RSS

8. gaia

Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila Euskal Herrian (1931-1939)

8.1 Indar politikoak eta Euskal Estatutua lortzeko prozesua

Espainiako Bigarren Errepublika 1931tik 1939 arte iraun zuen erregimen politikoa izan zen. Espainiako Gerra Zibilak Bigarren Errepublikaren amaiera eta Francisco Francoren diktaduraren hasiera adierazi zuen.

8.1.1 Kronologia: 1931ko Errepublikatik uztailaren 18ko estatu kolpera

  • 1930-XI-16: EAJ berriro batu zen.
  • 1931-IV-12: Udal hauteskundeak.
  • 1931-IV-14: Errepublika aldarrikatu zen Eibarren.
  • 1931-IV-17: Euskal udalen batzarra deitu zen Gernikara, Espainiako Errepublikaren barruan Euskal Gobernua lortzeko. Euskal alkateen mugimendua hasi zen.
  • 1931-V-8: Alkateen taldeak Estatutuari buruzko proiektua prestatzeko eskatu zion Eusko Ikaskuntzari.
  • 1931-V-29: Gobernuak izendatutako euskal Diputazioen Batzorde Kudeatzaileek bilera egin zuten, Autonomia Estatutua prestatu, eta alkateen mugimendua gerarazteko.
  • 1931-VI-14: LIZARRAKO ESTATUTUA. 548 alkatetik 427k onartu zituzten Eusko Ikaskuntzaren estatutu proiektuari egindako zuzenketak.
  • 1931-VI-28: Biltzar konstituziogilea hautatzeko hauteskundeak: euskal eskuindarrak (EAJ, Comunión Tradicionalista eta katoliko independenteak) ezkertiarren koalizioari gailendu zitzaizkion.
  • 1931-VIII-10: Nafarroako udalen batzarra: gehiengo zabalak lau probintzietarako estatutu proiektua berretsi zuen.
  • 1932-I: Karlisten bateratzea. Comunión Tradicionalista eratu zen.
  • 1932-III-27: I. Aberri Eguna ospatu zen, Bilbon.
  • 1932-VI-19: Udalen batzarra Iruñean. Nafarroak alde batera utzi zuen estatutu proiektua.
  • 1933-I/VII: Bortxa politikoa nagusitu zen abertzaleen eta errepublikazale-sozialisten artean.
  • 1933-X-7/10: Eskorten arazoa zuten Nafarroako herrietan lur sailak hartu zituzten.
  • 1933-X-11: Batzorde Kudeatzaile berriak Azañaren gobernuak dimititu ondoren.
  • 1933-XI-5: Estatutuaren bozketa hiru euskal probintzietan. Boto emaileen %84k Estatutuaren aldeko botoa eman zuen.
  • 1933-XI-19: Gorteetarako hauteskundeak. Errepublikazale eta sozialisten porrota. EAJren garaipen garbia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
  • 1934-IV-2: Izquierda Republicana alderdia sortu zen.
  • 1934-VI-5/12: Nekazarien greba orokorra, FNTTk antolatua, Nafarroan eragin handia izan zuena.
  • 1934-VI/IX: Ekonomia Hitzarmena eta udalerrien autonomia zirela eta, tirabirak izan ziren udalen eta zentro-eskuineko gobernuaren artean. Legebiltzarrak Estatutua prestatzeko lanak gerarazi.
  • 1934-X-5/12: Urriko iraultza. Eragin zabala Bizkaian eta Gipuzkoan. Zapalkuntza gogorra langile elkarte eta alderdien kontra.
  • 1936-II-16: Herri Fronteak hauteskundeak irabazi.
  • 1936-IV-15: Greba orokorra Iruñean langabeziaren aurkako neurriak eskatzeko.
  • 1936-IV-26: Errepublikako lehendakari berria izendatuko zuten artekariak hautatzeko hauteskundeak.
  • 1936-VII: Emilio Molaren eta mugimendu karlistaren arteko elkarrizketak eta hitzarmena uztailaren 18ko altxamenduan batera esku hartzeko.

8.1.2 Aldaketa euskal gizartean

Hego Euskal Herriko hiriburuek pozez eta itxaropenez hartu zuten Espainiako II. Errepublika. Aldaketa sozio-politiko sakonak nahi zituzten askok eta aldaketa asmorik ez zutenek ere itxaropenez eta errespetuz hartu zuten Errepublikaren etorrera.

Errepublika ezarri zen lehenengo hiria Eibar izan zen. Bai errepublikazaleek, sozialistek eta abertzaleek ere egoera demokratikora aldatzeko beharra ikusi zuten eta apirilaren 14a garai historiko baten hasieratzat hartu zen, festa egun handia bezala ospatuz.

Leku guztietan berdinak ez izan arren, Euskal Herriak aldaketa sakonak jasan zituen XIX. mendearen amaieraz geroztik. NEKAZARITZAN ziharduen langile kopurua nabarmen urritu zen Bizkaian eta Gipuzkoan.

  • Gipuzkoan, 1900ean, %43,5; 1930ean, %25
  • Bizkaian, 1900ean, %51,6; 1930ean, %21,5

Araban eta Nafarroa Garaian, berriz, 1930ean ere langilerik gehienak nekazaritzan ziharduten

  • Araban, %48,4
  • Nafarroan, %60,2

Dena dela, aldaketa adierazgarriak suma zitezkeen nekazari giroko gizarte horietan ere: 1910-1920 bitartean INDUSTRIALIZAZIOAN lehenengo urratsak eman zituen Nafarroan, bigarren sektorea lehen halako bi izatera handitzeraino:

  • 1910ean, lanean zihardutenen %11,6
  • 1920an, %23,1

Nafarroan bertan, nekazaritzaren inguruko kapitalismoak ardatz zituen Ebro eta Aragoi ibaien ertzean biztanleria gune handiak eratu ziren; bestalde, hiriburuaren hazkundeak (bai biztanleetan bai eremuan) adierazten zuenez, 1930 inguruko egoerak ez zuen zerikusirik berrogei urte lehenagokoarekin.

Bizkaiko eskualde batzuek eta Gipuzkoako leku jakin batzuek izan zuten, noski, ekonomia eta industria hazkunderik handiena. Nahiz eta hazkundea desberdina izan batean eta bestean, bai Gipuzkoak bai Bizkaiak erregimen berriaren aldeko talde indartsua osatu zuten erdiko mailako klasekoen eta langileen artean.

8.1.3. Indar politikoak autonomia aurrean

Nolanahi ere, politikan egin beharreko aldaketak zehazteko orduan, talde horiek ez zetozen guztiz bat, oinarri-oinarrizko puntuetan izan ezik:

  • demokrazian oinarrituriko konstituzioa lortu;
  • hauteskundeetako ustelkeria kendu;
  • Estatuari lurralde egituraketa berria eman;
  • Estatuak gudarostearekin, elizarekin eta beste talde korporatibo batzuekin zituen harremanak berritik antolatu;
  • eta lan harremanetan (bai industrian bai nekazaritzan) eta gizarte harremanetan berrikuntzak egin, justizia soziala lortzeko.

Berrikuntza egitasmo horiek legeetan zehaztea eta betearaztea oso lan nekeza izan zen, politika gorabeherak eta alderdi politikoen eta talde sozioekonomikoen iritzi ezberdinak zirela-eta. Estrategia politikoak zehazteko orduan, 1931ko apirileko udal hauteskundeetako emaitzak ez ezik urte bereko ekaineko hauteskunde orokorretakoak, hauek batez ere, hartu ziren oinarritzat. Azken hauteskunde horietan argi eta garbi azaldu zen Euskal Herriko sistema politikoak II. Errepublikan izan zuen ezaugarri berezienetako bat, alegia, karlismoak eskualde batzuetan eta abertzaletasunak beste batzuetan, eragin handia izan zutela. Espainiako estatuko gainerako lurraldeetan, berriz, alderdi eskuindarrak ia legebiltzarretik kanpo geratu ziren.

Eskuindarrek (Comunión Tradicionalista alderdia, katoliko independenteak eta EAJ) irabazi zituzten hauteskundeak.

Hala ere, artean egiteke zeuden berrikuntzak gauzatzera bideraturiko ekimen politikoak hauteskundeak egin aurretik abiatu ziren; eragina izango zuten hauteskundeetako emaitzetan. Sozialistek hainbat dekretu bultzatu zituzten Lan ministeriotik:

  • 8 orduko lanaldia
  • alokairuak murriztekoa
  • epaimahai mistoei buruzkoa
  • hobekuntzak egin zitezkeen lur sailei buruzkoa…

Errepublikazaleek, bestalde, beren onespena eman zieten lege horiei, eta bi taldeen artean hainbat gai eztabaidatu ziren:

  • nekazaritzaren erreforma
  • konstituzioaren testua
  • eta estatuak eskualde eta herrialde historikoekin izan beharreko harremanak.

Aurreko gaian ikusi dugun bezala, EAJ autonomia Euskal Estatutuaren aldeko lanean aritu zen buru-belarri Hego Euskal Herriko 4 probintzietan eta protagonismo handia izan zuen alkateek egin zuten kanpainaren bidez. Probintzietako Batzorde Kudeatzaileek (Diputazioek), bestalde, errepublikazaleen eta sozialisten ordezkari ziren aldetik, testuaren idazketan parte hartu nahi zuten. Hori zela eta, UDALEK ESTATUTU PROIEKTUA EGITEKO ESKATU ZIOTEN EUSKO IKASKUNTZARI, eta halaxe egin zuen honek gai horri buruzko beste lan batzuk oinarritzat hartuz.

Bi ekimen horiek argi eta garbi adierazten zuten talde politikoen arteko etena gai horretan. Etena are handiagoa egin zen 1931ko ekainaren 14an Lizarrako batzarrean euskal udalek hainbat zuzenketa onartu zituztenean: Vatikanoarekiko harremanak etorkizuneko euskal estatuaren esku uzten zituena, besteak beste; zuzenketa horiek onartezinak ziren alderdi demokratiko errepublikazaleentzat.

Dena dela, Hego Euskal Herriko autonomia zela-eta, Estatuarekin nolako harremanak nahi zituzten zehaztu behar izan zuten alderdi politiko guztiek.

  • EAJrentzat, eredu federala baitzuen gogoan, bere estrategia politikoaren ardatza zen autonomia.
  • errepublikazaleentzat eta sozialistentzat, aldiz, eskabide onargarria zen autonomia eskatzea, konstituzio demokratikoarekin ongi adosten bazen behintzat.
  • Bestela jokatu zuen, ordea, karlismoak; autonomiaren alde egitea Errepublikaren aurka egiteko baliagarri zitzaion bitartean, EAJrekin batera aritu zen hauteskundeetan; abertzaleek Errepublikaren alde egin zutenean, ordea, haietatik urrundu zen, eta hala, 1932ko ekainean, Hego Euskal Herriarentzat estatutu bakarra izateko behar zen adostasuna lortzea eragotzi zuen. Karlisten arteko iritzi nagusia estatutuaren aurkakoa zen, baina aurkakotasun horrez gainera kontuan hartu behar da, errepublikazale eta sozialista gehienek hutsa edo hutsaren hurrengoa egin zutela estatutuaren alde.

Horrela, Hego Euskal Herriko 4 probintziak Estatuaren lurralde egituraketa berrian legez bat eginda sartzeko aukera hutsean gelditu zen.

Estatutuaren aldeko prozesua gaur egun Euskadiko Autonomia Erkidegoa osatzen duten 3 PROBINTZIETARA mugatu zen: 1933ko azaroaren 5eko galdeketan onartu zen, baina 1934ko gertaera politikoen ondoren, etenda geratu zen prozesua. Autonomiaren aldeko eskari haiek geroago bete ziren, Espainiako Gerra Zibilak ekarri zituen egun goibeletan, 1936ko urrian hain zuzen ere.

8.1.4. Langile eta nekazari mugimenduak

Gizarte auzia garrantzi handiko kontua izan zen hauteskundeetan eta eragina ere izan zuen horien emaitzetan. Gizarte arloko arazoak pil-pilean zeuden nekazari eskualdeetan; Erriberan eta Nafarroako erdi-ekialdean, esate baterako, aspaldidanik zuten garrantzizko aldaketa sozialak egiteko itxaropen bizia, eta hori garbi azaldu zen egin ziren lehenbiziko hauteskundeetan, nekazari, lur jabe txiki eta jornaldun asko eta asko nekazaritzaren erreformaren alde agertu baitziren.

Askatasunen aldeko manifestazioa Okendo kalean (Donostia)

 UGTk 1933. erdialdera 35.000 kide zituen Bizkaian, 12.000 Gipuzkoan, ia 9.000 Nafarroan eta 1.600 Araban.

Beste langile erakunde nagusiak, Eusko Langileen Alkartasunak, ia 40.000 langile zituen 1935ean Hego Euskal Herrian (1.000 Nafarroan, 3.000 Araban, 15.000 Gipuzkoan eta 18.000 Bizkaian).

Langile erakunde horiek guztiek Errepublikaren lehen bi urteetan izan zuten hedaldiak garbi azaltzen du aldaketa politikoari eman zitzaion garrantzia eta nola baliatu ziren aldaketa horretaz.

Primo de Rivera diktadoreak legez kanpo utzi ez bazituen ere, sozialismoaren eta sindikatu sozialisten hedatzean Errepublikaren hasiera izan zen unerik garrantzitsuena.

  • 1931. urteko abenduan hamahiru elkarte sozialista ziren Nafarroan, eta 400 bat bazkide, baina 1933an 23 elkarte izateraino iritsi ziren.
  • Hego Euskal Herriko beste 3 probintzietan, aldiz, PSOEk 4.000 bazkide inguru zituen 1934ko ekainean.

8.1.5. Bilakera politikoa

Errepublikaren aldeko Ituna Donostian sinatu zuten, baina ez nazionalistek eta ez karlistek ez zuten parte hartu paktuan. Hala ere, Errepublika aldarrikatu zenean, karlista eta nazionalisten jarrera ez zen guztiz kontrakoa izan (karlistek ondo ikusten zuten Alfontso XIII.a atzerrira bidaltzea, eta nazionalistek, berriz, esperantza zeukaten Esquerrako katalanistekin).

Alderdi errepublikazaleen antolamendua sendotu egin zen abagune berri honetan. Horren adierazgarri da errepublikazaleek kasinoak eta elkarteak sortzea Nafarroako toki askotan: 1931n 75 elkarte sortu ziren, eta 1932an 26.

Gauza bera esan daiteke abertzaleen erakundeez ere, baina horiek, karlismoak bere eraginpeko lekuetan eta, maila apalago batean, sozialismo bizkaitarrak bezala, makrokosmos bat osatzen zuten, alderdi batekiko atxikimendu hutsa baino gehiago zena, eta ideologiari eta bizimoduari dagozkion ezaugarriak zituen askotan.

Herrialde kapitalistetako krisialdi estrukturalen ondorioei 1933ko azaroko hauteskundeen emaitzetatik eratorritako krisialdi politikoen ondorioak gehitu zitzaizkien. 1931koekin alderatuz, bada aipatzea merezi duen funtsezko beste ezberdintasunik: berrikuntzen aldekoen porrota begi bistakoa izan zen hauteskunde horietan, ezkerreko hautagaien aldeko boto kopurua asko murriztu baitzen (1931ko %44tik orduko %24,5eraino), eta, hala, bi ordezkari baino ez zituzten lortu, lehen baino zazpi gutxiago. Emaitza horiek Euskal Herriko sistema politikoaren berezitasuna azaldu zuten berriro: ezkerrean, PSOE eta errepublikazale ezkertiarrak; erdian, EAJ; eta eskuinean, Comunión Tradicionalista eta katoliko independenteak. Espainiako estatuko gainerako lurraldeetan, ordea, CEDA eta Alderdi Erradikala ziren eskuineko eta erdiko talde politiko nagusiak.

Agerian geratu zen EAJ geroz eta hurbilago zegoela ezkerreko alderdietatik, eskuindarrek muzin egiten baitzioten estatutua onartzeari eta zentro-eskuindarrak nagusi ziren Gorteetan. Horri, ordea, beste bi arazo gehitu behar zaizkio: bata, Gobernuak 1934ko udan Hego Euskal Herriko udalekin izan zuena, eta bestea, urriko gertaeren aurrean -1934ko iraultza- abertzaleek hartu zuten jarrerak eragin zuena. Sozialistek, bestalde, alderdiko eta sindikatuko zuzendaritzak berritu zituzten, eta ugazaben aurrean jarrera gogorragoa hartu zuten; gainera, CEDAk Errepublika demokratikoa desitxuratzea ekarriko zuelakoan, horri aurre egiteko matxinatzea ere pentsatu zuten. Errepublikanismoak behar beharrezkoa zuen barne berritzea, botoaren sakabanatzea eta zituen zatiketak galarazteko, eta, hala, Izquierda Republicana sortu zen.

UGTko Federación Nacional de Trabajadores de la Tierra taldeak (FNTT), Ricardo Zabaltza Elorga nafarra buru zuela, 1934ko ekainean nekazariei grebarako deia egin izana talde politikoen estrategia berrien eta egoera politiko berriaren ondorio gisa ulertu behar da. Nekazaritza arloko langileak sozialisten eta anarkisten sindikatuetako kideak batik bat lur jabeen erreakzioa jasaten ari ziren, lur jabe horiek beren irizpideak ezartzen baitzituzten 1931ko behin-behineko Gobernuak nekazaritzaren berrikuntzei eta lan baldintzei buruz emandako dekretuak betetzeko edo, hobeto esanda, ez betetzeko orduan. Zabaltzaren eta FNTTren Batzorde Eragilearen iritziz, greba egitea zen lanaldi txandak erabaki bezala aurrera eramateko eta ezarritako lan baldintzak betetzeko irtenbide bakarra.

Greba horrek eragin handia izan zuen batez ere nekazaritzatik bizi ziren Nafarroako eskualdeetan; ondorio gogorrak izan zituen: nekazari lehiatsuenen aurkako errepresioa, biltokiak ixtea, isunak, kartzela-zigorrak…

Hiriguneetako sindikatu ugetistek, batzuetan komunistak, anarkistak, ELAkoak eta abertzaleak gehitu zitzaizkielarik, paper nagusia jokatu zuten urriaren 5ean, CEDAko ministroak Gobernura iritsita, deitu zen greba orokor iraultzailearen ondoren izan ziren gatazketan. Gatazka gogorren ondoren, hari jarraitu zitzaion errepresio bortitzak ahuldu egin zituen ezkerrak eta abertzaleek antolatzeko eta gizartean eragiteko zuten ahalmena; biltokiak ixtea, ehundaka lagun atxilotzea, zinegotzi eta alkate ezkertiarrak kargurik gabe uztea, egunkariak zentsuratzea eta debekatzea?, horra huts egindako matxinada hark izan zuen erantzuna. Nekazari elkarteen hondamendiari langile elkarteen desegitea gehitu zitzaion.

Hala ere, sindikatuak ez ziren desagertu, eta ezarri ziren zigor haiek galdu ahala, berriro ekin zioten, industria arloko sindikatuek batez ere, zegozkien gauzen gaineko eskariak egiteari. 1935ean soldatak jaisteko ugazaba gehienek hartu zuten erabakiari eta handituz zihoan langabeziari aurre egiteko ekintzak lanuzteak batez ere ugaritu egin ziren; izan ere, indartua baitzen berriro sindikatuen arteko batasuna CNT, UGT, eta ELAren artekoa, batzuetan Langileen Sindikatu Profesionalaren laguntza izan zuena, Nafarroan esate baterako.

Batasuna ezaugarri zuela eta, tarteka izan ezik, ñabardura politiko nabarmenik gabe, langile mugimendua martxan jarri zen berriro; aldi berean, askatasuna berreskuratzea, milaka presoentzat amnistia osoa lortzea, euskal autonomia estatutua onartzea, katalana berriro ezartzea eta lehengo bi urteko politikari berriro ekiteko gogoa zirela eta, berriz ere politikari eman zitzaion lehentasuna. 1936.  urtearen hasieran honela zen egoera:

  • errepublikanismo ezkertiarra osatua zen berriro, Izquierda Republicana organizazio berriaren barnean;
  • barne zatiketak gorabehera, sozialismoa indartsu zegoen;
  • euskal abertzaletasunari eusten zion oinarri sozialak zutik zirauen.

Biurteko Beltzaren amaieran, hauteskundeak deitu aurretik, Alderdi Erradikalak ospea galdu zuen, eta CEDAk geroz eta oztopo handiagoak izan zituen gobernatzeko. 1936ko otsaileko hauteskundeetan argituko zen zeuden bi aukeretatik zeinek jarraituko zuen aurrera: errepublika kontserbatzaileak ala errepublika aurrerakoiak. Espainian Herri Frontea izeneko koalizio eratu berriak irabazi zituen hauteskundeak, eta Euskal Herrian agerian gelditu zen berriz ere euskal politika sistema berezia zela. EAJk «zentroko» alderdi gisa jarraitu zuen: alde batean Herri Frontea zuen, estatuko gainerako herrialdeetan baino ahulagoa zena Euskal Herrian, eta beste aldean, berriz, eskuindarrak; hauen artean Comunión Tradicionalistak CEDAk baino itzal handiagoa zuen.

Hauteskundeetako emaitzen ondorioz osatu zen mapa politikoak Gerra Zibilaren hasieran eratu zena iragarri zuen, Gipuzkoan eta Bizkaian Herri Frontea eta abertzaleak nagusitu baitziren, eta Araban eta Nafarroan, aldiz, eskuindarrak

Errepublikak hilabete gutxitan lur jo zuen Euskal Herrian, baina gerra hasi aurreko giroak ez zuen zerikusirik gero frankismoak bere alde erabilitako topikoekin. Gatazka giroa bai erlijio auziek, bai politika tirabirek, bai gizarte arazoen gaineko eskariek eragindakoa 1936ko udaberrian baretu zen.

8.1.6 Euskal Autonomia Estatutua Lortzeko Prozesua

8.1.6.1 Euskal Autonomiaren aurrekoak

Tradizio Forala: Euskal Herriko komunitateak historian zehar botere politiko handia izan du bere esku; penintsulako gainerako herriekin konparatuz gero, oso nabarmena da. Botere politiko hau Foru-sistemen barnean gauzatu da eta Foruak euskal Lurralde bakoitzaren erakunde politiko-administratiboen multzoa dira.

Iraupena

  • Iparraldean: Frantziako Iraultza arte.
  • Nafarroan: 1841era arte.
  • Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian: 1876 arte.

Krisi foralaren zergatiak

  • Erregearen absolutismoa, subiranotasuna zatiezina zela ulertzen zuelako.
  • Erregimen konstituzionala, tradizioa erabat bazter utzita, herritar bakoitzaren askatasunak aldarrikatzen zituelako. Espainian lehena Cadizko 1812ko Konstituzioa.

1876an foru instituzioak galdu izanak ez zuen euskaldunen eskubide politiko haiek berreskuratu nahiari uko egitea ekarri, baina, Errestaurazioaren garaian, ez zitzaien eskari haiei batere jaramonik egin eta, azkenean, aldatu egin behar izan zituzten. XX. mendeko lehenengo 3 hamarraldietan, autonomia estatutua izan zen euskal nazionalismoaren eskaeren ardatza.

1917an jarri ziren abian autonomiaren aldeko ideiak eta 3 euskal aldundiek Madrili autonomia handiago bat eskatzen zion dokumentua hitzartu zuten. Geroago, eta karlistek harekin bat egin zezaten, foruak berrezartzea ere erantsi zioten eskariari.

Madrilek ez zuen eskaria aintzat hartu eta autonomiaren eskaerak indar gehiago hartu zuen, ez Euskal Herrian bakarrik, baita beste toki batzuetan ere. Nazionalismoak bizkortze giro handian zeuden Europa guztian (I. Mundu Gerraren amaieran Austria Hungaria eta Balkanetako nazionalitateen arazoa azaleratu zen. Izan ere Wilson presidentearen 14 Puntuak izeneko bake proposamenak autodeterminazio eskubidea jasotzen zuen). Giro hartan, hainbat erakunde sortu ziren euskal probintzietan.

Besteak beste, 1918an, Sociedad de Estudios Vascos-Eusko Ikaskuntza sortu zen, euskal estatutuaren ideia lantzen eta bultzatzen zeregin handia izango zuena. Eusko Ikaskuntza elkartean, ideologia politiko desberdineko jendeak bultzatuta. Euskal lurralde guztietako ordezkariak hartu zuten parte; euskara, gaztelania eta frantsesa izan ziren hizkuntza ofizialak eta euskal ikaskuntzen hedapena eta sustapena izan zen haren helburu nagusia.

  • Politikaren alorrean, berebiziko garrantzia izan zuen II. Errepublikako lehen hilabeteetan Euskal Herrirako aurkeztu zuen Autonomia Estatutuak, ondorengo proiektuen erreferentzia izan baitzen.
  • Beste ekimen garrantzitsu bat Euskaltzaindiaren sorrera izan zen.

Hala ere, EAJ barneko zatiketek ez zioten Donostiako Itunean (1930) parte hartzen utzi -Katatalanak, aldiz, bertan izan ziren eta, Errepublika jartzeko aukera izango balitz, estatutua hitzartu zuten-. Hitzarmen hartan lortu zuten katalanistek errepublikazaleengandik Kataluniako autonomiaren aldeko konpromisoa.

Espainiako eremu gehienetan bi ertzetan banatu baziren alderdiak (eskuina eta ezkerra), euskal mapa politikoa hiru multzotan banatu zen:

  • Errepublikazale-sozialistak: PSOE / UGT – CNT – PCE. Ezkerra indartsua zen lau herrialdeetako hiriburuetan, industrialdeetan eta Nafarroako Erriberan.
  • Alderdi eskuindarrak eta tradiozionalistak: Karlismoa (Comunión Tradicionalista) eskuineko indar nagusia zen Euskal Herrian. Kontrolpean zituen karlismoak Araba eta Nafarroa.
  • Euskal nazionalismoa: EAJ-PNV alderdiak indarra zuen Bilbon eta Bizkaia eta Gipuzkoako nekazaritza aldeetan.

Hasieran nazionalistek eta karlistek batera jo zuten, baina elkarrengandik urrundu ziren arian-arian, autonomia mailan zituzten ikuspegi desberdinen ondorioz.

8.1.6.2 Eusko Ikaskuntzaren proiektua

  • Konbokatzaileak: Errepublika etorri bezain pronto ALKATE NAZIONALISTEK (haien buruan zegoen Jose Antonio Agirre, Getxoko alkatea) ekin zioten autonomiaren aldeko mugimenduari eta estatutu proiektu bat presta zezala agindu zioten Eusko Ikaskuntza elkarteari. Proiektu hau Errepublikaren garaian zehar prestatu ziren PROIEKTU GUZTIEN ABIAPUNTUA izango da.
  • Partaideak: Euskal estatu bat zuen oinarria eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak eratuko zuten, ESPAINIAKO ERREPUBLIKA FEDERALAREN BARNEAN. Bitariko Batzordea, Estatu eta Euskal Herriaren artean suertaturiko liskarrak konpontzeko.
  • Egitura konfederala:
    • barne-politikan, indar handia ematen zion probintzia bakoitzari, probintzia bateko erakundeek erakunde komunei gailentzen zitzaizkielarik.
    • 4 lurraldeetako bakoitzak ordezkari-kopuru berbera Legebiltzarrean eta gobernuan.
  • Eskubide politikoen jabe izateko baldintzak: urtebeteko erresidentzia bertan bizi ez ziren euskaldunen seme-alabei eta 2 urte Espainiako beste edozein tokiko biztanleei.
  • Arlo ekonomikoa: KONTZERTU EKONOMIKOAk iraungo du.
  • Hizkuntza: ELEBITASUNA: irakaskuntzan eta administrazioan.
  • Abantaila: JOERA POLITIKO ASKOTAKO jendeak hartu zuen parte hau lantzen eta horien artean hitzartutako lana izan zen
  • Arazoak: Zehaztasun eza, herriak ordezkaritza maila eskasa. Eusko Ikaskuntzaren proiektua KONSTITUZIO BERRIA ONARTU BAINO LEHEN prestatu zen eta arazo bat zen hau, ezkerreko indar politikoek onartzerakoan.
  • Emaitza: Hemendik 2 proiektu elaboratu ziren: karlista eta EAJrena, eta ezkertiarrena.
Resultado de imagen de jose antonio agirre 1931

Jose Antonio Agirre, Getxoko alkatea, Lizarran, 1931n

Imagen relacionada

8.1.6.3 Lizarrako Estatutua

  • Konbokatzaileak: Eusko Ikaskuntzaren egitasmoa euskal lurraldearen barruan onartu beharra zegoen Madrilgo Legebiltzarrera eztabaidatzera bidali baino lehen. Horretarako deitu zitzaien bilerara alkate karlista eta nazionalistei -horiek izan ziren konbokatzaileak- Lizarrara eta 1931ko ekainaren 14an bildu ziren, udalek Eusko Ikaskuntzaren proiektuan oinarritutako Estatutua onartu behar zutela-eta. Bilera honetan hainbat aldaketa erabaki ziren, Lizarrako Estatutua deitu zitzaionari kutsu nazionalista, eskuindar eta konfesionala emango ziotenak.
  • Prozedura: Autonomia prozesua UDALEN KARGU geratu zen eta ez Batzar Kudeatzaileen esku (Hauetan gehiengo ezkerra eta besteetan gehiengo eskuina). Ezkerraren agintean hori arazo bat izan zen eta Biurteko Beltzean, berriz, espainiar eskuina ez zen batere autonomiazale.
  • Estatutuaren justifikazioa: Karlistek horrela eskatuta, Estatutua, berreskuratuko ziren FORUETAN (eta ez Errepublikaren Konstituzioan!) oinarrituriko lege baten gisa aurkeztu nahi izan zen. Foruen berrezarpenaren aipamena egin zen. Hau ere eragozpena izango zen Espainiak onartzerakoan.
  • Egitura konfederala: EUSKAL BURUJABETZA EZ DU ESPAINIAKO KONSTITUZIOAK MUGATUKO, EUSKAL HERRIAK BERAK BAIZIK. Konstituzioari eginiko erreferentziak kendu egin ziren. Euskal aginte zentrala oso ahula, aldundien papera gehiago indartu zen bitartean.
  • Hauteskundeen mekanismoa: Sufragio tradizionalaren kontzeptua sartu zuten hauteskunde sistema gisa, hori zer zen argi zehaztu gabe eta sufragio unibertsal lortu berria arriskuan jarriz.
  • Eskubide politikoak: Gehiago MUGATU ziren etorkinen eskubide politikoak (10 urteko erresidentzia eskatzeak botorik gabe uzten zituen 1920an iritsi ziren 100.000 etorkin -ezkerreko alderdiei eta errepublikazaleei emango zienak botoa-).
  • Izaera KONFESIONALA eta Vatikanoarekin Konkordatu bat sinatzeko ahalmena. Horrela, Eusko Ikaskuntzaren proiektu liberalari bidea itxi egiten zitzaion eta, Errepublikako agintean ezkerra izanda, Konstituzioaren esparruan onartezina izango zen.
  • Balorazioa: Eusko Ikaskuntzaren proiektua kontsensuan oinarrituriko testua izan bazen, Lizarrakoa, erabat partidista zen, EAJ ETA KARLISTEK zuzendua. Gainera, hauteskunde molde tradizionala erabiltzean eta etorkinak botorik gabe uztean, demokrazia maila jaitsi egin zen.
  • Emaitza: Lizarrako proiektua izan zen EAJ eta Comunión Tradicionalista (karlistak) alderdien arteko koalizioaren oinarrizko programa 1931ko hauteskunde orokorretan eta emaitza onak eman zizkien (14 eserleku), baina ezkerra aurka zuen neurrian ez zuen etorkizunik izan, Konstituzioaren arabera Gorteetan onartu behar zelako.

8.1.6.4 Batzar Kudeatzaileen (Diputazioen) proiektua

  • Konbokatzaileak ALDUNDIAK izan ziren (gehiengo ezkerra). Eusko Ikaskuntzaren proiektuan oinarritutako Estatutua onartu behar zuela-eta, Estatutuari kutsu demokratiko, ezkertiar eta akonfesionala emango zioten hainbat aldaketa erabaki ziren.
  • Prozedura: Autonomia prozesua hasteko, KONSTITUZIOAK AURREIKUSITAKO PROZEDURA errespetatzen zuen. Batzordeek prestatu, udalek onartu, herriak boto bidez berretsi eta Gorteek onartu.
  • Adostasunak: EAJk, Lizarrako estatutua irteerarik gabe ikusiz, onartu egin zuen proposamen berri hura; tradizionalistek, ordea, uko egin zioten. Nazionalistek, karlistak erakarri nahian, FORUEI ETA KONTZERTU EKONOMIKOARI BURUZKO AIPAMEN BEREZI BAT SARTZEA lortu zuten. Hala ere, euskal estatu terminoa kendu eta Euskal Herria jarri zuten, eskualde autonomo gisa, konstituzioak zioen bezala.
  • Egitura: Parlamentu eta gobernu komun bana izango ziren eta, probintzia mailako instituzioek aginte maila apalagokoak izango ziren. Legebiltzarreko kideak boto bidez hautatuko ziren. Legebiltzarrak hautatuko zuen euskal gobernuburua.
  • Eskubide politikoak: Neurri batean, behintzat, jaitsi egin zen inmigranteekiko diskriminazioa.
  • Izaera AKONFESIONALA.
  • Erakunde berriak: Auzitegi Gorena ere aurreikusi zen.
  • Balorazioa: AURREKOA BAINO DEMOKRATIKOAGOA zen, boto-eskubidea etorkinei zabaldu zitzaielako. Autonomia-maila, berriz, txikiagoa, integrazio handiagoa zuelako Espainiako beste lurraldeekin.
  • Emaitza:
    • Onarpen prozesua zaila izan zen eta, azkenean, 2 testu elaboratu zituzten:
      • LAU LURRALDE; baina udal nafarren gehiengoak aurkako botoa eman zioten (gehienak karlistak).
      • 1933ko abuztuaren 6an onartu zuten ARABA, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO UDALEK .
  • Hala ere ez zen aurrera joan.
Imagen relacionada

8.1.6.5 1936ko Estatutua

  • Konbokatzaileak: 1936ko hauteskundeetan HERRI FRONTEAK IRABAZI zuenean, gutxiengo nazionalistak garbi zuen euskal autonomia gobernu honen akordio baten baitan egongo zela. Batzorde bat osatu zen, kontsentsua bilatzeko asmoz; Indalecio Prieto, euskal sozialisten buruzagia, zen buru eta idazkaria Jose Antonio Agirre zen, gutxiengo nazionalistak Gorteetan zuen taldeko burua.
  • Lanak azkar joan ziren eta 1936ko ekainean proiektua bukatua zen ia. Akordio bat falta zen Finantzaren arloan, diputatu eskuindarrek (Oriol, tartean) egindako oposizioa zela-eta. Esaten zutenez, bateraezinak ziren Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoen erregimena. Errealitatean, Estatutuaren onarpena atzeratzeko aitzakia besterik ez zen. Gerra hasi bezain laster eten egin zen autonomia prozesua, baina gobernuak EAJk gerran modu eraginkorrago batean parte hartzea behar zuen eta Estatutuaren onarpenaren aldeko urratsak bizkortu zituen. 1936ko urriaren 1ean, Espainiako Parlamentua Valentzian egokitu eta gero, onartuko zen Estatutua.
  • Onartu zen testuak aldaketa batzuk zituen:
    • Askoz ere laburragoa zen, 14 artikulu baizik ez zituen.
    • Zehaztasun eza handia zeukan aspektu garrantzitsu batzuetan, hala nola aginte sistemen eta ogasunaren alorrean.
    • Kendu ziren eskubide historikoei, foruen berrezartzeari eta Nafarroako integrazioari buruzko aipamenak.
    • Kanpoan geratu ziren, baita ere, Lana eta Jabetza eta Zerbitzu Militarra tituluak.
  • Gerrak eraginda, ahalak zabaldu zituen EUSKO JAURLARITZAk eta Estatuaren ordezkari bihurtu zen Euskal Herrian.
    • Estatuaren ahalak bere egin zituen orduan, dirua egin zuen, kontrolpean ezarri zituen estatuko funtzionarioak, gerra gidatu zuen, eta abar.
    • 1936ko urriaren 7an bildu ziren Gernikara euskal zinegotziak, lehen lehendakaria izendatzeko. Alderdi guztiak bat etorri ondoren, guztiek eman zuten JOSE ANTONIO AGIRREren aldeko botoa.
    • Horrela abiarazi zen Euskal Autonomia eta, ordainetan, gobernuak barruago sarrarazi zuen EAJ gerran.
  • Kanpoaldera begira, garrantzitsua zen lehendakari katoliko eta moderatu bat edukitzea, hautsi egiten baitzuten erreboltarien propagandak sortu nahi zuen irudia, militarren altxamendua “komunismo ateoa”ren aurkako mugimendua zela esaten baitzuten haiek.
  • 1936ko urriaren 1ean onartu zuten, presaren presaz, eta 9 hilabetez iraun zuen. Bizkaian bakarrik izan zen eraginkorra, 1937ko ekainean, Nafarroako indarrek Bizkaia hartu zutelarik.

8.2 Lehen Euskal Gobernua

Gerra hasi eta gero osatu zen, presaka batean. Urrian Estatutua onartu zen eta, horrekin, Euskal Gobernua eratu zen, EAJ alderdia buru zuela. Harrezkero Euskal Gobernuak izan zuen gerrako buruzagitza: berehala bere gain hartu defentsa antolatzeko erantzukizuna eta euskal gudarostea eratu zuen, antolakuntza hobekoa eta eraginkortasun handiagokoa –hala ere alderdi politikoen batailoiak mantendu ziren artean–, eta arma eta munizio gehiagorekin.

JOSE ANTONIO AGIRREk, lehendakari hautatuta, historiako lehen euskal gobernua osatu zuen. Era horretan hasi zen gorpuzten euskaldunen aberriarekin, Euzkadirekin, identifikatzen zen asmo politiko bat. 1936ko urriaren 7tik 1937ko ekainaren 19a arte iraun zuen eta gero erbestetik jarraituko zuen gobernuak lanean.

Gobernua 4 abertzalek (Agirre barne), 3 sozialistak eta gobernuaren aldeko alderdi bakoitzeko batek (ANV-EAE, Izquierda Republicana, Unión Republicana eta Alderdi Komunista) osatzen zuten. Gobernu hark, abertzaleak nagusi zirela, eta gerra egoeran, euskal estatu ia independente bat jarri zuen abian. Armada eta polizia (ertzantza) sortu zituen, dirua jaulki zuen, bere esku izan zituen atzerriko harremanak, administrazioa eta epaitegiak berrantolatu zituen, unibertsitatea eraiki, esku hartu zuen finantzetan eta industria estrategikoan, eta hornidura antolatu zuen.

Gobernu haren ezaugarri nabarmenena, agian, eta abuztuko eta iraileko Junten aldia gaindituta, zuzenbidezko estatu bat eraikitzeko asmo sendoa izan zen, ahalik eta normalduena, gerrako baldintzak kontuan hartuta; ahal izan zen neurrian, errejimen parlamentariokoa osatu zen, kontzentrazioko gabinete batekin, larritasun egoera zela-eta.

Frente del Norte - Spanish Civil War (March-Sept 1937).svg

Pd10_ormaiztegi5

Ormaiztegiko zubia eraitsi zuteneko irudia

8.3 Gerra Zibila Euskal Herrian

Iraupena oso laburra izan zen Euskal Herrian. Hamaika hilabetetan bukatu zen, 1936ko uztailaren 18tik hurrengo urteko uztailaren 2ra arte. Militarrek dena prest zeukaten ahalik eta eperik laburrenean botere gune nagusiak hartu eta Frente Popularraren Gobernuaren ordez agintaritza militarra ezartzeko. Baina erresistentzia gogorragoa topatu zuen uste zuena baino eta ez zuen bere helburua oso-osorik betetzerik izan. Altxamendua izan eta egun gutxira, herrialdea bi zatitan banatua zegoen; eremuz, alde bakoitzak luze-zabalera beretsuko lurraldea hartzen zuen, baina jendez eta baliabidez errepublikarren kontrolpean zegoena zen nagusi. Gerra zibila saihets ezina zen jada.

Uztailaren 18an Molak gerrari ekin zion Nafarroan eta, errekete karlisten laguntzaz, lurralde osoa kontrolatu zuen berehala. Erribera izan zen oposizio gune bakarra, bertan ezker langileak indar handia baitzuen. Iruñetik iparraldera jo zuten Gipuzkoa menpean jartzeko. Euskal Herriak egoera zaila izan zuen uztailaren 18a eta gero. Uste zen bezala, Nafarroan eta Araban ia oztoporik gabe nagusitu ziren altxamenduaren aldekoak eta laster kontrolatu zituzten bi lurralde horiek. Zapalkuntza latza izan zen, latza eta odoltsua (1.500- 3.000 pertsona inguru hil zituzten Nafarroan) eta egun gutxitan betiko isilarazi zuten oposizioaren ahalegin txikiena ere. Bestela gertatu zen, ordea, kostaldeko probintzietan: Bizkaian, gudarostea ez zen altxatu, eta gobernadore zibilak erraz kontrolatu ahal izan zuen egoera.

Gipuzkoako egoerak korapilo gehiago zeuzkan: probintziako komandante militarra, duda-mudan egon zen; lehenengo egunetan gatazkan parte hartu gabe egon zen, estatuko beste lekuetan gerta zitekeenaren zain. Uztailaren 21 arte atzeratu zuen jazarraldia eta, hala, agintari zibilek eta alderdi errepublikazaleek defentsa antolatzeko denbora izan zuten. Horrela, guduak hasi zirenean, matxinatuak galtzaile atera ziren Donostiako borrokaldian eta errepublikazaleen kontrolpean gelditu zen Gipuzkoako probintzia.

Beraz, Euskal Herria ere bi zatitan banatua gelditu zen: alde bat matxinatuen kontrolpean, eta errepublikazaleen mendean bestea.

Gerra ez zen asko luzatu Euskal Herrian. 1937ko ekainerako, gerra hasi eta 11 hilabetera, gudaroste frankistaren mendean zen Hego Euskal Herri guztia. Ez da ahaztu behar, gainera, gerran zirenean eman zela Autonomia Estatutua –1936ko urrian– eta, beraz, lehenbiziko aldiz, Euskal Gobernua eratzeko aukera.

Gobernu horrek, Agirreren lehendakaritzapean, bere gain hartu zituen matxinatuen aurkako defentsa eta, gerra zelako Bizkaira mugatzen bazen ere, lurralde autonomoaren administrazioa. eta Euskal Gobernu autonomoak zuen Euskal Herriko defentsaren ardura.

Hurrengo urtean, apirilean, Molak “Iparraldeko kanpainari” ekin zion eta Bilbo hartu zuten arte luzatu zen ekinaldia, ekaina arte alegia. Handik bi hilabetera, euskal gudarostea errenditu egin zen, Santoñan, italiarren aurrean; horrekin amaitu zen Euskal Herrian gerra.

8.3.1 Gerra Gipuzkoan

Agintea: Juntas de Defensa izeneko batzordeek eta Herri Fronteko alderdiek gidatu zituzten gerra mugimenduak. Ez zen aginte bateratu bat egon eta gatazka gogorrak izan zituzten, batez ere anarkisten eta abertzaleen artean.

Bereizgarriak: Errepublikazaleen aldeko bandoan handia izan zen antolakuntza eza eta soldadu eta bitarteko gutxi izan zuten ondo entrenatutako erreketeei aurre egiteko. Nafarroatik barrena sartuta Gipuzkoa hartu nahi zuten tropeei –gudaroste erregularra, batetik, eta bere borondatez joandako ondo prestatutako erreketeak, bestetik– aurre egiteko nolabaiteko defentsa antolatu zuten agintari zibilek, hainbat alderditako milizia kideekin, oso arma gutxirekin eta ia buruzagi militar profesionalik gabe.

Teknika: Lubakietako borrokak nagusitu ziren guduetan, hango orografia menditsua aproposa baitzen horretarako.

Bukaera: Donostian anarkistek hiria etxez etxe defendatu nahi zuten; abertzaleek, berriz, defendatu ezin zitekeela ikusirik, joan egin nahi zuten. Azkenean, irailaren 13an, nafarrek Donostia hartu zuten eta Gipuzkoa tropa nazionalen esku geratu zen. Erreboltariek Iruni eraso zioten, mugako bidea moztu nahian. Ondoren, mendebalderantz jo zuten, Bizkai aldera.

8.3.2 Gerra Bizkaian

Agintea: Bigarren faserako Autonomia Estatutua onartuta zegoen, jada, eta Eusko Jaurlaritzak gidatu zuen gerra. Aldi berean, Ertzaintza sortu zen, txanpona egin zuen…

Taktika: Hasiera batean frankisten presioa lasaitu egin zen, Madrilgo frontera bildu baitzituzten indar guztiak; bitarte horretan Eusko Jaurlaritzak Eusko Gudarostea sortu ahal izan zuen, Bilboko babesak gotortu zituen eta kontraerasoari ekin zion Araban. Aginte errepublikarrak laguntza eskasa eskaini zion.

Baliabideak: Erreboltariek Madrilen porrot egin ondoren, 1937ko udaberrian guda gogorrak hasi ziren eta askoz ere soldadu eta baliabide material gehiago erabili ziren:

  • Erreboltariek alemanen Condor legioaren eta brigada italiar baten laguntza izan zuten: 40.000-60.000 bat soldadu, 200 artilleria pieza eta 100 hegazkin.
  • Eusko Gudarosteak 40.000 soldadu, 100 artilleria pieza eta bi hegazkin taldetxo, mugikortasun eskasekoak biak.

Teknika: Teknika berri batzuk plazaratu ziren: oinezko soldaduek ekin aurretik, hegazkinek eta artilleriak hartu beharreko lekuak bonbardatu egiten zituzten. Hiri zibilak ere masiboki bonbardatu zituzten –Durango, Gernika-, etsaia guztiz beldurtzearren.

Bukaera: Mola jenerala abioi istripuz hil zen arren, frankistek hego eta ekialdetik eraso zioten Bizkaiari martxoaren azken egunetan. Burdinazko gerrikoari eraso zioten. Frontea desegiteko, Alejandro Goikoetxearen laguntza izan zuten nazionalek, defentsa sistema diseinatzen aritu zen gizona, eta, beraz, gune ahul guztiak primeran ezagutzen zituena. Horri guztiari esker, nazionalak, ekainaren 19an sartu ziren Bilboko hirian.

Santoñako Ituna: Bilbo erori ondoren batailoi nazionalistak, italiarren eskuetara errenditu ziren itun hau sinatuz. Ez zuten gerra materiala suntsituko eta, ordainetan, euskal nazionalistak bila etorriko ziren ontzietan itsasoratu ahal izango ziren. Francok, ordea, ez zuen ituna errespetatuko eta kartzela frankistetan bukatu zuten gehienak.

Ondorioa: Alde egitea lortu zuten euskal nazionalistek eta sozialistek, Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritzarekin batera, erbestearen aukerari heldu zioten, Frantziara alde eginez. Tokiko eskuinak bostehun bat kide galdu zituen, gehienak karlistak, eta kleroak, berrogeita hamar erlijio-gizon inguru.

Santoña (7.30)

8.4 Euskal Herri frankista Gerra Zibilean

Gerraren amaierak ez zuen bakea ekarri, garaipena baizik:

  1. Errepublikako gobernu guztiek eginiko legeak baliorik gabe geratu ziren.
  2. Instituzio demokratikoak, gobernu autonomoak eta erakunde politikoak eta sindikalak desagertu egin ziren.
  3. Depurazioak bideratu zituzten administrazioan, irakaskuntzan, eta abarretan.
  4. Erreboltariek preso errepublikazaleak kontzentrazio esparruetan eta kartzeletan sartu zituzten, eta fusilatu egin zituzten haietako asko. Errepublikako gobernuari leial iraun zuten militarrak eta zibilak altxamendu militarra bultzatzeagatik atxilotu eta kondenatu zituzten eta hil egin zituzten haietako asko. Errepublikaren aldekotzat jotako pertsona guztiek diskriminazioa jasan zuten lan alorrean, eta haien seme-alabei ikasi ahal izatea galarazi zitzaien batzuetan.
  5. Debekatu egin ziren gaztelaniaz egiten ez ziren kultura agerraldi guztiak.
  6. Gobernu errepublikarrari emaniko laguntzagatik, Francok bertan behera utzi zuen Kontzertu Ekonomikoa Bizkaian eta Gipuzkoan.
  7. Euskal Herrian, eliza ere errepresioa jasan izan zutenen artean egon zen. Gerra garaian, erreboltariek 12 euskal apaiz fusilatu zituzten.
  8. Nafarroa dugu errepresio bereziki gogorra izan zen beste lurralde bat,  batez ere euskal nazionalistek eta Herri Frontearen aldekoek indarra zuten aldeetan, Lizarran eta Erriberan esate baterako. Jeneral erreboltaria hil zen arte ezin izan zen zehaztu Nafarroako hilketak benetan zenbat izan ziren.
  9. Bestalde, 1937an, 5-12 urte arteko 30.000 ume inguru atera ziren Euskal Herritik Ingalaterra, Belgika, Frantzia, Danimarka, Suitza edo SESBera. Asko ez ziren sekula itzuliko.

HABANA.jpg

Espainiako Gerra Zibila Euskadin (52 min)

Gerra ondorengo errepresioa (1:47 min)

Onartu zen lehen euskal estatutua (1936) (2:01 min)

Jose Antonio Agirre, lehen lehendakaria (0:45 min)


[102] AGIRRE Lekube, Jose Antonio (1903-1960)

  • Goi mailako familia batetik zetorren, karlismoaren ingurukoa.
  • II. Errepublika garaian euskal nazionalismoaren lider bihurtu zen.
  • 1936an Largo Caballerorekin kolaboratu zuen, Euskal Herriko Estatutu Autonomia Gorteetan aurkeztearen truke.
  • 1936ko urriaren 1ean Euzkadiko autonomia onartu zuten eta Agirre behin-behineko gobernuaren lehendakari izendatu zuten.
  • Nazionalak Bilbo hartu zutenean, Valentziara alde egin zuen eta gero Frantzia eta AEB-etara.

8. gaia-ERREPASOA

TESTUAK-15 eta 16

7. gaia

9. gaia

 

Erantzunak itxita daude.