RSS

6. Lan-merkatua

Superlangileak dira lehiarik ez duten langile bakarrak. Arrakasta handiko aktoreek, hala nola Scarlett Johanssonek, ez dute askorik kezkatu beharrik izan ditzaketen lehiakideengatik: hain gaitasun handia dute beren arloan lan egiteko, ezen erraz lor baititzakete lan- eta soldata-baldintza onak. Izan ere, horretarako profesionalek oso kualifikatuak eta urriak direnez, behar adina negoziazio-botere dute bere kasa jarduteko, bitartekorik behar gabe. 

Langile normalok, ordea, gure baliabide guztiak erabili behar ditugu lanerako gaitasunak hobetzeko. Eta Espainian, are gehiago, langabezia kroniko eta handia baitugu beste herrialde garatu batzuen aldean. Albistegietan, ia egunero entzuten ditugu langabe asko eta asko daudela, edo unibertsitateko titulua lortu berri duten askok atzerrira emigratu behar izan dutela. Ohartzen al gara lan on bat lortzea ez dela ausazko zerbait, eta ez genukeela hori zortearen eskutan utzi beharko?

Arazo horren konponbideetako bat prestakuntza da. Hamarna milaka pertsonak lortzen dute urtero DBHko titulua, baina gutxiagok dute Batxilergoko titulua, edo heziketa-ziklo bat, eta askoz gutxiagok, berriz, unibertsitate-titulu bat. 

Hemendik urte gutxi batzuetara, beste askorekin lanpostu bat lortzeko lehian elkarrizketaren bat egiten dizutenean, zer erantzungo duzu, galdera hau egiten badizute: Zer duzu zuk besteek ez dutena?

6.1. Ikuspegi makroekonomikoa

  • Makroekonomia: Ekonomia osoaren portaera aztertzen du eta ulergarri egiten du zergatik herrialde batzuek aurrera egin eta bizi-kalitate maila handia lortzen duten eta beste batzuek, berriz, ekonomia-hazkunde txikia eta langabezia-tasa handia izaten duten.
  • Adibideak: Giza gorputza baldin balitz, mikroekonomiak gorputzaren atalak eta haien arteko erlazioak aztertuko litutzke eta makroekonomiak bizi-zeinuak (pultsua, bihotzaren erritmoa, odol-tentsioa…)
  • Keynes
    • Enpleguaren, interesaren eta diruaren teoria orokorra: makroekonomia modernoaren oinarriak ezarri zituen liburu honetan.
    • Bere ustez, ESTATUAK ekonomian ESKU HARTU behar du
  • Galderak- Keynesen ustez, funtsezko 3 galdera daude:
    • Zergatik murrizten da, batzuetan, ekoizpena eta enplegua, eta zer egin daiteke langabezia murrizteko?
    • Zergatik igotzen dira gauza gehienen prezioak (inflazioa) eta nola eduki daitezke kontrolpean?
    • Nola handitu dezake herrialde batek bere ekonomia-hazkundearen tasa?
  • Adierazleak: Ekonomiak bere osasunaren egoera neurtzeko erabiltzen dituen termometroak:
    • BPG
    • Jarduera-, langabezia- eta okupazio-tasak.
    • KPI: Prezioen bilakaera eta, beraz, inflazioa aztertzen du.
  • Keynesen garrantzia:
    • Agerikoa izan zenean merkatua ez zela gai izango bere kasa 1930eko hamarkadako Depresio Handia gainditzeko, krisian zeuden herrialdeetako gobernuek Keynesen teoriekin saiatzea erabaki zuten. II MG-ren ondoren, gobernu gehienek ekonomia keynesiarrari jarraitu zioten, eta nagusi izan zen 1960ko hamarkadara arte.
    • Ordutik, Keynesen ideiek lortutako adostasun zabala ahuldu dute zenbait pentsamolde berrik, beste faktore batzuk ere kontuan hartzen dituzten joeren, eta, gaur egun, hainbat herrialdetako ekonomietan beste jarduteko modu batzuk erabiltzen dira, merkatuaren funtzionamendu asketik hurbilagoak, edo Estatuaren esku-hartzea txikiagoa dutenak, behintzat!

6.2. BPG (Def, Biztanleriaren aberastasuna, Esanahia)

  • Def: Barne Produktu Gordina (BPG) herrialde baten jarduera ekonomikoa neurtzeko zuzeneko informazioa ematen duen magnitudea da. Herrialde bateko ekoizpen-faktore desberdinek denboraldi jakin batean (normalean, urtebete) berenganatutako sarreren batuketa eginez lortzen da BPGa, eta euro edo dolar bezalako diru-unitateetan adierazten da. Beste era batean esanda, herrialde baten ondasun eta zerbitzuen batura da.
  • Adierazle honek, ordea, ez du biztanleriaren aberastasuna islatzen; izan ere, herrialde batek ekoizpen eta diru-sarrera handiak izan ditzake, baina baita oso biztanle kopuru handia ere; adibidez, herrialde zabal eta oso jendetsu baten (Txinaren) eta Luxenburgo herrialde txikiaren BPGa alderatzen badugu, Txinaren BPGa (bilioi bat eta erdi dolar inguru 2005ean) eta Luxenburgorena, berriz, (26.500 milioi dolar) baino askoz handiagoa zen. Hori dela-eta, per capita BPGa erabiltzen da; datu hori kalkulatzeko, BPGa herrialdearen biztanle kopuruaz zatitu behar da. Horrela, Luxenburgoko biztanleek 51.143 dolarreko per capita BPGa dute eta Txinako biztanleak baino askoz aberatsagoak dira, txinatarren per capita BPGa 1.100 dolarrekoa baita.
  • Era berean, ez da ahaztu behar, per capita eginez, batez-bestekoa agertzen dela eta herrialde baten barruan, pertsonen arteko aberastasun mailaren artean izugarrizko aldea egon daitekeela.
  • Formula: B P G = C + I + X − M

non

    • C = herrialdeko kontsumoa
    • I = inbertsioa
    • X = esportazioen bolumena
    • M = inportazioen bolumena

6.2.1. BPG-aren ezaugarriak (5)

  • Aldi batean ekoitzitakoa neurtzen du, urtebetean ekoitzitakoa, oro har.
  • Moneta bat erabiltzen da neurtzeko
  • Aitortutako jarduerak soilik izaten ditu kontuan
  • Azken ondasunen balioak soilik adierazten ditu. Adibidez, ibilgailuen atal diren bolanteak BPGan sartuko balira, bi aldiz zenbatuko genuke gauza bera, autoaren prezioan ere sartzen baita.
  • Herrialde bateko mugan barruan ekoizten denaren balioa neurtzen du. Bulgariar batek enpresa bat badu Espainian, haren salmenten balioa, Espainian zein atzerrian saldu, Espainiako BPG-aren zati bat da.

6.2.2. BPG-aren mugak (5)

  • BPG-ak ez ditu kontuan hartzen ekonomia batek ekoitzitako ondasun eta zerbitzu guztiak. Dena ez da aitortzen. Estatuari ezkutatzen zaiona EZKUTUKO EKONOMIA da.
  • BPG-ak ez du neurtzen ondasuneneta zerbitzuen trukean dirurik erabiltzen ez den jarduerarik. Adibidez, etxeko lanak, borondatezkoak, trukea erabiliz egiten direnak…
  • Ez ditu kanpo-eraginak adierazten, ez onak eta ezta txarrak ere: Teknologia aurrerapenak, kutsadura…
  • Ez du neurtzen ekoitzitako ondasunen eta zerbitzuen kalitatea.
  • Ez du neurtzen nola banatzen den aberastasuna biztanleen artean. Per capita BPG-a handia izanda ere, banaketa desorekatu bat egon daiteke eta, gutxi batzuk oso aberatsak diren bitartean, beste asko pobre-pobre…

6.2.3. Kontabilitate Nazionala

  • Def: Herrialde baten barnean aldi jakin batean egiten diren ekonomia-jarduerei buruzko informazioa jaso eta jakinarazten duten adierazle multzoa.
    • Nazio-produktu Gordina = BPG
    • Errenta Nazionala
    • Errenta pertsonal erabilgarria

6.3. Enplegu-politika

  • Def: Helburu nagusia ekonomia bateko langabezia murriztea duten planak eta prozedurak dira.
BIZTANLERIA OSOA 16 urtetik beherakoak
16 urtetik gorakoak EZ-AKTIBOAK
AKTIBOAK LANGABEAK
LANDUNAK

6.3.1. Kontzeptuak (Langabezia-tasa, Biztanleria aktiboa, Biztanleria ez-aktiboa,  Biztanleria Okupatua, Langabetuak, Biztanleria Osoa, Jarduera-tasa, Okupazio-tasa)

  • Langabezia-tasa: Lanaren eta langabeziaren arteko erlazioaren zifrak herrialde baten datu ekonomiko zehatz eta zabalenen artekoak.
  • Langabezia-tasa, langabe kopurua biztanleria aktiboaren kopuruarekin zatituz kalkulatzen da, eta ehunekotan erakusten da. Hau da, ez da langabe guztien eta biztanleria guztiaren arteko neurri bat, baizik eta ekonomikoki jardunean dagoenarekin.

 Langabezia-tasa=(Langabeak/Biztanleria aktiboa)x100

  • Hilero biztanleria aktiboa neurtuz lortzen dira. Hilero egiten da galdeketa zenbait etxetan, azkenaldiko lan historialari buruzko galderekin. Galdeketa horrek 16 urte edo gehiagoko biztanleria 4 taldetan zatikatzen ditu:
    • Biztanleria AKTIBOA: lan-merkatuan dauden pertsonen kopurua da. Okupatuak dauden pertsonek eta langabeek osatzen dute. Biztanleria aktibotik baztertu behar dira lanpostu bat bilatzen ari ez diren pertsonak (ikasleak edo besterik gabe une batean lan egin nahi ez duten pertsonak) eta ordainsaririk gabe lan egiten duten pertsonak (etxeko lanetan ari direnak, esaterako). Beraz, bi motatako biztanleria aktiboa dago:
      • OKUPATUA edo LANDUNA
      • LANGABEA: Lanpostu baten bila dabilena.
    • Biztanleria EZ-AKTIBOA: ikasten ari diren, etxeko lanak egiten dituzten, erretiratuek, lana egiteko gai ez diren gaixoek edo lana bilatzen ez dituzten helduek osatzen dute. Ez dabiltza lan bila: ikasle, pentsiodunak, etxekoandreak…
    • Biztanleria OKUPATUA edo LANDUNA: ordaindutako lanak egiten ari diren pertsonak dira, baita gaixotasunagatik, grebengatik edo oporrengatik absente dauden langileak ere.
    • LANGABEAK: okupatuak ez dauden pertsonak dira, baina modu aktiboan lana bilatzen egon diren edo berriz ere lanean hastea espero duten pertsonak osatzen dute. Sakonago esanda, pertsona bat langabe dago:
      • Ez baldin badago lanean eta azken 4 astetan lana aurkitzeko ahalegin espezifikoak egin baldin baditu.
      • Lanetik kendu badute eta berriz ere deitua izateko esperoan baldin badago.
      • Hurrengo hilabetean lan bat lortzea espero baldin badu. Gainera lan bat aurkitzeko esfortzu berezi bat egin duela erakutsi beharko du.

Beste kontzeptu batzuk:

  • Biztanleria Osoa: Biztanle guztiak
  • Jarduera-tasa: INE Espainiako estatistika-erakundearen arabera, jarduera-tasa adin aktiboko biztanleria 16 urtetik gorako biztanleria osoa da = (Biztanleria aktiboa/16 urtetik gorakoak)x100
  • Okupazio-tasa = (Landunak/16 urtetik gorakoak)x100

6.3.2. Enplegu-estatistikak (Biztanleria Aktiboaren Inkesta, Gizarte Segurantzarko Afiliazioaren Kopurua, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuak)

  • Biztanleria Aktiboaren Inkesta: 3 hilabetez behin, INEk inkesta bat egiten du 65.000 etxetan, enpleguari buruzko datuak biltzeko.
  • Gizarte Segurantzako afiliazioaren kopuruak: Langileak izena emanda egon behar du eta hileko kuota batzuk ordaindu.
  • Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuak: SEPEk langabezia neurtzen du eta erakundean izena emanda dutenak bakarrik hartzen ditu kontuan. Ez du aintzat hartzen lanerako gaitasuna duena, baina izena eman gabe dagoena. Estatistiketan ez dira enplegu-eskatzaile eta biztanleria-ez-aktiboaren barruan daude.

6.3.3. Langabezia-motak (Ziklikoa, Urte-sasoikoa, Egiturazkoa, Frikzionala)

  • Ziklikoa: Nabarmen egiten du gora atzeraldietan eta, hedaldietan, berriz, behera. Atzeraldian den ekonomian produktu eta zerbitzuen eskaria osoa ez da gai lan bila dabiltzan guztientzat lana sortzeko. Honen eragina murrizteko, sektore publikoa ziklo ekonomikoen arteko trantsizioa arintzen saiatzen da. Langabezia ziklikoari langabezia keynestarra edo eskari agregatuaren urritasunekoa ere esaten zaio.
  • Urte-sasoikoa: Jarduera batzuk urte-sasoi batzuetan bakarrik behar dute eskulana, eta horrek eragiten du urte-sasoiko langabezia. Adib: Turismoa. Langabezia mota horren aurka egiteko ohiko neurrietako bat ekoizpen-egitura dibertsifikatzea da, urte sasoiko jarduerekiko ahalik eta mendetasunik txikiena izateko.
  • Egiturazkoa: Langileek lanpostu hutsak betetzeko gaitasun tekniko egokia ez izatearen eta lanpostu jakin bat betetzeko eskatzaile gehiegi egotearen ondorio da. Denboran iraun egiten du. Aldaketa teknologikoarekin oso lotuta dago, hau gertatzean, zenbait ekoizpen-jarduera zaharkituta geratzen direlako. Neurriak hartu beharko lirateke teknologia berrietara ondo egokitzen diren ekoizpen-jarduerak abian jar daitezen sustatzea.
  • Frikzionala: Pertsonak lan bat utzi berria izanik, beste baten bila ari direnen egoerari loturikoa da; beraz, beti zor izango zaio faktore horri langabezia osoaren ehuneko txiki bat, beti izango baitira estatistikak osatzean lan bat utzi eta beste lan baten bila ari diren langile batzuk. Hau murrizteko, kontratazio mugagabea sustatu behar da.

5. gaia: Merkatu-motak

7. gaia: Estatuaren eginkizuna eta Zerga politika

 

Erantzunak itxita daude.

 
%d bloggers like this: