RSS

2020-2021-LEHENENGO PARTERAKO TESTUAK (1808-1930)

24 Urr

1. TESTUA. CÁDIZKO KONSTITUZIOA (1812-03-19)

Fernando VII.a Jainkoaren graziaz eta Espainiako Monarkiaren Konstituzioaz Espainietako Errege denak, eta, haren faltan eta gatibutasunean, Gorte nagusiek eta bereziek izendatutako Erregetzako erregeordetzak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi zera jakinarazten dizue: Gorte berek honako hau agindu eta berretsi dutela:

1. artikulua. Espainiako Nazioa bi hemisferioetako espainiar guztien batasuna da.
3. art. Subiranotasuna Nazioan datza izatez, eta, arrazoi beragatik, nazioari bakarrik dagokio bere funtsezko legeak ezartzeko eskubidea.
8. art. Espainiar ororen betebeharra da Estatuaren gastuetan bere ondasunen arabera laguntzea.
12. art. Espainiako Nazioaren erlijioa katoliko, apostoliko eta erromatarra da eta izango da beti, egiazkoa den bakarra. Nazioak lege jakintsu eta bidezkoekin babesten du, eta beste edozein praktikatzea debekatzen du.
14. art. Espainiako Nazioaren gobernua monarkia moderatu heredagarria da.
15. art. Legeak egiteko eskumena Gorteek dute erregearekin.
16. art. Erregeak du legeak betearazteko ahala.
17. art. Auzi zibil eta kriminaletan legeak aplikatzeko eskumena legeak ezarritako auzitegiek dute.
371. art. Espainiar guztiek dute euren ideia politikoak idatzi, inprimatu eta argitaratzeko eskubidea, argitalpenaren aurreko lizentzia, berrikuspen edo onarpenik gabe, legeak xedatutako mugapen eta erantzukizunen pean.

Cádizen, 1812ko martxoaren 19an.

2. TESTUA. PERSIARREN MANIFESTUA (1814-04-12) JAUNA:

Antzinako persiarren ohitura zen erregea hiltzen zenean anarkiaz beteriko bost egun igarotzea, hilketa, lapurreta eta beste hainbat zorigaiztoren esperientziek hurrengo erregearekiko leialago izatera behartu zitzan. Espainia Berorren Maiestateari leial izateko, ez zuen behar halako saiakuntzarik zure gatibutasunak iraun duen sei urteetan. Berorren Maiestatea arbasoen tronura itzulita ikusteaz pozten diren espainiarretatik, begirunezko adierazpen hau Espainiako ordezkari-izaerarekin sinatzen dutenak dira (…).

Monarkia absolutua (…) arrazoiaren eta adimenaren lana da: jainkoaren legearen, justiziaren eta Estatuaren funtsezko legeen mende dago: konkista-eskubidearen bitartez edo euren erregeak aukeratu zituzten lehen gizakien borondatezko menekotasunaren bitartez ezarri zen. Horregatik, subirano absolutuak ez du ahalmenik bere agintea arrazoirik gabe erabiltzeko (Jainkoak berak ere eduki nahi izan ez zuen eskubidea); horregatik izan da beharrezkoa botere subiranoa absolutua izatea, bere mendekoei denen interesekoa zaintzen duena agintzeko eta hori nahi ez dutenak obeditzera behartzeko (…).

Eskatu behar dugun erremedioa, gure botoak, eta gure probintzienak, paperean jarriz, Espainiako lege, foru, usadio eta ohituren araberakoa da. (…) Xede horrekin bil daitezela Gorteak handitasunez, eta antzinakoak egin ziren bezala (…): bertan behera utz daitezela Konstituzioaren ondorioak eta Cadizen xedatutako dekretuak, eta kontuan har ditzatela Gorte berriek euren deuseztea, injustizia eta desegokikeriak (…)

Madrilen, 1814ko apirilaren 12an.

3. TESTUA. MENDIZABALEN DESAMORTIZAZIO-DEKRETUA (1836-02-21)

BERORREN MAIESTATE ERREGINA GOBERNATZAILEARI EMANDAKO AZALPENA

Andrea: Nazioaren jabego bihurtu diren ondasunak saltzea ez da soilik emandako hitza betetzea eta salmenten emaitzaren berdina den amortizazio baten bitartez zor nazionalari berme positiboa ematea; zorion publikoaren iturri oparo-oparo bat irekitzea da; hildako aberastasun bat berpiztea; industriaren eta zirkulazioaren kanaletako oztopoak kentzea; herrialdeari bertako gauza guztiekiko maitasun natural eta sutsua itsastea; aberria zabaltzea, aberriarekin bat egiteko lotura berri eta sendoak sortzea; azken batean, ordenaren eta askatasunaren ikurra den Isabel II.aren tronu gorenarekin identifikatzea da. Ez da merkataritzako espekulazio hotz bat, ezta kreditu-eragiketa bat ere (…); animazio, bizi eta zorioneko elementu bat da Espainiarako. Horrela azaldu badezaket, haren pizkunde politikorako osagarria da.

Nazioak dagoeneko eskuratuak dituen ondasunen salmenta egiteko eta bere emaitza materialerako Berorren Maiestatearen onespen agurgarriaren pean jartzeko ohorea izango dudan dekretuak zor publiko handiaren kopurua murrizteko onura sortu behar du, eta beharrezkoa da bai bere joeran, bai bere helburuan eta bai emaitza hura lortzeko erabiliko dituen bitartekoetan, jabeen familia oparo bat goi-mailako ideiari lotzea eta berarekin bat egitea, eta jabe horien gozamenak eta existentzia batez ere goi-mailako instituzioen erabateko garaipenean oinarritzea.

Gaceta de Madrid, 1836ko otsailaren 21a.

4. TESTUA. BURDINBIDEEN LEGE OROKORRA (1855-06-06)

Isabel II.a (…) Espainietako Erreginak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi zera jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta neronek berretsi dudala:

4. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideen eraikuntza Gobernuak gauzatu ahal izango du eta, bestela, partikularrek edo konpainiek.
6. artikulua. Partikularrek edo konpainiek ezingo dute trenbiderik eraiki (…) baldin eta dagokion kontsezioa aurretik eskuratu ez badute.
8. artikulua. Zerbitzu orokorreko trenbideak eraikitzeko, funts publikoen laguntza jaso ahal izango da: 1. Haiekin obra jakin batzuk eginez; 2. Enpresei inbertitutako kapitalaren zati bat emanez aldi jakin batzuetan (…); 3. Kapital horien truke gutxieneko interes bat edo interes finko bat bermatuz (…).
19. artikulua. Trenbideen eraikuntzan erabiltzen diren atzerriko kapitalak edo xede horretarako maileguak Estatuaren babespean geratuko dira, eta gerraren ondoriozko errepresalia, konfiskazio edo blokeoetatik salbuetsita egongo dira.
20. artikulu. Trenbide enpresa guztiei honako hauek ematen zaizkie: 1. Trenbideak hartuko dituen jabari publikoko lursail guztiak (…); 2. Auzotasun-onura egur, larre eta gainerakoen aprobetxamendurako (…) enpresetako langileentzat eta lanetan erabiltzen diren zamarien mantenurako; 3. Trenbidearen aldameneko lurretan (…) harrobiak irekitzeko eskumena (…); 4. Bidesariak eta garraio eskubideak (…) jasotzeko eskumena esklusiboa; 5. Eraikuntzak irauten duen bitartean eta hamar urte geroago arte, (…) lehengaiek, (…), makinek, (…), egurrak, kokeak eta atzerritik inportatu behar den material finko eta mugikor guztiak ordaindu beharreko muga-zergan (…) adierazitako eskubideen baliokidea itzultzea (…).
30. artikulua. Trenbideak honako baldintza hauen arabera eraikiko dira: (…) 2.
Trenbidearen zabalera metro bat eta 80 zentimetrokoa izango da (Gaztelako 6 oin eta 6 hazbete).

Aranjuezen, 1855eko ekainaren 3an. – Nik, Erreginak.- Francisco de Luxan, Sustapen Ministroak.

Gaceta de Madrid, 1855eko ekainaren 6an.

5. TESTUA. 1839KO URRIAREN 25EKO LEGEA

Isabel II.a Jainkoaren Graziaz eta Espainiako Monarkiaren Konstituzioaz Espainietako Erregina denak eta, haren adingabetasunean, haren Ama Agurgarria den Maria Kristina Borboikoa Erregina alargunak, Erresumako Erregina Gobernatzaileak, honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi zera jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta neronek berretsi dudala:

1. art. Euskal probintzietako eta Nafarroako Foruak berresten dira, monarkiaren batasun konstituzionalari inolako kalterik eragin gabe.
2. art. Gobernuak, aukera izan bezain laster eta euskal probintziei eta Nafarroari entzun ondoren, lehen aipatutako Foruetan haien interesa aldarrikatzen duen nahitaezko aldaketa proposatuko dio Gorteei, Nazioaren eta Monarkiaren Konstituzioaren interes orokorrarekin bat eginez eta, aldi baterako eta lehen adierazitako moduan eta zentzuan, sor litezkeen zalantzak eta eragozpenak ebatziz eta Gorteei horren berri emanez.

Nik, Erregina Gobernatzaileak.- Erreginak eskuz sinatua – Jauregian, 1839ko urriaren 25ean.

6. TESTUA. 1876KO UZTAILAREN 21EKO LEGEA

Alfontso XII.a Jainkoaren graziaz Espainiako Errege konstituzionala denak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi zera jakinarazten dizue: Gorteek honako hau agindu dutela eta nik berretsi dudala:

1. artikulua. Legeak deitutakoan arma zerbitzura joateko eta norberaren ondasunen proportzioan Estatuko gastuetan laguntzeko betebeharrak ezarri dizkie Konstituzio politikoak espainiar guztiei, eta betebehar horiek, eskubide konstituzionalak diren heinean, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanle guztiei ezarriko zaizkie, Nazioko gainerako biztanleei bezalaxe.
2. artikulua. Aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, aipatutako hiru probintziak behartuta daude (…), kintoetan eta ejertzitoko garai arruntean eta berezietan, Legeen arabera dagokien gizon kopuroa aurkeztera.
3. artikulua. Era berean, (…) Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako probintziak behartuta daude Estatuko aurrekontu orokorretan esleitutako kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta bereziak ordaintzera, dagokien proportzioan, gastu publikoetarako.
4. artikulua. Gobernuari baimena ematen zaio, dagokion egunean Gorteei berri emanez eta 1837ko irailaren 19ko eta 1841ko abuztuaren 16ko legeak eta urte bereko urriaren 29ko dekretua kontutan hartuz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaizko probintzien onespenarekin, egokitzat jotzen badu, euskal herrien ongizateak nahiz nazioaren gobernu onak eta segurtasunak eskatzen dituzten erreformak haien foru-araubide zaharrean adosteari ekiteko.

Jauregian, 1876ko uztailaren 21ean.- Nik, Erregeak- Antonio Cánovas del Castillo, Ministro Kontseiluko Presidenteak.

Gaceta de Madrid, 1876ko uztailaren 25ean.

7. TESTUA. 1876KO KONSTITUZIOA (1876-06-30)

Alfontso XII.a Jainkoaren graziaz Espainiako Errege konstituzionala denak honako hau ikusi eta ulertzen duzuen guztioi zera jakinarazten dizue: egun bilduta jarraitzen duten Erresumako Gorteekin batera eta haiekin bat etorriz, honako hau agindu eta berretsi dudala:

Espainiako Monarkiaren Konstituzioa

11. art. Erlijio Katoliko, Apostoliko eta Erromatarra Estatuaren erlijioa da. Nazioa haren kultua eta haren ministroak mantentzera behartuta dago.

Espainiako lurraldean ezingo da inor molestatu ez bere iritzi erlijiosoengatik ez bere kultua praktikatzeagatik, baldin eta kristau moralari zor zaion errespetua gordetzen bazaio.

Ez dira baimenduko, ordea, Estatuaren erlijioarenak ez diren jendaurreko zeremonia eta adierazpenak. (…)

13. art. Espainiar orok du eskubidea:

Bere iritzi eta ideiak askatasunez adierazteko, ahoz, idatziz, inprimaketaz edo antzeko beste prozedura batez baliatuz eta aurretiko zentsurari lotu gabe.

Bakean biltzeko.

Giza bizitzaren xedeetarako elkartzeko (…).

18. art. Legeak egiteko ahalmena Gorteek dute Erregearekin.

19. art. Gorteak ahalmen bereko bi gorputz legegilez osatuta daude, gaitasun berberak dituztenak: Senatuak eta Diputatuen Kongresuak.

20. art. Senatua honela osatuta dago: norberaren eskubideko senatariak; Koroak izendatutako biziarteko senatariak; Estatuko korporazioek eta zergapeko handiek hautatutako senatariak (…).

28. art. Legeak finkatzen duen metodoaren bitartez hautatu eta berrautatu ahal izango dira diputatuak (…).

50. art. Erregeak du legeak betearazteko eskumena (…).

75. art. Kode berberek aginduko dute monarkia osoan, zirkunstantzia jakin batzuen ondorioz legeek xedatzen dituzten aldaketak egin ahal izango badira ere. Epaiketa arrunt, zibil eta kriminaletan, foru bakarra ezarriko da espainiar guztientzat (…).

Madrilen, 1876ko ekainaren 30ean.

8. TESTUA. JOAQUÍN COSTAREN OLIGARQUÍA Y CACIQUISMO LANAREN PASARTEA (1901)

Horren bitartez, gobernu mota hau osatzen duten faktoreak eta bakoitzak gainerakoekiko okupatzen duen posizioa erabakitzen ditugu.

Hiru dira kanpoko osagai horiek: 1. Bando bakoitzeko oligarkak (primate deiturikoak), gizon itzaltsuak edo gailenak, haren “buruzagitza” osatzen dutenak eta, oro har, erdialdean bizi direnak; 2. Lehen, bigarren edo hurrengo mailako jauntxoak lurraldean sakabanatuak; 3. Gobernadore zibila, haien komunikazio-organo eta tresna den pertsona. Funtsean, horixe da trikimailu guztia, bere zamaren azpian nazioa amore emanda, intzirika eta etzanda daukana.

Oligarka eta jauntxoek osatzen dute klase gidari edo gobernatzaile deitzen dioguna eta ‘alderditan’ banatuta eta sailkatuta dagoena. Baina hala deitzen badiogu ere, ez da hala; hala balitz, nazioaren zati eta haren ordezkari organiko izango litzateke. Baina gorputz arrotza baino ez da, zergak ezarri eta kobratzearren ministerioak, kapitaintzak, telegrafoak, trenbideak, bateriak eta gotorlekuak indarrez hartutako atzerritar talde bat izango litzatekeen bezala.

Hauteskundeetan (…), ez da herria bozketa faltsifikatu eta sistema galbidera eramaten duena, klase kontserbadoreak eta gobernatzaileak baizik. Horretarako, euren posizioaz, aberastasunaz eta masak zuzentzeko eman zitzaien aginteaz eta botereaz baliatzen dira.

Joaquin Costa, Oligarquía y caciquismo como la forma actual de gobierno en España, Madril, 1901.

9. TESTUA. FEDERICO ECHEVARRIAREN HITZALDIA LIBREKANBISMOARI ETA PROTEKZIONISMOARI BURUZ (1893-12-09)

Ez, hemen gertatzen den gauza bakarra zera da, Espainiaren eta Alemaniaren arteko itun tamalgarriaren ondorioz, proiektua atzera botako dela, eta deseginik geldituko dela egungo aduana-zergen araubidea ezartzeko egindako lan handia. Eta jokabide horrek zoritxar handia ekarriko dio herrialdeari, dudarik gabe; ez bakarrik aurrekari zorigaiztoko bat ezarriko duelako, etorkizuneko edozein industria-ekimen hondatuko lukeena, baizik eta, orobat, zauri hilgarria eragingo liekeelako lantegiei; bai egungo muga-zergen araubidearen babesean altxatu direnei, halakoak baitira gehien-gehienak, baita lehendik altxatuak zirenetan egin diren erreforma eta zabaltze handiei ere. Eta industria-jarduera horren guztiaren heriotzak, ohar gaitezen, hauek guztiak harrapatuko lituzke: Labe Garaiak, galdaragintzako eta makinak egiteko instalazio berrietan: altzairu-ekoizpena; Talleres de Deusto, altzairu moldekatuak eta trakzio-makinak eta -materiala egiteko sailean; Aurrera, haren hodi-fundizio ezin garrantzitsuagoetan, altzairuzko manufakturetan; Talleres de Zorroza eta Talleres de Miraballes, zubigintzan, bagoigintzan, eraikuntzan eta galdaragintzan (…) eta beste asko eta asko, luze joko bailiguke orain denak aipatzeak. Ez aipatzeagatik, jaun-andreok, berebiziko garrantzia duten fabrika-proiektuak —izenik ezin dut eman—, 1892ko aduana-zergak jarraitzearen baitan baitago haiek gauzatzea edo ez.

Hain ondorio lazgarriak saihesteko, hainbesteko hondamena saihesteko, Bizkaia ez ezik Espainiako beste eskualde oso garrantzitsu batzuk ere hartuko bailituzke eta eragina izango bailuke nazio osoan, tinko eskatu behar diogu Gobernuari ez dadila urrundu araubidetik, ez dezala suntsitu halako modu zalapartatsu eta gupidagabean gaur egungo babes-sistema, eta, beraz, bazterrera utz dezala espainiar-alemaniar itun zentzugabe hori.

Merkataritza Itunen kontrako mitin-protesta, Bilbon, 1893ko abenduaren 9an. Bilbon, 1894.

10. TESTUA: VICENTE BLASCO IBÁÑEZEN EL INTRUSO ELEBERRIAREN PASARTEA (1904)

“Peoien etxea” zen, meatze-mendietako aterpetxe ziztrina, eta jornalariak han bizi ziren, pilatuta. (…)

Arestik zulo hartan igarotako gauetan pentsatu zuen, tristuraz beteta. Peoiak abailduta iristen ziren, egun osoa ematen baitzuten barrenatzeko makinek ateratako blokeak apurtzen, bagonetak harritzarrez betetzen, mea-biltegira eramaten eta mea-biltegitik ekartzen. Babarrunak eta patatak bakailao edo urdail pixka batekin eskas afalduta, gelaxka hartan egiten zuten lo, izerdiz edo euriz bustitako jantziak soinean zituztela; botak bakarrik eranzten zituzten; jaka ere bai, batzuetan. Eskuez uki zitekeen sabai haren azpian, airea ez zen mugitzen, eta ordu gutxi batzuk igaro ostean, ezin arnastuzkoa bilakatzen zen, hainbeste gorputzen lurrunak loditua eta zikinkeria-usainez josia. Kamainen tolesetan, egurrezko junturetan nahiz sabaiko zuloetan bizi ziren bizkarroiak ehizara ateratzen ziren, beroak suspertuta, eta nekeak eraginda lozorroan zeuden gorputz bizigabeekin anker jokatzen zuten, iluntasunaren babesean. Gau ekaiztsuetan, zirrikitu eta arrailetatik sartu eta batetik bestera ibiltzen zen haizea, etxezuloa behera botatzeko zorian. Halakoetan, gorputz jantzi eta kirasdunak elkarren bila aritzen ziren, beroa lortu nahian. Izerdiak elkartu egiten ziren, eta arnasak nahasi; zikinkeria anaiartekoa zen. (…)

Harrobia zen langile asaldatzaileen etsairik gogorrena. Lurpeko meazuloetako arriskuei aurre egiteko, beharrezkoa zen nolabaiteko trebezia; beraz, ez zen erraza hango langileen ordezkoak bilatzea, irakatsi egin behar baitzitzaien ofizioa. Baina Enkarterri emankorretan, burdinak mendiak osatzen ditu: ustiaketa kanpoaldean egiten da; harria atera, jaso eta eraman, ez da besterik egin behar; zulatu eta apurtu, ereiteko lurretan bezalaxe. Goseak bultzatuta, etengabe iristen ziren peoiak, multzo handitan, eta gehiegikerien aurka protestaka lanpostua utzi zutenak ordezkatzen zituzten, ahaleginik egin gabe. Gizonen etorrera etengabe hura eteten ez bazen, Enkarterrietako langileak behin eta berriz ordezkatzen bazituzten, zaila zen lan hark bere eskubideak eskuratzea.

Vicente Blasco Ibáñez, El intruso, Valentzia, 1904.

11. TESTUA. EUSKELDUN BATZOKIJAREN ESTATUTUAK (1894)

1. artikulua: Euskeldun Batzokija izenarekin sortzen da Bilboko hirian aisiarako zentro bat, helburu duena (…) Bizkaiko Jaun Goikua eta Lagi-Zarra goiburuan jasotako doktrinen jarraitzaile diren herritarren arteko batasun- eta adiskidetasun-loturak sortzea.
2. artikulua: Behin Bizkaiko Elkarte Nagusia sortzen denean, Bizkai-Batzar deituko dena eta Arana eta Goiri ́tar Sabinok idatzitako estatutuak izango dituena, Euskeldun Batzokija haren mende geratuko da (…).
3. artikulua: Jaungoikua. Bizkaia katolikoa, apostolikoa eta erromatarra izango da bere barruko bizitzako adierazpen guztietan eta gainerako herriekiko harremanetan.
4. artikulua: Lagizarra. Bizkaia askatasunez birsortuko da. Bere lege tradizionaletan, foruetan, jasotako funtsezkoena osotasunean berrezarriko du. Gure arbasoen usadio eta ohitura onak berrezarriko ditu. Euskal arrazako familiez osatuko da gehienbat, erabat ez bada. Euskara izendatuko du hizkuntza ofizialtzat.
5. artikulua: Eta. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren eta gauza jainkotiarren eta gizatiarren arteko harmonia perfektuaren eta adostasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.
6. artikulua: Jaungoikua eta Lagizarra bereiztea. Ordena erlijiosoaren eta politikoaren, eklesiastikoaren eta zibilaren arteko bereizketa argi eta nabarmenaren gainean ezarriko da Bizkaia.
7. artikulua: Jaungoikua Lagizarraren aurretik jartzea. Politikoak erlijiosoarekiko eta Estatuak Elizarekiko erabateko eta baldintza gabeko mendekotasunaren gainean ezarriko da Bizkaia.
8. artikulua: Bizkaia, bere arraza, bere hizkuntza, bere fedea, bere izaera eta bere ohiturak kontuan hartuta Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoaren senide izanik, sei herrialde horiekin elkartu edo konfederatuko da Euskelerria (Euskeria) izeneko osotasuna eratzeko, baina bere autonomia partikularra batere murriztu gabe (…).

Bizkaitarra (Bilbo), 1894-05-24.

12. TESTUA. LA LUCHA DE CLASES ASTEKARIKO ARTIKULUA (1896-05-23)

Bizkaiko langileei

(…) Bizkaiko meatzeetako langileek, maiatzaren 1ean Gallartako frontoian bildurik, manifestazio zaratatsuak egin zituzten meatze eskualde hartako erregetxoek derrigorrezko kuartel eta dendak mantentzearen aurka, eta batzorde bat eratu zuten botere publikoei edo haien ordezkariei haiek berehala eta erabat desagerrarazteko. (…)

Meatzeetako langileak bat eginik altxatu ziren greban 1890ean, lanaldia murriztea eta derrigorrezko barrakoi eta dendak kentzea aldarrikatuz. (…)

Gaur egun, nola edo hala, 1890ean ezarritako lanaldiari eusten zaio, baina derrigorrezko barrakoi eta dendei dagokienez, lehenengo grebaren aurrean bezala dago egoera, oso- oso alde txikiarekin, meatze-zona guztian.

Bizkaian, legeak gutxietsiz eta mendearen izaera liberala murriztuz, nahitaezko baldintza da, lanean onartua izateko, etxe ez-higienikoetan bizitzea eta janaria, ona edo txarra (ia beti txarra eta eskandaluzko prezioan), denda jakin batzuetan erostea.

Hori, gure iritziz, hainbestetan ahoan hartutako lan-askatasunari egiten zaion eraso larri bat da, osasun eta higiene legeei egiten zaien irain bat da, eta, batez ere, inongo gobernu kultuk onartu behar ez lukeen zapalkuntza antihumanitario bat da.

Baina Bizkaiko meatzeetako langileek, esklabotasun berri eta higuingarriaren ikur diren derrigorrezko kuartel eta dendak desagerrarazteko, grebarako legezko eskubidea aldarrikatuko dute, baldin eta gobernuak eta agintariek uste ez badute benetako krimenak egiten dituzten kontzientziarik gabeko zapaltzaileen aseezintasunari muga jarri behar zaionik.

La Lucha de Clases (Bilbo), 1896-05-23.

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

 
%d bloggers like this: