RSS

2018 – Wikipedia – Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

08 Mar

1914ko martxoaren 8ko kartela, emakumeentzako boto eskubideaeskatzen.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna martxoaren 8an ospatzen da. Herrialde gehienetan Emakumearen Nazioarteko Eguna izenarekin ere ezagutzen da eta emakumeen eskubideen aldeko borroka ezberdinak gogoratzeko zein eskubide horiek betetzea eskatzeko erabiltzen da eguna.

Emakumeen Nazioarteko Eguna, lehenengoz, 1909ko otsailaren 28an ospatu zen, AEB-etako New York hirian, AEBetako Alderdi Sozialistak antolatuta. 1917ko martxoaren 8an Errusiar Inperioko hiriburua zen Petrograden (gaur egungo San Petersburgo) oihalgintzako emakume langileek manifestazioa abiatu zuten, eta hiri guztia hartu zuten; hura izan zen Errusiako Iraultza piztu zuten ekintza nagusietako bat. Egun hau batez ere herrialde eta mugimendu sozialista eta komunistek ospatu izan zuten, harik eta 1975ean NBE-k nazioarteko egun izendatu zuen arte.

Kronologia

Martxoaren 8aren kronologia zehatz bat osatzea zaila bada ere, izan dira XX. mendean zehar hainbat gertakari egun honen zergatia marraztu dutenak.

1909: Emakumearen Egun Nazionalaren ospakizuna AEBn

1909ko grebako piketeetan parte hartzen ari ziren bi emakume.

1909aren aurretik hainbat ospakizun egon baziren ere —1908ko maiatzaren 3an Chicagoko Garrick antzokian “Emakumearen Eguna” izeneko ekimena antolatu zuten Corinne Brown eta Grertrude Breslau-Hunt emakume sozialistek— 1909ko otsailaren 28an ospatu zen lehen aldiz, New YorkenAEB-etako Alderdi Sozialistak antolatutako “Emakumeen Egun Nazionala“. Alderdiko emakumeek antolatu zuten, 1908an Chicago eta New Yorken euren lan baldintza okerrengatik protesta egin zuten emakumeak gogora ekartzeko. 15.000 emakume inguruk manifestazioan hartu zute parte New Yorken, lanaldiaren murrizketa, soldata hobeak eta bozkatzeko eskubidea eskatuz.

1909ko azaroan alkandora-egileen greba hasi zen (ingelesezNew York shirtwaist strike), batzuetan Hogei milen altxamendua izenarekin ezaguna. Grebaren zuzendaritza Clara Lemlichek eraman zuen, AEB-etako Emakumeen Sindikatuen Liga Nazionalak lagunduta.

1910: Emakumeen Nazioarteko Egunaren deialdia

1910ean Emakume Sozialisten II Nazioarteko Biltzarra egin zen Kopenhagen. Bertan emakumeen bozka eskubidea aldarrikatu zen eta, Clara Zetkin komunista alemaniarrak proposatuta, martxoaren 8a, emakumeen eskubideen aldeko eguna izatea adostu zen. 17 herritako 100 bat emakume ziren bertan eta proposamena aho batez onartu zuten. Parte-hartzaileen artean Finlandiako parlamentuan hautatutako lehen emakume parlamentariak zeuden. Egunaren aldarrikapenaren helburua sufragismoa bultzatzea eta eskubideen berdintasuna aldarrikatzea zen. Clara Zetkinekin batera beste emakume batzuek ere parte hartu zuten aldarrikapen horretan, Rosa LuxemburgAleksandra KollontaiNadezhda Krupskaya edo Inessa Armand kasu.

1910eko martxoaren 8an ere Espainian emakumeei Goi Hezkuntzan matrikulatzea baimendu zien, Emilia Pardo Bazán Hezkuntza Publikoko kontseilari izendatu eta denbora gutxira.

1911: Lehen ospakizuna

Triangle Shirtwaist fabrikako sutea, 1911ko martxoaren 25ean. 123 emakume eta 23 gizon hil ziren.

1911n bertan, aurreko urteko erabakiaren ondorioz, lehen aldiz ospatu zen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan. Martxoaren 19an egin zen urte hartan eta milioi bat pertsona bildu zituen, emakumeentzako botoa, kargu publikoetara iritsi ahal izateko eskubidea, lanerako eskubidea edo berdintasuna hezkuntzan eskatuz.

Urte bereko martxoaren 25ean 1911n New Yorkeko Triangle Shirtwaist fabrikan izandako sutean 123 emakume eta 23 gizon langile hil ziren. Sutea piztuta, ezin izan zuten ihes egin ateak eta eskailerak blokeatuta zeudelako. Hau ohikoa zen makinak lapurtzearen aurkako neurri gisa. Triangle Shirtwaist Company enpresan gertatutako suteak oihartzun ikaragarria izan zuen AEBetan, bertan hil ziren emakumeak aurreko urtean lehen emakume greba egin zutenak izan baitziren, lanerako baldintza hobeak eskatzen zituztenak, alegia.

1913–1914

Lehen Mundu Gerran parte hartzearen aldeko eta kontrako iritzietan banatuta zeudenean, Errusiako emakumeek Lehen Nazioarteko Eguna ospatu zuten 1913ko otsaileko azken igandean. Europako beste toki guztietan hurrengo urteko martxoaren 8an protestak izan ziren, gerraren aurka eta emakumeen arteko solidaritatearen alde.

1917: Errusiako Iraultzaren pizgarri

Sakontzeko, irakurri: «Otsaileko Iraultza»
« Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Zerbait gertatuko al da kalean gaur?  »
—Fiodor Raskolnikov, [15]

Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldarria Petrogradon, 1917an. Otsaileko Iraultzaren hasiera izan zen.

Petrogradeko soldaduen emazteak, euren egoeragatik protestan, 1917ko martxoaren 8an

1917an Errusiako Iraultzaren hasiera izango zena martxoaren 8 batean izan zen. Errusiar Egutegian otsaileko azken igandea izan zen eta emakume sozialistek Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zuten. Goiz horretan bertan Putilov frabrikako langileek euren fabrika itxita aurkitu zuten, eta egoera desesperatu horretan manifestazioan joan ziren. Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, mitinetarako eta manifestazioetarako deia egina zegoen, egoera ekonomikoa eta politikoa aipagai hartuta. Boltxebikeek, iraultzarako edo greba orokorrerako aukerarik ez zegoela pentsatuta, hitzaldi batzuk eta propaganda banaketa bat zuten prest.

Lantokietan geroz eta emakume gehiago zeuden, Lehen Mundu Gerran parte hartzen ari ziren gizon kopuru izugarria zela eta. Horregatik, boltxebikeek zein mentxebikeek ezer berezirik prestatuta ez bazuten ere, lantokietako emakumeek aurrea hartu zuten. Tranbia geltokietako langile gehienak emakumeak ziren, eta martxoaren 8aren aurretik jada egin zizkieten banderak 180. Infanteria Erregimentuari, eta protesta egiten bazuten tirokatuko ote zituzten galdetu. Soldaduek ezetz esan zietenez, martxoaren 8an tranbia langileek greba egin zuten, eta manifestazioetara batu ziren. “Tranbiek ez zuten funtzionatzen, beraz kaleak bereziki hutsik eta isil zeuden. Baina Bolshoi Prospekt eta Gavanskaya kaleen arteko izkinan emakume taldeak hasi ziren biltzen” idatzi zuen Fiodor Raskolnikovek.

Vyborg industria guneko oihalgintzako lantokietan hainbat bilera ilegal egin ziren goiz hartan. Gai nagusia “gerra, prezio altuak eta emakume langileen egoera” izan zen. Emakumeek lanegun luzeak zituzten, eta gainera familiaren kargu egin behar zuten ondoren. Baina janaria lortzeko arazoak zeudenez, lanegunaren ostean gosetea zabaltzen zen. Bilera horietan, euren egoeraren inguruan eztabaidatuta, grebaren alde egin zuten, baina ez zuten protesta bere horretan utzi. Kalera atera ziren milaka emakume, inguruko fabriketara jo zuten, eta haietako langileak animatu zituzten. Piketea oso eraginkorra izan zen. Goizeko 10:00etarako 27.000 langile zeuden greban, eta eguerdirako itxita zeuden 21 lantoki eta 50.000 langile gehitu zitzaizkion grebari.

Emakumeak fabriketara sartzen ziren, ateak kolpatu, elur-bolak jaurti eta, grebara batzen ez baziren, harri zein burdin zatiak botaz greban parte hartzera deitzen zituzten. Eguna bukatu zenean 59.800 gizon eta emakume zeuden greban Vyborgen, langileen % 61 (beste datu batzuek diote manifestazioetan, guztira, 90.000 pertsona inguru zeudela). Goizean kalera atera zirenei metalurgia eta gerra industrietako langileak gehitu zitzaizkien. Boltxebike batzuk ez zeuden pozik egoerarekin, greba batzordeek erabaki zutelako ez zegoela kondiziorik greba orokor bat mantentzeko. Hala ere, laster eman zioten buelta egoerari, eta greba baliatu euren deiak txertatzeko.

Manifestazioak hiriaren erdigunera iritsi zirenean, janaria lortzeko ilaran zeuden emakumeak manifestazioetara batu ziren, eta espontaneoki mobilizatu ziren monarkiaren aurka eta gerra bukatzearen alde. Istiluak ekiditeko, agintariek bulego eta denden itxiera agindu zuten. Horrek ilaran zeudenak sutu eta dendetako langileak manifestatzera eraman zituen. Langile eta ikasleen mobilizazioari emakumeak gehituta, monarkia egun gutxiren buruan bukaraziko zuen herri altxamendua hasi zen, alderdien koordinaziorik gabe eta alderdi iraultzaileen deialdirik gabe. Leninek, ordea, 1905eko Iraultzaren ondorioz langileria antolatuta eta mobilizatuta zegoela argudiatu zuen.

1917an, Urriko Iraultzan boltxebikeek boterea hartu zutenean, martxoaren 8a jai egun nazionala izendatu zuten.

1922-1975: Dataren egonkortzea eta instituzionalizazioa

1955ean Alemaniako Errepublika Demokratikoak ekoiztutako posta zigilua, Emakumeen Nazioarteko Egunaren 45. urteurrena ospatuz.

Martxoaren 8aren finkatzean garrantzia berezia izan zuen Aleksandra Kollontai komunistak. Asistentzia Publikorako Herriaren komisario izendatu zuten, eta emakumeentzako botoa eta dibortzioa eta abortoaren legalizazioa lortu zuen SESBen. Martxoaren 8a jai ofiziala izatea lortu zuen, nahiz eta lan eguna izan. 1965eko maiatzaren 8an Sobietar Batasuneko Sobiet Gorenak erabaki zuen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna jai egun osoa izatea. Sobietar Batasunak 1917an hartutako jaiaren inguruko erabakia laster hedatu zen beste herrialde batzuetara. 1922an Txinan ospatu zen lehen aldiz, eta Espainian 1936an. 1949an komunistek Txinako Herri Errepublika aldarrikatu ostean eman ostean jai egun bilakatu zen, eta emakumeek lanaldi erdia baino ez zuten lan egin behar egun horretan.

Hamarkada horietan herrialde sozialista eta komunistek, eta herrialde kapitalistetako ezkerreko taldeek ospatu zuten Emakumeen Nazioarteko Eguna. 1975ean NBE “Emakumearen Nazioarteko Urtea” ospatu zuen eta, bi urte geroago, 1977ko abenduan, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 32/142 erresoluzioa onartu zuen, herrialde guztiei, bakoitzak bere ohitura eta historiari kasu eginez, Nazioarteko Emakumeen Eguna ospatzeko deia eginez. Helburua “emakumeen eskubideak eta nazioarteko bakea” aldarrikatzea zen. Gutxinaka herrialde askotan deialdi hau agendan gehitzen joan zen.

1977: Lehen ospakizuna Euskal Herrian

Euskal Herrian lehen aldiz ospatu zen Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, Bilbon hain zuzen ere:

«

1977eko Martxoaren 8an Euskal Herrian Emakumearen Egun Internazionala lehengo aldiz hospatu da, egun honetan emakumeek aurrerantza eraman behar dugun eguneroko burruka gogoratzen dugu gure zapalkuntza eta sozial bazterketaren kontra.

Bizkaiko Emakumeen Asanbladak egun hau hospatzeko ekintza batzu antolatu zituen. Goizean Bilboko leku batzutan mahaik ipini genituen, emakumei buruzko liburuak erakutsiz eta geure programa, erauskailuak eta beste liburuska banatuz.

Arratsaldeko 7’30etan San Francisquito elizan batzar batean mila emakume baino gehiago egon ginen. Gure problematikaren aldi batzuk aztertu genituen eta gure artean solidaritate giro haundi bat sortu zen.

Amaitzerakoan, Santutxutik zehar manifestazioan joan ginen Poliziak, bere ohizko metodoak erabiliz eta emakumeen aldeko manifestaldi batean lehenengo aldiz, manifestazio hau desagun arte.

Bizkaiko emakume askorentzat burruka honetan partaide izateko lehengo pausu bat izanda, eta gainera emakume guztientzat pausu garrantzitsu bat.

Gure problemak eztabaidatzeko hainbeste emakume elkartzen ginen lehengo aldia zen.

Hemendik aurrera, gero eta emakume gehiago bide honi jarraituko diogu, seguruago eta gogo haundiagoarekin geure askatasuna lortzeko.

 »

Emakumearen Nazioarteko Eguna gaur egun

Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizuna munduan zehar. Gorriz, jai egun ofiziala; laranjaz, emakumeentzat baino ez; horiz, jai egun ez ofiziala

 

ITURRIA: Euskarazko Wikipedia

Advertisements
 
Utzi iruzkina

Posted by on 2018/03/08 in Wikipedia

 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s