RSS

2020-Koronabirus-Historia-Efemeridea: 1960ko martxoaren 22an, Agirre hil zen

22 Mar
Jose Antonio Agirre
Agirre Lekube lehendakaria (cropped).jpg

Efemerideak kontsultatu ditut… klasean bageunde bezala… Igandea da eta ez gaude klasean… Bihar ez da igandea izango, baina era berean ez gara klasean egongo… Animo, peña! https://efemerideak.wordpress.com/2020/03/22/martxoaren-22a/

Nik ez nuen urtebetertik oraindik… Egun ematen ari garen gaian kokatzen gara juxtu-juxtu, 10. gaian: Diktadura frankistaren finkapena eta krisialdia (1959-1975). Agirrek ez zuen, beraz, frankismoa berehala eraitsiko zen itxaropenik izan…

1960Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zen (j. 1904).

Agirre, 1933ko Aberri Egunean, Donostiako Atotxako futbol zelaian, EAJk antolaturiko hitzaldian.

1937ko uztailean ihes egin zuen Agirrek Euskaditik eta hemendik hara ibili zen Europa eta Amerikan zehar. Familia ere berarekin eramango du erbestera eta Parisen hilko da esan dugun datan. Hau da gutxi gorabeherako kronologia bat:

  • 1937- Abuztua izan zen gudariek, frankistez inguraturik, amore eman zuten azken unea. Agirre agurra idatzi eta Santanderrera joan zen, gero abioiez Biarritzera iristeko. Eusko Gudarostearen Negus abioia erabili zuen horretarako. Emaztea eta alaba zituen han zain, Eusko Jaurlaritzak emakume, agure eta haurren ebakuazioa dekretatu baitzuen aurrez. Katalunian egotzi zen hasieran, Pedralbesetik gertu zegoen egoitza batean eta Eusko Gudarostearen buru izaten jarraitu zuen.
  • 1939-Otsailaren 4a zen muga gainditu zuen data, Kataluniako presidentea zen Companysekin batera. Haiekin batera joan ziren Pariserantz Manuel Irujo, Julio Jauregi eta Josep Tarradellas beste batzuekin batera. Lehendakariak 150.000 euskal errefuxiatuei jarri zien arreta, baina berehala hasi zen II. Mundu Gerra eta Eusko Jaurlaritzak Frantzia eta Ingalaterrari eskaini zien laguntza.
  • 1940-Agirre Parisetik atera zen De Pannerantz (Belgika), Dunkerquetik 15 km-tara. Seme berri bat zuen, 1938an jaioa, eta familiarekin egoteko gogo bizia zuen, baina II. Mundu Gerraren hasierako gudu garrantzitsuen erdian elkartu behar izan zuen familiak. Naziek Frantzia eta Belgikaren aurka egin zuten erasoak Agirre eta berarekin zihoazen euskaldunak muga oinez pasaraztea bultzatu zituen, Frantziara, eta bonbardaketa haietako batean, arreba hil zitzaion, Enkarna. Emaztea, berriz, atxilotu zuten, espia zela salaketapean. Taldeari arrisku gutxien eragiteko, Agirre bakarrik joan zen Bruselara hasieran eta Berlinera gero. Denek Londresen dagoela uste duten unean, naziei ihes egiteko toki hoberena Alemania dela pentsatzen du. Kotxez joan zen ekainaren 1ean Bruselara. Berarekin zihoazen kataluniar senar-emazte bat eta euskal jesuita bat, eta komentu batean errefuxiatu ziren. Bruselatik Anberesera trenez joan zen eta bere familia Lovainan geratu zen. Panamako kontsulak eskuratu zion dokumentazio faltsua eta José Andrés Alvarez Lastra panamarra bilakatu zen, solteroa eta abokatua. Bibotea luzatzen uzten du eta betaurrekoak erabiltzen ditu itxuraldatzearren. GESTAPOk berak eskainiko dio Alemaniarantz bidaiatzeko baimena identitate honen pean ezkutatzen zen Agirreri. Belgika utzi aurretik, Lovainara joan zen familia agurtzeko eta haiekin pasatu zituen Eguberriak.
  • 1941-Trena hartu eta Hanburgora joan zen. Handik, berriz, Berlinera eta penalidade franko biziko ditu han. Martxoaren 1ean etorriko zaizkio emaztea eta bi seme-alabak, hauek ere beste nortasun bat hartuta. AEBetara joateko helburua dute, baina familiak lanak izango ditu hori lortzeko. Maiatzaren 23an, Berlindik atera eta kostaldera abiatu ziren Göteborg (Suedia) aldera. Hantxe egon ziren uztailaren 31ra arte, Vasaholm izeneko merkataritza-ontzirako pasajea lortu zuten arte. Baina, ontziak ez zituen AEBetara eraman, ez, Rio de Janeirora baizik. Brasildik Uruguaira joan ziren eta José Andrés Alvarez Lastra izateari utzi eta berriro izan zen Agirre lehendakaria. Prentsa du zain eta erbesteratutako euskaldun pila. Hango legebiltzarrak ongietorria egin zion eta Barne eta Kanpo ministroak egin zioten harrera. Urriaren 16an, Buenos Airesen zen eta han ere harrera izugarria izan zuen, presidentea bera tartean. Washingtonen iritzia diskrezio gehiago behar zela zen eta Trinidad, Puerto Rico eta Miamitik barnera ibili zen bakar-bakarrik abioiez. Emaztea eta seme-alabak, berriz, New Yorkera joan ziren zuzenean. Miami, Filadelfia eta azaroaren 6ra arte ez zen Agirre New Yorkera iritsi. Columbia unibertsitatean egingo du lan, Historiako irakasle eta New Yorken jarraituko du 1946ra arte. Bidaia ugari egingo du politiko bezala eta erbesteratzearen zailtasun handienak bukatu direla dirudi.
  • 1942-Maiatzean bukatuta zuen “De Guernica a Nueva York pasando por Berlín” liburua. Uda eta udazken artean Latinoamerikan zehar ibili zen: Guatemala, Panamá, Mexiko, Peru, Txile, Argentina, Uruguay, Venezuela, Kolonbia, Brasil, Bolivia, República Dominicana eta Kuba. Hitzaldiak eman zituen unibertsitate askotan eta euskaldunen erbesteratzeak antolatzen aritu zen. 1943an jaio zen bere hirugarren semea.
  • 1945-Parisera etorri zen AEBetako militar hegazkin batean. Londresera ere bidaiatu zuen eta Euskal Gobernuarekin bildu zen.
  • 1946-Europara itzuli zen betirako. Donibane Garazin bizi zen hilabete batzuetan, baina Parisen ezarri zen azkenean. Maiz bidaiatu zuen Latinoamerikara.
  • 1951ko uztailaren 3an, frantziar gobernuak 48ko epea eman zion Eusko Jaurlaritzari egoitza uzteko, Francoren esku utzi behar baitzuten. Lehendakariak bizitokiz aldatu behar izan zuen eta Latinoamerikako euskaldunek bidalitako diruz finantzatuko zen etxe batean instalatu zen.
  • 1954-Berriro bisitatu zituen Venezuela, Mexico, La Habana, New York eta Washington. Hurrengo urtean, Uruguai, Argentina eta Txile.
  • 1956-Irailaren 23tik urriaren 1era bitartean egin zen Munduko Euskal Kongresua Parisen eta Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren jarduna aurkeztu zuen, 1936an jaio zenetik egun horretaraino.
  • 1960-Bularreko angina batek jota, 1960ko martxoaren 22an, 56 urte zituela, zendu zen Agirre Lehendakaria Parisen. Zeharo hunkitu zituen euskaldun eta mundu osoko demokrata guztiak Agirreren heriotzak. Gorpua Parisetik Donibane Lohitzunera eraman eta han, Monzondarren etxean, hil-kapera jarri zuten. Hilaren 28an, hileta-elizkizunen ondoren, ehortzi zuten. Francoren debekua hautsi eta Euskal Herri osoak eman zion azken agurra, gizarte-estamentu guztiak bertan ordezkaturik zirela, «euskal balioen enbaxadore onenari, porrot eginda ere duintasuna erakutsi zuen borrokalari handiari, askatasunaren etsaiak beste areriorik izan ez zuen lagunari».

Agirre Lehendakaria 1939an.

ITURRIAK:

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

 
%d bloggers like this: