako merkatuen galera zela-eta, eten egin zen garapen hau.
    • XX. mendean egoera hobetu egin zen eta enpresa batzuk batu egin ziren, Papelera Española enpresa sortuz.
  • EHUNGINTZA
    • Sektore honetan ere, lehenengo enpresa XIX. mendearen erdialdean sortu zen.
    • Kataluniako lehia zela eta espezializazioaren bidetik jo behar izan zuten: Espartinak Azkoitian eta txapelak Tolosan eta Azkoitian.
  • SIDEROMETALURGIA
    • Bizkaitik inportatutako burdin lingoteen transformazioak arrakasta izan zuen.
    • Gehien ekoiztu zen produktua arma laburra (pistolak eta errebolberrak) izan zen; kopuru handian ekoizten ziren, esportaziorako.

5.2.5 Banka

Industriaren garapenarekin batera eta hari ondo loturik garatu zen finantza sektorea, BANCO DE BILBAO buru.

Ondoren sortu ziren BESTE ERAKUNDE BATZUK, bitariko moldeari eutsi ziotenak, hau da, alde berean jasotzen zituzten banku hauek epe laburreko eta epe luzeko deposituak. Industrializazio prozesua asko errazten zuen honek:

  • Banco de Vizcaya (1901).
  • Banco del Comercio (1891).
  • Banco Guipuzcoano (1900).
  • Banco de Vitoria (1900).

Erakundeok INDUSTRIALIZAZIOARI BULTZADA HANDIA eman zioten, industrializazio horrek finantzabide oinarria behar-beharrezkoa zuelako. 1922an Espainiako bankak guztira zituen erreserben erdia zegoen euskal erakundeen esku.

5.2.6 Garraioak

  • ERREPIDE sarea: Aldundiek eta enpresa bidegileek eginiko ekimenei esker, XVIII. mendetik aurrera nabarmen garatu zen eta hurrengo mendean zehar hobekuntza lanek etenik gabe jarraitu zuten.
  • ITSAS trafikoa: Oso garrantzitsua izan zen eta Bilboko portua izan zen erreferentzia nagusia. Debakoak eta Pasaiakoak ere garrantzia izan zuten.
  • BURDINBIDEA: Hau izan zen berrikuntza nagusia. Isabel II.aren erreinaldian luzatu zen Euskal Herriko lehen trenbidea, Bilbo eta Tutera artean, Miranda de Ebron Madril-Irun lerroarekin bat egiten zuena. Baina Errestaurazioaren ondorengo erregimenak iraun zuen urte luzeetan eraikiko ziren Euskal Herriko burdinbide gehienak.

Ormaiztegi: Goierriko 'Paris txikia' : Goierriko Hitza

5.3. Industrializazioaren ondorio demografiko eta sozialak

ARGITERIA publikoa ezartzen joan zen. Aurrerapen tekniko eta energia-iturri berriak (hidraulikoa, lurruna eta gasa) aplikatu zitzaizkion argiteria publikoari. Hasiera batean gasa erabili zuten (Bilbon eta Donostian); sistema sinplea zen: harrikatzaren destilazioaren bidez lortutako gasa hodi-sistema baten bidez argiteria publikora banatzen zen eta, errezen zenean, argi bilakatzen zen. 1890ean Bilbok gasaren bidezko energia sistema baztertu zuen eta lehenengo zentral termoelektrikoetako bat instalatu zen hirian. Lurrunezko makinen bidez sortzen zuen elektrizitatea.

Industria aroko lehenengo MERKATUAK XIX. mendearen amaieran eraiki ziren plaza zaharretan. Helburu bikoitza zuten: kontrol fiskal handiagoa egitea eta elikagaiak higiene egoerarik onenean saltzen zirela bermatzea. Merkatu berri hauen EGITURA BURDINAZKOA izan ohi zen, irekia, goitik sartzen zen argia eta aireztapen ona izaten zuen. Industria hazi ahala, aldatzen joan behar izan zuen: handiagoak egin zituzten, hormigoi armatuz, harriz eta zementuz eginak: San Martin (1882), Bretxa (1971)…

IZURRITEAK ohikoak ziren: nafarreria (viruela), elgorria (sarampión), baztanga (cólera), difteria, tuberkulosia, kukurruku-eztula (tosferina). Izurriteak zirela-eta, HIGIENEA zaintzearen beharra ikusi zuten (1885eko kolerak 243 meatzari hil zituen 57 egunetan). Izurritea zabaltzeko beldurraren aurrean, langileak konfinatu egin zituzten eta armada ekarri zuten horretarako. Ordurarte arreta handirik ez bazaio jarri ere, neurri berria ezarriko da: KOMUNAK eta haiek erabiltzeko derrigorra.

Langileak BARRAKOIETAN bizi ziren. Nagusiek eraiki zituzten langileentzat meatze zonetan. Instalazio ahulak izaten ziren, lehiorik gabe, ezta estolderia edo argirik ere, eta hasiera batean meatzariek DERRIGORREZ bizi behar zuten bertan, pilatuta. Gainera, langileak derrigorrez erosi behar zuen jabearen KANTINAN eta oso produktu garestiak eta kalitate txarrekoak izaten ziren.

LAN-BALDINTZAK ere oso gogorrak ziren: industrializazioaren hasieran lanaldia oso luzea zen (11-12 ordu). XX. mendearen hasieran 9 ordura jaitsi zuten eta I. Mundu Gerraren ondoren 8 ordura. Igandetan lanik ez egitea zabaldu zen eta nolabaiteko gizarte babesa lortu zuten.

EMAKUMEAK ere bizitza latza jasan behar zuten. Etxeko lanetara edo artisau lanetara murriztu zen eta gizonezkoen osagarria izaten zen. Soldata txikiagoak ematen zizkioeten eta, nagusientzat eskulan merkea, zuzendaritza lan postuetatik kanpo zeuden erabat. Industria arloan, kontsumo-ondasun industrietan egin zuten bereziki lan: ehungintza, jostun, papergintza, tabakoa edo elikadura industrietan. 

Gizarte desegituratua zen nagusi. UME ABANDONATUEN kopurua hazi egin zen. Adibidez, Bilbon egunean ume bat sartzen zen ospitalean, familiarik gabe. Ume asko hiltzen ziren. 

PROSTITUZIOA ere nabarmen hazi zen. Agintariak kontrolatzen saiatu ziren, gaixotasun asko zituztelako, baina asko zegoen; modu klandestinoan aritzen ziren, inolako kontrolik gabe, eta gaitz benereoak erraz hedatzen ziren.

ALKOHOLISMOA: Txikiteoan egiteko ohitura orduan hasi zen. Lantegietan ere ohikoa zen alkohola kontsumitzea.

Industrializazioaren loraldia eta garapena EZ ZEN DENENTZAKO ONURA izango eta Blasco Ibáñezen El intruso eleberrian garbi ikusten daiteke herritar askoren bizimodu kaskarra.

VICENTE BLASCO IBÁÑEZ zuzenbide-ikasketak egin zituen idazle, kazetari eta politikaria dugu; gaztetatik errepublikaren aldekoa izan zen eta ondo deskribatzen du garai hartako gizartea. Valentziarra zen, baina Bilbon ere bizi zen bolada batean eta argi asko ikusten da bere eleberrietan gizarteak pairatzen zuen miseria. EKONOMIA GORANTZ zihoan, baina gutxi batzuk bakarrik zuten horretaz disfrutatzeko aukera, herritar GEHIENEK behartsu eta PENAGARRI bizi baitziren. Horrek bultzatuko zuen LANGILE MUGIMENDUA eta honen ondorio izango zen, aldi berean, NAZIONALISMOA EUSKAL HERRIAN.

5. gaia-ERREPASOA

TESTUAK-9 eta 10

4. gaia

6. gaia

 

Erantzunak itxita daude.