RSS

2018-ORDIZIA750-HISTORIA-Goierri azken Burdin Aroan eta Antzinatean

05 Ots

Jokin Lanz historialariak emango du hitzaldia, ostiralean, Barrenan, 19:00 h.

Datorren ostiralean, otsailaren 9an, arratsaldeko 7etatik aurrera, Jokin Lanz Betelu historialariak  “Goierri Azken Burdin Aroan eta Antzinatean” izenburu duen hitzaldia eskainiko du Barrena Kultur Etxean, “Miguel de Aranburu” Gipuzkoako Historialari Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatutako “Ordizia 750-Historia” solasaldi zikloaren barruan.

Azken hamarkada hauetan Gipuzkoan aurrera eramandako kanpaina arkeologikoek Burdin Aroko zenbait aztarnategi azaleratu dituzte, herrixka harresituen sare sendo baten presentzia agerian utziz egungo probintzia osoan zehar. Gipuzkoako haran nagusiak nolabaiteko iparralde-hegoalde norabidea dutenez, aurkikuntzek garaiko komunikabide eta erlazioak gisa honetara antolatzen zirela erakusten digute. Sare honen barruan Oriako arroa dugu denetan zonalde esanguratsuena, bertan, iparraldetik hegoaldera, Anoetako Basagain, Andoaingo Buruntza, Alkizako Belaku, Albiztur-Tolosako Intxur eta Beasaingo Murumendiko herri harresituak ditugularik.

Indusketetan brontzearen galdaketaren arrastoak eta tornu barik eginiko zeramika zati asko agertu izanak adierazten digute herrixka hauek inguruko eskulangintza- eta merkataritza-eginkizunak aterpetu ahal izan zituztela. Pentsa daiteke zonaldeko gune populatu txikiagokoek bertara jo ahal zutela gisa hortako zerbitzuen eske, hori izan daitekeelarik Andoaingo Goiburun agerturiko aztarnategi txikiaren kasua.

Iturri idatzien arabera, erromatarrak gaur egungo Gipuzkoara iristean lurraldea hiru erkidegok okupatzen zuten: karistiarrak, barduliarrak eta baskoiak. Gaur egungo Goierri barduliarren lurraldearen barruan kokatzen zen, hauek mendebaldean karistiarrak, hegoaldean autrigoiak eta beroiak eta ekialdean baskoiak bizilagun zituen komunitatea osatzen zuten, barduliarren lurraldea ia egungo Gipuzkoa guztiak, lautada arabarraren zati batek eta Nafarroa mendebaldeko zenbait haran hartzen zituelarik. Hegoaleko eskualdeetan aurkitutako erromatar garaiko inskripzio urrietan agertutako onomastika indigenak frogatzen duenaren arabera, barduliarrak jatorri eta hizkuntza indoeuroparreko herri bat zirela esan ohi da.

Konkistatutako lurraldeak inperioan txertatu bezain laster, Erromak  berrantolatu eta bere interesetara egokitzen zituen, batik bat lehendik zegoen bide-sarea sendotuz, berriak eratuz, eta komunitate indigenak civitas sistemaren arabera antolatuz. Horrela, konkistatu edo inperioan txertatu ziren komunitate hauek erromatarrek eskaintzen zuten segurtasuna, bakea eta merkataritza garatzeko abantailetara moldatu ziren, pixkanaka aurreko garaian altueran kokatutako herrixka harresituak abandonatu eta kostaldera eta haranen barrenera mugituz. K.a. I. mendetik aurrera, lurraldearearen erromanizazioa adierazten duten aurkikuntza solte eta aztarnategi ugari agertu dira, kostaldekoak izanik garrantzitsuenak, Irun aldean agertutako arrastoak bereziki, bertan kokatzen bai zen Oiasso civitas baskoia. Goierrik, Oriako arroaren barruan, lautada arabarra eta Sakanatik igarotzen zen Iter-XXXIV Astorga-Bordele bitarteko galtzada erromatarra eta Kantaurialdeko erromatar itsas bidearen -via maris- arteko katebegi gisa jokatu zuen, aurreko garaitik jokatzen zuen pasabide estrategikoaren estatusari eutsiz, bertan agertu diren erromatar garaiko aurkikuntzek erakusten diguten bezala.

Jokin Lanz Betelu Historian lizentziatu zen UPV/EHU-n, non Mundu Klasikoa deritzon masterra ere burutu zuen. Gaur egun Antzinate Berantiarreko baskoien inguruko doktoretza tesia garatzen dihardu UPV/EHU-k eskainitako doktorego beka bati esker.

ITURRIA: ordizia.eus

Advertisements
 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s