3 Iraultza burgesak eta mugimendu nazionalak
3.1 Europa berrezarpenean
3.1.1 Berrezarpen moderaturantz (Helburuak (3), Iritziak (3), Aldaketak (4), Beldurra, Emaitza)
Helburuak
- Waterlooko batailaren biharamunean, Europako potentziak Europako mapa berriz antolatzen hasi ziren.
- Beste helburu nagusia ordena egonkorra finkatzea izan zen.
- Eta iraultzaren itzulera galaraztea ere bai.
Iritziak: Berregokitze hori kontuz egin behar zen:
- Nekazariek zerga feudalekiko lortutako askapena ez zen kendu.
- Herritarren legearen aurreko berdintasuna ere mantendu egin zen, oso sendo baitzegoen finkatuta herrietan.
- Garaitutako Frantziari neurri iraingarriak ez aplikatzeko ahalegina egin zen, bertan biztanlerik gehienak iraultzaren eta Napoleonen aldekoak izaten jarraitzen baitzuten.
Aldaketak
- Frantziako errege berriak, Borboien etxeko Luis XVIII.ak, konstituzio liberal moderatu bat jarri zuen.
- Inperioak sortutako noblezia berria ere errespetatu egin zuten.
- Ez ziren ausartu Elizaren eta antzinako nobleziaren ondasunak itzultzen.
- Napoleonen Kode Zibila ere mantendu egin zen.
Beldurra: Ezusteko iraultzaileari zioten beldur eta arrisku horri ekiditeko prozesua kontrolatu beharra zegoen.
Emaitza: Vienako Kongresutik sortu zen Europa 1789ren aurreko Europaren oso desberdina zen.

Luis XVIII.a Frantziakoa
3.1.2 Vienako Kongresua eta Europako ordena berria (Bilerak, Partaideak, Etekin gehien (2), Antolaketa (Austria, Italia, Errusia, Prusia, Holanda, Belgika eta Luxenburgo, Suedia, Danimarka, Alemania))
Bilerak: Napoleon garaitu ondoren, Europako monarkien ordezkariak Vienako kongresuan bildu ziren. 1815ean, Vienako Kongresuak Europako berrezarpenaren oinarriak ezarri zituen lurralde eta politikaren aldetik, hori bai, potentzia handien zabaltzeko nahiak ahaztu gabe. Bilera ugari egin zuten eta Europako politikaren berehalako etorkizunean eragin handia izango zuten erabakiak hartu zituzten.
Partaideak: Berrehun bat diplomatiko izan ziren eta nazio garaileak bildu ziren bertan: Austria, Prusia, Britainia Handia eta Errusia. Baita Espainia, Portugal eta Suedia ere, bigarren mailako aliatutzat.
Etekin gehien: Vienako Kongresutik hobaririk handiena hurrengo nazioek atera zuten:
- Austria, Prusia eta Errusiak lur gehiago lortu zuten.
- Britainia Handiak nagusitasuna bermatu zuen itsasoan.
Antolaketa
Austriako Inperioa
- Italiako penintsularen gaineko eragin handia segurtatu zuen.
- Tirol, Iliria eta Dalmaziako zonak ere bereganatu zituen.
Italia
- Lonbardia-Venezia Austriaren esku geratu ziren.
- Parma, Modena eta Toskanako dukerrien agintean printze austriarrak jarri ziren.
- Borboien familia Bi Sizilien Erreinura itzultzea erabaki zen.
- Penintsularen erdian Eliz Estatuak onartu ziren.
Urte batzuk geroago, Italiaren batasuna mapa honetan oinarrituta eraikiko zen.
Errusia mendebalderantz hedatu zen:
- Finlandia eta Besarabiako jabetzei eutsi zien.
- Poloniako erreinu berriaren koroa tsarrari batu zitzaion.
Prusiak ere lurraldea handiagotu egin zuen eta hauek erantsi zitzaizkion:
- Saxoniako zati bat (Brandenburgo).
- Pomerania.
- Renania zati bat: Westfalia.
Holanda, Belgika eta Luxenburgo: Herbeheren erreinua osatu zuten, guztiz artifiziala. Berehala agertuko zen nazionalismoa bertan.
Suedia: Norvegia eta oraingo Finlandiaren zati bat berreskuratu zituen.
Danimarka: Holstein eta Lauenburg-eko dukerriak anexionatu zituen.
Alemania: 41 estatuen artean Germaniar Konfederazioa osatu zuten. Bertan egoera ezberdinak zeuden:
- Erreinuak: Prusia zati bat, Bavaria eta Saxonia, adibidez.
- Dukerriak: Hesse eta Baden.
- Hiri askeak: Hanburgo, Bremen eta Frankfurt.
- …
Organo komun bakarra Dieta edo Biltzar Orokorra zen. Egoitza Frankfurt-en zegoen, baina ez zeukan erabakiak hartzeko ahalmenik.
Alemaniako antolaketa berriko aginte nagusiak Austria eta Prusia izaten jarraitu zuten.
3.1.3 Aliantza Santua (Mekanismoak, Partaideak eta konpromisoa, Helburua, Sistemaren burua, Agintea (Frantzian (3), Britainia Handian (3), Prusian (3), Errusian (3)))
Mekanismoak: Vienako Kongresuak Europako ordena politiko berria bermatzeko mekanismoak ere ezarri zituen. Napoleon garaitu zuten 4 potentzia handiek, Frantziarekin batera (Borboiak ezarri zituzten berriro tronuan), aldian behingo bilerak egitea erabaki zuten, nazioarteko gaiak aztertzeko[1].
Partaideak eta konpromisoa: Errusiako tsarrak, Alexandro I.ak, Austriako Frantzisko I.a enperadoreak eta Prusiako Frederiko II.ak akordio bat sinatu zuten Parisen (1815): Aliantza Santua. Jokabide politikoan kristautasunaren printzipioen arabera jarduteko konpromisoa hartu zuten.
Helburua: Mehatxu iraultzaileen menpeko edozein herritan esku hartzeko eskubidea ezarri zuten kideek.
Sistemaren burua: Metternich sistema ere esaten zioten, neurri handi batean berak sortutakoa baitzen. Austriako ministroa zen honek Vienako kongresua ere antolatu zuen eta Austriako politika 40 urtez zuzendu zuen. 1848ko iraultzan dimititu beharra izan zuen.
Agintea
- Frantzian
- Ordena arriskuan jartzen hasi ziren laster.
- Luis XVIII.ak emandako konstituzioak bi ganberako sistema ezartzen zuen:
- Senatua erregeak izendatzen zuen.
- Beheko Ganbera, berriz, zergak ordaintzen zituzten 30 urtetik gorako gizonezkoen arteko zentsuaren araberako sufragioz aukeratzen zen.
- Hautagaiak, berriz, urteko 1.000 liberako zergak ordaintzen zituzten 50 urtetik gorako gizasemeak soilik izan zitezkeen. Muga horiek eduki arren, horren osaketa gero eta liberalagoa zen.
- Luis XVIII.aren ondoren, 1824an, Karlos X.ak, Luis XVIII.aren anaiak, hartu zuen tronua eta hori autoritarioagoa zen.
- Britainia Handian
- Sistema politiko parlamentarioa zegoen, bi alderdietan oinarrituta: tory eta wigh (kontserbadorea eta liberala).
- Beraz, erregearen agintea parlamentuaren menpe zegoen.
- Austria, Prusia eta Errusiako gobernari kontserbadoreek Britainia Handiaren sistema sustatzeko ahaleginak zapuzten saiatu ziren. Hori dela eta, Britainia Handiak ez zuen Aliantza Santuan parterik hartu.
- Prusian: Estatu alemanak erreforma batzuk egin zituen goitik:
- Nekazarien morrontza abolitu.
- Gremio eta jaunen monopolioak deuseztatu.
- Zerga sistema modernoa antolatu.
- Errusian
- Tsarra iraultzaren eta liberalismoaren aurkako ikurra zen.
- Poloniako erreinuari konstituzioa eman zion, baina Errusiari ukatu egin zion.
- Ez zuen nekazarien egoera hobetzeko ezer egin, hauek morrontzari lotuta jarraitu baitzuten, aurreko mendeetan bezalaxe.
3.1.4 1820ko mugimendu iraultzaileak (Arazoak, Espainia (8), Ekialdeko auzia (3))
Arazoak: Erabateko berrezarpena egin nahi izan zuten herrietan, Fernando VII.ak gobernatzen zuen Espainian, adibidez, egoera ezegonkorragoa bihurtu zen eta eztanda iraultzaileak egon ziren berehala.
Espainia
- Fernando VII.aren absolutismoa ez zen bideragarria.
- Herria hondatuta zegoen.
- Ameriketatik gero eta diru gutxiago iristen zen.
- Erregimen Zaharra eta zerga pribilegioak itzuli ziren eta horiek oztopo izan ziren estatuak baliabide berriak lortzeko.
- Egoera horretan, Ameriketako altxamendua zapaltzera joateko prestatuta zeuden tropak matxinatu egin ziren Cadizen, 1820an Riego komandantearen aginduetara. Matxinadak Espainiako beste hiri batzuetara ere zabaldu ziren, burgesiaren itxaropenaren eta hirietako langile klaseen pozaren erdian.
- Fernando VII.ak etsi eta 1812ko konstituzio liberalaren zina egin behar izan zuen (Cadizeko konstituzioa).
- Aliantza Santuko kideak ikaratu egin ziren, batez ere, iraultzaren kutsadura beste herrietara iristen ari zela konturatzean: Napolira, Portugalera, Piamontera…
- Potentziek austriarrei baimena eman zien Napoliko mugimendu liberala zapaltzeko eta, aldi berean, Espainiako absolutistei laguntzeko ere bai. Veronako Kongresuak Espainian esku hartzea dekretatu zuen eta Frantziako armadako gorputz baten esku utzi zuen lan hori: San Luisen Ehun Mila Semeek Frantziako mugatik sartu ziren eta Hirurteko Liberalari amaiera eman zioten.
Ekialdeko auzia: Hau zen Europaren egonkortasunerako arazo handienetako bat:
- Turkiako inperioak erakutsitako ahultasunaren ondorioz, bere menpean zeuden Balkanetako herriak altxatzen hasi ziren.
- Gainera Austria eta Errusiak interesak zituzten zona horretan.
- Greziarrek armak hartu zituzten turkiarren aurka 1821ean, eta borroka horrek Europako iritzi publikoaren zaletasunak eta laguntzak eragin zituen. Mendebaldeko potentziek Turkia Serbiaren autonomia onartzera behartu zuten eta, azkenean, Greziari erabateko independentzia (1830) ematea ere bai.
3.1.5 1830eko iraultzak (Nolakoak (2), Frantzia (4), Belgika, Erresuma Batua, Polonia, Italia iparraldea, Espainia, Desberdintasunak(3))
Nolakoak
- 1830eko bultzada iraultzailea 1820koa baino larriagoa izan zen eta Frantzian, Belgikan, Polonian, Italian eta Alemanian hedatu zen; askatasun politiko gehiago edo independentzia nazional handiagoa eskatzen zuten.
- 1789ko iraultzan ez bezala, 1830eko irudirik adierazgarriena barrikadena izan zen, egurrez, gurdiz, harriz egindako parapetoarena. Barrikada hauek XX. mendeko erdialdera arteko iraultza guztietan agertuko dira.
Frantzia
- Mugimendu iraultzailea Parisen sortu zen eta Europan zehar hedatu.
- Frantziako Karlos X.ak gehiengo liberal moderatuko parlamentua zuen aurrean eta politikari biraketa erreakzionarioa eman zion:
- prentsa askatasuna eten
- diputatuen ganbera aukeratu berria desegin zuen.
- 1830eko uztailean, Pariseko herria kalera irten zen eta, barrikadetan sartuta, erregearen armada garaitzea lortu zuen. Karlos X.ak (Borboi etxekoa zen, Luis XVIII.aren anaia eta, lehen aipatu dugun bezala, autoritariogoa) erbesteratu beharra izan zuen.
- Luis Felipe Orleanskoa izendatu zuten errege, Felipe Berdintasun deitzen zioten haren semea, Luis XVI.aren exekuzioaren alde bozkatu zuen printzea. Konstituzio liberalagoa hartu zuen Frantziak eta Luis Felipe, kapela garaia zuelarik buruan, monarkia burgesaren ikur bihurtu zen.
Belgika: Altxamendua izan zen Bruselan, Holandaren nagusitasunaren aurka. Mugimendua azkar hedatu zen eta Belgikaren independentzia aldarrikatzeko aukera eman zuen; biltzar konstituziogile batek konstituzio testua promulgatu zuen. Garai hartarako oso konstituzio liberala izan zen.
Erresuma Batua: Bikoiztu egin zen botoa emateko eta ordezkaritza politikorako eskubidea zuten herritarren kopurua.
Polonia: Europan ospe handia hartu zuten altxamendu liberal eta nazionalistak egon ziren eta Errusiako tropek gogor zapaldu zituzten.
Italia iparraldea: Hemen ere altxamenduak izan ziren, baina Austriaren errepresioak guztiak kontrolatzea lortu zuen.
Espainia: Fernando VII.aren heriotza gertatu zen (1833) eta aldaketa liberalen aldia hasi zen. Karlisten (Karlos Fernando VII.a erregearen anaia zen) eta liberal moderatuen (Isabel, Fernando VII.a erregearen alabaren, aldekoak ziren) artean I. Gerra Karlista piztu zen.
Desberdintasunak
- Ipar Itsasoaren inguruan, Frantzia, Britainia Handia eta Belgikan, antzeko sistema politikoak zeuden; burgesiaren interesen alde egiten zuten erakunde liberal eta parlamentarioak zeuden eta interes horiek babesteko eskubide politikoak eta hauteskunde eskubideak zeuden mugatuta. Europa mendebaldean liberalismoa apurka-apurka zabaltzen joan zen.
- Europa ekialdean, Austrian, Prusian eta Errusian ez zegoen aldaketarik eta askatasuna errepresioa erabiliz ukatzen zen.
- Ozeanoaren beste aldean, Espainiaren eta Portugalen koloniarik gehienek askatasuna lortu zuten.
3.2 Amerika Latinoaren independentzia
3.3 1848ko iraultza
3.3.1 “Herrien udaberria” (Faktoreak (3), Salbuespenak (3), Arazoak(4))
Faktoreak: 1848an Europan gertatu ziren iraultzei “herrien udaberria” izena eman izan zaie. Faktoreak:
- Liberalismoaren aurrerakuntzek sortutako itxaropenek.
- Helburu nazionalek gero eta eragin handiagoa zuten jendearen iritzian.
- Gainera, kontinenteko industrializazioaren lehenengo etapen garapenak areagotu egin zuen gizartearen haserrea.
Eragileok Europan azkartasun handiz hedatu ziren eta 1848ko iraultza hasi zen.
Salbuespenak: Mugimendu iraultzaile demokratiko erradikalak Europa osora iritsi ziren, baina salbuespenak ere izan ziren:
- Erresuma Batua eta Belgika: bi estatu horiek sistema aurreratuagoak zituzten.
- Errusia: Atzeratuegia zegoen eta bertako liberal erradikalek ez zuten hainbesterainoko indarrik.
Arazoak
- Patataren gaitz batek (patata funtsezko janaria zen biztanleria gehienentzat) bertako biztanleriari eragin zion: 1845ean Irlandan 8.500.000 biztanle izatetik 1850ean 6.000.000 biztanle izatera pasatu ziren.
- 1845-1847 bitartean zerealen uzta oso txarrak izan ziren eta horrek eragina izan zuen oinarrizko produktuen prezioen igoeran.
- Krisia industriara ere iritsi zen, biztanleek aukera gutxiago baitzuten manufaktura produktuak erosteko.
- Krisi ekonomiko orokorra ez zen iraultzaren eragile bakarra izan, baina horrek sortutako haserreak gizartearen antolaketa eta administrazio txarrari buruzko ideia zabaldu zuen, eta ideia hori altxamendu eta ekintza iraultzailearen beste zergatietako bat izan zen.
3.3.2 Pariseko eztanda eta Frantziako II. Errepublika (Monarkia (2), Behin-behineko gobernua (3), 2. eztanda (3), Agintea (2))
Monarkia: 1848an Frantziako monarkia erori eta berriro ere errepublika aldarrikatu zuten.
- Orleansko Luis Feliperen monarkiak gero eta jarraitzaile gutxiago zituen eta oposizioa hauteskunde sistema zabaldu nahian zebilen.
- Gobernuak sektore erradikalen bilera politiko bat debekatu zuen eta 1848ko otsailaren 22, 23 eta 24ko protestaldiak hasi ziren.
- Manifestazioak eta armadaren aurkako borrokak egon ziren, ehunka barrikada erabiliz.
- Errege Jauregiari eraso egin zioten eta erregea Britainia Handira ihes egin beharrean izan zen.
Behin-behineko gobernua: Frantziako II. Errepublika aldarrikatu eta Biltzar Nazional Konstituziogilea aukeratu zen.
- Gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zen eta hautesleak 250.000 izatetik 8.000.000 inguru izatera pasatu ziren. Aukeratutako diputatu gehienak errepublikano moderatuak ziren; horien eskuinetara, Orleanseko etxearen aldekoak zeuden, eta, ezkerretara, demokrata erradikalak eta lehenengo sozialistak, sektore herrikoien ordezkariak.
- Aldi berean prentsa askatasuna eta heriotza zigorraren eta esklabotasunaren abolizioa ezartzen zituen legeak ere onetsi ziren.
- Gainera, langabeziaren ondorioak moteltzeko neurriak hartu ziren.
2. eztanda: Herria sufragio unibertsalaren aldekoa zen eta, horrela, herritarren bizimodua hobetu nahi zuen.
- Ekainaren 21ean, Gobernuak lantegi nazionalak ixtea dekretatu zuen, 120.000 langile lanik gabe utziz.
- Horrela, Pariseko 1848ko iraultzaren bigarren ekitaldia hasi zen. Langileek 3 eguneko altxamenduarekin erantzun zioten, ekainaren 23tik 26ra, baina altxamendu hori odoltsu zapaldu zuten. Kaleko borroketan, 500 langile baino gehiago hil, 12.000 atxilotu eta 4.500 Aljeriara erbesteratu zituzten.
- Ordura arte klase ertain eta langileen klasea batera ibili baziren ere, orain banandu egin ziren politikoki.
Agintea
- 1848ko abenduan, gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez, Luis Napoleon Bonaparte, enperadorearen iloba, aukeratu zuten Errepublikako presidente.
- 1852an estatu-kolpea eman zuen eta Frantziako II. Inperioa aldarrikatu; horrela, Luis Napoleon frantsesen enperadore bihurtu zen, Napoleon III.a izena hartuz.
3.3.3 Iraultza Austrian, Italian eta Alemanian (Europa, Austria (4), Europako herrialdeak, Italia (3), Alemania (3))
Europa: Bultzada iraultzailea Europa osoan hedatu zen: altxamendua Munichen, langileen manifestazioak Kolonian, liskarrak Berlinen eta Frankfurten, mugimendu nazionalistak Hungarian eta Pragan, kaleko borrokak Vienan, eztanda iraultzaile handia Milanen, errepublika aldarrikatzea Venezian, lehenengo biltzar nazionala eratzea Errumanian, eta abar. Gertaera horiek guztiak aldi berekoak izan ziren, eta Europako gobernarien kezka nahiz harridura eragin zuten.
Austria
- 1848ko iraultzaren bigarren hiriburua Viena izan zen.
- Ikasleek eta beheko klasekoek sorturiko liskarren ondorioz, Metternich, inperioa 40 urte baino gehiagoan zuzendu ondoren, kargutik kendu zuten.
- Jopuen prestazio pertsonalak ezabatu zituzten.
- Monarkia parlamentarioa eta konstituzionala eratu zuten lehenengoz. Fernando I.ak abdikatu eta bere ondorengoak, Frantzisko Jose I.ak, mende osoko erreinaldirik luzeenetariko bati eman zion hasiera (1848tik 1916ra).
Europako herrialdeak: Eslaviar herriek (txekiarrak, eslovakiarrak eta serbiarrak) eta Italia iparraldeko erreinuak Austriaren nagusitasunaren aurka hasi ziren, baina Austriaren agintekeria nabarmena izan zen: armadak Pragako altxamendu nazionalista zakarki zapaldu zuen eta Hungariari emandako autonomia laburra eten egin zuen. Austriaren nagusitasunak bere horretan jarraitu zuen I. Mundu Gerra arte.
Italia
- Italiako nazionalistak Austriaren nagusitasunaren aurka altxatu ziren. 1848ko udaberrian, konstituzio liberalak aldarrikatu ziren Napolin, Toskanan, Piamonten, Eliz Estatuetan, Venezian…
- Piamonteko Karlos Alberto erregeak Italia batzeko lehenengo prozesua gidatu zuen; baina Austria eremu militarrean nagusitu egin zen.
- Italiako nazionalisten porrotak bi hamarkadatan geldiarazi zituen askatasun politikoak eta batasun nazionalerako bidea.
Alemania: Alemanian ere antzeko etsipena egon zen.
- Estaturik gehienek konstituzio bat ezarri eta neurri askatzaileak hartu zituzten, Alemaniako biltzar nazionala eratzeko lehenengo pausoak ematen ziren bitartean. Biltzarra Frankfurten bildu eta sufragio unibertsalaren bidezko hauteskundeetarako deia egin zuen, Alemania osorako konstituzio federala egin behar zuen parlamentua aukeratzeko.
- Austriak eta Prusiak ez zuten konfiantzarik Alemaniako nazionalista liberalen proiektu horietan.
- Frankfurteko Parlamentuak Prusiako Federiko Gilermori eskaini zion koroa; horren ustez, berriz, koroa bat gauza sakratuegia zen, parlamentu batetik jasotzeko. 1849an ez zuen Frankfurten onetsitako konstituzioa onartu nahi izan eta, horrela, amaitu egin ziren Alemania konstituzionalaren eta batuaren itxaropenak. Parlamentu berria, azkenean, deseginda geratu zen.
3.3.4 1848ko gertaeren ondorioak (3)
- Iraultza hauek hasitako abiadura berberan bukatu ziren. Itxuraz, altxamenduek ez zuten arrakastarik lortu, baina lorpen garrantzitsuak izan zituzten. Feudalismoa deuseztatu zen, hori indarrean zegoen herrietan, tsarren Errusiaren kasuan izan ezik.
- Europako zatirik handienak konstituzio moderatuko erregimen parlamentarioak ezarri zituen, hau da, hauteskundeetarako zentsuaren araberako sistema erabiltzen zuten erregimen parlamentarioak, eta horiek jabeei erreserbatzen zizkieten eskubide politikoak, nahiz eta Frantzian gizonezkoen sufragio unibertsalaren konkistak iraun.
- 1848ko iraultzetako galtzaileak langileak, artisauak eta herri klaseak izan ziren eta aurrerantzean burgesia nagusiaren eta euren laguntzaz sortutako estatu liberalen aurkako aldaketa sozialari eta politikoari lotutako prozesuetan hartu zuten parte.
3.4 Nazioak eta nazionalismoa
3.4.1 Oinarri ideologikoak (2)
- 1848ko mugimendu iraultzaileen porrotak Europako herri askotako erakunde demokratikoak eta nazionalistak deuseztatzea eragin zuen. Europako politikan, XIX. mendeko eragile ideologiko eta politiko nagusiak nazionalismoa, liberalismoa eta sozialismoa izan ziren.
- Nazionalismoa indartsu berpiztu zen 1848aren hurrengo urteetan. Bi egoera zeuden:
- Alde batetik, Alemaniako eta Italiako estatu ugariak, errealitate nazional handiagoren zatiak zirenak. Herri horietako nazionalistek estatu komunaren inguruko batasuna nahi zuten.
- Bestalde, atzerriko indarren menpe zeuden herriak zeuden:
- Poloniarrak errusiarrek gobernatuta.
- Eslaviar herriak, hungariarrak eta Italiako penintsularen iparraldeko zonak Austro Hungariar inperioaren menpean.
- Turkiako Inperioak Balkanetako herrietan zeukan agintea: errumaniarrak, bulgariarrak, serbiarrak, bosniarrak, mazedoniarrak, albaniarrak eta abar.
Herri horietan, nazionalisten helburuak askatasuna lortzea eta euren estatua sortzea ziren. Baina egoera hori ez zen I Mundu Gerrara arte desblokeatu.
3.4.2 Alemaniaren batasuna (Estatu Alemanen Konfederazioa, Aukerak (2), Bategitearen hasiera (3), Danimarka, Austria eta Prusia (3), Frantzia (2))
Estatu Alemanen Konfederazioa: Iparraldean, Prusiako erreinuaren eraginpean zegoen eta hegoaldean, Austriarenean. Gainera, Austria-Hungariako Inperioak germaniarrak ez ziren Balkanetako eta Italia iparralde osoa zuen menpean.
Aukerak: Alemaniako mugimendu nazionalistak bi aukera zituen:
- Alde batetik, Alemania Handia eraikitzea, Austria bere barnean hartuta.
- Edo Alemania Txikia eraikitzea, Prusiaren gidaritzapenean.
Bategitearen hasiera
- Batasun prozesuaren gidaritza Prusiako erreinuak hartu zuen bere gain, eta Austria prozesu horretatik kanpo geratu zen.
- Otto von Bismarck-ek hartu zuen kantzelaritza. Alemaniaren batasunaren sortzaile nagusia izan zen.
- Prusiak garapen ekonomiko handia zeukan eta Europako armadarik onena ere bai.
Danimarka: Schleswig-eko eta Holstein-eko dukerriak kulturaren aldetik alemanak ziren, baina Danimarkako koroaren menpe zeuden, eta bertako biztanleak Germaniar Konfederazioan sartzearen aldekoak ziren. Prusiak, Austriarekin batera, gerra adierazpena egin zion Danimarkari, eta, 1864an, bi potentziek euren artean banatu zituzten iparraldeko lur horiek.
Austria eta Prusia
- 1866an, Austriaren eta Prusiaren arteko tentsioa areagotu egin zen, dukerri horien administrazioaren ondoriozko arazoen eraginez. Bismarckek prusiar tropei Austriak gobernaturiko Holstein eskualdean sartzeko agindua eman zienean, gerra hasi zen. Gatazka militarra aste gutxian amaitu zen, prusiarrak Sadowan nagusitu zirenean. Prusiar potentzia handiak Ipar Alemania osoa kontrolatu eta, horrela, nagusitasun politikoa eta militarra erakutsi zuen Austriaren aurrean.
- Prusiak eta Alemaniako 21 estatuk 1867an sinaturiko itun baten bitartez, Ipar Alemaniako Konfederazioa sortu zen; Bismarckek sustatutako konstituzioak bi ganbera ezarri zituen:
- Bundesrat delakoa (Kontseilua), estatu federatuak ordezkatzeko.
- Reichstag deritzona (Parlamentua), gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez aukeraturiko diputatuekin.
- Hegoaldeko estatu alemanak sartzea baino ez zen gelditzen, eta, horretarako, Napoleon III.aren garaiko Frantzia inperialarekiko gatazkaren aitzakia behar zen.
Frantzia: Hemengo armadak porrot itzela jasan zuen Sedan-eko eta Metz-eko batailetan (1870).
- Tropa alemanak Parisen inguruetaraino iritsi ziren, eta Alemaniako Inperioa aldarrikatu zuten Versaillesen, 1871n. Hegoaldeko estatu alemanak, Prusiako armadak okupaturikoak, Konfederazioan sartu ziren eta denek onartu zuten Gilermo I.a II. Reicharen Alemaniako enperadore aldarrikatzea.
- Frantzian, aldiz, Bigarren Inperioa erori eta III. Errepublika aldarrikatu zuten.
3.4.3 Italiako Risorgimentoa (Aukerak, Bategitearen faseak (8))
Aukerak: Italiaren batasuna 1859 eta 1871 bitartean egin zen, Alemaniako nazio berria eraiki zen urteetan. Italiarrak batasunaren aldekoak ziren, baina lortu beharreko batasun motari buruz ez ziren ados jartzen:
- Sektorerik kontserbadoreenek estatuen federazioa nahi zuten, horren agintean Aita Santua jarriz.
- Herri klaseak errepublika demokratikoaren aldekoak ziren. Giuseppe Mazzini (1805-1872) nazionalismo erradikal eta demokratiko horren ordezkari nagusia izan zen, altxamenduaren bidea erabiltzearen aldekoa.
Bategitearen faseak
- Alemanian bezala, erreinu batek eskuratu zuen batasun-prozesuaren gidaritza, Austriako agintearen aurka joan beharra zegoenez, nazioarteko laguntzak behar baitziren. Batasunaren eragilea Piamonte-Sardiniako erreinua izan zen.
- 1849tik errege izandako Viktor Manuel II.ak eta Camilo Benso –Cavour-eko kondea- politikari handiak zuzendu zuten prozesua.
- Piamonte-Sardiniako erreinua monarkia konstituzionala zen eta 1848ko iraultza zapaldu eta gero erakunde liberalak mantendu zituen Italiako estatu bakarra. Piamonte iparraldea Italia osoan garapen ekonomikorik handienetako lurraldea zen.
- Napoleon III.a Cavourrekin bildu eta Frantziaren laguntza bermatu zion, Austriaren aurka. Horrela, Piamonteko eta Frantziako tropek Austriako armada garaitu zuten eta Milan eta Lonbardia Piamonteko erreinuaren barruan sartu ziren.
- Modenak eta Parmak euren erreinu absolutistak kendu eta Piamonten sartzearen aldeko botoa eman zuten; beraz, Iparraldeko Italia Viktor Manuel II.aren monarkiaren zuzendaritzapean batuta gelditu zen.
- Hurrengo pausoa Penintsularen hegoaldea eta Sizilia sartzea izan zen. Garibaldiren alkandora gorrien espedizio erromantiko eta abenturazaleak 1860an Napoliko erreinua Borboien dinastiatik askatu zuen.
- Viktor Manuel II.a izendatu zuten Italiako errege. Venezia ere Italian sartu zen, 1860an Austriak Prusiaren kontra izandako porrota aprobetxatuz.
- Eliz Estatuen arazoa gelditzen zen konpontzeko. 1870ean Italiako armadak Erroma okupatu eta bertan ezarri zuen Italiako erreinuko hiriburua. Pio IX.a aita santuak ez zituen gertaerak onartu nahi izan eta bere burua presotzat hartu eta Viktor Manuel II.a eskumikatu egin zuen; horrenbestez, Vatikanoa eta Italiako estatu berriaren arteko gatazka hasi zen, 1929ra arte konponduko ez zen gatazka, urte horretan, Aita Santuak eta Mussolinik egin baitzuten akordioa.